Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Txinako Ming dinastiaren eta Japoniako Tokugawa dinastiaren garaia

Samurai gerraria Toyokuni Utagawa-ren koadro batean.<br><br>

 

Ming dinastiak finkatu zituen Txinako oinarri sozio-politikoak eta ekonomikoak Antzinako Errejimenean

Ming dinastia 1368. urtean sortu zen, Chu Yuan-Chang monje budistak Pekingo enperadore mogola eraitsi eta inperioaren hiriburua Nankinen finkatu zuenean. Chu Yuan-Changen agintaldian 13 probintziatan banatu zen inperioa, baina administrazio zentrala zeregin jakina zuten sail batzuen antolatu zen (zentsura, justizia epaitegiak, irakaskuntza, funtzionarioen akademiak, merkataritza eta industriaren kontrola). Zentralizazioaren aldeko ahalegin hark «mandarinen», hau da goi mailako funtzionario kastaren, boterea handitu zuen. Ming dinastiak 1644 arte eduki zuen aginpidea, eta bere ezaugarri nagusia inperioari kanpo erasoen kontra eman zion segurtasuna izan zen,europarren, mogolen eta Japoniako itsaslapurren kontra estatuari eman zion segurtasuna alegia. Ming dinastiakoak txinatar klasizismoaren aitzindari baino zuzpertzaile izan ziren gehiago, bai kulturari bai pentsamenduari dagokienez. 1402 eta 1424 bitartean Mantxuria, Indotxina eta Mongolia eskuratu zituzten, eta Pekinen jarri zuten hiriburua.

Garai hartan eraiki zen «Harresi Handia».

Baina zabalkunde handia izan zuten arren, beren lurralde barneko egoera penagarria zen, oro har, XVI. mende hasieran: gosetea, izurria eta uholdeak zirela-eta, kolokan zegoen inperioaren oreka.

XVI. eta XVII. mendeetan aginpidea eskuratzeko lehia bizia izan zen letradunen (mandarinak) eta enperadorearen eunuko edo poliziaren kontrolean oinarrituriko zentralismoaren aldekoen artean. Inperioaren burokrazia aparatuaren kontrola eskuratzeko lehia horretan beste hainbat eragilek ere izan zuen zerikusia, baina bereziki garrantzitsuak izan ziren goseteak eta Mantxuriaren presioa, Nuharciren gidaritzapean (1559- 1626), lehenik, eta Abahairen esanetara (1623-1643), ondoren, mantxu leinuek zeragiten presioa alegia. Iparraldeko mugatik Txinaren ereduko estatu burujabea sortu eta garaipen militarrez baliatuta beren lurraldeak zabaltzeko politika egin zuten bi buruzagi mantxu haiek. Txinako inperioa zatituta zegoen, barne arazoak zituen politikan zein administrazioan, eta nekazariek matxinadak antolatu zituzten; horrela, bada, buruzagi mantxuek ez zuten arazo handirik izan Txinako inperio osoa konkistatzeko eta 1644an Txing edo mantxuen dinastia berriaren aroa hasi zuten. Urte hartan bertan Shenxiko nekazari matxinatuek Pekin hartu zuten.

Mantxuak XVII. mende amaiera arte etengabeko borrokan aritu ziren Ming dinastiaren jarraitzaile ziren jeneral zaharren kontra eta hego-ekialdean haiei laguntza ematen zieten itsaslapurren kontra. Baina Ming dinastiaren jarraitzaileen oposizioa 1683 aldera erabat deuseztu zen, bere ahultasunaren eta mantxuen antolamendu militar bikainaren (mogolen laguntza ere bazuten, gainera) ondorioz. Txing dinastiak ez zuen aldaketa handirik egin, eta berehala egin zuen bat Txinako gizarte eta kulturarekin. Mantxuen ezaugarri nagusietako bat beren joerazabaltzaile kolonialista izan zen, eta horrela, Kangxi agintariaren garaian (1667-1722), esaterako, Asia Erdialdeko hainbat lurralde hartu zituzten. Erdi Aroaz gero Mendebaleko lurrekin harremana izan zuten arren, XVI.. ta XVIII. mendeen artean indartu ziren bai haiekiko tirabirak eta baita harremanak ere.

Kontuan hartzekoa da, halaber, jesuitek Txinaren lurralde antolaketan izan zuten zeregina, zenbait enperadoreren laguntzarekin, Kangxiren laguntzarekin, adibidez, izan ere, Kangxiren ustez mendebaleko teknikak eta zientziak ezagutzeko bide bikaina ziren jesuitak.

Mantxuen dinastiak bere esku izan zuen Txinaren kontrol politikoa 1644tik 1840ra.

Bi mende haietan enperadore mantxu aipagarrienak Kangxi eta Kien-lung (1736- 1796) izan ziren. Kien-lung konfuzionista ortodoxoa zen, eta misio kristauak debekatu zituen; haren agintaldian hasi ziren nabaritzen inperioaren gainbeheraren lehen zantzuak (inkisizio literario zorrotza ezarri zen, elkarte sekretuak eratu ziren, xenofobia agertu zen). XVIII. mendea izan zen Txinako inperioaren zabalkundearen garai oparoena, Ili eskualdeko (1791-1792), Birmaniako (1767-1769) eta Tibeteko (1791- 1792) gerrekin, Mongoliako lurraldea Txinaren babespeko herri izendatu ondoren.

Mantxu dinastiari arazoak ekarri zizkion barne altxamendu bakarra XVII. mende, 1673 eta 1677 bitartean, amaieran gertatu zen gertatu zen, Txinako hegoaldean. Kangxiren eta Kien-lungen agintaldietan berriro eraiki zen Pekingo hiri inperiala. Administrazioan, alor militarrean, politikoan eta kulturalean bigarren zabalkunde aldia bizi izan zen arren, ordea, XVIII. menderako Txinako teknika eta zientziak aski zaharkituta gelditu ziren Mendebaleko herrialde nagusietakoekin alderatuta; atzerapen horretaz baliatuta hurrengo mendean mendebaleko herriek Txinako gizartean eta ekonomian gero eta gehiago hasi ziren esku hartzen, eta gatazka handiak sortu ziren esku hartze hori zela eta.

 

Japonia: Eguzki atera berria

XVI. ETA XVIII. MENDEEN ARTEAN JAPONIAKOGIZARTEAREN ETA ESTATUAREN BILAKAERAREN EZAUGARRI NAGUSIAK GERRA ZIBILAK ETA GAINERAKO HERRIALDEETATIKO ALDENTZEA IZAN ZIREN.Ashikaga shogunen agintaldian (1338- 1573) lehia bizia izan zen Kyoto eta Yhoshimako gorteen artean, Mikadoaren egoitza non kokatuko, harik eta 1392an Yoshimitsu shogunak arazo hura konpondu zuen arte. XVI. mendearen hasiera gerra zibilen edo Sengokoren (1478-1573) garaia izan zen; garai horretan estatua desagertu zenpraktikan eta ezegonkortasun eta desordena nagusitu ziren, itsaslapurrek Japonian egindako harrapaketak zirela eta, besteak beste. XV. mendearen erdialdetik aurrera agerian gelditu zen Ashikaga dinastiak inperioa zuzentzeko zuen ezintasuna, eta 1573 arte aginpidean iraun zuen arren, Japoniako klanak bateratzeko gaitasuna izango zuen beste agintaririk agertu ez zelako gertatu zen horrela. XVI. mendearen erdialdera, ordea, inperio berriaren eraikuntza ahalbidetu zuten hiru agintari handi izan ziren: Oda Nobunaga, Hideyoshi Toyotomi eta Ieyasu Tokugawa.

Hiru agintari haiek konpondu zuten XV. mende bukaeraz gero Japonian bizi zen hondamen egoera.

Nobunaga (1534-1582) Kyoton sartu zen, Ashikaga familiako azken shoguna bere kargutik kendu zuen 1573an eta kristau misiolariei lagundu zien. Toyotomik (1535-1598) Kantzelari kargua eskuratu zuen 1582an, daimioen kontrako borrokan garaipena lortu ondoren, eta diktadura militarra ezarri eta aginpide zentrala eraberritu zuen. Tokugawak (1542-1616) Toyotomiren ondorengoa menderatu zuen 1600ean, aginpide absolutua eskuratu zuen eta Tokugawa shogunen garaiari hasiera eman zion; garai horrek 1868 arte iraun zuen. Shogun haien ezaugarri nagusiak autoritarismoa, zentralismoa eta bakartasuna, atzerriko eraginetatik aldentzea alegia, izan ziren; hiru ezaugarri horiek eman zieten aginpidean hainbeste denbora irauteko bidea. Shogun kargua eskuratu eta handik gutxira Ieyasu Tokugawak bere ingurukoen artean banatu zituen feudoak, eta daimioak kontrolatzeko polizia eta burokrazia errejimen zorrotzaezarri zuen. Gobernu sistema berri harentzat garrantzi handikoa izan zen shogun berriaren gudarostea eta ogasuna berrantolatzea.

Gobernuaren hiriburua Tokio zen. Bestalde, Tokugawa edo Edo garaian «Ieyasu testamentua» deritzona osatu zen, lege eta araudi administratibo, penal, zibil eta merkataritzakoak eratzeko erabili zen agiria. Ieyasu hil zenean, 1616an, haren seme eta ilobak izan zituen ondorengo; kristau misiolarien kontrako politika egin zuten eta kanpoko eragin guztiei ateak itxi zizkieten.

Beren borondatez bilatu zuten bakartasunaz gainera, politika autoritarioa eta zentralizatzailea egin zuten Tokugawa agintariek eta kontrol zorrotza izan zuten Antzinako Errejimenaren garaian Japoniako gizartean, politikan eta kulturan. Tokugawa garaia garai luzea izan zen, eta bereziki aipagarria izan zen garai hartan hirietako merkatari klaseak izan zuen oparoaldia eta arrakasta. Izan ere, ordu arte daimioek izan zuten nagusitasuna, ekonomiaren oinarria nekazaritza zelako eta daimioek zutelako lurraren eta nekazarien kontrola, baina aginpide zentralak merkatariei mesede egin zien eta antzinako daimioek indarra galdu zuten.

Nekazarien egoera oso larria izan zen Tokugawa shogunen garaian, daimioen bidegabekeriak zirela eta; shogunak behin baino gehiagotan matxinadak zapaldu behar izan zituen. Antzinako daimio edo gerrako jaunen eta beren samurai taldeen akulturazioa gertatu zen shogunaren gortean, Tokion, ezinbestean sartzera behartu zituztenean.

Erlijioaren alorrean konfuzionismoaren eta budismoaren eragina izan ziren batez ere aipagarriak.

Ieyasuren ondorengoetan azpimarratzekoa izan zen Iemitsuren (1622-1651) gobernuaren lana. Haren agintaldian gertatu zen Shimabararen altxamendua; altxamendu hark kristautasunaren aldeko erlijio matxinada baten itxura zuen, baina herritar zapalduen matxinada bat izan zen beste ezer baino gehiago. Enperadoreak erabat itxi zien inperioa atzerriko kultura, pentsamolde eta eraginei. Bere ondorengoa adinez nagusi ez izanak aginpidea eskuratzeko lehia sortu zuen. Zapalkuntza eta bazterketa izan zirela esan ohi da Japonia Mendebalean XIX.. endean gertatutako aurreramenduetatik urrundu zuten gertaerak. Dena dela, garai hartan Japoniak nazio batasuna eraiki zuen, herrialde hartako jaun nagusien arteko harreman feudalen aniztasuna kontuan harturik betiere. Izaera integrista eta kontserbadorea zuen kristautasuna indargabetzeko prozesuak edo nahitako bakartasun geografikoak, baina hala ere oinarri feudalak jarri zizkion mugak estatu egituren modernizazioari.

Tokugawatarren dinastiako agintariak izan ziren Ieyasu (1603-1605), Hidetada(1605-1623), Iemitsu (1623-1650), Ietsuma (1650-1681) eta Tsunayashi (1681-1709).

Haien gobernuak hirigintza lan handiak egin zituen, prozesu arrazional eta oso zaindua, konfuzionismoaren zabalkundeari lotua.

Tokugawa sistema politikoari «Baku-Han» ere esaten zaio; sistema haren asmoa estatu ordena berria ezartzea zen, ordena autoritario eta zentralizatzailea, antzinako basailutza harremanetan eta harreman feudaletan oinarritua. Japoniako gizartea Shoguna buru zuen egitura feudalaren mende egon zen, leialtasunen hierarkiari esker.

Tokugawa dinastiak egindako bateratze lanak arrakasta izan zezan era askotako eragileak izan ziren (jatorri feudaleko harremanak, daimio edo jaunen kontrola, shogunaren gortearen zeregina, erlijio ordenen kontrola, enperadorearen ospea). 1635az gero basailuen betebeharrak kode publiko baten bidez instituzionalizatu zituen shogunak; kode horretan zerbitzu militarrari, atzerriarekiko merkataritza harremanen debekuari, kristautasunaren erbesteratzeari eta beste hainbat gertaerari buruzko arauak ematen ziren.