Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Estatu berrasmatuak: Errusia, Prusia eta Austria

Pedro I.a tsarra, “Pedro Handia” deitua.<br><br>

Sortaldeko Europa eskualde izugarri handia zen, muga jakinik gabea, teutoi eta eslabiar herriek mendeetan zehar gudu zelai gisa erabili zutena. Hala ere, izan ziren hiru gauza lurralde hura pixkana-pixkana egonkorrago egin zutenak. Aurrena, joputasunaren sendotzea eta gogortzea Alemania, Polonia eta Errusiako zabaldietan. Erdi Aroko politika erakundeen desagertzea izan zen bigarrena, hala adibidez Teutoi Zaldunen ordenaren desagertzea, eta Polonia eta Hungariako erreinuena. Hirugarrena hiru herri ahaltsuren indartzea izan zen: Prusia, Habsburgotarren Austria eta Errusia.

Hogeita Hamar Urteko gerrak kiebrara eraman zituen lehiakide izandako estatu eta printzerri gehienak, eta haietan barne matxinadetarako eta indarkeriarako bideak zabaldu zituen. Gobernuek beren osteak indartzea beste erremediorik ez zuten izan, eta tresna autoritarioez, eta, sarritan, guztiz arbitrarioez, saiatu ziren desordena kontrolatzen.

Gizarte harremanak ere aldatu ziren, gero eta eramanezinagoa zen ahalegin hark zekarren ahultzearekin. Luzarora, jaun eta nekazarien arteko harremanak, Koroaren eta nobleen artekoak, eta Gobernuaren eta mendekoen artekoak, izugarri aldatu ziren, eta betiko aldatu ere.

Laburtuz, Westfaliako itunek, lurralde, politika eta erlijio antolamendu berriak definituz, markatuko zuten Hogeita Hamar Urteko gerraren bukaera. 1648-1660 aldia gatazken bukaerarena da, eta nazioarteko harreman iraunkorren sorrerarena.

 

Aitoren semeak eta gizarte aldaketak

NOBLEAK BEREN ERREGE-ERREGINEN ETA ESTATUAREN ZERBITZUARI ZEUDEN BETIKO LOTUAK.Zerbitzuko aitoren seme errusiar hauek, alde batetik, lurjabeen aristokrazia zaharra ziren (boiardoak), eta, bestetik, erregearen zerbitzari erdi mailakoa edo aristokrazia txikia (dvoraine); antzinatik zeuden haiek bereizituak, eta benetako pribilejio materialez gozatzen zuten, lurren jabetasunari eta jopuak edukitzeko eskubideari zegokionez batez ere. XVIII. mendearen hasieran, bi dozena familia edo ziren, eta zirkulu txiki bat osatzen zuten erregearen zerbitzarien artean, irabazbide onenetarako eskubide esklusiboarekin. Baina “zerbitzariek” ez zeuzkaten Europako mendebalean beren pareko zirenek zeuzkaten segurtasun politiko eta pertsonaletatik batere, eta haien zerbitzuzko betebeharrak oso astunak izatera ere irits zitezkeen.

Lege horiek berek, eta batez ere 1649ko Kodeak, mendekotasun hori berresten zuten.

Hortaz, Pedro I.ak hierarkia eta zerbitzu sisteman egin zituen berrikuntzek, XVIII.. endearen hasiera aldean, elitearen aginpide politiko komuna pixkana murriztea ekarri zuten, hainbeste non bitartekorik gabe geratu baitziren tsarren autokrazia modu iraunkorrez mugatzeko.Moskuko estatuan, Pedro Handiak egindako berrikuntzen aldia arte, boiardoak izan ziren nagusi, eta gauza bera gertatzen zen Austriako Inperioan, non Habsburgotar enperadoreak oso kontuan hartu behar baitzituen Bohemia, Hungaria eta Kroaziako aitoren semeen pribilejioak, gobernatu ahal izateko.

Sortaldeko Europan, XVI. mendeaz geroztik, nobleak ziren lurren jabeak. Noble horiek aldi berean ziren lurraren errentadun eta diru ekonomia handian txertaturiko merkatariak. Elba ibaiaz ekialdeko erreinuetako nobleek pribilejio politikoak, eta nagusitasun ekonomikoa eta gizarte aginpidea erabatekoa zeuzkaten, eta, hortaz, mendebaleko nobleen aldean, askoz ere leku garrantzitsuagoa zuten estatuan, haiek askoz lotuagoak baitzeuden administrazio eginkizunei, eta aldenduago ekonomia joera berrietatik.

 

Nekazariak

NEKAZARIEK ASPALDITIK PAIRATZEN ZITUZTEN ESTUASUNAK MATXINADA ETA ALTXAMENDU AMAIGABEEN SORBURU IZAN ZIREN.1570-1680 urteetan, gutxi gorabehera, izugarri txartu zen Europako erdialdeko eta ekialdeko nekazarien estatusa, hainbeste non bigarren jopualdia deitu izan zaion.

Laborantzan irabazi handiagoak lortu nahi zituzten aitoren semeak, errege ahulen aurrean zeuzkaten pribilejio politiko eta ekonomikoei esker, laborariak lurrari lotzen saiatu ziren, langile eskasia orekatzeko.

Errusian, 1649. urtean berretsi zen zuzenbidean, Ulojenie izenekoaren bidez (Alexis tsarraren kodea), nekazarien askatasunen galera; kode haren arabera, jaunen mende geratzen ziren erabat nekazarien familia konpromezuak eta jabetzak; izan ere, jabetzak aspaditik hartzen ziren ondasun neurgarritzat, eta salgaitzat berriz laborari familiak. Prozesu motel eta nekagarri horretan gertatu ziren matxinadetan, kosakoak izaten ziren sarritan buruzagi. Gizon libreak ziren kosakoak, zaldunak, eta Ukrainako estepetan borrokatzen ziren Poloniako erregearen edo Errusiako tsarraren kontura; eredu balioa zuten eta ofizialtasuna ematen zieten joputasunaren betebeharrei uko egiten zieten hegoaldeko probintzietako nekazarien matxinadei. Kosakoen ekimen garrantzitsuena, errusiar munduko indar barreiatu guztiak bildu zituen Moskuko agintearen kontra, Stenka Razinena izan zen.

Haren gudaroste nahasiak kosakoak eta errusiar nekazariak bildu zituen; 1670. urtean garaitu zuten tsarraren osteek. Nekazariak, sarritan, boiardoen lurretatik itzuri egindako iheslariak izaten ziren, eta Sinestun Zaharren (Raskolniki) fedearen aldeko ziren, hau da, ez zituzten onartzen liturjia ortodoxoan egin berri ziren aldaketak. Handik aurrera, errusiar nekazarien eta hiriburu, aginpide eta jakintzaren arteko haustura sakondu eta larriagotu zuen zisma horrek.

Europako ekialdeko eta erdi-ekialdeko beste lekuetan, ahulagoa zen, oro har, estatuaren aginpidea; aldiz, joputasuna hainbat faktore ekonomikoren erantzun gisa garatu zen, eta, batez ere, hiri eta itsasoaz bestaldeko merkatuentzako nekazaritza gaien eskaeren erantzun gisa. Prusian, iheslarienkontrako legedi bat onetsi zen, eta iheslariei babes ematen zieten hirien kontrako neurriak onartu ziren.

 

Aldaketa erlijiosoak

AGINPIDE POLITIKOA INDARTU EGIN ZEN ERRUSIA ERLIJIO ORTODOXIARA ITZULI ZENEAN.Hogeita Hamar Urteko gerrak ez zuen aldatu Europako erdialdeko erlijio oreka, baina behin betiko moztu zuen Erreformaren ideien aurrerabidea. Habsburgotarren estatuak erabat katoliko bihurtu ziren berriz ere, eta, “cuius regio” hastapena baliatuz, protestanteak kanporatu zituzten. Inperioan, sekularizazioak berretsi ziren, baina berriak erabat galaraziz, eta baliogabetu egin ziren 1624aren ondorengoak. Artzapezpikutegi eta apezpikutegi katolikoak berrosatzen dira.

Testu arautu batzuek (Stolav), 1554ko sinodoan onarturik, errotik berriztatu zuten errusiar eliza, ortodoxia zorrotzenaren aldera.

Testu horiek tsarren berrikuntza erlijiosoen arerioen erreferentzia bihurtu ziren, eta, hartatik, luzaroan iraungo zuten kontrako taldeak sortu ziren; talde horietan Sinestun Zaharren joera izan zen nagusia.

1653an, higikunde horren bultzatzailea, Avvakum, bizirik erre zuten. Moskuko aitalehena, Nikon, erreforma bide autoritarioetatik egitearen aldeko zen. Estatuaren laguntzarekin, liturjia liburuen berrikusketa egiten hasi zen, usadiozko keinuak debekatu ziren (hala gurutzearen seinalea bi behatzekin egitea), etab. 1666an, Kontzilio batek eskumikatu zituen Sinestun Zaharrak.

Aginpide politikoaren eta aginpide erlijiosoaren artean ziren lotura estuak areago estutu ziren Pedro Handiaren erreinualdian.

Garai horretan aplikatu ziren neurri sinboliko batzuek –hala bizarrak moztea, gizonaren tunika debekatzea, erab.–, eguneroko bizimodu erlijiosoaren gainean estatuak zuen nagusitasuna adierazten dute, errusiarren ustetan pertsonak Kristorekin bat egiten baitzuen bizarra moztu gabe utziz eta tunika jantzita. Sinodo Santuaren sorrerak –hau da, aitalehenaren ordezko apezpikuen biltzarra–, erakusten du Pedro tsarrak areago lortu nahi zuela elizaren hierarkiaren kontrola, eta kleroaren buruzagi bakarra, hau da, arerio izan zitekeen bat, bazterrean utzi.

 

Pedro I.a Handia

ERRUSIAN MENDEBALEKO OHITURAK SARTZEKO ETA HERRIA MODERNOAGOTZEKO SAIO HUTSEGINAK MARKATU ZUEN PEDRO I.AREN ERREINALDIA.Pedro I.ak, aginpidea iristeko, gorteko jendearen sare nahasian jardun behar izan zuen ahaleginean. Alexis tsarraren bigarrenezkontzako semea zen, eta amaren familiaren bandoak eman zion babesa, Naryshkin familiak; aitaren lehen emaztearen familiaren interesak kontra izan zituen, eta, hala, aginpideaz jabetu ziren 1682an.

Pedro eta ama gortetik alde egitera behartu zituzten aldi baterako.

1695ean heldu zion gobernu pertsonalari, ordu arte erregekide izan zen bere anaia Ivanen gorputz eta adimeneko ahultasunak lagundurik. Gobernualdiko lehen erabakia itsasorako irtenbide bat bilatzea izan zen, Azovetik, eta hala hasi zuen Europako bidaia handia, 1697an. Bidaia haren ondorioak agerikoak izan ziren enperadore gaztearentzat: mendebaleko errealitatera eramateko, aldaketa sakonak egin behar ziren Errusiako administrazioan eta gizartean.

Pedro I.ak, bere garaiko errege absolutu gehienak bezala, hiri baten eraikuntzan gauzatu nahi izan zuen, agintearen ikur bihurtuz, bere egitarau politikoa eta halaber oihartzun pertsonala: San Petersburgo. Errusia berriaren ikurra zen hiria, berritasunaren ikurra; bestaldean, usadioa geratzen zen, erlijioa, iluntasuna, Moskuk adierazten zuena.

Hezkuntzari dagokionez, kalkulu eskolak deritzatenak sortu zituen, matematikaren ezagutzak zabaltzeko. Alabaina, zentrohaiek huts egin zuten, ez baitzegoen ez bitartekorik aski, ez behar bezala prestatutako irakaslerik. Era berean, huts egin zuten heziketa eliz jatorriko eta jatorri militarreko maisuen eskuetan jartzeko ahaleginek ere. Hezkuntza bezala, bestalde, zientziaren eta kulturaren garapena ere bultzatu zuen tsarrak, beti ere Sartaldeko aurremenduen ereduaren arabera, baina, ahalegin haiek guztiak gorabehera, Pedro Handiak ezin izan zuen eragotzi Errusiak susmo txarrez begiratzea europar kultura eta usadioak.