Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Validoen garaiko Europa

Olivaresko konde-dukea zaldi gainean, Velazquezen erretratu baten arabera.<br><br>

Austria Handien agintaldian, Karlos I.aren eta Filipe II.aren agintaldietan, erregeek idazkarien laguntza baliatu zuten administrazio zereginak burutzeko. Idazkariek ez zuten politikan esku hartzen, baina eragin handia zuten goi mailako egituretan, garrantzi handiko erabakiak hartzen ziren organoetan.

Idazkari askok ospe handia lortu zuen arren ?Antonio Pérezek, adibidez?, idazkariak burokrata profesionalak izan ziren beti, politikan aurrera iristeko asmo berezirik gabeak baina handinahiak, Gaztelako unibertsitateetan ikasiak eta burokraziako lan txikietan trebatuak, entretenido edota meritorio gisa, adibidez. Behe mailako nobleak izaten ziren oro har; Erregeerregina Katolikoetatik hasi eta Filipe II.aren agintaldira bitartean, estatuko langileak hartzerakoan behe mailako nobleak izan zituzten nahiago. Noble txikiak hartu izanak Espainiako handikien haserrea eragin zuen beti, noble handien nahia baitzen erregetzaren ohorezko zereginak eta buruzagitzakoak betetzea. Euskaldun askok jardun zuten erregeren idazkari gisa, gipuzkoarrek batez ere, Idiakeztarrek edo Arostegitarrek, adibidez.

Valido kargua sortu eta aginpidearen mailetan gora egin zuelarik gainbehera etorri zen idazkari kargua. Nahiz eta idazkari kargua ez zen erabat desagertu, ez ziren gehiago izan erregearen aholkulari pribatuak, burokrata hutsak baizik, erabakiak hartzen ziren organoetan eta buruzagitza organoetan eskumenik ez zuten funtzionarioak. Validoek hartu zuten idazkariek jarduten zuten kontseiluak ikuskatzeko ardura, nahierara erabil zitzaketen gobernu agiriak eta, batez ere, erregearen aholkulari pribatu bihurtu ziren. Valido kargua izateak, beraz, berekin zekarren aginpide politikoa, eta erregearen adiskide izateak autoritatea ematen zien handikiei, bai gortean eta baita Gaztelako burokrazian ere. Privado edo begikoen ospearen oinarria printzearenganako hurbiltasuna zen, hain zuzen ere; gaztetatik printzearekin adiskidetasunezko harremana zuten gorteko kideak ziren. Harreman estu horrek gerora ere irauten zuen, eta printzeak errege izendatzen zituztenean eragin handia zuten haiengan begiko horiek.

Printzeen heziketan ere parte hartzen zuten validoek, baina printzearen eta validoaren arteko harremana gehiago zen alderdi mundutarren ingurukoa (jolasa, ekitazioa, armak, protokoloa), ezin dira hartu printzeen irakasletzat. Gorteak eta gortekokideek ospe handia izan zuten XVII. mendean, sekula gehiago izan ez zuten ospe bat. Eta hain zen handia validoaren eragina, ezen idazle askok validoa hartzen baitute lehen ministroaren karguaren aitzindari; validoak indar hartzeak agerian utzi zuen erregeak gobernuaren alor guztiak zuzentzeko zuen ezintasuna, eta goi mailako aristokraziaren asmoen erakusgarri bihurtu zen.

Lermako dukea valido izan zen garaian, Filipe II.aren agintaldian, idazkarien kontrako erreakzioa gertatu zen, Espainiako handikien eta Erregeen artean esku hartu nahi zutela eta. Istilu horretatik indartuta atera zen validoa, eta aristokraziak Espainiako politika eta administrazio organoen monopolioa eskuratu nahi zuela erakutsi zuen; handikiek hidalgoen edo behe mailako nobleen kontra lorturiko garaipena izan zen, azken batean.

Egia da, ordea, Espainiako handikien zirkulu elitista hartan kritikak ere izan zituela validoen lanak. Baina ez ziren karguaren beraren kontrako salaketak izan, kritika egiten zen unean kargu hartan zegoenaren kontrakoak baizik. Handikien taldearen baitan boterea eskuratzeko lehia latza zegoen, jakina, valido kargua eskuratzekoa batez ere. Horrela, kritikak egiten zitzaizkion arren, validoa zen Espainiako gizarte guztira zabaltzen zen politika eta gizarte sistema baten goreneko mailaren isla, Europako beste lurralde batzuetan gertatzen zen bezala, babesgoari edo bezerogo politikoari esker. Boterea ez galtzearren, eta erregearen aldekotasunaz baliatuta, erregea beren gogara erabiltzerainoko eragina zuten validoek. Hainbat trikimailu erabiltzen zituzten egoera horretara iristeko: estatuko lanetan behar adinako ahalmenik ez zuela erakutsi erregeari, edo lan haiekiko gorrotoa sortu erregearengan, eta estatuko lanetan ordez beste zeregin atseginagoetan zaletu (bidaiak, ehiza, antzerkia, etab.). Hala ere, erabakiak hartzeko guneen gaineko kontrola eskuratu eta estatuko zereginetan erregeari zegozkion lanak beren gain hartu izan zituzten arren, valido bakar batek ere ez zuen bere karguan iraun erregealdi oso batean. Aristokraziaren gainerako kideen gorrotoak, hondamen militarrak eta galera ekonomikoak, edo estatuaren beraren egoera kaotikoa zirela-eta, beste handiki baten esku utzi behar izaten zuten askotan beren kargua, lan hori beraiek baino hobeto egin zezakeen beste handikiren baten esku hain zuzen.

 

Espainia

ERREGEAREN LAGUNARTEKOA IZATEA ESPAINIAKO XVII. MENDEKO ADMINISTRAZIO ETA POLITIKA ALORREKO KARGU GORENERA IRISTEKO OINARRIZKO IRIZPIDE BILAKATU ZEN.XVI. mendean Austria Handiek beren konfiantza osoko idazkarien laguntza bakarrik izan zuten arren, Filipe III.aren agintaldiaz gero egoera hori goitik behera aldatu zen, privado edo valido kargua eratu baitzen.

Printzearekin harremana zuen jendea izaten zen, txikitatik printzeengan eragina zuena eta errege-erreginek begi onez ikusia.

Validoaren bitartekaritza garrantzi handikotzat jotzen zen erregearen prestakuntzan, gorteko protokoloari zegozkion zereginetan batez ere. Hala ere, harreman horretan Gaztelako koroaren kargu politiko gorena eskuratzeko bidea ikusi zuen zenbait noblek.

Ospe handiko zenbait valido izan ziren, adibidez Lermako dukea (Francisco Gómez de Sandoval y Rojas, 1553-1625), Olivaresko konde-dukea (Gaspar de Guzmán y Pimentel, 1587-1645), eta Fernando de Valenzuela (1636-1692). Lermako dukeak bere osaba, Sevillako artzapezpikua, izan zuen irakasle eta gorte giroan bizi izan zen (Karlos printzearen merino izendatu zuten 13 urte zituela). Bere familiarentzat ospea eta boterea berreskuratzearren Erregearen eta printzearen etxean Ganbarako Aitoren Seme kargua onartu zuen 1580an. Filipe III.arekin izan zuen harremanari esker Erregeren Etxeko ofizio pribatuen ardura eskuratu zituen eta horrela bere lagunen, senideen eta babespekoen aldeko politika egin zuen. Jestio eraginkor horren bidez aginpide politikoaren monopolioa eskuratu zuen, FilipeIII.aren laguntzarekin betiere. Lermako dukea 1618an erretiratu zen, kardinale kargua eskuratu zuenean; Uceda izan zuen ondorengo, baina honek ez zuen Lermako dukeak adina indar izan.

Hurrengo valido aipagarria Olivares izan zen; historian zehar privado karguaren eredu gisa ikusia izan da. Medina Sidoniako etxearen albo adar bateko kidea zen, eta bere familiarentzat ospea eta boterea eskuratzearren jarri zen erregearen zerbitzura. Unibertsitatean ikasketak egin ondoren Valladoliden eta Madrilen hasi zen gortearentzat lanean, aitarekin batera. Bere osaba Baltasar de Zúñigaren babespean, Lermaren galeraren ondoren eta Filipe IV.a erregetzara iritsi zenean, «sumillers de corps» eta Zaldun Nagusi karguak izan zituen. Pixkana-pixkana gorteko mailetan gora egin zuen, harik eta valido kargua eskuratu zuen arte. Gainerako privadoek ez bezala, Olivaresek bazuen nola halako gobernu programa bat, labur esanda Gaztelako koroari behinola izan zuen ospea itzultzeko eta erregeari ustez galdua zuen aginpide bat itzultzeko helburuak zituena.

Bi lan horiek Espainiako gobernuan nagusitu ziren hondamen eta gobernu ezaren sentipenari aurre egitera bideratuak ziren. Erregeari guztizko boterea eman nahi horretan kanpo politika indartsua egin zuen, koroarenak ez beste aginpide guztiak ahularazi zituen eta, horrez gainera, koroaren ogasuna eraberritzeko ahalegina ere egin zuen.

1642. urtean Filipe IV.ak Olivares baztertu eta beste privado bat izendatu zuen, Luis Haro (1598-1661). XVII. mendeko azken privadoa Fernando de Valenzuela izan zen, eta aurrekoak bezala, gortean gora egin zuen, erreginaren damarekin ezkondu zenez gero, harik eta erregearen zaldizain izatera iritsi zen arte. Hasieran «jauregiko iratxoa» ezizena jarri zioten erregearen konfiantzazkogizona zela eta, baina gero eta eragin handiagoa izan zuen jarduera politikoan.

Horrela, 1676an, erregearen aholkulari gisa karrera luzea egin ondoren, Gazelako kontseiluetako lehendakariekin aritzeko eskumena lortu zuen. Goi mailako nobleek aurre egin zioten Valenzuelak eskuratu zuen aginpideari, Joan Jose Austriakoaren laguntzarekin, eta azkenik ihes egin behar izan zuen Valenzuelak.

 

Validoen politika

EUROPAKO VALIDOEN JARDUERA POLITIKOAREN AZTERKETA OROKORRA.XVII. mendean Europako estatu eta gizarte gehienek zailtasun asko izan zituzten arren, egia da estatua zuzentzeko ardura zuten politikarien jarduera bikaina izan zela, teorian, nahiz eta emaitzak ez ziren hain onak izan. XVII. mende guztian zehar Europako privadoek edo erregearen begikoek ahalegina egin zuten beren erregeei Europako politika nahasian protagonista papera emango zieten estatu egiturak osatzeko eta indartzeko. XVI. mende gatazkatsuaren ondoren, mundu zahar ezagunaren muga fisikoak eta irudizkoak zabaldu baitziren mende hartan, XVII. mendean Europako herrien zabalkunde kolonialista izan zen ezaugarri nagusietakoa. Mende horretan jarrera merkantilistak izan ziren nagusi, eta horien aurrean validoek ahalegina egin zuten baliabide ekonomikoak erabili zituzten Mendebaleko Europan lehian ari ziren gainerako koroak menderatzeko aukera emango zien tresna militar eta burokratikoak osatzeko.

Merkataritza konpainia handien garaia izan zen (frantsesenak, ingelesenak, holandarrenak) eta eskulanen edo ontziolen bilakaera indartu zen, halaber, garai hartan. Valido batzuek aurreko mendeetan konkistaturiko herrialdeen gaineko nagusitasuna mantentzen ahalegindu ziren, eta beste batzuek berriz, itsasoan nagusitasuna lortzen, Ingalaterrakoak, adibidez.Privado horiek guztiek beren koroaren gobernua eta eskumena indartu nahi izan zuten, eta horretarako beren burokraziak eta gudarosteak sendotu zituzten. Erreinuaren baitan ordena publikoa mantentzeko printzipioa zuten oinarri, baina aldi berean kanpo politika eraginkorra egin zuten, mundu ezaguna behin betiko menderatzeko asmotan.

Finantzen alorrean koroaren esku jarri nahi izan zituzten berriro diru iturri guztiak, errenten monopolioaren bidez (gatzarena edo tabakoarena, esaterako), muga sistema berrantolatuz, zerga biltzeko sistema hobetuz eta koroaren ogasuna hobetzeko gai izango ziren karguak sortuz. Laburbilduz, monarkia absolutuen oparoaldi gisa ezagutu izan dena ekarri zuten neurri horiek guztiek. Eta absolutismoa nagusi zen arren, Luis XIV.aren kasuan adibidez, kontraesan handiko pertsonaiak izan ziren erregearen begikoak, izan ere, gobernu arazoetan zuten eskumena zela-eta erregearen aginpide guztizkoa nolabait mugatu ere egiten zutela esan baitaiteke.