Historia Unibertsala»Aro berria
Karlos V.a eta Inperio Unibertsala
Karlos V.aren politikari «inperiala» deitu ziotenak ez ziren bere garaikoak izan, geroko historialariak baizik, eta izenondo horrekin, erregeak berariaz eta jakinaren gainean egin zuela halako politika adierazi nahi zuten, hala izan ez bazen ere. Karlos V.ak nahi zuena, bere aurrekoetatik jarauntsitako lurraldeak ez galtzea zen, ez konkista bidez lurralde berriez jabetzea. Interes horiek izanda, ezinezkoa zen politika inperiala, eta antolakuntza inperialik gabe inperiorik ere ezin zitekeen egon.
Karlos V.a eta barne politika: Komuneroen eta Germanien matxinadak
Karlos V.a Ganten jaio zen 1500ean.
Gaztelako Joana printzesaren eta Filipe Ederra
artxidukearen semea izateaz gainera,
amaren aldetik, Errege-Erregina Katolikoen
biloba zen eta, aitaren aldetik, Austriako
Maximiliano enperadorearena.
1516an, Fernando Katolikoa hil zenean,
Gaztela eta Aragoiko errege aldarrikatu zuten,
Bruselan, bere amarekin batera. 1517an
heldu zen Espainiara eta hurrengo urtean,
Valladoliden eta Zaragozan izan zen, Gaztela
eta Aragoiko Gorteek errege aitor zezaten,
nahiz eta giroa fidakaitza edota aurkakoa
izan, «atzerritarra» zelako. Gaztelako
aitoren seme eta elizgizonen aldetik izan
zuen aurkakotasun gogorrena. Izan ere,
erregearen segizioko flandriarrak jabetu
baitziren monarkiako kargu eta errenta gehienez.
Arrazoi hori eta Gaztelako nobleei eta
elizari ezarritako zerga igoerak oinarrizkoak
izan ziren, aurrez esandako aurkakotasuna
areagotzeko.
1519an hil zen Austriako Maximiliano
–Karlosen aitajauna, aitaren aldetik– eta berehala
izendatu zuten Erroma eta Germanietako
Enperadore, Karlos V.a izenarekin.
Hori zela eta, Karlosek Herbehereetara joan
behar izan zuen, eta kanpoan zela aprobetxatuz,
Gaztelako Komuneroen eta, Valentzia
eta Baleareetako Germanien matxinadak
lehertu ziren. Sorrera eta izaera desberdinekoak
izan ziren aipatutako bi matxinadak.
Germanien matxinadek bi osagai nagusi
izan zituzten: gizarte arazoak eta
etnikoak. Alde batetik, burgesek eta eskulangileek
nobleen aurka zituzten interes gatazkak,
eta bestetik, mudejarren aurka
zegoen ezinikusia. Komuneroen gerren azpian,
aldiz, arrazoi politikoak zeuden. Honazer eskatzen zuten komuneroek: erregeak,
Espainian, gaztelauekin goberna zezala, eta
ez flandriarrekin; Gorteek gehiago parte har
zezatela gobernuan, ordura arte, errege
«subsidioak» onartzeko bestetarako ez baitziren
biltzen; gorte eta administrazio berriaren
gastuak murriztea; gutxienez hiru
urtez behin, Gorteak nahitaez biltzeko
obligazioa ezartzea; hiriek, zuzenean, zergak
biltzea; eta artilearen esportazioa kontrolatzea.
1521ean, Villalarren garaitu zituzten
komuneroak.
Gatazka horietatik benetako onura atera
zuen klase bakarra goi noblezia izan zen,
haien gizarte maila eta haien jaun pribilegioak
sendotu egin baitziren. Komuneroak
garaitu ondoren, erregearen aginpidea indartu
egin zen.
Inperio unibertsala eta kanpo politika
1519an Karlos V.a enperadore izendatu
zutenean, inperio unibertsalaren ideia –politikari,
humanista eta letra gizonen artean
puri-purian zegoena– gorpuztu egin zen.
Karlosek jarauntsitako –aitaren aldetik bezala
amarenetik– lurralde zabalak zirela eta,
lehenengo aldiz, inperio unibertsala amets
huts izatetik errealitate bihurtzera pasa zen.
Karlosen Inperioak ondorengo lurr hauek
hartzen zituen: Espainia eta Portugalgo lurraldeak
–hauek Portugalgo Elisabetekin
ezkondu zelako–, Herbehereak, Alemaniako
estatu gehienak, Austria, Franko-Konderria,
Delfinerria, Proventza eta Borgoina, Milanerria,
Napoli, Sardinia, Tunis eta Indiak.
Dirudienez, enperadorearen asmoetan ez
zen sartzen inperio unibertsalaren ideia. Nahiz
eta Karlosen nahia Inperio indartsu eta
bateratua sortzea izan, ez zuen horretarako
behar zen bitartekorik. Karlos V.aren lurraldeei
batasuna falta zitzaien, lurralde gehienetan
ez zuen enperadore tituluaz agintzen
–Erroma eta Germanietako Inperioko lurretan
baizik ez–, eta bere jabetza gehienak pertsonalki
gobernatu ordez, bere ahaideak izendatu
zituen erregeorde. Bere kanpo politikaren
arrazoia, jarauntsitako lurraldeak aldeztea
izan zen, eta ez «inperioa» zabaltzea.
Agintaldiaren hasieran izan zuen arazoetako
bat, politika inperialaren aurka gaztelauek
hartu zuten jarrera izan zen, politika
mota hura ez baitzetorren guztiz bat espainiarren
ohiko kanpo politikaren interesekin.
Esate baterako, Alemaniako protestanteen
aurkako borrokak urrunegi geratzen
ziren espainiarrei zuzenean eragiteko.
Frantziaren aurkako gerra
Frantziako Frantzisko I.aren aurkako
borroken sorburuan, hiru lurralderi buruzko
gatazkak zeuden: Nafarroa, zeina Fernando
Katolikoak 1512an beretua bazuen ere,
Frantziak erreklamatzen baitzuen; Borgoinako
Dukerri zaharra, Dijon hiriburu zuena,
1477an Frantziak konkistatu arren Karlos
V.ak etengabe eskatzen zuena; eta Italia,
non Milanerriaren jabetza baitzuten liskarbide.
Frantzisko I.aren hautagaiaren aurka
Karlos V.a enperadore izendatu izanak,
egoera okerragotu baizik ez zuen egin.
1521ean, Frantziako gudarostea Nafarroan
sartu zen, Gaztelan Komuneroen matxinada
piztua zela aprobetxatuz. Behin frantziarrak
Nafarroatik bidali eta gero, borrokak
Italian kokatu ziren, Milanerrian, batez ere.
Italiak garrantzi ikaragarria zuen Inperioaren
politikarako: uharteak funtsezkoak ziren turkiarren
aurkako borrokan; Sardinian mertzenarioak
eskuratzen zituten eta Sizilia berriz erregearen aletegia zen; Milanerriak eta
Toskanarekin sinatutako itunak, ipar Europarekiko
harremanak bermatzen zituzten;
Genoako Errepublika Espainiaren bankua
izan zen XVII. mendearen lehen herenera
arte, eta itsas armada bat eskaini zion Karlos
V.ari, Andrea Doria almirante mertzenarioaren
agintaritzapean.
1525ean, espainiarrek Pavian garaitu
zuten Frantziako erregeak berak agintzen
zuen gudarostea. Frantzisko I.ak, bere askatasuna
erosteko, Borgoinako Dukerria
agindu zion Karlos V.ari Madrilgo Hitzarmenaren
arabera, baina berriro bere burua
aske eta salbu ikusi zuenean, ukatu egin
zuen hitzarmenean izenpetutakoa. Horretarako,
Karlos V.aren aliatu izandako batzuk
izan zituen lagun: Ingalaterra, aita santua
eta Italiako printzeak. Halako jarreraren zigor
gisa, 1527an, Karlos V.ak bidalitako
gudaroste batek –batez ere, alemaniar mertzenarioez
osatua zegoen– Erroma eraso eta
harrapakatu zuen. Elizari egindako irain hura
zela eta, kristandade guztia Karlos enperadorearen
aurka jarri zen. Aitzakia horretaz
baliaturik, Frantzisko I.ak berriro ere Italiara
jo eta Napoliri eraso zion. Baina Frantziako
erregearen aliatuek hari bizkar eman
eta enperadorearen alde jarri ziren. Hala,
Frantzisko I.ak Cambraiko Hitzarmena onartu
beharra izan zuen 1529an. Haren indarrez,
Karlos geratu zen Italiako nagusi eta
Frantziskori Borgoinako dukerria izendatu
zitzaion. Beste hamabost urtez luzatu ziren
artean liskarrak, harik eta 1544ko Crépyko
Bakea sinatu zen arte.
Kristandadearen defentsa
1536an, Karlos V.ak fedearen defentsan
eta fedegabeen aurka borrokatzeko borondatea
aldarrikatu zuen. Enperadorearentzat,
Jainkoak agindutako eginkizuna zen hura
Espainiara heldu zenetik, eta hain zuzen,
huraxe izan zuen, Espainiarekin hasieran
izandako lotura gutxietako bat. Enperadorearen
aldarrikapen hori, Frantziaren aurka
zuzendua zegoen, hein batean, turkiarrekin
harremanak baitzituen herrialde hark.Karlosek bi zutabe nagusi zituen turkiarren
aurkako borrokan: Andrea Doriaren
ontzidia –Espainiaren lehen itsas armada erregulartzat
har daitekeena–, eta 1530etik Maltan
kokatuak zeuden Jerusalemgo San Joanen
Ordenako Zaldunak. Andrea Doriaren armadak
eta turkiarrek –Bizargorri zuten buru–
borroka batzuk izan zituzten arren, Mediterraneoak
turkiarren kontrolpean jarraitu zuen.
Baina 1535ean, Tunisen aurkako espedizio
ospetsua antolatu zuen Karlos V.ak, eta hura
mendean hartu zuenean, Bizargorrik Istanbulera
alde egin behar izan zuen. Ondorengo
hamarraldietan ordea, kristauen alde haietako
nagusitzak behera egin zuen, batik-bat,
Karlosek ipar Europako eginbideei eman zielako
lehentasuna. Karlos V.aren erregealdiaren
azkenean, Espainiak Afrikan zituen jabetza
bakarrak Melilla, Oran, Mazalkibir eta
La Goleta ziren.
Luteranismoaren aurkako borroka
Karlos V.ak lotura estuak zituen Herbehereekin:
sentimenduzkoak, familiakoak eta
praktikoak. Europako merkataritza ibilbideen
puntu estrategikoa zenez, Inperioko
eskualde aberatsena zen eta erregeren finantzetarako
guztiz garrantzizkoa.
1522an Inkisizioa sortu zuen eta 1550ean,
herio zigorra ezarri zuen edozein motatako
heretikoentzat. Probintzietako liskar politikoak
ere gupida gabe kontrolatu zituen,
1539ko Ganteko matxinada batez ere, Karlos
bera arduratu baitzen hura itotzeaz.
1520 aldera, Alemania krisialdi sakonean
sartuta zegoen. Gizarte barruko tirabirak
geroz eta larriagoak ziren. Nekazarien
egoerak okerrera egin zuen, alde batetik,
ezarri zitzaizkien zerga igoerak itxuragabeak
zirelako eta, bestetik, printze eta gotzainak,
jasaten zuten diru faltari aurre egiteko, nekazarien
herri lurrez jabetu zirelako. Halako
egoeran ez zen harritzekoa nekazariak Luteroren
jarraitzaile bihurtzea. Alemaniako
krisialdia izan zen, azkenean, Karlosen Inperioaren
desegitea eragin zuena. Luterok
printzeei burua berotu zien Erreformaren
aitzindari bihur zitezen, eta hala, enperadorearen
aginpideak behera egin ahala,
printzeak geroz eta ahaltsuago bilakatu ziren.
1545etik aurrera, Europako erlijio arazoetako
aitzindaritza katolikoa aita santuak
eta Trentoko Kontzilioak eskuratu zuten.
1556an, enperadoreak, gaixorik eta guztiz
nekaturik, abdikatu eta bere seme Filiperen
esku utzi zituen Espainia aldetik zegozkion
jabetza guztiak. Handik bi urtera,
bere anaia Fernandori utzi zion Inperioa eta
hura izan zen hurrengo enperadorea. Karlos
V.a 1558ko irailaren 21ean hil zen Extremadurako
Yusteko monasterioaren alboan
zuen egoitzan.