Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Karlos V.a eta Inperio Unibertsala

Karlos V.a, 1548an, printze protestanteen ligaren aurka Mülbergeko garaipena lortu ondoren. Tizianoren margolana.<br><br>

Karlos V.aren politikari «inperiala» deitu ziotenak ez ziren bere garaikoak izan, geroko historialariak baizik, eta izenondo horrekin, erregeak berariaz eta jakinaren gainean egin zuela halako politika adierazi nahi zuten, hala izan ez bazen ere. Karlos V.ak nahi zuena, bere aurrekoetatik jarauntsitako lurraldeak ez galtzea zen, ez konkista bidez lurralde berriez jabetzea. Interes horiek izanda, ezinezkoa zen politika inperiala, eta antolakuntza inperialik gabe inperiorik ere ezin zitekeen egon.

 

Karlos V.a eta barne politika: Komuneroen eta Germanien matxinadak

Karlos V.a Ganten jaio zen 1500ean.

Gaztelako Joana printzesaren eta Filipe Ederra artxidukearen semea izateaz gainera, amaren aldetik, Errege-Erregina Katolikoen biloba zen eta, aitaren aldetik, Austriako Maximiliano enperadorearena.

1516an, Fernando Katolikoa hil zenean, Gaztela eta Aragoiko errege aldarrikatu zuten, Bruselan, bere amarekin batera. 1517an heldu zen Espainiara eta hurrengo urtean, Valladoliden eta Zaragozan izan zen, Gaztela eta Aragoiko Gorteek errege aitor zezaten, nahiz eta giroa fidakaitza edota aurkakoa izan, «atzerritarra» zelako. Gaztelako aitoren seme eta elizgizonen aldetik izan zuen aurkakotasun gogorrena. Izan ere, erregearen segizioko flandriarrak jabetu baitziren monarkiako kargu eta errenta gehienez.

Arrazoi hori eta Gaztelako nobleei eta elizari ezarritako zerga igoerak oinarrizkoak izan ziren, aurrez esandako aurkakotasuna areagotzeko.

1519an hil zen Austriako Maximiliano –Karlosen aitajauna, aitaren aldetik– eta berehala izendatu zuten Erroma eta Germanietako Enperadore, Karlos V.a izenarekin.

Hori zela eta, Karlosek Herbehereetara joan behar izan zuen, eta kanpoan zela aprobetxatuz, Gaztelako Komuneroen eta, Valentzia eta Baleareetako Germanien matxinadak lehertu ziren. Sorrera eta izaera desberdinekoak izan ziren aipatutako bi matxinadak.

Germanien matxinadek bi osagai nagusi izan zituzten: gizarte arazoak eta etnikoak. Alde batetik, burgesek eta eskulangileek nobleen aurka zituzten interes gatazkak, eta bestetik, mudejarren aurka zegoen ezinikusia. Komuneroen gerren azpian, aldiz, arrazoi politikoak zeuden. Honazer eskatzen zuten komuneroek: erregeak, Espainian, gaztelauekin goberna zezala, eta ez flandriarrekin; Gorteek gehiago parte har zezatela gobernuan, ordura arte, errege «subsidioak» onartzeko bestetarako ez baitziren biltzen; gorte eta administrazio berriaren gastuak murriztea; gutxienez hiru urtez behin, Gorteak nahitaez biltzeko obligazioa ezartzea; hiriek, zuzenean, zergak biltzea; eta artilearen esportazioa kontrolatzea.

1521ean, Villalarren garaitu zituzten komuneroak.

Gatazka horietatik benetako onura atera zuen klase bakarra goi noblezia izan zen, haien gizarte maila eta haien jaun pribilegioak sendotu egin baitziren. Komuneroak garaitu ondoren, erregearen aginpidea indartu egin zen.

 

Inperio unibertsala eta kanpo politika

1519an Karlos V.a enperadore izendatu zutenean, inperio unibertsalaren ideia –politikari, humanista eta letra gizonen artean puri-purian zegoena– gorpuztu egin zen.

Karlosek jarauntsitako –aitaren aldetik bezala amarenetik– lurralde zabalak zirela eta, lehenengo aldiz, inperio unibertsala amets huts izatetik errealitate bihurtzera pasa zen.

Karlosen Inperioak ondorengo lurr hauek hartzen zituen: Espainia eta Portugalgo lurraldeak –hauek Portugalgo Elisabetekin ezkondu zelako–, Herbehereak, Alemaniako estatu gehienak, Austria, Franko-Konderria, Delfinerria, Proventza eta Borgoina, Milanerria, Napoli, Sardinia, Tunis eta Indiak.

Dirudienez, enperadorearen asmoetan ez zen sartzen inperio unibertsalaren ideia. Nahiz eta Karlosen nahia Inperio indartsu eta bateratua sortzea izan, ez zuen horretarako behar zen bitartekorik. Karlos V.aren lurraldeei batasuna falta zitzaien, lurralde gehienetan ez zuen enperadore tituluaz agintzen –Erroma eta Germanietako Inperioko lurretan baizik ez–, eta bere jabetza gehienak pertsonalki gobernatu ordez, bere ahaideak izendatu zituen erregeorde. Bere kanpo politikaren arrazoia, jarauntsitako lurraldeak aldeztea izan zen, eta ez «inperioa» zabaltzea.

Agintaldiaren hasieran izan zuen arazoetako bat, politika inperialaren aurka gaztelauek hartu zuten jarrera izan zen, politika mota hura ez baitzetorren guztiz bat espainiarren ohiko kanpo politikaren interesekin.

Esate baterako, Alemaniako protestanteen aurkako borrokak urrunegi geratzen ziren espainiarrei zuzenean eragiteko.

 

Frantziaren aurkako gerra

Frantziako Frantzisko I.aren aurkako borroken sorburuan, hiru lurralderi buruzko gatazkak zeuden: Nafarroa, zeina Fernando Katolikoak 1512an beretua bazuen ere, Frantziak erreklamatzen baitzuen; Borgoinako Dukerri zaharra, Dijon hiriburu zuena, 1477an Frantziak konkistatu arren Karlos V.ak etengabe eskatzen zuena; eta Italia, non Milanerriaren jabetza baitzuten liskarbide.

Frantzisko I.aren hautagaiaren aurka Karlos V.a enperadore izendatu izanak, egoera okerragotu baizik ez zuen egin.

1521ean, Frantziako gudarostea Nafarroan sartu zen, Gaztelan Komuneroen matxinada piztua zela aprobetxatuz. Behin frantziarrak Nafarroatik bidali eta gero, borrokak Italian kokatu ziren, Milanerrian, batez ere.

Italiak garrantzi ikaragarria zuen Inperioaren politikarako: uharteak funtsezkoak ziren turkiarren aurkako borrokan; Sardinian mertzenarioak eskuratzen zituten eta Sizilia berriz erregearen aletegia zen; Milanerriak eta Toskanarekin sinatutako itunak, ipar Europarekiko harremanak bermatzen zituzten; Genoako Errepublika Espainiaren bankua izan zen XVII. mendearen lehen herenera arte, eta itsas armada bat eskaini zion Karlos V.ari, Andrea Doria almirante mertzenarioaren agintaritzapean.

1525ean, espainiarrek Pavian garaitu zuten Frantziako erregeak berak agintzen zuen gudarostea. Frantzisko I.ak, bere askatasuna erosteko, Borgoinako Dukerria agindu zion Karlos V.ari Madrilgo Hitzarmenaren arabera, baina berriro bere burua aske eta salbu ikusi zuenean, ukatu egin zuen hitzarmenean izenpetutakoa. Horretarako, Karlos V.aren aliatu izandako batzuk izan zituen lagun: Ingalaterra, aita santua eta Italiako printzeak. Halako jarreraren zigor gisa, 1527an, Karlos V.ak bidalitako gudaroste batek –batez ere, alemaniar mertzenarioez osatua zegoen– Erroma eraso eta harrapakatu zuen. Elizari egindako irain hura zela eta, kristandade guztia Karlos enperadorearen aurka jarri zen. Aitzakia horretaz baliaturik, Frantzisko I.ak berriro ere Italiara jo eta Napoliri eraso zion. Baina Frantziako erregearen aliatuek hari bizkar eman eta enperadorearen alde jarri ziren. Hala, Frantzisko I.ak Cambraiko Hitzarmena onartu beharra izan zuen 1529an. Haren indarrez, Karlos geratu zen Italiako nagusi eta Frantziskori Borgoinako dukerria izendatu zitzaion. Beste hamabost urtez luzatu ziren artean liskarrak, harik eta 1544ko Crépyko Bakea sinatu zen arte.

 

Kristandadearen defentsa

1536an, Karlos V.ak fedearen defentsan eta fedegabeen aurka borrokatzeko borondatea aldarrikatu zuen. Enperadorearentzat, Jainkoak agindutako eginkizuna zen hura Espainiara heldu zenetik, eta hain zuzen, huraxe izan zuen, Espainiarekin hasieran izandako lotura gutxietako bat. Enperadorearen aldarrikapen hori, Frantziaren aurka zuzendua zegoen, hein batean, turkiarrekin harremanak baitzituen herrialde hark.Karlosek bi zutabe nagusi zituen turkiarren aurkako borrokan: Andrea Doriaren ontzidia –Espainiaren lehen itsas armada erregulartzat har daitekeena–, eta 1530etik Maltan kokatuak zeuden Jerusalemgo San Joanen Ordenako Zaldunak. Andrea Doriaren armadak eta turkiarrek –Bizargorri zuten buru– borroka batzuk izan zituzten arren, Mediterraneoak turkiarren kontrolpean jarraitu zuen.

Baina 1535ean, Tunisen aurkako espedizio ospetsua antolatu zuen Karlos V.ak, eta hura mendean hartu zuenean, Bizargorrik Istanbulera alde egin behar izan zuen. Ondorengo hamarraldietan ordea, kristauen alde haietako nagusitzak behera egin zuen, batik-bat, Karlosek ipar Europako eginbideei eman zielako lehentasuna. Karlos V.aren erregealdiaren azkenean, Espainiak Afrikan zituen jabetza bakarrak Melilla, Oran, Mazalkibir eta La Goleta ziren.

 

Luteranismoaren aurkako borroka

Karlos V.ak lotura estuak zituen Herbehereekin: sentimenduzkoak, familiakoak eta praktikoak. Europako merkataritza ibilbideen puntu estrategikoa zenez, Inperioko eskualde aberatsena zen eta erregeren finantzetarako guztiz garrantzizkoa.

1522an Inkisizioa sortu zuen eta 1550ean, herio zigorra ezarri zuen edozein motatako heretikoentzat. Probintzietako liskar politikoak ere gupida gabe kontrolatu zituen, 1539ko Ganteko matxinada batez ere, Karlos bera arduratu baitzen hura itotzeaz.

1520 aldera, Alemania krisialdi sakonean sartuta zegoen. Gizarte barruko tirabirak geroz eta larriagoak ziren. Nekazarien egoerak okerrera egin zuen, alde batetik, ezarri zitzaizkien zerga igoerak itxuragabeak zirelako eta, bestetik, printze eta gotzainak, jasaten zuten diru faltari aurre egiteko, nekazarien herri lurrez jabetu zirelako. Halako egoeran ez zen harritzekoa nekazariak Luteroren jarraitzaile bihurtzea. Alemaniako krisialdia izan zen, azkenean, Karlosen Inperioaren desegitea eragin zuena. Luterok printzeei burua berotu zien Erreformaren aitzindari bihur zitezen, eta hala, enperadorearen aginpideak behera egin ahala, printzeak geroz eta ahaltsuago bilakatu ziren.

1545etik aurrera, Europako erlijio arazoetako aitzindaritza katolikoa aita santuak eta Trentoko Kontzilioak eskuratu zuten.

1556an, enperadoreak, gaixorik eta guztiz nekaturik, abdikatu eta bere seme Filiperen esku utzi zituen Espainia aldetik zegozkion jabetza guztiak. Handik bi urtera, bere anaia Fernandori utzi zion Inperioa eta hura izan zen hurrengo enperadorea. Karlos V.a 1558ko irailaren 21ean hil zen Extremadurako Yusteko monasterioaren alboan zuen egoitzan.