Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Germaniar mundua

Karlos V.a enperadorea, Alemaniako printzeak inguruan dituela.<br><br>

Germaniar mundua ezin da erraz definitu, Erromako eta Germaniako Inperio Santuaren mugetan bai baitziren kulturaren aldetik germaniarrak ez ziren lurraldeak ere: Herbehereak, Italia, etab. Aldi berean, germaniar kulturako lurralde batzuk pixkanaka-pixkanaka inperio hartatik berezi edo handik kanpo geratu ziren: Helvetiako Konfederakundea eta Prusiako ekialdea, adibidez. Geografia mugak ondo definituak ez izateaz gainera, germaniar munduko ekonomia, gizartea, politika eta kultura kontraesanez eta egoera bitxiz zegoen betea.

Kapitalismoa lurralde hartan goiz eta emankor aurreratugatik, gizarte hartako desberdintasun handiak -jaunen pribilejioak eta mirabetasunak indarrean irauteak batez ere- liskarbide gertatu ziren maiz. Kulturak goraldi handia izan zuen, eta humanismoa asko zabaldu zen, baina Luteroren erreforma hedatzeak kristau batasunaren haustura ekarri zuen, eta kristandadearen inperioaren ideiaren lausotzea orobat.

Europako sartaldean nazio estatuak indartzen ari ziren, baina Inperio Sakratuari atxikita zegoen lurraldeak ehundaka printzerri txiki eta estatu burujabeetan sakabanatuta iraun zuen. Hala eta guztiz ere, Karlos V.a saiatu zen ez bakarrik inperio haren batasun politikoa indartzen, baita haren izate unibertsalaren ideia ere sendotzen. Aldi berean, printzerri nagusiek absolutizazio eta zentralizazio prozesu bat hasi zuten, sartaldeko nazio estatuen ereduari jarraiturik.

 

Germaniar inperioaren egitura politikoa

EHUNDAKA PRINTZERRI BURUJABEK ERATZEN ZUTEN LURRALDE HURA INPERIOAREN AGINTEPEAN ZENTRALIZATZEKO SAIO GUZTIAK USTEL ATERA ZIREN.Aro Berriaren hasieran, Germaniako lurraldea 350 bat Landschaften edo jaurerri burujabe garrantziaz eta hedaduraz oso desberdinek eratzen zuten. Baziren printzerriak, elizaren jaurerri handi burujabeak, eta inperio-hiri «libreak», lege eta administrazio antolamendua zutelarik azken horiek, eta baita pribilejioak eta askatasunak ere, soil-soilik haientzat.

Lehen Erdi Aroaz geroztik, enperadoreak bazituen erakunde zentralak edo inperio osoak komun zituenak: Kantzelaritza, Diruzaintza, Inperioaren Auzitegia, eta Inperioaren Dieta edo Reischstag.; baina Aro Berrian, printzerriak sendotuz joan ziren ahala, erakunde horiek guztiek gero eta indar gutxiago izan zuten, baliabiderik gabe egoten baitziren beti, eta ez baitzegoen zerga sistema erreformatzerik, hala enperadoreak izan zitzan behar zituen baliabideak.

Nolanahi ere, XV. mendearen bukaeraz geroztik eta XVI. mendearen lehenengo erdialdea bitartean, enperadoreak gogotik saiatu ziren inperioaren erakundeak indartzen eta eguneratzen. Hala, Frederiko III.a Habsburgokoak (1440-1492) bere semea izendatu zuen bere ondorengo, hala non, aurrerantzean, Habsburgotarrak enperadore tituluari egon baitziren atxikiak. Haren seme Maximiliano I.ak (1492-1516) inperioabaketu zuen, eta erreformak egin zituen, estatu federalaren lehen urrats gisa.

Inperio hura, itxuraz behintzat, estatu moderno baten ezaugarriak hartzen ari zen.

Karlos V.ak ez bakarrik batasun politika hura jarraitu zuen, orobat saiatu zen Inperio Unibertsalaren Erdi Aroko ideia hura indartzen, kristandadearen defendatzailearen eta ebazlearen zeregina beregain harturik. 1530ean enperadoreak bere agintaldiaren gorengo maila iritsi zuen, baina haren egitasmoak huts emanda geratu ziren, printzeek, Erreformaren zabalkundeaz baliaturik, erlijioaerabili baitzuten beren aginpide politikoa sendotzeko, eta enperadorean nahikundeak era horretara zapuzteko. Karlos V.aren anaia eta ondorengo Fernandok 1555ean sinatu zuen Ausgsburgoko Erlijio Bakeak erabateko zatiketa ekarri zuen aspaldian batasunik ezin iritsi zegoen inperio hartara.

 

Ekonomiaren goraldia

ARO BERRIAREN HASIERAN ALEMANIA ETA ITALIA IZAN ZIREN EUROPAKO HERRIALDEEN ARTEAN EKONOMIAN ETA FINANTZETAN AURRERATUENAK.XVI. mendearen hasieran ekonomiak indar handiko goraldia izan zuen. Alemania barneko hiriak lehen mailako finantza gune bihurtu ziren, nahiz Hansa merkataritza elkartea pixkanaka-pixkanaka beherantz zihoan, Ingalaterraren, Danimakaren eta Flandriaren konkurrentziaren eraginez.

Demografiaren hazkundeak bultzada handia eman zion nekazaritzari, eta hiri handietan industriak gora egin zuen, ehungintzak batez ere.

Industriaren produkzioak oraindik ere ofizialeen elkarteak eta bazkunak zituen bere antolamenduaren oinarria; kapital handiak metatu ziren, eta finantza etxe handiak sortu ziren: Fugger, Welser, Manlich, Höstetter, etab. Burgesia kapitalista hura are gehiago indartu zuen meategien administrazioa beregain hartu izanak, printze alemanen dinastia handienak jabe zeuzkaten Tirol, Saxonia, Bohemia eta Hungariako urrezko meategiak batez ere. Teknologiaz baliatu ziren meategi haien produkzioa gehitzeko, hainbesteraino non, harik eta balio handiko metalak Ameriketatik ekartzen hasi ziren arte, meategi haietatik aterea baitzen Europan barrena zebilen ia zilar guztia.Etxe handi haiek harreman estuak zituzten printze dinastiekin, finantza enpresetan espezializatu ziren beraz, eta jaunen eta elizgizonen errentak administratzea eta printzeei maileguak ematea izan zuten jardunbide nagusia. Karlos V.a hautatzeko behar izan ziren diruen inguruan sortu zen garai hartako negoziorik handiena, eta horretarako erabili ziren 851.000 florin gehienak Fuggertarrek eman zituzten maileguan.

 

Germaniako gizarte egitura konplexua

HIRIETAKO BURGESIA INDARTSUAREN ETA LANDAKO MIRABEEN ARTEKO TIRABIRAK LISKAR HANDIAK SORTU ZITUEN GIZARTEAN.Inperioaren politikak porrot egin zuenean, gehitu egin zen printzeek beren mendekoen gainean zuten nagusitasuna; zerga gogorrak ezarri zitzaizkien mendekoei, printze horiek beren estatuetan ezarri zuten absolutizazio politikak (gudaroste iraunkorra, gobernuaren gastuak, etab.) sortu zituen gastu gero eta handiagoak ordaintzeko. Printzeek goi mailako burgesia izan zuten kide beren negozioak eta errentak kudeatzerakoan.

Europako beste leku batzuetan bezala, bi talde horiek elkarri hurbildu zitzaizkion, eta goi mailako burgesia noble bihurtzen hasi zen.

Goi mailako burgesiak orobat zuen beretua hirietako agintaritza; hirietako bizimoduak aurrerabide handia egin zuen, bestalde.

Aldi berean, burgesia txikiak ?eskulangileak gehienbat? ez zuen hirietako agintaritzan inongo kargurik hartzeko aukerarik,eta, gainera, pixkanaka-pixkanaka proletario bihurtzeko bidean zegoen. Nekazariekin batera haiek ziren zerga igoera gero eta handiagoen ordaintzaileak.

Giro hark matxinada eta iraultza asko sorrarazi zituen. Batzuetan gizarte eta politika arrazoiak ziren matxinada haien arrazoi nagusia -hala, hirietako burgesia txikiak eragindakoetan-, eta, bestetan, ekonomia eta gizarte arrazoiak izaten ziren eragile nagusiak, hala nekazarien eta noblezia apalaren matxinadetan.

Liskar horiek XVI. mendean iritsi zuten goraldia. Dotrina protestanteak hartzen ari ziren indarrak bultzada handia eman zien matxinadei, matxinoek erlijio berri hura baliatu baitzuten beren nahiak zilegitzeko eta sustatzeko.

Noblezia apalaren edo zaldunen matxinada eta nekazariena dira garai hartako bi liskar nagusiak. 1522an zaldunak matxinatu egin ziren, protestanteek eragin zituzten elizgizonen lurren desjabetzeei etekina atera nahian, ordu arte enperadorearen agintepean egonak baitziren, eta beren errenten balioa gutxitu izana jasan behar izan baitzuten, bai eta gerra eremuetatik kanpora boteak izana ere, gerra teknika berriak nagusitu zirenean.

Treveriseko artzapezpikuari eraso zioten, baina printze luteranoek berek zapaldu zuten 1523an matxinada hura, beren interes ekonomikoak arriskutan ikusirik.

Hurrengo urtean nekazariak matxinatu egin ziren eskari hauek eginik: mirabetasuna kentzea, errentak gutxitzea, Jainkoaren legea betetzea, eta Ebanjelioa nork bere kasa interpretatzeko eskubidea errespetatzea. Talde erradikalago batzuek Ebanjelioan oinarrituriko kolektibismo bat lortu nahi zuten.

Baina 1525ean Luterok berak matxinada horiek kondenatu zituen eta matxinatuak suntsitzea eskatu, Erreformaren kontrola galduko ote zuen beldur. Horren ondorioz, mirabetasunak XIX. mendea arte iraun zuen Alemanian, eta, gainera, printzeek inongo mugarik gabe bultzatu zituzten Luteroren ideiak. Harrezkeroztik printzeek tresna politiko gisa baliatu ziren Erreformaz.

 

Erlijioaren eta kulturaren goraldia

GARAI HARTAKO PENTSAMENDUAREN JOERA NAGUSIAK GERMANIAN SORTU ZIREN, HUMANISMOA ETA ERLIJIO ERREFORMA, ADIBIDEZ.Kulturaren ikuspegitik Germaniak bi ezaugarri nagusi izan zituen; batetik, hura zen Berpizkundeko kultura hedarazteko abiapuntu nagusietako bat; eta, bestetik, gizarte hartan ikasi nahi handia zegoen, bai merkatari burgesian, aberastasun eta kultura goseak baitzegoen, bai hirietako herri xehearengan ere. Germaniako gizarteak Europako alfabetatze mailarik handienetakoazuen garai hartan. Moldiztegiak berehala eta nonahi hedatu izanak eragin handia izan zuen kulturaren goraldi hartan.

Humanismoa oso zabaldua zegoen Alemanian.

Ezein egia kritikarik gabe ez onartzeko eskubidea baitzen humanismoaren xede nagusia, zientzialari eta intelektual asko sortu zen giro hartan. Horien guztien artean Erasmo Rotterdamgoa izan zen aipagarriena, Europa osoan izan baitzuen eragina.

Erreforma protestanteak jarrera eta joera hauek izan zituen pizgarri: batetik, kulturaren aurrerabidea eta gizarte talde askoren prestakuntza maila egokia; bestetik, Elizaren ustelkeriak Lehen Erdi Aroaz geroztik jende askorengan sortua zuen nahigabea eta ezinegona.

 

Inperio Sakratuaren mapa

Jaurerri beren buruaren jabe ugari haiek eratzen zuten sarean, baziren hamabost bat printzerri aipagarri, beren mendeko lurraldeen absolutizazioa eta bateratzea bultzatu zutenak, Europako sartaldeko nazio estatuen antzera. Monarkia absolutistek berezko zituzten osagai guztiak zituzten haiek ere: hiriburua edo printzearen egoitza, legebiltzarra, zuzenbidea eta legeak, gudaroste iraunkorra, zerga sistema modernoa, estamentukako biltzarra edo Landtag, eta dinastia bat aginpidean. Hauek ziren, besteak beste: Kolonia, Mainz, Treveris, Bremen, Münster, Magdeburgo eta Würzburgoko apezpiku jaurerriak; Palatinerriko printzerri laikoak, Württembergeko konderria, Hesseko landgrave herria, Badengo eta Bavariako margrave herriak, Saxoniako, Brandemburgeko eta Austriako printzerriak. Printze dinastia batzuek konkisten edo ezkontzen bidez zabaldu nahi izan zituzten beren lurraldeak. Haien artean aipagarrienak Saxoniako Wettindarrak, Brandemburgeko Hohenzollerntarrak, Bavariako Wittelsbachtarrak eta, batez ere, Austriako Habsburgotarrak, enperadore titulua monopolioan hartu ere baitzuten.