Historia Unibertsala»Aro berria
Germaniar mundua
Germaniar mundua ezin da erraz definitu, Erromako eta Germaniako Inperio Santuaren
mugetan bai baitziren kulturaren aldetik germaniarrak ez ziren lurraldeak ere: Herbehereak,
Italia, etab. Aldi berean, germaniar kulturako lurralde batzuk pixkanaka-pixkanaka
inperio hartatik berezi edo handik kanpo geratu ziren: Helvetiako Konfederakundea
eta Prusiako ekialdea, adibidez. Geografia mugak ondo definituak ez izateaz gainera,
germaniar munduko ekonomia, gizartea, politika eta kultura kontraesanez eta egoera
bitxiz zegoen betea.
Kapitalismoa lurralde hartan goiz eta emankor aurreratugatik, gizarte hartako desberdintasun
handiak -jaunen pribilejioak eta mirabetasunak indarrean irauteak batez
ere- liskarbide gertatu ziren maiz. Kulturak goraldi handia izan zuen, eta humanismoa
asko zabaldu zen, baina Luteroren erreforma hedatzeak kristau batasunaren haustura
ekarri zuen, eta kristandadearen inperioaren ideiaren lausotzea orobat.
Europako sartaldean nazio estatuak indartzen ari ziren, baina Inperio Sakratuari atxikita
zegoen lurraldeak ehundaka printzerri txiki eta estatu burujabeetan sakabanatuta
iraun zuen. Hala eta guztiz ere, Karlos V.a saiatu zen ez bakarrik inperio haren batasun
politikoa indartzen, baita haren izate unibertsalaren ideia ere sendotzen. Aldi berean,
printzerri nagusiek absolutizazio eta zentralizazio prozesu bat hasi zuten, sartaldeko
nazio estatuen ereduari jarraiturik.
Germaniar inperioaren egitura politikoa
EHUNDAKA PRINTZERRI BURUJABEK ERATZEN ZUTEN
LURRALDE HURA INPERIOAREN AGINTEPEAN
ZENTRALIZATZEKO SAIO GUZTIAK USTEL ATERA ZIREN.Aro Berriaren hasieran, Germaniako lurraldea
350 bat Landschaften edo jaurerri
burujabe garrantziaz eta hedaduraz oso
desberdinek eratzen zuten. Baziren printzerriak,
elizaren jaurerri handi burujabeak,
eta inperio-hiri «libreak», lege eta administrazio
antolamendua zutelarik azken horiek,
eta baita pribilejioak eta askatasunak ere,
soil-soilik haientzat.
Lehen Erdi Aroaz geroztik, enperadoreak
bazituen erakunde zentralak edo inperio
osoak komun zituenak: Kantzelaritza,
Diruzaintza, Inperioaren Auzitegia, eta Inperioaren
Dieta edo Reischstag.; baina Aro
Berrian, printzerriak sendotuz joan ziren
ahala, erakunde horiek guztiek gero eta indar
gutxiago izan zuten, baliabiderik gabe
egoten baitziren beti, eta ez baitzegoen zerga
sistema erreformatzerik, hala enperadoreak
izan zitzan behar zituen baliabideak.
Nolanahi ere, XV. mendearen bukaeraz
geroztik eta XVI. mendearen lehenengo erdialdea
bitartean, enperadoreak gogotik
saiatu ziren inperioaren erakundeak indartzen
eta eguneratzen. Hala, Frederiko III.a
Habsburgokoak (1440-1492) bere semea
izendatu zuen bere ondorengo, hala non,
aurrerantzean, Habsburgotarrak enperadore
tituluari egon baitziren atxikiak. Haren
seme Maximiliano I.ak (1492-1516) inperioabaketu zuen, eta erreformak egin zituen,
estatu federalaren lehen urrats gisa.
Inperio hura, itxuraz behintzat, estatu
moderno baten ezaugarriak hartzen ari zen.
Karlos V.ak ez bakarrik batasun politika hura
jarraitu zuen, orobat saiatu zen Inperio Unibertsalaren
Erdi Aroko ideia hura indartzen,
kristandadearen defendatzailearen eta ebazlearen
zeregina beregain harturik. 1530ean
enperadoreak bere agintaldiaren gorengo
maila iritsi zuen, baina haren egitasmoak
huts emanda geratu ziren, printzeek, Erreformaren
zabalkundeaz baliaturik, erlijioaerabili baitzuten beren aginpide politikoa
sendotzeko, eta enperadorean nahikundeak
era horretara zapuzteko. Karlos V.aren anaia
eta ondorengo Fernandok 1555ean sinatu
zuen Ausgsburgoko Erlijio Bakeak erabateko
zatiketa ekarri zuen aspaldian batasunik
ezin iritsi zegoen inperio hartara.
Ekonomiaren goraldia
ARO BERRIAREN HASIERAN ALEMANIA ETA ITALIA
IZAN ZIREN EUROPAKO HERRIALDEEN ARTEAN
EKONOMIAN ETA FINANTZETAN AURRERATUENAK.XVI. mendearen hasieran ekonomiak
indar handiko goraldia izan zuen. Alemania
barneko hiriak lehen mailako finantza
gune bihurtu ziren, nahiz Hansa merkataritza
elkartea pixkanaka-pixkanaka beherantz
zihoan, Ingalaterraren, Danimakaren eta
Flandriaren konkurrentziaren eraginez.
Demografiaren hazkundeak bultzada
handia eman zion nekazaritzari, eta hiri
handietan industriak gora egin zuen, ehungintzak
batez ere.
Industriaren produkzioak oraindik ere
ofizialeen elkarteak eta bazkunak zituen bere
antolamenduaren oinarria; kapital handiak
metatu ziren, eta finantza etxe handiak sortu
ziren: Fugger, Welser, Manlich, Höstetter,
etab. Burgesia kapitalista hura are gehiago
indartu zuen meategien administrazioa beregain
hartu izanak, printze alemanen dinastia
handienak jabe zeuzkaten Tirol, Saxonia,
Bohemia eta Hungariako urrezko meategiak
batez ere. Teknologiaz baliatu ziren
meategi haien produkzioa gehitzeko,
hainbesteraino non, harik eta balio handiko
metalak Ameriketatik ekartzen hasi ziren
arte, meategi haietatik aterea baitzen Europan
barrena zebilen ia zilar guztia.Etxe handi haiek harreman estuak zituzten
printze dinastiekin, finantza enpresetan
espezializatu ziren beraz, eta jaunen eta elizgizonen
errentak administratzea eta printzeei
maileguak ematea izan zuten jardunbide
nagusia. Karlos V.a hautatzeko behar izan
ziren diruen inguruan sortu zen garai hartako
negoziorik handiena, eta horretarako
erabili ziren 851.000 florin gehienak Fuggertarrek
eman zituzten maileguan.
Germaniako gizarte egitura konplexua
HIRIETAKO BURGESIA INDARTSUAREN ETA LANDAKO
MIRABEEN ARTEKO TIRABIRAK LISKAR HANDIAK SORTU
ZITUEN GIZARTEAN.Inperioaren politikak porrot egin zuenean,
gehitu egin zen printzeek beren mendekoen
gainean zuten nagusitasuna; zerga
gogorrak ezarri zitzaizkien mendekoei, printze
horiek beren estatuetan ezarri zuten absolutizazio
politikak (gudaroste iraunkorra,
gobernuaren gastuak, etab.) sortu zituen
gastu gero eta handiagoak ordaintzeko. Printzeek
goi mailako burgesia izan zuten kide
beren negozioak eta errentak kudeatzerakoan.
Europako beste leku batzuetan bezala,
bi talde horiek elkarri hurbildu zitzaizkion,
eta goi mailako burgesia noble bihurtzen
hasi zen.
Goi mailako burgesiak orobat zuen beretua
hirietako agintaritza; hirietako bizimoduak
aurrerabide handia egin zuen, bestalde.
Aldi berean, burgesia txikiak ?eskulangileak
gehienbat? ez zuen hirietako agintaritzan
inongo kargurik hartzeko aukerarik,eta, gainera, pixkanaka-pixkanaka proletario
bihurtzeko bidean zegoen. Nekazariekin
batera haiek ziren zerga igoera gero eta
handiagoen ordaintzaileak.
Giro hark matxinada eta iraultza asko
sorrarazi zituen. Batzuetan gizarte eta politika
arrazoiak ziren matxinada haien arrazoi
nagusia -hala, hirietako burgesia txikiak
eragindakoetan-, eta, bestetan, ekonomia eta
gizarte arrazoiak izaten ziren eragile nagusiak,
hala nekazarien eta noblezia apalaren
matxinadetan.
Liskar horiek XVI. mendean iritsi zuten
goraldia. Dotrina protestanteak hartzen ari
ziren indarrak bultzada handia eman zien
matxinadei, matxinoek erlijio berri hura
baliatu baitzuten beren nahiak zilegitzeko
eta sustatzeko.
Noblezia apalaren edo zaldunen matxinada
eta nekazariena dira garai hartako bi
liskar nagusiak. 1522an zaldunak matxinatu
egin ziren, protestanteek eragin zituzten elizgizonen
lurren desjabetzeei etekina atera
nahian, ordu arte enperadorearen agintepean
egonak baitziren, eta beren errenten balioa
gutxitu izana jasan behar izan baitzuten, bai
eta gerra eremuetatik kanpora boteak izana
ere, gerra teknika berriak nagusitu zirenean.
Treveriseko artzapezpikuari eraso zioten, baina
printze luteranoek berek zapaldu zuten
1523an matxinada hura, beren interes ekonomikoak
arriskutan ikusirik.
Hurrengo urtean nekazariak matxinatu
egin ziren eskari hauek eginik: mirabetasuna
kentzea, errentak gutxitzea, Jainkoaren legea
betetzea, eta Ebanjelioa nork bere kasa
interpretatzeko eskubidea errespetatzea. Talde
erradikalago batzuek Ebanjelioan oinarrituriko
kolektibismo bat lortu nahi zuten.
Baina 1525ean Luterok berak matxinada
horiek kondenatu zituen eta matxinatuak
suntsitzea eskatu, Erreformaren kontrola galduko
ote zuen beldur. Horren ondorioz,
mirabetasunak XIX. mendea arte iraun zuen
Alemanian, eta, gainera, printzeek inongo
mugarik gabe bultzatu zituzten Luteroren
ideiak. Harrezkeroztik printzeek tresna politiko
gisa baliatu ziren Erreformaz.
Erlijioaren eta kulturaren goraldia
GARAI HARTAKO PENTSAMENDUAREN JOERA NAGUSIAK
GERMANIAN SORTU ZIREN, HUMANISMOA ETA ERLIJIO
ERREFORMA, ADIBIDEZ.Kulturaren ikuspegitik Germaniak bi
ezaugarri nagusi izan zituen; batetik, hura
zen Berpizkundeko kultura hedarazteko
abiapuntu nagusietako bat; eta, bestetik,
gizarte hartan ikasi nahi handia zegoen, bai
merkatari burgesian, aberastasun eta kultura
goseak baitzegoen, bai hirietako herri
xehearengan ere. Germaniako gizarteak
Europako alfabetatze mailarik handienetakoazuen garai hartan. Moldiztegiak berehala
eta nonahi hedatu izanak eragin handia
izan zuen kulturaren goraldi hartan.
Humanismoa oso zabaldua zegoen Alemanian.
Ezein egia kritikarik gabe ez onartzeko
eskubidea baitzen humanismoaren
xede nagusia, zientzialari eta intelektual asko
sortu zen giro hartan. Horien guztien artean
Erasmo Rotterdamgoa izan zen aipagarriena,
Europa osoan izan baitzuen eragina.
Erreforma protestanteak jarrera eta joera
hauek izan zituen pizgarri: batetik, kulturaren
aurrerabidea eta gizarte talde askoren
prestakuntza maila egokia; bestetik, Elizaren
ustelkeriak Lehen Erdi Aroaz geroztik
jende askorengan sortua zuen nahigabea eta
ezinegona.
Inperio Sakratuaren mapa
Jaurerri beren buruaren jabe ugari haiek eratzen zuten sarean, baziren hamabost bat printzerri aipagarri, beren mendeko lurraldeen absolutizazioa eta bateratzea bultzatu zutenak, Europako sartaldeko nazio estatuen antzera. Monarkia absolutistek berezko zituzten osagai guztiak zituzten haiek ere: hiriburua edo printzearen egoitza, legebiltzarra, zuzenbidea eta legeak, gudaroste iraunkorra, zerga sistema modernoa, estamentukako biltzarra edo Landtag, eta dinastia bat aginpidean. Hauek ziren, besteak beste: Kolonia, Mainz, Treveris, Bremen, Münster, Magdeburgo eta Würzburgoko apezpiku jaurerriak; Palatinerriko printzerri laikoak, Württembergeko konderria, Hesseko landgrave herria, Badengo eta Bavariako margrave herriak, Saxoniako, Brandemburgeko eta Austriako printzerriak. Printze dinastia batzuek konkisten edo ezkontzen bidez zabaldu nahi izan zituzten beren lurraldeak. Haien artean aipagarrienak Saxoniako Wettindarrak, Brandemburgeko Hohenzollerntarrak, Bavariako Wittelsbachtarrak eta, batez ere, Austriako Habsburgotarrak, enperadore titulua monopolioan hartu ere baitzuten.