Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Aro berria

Herri kultura eta pentsamolde magikoa

Peter Bruegel gaztearen Baserritar festa.<br><br>

Aro Berriko Europa kristauan, erlijioak pentsamolde eta adierazpide modu unibertsala eskaintzen zuen, gauza guztietan ageri zena. Esan daiteke agian astrologia, asmakeria, animismoa eta izadiaren beldurra, alkimia, aztikeria, deabruak hartua izatea, sorginkeria eta sendaketa magikoen sinesteak, horiek guztiak ohiko gauzak zirela garai hartan, eta era berean onartzen zituztela gehientsuenek, izan jende hezia nahiz ezjakina.

Eliza ofizial guztiek sineste monolitikoen ereduak zabaldu nahi izan zituzten; Errefomatik aurrera zabaldu ziren eredu horiek, sermoi, ikasbide, dotrina, erlijio heziketa eta herri misiolarien jardunaren bidez, baina oso zaila da argitzen horrek guztiak zer adierazten zuen hartzailearentzat. Nolanahi ere, azpimarra daiteke oso lotura estuak zeudela, gizartearen maila guztietan, erlijioaren eta ezkutukoaren forma desberdinetan sinestearen artean.

 

Herriaren sinesteak eta gogo moldeak Aro Berrian

SANTUENGANAKO ETA ANDRE MARIAGANAKO DEBOZIOA DIRA HERRI SINESTEEN OINARRIA. ERLIJIOAK ORAINDIK ERE BIZIMODU ARRUNTA TAXUTZEN DU, IZUAK ETA HERIOTZAREN BELDURRAK LEKUA HANDIA DUTEN EUROPA BATEAN.XV., XVI. eta XVII. mendeetan, kristau erlijioa zen masen ideologia; nekazariek eta hiriko behe mailako estamentuek beren lehentasunak izaten zituzten erlijio kontuetan, eta gai ziren erlijio aldaketaren nolakotasuna bultzatu, oztopatu edo aldatzeko.

Behe mailek erlijio berrikuntzak onartzea, edo haien kontra egitea, delako berrikuntza horren nolakotasunaren eta norainokoarenaraberako gauza izaten zen, eta baita Europako eskualde desberdinetan jokoan ziren eragile politiko eta sozialen araberakoa ere. 1520 ondoko hamarraldian, Alemaniako eskualde gehienetan, herriko jende xehea, meatzariak eta laborariak, gogotik lotu zitzaion Erreformari.

Herriko tradizioari zegokionez, oso sustraitua zegoen santuen gurtza, hainbeste non Kontraerreformak santuei otoitz egitearen balioa berretsi baitzuen. Kontraerreformaren garaian, Urbano VIII.ak herri kanonizazio arautu gabeak debekatu zituen arren, bazen oraindik sentikortasun ofizialik santutasunaren herri ezagutzarekiko. Santu batzuen gurtza aldatu edo indartu egin zen.

Hala adibidez, senarraren kontinentziaren eredutzat hartu izan zen San Jose. Andre Mariarenganako debozioa berriz, nolakotasunez behintzat, ez zen ia aldatu, eta areagotu ere egin zen.Errealitatearen ia alde guztietara iristen zen erlijioa, bai Europan, bai beste zibilizazioetan ere; sinesteak oraindik ere oso agerikoak ziren kultura bizitzan edo eguneroko bizimoduaren agerraldietan. Era horretan, inoiz baino zabalduagoa eta hedatuagoa zegoen debozio erlijiosoa. Garai honetan ez zegoen, ezta erlijio mailan ere, irakaskuntza arauturik, hitzaren gaurko zentzuan. Alabaina, analfabetismoa gorabehera –nekazarien artean zegoen batez ere analfabetismoa zabaldua–, oso indar handia zuen elizak kulturaren zabalkundean, eta predikuaren bitartez irakasten zuten elizgizonek. Alde horretatik, frantziskotar eta domingotar ordenetako fraideek egin zuten ahaleginik handiena.

Induljentziak salbamen aukerak ugaritzen zituzten txeke modukoak ziren; horrelaxe hartzen zituen behintzat herriak. Herriaren masek harreman etengabea behar zuten izan mundu sakratuarekin; horregatik, asko ugaritu ziren erromesaldiak eta erlikien gurtza.

Baina, seguraski, izua, heriotzaren beldurra eta kontsolamenduaren bilaketa nagusi ziren sentikortasuna zen herri debozioaren ezaugarri nabarmenena. Jesukristoren nekaldiaren gurtza hedatu zen; oinazea islatzen zuten gaiek biziki erakartzen zuten herria.

Xehe-xehe agertzen zuten predikariek, alderdi morbosoak ere sarritan erantsiz, Jesukristoren nekaldia. Heriotza lehen mailan zegoen beti, irrikaz irakurtzen ziren kristaua heriotza on baterako prestatzen zuten liburuak.

 

Herri kultura Aro Berrian

KULTURAREN SEKULARTZEA, ETA HUMANISMOAREN OINARRI ZIREN HASTAPEN ARRAZIONALISTAK, ELITEENGANA BAIZIK EZ ZIREN IRITSI. BIZI-BIZIRIK DIRAU HERRI XEHEAREN KULTURAK.Ahozko literaturarekin, jolasarekin, inauteriarekin eta dibertsioarekin lotu zen herri kultura; elitezko kultura bakar baten mendean zegoen, eta hura berriz lanaren etikarekin, neurrizkotasunarekin, hezkuntza eta arrazionaltasunarekin bat zetorren batez ere.

Gizarteko maila behereneko kultura aldakorra zen ordea, eta arrazionaltasunaren, alfabetizazioaren, modernotasunaren aldera egin zuen, eta azkenean haiek jabetuko ziren, berez, kontinenteko zibilizazio oroz.

Herriaren jolasaldiei dagokionez, ezin da neurtu zein balio zuten adibidez musikak, dantzak eta jaialdiek Aro Berriko jendearen eguneroko bizimoduan. Ezin ukatuzkoa da halere bat-bateko musika, zale huts zirenek interpretatzen zutena, eta, zehatzago, abestiak, eguneroko gauza zirela. Margolari eta eskultoreei dagokienez, eta arkitektoak alde batera utzita, ez zegoen seguraski herri merkaturik.Txerpolariek eta inprimatzaileek saltzen zituzten liburuxka eta idatzi ugarietan ere islatzen da herriaren letretako kultura. Alfabetizazioaren eta hezkuntzaren hedatzeak, agintariek diziplina morala eta soziala hobetzeko zuten nahiari loturik izan zuen eraginik, dudarik gabe, erlijio sinesteekin zerikusia zuten herri jarreretan. Azpimarra daitezke adibidez Erreforma eta hasierako Kontraerreformaren ageriko ondorioa izan zela garai hartan laiko ezjakinen sineskeria, idolozalekeria eta ezkutuko paganismotzat jotzen zena desagertaraztea.

 

Pentsamolde magikoa

XIII. MENDETIK AURRERA JO ZUTEN GORENA EZKUTUKO MAGIAK ETA MAGIA BELTZAK, ETA XVI.MENDEKO INKISIZIOAREN KRONIKETAN IZAN ZUTEN BATEZ ERE LEKUA. ITALIAN, BERPIZKUNDEAREN GARAIAN, ASKO ERABILI ZEN MAGIA.Hasteko, ageriko gauza da zer ulertzen dugun pentsamolde magikoa esaten dugunean: fenomenoak agertzeko izadiaz gaindiko kausetara jo, eta kausa horietan beretan bilatzea haien konponbidea. Baina berehala konturatuko gara horixe bera dela erlijioak existentziaren aurrean duen jarrera, eta, hortaz, nekez finka daiteke magiaren eta erlijioaren ikusmoldearen arteko muga. Magia bere sistema propioa sortzen saiatzen da, eta, magiazko jardun batzuk, okerreko bidetik bada ere, alkimia adibidez, har daitezke gerora zientzialariek frogaturiko saioen aitzindari gisa. Oso erraz igarotzen da batetik bestera da magiaren eta erlijioaren arteko muga, eta, hain zuzen ere, sarritan igaro zen XVI. mendean. Alde bereizgarriei dagokienez, erabakigarria da izadiaz gaindiko indarrekiko erlazio pertsonalen nolakotasuna; kristautasunari begiratuz gero, ikusiko dugu Jainkoaren ardurapean jartzen duela kristauak bere burua: eritasunen kontra edo uzta txarren kontra, erreguzko erromesaldiak eta penitentziazko prozesioak egiten dira. Gaitz horien kontra, aztikerien bidez izadiaz gaindiko ahalmenak behartu ditzakeela uste du pentsamolde magikoak. Baina otoitz egiten zuten haiek berek besteek egin zitzaketen aztikerien indarrean sinesteak, horrek pentsamolde magikoaren baitan sartzen zituen; izan ere, azken finean, magiaren ahalmenean sinesten baitzuten, Jainkoak zilegitzen zuen zerbait balitz bezala, deabruaren indarretik zetorren zerbait alegia.

Deabrua, XVI. mendeko zibilizazioan, erlijioaren eta mundu magikoaren arteko zubi moduko bat zen. Herriak bezala, klase landuek ere, nobleek eta elizgizonek berek, uste osoa zuten deabruak etengabe esku hartzen zuela gizonen gauzetan. Deabruaren esku hartzeak ohiz kanpoko gauza guztiak azaltzen zituen, garai hartakoezjakintasunak engainutzat hartzen zuen oro, era horretan hutsegiteak eta heziketa falta estaltzen zirela. Gauza jakina denez, Fray Luis de León heresiaz susmagarri zelako atxilotu zuten. Inkisizioaren sistemaren arabera, bere hutsegiteak aitor ditzan agintzen diote. Eta, zer gertatzen da? Harrigarria badirudi ere, aztikeriazko liburu baten erabilera dela-eta, zalantzak aitortuko ditu Fray Luisek.

Bi magia mota bereiz daitezke, magia beltza eta magia zuria. Bada halaber mendi ingurukoetako magia eta hirietako magia: sorginak, gizonezko nahiz emakumezko, mendikoak dira; hirietan berriz aztiak izaten dira, Celestinaren modukoak. Magiak giza bizitzaren alderdi nagusiekin du zerikusia: jakintzarekin, maitasunarekin, sexuarekin, ezbeharrekin, bizi asmoekin eta amets ezinezkoekin.

 

Sorginkeria eta sorginen kontrako jazarraldia

SORGINEN ESESTEA OBSESIO BAT IZAN ZEN ARO BERRIAN EUROPAN. USTEZKO SORGINAK MILAKA KONDENATU ZITUZTEN EPAILEEK SUTAN HILTZERA.XVI. mendeko gizonarentzat, deabruak dena nahasten zuen, eta harexei egozten zitzaion gerta zitekeen ezbehar oro. Sorginen eta aztien ahalmen magikoak, jakina, deabruarekin egindako itunetatik zetozen, eta, hori zela-eta, eman beharreko ordaina heriotza izatea –nomalean sutan erreta–, hori berez zetorren. Gizarteak sorginak bazirela uste zuen. Sorginen esestea obsesio bat izan zen Europan; Espainian ez zen hainbestekoa izan, epaile zibil frantsesek, alemanek edo ingelesek baino tentu handiagoz jokatu baitzuten inkisidoreek, agian ulertzen zutelako sorginak eta sorginenmundua ez zirela benetako arriskua ez Elizarentzat, ez Hispaniar Monarkia Katolikoa deitu zen monarkia konfesional harentzat.

Aitzitik, Europako gainerako lekuetako epaitegietan, ustezko sorginak milaka kondenatu zituzten sutara. Esaten zenez, deabruarekin ituna egiterakoan, bizkarrean, edo sexuan, marka bat egiten zien hark sorginei azazkalaz, eta animalia bat ematen omen zien opari, haren aurpegia lagun izan zezaten. Sorginkeriaren kontrako zapalkuntza kanpaina berehala geratu zen Inkisizioko agintarien eskueran, eta laister lortu zuen aita santuaren onespena. Ustezko errudun haiek emakumezkoak ziren gehienak, eta, hala, emakume sorginen ehiza bihurtu zen sorginkeriaren kontrako kanpaina. Alemania, Frantzia, Suitza, Ingalaterra, Italiako iparraldea eta Eskozia izan ziren sorginen ehiza gogorrena izan zen eskualdeak. Oro har, indar handiagoa izan zuen Europa protestantean katolikoan baino, Frantzian izan ezik, eta azpimarratzekoa da oso eskasa izan zela Espainian eta Irlandan.

Aski izaten zen ustezko sorginaren kontra bi lekukoren adierazpena, haren epaia erabakitzeko. Aztien eta sorginen kontrako prozesu luzeak bestelako itxura hartu zuen teologoek, aho batez denek, sorginen ahalmenak asmatutzat hartu ezik, aitzitik, guztiz benetakotzat jo zituztenean, deabruaren laguntza zela bide. Aski ziren adierazpen anonimoak epaiketak abian jartzeko.

Haurren eta adimen gutxikoen adierazpenak ere baliozkotzat hartzen ziren. Oinazea zen aitorpenak lortzeko biderik hoberena; eta, sorginkeria, deabruarekin egindako ituna izanik, heresiaren alorrean sartzen zenez gero, ondorengo pena sutan erretzea besterik ezin zen izan, eta, ahal zelarik, geldiro erretzea.