Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Eliza eta aita santuak

Toledoko kontzilioa irudikatzen duen XIII. mendeko marrazkia. Madrilgo “Biblioteca Nacional”.<br><br>

Erromako inperioaren azken aldian kristautasuna unibertso zibilizatuaren erlijio ofizial gisa finkatu zen. Konstantino enperadoreak 313an eman zuen ediktuak legezko baimena eman zien inperioko erlijio guztiei. Eliza kristauek ezkutuko bizitza utzi zuten beraz, eta eliztarrek beren fedea jendaurrean agertzeko eskubidea iritsi zuten. 380an Teodosio enperadoreak kristautasuna Erromako imperioko erlijio ofizial bihurtu zuen Tesalonikako ediktuaren bidez. Harrezkeroztik Teodosiok konfesional egin zuen inperioa, eta horren indargarri, tenplo paganoak itxi zituen eta kristauak ez ziren beste erlijio batzuk debekatu zituen. Inperioa eta kristautasuna izan ziren Erromak antzinatean sortu zuen estatuaren erakundeen oinarriak. Inperioaren aginte politikoa gainbeheran zetorrenean elkartu ziren hain zuzen inperioa eta kristautasuna. Erlijio ofizialak inperioaren egiturei eutsi zien. Aginpide zibilarekiko lotura horri esker, inperioko erlijio gazte hark erakunde egitura bat sortu ahal izan zuen. Erromak Inperioa gobernatzeko sortua zuen administrazio ereduaren arabera antolatu ziren elizak ere inperioko hiri guztietan. Hiri bakoitzean eliza batek biltzen zituen eliztarrak. Probintzia bakoitzean, hiriburuko elizak koordinatzen zituen mendeko hirietako elizak. Sistema horrek eliztar komunitate bakoitzak gidari zituen apaizak antolatzeko aginpidea, hierarkia eta diziplina ekarri zituen, bai orobat kristautasunak aldezten zituen dotrina, liturgia eta moralaren gero eta antolamendu hobea. Eliza, beraz, kristau komunitatearen eduki material eta espiritualak arautzen zituen erakundea bihurtu zen. Bilakaera horren ondorioz kristandadeak bere hasierako antolamenduak utzi zituen. Kristandadeak erlijio bereko elkartze soil bat izateari utzi zion, eta erakunde arautu bihurtu zen.

 

Eliza unibertsala

Erakunde sortu berri hark aitalehenak zituen buru. Haiek ziren moralaren gidariak inperio osoan. Apezpiku haiek hiri garrantzitsuenetan zuten egoitza: Alejandrian, Antiokian, Konstantinoplan, Erroman eta, jakina, Jerusalemen. Inguruko probintzietako hiriak aitalehen horietako bakoitzari zeuden atxikiak. Barruti haiek eliz barrutietan banatzen ziren, eta zeinek bere apezpikua zuen. Eta lauzpabost barruti artzapezpiku bati zegozkion. Elizaren antolamenduaren oinarriak Erromako inperioaren administrazio antolamenduan ari ziren sustraitzen.

Gainera, elizak antzinate klasikoan ondutako hezkuntza sistema beretu zuen bere dotrina irakasteko eta bere hierarkiak prestatzeko.

Elizak aitalehenen karisma zuen gidari.

Baina, pixkanaka-pixkanaka, inperioa konfesionala izateak harreman politikoetara bideratu zuen erlijioa eta aginpidearen tresna bilakarazi zuen eliza. Azkeneko enperadoreek zeregin hori bultzatu zuten, elizaren gidari bihurtu baitziren. Inperio osoan erlijioak eduki berriak eman zizkion aginpide politikoari; aginpidea ere kristautzen ari zen.

Horrek arazo bat sortu zuen: erlijioa eta politika nola lotu, eta izan ala ez izan aldi berean elizaren eta inperioaren zuzendari.

Arazo horrek Erdi Aro osoan iraun zuen: ikusmolde desberdinak izan zituen, aldaketak eta zismak eragin zituen, baina ez zuen erakunde hura sendotzea eragotzi.Eliza kristauen gidaria zen, baina gobernu era bat antolatu beharra zeukan fededunek beren eliz buruei obeditu ziezaieten.

Eliztarren ardura zuten apaiz multzoa ere gidatu beharra zegoen. Elizak monarkia aukeratu zuen antolamendu gisa. Antolamendu horren oinarrian uste hau zegoen: elizak Kristorengan sinesten zutenen multzoa biltzen zuela, eta multzo horrek buru bat behar zuela. Elizak aita bat behar zuen bere bilakaeraren gidari izan zedin. Horrela lortuko zen kristauen arteko batasuna eta saihestuko ziren agintariei men egiten ez dioten disidenteak eta fedearen dogmaren aurkako heresiak. Kontua zen nor izendatu kristau monarkia horretako errege. Edozein aitalehen izan zitekeen hautagai, baina Erromak lortu zuen azkenean bere apezpikua izan zedin aita santu, eliza kristauaren aita.

 

Elizaren aita (IV-VIII. mendeak)

Ekialdeko aitalehenen ustean, aitalehenen barrutien arteko berdintasuna zen eliza gidatzeko era egokiena, era horretara kristautasunaren jatorrizko arauak betez. Nizeako kontzilioak (325) horixe bera azpimarratu zuen. Baina elizaren agintaritzak egoitza Erroman izan behar zuelako usteak indarra hartua zuen mendebalean. Kalixto I.ak ideia horren alde jokatu zuen III. mendean, baina Damaso I.ak landu zuen IV. mendean, eta haren babespean bihurtu zen Erroma aitasantuaren egoitza. Hauxe zen haren argudio nagusia: cathedra Petri; Erromako apezpikua zela san Pedro apostoluaren ondorengoa, alegia. Eta ebanjelioaren arabera, san Pedro izendatu zuen Jesukristok bere elizaren eraikitzaile.

Horrek gainerako aitalehen guztien gainetik jartzen zuen Erromako aitalehena.

Teoria horrek aurrera egin zuen, nahiz ekialdeko elizak gogor egin zion kontra, ez izanagatik gezurtatzen erraza. Gertakarien eraginez Erromak elizaren buruzagitza bereganatu zuen. Baina haren aginpidea mendebalean baizik ez zen finkatu.

Aginte espirituala aita santuak gorpuzten zuelako ideia elizaren dotrina ari zen bihurtzen.

Aita santuaren agintea eta gobernua pixkanaka-pixkanaka sendotzen ari ziren bitartean, mendebaleko bi gertaerek elizaren gidaritza hasi berria bideratzen lagundu zuten.

Aldi berean, germaniar herriak kristautzen joan ziren ahala, haien erresuma eta haien mendeko lurraldeak Erromako aita santuaren egoitzari atxiki zitzaizkion. V.. endean Europan sortzen ari zen gizarte berriak eliza eta aita santua zituen buru. Eta haiekin batera kristautasuna kultura aro berri baten gizarte edukiak ari zen eratzen: gizarte feudala.

Bi prozesu horien eraginez, berriz ere sortu zen aspaldiko arazo bat: kristau munduan nola lotu mundu aldiko aginpidea eta aginpide espirituala? Aita santuek halako nagusitasun bat gorde bazuten ere Europa eratzen zuten erresumen gainean, eliza betebetean ari zen sartzen mundu aldian. Apezpiku asko jaun bihurtzen ari ziren, bat egiten ari ziren erreinuetako nobleziarekin, eta lotura bikoitza zuten: zegokien erregearekin eta aita santuarekin. Aita santua, bere aldetik, ondare eta jabetza handiak pilatzen ari zen. Beste edozein erreinu bezalakoa zenhura, beste erreinuen artean, baina kristau herri osoa gidatzeko zeregina zuena.

VI. mendearen bukaeran, aita santuak lortu zuen kristautasuna nagusi zedin mendebalean inperioaren ordez, aita santuaren beraren aginpidea eta gobernua gehiagotu zedin, eta Europaren ebanjelizatzea zabal zedin. Erromako Inperioa mendebalean desagertu izanak kristautasuna zibilizazioaren sinonimo izatea ekarri zuen.

Gregorio Handia izan zen jokabide horren bultzatzailea. Elizaren aginpidea aita santuaren kargura ekarri zuen, eta mendebal osoa talde oso batean bildu zuen. Gainera, oinarriak jarri zituen aita santuaren mundu aldiko aginpidea indartzeko. Aita santu horren eraginpean Europak goraldi bat izan zuen, kristautasunean gorpuzturik eta Erromako aita santua zuelarik gidari.

Ekialdeko elizarekiko liskarren eta Inperioa gero eta gehiago urrundu izanaren eraginez mendebaleko kristau munduaren oinarriak Erroman gorpuztu ziren: eliza apostolikoa, katolikoa eta erromatarra. Aginpide hura gizarte feudala ekarri zuten gizarte aldaketen baitan sendotu zen.

VIII. mendean, Eztebe II.a Ekialdeko Inperiotik bereizi zen. Horretarako, aita santuak frankoen erresumarekin zituen loturak estutu zituen. Aita santuen independentzia ere sendotu zuen mendebalari buruz, Konstantino enperadoreak Erroma eta Mendebaleko Inperioaren lurraldeak aita santuari eman zizkiola argudiatuz. Hiri eta lurralde emate hark, izatez gezurrezkoa baitzen, aita santuaren buruzagitza indartu zuen, eta 800. urtean Leon II.ak Karlomango enperadore koroatu zuenean iritsi zuen hain zuzen goraldia. Orduan sortu zen Erromako eta Germaniako Inperio Santua mendebalean eratuko zelako ustea. Mundu honetako aginpidea eta beste mundukoa ahalegin berberean ari ziren mendebalazurpertzeko. Germaniako enperadorea eta Erromako aita santua izango zituen mundu osoko kristau herriak gidari.

IX. mendeko bigarren erdialdean, karolingiarren dinastiak beheraldia izan zuenean, Nikolas I.ak aita santuaren aginpidea zabaldu zuen, eta administrazioaren erreforma hasi zuen. Elizaren gobernu baliabide eta erakunde guztiak Erroman zentralizatu zituen.

Aldi berean Europa liskar eta borroka garaietan barneratzen hasia zen. Erreforma aldarriak entzuten ziren elizaren baitan.

 

Aita santua eta eliza katoliko eta erromatarra sendotzea (XI-XV. mendeak)

XI. mendean gertatu zen ekialdeko elizaren eta mendebaleko elizaren arteko erabateko haustura. 1054. urteaz geroztik kristandadeak bi eliza izan zituen: latindarra eta greziarra.

Barne liskarrek kristautasunaren unibertsaltasuna hautsi zuten. Erromako aita santua izan zen haustura haren eragileetako bat, batez ere erreforma bultzatu eta Erromaren nagusitasunari kosta ahala kosta eutsi zitzaionez geroztik. Azken finean liskar haiek bi sorburu zituzten: batetik, kristautasuna bizitzeko eta interpretatzeko bi modu oso desberdin egotea, eta, bestetik, elkarrengandik urrun zeuden bi kultura testuingururen arteko batasuna egiteko ezintasuna. Aita santuak bere nagusitasun espirituala sendotu zuen Europan eta Germaniako inperioarekin batera Jainkoaren hiria munduan finkatzen saiatzen ari zen erakundea bihurtu zuen eliza.

Leon IX.ak eta Nikolas II.ak aukeratze sistema bat eta elizgizonen aginpide sistema bat eman zioten aita santuaren irudiari.

Jokabide horri esker, ondorengotzak sortzen zituen borroketatik kanpo utzi zuen aita santuaren kargua. Leon IX.ak Kardenalen Elkargoa sortu zuen, eliza osoaren gainean agintea izango zuen kontseilu gisako bat.

Gerora, NIkolas II.ak agindu zuen aita santua kardenalek aukeratuko zutela, eta eginkizun horretatik kanpo utzi zituen bai nobleak eta bai enperadorea. Gregorio VII.ak, bestalde, apaizen eta liturgiaren erreformak bultzatu zituen Clunyren eta haren monasterioen bidez. Aginpide osoa aita santuak zeukan bere esku. Aita santutza bera hartu zen gorengo erakundetzat mendebal osoan.

Aita santu horren zeregin nagusia elizaren administrazio guztia Erroman zentralizatzea izan zen. Apezpiku egoitza guztiek zeukaten baldintza hori bete beharra, eta orobat bete behar zituzten aita santuak liturgia eta dogma kontuetan hartzen zituen erabakiak.

Teologoek eta legegizonek arautegi bat eta ideologia bat eman zioten elizaren buruzagitzari,eta era horretara aita santuaren aginpidea babestu eta indartu zuten.

XI. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, aita santuak aginpide laikoarekin zituen harremanak bideratu behar izan zituen.

Aita santuak eta inperioak gidaturiko gizarte bat eratu zen Adriatikoaren eta Atlantikoaren artean, baina erabaki gabe zegoen artean bi aginpide horietatik zeinek izan behar zuen kristandade latindarraren gidari.

Aita santua lehian ari izan zen laikoak elizan tarteko ibil ez zitezen, elizgizonak Erromaren mende baizik egon ez zitezen eta aita santuarena izan zedin Europa osoan aginpide bakarra.

Asmo horri gogotik egin zion aurre laikoen aginpideak. Berriro sortua zen beraz ordena bera bi alor desberdinetatik –mundu honetako aginpidetik eta aginpide espiritualetik– eratzeak sortzen zuen gatazka zahar hura. Kristandadeak ez zuen aurkitzen bi aginpide horiek lotzeko modurik.

Batzuentzat, aginpide hura aita santuak behar zuen eduki, besteentzat, berriz, enperadoreak.

Auzi horrek beste auzi bat ekarri zuen: nork izendatu behar zituen elizgizonak, enperadoreak edo aita santuak? 1122an Wormsen sinatu zen konkordatuak eman zion bukaera liskar hari –kargu izendatzeen borroka–, baina ez zuen arazo hura konpondu.

Auzi hura korapilatu egin zuen gainera Germaniako inperioak Europan zuen hegemonia galdu izanak.

XII. mendetik aurrera aita santuak Europa eratzen zuten erresumekin batera jokatu behar izan zuen. Erroma gailen zegoen elizaren buru gisa, baina mundu aldiko haren aginpidea monarkia bakoitzak nork bere erresuman ematen zituen legeen mende gelditu zen. XII. mendea bitartean aita santuek zuzenbide kanonikoa bultzatu zuten eliza egituratzeko urrats gisa. Baina XIV.. endean Europak bizi izan zuen zismak, bi aita santu eta eliza usteldu bat, ez zion utzi aita santuari mendebalean bete-betean erreinatzen. Erreforma saio berriek eta ortodoxia katolikora berriz itzultzeak gora eraman zuten berriz aita santutza, baina elizaren zuzendari izateko besterik ez, eta erresuma bakoitzean kristandadearen gidaritzan parte hartzeko orobat.

XV. mendean aita santuaren aginpideak kontrako aldi bat izan zuen. Aita santuak kontzilioek hartzen zituzten erabakiei men egin beharra zeukalako ideia elizaren beraren baitan joan zen indartuz. Kontzilioaren aldeko mugimendu hura ez zen nagusitu.

Aita santuak bere gailentasunari eutsi zion, bai dotrinaren bidez finkatu ere. XV. mendean Europan izan ziren gizarte aldaketek argi eta garbi erakutsi zuten eliza eta aita santua errealitatetik kanpo zeudela. Bere ondarezko ondasunei atxikia eta bere eliz sarien etekinetan ondo bermatua, mendebaleko eliza kristaua zatituta iritsi zen garai modernoetara.