Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Erregimen feudalaren aldakuntza eta sendotzea

Zaldun berri baten izendatze zeremonia.<br><br>

Mendebalean, karolingiar dinastiaren aldia amaitu zen eta haien ordez, 987. urtean, capetarrak nagusitu ziren. Gertakari horrekin batera, karolingiarrak, aldian aldiko zailtasunak gorabehera, mantentzen saiatu ziren aginpide zentralizatuaren irudi eta printzipioa ere amaitu egin zen. Egitura politikoen krisiak lurraldeetako printzeak ere ukitu zituen; erregeen ordezkaritza autonomia handiz erabiltzen zuten haiek: dukeak, markesak, kondeak, apezpikuak eta abadeak. Hala, orokorrean eta lurralde batetik bestera alde handiak izan baziren ere, pertsonaia nagusi haien aginpidea itzaliz joan zen zegozkien aginpide egiturak desagertuz zihoazen heinean, justizia auzitegiak antolatzeko edo osteak gerrarako deitzeko ahalmena galduz zihoazen heinean alegia. Horrenbestez, hanhemen sortu ziren matxinada txikiek, leinuen arteko borrokek eta indarkeria giroak egoera larrian jarri zituzten aginpide tradizionalak, garai hartako zenbait elizgizonen kexa sutsuek agerian utzi zutenez. Baina egonkortasun eta ziurtasunik ez horrexek eraginda, biztanleria guztiaren gainean bere aginpidea ezarri zuen gudari talde geroz ugariago sortu zen aitoren semeen arteko maila apalenetan. Biztanleriaren babesa bermatzeko aitzakiarekin, kanpoko erasoen arriskua apaltzen hasia zen unean hain zuzen, gaztelu berriak eraiki zituzten gudari horien egoitza izan zitezen. Gaztelu haiek agintaritza publikoaren ordezkari ziren duke edo kondeeen aginpidea alde batera utzirik eraiki ziren ehienbat, haien tokian tokiko ordezkarien edo lurjabe handienetako aberatsenen ekimenaren ondorioz. Hala, ia mugarik gabeko aginpidea ezarri zuten gazteluaren inguruan, gazteluaren eremuan, bizi zen jendearen gainean. Agintzeko eta zigortzeko eskumena, ban deitua, beren esku hartu zuten eta, horren ondorioz, biztanleria osoaren gaineko nagusitasuna hobeto bermatzeko ezin konta ahala baliabideren jabe egin ziren. Modu horretara gaztelau burujabeen gailentasuna ezaugarri nagusia duen garai berri bat abiatu zen, XI. eta XII. mendeak hartu zituena.

 

Bakea eta Jainkoaren su etena

JAINKOAREN BAKEA ETA SU ETENA ELIZGIZONEK BULTZATURIKO MUGIMENDUA IZAN ZEN ETA INDARKERIA GELDITZEA ZUEN HELBURU.975 inguruan eta milagarren urtearen aurreko eta ondoko hamarraldietan, Frantziako hegoaldeko apezpiku batzuk kontzilio edo batzarretan bildu ziren bakea berriz ezartzeko edo indarkeria gelditzeko asmoz.

Ezagutzen diren hitzarmen edo kanon zaharrenetan, Charroux-ko 989ko kontziliokoetan, elizen edo armarik gabeko elizgizonen aurkako edozein motatako indarkeria eta nekazarien aziendaren lapurreta kondenatzen ziren. Baina beste elizbarrutietan geroztik segidan egin ziren kontzilioetan gai gehiagotara zabaldu ziren debeku horiek.

Kontzilio haietan egon ohi ziren erlikien bertutez, hitzarmenekiko errespetua ezarri nahi zuten zinaren bidez eta zinausleak eskumikuaz mehatxatzen zituzten. Horrek ordu arteko mekanismo juridiko tradizionalek eraginik ez zuten alorreta epaitzeko eta zigortzeko ahalmena ematen zien apezpikuei.

Are gehiago, 1038an, BourgeskoAimon artzapezpikuak gudaroste bat bildu ahal izan zuen Jainkoaren bakeari zegozkion hitzarmenak armen indarrez ezartzeko, baina erabateko porrota jasan zuen ekimen hark. Hasieran, herriko jende askok hartu zuen parte batzar haietan, agian indarkeriaren lehen biktimak nekazariak eta, oro har, armarik gabeko biztanleak zirelako.

Baina, eraso eta lapurreten eragile ziren gudarien aurka elizgizonek erakutsi zuten kontrakotasuna ñabardurez eta salbuespenezbeterik zegoen, bai haien arteko lokarriak sendoegiak zirelako, bai Elizaren mendeko jaurerrietan ere indarkeria ezinbestekoa zelako, elizak bere gailentasun soziala ezarriko bazuen.

Batzar haiek, Akitaniako hasierako gunetik, 1020-1030 urteetatik hara, Mendebaleko beste lurraldeetara hedatu ziren: Proventza eta Kataluniatik Normandia eta Flandriaraino, Clunyko lekaideen laguntza erabakigarriarekin, baina baita zenbait apezpikuren aurkakotasun ez askoz apalagoarekin, Frantziako iparraldean batez ere. 1040.. rteetan elementu berri bat agertu zen: Jainkoaren tregoa. Beronen bidez edozein indarkeria mota debekaturik geratzen zen, baita gudari armatuen aurkakoa ere, asteko edo liturgia egutegiko egun jakinetan. Baina gero eta gehiago duke eta kondeen, hots, aginpide laikoen laguntza hartzen zen kontuan erabakiak aplikatzeko; hori dela eta, mugimendu hura funtsezko elementua izan zen duke eta kondeen aginpidea sendotzeko.

Jainkoaren bake eta tregoak lagundu zuen Elizak indarkeria bidera zezan eta, hala, Kristau herriaren etsaien aurkako indarkeria soilki jo zuten legezkotzat Bestalde, gizartearen sailkatzea bermatu zuen: alde batetik, gainerakoak babesteko ardura zuten gudariak, eta bestetik elizgizonak, hauei armen erabilera debekatu eta eginbide espiritualak oroitarazten zitzaizkiela. Horiez gainera nekazariak zeuden; berauei ordena hirukoitzaren ideologiak obeditzeko eta gainerakoen mantenurako lan egiteko zeregina ezarri zien.

 

Basailutza eta feudoa

BASAILUTZA HARREMANAK IZAN ZIREN NOBLEZIA FEUDALA OINARRITU ZUTEN MEKANISMOAKXI. mendeko testu batzuek, Chartresko Fulbertok Akitaniako Gilen V.ari idatzitako gutunek, adibidez, leialtasunaren edo ?fede onaren? balioa azpimarratzen zuten, eta traizioa salaketzen. Baina lehenago leialtasun hura gizon libre guztiek botere politikoarekiko zuten eginbidea bazen ere, XI. mendean, gizon batek beste bati egindako zinaren ondorioa izan ohi zen.

Ebanjelioen edo erlikien gainean egindako leialtasunezko zinak norbait bere jauna deituko zuen beste baten basailu bihurtzen zuten erritu nagusi bietako bat zen ?bestea omenaldia zen?. Nolanahi ere, testuinguru guztiz desberdinetan erabiltzen ahal zen basailutza. Adibidez, gaztelu bateko jaunaren eta haren inguruan bizi zen gudari taldearen arteko harremanak arautzeko formula baliagarria zen, baina denborarekin basailutza aristokraziaren goreneko mailan ezarri zen, hau da, kondeen, dukeen eta erregeen artean. Horren antzera, desberdinak ziren kasu batzuetan eta besteetan hitzartzen ziren eginbideak ere. Aipaturiko leialtasun horretaz gain, norbere jaunaren aurka joateko debekua zekarrena, basailuek laguntza eta aholkua ematera behar zezaketen beren burua. Laguntza horietako lehena, askotan, armen zerbitzua izaten zen, nahita nahiezkoa gazteluko eremuan jaunaren aginpidea ezarriko bazen.

Baina jaunarengandik urrun bizi eta maila goragoko aitoren semeetakoak ziren basailuentzat eman beharreko laguntza mugatuagoa eta saihetserrazagoa zen, batez ere, askotan gertatzen zen bezala, aldi berean hainbat jaunen basailu zirenean.

Basailuek, beren aldetik, ordainsariak hartu ohi zituzten jaunen eskutik. Behereneko mailetan ordainsari hori mantenua edo armak eta zaldia uztea izan zitekeen. Baina basailuek feudoren bat hartu ohi zuten gehienetan, hau da, leialtasunaren eta laguntzaren ordain ematen ziren zernahi motatako ondasun edo errentak. Askotan, feudoak jaurerri arruntaren edo sortzen zituen errenten zati bat ziren; horretatik ondoriozta daitekeenez, jaurerrian bertan bizi izanez hango errentak eskuratzen laguntzen zuten basailu haiek haren emaitzetatik ere har zitzaketen sariak. Hala eta guztiz ere, basailuek feudoen gainean zuten kontrola beren gizarte mailaren araberakoa zen beti ere. Feudoak herentziazkoak egiten saiatu ziren denak baina ezbairik gabe, feudoen gestioari dagokionez, aitoren seme handiek autonomia handiagoa zuten gudari taldeetako gudari soilek baino. Gainera, basailutzaren eta feudoen hedatzeaa aski desberdina izan zen Europako geografian zehar; hala, adibidez, normandiarrak Ingalaterran nagusi izan ziren garaian aitoren seme guztiek erregeak feudo moduan utzitako lurrak bazituzten ere, ez zen horrelakorik gertatzen, ez eta gutxiagorik ere, beste lurralde batzuetan.

 

Jaurerri feudala

ARISTOKRAZIA FEUDALAK NEKAZARITZAKO BIZTANLERIAREN GAINEAN KONTROL POLITIKO ETA SOZIALA EZARTZEKO ESPARRU GISA ERABILI ZUEN JAURERRIA.Jaurerriak bi prozesu paraleloren bidez eratu ziren. Lehen buruan, jaunek jabe txikien bizkarretik eskuratuz pilaturiko lurren emaitza ziren jaurerriak. Jaun horiek, lurren gaineko kontrolari esker beren laborariengandik zentsuak jasotzen ahal zituzten, dirutan edo gauzatan, eta batez ere uztaren zati bat, jaurerri batetik bestera, eta jaurerri beraren barneen ere, leku batetik bestera desberdina izan zitekeena. XI. eta XII. mendeetan, ekonomiaren hazkundearen konpaseanbada ere, jaunak gero eta tasa handiagoak eskatuz joan ziren.

Baina beste jaurerri batzuk jatorri publiko edo fiskaleko ondasun eta botereez jabetzearen ondorioz ere eratu ziren; ondasun horiek izan zitezkeen, adibidez, kondeek erregeengandik eskuratutako lurrak, edota errege horiek berek eliz erakundeei emandako inmunitateak, gero maila apalagoko aitoreen semeen eskuetara pasatu zirenak.

Kasu horietan ez ziren lur soilak jabez aldatzen zirenak, baizik eta, batez ere, agindu eta zigortzeko ahalmena, ban deitua.

Ban jaurerria, beraz, lurralde jaurerriari gehitu zitzaion, errege aginpidetik gazteluetako nagusi ziren jaunengana zihoan banatze prozesuaren bidez. Izan ere, ban-jaurerri hori gaztelu barruti batean bizi ziren eta, horrexegatik, gazteluko jaunaren agindupean zeuden gizaki guztien gainean ezarri zen.

Ban jaurerritik lortzen ziren errenten jatorria zerga publikoak izan zitezkeen, gerora gazteluetako erregeek beretu eta zabaldu egin zituztenak. Adibidez, alor militarreko errentak dira: gotorlekuen eraikuntza eta konpontze lanak, jaunari, haren gizonei, zaldiei edo gonbidatuei eman beharreko janariak. Merkatuetako salerosketengatik edo bidesari gisa eskatuak atal horretan berean sartzen dira. Jaunak eskubide zuen, orobat, basoaren erabilera beretzat bakarrik hartzeko, eta hartatik ehiza produktuak atera nahi zituenari ordaina eskatzeko.Gainera, ban-aginpidearekin oso lotura estua zuen justizia banatzeko eskubideak ere hainbat sarrera ekar zezakeen, isun edo ondasun bahituen moduan. Baina ezin esan daiteke ban-jaurerriaren errenta guztien jatorrian argi eta garbi errege eskubideak zirenik. Hain zuzen ere, errenta haietako batzuk gutxi-asko bidegabeko ezarpenak ziren eta aurrekorik ez zuten gazteluetako jaunen baitan. Azkenik, jaurerria zenbait ekonomia jardueraren gaineko monopolioarekin ere osa zitekeen, urteko zenbait sasoi jakinetan, ardoaren salmentarekin, edota errota eta labeen erabilerarekin.

Errenta horien guztien bidez, nobleen klase geroz ugariagoa eta bitartekari zein jaunen agente asko nekazarien lanen kontura bizi ahal izan ziren. Ban hark, beraz, nekazarien familien gaineko kontrola eskaintzen zien jaunei. Haien esku hartzeak eguneroko bizitzaren alderdi asko ukitzen zuen, ezkontzeko edo mugitzeko askatasuna eta norberaren ondasunak herentziaz ondorengoei uzteko ahalmena batez ere.

Hori guztia dela eta, ez dira beti gizaki erabat asketzat hartzen, joputzaren mendeko gizakiak zirelako.