Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Idazkeraren sorrera

Champollionen Principes Généraux de L’écriture Sacrée Egyptienne eskuizkribuaren orrialde bat.<br><br>

Idazkera da inondik ere gizonaren asmakizun bikainenetako bat, gizonaren bizitzak lekudenboraz dituen muga estuak gainditzen baititu. Gizonari baizik ez dagokion gaitasuna da hizkuntza ahoskatua; hizkuntza da komunikazioaren funtsa eta oinarria, baina iragankorra eta mugatua da izatez, nork bere esperientzia mintzabidez adierazteak muga estu batzuk baititu: ahotsaren ulergarritasuna eta oroimenaren ahultasuna. Gizadiaren bilakaera are murritzagoa eta kamutsagoa izango litzateke idazkerarik gabe; ezin aurrerabide handiagoa ekarri dio beraz gizonari.

Idazkera mintzairaren mende dago, askori maiz ahazten bazaio ere. Izan ere, idazkerak mintzaira jakin bat du oinarrian, baina, aldi berean, tresna sistematiko hori du hizkuntza batek, idazkera alegia, irauteko eta beregain bizitzeko bide bakarra. Gizonak sortzen dituen gauza guztiak bezala, sistema grafikoak ere akastunak dira guztiak, nahiz sistema bakoitza saiatu den, zein bere historia luzeko une bakoitzean, hizkuntzen errealitateak ahalik eta egokien islatzen.Nola sortu zen idazkera? Galdera horri erantzuteko, jakin beharra dago non-noiz agertu ziren idazkeraren lehenengo zantzuak.

Gaur egungo jakintsuen ustean, idazkera sistemak K.a. IV. milaldiaren bukaeran izan zuen lehenengo agerraldia, Mesopotamian; eta, ziur asko, Egiptora, Elamera eta Indoko haranera zabaldu zen handik (geroztik, eta Mesopotamiakoarekin inongo loturarik ez zutela, beste sistema grafiko batzuk agertu ziren Txinan eta Erdialdeko Ameriketan, baina horien jatorriak ez dira behar bezain argiak).

D. Schmandt-Besserat-en lanei esker, gaur egun badago argitzea idazkera nola sortu zen, arkeologiak ematen dituen datuetan oinarriturik. Lan horiek Historiaurreko sinbolo sistemak aztertzen dituzte lehenik, Paleolitos arotik Neolitos aroa bitarte, gero sinbolo horiek buztinezko “fitxa” moduko sistema batean izan zuten eragin eta ondorio garrantzi handikoa aztertzen ditu, idazkeraren aitzindari gisako zerbait izan baitzen. Sinboloa gauza zehatz bat da, eta adierazgarria (adibidez, gurutzea kristauentzat); ikurrak sinboloen azpikategoria bat dira, eta haien esanahia zehatzagoa, mugatuagoaeta argiagoa da (adibidez, 1 banakoa adierazteko). Gizadia hasiera-hasieratik komunikatu izan da sinboloen eta ikurren bidez.

Ekialde Hurbileko landako lehenengo gizataldeek bestelako sinboloak erabiltzen zituztela jakin ahal izan da, Paleolitos aroko tradizioa hausten zutenak: buztinezko “fitxak” ziren haiek, era askotara landuak, eta gai jakin baten kopuru zehatzak irudikatzeko erabiliak. Guztiz ere gizonari dagokion berrikuntza ziren berez fitxa haiek: ordu arte kontatzeko erabili izan ziren harri koskor, ale eta kosken aldean, tankera anitzeko tresna haiek datuak biltzea eta komunikatzea zuten helburu bakarra, eta berrikuntza handi bat ekarri zuten gainera, elkarrekin loturik zeuden esanahi sistema bat baitziren, eta sistema horren bidez informazioa ordu arte inoiz iristerik izan ez zen konplexutasunez landu baitzitekeen. Fitxa sistema haren bidez mugarik gabe eta zehatz gorde zitekeen produktu askori buruzko informazioa, oroimenaren mende egon beharrik gabe. Bestalde, sistema irekia zenez, premia berririk sortuz gero, aski zen fitxa berriak sortzea.

Horrenbestez, Neolitos aroko fitxa sistema hura nekazari gizarteekin zerikusia zuen informazioa zen, bai nolakotasunez eta bai zenbatekoz, informazioa igortzeko erabili zen lehenengo ikur sistema. Hura izen zen orobat nekazaritzaren zabalkundearekin batera Ekialde Hurbilean barrena hedatu zen «Neolitos aroko iraultzaren» elementu garrantzitsuenetako bat, eta hari esker jarri ziren lehenengo idazkera piktografikoa asmatzeko oinarriak.

Fitxetan irudikatu ordez, ikurrak fitxak gordetzeko erabiltzen zen buztinezko ontzian irudikatu izana lehenik, eta buztinezko taula batean gero, urrats erabakigarria izan zen idazkera asmatzeko bidean. K.a. hirugarren milaldiaren hasieran, kontatzeko mekanismoekidazkera piktografikoaren sorrerari bidea zabaldu zioten (idazkera hartan ikur bakoitzak erreferente bat adierazten zuen, bai inongo dudarik gabe eta modu arbitrarioan adierazi ere), eta aldi berean idazkera fonetikoari ere bai (Urukeko III.. ldian, K.a. 3.000 urtearen inguruan, merkataritza harremanetan pertsona izenak adierazteko premiaz).

 

Historiako idazkera sistemak

Giza hizkuntza ikur grafikoen bidez adierazteak bi aldi handi izan zituen oro har gizadiaren historian. Lehenengoan, erreferentea bera adierazten zen («zuhaitza», «ardia») adierazi nahi zenaren irudi edo marrazki gutxi-asko estilizatuaren bidez; idazkera ideografiko, piktografiko edo hieroglifiko garbien aldia izan zen hura, eta, nahiz ideia abstraktuak eta gramatikazko erlazioak adierazi ahal izateko mugak izan, bazuen abantaila bat: ulergarria zen hizkuntzen arteko desberdintasunaren gainetik; hizkuntza ez zen, beraz, idazkera hura ulertzeko oztopo.

Bigarren aldian adierazle fonikoa nabarmendu zen: idazkera fonetikoa zen beraz, adierazleak hizkuntza jakin batean adierazten diren hitzen bidez irudikatzen saiatzen zena (idazkera logografikoa), edo, ikurren bilduma errazteko, hitzaren atal fonikoen bidez (silaba lehenengo eta fonoa gero) adierazten zuten (idazkera silabikoak eta alfabetikoak).

 

Buztinezko zetroa

Egiptoko idazkera hieroglifikoak goraldia izan bazuen ere, ez zen halakorik gertatu hasieran buztinean idatzitako idazkera kuneiformearekin; tell-en azpian egon ziren luzaroan haren aztarnak, Mesopotamiako hiri zaharren aztarnak ezkutatzen zituzten buztineko muino eragabeen azpian, alegia. Herodotok «asiriar letrak» aipatu zituen (Assyria grammata), baina ez zuen esan noiz eta nola ziren eginak. XVII. mendearen hasiera arte ez zen izan «iltze» (cuneus) tankerako idazkera horren berririk; izan ere hortik datorkio izena (E. Kampferen litterae cuneatae). Idazteko erabiltzen zuten tresneriak emana zen idazkera haren forma: kanabera edo hegats batez idazten zuten buztinezko gainalde batean; hegatsaren muturretako bat ziri moduan zegoen zorroztua, eta buztinaren gainean idaztean «iltzearen» marka berezia uzten zuen; beste muturra, berriz, landu gabe zegoen, eta harekin zenbakiak idazten zituzten. Mesopotamian ez zegoen harri askorik, eta hango klima ez zen batere egokia larru onduak gordetzeko; baina kanabera eta buztina ugari zegoen, eta material hura erabiltzearekin, azkar galdu zuten ikurrek lehenengo taula piktografikoen errealismoa, erreferentea berehala identifikatzeko aukera ematen zuena, horrenbestez. Hegatsaren ebaki laburrekin ikurren inguruak lausotu baitziren, eta ikurrak lerroaren norabidera makurtu.

Idazkera kuneiformeen ezaugarri berezi bat hizkuntza askotan erabili izana da. K.

Niebuhr-ek 1788an esan zuenez, hiru hizkuntza omen zeuden Persepoliseko idazkun kuneiformeetan: pertsiera zaharra, elamera eta babiloniera. Sistema grafikoak desberdinak ziren: pertsiera zaharrean idazteko, 42 ikurreko sistema soil-soil bat erabiltzen zuten; elamerak eta babilonierak, berriz, ikur eta sinbolo kopuruz konplexuagoak ziren idazkerak zituzten.

Sumeriarrek asmatu zuten idazkera kuneiformea sistema huts-hutsik ideografikoa izan zen hasieran. Ikur bakoitzak funtsezko esanahi bat zuen, eta gero beste esanahi eratorri edo kidekoak eransten zitzaizkion.

AHO (sumeriarrez KA) ikur berbera erabiltzen zuten «hitza» adierazteko (INIM), «hortza» adierazteko (ZU), eta haren kide diren «hitz egin» (DUG) eta «oihu egin» (GU) aditzak adierazteko. Sumerierak bazuen nahasbide bat gainera, silaba bakarrerako joera zuen, eta hitz homofono asko zituen, hizketan azentuaz eta doinuaz bereizten zirenak.

Erreferente zehatzik ez zuten gramatika kategoriak transkribatzeko, ez ziren kontuan hartzen ikur jakin batzuen balio ideografikoak, haien balio fonetikoak baizik.

Hala, «E»-k, «ureztatzeko ubideak», orobat adierazten zuen e- aditz aurrizkia. K.a.

III. milaldiaren erdialdera, sumeriarrek 600 bat ikurrez eratutako sistema bat erabiltzen zuten, gehienak ideografikoak edo logografikoak (150ek baizik ez zuten gainera balio fonetikorik).

K.a. 2.300 urtean akadioek edo asiriarbabiloniarrek sumeriar idazkera bereganatu zutenean, idazkera hori aldi logosilabiko oso landu batean zegoen, eta harrezkeroztik oso bilakaera bizkorra izan zuen, akadiera oso bestelako hizkuntza baitzen: silaba anitzekoa zenez, bakanagoa izaten zen homonimiak sorturiko nahastea. Hala ere, logogramek bere horretan iraun zutenez, eta akadioek beren hizkuntzan irakurtzen zituztenez logograma horiek, horren ondorioz sistema konplexu samar bat sortu zen, non ikur bakoitzak aldi berean hainbat balio logografiko eta hainbat balio silabiko izan baitzitzakeen, baina ezin jakin daiteke akadioek zein balioz erabiltzen zituzten. Ez da harritzekoa, beraz, halako tresna konplexua espezialisten eskuetan baizik ez egotea, eskribauen eskuetan, alegia. Eta arrazoi horregatik beretik egin dute horren bide luzea idazkera hori deskodetzeko ahaleginek, eta mugatu dira espezialistak, are gaur egun ere, dokumentu kategoria jakin bat, leku jakin bat eta aldi jakin bat baizik ez aztertzera.

 

Koska sakratua

Idazkera kuneiformea hizkuntza askoren adierazpide izan bazen, egiptoar idazkera ez zegokion egiptoerari baizik, eta hieroglifikoa esaten zaio idaztankera haren molde zahar eta berezienari. «Grabatu (glyphos) sakratuak (hieros)», gehienetan harriaren gainean eginak, bitariko sistema logosilabikoa ziren: hasierako sistema logografikoari ikur fonetikoak erantsi zitzaizkion, bai erraz erantsi ere, egiptoera silaba anitzeko hizkuntza baitzen.

K.a. 2.900 urtearen inguruan Egipto bateratu zenean sortu zen herrialde hartan idazkera; Tiniseko dinastiako Aha lehenengo erregearen taula txikiak izan ziren idazkerak Egipton izan zuen lehen agerbidea; idazteko sistema hobetua zen hura, eta ez zuen ia aldaketarik izan harik eta K.o. III.. endean desagertu zen arte. Nolanahi ere, dinastien aurreko garaian izan ziren piktografia bidez paleta batzuetan idazteko saio trakets batzuk; ez dago jakiterik ordea tarteko aldiak zeintzuk izan ziren. Eta ez dago ezta ere jakiterik idazkera nola sortu zen Niloko haranean, ezin baztertu bada ere kanpo eraginez sortua zela.

Harriaren gainean eta zizelaz edo gubilaz idazten zutenez gero, ikur hieroglifikoek argi eta gabi adierazten zuten erreferentea, eta idazkun haiek apaingarri gisa ere erabiltzen zituzten gero. Harriaren ordez egurra eta papiroa erabiltzen hasi zirenean, eta zizelaren ordez pintzela eta tinta, hieroglifikoak soilago marraztu zituzten; «hieroglifiko linealak» esaten zaie horiei.

Itxuraz errealista zen idazkera hura, asiriar-babiloniar idazkera bezain konplexuazen mamiz. Erreferente zehatzak (eguzkia, mendia, ura) edo egintzak (jan, ibili) adierazten dituzten logogramak ziren sistema haren oinarria, eta gero zehaztaileak jartzen ziren logogramen ondoren, esanahia fonetikaren aldetik zehazteko, baina betiere kontsonanteak harturik euskarri.

Monumentuetako idazkera horrekin batera, egiptoarrek, lehenengo dinastiatik bertatik, idazkera arinago eta bizkorrago bat erabili zuten eguneroko zereginetarako, apaizek batez ere; «idazkera hieratikoa» esaten zitzaion horri, geroztikako «idazkera demotikoari» kontrajarririk. Idazkera mota hau papiro orrietara zegoen mugatua (papiro orriak egiteko, papiro landarearen zurtoinaren barnealdea zerrenda luzaranetan zatitzen zen, eta zerrenda horiek elkarren alboan jartzen ziren; haien gainean zabaletara ebakitako beste zerrenda batzuk ipintzen ziren gero. Ondoren, gainean pisua jarriz estutzen ziren; lehortzen zirenean papirozko bi geruzak elkarri itsatsirik geratzen ziren, eta orri malgu bat lortzen zen; euskarri egokia eta arina zen tintaz eskuinetik ezkerrera idazteko); haren ikurrak hieroglifo soilduak ziren, eta haien xehetasun berezi batzuk nabarmentzen ziren. K.o. III. mendea arte iraun zuten. K.a. lehenengo milaldian (K.a. 700 urtearen inguruan), «idazkera demotikoa» sortu zen (herritarra, alegia), idazkera hieratikoa harturik oinarri: sistema berdina zen, baina idazkera soiltzearekin batera eragozgarriagoa ere gertatu zen, eta irakurketa zaildu zuen. Hura izan zen Ptolomeoren garaiko administraziorako eta literaturako idazkera (K.a. 333-330), eta Rosetta harria da haren agerbide bikainenetako bat.