Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Hititak eta pertsiarrak

Dario I.aren zaindariak irudikatzen dituen erliebea Persepolisko zeremonia eskaileran.<br><br>

Brontzearen zibilizazioa Asia Txikian errotu zen k.a. 3.000. urtetik aurrera. Zibilizazio berri hori metalurgia erabiltzen hasi zen, eta horrela, Ekialde Hurbileko metal banaketaren gune nagusi bihurtu zen Anatolia. Merkataritza berri horrek, bestalde, aberastasun ugari ekarri zien hainbat printzerriri. Bogazköyko artxiboetako (Hititen inperioko hiriburua, Kapadozian) agiri gehienak hitita hizkuntzaz daude; beste batzuk, berriz, akadieraz (Asia Hurbila, II. milaldia) edo hurritaz (k.a XVI. mendearen erdialdean sartua, Mitani erreinuak indar hartu zuenean).

Hititen historiak bi aldi nagusi ditu: antzinako erreinua batetik, eta bestetik, inperioaren hedatzea. Aldi batatetik besterako tarteari buruz (alegia, XV. mendea) ez dago informaziorik. Antzinako erreinua Hattusil I.arekin hasi zen (K.a. 1650-1620), eta hura izan zen, hain zuzen, gudaroste hititak lehenengo aldi hartan izan zuen indarraren protagonista. Mursil I.aren garaia (K.a. 1620- 1695), antzinako erreinuko hedatzearen bigarren aldia izan zen; haren helburua herrialdearen hegoaldea mendean hartzea zen.

Mursil I.a hil zutenarekin batera, hititen historian izan den garai ilunenetako bat hasi zen: aginpidea eskuratzeko borroka garaia.

Borrokaldi haren ondorioz, hititen nagusitasuna atzerantz joan zen poliki-poliki.

Telepinuk (K.a. 1525-1500) erreinua sendotzea lortu zuen; hainbat berrikuntza egin zituen. Hauek izan ziren berrikuntza nagusiak: aristokratei errege izateko aukerarik ez ematea, eta hautaketa bidezko irizpidearen ordez ondoretasunean oinarritzen zena ezartzea.

 

Hatti inperioa

Telepinu hil zenetik Shuppiluliuma (K.a.

1500-1380) errege izan zen arteko aldia ez da ondo ezagutzen, ez baitago Telepinuk osatu zuen errege zerrendaren antzekorik.

Garai horretan izan zen Mitanni erreinuaren goraldia, baina Mitannik Sesostres III.a egiptoar erregea izan zuen aurrez aurre.

Errege hark indartu egin zuen Egiptok Sirian zuen indarra. Tudhalija III.a Hatti inperioa Sirian ezartzen saiatu zen, baina huts egin zuen. Shuppiluliumarekin (K.a. 1380- 1346) Hatti inperioa goreneko mailara iritsi zen, Asia Txikia eta Siria mendean hartzea lortu baitzuen.

Mursil II.a (1345-1311) errege izan zen bitartean lurraldearen antolamenduak bere horretan iraun zuen; gasgak menderatu etaArzawaren kontrako garaipenak lortu zituen.

Muwatallirekin (1311-1296), berriz, zailtasunak areagotu egin ziren, batez ere, gasgek Hatusa hartu zutenean. Egiptok izan zuen zabalkudearen ondorioz, hititen eta egiptoarren arteko borroka latzak izan ziren Sirian (Qadesh, 1285); bestalde, hititek poliki-poliki Mitanni estatuan zuten eragina galdu zuten, gero eta indar handiagoa baitzuten asiriarrek.

Hattusil III.ak (k.a. 1289-1265) Hatusan jarri zuen berriz ere inperioaren hiriburua, eta inperiotik kanpo zituen hainbat arazo konpondu behar izan zituen. Ramses II.arekin itun bat hitzartu zuen (k.a. 1284): Damaskoren eta Biblosen arteko muga zehazten zen hartan. Tudhalija IV.a aginpidera iritsi zenean (k.a. 1265) Egiptok bere mende zituen lurraldeen hedadura Shuppilulimaren garaikoaren berdina bide zen.

Horrez gainera, Zipreko uhartea hititen inperiora lotzea lortu zuen Tudhalijak.

Dena dela, Hatusari buruzko informazioa eten egiten da bat-batean, garai hartan, Mediterraneoaren ekialdean, “itsasoko herri” saldoak agertu baitziren eta aurre egin behar izan zieten. Ramses III.ak, esate baterako, nola edo hala lortu zuen Deltan herri haiei eustea. Inperio hitita zatitu egin zen eta horrek berarekin ekarri zuen Anatoliaren eta Siriaren arteko batasuna haustea; hala, Anatolia bakarturik eta atzeraturik geratu zen, eta hititak hurritekin eta aramearrekin batera bizi izan ziren aurrerantzean.

 

Estatua eta gizartea

Hititen inperioaren garaian garrantzizko aldaketak izan ziren bai gizartean bai estatuan; horien artean nagusia, erregetasunaren kontzeptua izan zen: ekialdeko gainerako estatu ahaltsuen eredu teokratikoa hartu zuen bere gain. Erregea, hortaz, bi munduen bitartekoa zen, ekaitzaren jainko gisa administratzen zuen erreinua, errituen garbitasuna ziurtatzen zuen eta hiltzen zenean jainko egiten zuten.

Erregearen mendeko ez zenak ezin eduki zezakeen harremanik erregearekin, ez bazen aliatu gisa, babestu gisa edo etsai gisa; bestalde, erregearen etsaia zen erregearekiko harremanak hitzarmen baten bidez zehazten ez zituen edonor: sistema horren helburua zen auzoko estatuekin hitzarmen bidezko harreman sistema bat osatzea (horregatik zuen horrenbesteko garrantzia diplomaziak sistema politiko hartan).

Hitzarmen sistema hori bai inperioaren barruan bai inperiotik kanpo erabiltzen zuten: estatuak konfederazio egitura zuela zirudien, baina gehiegizkoa litzateke parametro feudalak maila guztietara eramatea (feudalismoak, errege politikaren barruan, erregearen eta ofizial militarren eta zibilen arteko harremana mugatzen zuen).

Bestalde, sistema horren bidez, nobleen mende zeuden adiministrazio zentralaren ondasunak, eta administrazio probintziala, berriz, gobernadoreen esku zegoen dekretu bidez; gobernadoreek ahalmen guztiak zituzten, baita erlijioari zegozkienak ere. Noblezia horrez gainera (errege gudarostearen gurdietan zerbitzatzea zen haien funtzioetako bat), jauregiaren edo tenpluaren mende biztanle masa bizi zen, gobernadoreak emandako ondasunen mende alegia.

Lan apalenak ez zituzten esklaboek egiten, baizik eta guduetan deportatuek: landu gabeko lurrak lantzea zen haien lana.

 

Antzinako Iran

Antzina pertsiarrak eta indoak elkarrekin bizi ziren: herri horien hizkuntzen antzinako formak oso antzekoak dira, mitologian jainko asko berdinak dituzte, eta brahmanen eta parsien erlijio zeremonia asko eta asko antzekoak dira. Bigarren milaldiaren hasieran, arioak Asiako ordokietan sartu ziren –Kaspiar itsasoaren eta Pertsiako golkoaren artean–, eta beren gizarte egiturak ezarri zituzten; bestalde, nomadismoa utzi eta nekazaritzan hasi ziren. Herrialdez eta bizimoduz aldatzeaz gainera, erlijioan ere hainbat aldaketa onartu zituzten Spitama Zaratustraren (Zoroastro) predikuak zirela-eta (VII. mendea).

Antzinako Ekialdeko hainbat eskualdetan iraniar aztarnak aurkitu dira, mediar-pertsiar erreinuaren aurretikoak: Elamgo zibilizazioa, pertsiarren urrungo arbasoak, Kish erregeen mende gelditu ziren; horiek Mesopotamia hartu zuten mendean… Herri horiek asiriar iturriek aipatzen dituzte lehenbiziko aldiz: mediarrak Irango ordokiaren ipar-mendebalean bizi ziren (Ekbatana inguruan), eta pertsiarrek Urmiah aintziraren mendebalean eta hego-mendebalean hartu zuten bizileku; nekazaritza goi-ordoki horren ekialdean eta mendebalean landu zitekeen bakarrik; VIII. eta VII.. endean mediarrek arbasoekiko loturak hautsi zituzten, beren bizimodu berria nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritu zuten, eta gero eta indar handiagoa hartu zuen eskulangintzak haien artean.Mediarrek, asiriarretatik babesteko, mediar tribuen konfederazioa sortu zuten: Deyocesek 715. urte inguruan estatu bat osatu zuen, eta ondoren, zimeriarrak eta eszitak iritsi ziren. Fraortesek iraniar tribuak bildu eta Parsimasheko pertsiarrak menderatu zituen.

Asiriarren erreinua ahuldu ahala, mediarrek mendebalean zuten presioa hazi egin zen: Ciaxaresek esziten nagusitasuna galarazi zuen, eta ondoren, mediarrak Babiloniarekin aliatu ziren eta asiriarren Inperioa desegin zuten (gudaroste profesionala osatu zen asiriarren ereduaren arabera).

Une horretan sortu zen mediarren estatua; errege nagusietako bat Astiages izan zen. Baina erregearen ahalmena nobleek mugatzen zuten, eta monarkiaren kontrako higikundeak bata bestearen atzetik gertatzen ziren, Pertsian gertatzen zen bezalaxe.

Ziro II.ak 559an Babiloniarekin batera mediarren kontra egin zuen eta 550ean hiriburua (Ekbatana) suntsitu zuten; horren ondorioz, mediarrak pertsiarrekin batu ziren.

 

Akemenestarren inperioa

Akemenestarren inperioa Zirok sortu zuen, eta haren ondorengoek inperio sendo bihurtu zuten. Kanbises errege zela (530etik aurrera) hainbat iraultza izan ziren inperioaren barruan; hala eta guztiz ere, 525ean Egipto menderatu ahal izan zuten.

Dario I.ak hainbat borrokaldi zuzendu zituen Trazia, Mazedonia eta Itsaso Beltzeko kostaldea bereganatzeko; hala, pertsiarren inperioak garai hartan izan zuen gehieneko hedadura. Mende eta erdi iraun zuen aldi horrek.

Joniarren altxamenduaren ondoren, Xerxek hainbat saio egin zituen Grezia menderatzeko (gerra mediarrak), baina huts egin zuen, eta pertsiar gobernarien indar politikoek eta militarrek gainbehera latza egin zuten: ondoren garrantzi gutxiko erregeak izan ziren (zenbait Artaxerxe errege, Ziro Gaztea…), harik eta Alexandrok akemenestarren inperioa desegin zuen arte Granikon (334. urtea). Horrela amaitu zen inperioa 200 urte iraun zuen; baina, bere laburrean indar handiko inperioa izan zen.

Pertsiar inperioak ez zituen bakarrik Ekialde Hurbileko herriak bereganatu, inperio unibertsala izan zen, eta ahal zuen guztia menderatu nahi zuen. Bestalde, ez zen inperio bateratua izan, kultura maila desberdineko herriak biltzen baitzituen.

Pertsiarren inperioaren sorrera eta sendotzea erlijio iraultza batekin batera gertatu zen, alegia zoroastrismoarekin batera. Erlijio horretantxe zuen inperioak bere ideologiaren eta politikaren oinarria. Herri gazte harentzat erraza zen lurraldeak konkistatzea, aginpide nahi handikoa baitzen eta elkargo egitura baitzuen, baina, aldi berean, zaila zen konkista haiei eustea.

 

Pertsiarrak eta gobernu zentrala

Inperioan pertsiar herria zen nagusi (500.000 pertsiar eta 50 milio biztanle guztira); pertsiarrek elkarturik egoteko joera zuten: mailatan antolatuta zeuden (magnateak, nobleak, herria), guztiek sinesten zuten beraien artean, eta baita erregearekin ere, berditansunezko loturak zituztela. Pertsiarrentzat erregearen zerbitzuan aritzea harro egoteko modukoa zen, eta erregeari lurrak, morroiak, esklaboak eta metal nobleak eman behar zitzaizkiola uste osoa zuten.

Pertsiar inperioan aintzat hartzen ziren balio nagusiak ausardia eta ahalegin militarra, egiatasuna eta seme-alaba asko edukitzea ziren; nekazaritza jarduerak eta erregeari egiten zitzaion zerbitzua ziren pertsiarrarentzat jarduera duinenak (nekazaritza zoroastrismoak ezartzen zuen eginbehar morala zen). Denborarekin, bertute horiek guztiak galtzen joan ziren, batez ere gizartearen goreneko mailetan; maila horietan bizitza gozamen modu gisa hartzen zen, eta bizimodu hartan sartzen ziren gaiztakeria, luxua, erosotasuna, nabarmenkeria eta saldukeria.

Erregeak erabateko ahalmena zuen, baina, hala eta guztiz ere, kontseilu baten babesa zuen. Kontseilu hura goi mailako funtzionarioek eta pertsiar magnateek osatzen zuten; elkarte bat ere bazen, printzeen elkartea alegia, erregearen 7 kontseilarik osatua. Inperioaren betebeharrak arautzeko aramera jarri zen administrazioko hizkuntza nagusi, eta administrazioaren sail guztietan erabiltzen zen: departamentuetako ministroek (ez dira ezagutzen horien betebeharrak), “erregearen begi eta belarriek”, eta era guztietako funtzionarioek, guztiek erabiltzen zuten aramera. Lekuan lekuko administrazioa kargu hauek osatzen zuten: probintzia bakoitzeko satrapa edo gobernariaz gainera, erregearen idazkaria, hiriburuan bildutako gudarostearen komandantea eta “erregearen begiak eta belarriak” (satrapiak ikuskatzeko eginkizuna zutenak).

Egitura politikoa zentralizatuta egon zedin komunikabide egokiez hornitu behar zen inperioa (errepideak, zubiak, posta zerbitzua, seinaleak…), esate baterako, Sardes eta Efeso Susarekin lotzen zituena (2.700 bat km-koa); posta bulegoak (25 kilometroz behin, gutxi gorabehera), erregearen aginduak lastertasunez jasotzeko eta erregeak berak lehenbailehen izan zezan gauza guztien berri. Gune militarrek errepideetako ordena eta segurtasuna zaintzen zuten; horiez gainera, mugan gotorlekuak egoten ziren.