Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Hititak eta pertsiarrak
Brontzearen zibilizazioa Asia Txikian errotu
zen k.a. 3.000. urtetik aurrera. Zibilizazio
berri hori metalurgia erabiltzen hasi zen, eta
horrela, Ekialde Hurbileko metal banaketaren
gune nagusi bihurtu zen Anatolia. Merkataritza
berri horrek, bestalde, aberastasun
ugari ekarri zien hainbat printzerriri. Bogazköyko
artxiboetako (Hititen inperioko hiriburua,
Kapadozian) agiri gehienak hitita
hizkuntzaz daude; beste batzuk, berriz, akadieraz
(Asia Hurbila, II. milaldia) edo hurritaz
(k.a XVI. mendearen erdialdean sartua,
Mitani erreinuak indar hartu zuenean).
Hititen historiak bi aldi nagusi ditu: antzinako
erreinua batetik, eta bestetik, inperioaren
hedatzea. Aldi batatetik besterako
tarteari buruz (alegia, XV. mendea) ez dago
informaziorik. Antzinako erreinua Hattusil
I.arekin hasi zen (K.a. 1650-1620), eta hura
izan zen, hain zuzen, gudaroste hititak lehenengo
aldi hartan izan zuen indarraren
protagonista. Mursil I.aren garaia (K.a. 1620-
1695), antzinako erreinuko hedatzearen bigarren
aldia izan zen; haren helburua herrialdearen
hegoaldea mendean hartzea zen.
Mursil I.a hil zutenarekin batera, hititen historian
izan den garai ilunenetako bat hasi
zen: aginpidea eskuratzeko borroka garaia.
Borrokaldi haren ondorioz, hititen nagusitasuna
atzerantz joan zen poliki-poliki.
Telepinuk (K.a. 1525-1500) erreinua sendotzea
lortu zuen; hainbat berrikuntza egin
zituen. Hauek izan ziren berrikuntza nagusiak:
aristokratei errege izateko aukerarik
ez ematea, eta hautaketa bidezko irizpidearen
ordez ondoretasunean oinarritzen zena
ezartzea.
Hatti inperioa
Telepinu hil zenetik Shuppiluliuma (K.a.
1500-1380) errege izan zen arteko aldia ez
da ondo ezagutzen, ez baitago Telepinuk
osatu zuen errege zerrendaren antzekorik.
Garai horretan izan zen Mitanni erreinuaren
goraldia, baina Mitannik Sesostres III.a
egiptoar erregea izan zuen aurrez aurre.
Errege hark indartu egin zuen Egiptok Sirian
zuen indarra. Tudhalija III.a Hatti inperioa
Sirian ezartzen saiatu zen, baina huts
egin zuen. Shuppiluliumarekin (K.a. 1380-
1346) Hatti inperioa goreneko mailara iritsi
zen, Asia Txikia eta Siria mendean hartzea
lortu baitzuen.
Mursil II.a (1345-1311) errege izan zen
bitartean lurraldearen antolamenduak bere
horretan iraun zuen; gasgak menderatu etaArzawaren kontrako garaipenak lortu zituen.
Muwatallirekin (1311-1296), berriz, zailtasunak
areagotu egin ziren, batez ere, gasgek
Hatusa hartu zutenean. Egiptok izan
zuen zabalkudearen ondorioz, hititen eta
egiptoarren arteko borroka latzak izan ziren
Sirian (Qadesh, 1285); bestalde, hititek
poliki-poliki Mitanni estatuan zuten eragina
galdu zuten, gero eta indar handiagoa
baitzuten asiriarrek.
Hattusil III.ak (k.a. 1289-1265) Hatusan
jarri zuen berriz ere inperioaren hiriburua,
eta inperiotik kanpo zituen hainbat arazo
konpondu behar izan zituen. Ramses
II.arekin itun bat hitzartu zuen (k.a. 1284):
Damaskoren eta Biblosen arteko muga zehazten
zen hartan. Tudhalija IV.a aginpidera
iritsi zenean (k.a. 1265) Egiptok bere
mende zituen lurraldeen hedadura Shuppilulimaren
garaikoaren berdina bide zen.
Horrez gainera, Zipreko uhartea hititen inperiora
lotzea lortu zuen Tudhalijak.
Dena dela, Hatusari buruzko informazioa
eten egiten da bat-batean, garai hartan,
Mediterraneoaren ekialdean, “itsasoko
herri” saldoak agertu baitziren eta aurre
egin behar izan zieten. Ramses III.ak, esate
baterako, nola edo hala lortu zuen Deltan
herri haiei eustea. Inperio hitita zatitu
egin zen eta horrek berarekin ekarri zuen
Anatoliaren eta Siriaren arteko batasuna
haustea; hala, Anatolia bakarturik eta atzeraturik
geratu zen, eta hititak hurritekin eta
aramearrekin batera bizi izan ziren aurrerantzean.
Estatua eta gizartea
Hititen inperioaren garaian garrantzizko
aldaketak izan ziren bai gizartean bai estatuan;
horien artean nagusia, erregetasunaren
kontzeptua izan zen: ekialdeko gainerako
estatu ahaltsuen eredu teokratikoa
hartu zuen bere gain. Erregea, hortaz, bi
munduen bitartekoa zen, ekaitzaren jainko
gisa administratzen zuen erreinua, errituen
garbitasuna ziurtatzen zuen eta hiltzen zenean
jainko egiten zuten.
Erregearen mendeko ez zenak ezin eduki
zezakeen harremanik erregearekin, ez bazen
aliatu gisa, babestu gisa edo etsai gisa;
bestalde, erregearen etsaia zen erregearekiko
harremanak hitzarmen baten bidez zehazten
ez zituen edonor: sistema horren helburua
zen auzoko estatuekin hitzarmen bidezko
harreman sistema bat osatzea (horregatik
zuen horrenbesteko garrantzia diplomaziak
sistema politiko hartan).
Hitzarmen sistema hori bai inperioaren
barruan bai inperiotik kanpo erabiltzen zuten:
estatuak konfederazio egitura zuela zirudien,
baina gehiegizkoa litzateke parametro
feudalak maila guztietara eramatea (feudalismoak,
errege politikaren barruan, erregearen
eta ofizial militarren eta zibilen arteko
harremana mugatzen zuen).
Bestalde, sistema horren bidez, nobleen
mende zeuden adiministrazio zentralaren
ondasunak, eta administrazio probintziala,
berriz, gobernadoreen esku zegoen dekretu
bidez; gobernadoreek ahalmen guztiak
zituzten, baita erlijioari zegozkienak ere. Noblezia
horrez gainera (errege gudarostearen
gurdietan zerbitzatzea zen haien funtzioetako
bat), jauregiaren edo tenpluaren
mende biztanle masa bizi zen, gobernadoreak
emandako ondasunen mende alegia.
Lan apalenak ez zituzten esklaboek egiten,
baizik eta guduetan deportatuek: landu gabeko
lurrak lantzea zen haien lana.
Antzinako Iran
Antzina pertsiarrak eta indoak elkarrekin
bizi ziren: herri horien hizkuntzen antzinako
formak oso antzekoak dira, mitologian
jainko asko berdinak dituzte, eta brahmanen
eta parsien erlijio zeremonia asko
eta asko antzekoak dira. Bigarren milaldiaren
hasieran, arioak Asiako ordokietan sartu
ziren –Kaspiar itsasoaren eta Pertsiako
golkoaren artean–, eta beren gizarte egiturak
ezarri zituzten; bestalde, nomadismoa
utzi eta nekazaritzan hasi ziren. Herrialdez
eta bizimoduz aldatzeaz gainera, erlijioan
ere hainbat aldaketa onartu zituzten Spitama
Zaratustraren (Zoroastro) predikuak zirela-eta
(VII. mendea).
Antzinako Ekialdeko hainbat eskualdetan
iraniar aztarnak aurkitu dira, mediar-pertsiar
erreinuaren aurretikoak: Elamgo zibilizazioa,
pertsiarren urrungo arbasoak, Kish
erregeen mende gelditu ziren; horiek Mesopotamia
hartu zuten mendean…
Herri horiek asiriar iturriek aipatzen dituzte
lehenbiziko aldiz: mediarrak Irango
ordokiaren ipar-mendebalean bizi ziren
(Ekbatana inguruan), eta pertsiarrek Urmiah
aintziraren mendebalean eta hego-mendebalean
hartu zuten bizileku; nekazaritza
goi-ordoki horren ekialdean eta mendebalean
landu zitekeen bakarrik; VIII. eta VII.. endean mediarrek arbasoekiko loturak
hautsi zituzten, beren bizimodu berria nekazaritza
eta abeltzaintzan oinarritu zuten,
eta gero eta indar handiagoa hartu zuen eskulangintzak
haien artean.Mediarrek, asiriarretatik babesteko, mediar
tribuen konfederazioa sortu zuten: Deyocesek
715. urte inguruan estatu bat osatu
zuen, eta ondoren, zimeriarrak eta eszitak
iritsi ziren. Fraortesek iraniar tribuak bildu
eta Parsimasheko pertsiarrak menderatu zituen.
Asiriarren erreinua ahuldu ahala, mediarrek
mendebalean zuten presioa hazi
egin zen: Ciaxaresek esziten nagusitasuna
galarazi zuen, eta ondoren, mediarrak Babiloniarekin
aliatu ziren eta asiriarren Inperioa
desegin zuten (gudaroste profesionala
osatu zen asiriarren ereduaren arabera).
Une horretan sortu zen mediarren estatua;
errege nagusietako bat Astiages izan
zen. Baina erregearen ahalmena nobleek
mugatzen zuten, eta monarkiaren kontrako
higikundeak bata bestearen atzetik gertatzen
ziren, Pertsian gertatzen zen bezalaxe.
Ziro II.ak 559an Babiloniarekin batera mediarren
kontra egin zuen eta 550ean hiriburua
(Ekbatana) suntsitu zuten; horren ondorioz,
mediarrak pertsiarrekin batu ziren.
Akemenestarren inperioa
Akemenestarren inperioa Zirok sortu
zuen, eta haren ondorengoek inperio sendo
bihurtu zuten. Kanbises errege zela
(530etik aurrera) hainbat iraultza izan ziren
inperioaren barruan; hala eta guztiz ere,
525ean Egipto menderatu ahal izan zuten.
Dario I.ak hainbat borrokaldi zuzendu zituen
Trazia, Mazedonia eta Itsaso Beltzeko
kostaldea bereganatzeko; hala, pertsiarren
inperioak garai hartan izan zuen gehieneko
hedadura. Mende eta erdi iraun zuen
aldi horrek.
Joniarren altxamenduaren ondoren, Xerxek
hainbat saio egin zituen Grezia menderatzeko
(gerra mediarrak), baina huts egin
zuen, eta pertsiar gobernarien indar politikoek
eta militarrek gainbehera latza egin
zuten: ondoren garrantzi gutxiko erregeak
izan ziren (zenbait Artaxerxe errege, Ziro
Gaztea…), harik eta Alexandrok akemenestarren
inperioa desegin zuen arte Granikon
(334. urtea). Horrela amaitu zen inperioa
200 urte iraun zuen; baina, bere laburrean
indar handiko inperioa izan zen.
Pertsiar inperioak ez zituen bakarrik
Ekialde Hurbileko herriak bereganatu, inperio
unibertsala izan zen, eta ahal zuen
guztia menderatu nahi zuen. Bestalde, ez
zen inperio bateratua izan, kultura maila desberdineko
herriak biltzen baitzituen.
Pertsiarren inperioaren sorrera eta sendotzea
erlijio iraultza batekin batera gertatu
zen, alegia zoroastrismoarekin batera. Erlijio
horretantxe zuen inperioak bere ideologiaren
eta politikaren oinarria. Herri gazte
harentzat erraza zen lurraldeak konkistatzea,
aginpide nahi handikoa baitzen eta elkargo
egitura baitzuen, baina, aldi berean, zaila
zen konkista haiei eustea.
Pertsiarrak eta gobernu zentrala
Inperioan pertsiar herria zen nagusi
(500.000 pertsiar eta 50 milio biztanle guztira);
pertsiarrek elkarturik egoteko joera
zuten: mailatan antolatuta zeuden (magnateak,
nobleak, herria), guztiek sinesten zuten
beraien artean, eta baita erregearekin
ere, berditansunezko loturak zituztela. Pertsiarrentzat
erregearen zerbitzuan aritzea
harro egoteko modukoa zen, eta erregeari
lurrak, morroiak, esklaboak eta metal nobleak
eman behar zitzaizkiola uste osoa
zuten.
Pertsiar inperioan aintzat hartzen ziren
balio nagusiak ausardia eta ahalegin militarra,
egiatasuna eta seme-alaba asko edukitzea
ziren; nekazaritza jarduerak eta erregeari
egiten zitzaion zerbitzua ziren pertsiarrarentzat
jarduera duinenak (nekazaritza
zoroastrismoak ezartzen zuen eginbehar
morala zen). Denborarekin, bertute
horiek guztiak galtzen joan ziren, batez ere
gizartearen goreneko mailetan; maila horietan
bizitza gozamen modu gisa hartzen
zen, eta bizimodu hartan sartzen ziren gaiztakeria,
luxua, erosotasuna, nabarmenkeria
eta saldukeria.
Erregeak erabateko ahalmena zuen,
baina, hala eta guztiz ere, kontseilu baten
babesa zuen. Kontseilu hura goi mailako
funtzionarioek eta pertsiar magnateek osatzen
zuten; elkarte bat ere bazen, printzeen
elkartea alegia, erregearen 7 kontseilarik
osatua. Inperioaren betebeharrak arautzeko
aramera jarri zen administrazioko hizkuntza
nagusi, eta administrazioaren sail guztietan
erabiltzen zen: departamentuetako
ministroek (ez dira ezagutzen horien betebeharrak),
“erregearen begi eta belarriek”,
eta era guztietako funtzionarioek, guztiek
erabiltzen zuten aramera. Lekuan lekuko administrazioa
kargu hauek osatzen zuten:
probintzia bakoitzeko satrapa edo gobernariaz
gainera, erregearen idazkaria, hiriburuan
bildutako gudarostearen komandantea
eta “erregearen begiak eta belarriak”
(satrapiak ikuskatzeko eginkizuna zutenak).
Egitura politikoa zentralizatuta egon
zedin komunikabide egokiez hornitu behar
zen inperioa (errepideak, zubiak, posta zerbitzua,
seinaleak…), esate baterako, Sardes
eta Efeso Susarekin lotzen zituena (2.700
bat km-koa); posta bulegoak (25 kilometroz
behin, gutxi gorabehera), erregearen
aginduak lastertasunez jasotzeko eta erregeak
berak lehenbailehen izan zezan gauza
guztien berri. Gune militarrek errepideetako
ordena eta segurtasuna zaintzen zuten;
horiez gainera, mugan gotorlekuak
egoten ziren.