Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Hizkuntza paleohispaniarrak

Zeltiberiar gerlari baten eta bere zaldiaren eskultura.<br><br>

Latina Iberiako Penintsulan behin betiko sartu aurretik mintzatzen ziren hizkuntzei esaten zaie hizkuntza paleohispaniarrak, alde batera utzirik Hispaniara inoiz iritsi ziren kanpotarren hizkuntzak, hala adibidez feniziera, punikoa eta grekoa. Hizkuntza paleohispaniarrak ezagutzeko bide nagusia hizkuntza horietan idatziriko testu epigrafikoak dira, eta, ondoren, iturri greko-latinoetan aurkitu den bigarren mailako informazioa, bereziki erromatarren garaiko latinezko idazkietan aurkitu den tokiko onomastika materiala.

Idazki paleohispaniarrak, latin alfabetoa erabili zuten beranduko idazkiak izan ezik, penintsulako bertako idazkera sistemetan idatzi ziren, eta ezin izan ziren argitu 36ko gerra zibila baino lehentxeago arte (Manuel Gómez Moreno arkeologo ospetsuak deskodetu zituen). Silabario antzekoak dira, hau da, silaben ikurrak (K.a. 2. milaldiko Ekialde Hurbileko silabarioen edo gaurko japonieraren silabarioaren modura) eta fonemen ikurrak, alfabetoetakoak bezalakoak, konbinatzen diren sistemak.

Material horren azterketak penintsula hizkuntza-anitza zela azaltzen du, eta bazirela han bai indoeuropar hizkuntzak, jatorri hurbila Europa erdialdeko eskualdeetan zutenak, bai indoeuropar ez zirenak, itxuraz penintsulan aspaldiagotik mintzatzen zirenak.

Hizkuntza indoeuroparren mintzaeremua bat dator oro har -briga atzizkiaz amaituriko toponimoen banaketa eremuarekin, eta zeltiberiera da haien artean nabarmenena lekukotasunen kopuruagatik etagarrantziagatik. Lusitaniarra da beste hizkuntza indoeuropar bat: hiru idazki aurkitu dira, alfabeto latinoa erabiltzen dutenak, Extremadurako ekialdean eta Portugalgo erdialdean.

Indoeuroparra ez zen eremuan, bat baitator -ili / -ilu toponimiako elementuaren banaketarekin, iberiar hizkuntza da aipagarria, eta lekukotasunak ditu Mediterraneoko kostalde osoan. Eremu horretan sartu behar da halaber euskararen aurrekaria, Pirinio mendebalean eta erdialdean mintzatzen zena, eta antzinako Akitanian oso zabaldua zegoena, eta baita tartesiar hizkuntza ere, Guadalquivirren behe ibilguan eta Portugalgo hegoaldean hitz egiten zena.

 

Idazkera

Hispaniako hizkuntza zaharrek hiru idazkera sistema baliatu zituzten, hirurak elkarren desberdinak baina elkarri oso estu lotuak. Zabalduenari ‘Levanteko iberiera’ deitzen zaio, eta iberiar hizkuntzarako nahiz zeltiberierako erabili zen. Era berean, asko erabili zen erromatarren konkistaren ondoren Citerior probintzian ugaldu ziren tokian tokiko txanponen idazkietan ere; horien gainean egin ziren idazkiak deskodetzeko aurreneko lan gehienak.

Levanteko sistemak 15 ikur dauzka silabak adierazteko; silaba horiek hiru herskari sailen (ezpainkariak, horzkariak, belarrak) eta bost bokalen elkarketaz daude osatuak.

Arrazoi linguistikoak direla-eta, bai iberieraz, bai zeltiberieraz, ezpainkari ahostuna erabiltzen zen herskari ezpainkaria transkribatzeko. Beste bi kasuetan, besterik gabe hautatzen zen zegokion ahoskabea ( horzkaria eta belarra), baina gauza ziurra dirudi kontsonante ahostunak nahiz ahoskabeak adierazteko erabiltzen zirela.

Hala adibidez, X ikurrak berdin-berdin adierazten ditu /ta/ eta /da/. Iberiar gune batzuetan ikur diakritikoak erabiliz bereizi izan ziren kontsonante ahostunak eta ahosgabeak.

Beste 13 ikur alfabetiko ere baziren, bost bokalak, bi txistukari, bi dardarkari, hiru sudurkari eta urkari bat adierazten zituztenak.

Jucar ibaiaren hegoaldean eta Andaluzia ekialdean ‘hegoaldeko’ sistema erabili zen, Levantekoak ez bezalako ezaugarriak zituena, baina hura bezalaxe silabario antzekoa zena. Hirugarren sistema tartesiarra deitzen da, Portugalgo hegoaldean eta Guadalquivirrenbehe ibilguan dokumentatu da, eta Extremadura aldean ere baditu aztarnak.

Oraindik ere ezin izan dira behar bezala deskodetu ikur batzuk. Sistema horren ezaugarrietako bat silabaren ondoren bokala errepikatzea da, adibidez, ta.a.

Idazkera hauen jatorria oso iluna eta eztabaidatua da. Dirudienez, fenizieraren kontsonante sistema zuten eredua, eta tartesiar gizarte oparo eta ekialdezalean ezagutu ahal izan zuten hispaniarrek. K.a. VII. edo VI.. endekoak dira tartesiar idazkiak; tartesiarrek Levante aldera ekarri zuten idazkera, eta hala iberierak beretu egin zuen. Oraindik ez da argitu zergatik jarraitu zuten iberiarrek sistema erdisilabikoa erabiltzen, eskura zutelarik Alacant aldean aski goiz erabiltzen hasi zen (K.a. IV. mendean) alfabeto grekoa; areago, sistema zaharra bere hizkuntzara egokitu ere egin zuten, eta Levanteko sistema deritzana sortu.

 

Zeltiberiera

Indoeuropar familiako adar zeltikoko hizkuntza da, erromatarrak iritsi zirenean Ebroren erdiko ibarraren hegoaldeko ertzean, eta Duero eta Tajo ibaien goi-ibarretan minzatzen zena. Zeltiberierazko ehun bat idazki gorde dira, eta batzuk, Botorritako Brontzea adibidez, nahiko luzeak dira.

Zeramikan grabatutako idazkiak dira gehienak, Numancian aurkitutakoa adibidez, eta pertsona izenak adierazten dituzte; badira eskaintzazko teserak, metalezko euskarrietan animalien irudiak, esku lotuak edo irudi geometrikoak dituztenak, eta pertsonen, familia taldeen edo hirien arteko adiskidetasun akordioen adierazpen direnak; eta, azkenik, badira testu juridikoak ere, gorago aipatu den Botorritakoa adibidez.

Erlijiozko harri idazkiak ere badira, hala Peñalba de Villastarrekoa. Hilarriak oso gutxi dira.

Zeltiberiar testuak ulertzeko –nahiz oraindik askorik ez diren ulertzen–, gainerako hizkuntza zelta eta indoeuroparrekin konparatu dira, eta hala finkatu ahal izan dira eskema gramatikala, joskera ereduak, eta lotura etimologikoak; azken horik oso baliagarriak izan dira hizkuntza horiei buruzko jakindurian aurrera egiteko. Hala, hizkuntza honen hotsei dagokienez, azpimarratu behar da ez duela /p/ fonemarik, hizkuntza zelta guztietan galdu baitzen hots indoeuropar hori. Baina /k w / ezpainkari-belarra gorde zuen, beste hizkuntza zeltetan, Galiakoan eta Britania Handikoetan adibidez, /p/ aldera aldatu zen arren. Izenaren morfologia nahiko ondo ezagutzen da, okerrago izenordainarena, eta nahiko gutxi aditzarena.Hizkuntza hau arkaikoa da zeltikoaren baitan. Ez zuen izan uharteetako zeltaren aldaketarik batere (ez fonetikoak, hala mutazioa, ez sintaktikoak, hala aditz multzoaren amalgama edota ordenaren aldaketa), eta izenordain erlatiboa ez zen enklitiko bihurtu, galieran bezala. Zeltiberiera bazterreko hizkuntza baitzen, eta zeltatik aparte geratu baitzen penintsulan sartu zenez geroztik, litekeena da bere bilakaera berezia izatea zenbait puntutan –fonetikan, eta, batez ere, hiztegian–. Ez dakigu noiz desagertu zen, baina K.o. I. mendearen erdialdetik aurrera ez zen testu gehiagorik idatzi, eta hortaz, badirudi Hispanian II. mendean izan zen erromatartze indartsuak kalte handia egin ziola hizkuntza honen erabilerari. Luzaroago gorde ahal izan zen ordea leku urrunagokoetan.

 

Iberiera

Ez zen hizkuntza indoeuroparra, eta, oraingoz, ez zaio ahaiderik aurkitu. 1.750 bat idatzi aurkitu dira, oso eremu zabalean sakabanatuak, Ensérunetik hasi, Narbonneko itsasertzean, Guadalquivirren goi-ibarreraino eta Andaluziako kostalderaino, Katalunia eta Levante barnean direla. Zeramikan grabatutako idatzi laburrez gainera –pertsona izena besterik ez da ia horietan ageri–, garrantzitsuak dira txanponak, hilobietako idazkiak, eta oro har berandukoak eta erromatar kutsukoak diren mosaikoak.

Iberiar kulturan ohikoak dira anafora apainduen gainean margoturiko idatziak, Lliriakoa adibidez (Valentzian), eta, batez ere, idazki aski luzeko berunak.

Levanteko iberiar sisteman idatzitako testuak deskodetzeko arazorik ez badago ere (eta askoz gutxiago alfabeto latinoan edo greko joniarrean idatzitakoak), hizkuntza bera guztiz ulertezina gertatzen da. Aski ziur identifikatzen dira pertsona edo tokien izen bereziak, garai bereko idatzi latinoetatik ezagunak baitira. Ascolin aurkitu zen brontze latinoa, Ebroko ibarreko 30 iberiar zaldunen zerrenda bat dakarrena, oso argigarria da zentzu horretan. Fonologian, euskararen antzekoak ditu fonemen inbentarioa (/p/ eta /m/, dardarkari bikoitza eta txistukaria falta dira) eta banaketa (hasierako r- falta da, eta orobat muta cum liquida).

Lexikoari dagokionez, hitz batzuen eremu semantikoa identifikatu da: adibidez, salir ‘dirua, txanpona, zilarra’, etab. izan daiteke, salerosketako berunetan eta txanponetan agertzen baita; are take hilobietako formula da.

Iberieraren giltzarria euskaran bilatu izan da maiz, baina saio guztiak ustel atera dira.

Fonologian badute bi hizkuntza horiek antziktipologiaren aldetik. Morfologiari dagokionez, euskara baino aglutinatzaileagoa bide zen iberiera, eta oso erraz txertatzen zituen hitzetan morfema segidak, baina alferrik da morfema bakoitzaren balioa bilatzen hastea (datibo marka edo aditz pertsona), oraindik ezin baitira izena eta aditza bereizi (baldin kategoria horiek baditu behintzat).

Lexikoan, horretara mugatu baita gehienetan konparazioa, ez dago orduko euskararekin garbi pareka daitekeen hitzik; hala, adibidez, ez dago seme (edo horren aurreko sembe) hitzaren antzekorik batere semetasuna-edo adierazteko, nahiz hori ohiko gauza izaten den hilarrietan.

Badakigu iberiera jatorriz iberiarrak ez ziren eremuetara ere zabaldu zela, Frantziako hegoaldera adibidez, non, onomastikak adierazten duenez, bai baitzen hizkuntza bat egiunez ‘ligurra’ deitu izan dena.

Antzeko zerbait gertatu bide zen ekialdeko Andaluzian, eta, hori dela-eta, uste izatekoa da idazkiek adierazten dutena baino mugatuagoa zela iberieraren berezko esparrua.

Euskal lurretan ere erabili zen idazteko, eta seguraski baita kultura hizkuntza gisa ere. Badira Nafarroan eta Aragoiko iparraldean onomastikako eremu hori Pirinio iparraldearekin eta Akitaniarekin lotzen duten euskal-akitaniar dokumentuak, eta badira orobat iberieraren kultura eraginaren lekukotasuna ematen duten iberiar onomastika eta idazkiak lurralde horietan.

 

Latina

Konkistaren hasieratik bertatik erabili zuen erromatar administrazioak latina penintsulan.

Horren froga da Paulo Emilioren dekretua, Cadizen aurkitu zuten eta K.a.

189ko data du, eta hura da latin arkaikoak duen lekukotasun garrantzitsuenetako bat.

Latina berehala zabaldu zen esparru erromatartuenetan, hau da, Mediterraneoko zibilizazioa oso sartua zegoen lekuetan: Betikan eta Levanten. Oso gauza deigarria daiberiar idazkiak bat-batean desagertzeak kristau aroaren hasiera aldean iberiar onomastikaren ondorio iraunkorrik ez utzi izana.

Barneko eremuetan eta iparraldekoetan berriz, ez baitzeuden hain erromatartuak, latina inperioko urteetan zehar finkatu bide zen behin betiko, K.o. II eta III. mendetan, edo geroago, elizaren lan ebanjelizatzailearen bidez. K.o. I. mendearen erdialdean iberiar idazkiak desagertu egin baziren ere, gorde zen onomastika zelta, eta beranduko inperio osoan iraun zuen; horren argitan, pentsa daiteke hizkuntzaren maila batzuk behintzat ez zirela hain erraz galdu.

Latinizazioa gainditu zuen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra euskara izan da, Britania Handiko britonikoa bezala (galesa eta Kornuallesekoa), nahiz eta latinaren eragin oso handia duen, bai fonologian (/p/ eta /m/ fonemak bereganatzea), morfologian (-tu bukaerako partizipioak), eta sintaxian, tipologiaren aldetik batez ere horretan.

Hiztegiari dagokionez, kulturazko hitzak ehundaka hartu dizkio euskarak latinari; batzuk oso zaharrak dira, hala gela edota bik(h)e; beranduagokoak dira berriz beste batzuk, zeru adibidez, hasierako belarraren palatalizazioa latin arruntean gertatu baitzen [caelu(m) > tselu]. Elizaren latinak bestalde mendeetan zehar izan du eragina euskaran, eta horrez gainera inguruko hizkuntza erromantze indartsuen eragin handia izan du orobat.

Hispaniako erromantze guztiek, eta baita euskarak ere, latinaren aurreko antzinako hizkuntzen arrastoak gorde dituzte. Horrela, abedul, huero eta engorar, brío hitzak zeltismotzat hartzen dira. Busto hitza bera ere, ‘behi ikuilu’, Botorritako brontzean ageri da, boustom. Euskaraz, gezi, landa eta mando jatorri zeltako hitzak dira, agian latinaren bidez zeharka hartuak; badirudi gori eta maite zeltaren mailegu zuzenak direla. Iberiarrak dira berriz vega, arroyo, eta euskarazko iri.