Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Hizkuntza paleohispaniarrak
Latina Iberiako Penintsulan behin betiko
sartu aurretik mintzatzen ziren hizkuntzei
esaten zaie hizkuntza paleohispaniarrak,
alde batera utzirik Hispaniara inoiz iritsi ziren
kanpotarren hizkuntzak, hala adibidez
feniziera, punikoa eta grekoa. Hizkuntza paleohispaniarrak
ezagutzeko bide nagusia
hizkuntza horietan idatziriko testu epigrafikoak
dira, eta, ondoren, iturri greko-latinoetan
aurkitu den bigarren mailako informazioa,
bereziki erromatarren garaiko latinezko
idazkietan aurkitu den tokiko onomastika
materiala.
Idazki paleohispaniarrak, latin alfabetoa
erabili zuten beranduko idazkiak izan ezik,
penintsulako bertako idazkera sistemetan
idatzi ziren, eta ezin izan ziren argitu 36ko
gerra zibila baino lehentxeago arte (Manuel
Gómez Moreno arkeologo ospetsuak deskodetu
zituen). Silabario antzekoak dira, hau
da, silaben ikurrak (K.a. 2. milaldiko Ekialde
Hurbileko silabarioen edo gaurko japonieraren
silabarioaren modura) eta fonemen
ikurrak, alfabetoetakoak bezalakoak, konbinatzen
diren sistemak.
Material horren azterketak penintsula
hizkuntza-anitza zela azaltzen du, eta bazirela
han bai indoeuropar hizkuntzak, jatorri
hurbila Europa erdialdeko eskualdeetan
zutenak, bai indoeuropar ez zirenak, itxuraz
penintsulan aspaldiagotik mintzatzen zirenak.
Hizkuntza indoeuroparren mintzaeremua
bat dator oro har -briga atzizkiaz
amaituriko toponimoen banaketa eremuarekin,
eta zeltiberiera da haien artean nabarmenena
lekukotasunen kopuruagatik etagarrantziagatik. Lusitaniarra da beste hizkuntza
indoeuropar bat: hiru idazki aurkitu dira,
alfabeto latinoa erabiltzen dutenak, Extremadurako
ekialdean eta Portugalgo erdialdean.
Indoeuroparra ez zen eremuan, bat
baitator -ili / -ilu toponimiako elementuaren
banaketarekin, iberiar hizkuntza da aipagarria,
eta lekukotasunak ditu Mediterraneoko
kostalde osoan. Eremu horretan sartu
behar da halaber euskararen aurrekaria,
Pirinio mendebalean eta erdialdean mintzatzen
zena, eta antzinako Akitanian oso
zabaldua zegoena, eta baita tartesiar hizkuntza
ere, Guadalquivirren behe ibilguan eta
Portugalgo hegoaldean hitz egiten zena.
Idazkera
Hispaniako hizkuntza zaharrek hiru
idazkera sistema baliatu zituzten, hirurak
elkarren desberdinak baina elkarri oso estu
lotuak. Zabalduenari ‘Levanteko iberiera’
deitzen zaio, eta iberiar hizkuntzarako nahiz
zeltiberierako erabili zen. Era berean,
asko erabili zen erromatarren konkistaren
ondoren Citerior probintzian ugaldu ziren
tokian tokiko txanponen idazkietan ere;
horien gainean egin ziren idazkiak deskodetzeko
aurreneko lan gehienak.
Levanteko sistemak 15 ikur dauzka silabak
adierazteko; silaba horiek hiru herskari
sailen (ezpainkariak, horzkariak, belarrak)
eta bost bokalen elkarketaz daude osatuak.
Arrazoi linguistikoak direla-eta, bai iberieraz,
bai zeltiberieraz, ezpainkari ahostuna
erabiltzen zen herskari ezpainkaria
transkribatzeko. Beste bi kasuetan, besterik
gabe hautatzen zen zegokion ahoskabea
(
Hala adibidez, X ikurrak berdin-berdin
adierazten ditu /ta/ eta /da/. Iberiar gune
batzuetan ikur diakritikoak erabiliz bereizi
izan ziren kontsonante ahostunak eta ahosgabeak.
Beste 13 ikur alfabetiko ere baziren,
bost bokalak, bi txistukari, bi dardarkari,
hiru sudurkari eta urkari bat adierazten
zituztenak.
Jucar ibaiaren hegoaldean eta Andaluzia
ekialdean ‘hegoaldeko’ sistema erabili zen,
Levantekoak ez bezalako ezaugarriak zituena,
baina hura bezalaxe silabario antzekoa
zena. Hirugarren sistema tartesiarra deitzen
da, Portugalgo hegoaldean eta Guadalquivirrenbehe ibilguan dokumentatu da, eta
Extremadura aldean ere baditu aztarnak.
Oraindik ere ezin izan dira behar bezala
deskodetu ikur batzuk. Sistema horren ezaugarrietako
bat silabaren ondoren bokala
errepikatzea da, adibidez, ta.a.
Idazkera hauen jatorria oso iluna eta eztabaidatua
da. Dirudienez, fenizieraren kontsonante
sistema zuten eredua, eta tartesiar
gizarte oparo eta ekialdezalean ezagutu ahal
izan zuten hispaniarrek. K.a. VII. edo VI.. endekoak dira tartesiar idazkiak; tartesiarrek
Levante aldera ekarri zuten idazkera,
eta hala iberierak beretu egin zuen. Oraindik
ez da argitu zergatik jarraitu zuten iberiarrek
sistema erdisilabikoa erabiltzen, eskura
zutelarik Alacant aldean aski goiz erabiltzen
hasi zen (K.a. IV. mendean) alfabeto
grekoa; areago, sistema zaharra bere hizkuntzara
egokitu ere egin zuten, eta Levanteko
sistema deritzana sortu.
Zeltiberiera
Indoeuropar familiako adar zeltikoko
hizkuntza da, erromatarrak iritsi zirenean
Ebroren erdiko ibarraren hegoaldeko ertzean,
eta Duero eta Tajo ibaien goi-ibarretan
minzatzen zena. Zeltiberierazko ehun
bat idazki gorde dira, eta batzuk, Botorritako
Brontzea adibidez, nahiko luzeak dira.
Zeramikan grabatutako idazkiak dira gehienak,
Numancian aurkitutakoa adibidez,
eta pertsona izenak adierazten dituzte; badira
eskaintzazko teserak, metalezko euskarrietan
animalien irudiak, esku lotuak edo
irudi geometrikoak dituztenak, eta pertsonen,
familia taldeen edo hirien arteko adiskidetasun
akordioen adierazpen direnak;
eta, azkenik, badira testu juridikoak ere,
gorago aipatu den Botorritakoa adibidez.
Erlijiozko harri idazkiak ere badira, hala
Peñalba de Villastarrekoa. Hilarriak oso gutxi
dira.
Zeltiberiar testuak ulertzeko –nahiz oraindik
askorik ez diren ulertzen–, gainerako
hizkuntza zelta eta indoeuroparrekin konparatu
dira, eta hala finkatu ahal izan dira eskema
gramatikala, joskera ereduak, eta lotura
etimologikoak; azken horik oso baliagarriak
izan dira hizkuntza horiei buruzko
jakindurian aurrera egiteko. Hala, hizkuntza
honen hotsei dagokienez, azpimarratu
behar da ez duela /p/ fonemarik, hizkuntza
zelta guztietan galdu baitzen hots indoeuropar
hori. Baina /k w / ezpainkari-belarra
gorde zuen, beste hizkuntza zeltetan, Galiakoan
eta Britania Handikoetan adibidez,
/p/ aldera aldatu zen arren. Izenaren morfologia
nahiko ondo ezagutzen da, okerrago
izenordainarena, eta nahiko gutxi aditzarena.Hizkuntza hau arkaikoa da zeltikoaren
baitan. Ez zuen izan uharteetako zeltaren
aldaketarik batere (ez fonetikoak, hala mutazioa,
ez sintaktikoak, hala aditz multzoaren
amalgama edota ordenaren aldaketa), eta
izenordain erlatiboa ez zen enklitiko bihurtu,
galieran bezala. Zeltiberiera bazterreko
hizkuntza baitzen, eta zeltatik aparte geratu
baitzen penintsulan sartu zenez geroztik,
litekeena da bere bilakaera berezia izatea
zenbait puntutan –fonetikan, eta, batez ere,
hiztegian–. Ez dakigu noiz desagertu zen,
baina K.o. I. mendearen erdialdetik aurrera
ez zen testu gehiagorik idatzi, eta hortaz,
badirudi Hispanian II. mendean izan zen
erromatartze indartsuak kalte handia egin
ziola hizkuntza honen erabilerari. Luzaroago
gorde ahal izan zen ordea leku urrunagokoetan.
Iberiera
Ez zen hizkuntza indoeuroparra, eta,
oraingoz, ez zaio ahaiderik aurkitu. 1.750
bat idatzi aurkitu dira, oso eremu zabalean
sakabanatuak, Ensérunetik hasi, Narbonneko
itsasertzean, Guadalquivirren goi-ibarreraino
eta Andaluziako kostalderaino, Katalunia
eta Levante barnean direla. Zeramikan
grabatutako idatzi laburrez gainera –pertsona
izena besterik ez da ia horietan ageri–,
garrantzitsuak dira txanponak, hilobietako
idazkiak, eta oro har berandukoak
eta erromatar kutsukoak diren mosaikoak.
Iberiar kulturan ohikoak dira anafora apainduen
gainean margoturiko idatziak, Lliriakoa
adibidez (Valentzian), eta, batez ere, idazki
aski luzeko berunak.
Levanteko iberiar sisteman idatzitako testuak
deskodetzeko arazorik ez badago ere
(eta askoz gutxiago alfabeto latinoan edo
greko joniarrean idatzitakoak), hizkuntza
bera guztiz ulertezina gertatzen da. Aski ziur
identifikatzen dira pertsona edo tokien izen
bereziak, garai bereko idatzi latinoetatik
ezagunak baitira. Ascolin aurkitu zen brontze
latinoa, Ebroko ibarreko 30 iberiar zaldunen
zerrenda bat dakarrena, oso argigarria
da zentzu horretan. Fonologian, euskararen
antzekoak ditu fonemen inbentarioa
(/p/ eta /m/, dardarkari bikoitza eta txistukaria
falta dira) eta banaketa (hasierako
r- falta da, eta orobat muta cum liquida).
Lexikoari dagokionez, hitz batzuen eremu
semantikoa identifikatu da: adibidez, salir
‘dirua, txanpona, zilarra’, etab. izan daiteke,
salerosketako berunetan eta txanponetan
agertzen baita; are take hilobietako formula
da.
Iberieraren giltzarria euskaran bilatu izan
da maiz, baina saio guztiak ustel atera dira.
Fonologian badute bi hizkuntza horiek antziktipologiaren aldetik. Morfologiari dagokionez,
euskara baino aglutinatzaileagoa
bide zen iberiera, eta oso erraz txertatzen
zituen hitzetan morfema segidak, baina alferrik
da morfema bakoitzaren balioa bilatzen
hastea (datibo marka edo aditz pertsona),
oraindik ezin baitira izena eta aditza
bereizi (baldin kategoria horiek baditu behintzat).
Lexikoan, horretara mugatu baita
gehienetan konparazioa, ez dago orduko
euskararekin garbi pareka daitekeen hitzik;
hala, adibidez, ez dago seme (edo horren
aurreko sembe) hitzaren antzekorik batere
semetasuna-edo adierazteko, nahiz hori
ohiko gauza izaten den hilarrietan.
Badakigu iberiera jatorriz iberiarrak ez
ziren eremuetara ere zabaldu zela, Frantziako
hegoaldera adibidez, non, onomastikak
adierazten duenez, bai baitzen hizkuntza
bat egiunez ‘ligurra’ deitu izan dena.
Antzeko zerbait gertatu bide zen ekialdeko
Andaluzian, eta, hori dela-eta, uste izatekoa
da idazkiek adierazten dutena baino
mugatuagoa zela iberieraren berezko esparrua.
Euskal lurretan ere erabili zen idazteko,
eta seguraski baita kultura hizkuntza gisa
ere. Badira Nafarroan eta Aragoiko iparraldean
onomastikako eremu hori Pirinio iparraldearekin
eta Akitaniarekin lotzen duten
euskal-akitaniar dokumentuak, eta badira
orobat iberieraren kultura eraginaren lekukotasuna
ematen duten iberiar onomastika
eta idazkiak lurralde horietan.
Latina
Konkistaren hasieratik bertatik erabili
zuen erromatar administrazioak latina penintsulan.
Horren froga da Paulo Emilioren
dekretua, Cadizen aurkitu zuten eta K.a.
189ko data du, eta hura da latin arkaikoak
duen lekukotasun garrantzitsuenetako bat.
Latina berehala zabaldu zen esparru erromatartuenetan,
hau da, Mediterraneoko zibilizazioa
oso sartua zegoen lekuetan: Betikan
eta Levanten. Oso gauza deigarria daiberiar idazkiak bat-batean desagertzeak
kristau aroaren hasiera aldean iberiar onomastikaren
ondorio iraunkorrik ez utzi izana.
Barneko eremuetan eta iparraldekoetan
berriz, ez baitzeuden hain erromatartuak,
latina inperioko urteetan zehar finkatu bide
zen behin betiko, K.o. II eta III. mendetan,
edo geroago, elizaren lan ebanjelizatzailearen
bidez. K.o. I. mendearen erdialdean
iberiar idazkiak desagertu egin baziren ere,
gorde zen onomastika zelta, eta beranduko
inperio osoan iraun zuen; horren argitan,
pentsa daiteke hizkuntzaren maila batzuk
behintzat ez zirela hain erraz galdu.
Latinizazioa gainditu zuen erromatarren
aurreko hizkuntza bakarra euskara izan da,
Britania Handiko britonikoa bezala (galesa
eta Kornuallesekoa), nahiz eta latinaren eragin
oso handia duen, bai fonologian (/p/
eta /m/ fonemak bereganatzea), morfologian
(-tu bukaerako partizipioak), eta sintaxian,
tipologiaren aldetik batez ere horretan.
Hiztegiari dagokionez, kulturazko hitzak
ehundaka hartu dizkio euskarak latinari;
batzuk oso zaharrak dira, hala gela edota
bik(h)e; beranduagokoak dira berriz beste
batzuk, zeru adibidez, hasierako belarraren
palatalizazioa latin arruntean gertatu baitzen
[caelu(m) > tselu]. Elizaren latinak bestalde
mendeetan zehar izan du eragina euskaran,
eta horrez gainera inguruko hizkuntza erromantze
indartsuen eragin handia izan du
orobat.
Hispaniako erromantze guztiek, eta baita
euskarak ere, latinaren aurreko antzinako
hizkuntzen arrastoak gorde dituzte. Horrela,
abedul, huero eta engorar, brío hitzak
zeltismotzat hartzen dira. Busto hitza bera
ere, ‘behi ikuilu’, Botorritako brontzean ageri
da, boustom. Euskaraz, gezi, landa eta mando
jatorri zeltako hitzak dira, agian latinaren
bidez zeharka hartuak; badirudi gori eta
maite zeltaren mailegu zuzenak direla. Iberiarrak
dira berriz vega, arroyo, eta euskarazko
iri.