Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Erroma Mediterraneoa beretu nahian

Errepublika garaiko erromatar itsasontzi bat irudikatzen duen erliebea. Gerra Punikoen garaian erromatarrek kartagotarren eta grekoen itsasoko gerra taktikak ikasi eta hobetu zituzten. Erromatarrek, metalezko kako baten bitartez, corvus izeneko zubi eraisgarri bat katigatzen zuten etsaiaren itsasontzian eta handik abordatu ondoren erasotzen zieten.<br><br>

Erromako historiako gertaera ezagunenetakoa, eta guztietan izugarriena beharbada, Mediterraneoaren konkista izan zen. Bi mende t?erdi iraun zuen prozesu horrek.

Bitarte horretan hainbat egoerari eta etsairi aurre egin behar izan zion Erromak. K.a.

III. mendearen bigarren herenetik aurrera, alegia, Erroma Italiako Estatu nagusi zela, bi botere nagusi zeuden Mediterraneoaren mendebalean: Kartago eta Erroma, hain zuzen ere. Bi estatu horien arteko borrokek hartu zuten erromatarren konkisten lehenengo atala. Konkista horien ondoren, Erromak osorik kontrolatzen zuen Mediterraneo itsasoaren arroa; merezita jarri zioten Mediterraneoari Mare Nostrum izena.

Alderdi militarrari dagokionez, ezin ukatuzko emaitzak lortu zituen Erromak; politikan eta gizarte ekonomian, berriz, inperio berriak aldaketa asko eragin zituen, eta horrek koloka jarri zuen errepublikaren sistema.

Bestalde, Greziarekin eta Ekialde helenistikoarekin izandako harremanek eragin handia izan zuten Erromako kulturan eta ideologian. Historiaren ikuspegitik, izugarria izan zen K.a. 220-50 urte bitartean egin zen bidea.

 

Kartago eta Gerra Punikoak

Tiroko (Feniziako hiria) biztanleek sortu zuten Kartago, IX. mendearen bukaeran.

Leku estrategikoan kokatuta zegoenez gero, Mediterraneoa mendebaleko merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zen. Nekazaritzari dagokionez, Kartago ingurua oso aberatsa zen; nekazaritza garrantzi handikoa izan zen Kartagoko ekonomiaren goraldian. Kartagoren inperioak lurralde hauek hartzen zituen K.a. III. mendean: Sardinia, Korsika, Siziliaren mendebala eta Hispaniaren kostaldearen zati bat, Cartago Novatik (Cartagena) Gadeseraino (Cadiz). Polibioren arabera, erromatarrek eta kartagotarrek hainbat hitzarmen izenpetu zuten, Errepublikaren hasieratik beretik eragin eremuak zehaztu eta elkar bizitza baketsua izan zedin. Hala ere, bi estatu ahaltsu haiek, gauza bat zela bestea zela, aurrez aurre zeuden: merkataritzan nagusi izateko lehia, kartagotarren etaMassaliako (Marseilla) greziarren (Erromaren aliatuak) arteko tirabirak, eta Erromaren zabalkundea.

Lehenengo gudua Erromak Siziliako mertzenario campaniarren alde egin zuenean sortu zen, izan ere, mertzenarioak Kartago eta Sirakusarekin baitzeuden borrokan.

Hala, Erromak kartagotarrekin zuen hitzarmena hautsi zuen eta I. Gerra Punikoa hasi zen (K.a. 264-241). Kartagotarren ontzidia erromatarrena baino ahaltsuagoa zen; hala eta guztiz ere, itsasoan ere Erroma izan zen garaile. Borrokak Sizilian, Sardinian, Tirrenon eta Afrikan izan ziren. 241ean Kartagok 3.220 talentu ordaindu zituen, eta Sizilia punikoa utzi behar izan zuen. Kartagotarrak Hispanian indarberritu ziren. Gerra arteko garaian, Kartagoren barruko gorabeherez baliaturik, Korsika eta Sardinia hartu zituen Erromak. Aldi berean, Italiaren iparraldea konkistatu zuen, Galia Cisalpina kolonizatu, eta Iliriako eskualdean sartu zen.

226ko Ebroko hitzarmenean, kartagotarrei eta erromatarrei Hispanian zegozkien lurraldeak zehaztu ziren.

II. Gerra Punikoa (K.a. 218-201) Anibalek Sagunto hartu zuenean hasi zen. Kartagotar jeneralak Alpeak gurutzatu zituen eta Italian sartu zen. Erromatar lejioek kalteak izan zituzten Tesinon, Trebian eta Trasimenoko guduan, eta Cannasko hondamenean.

Senatua suntsiturik gelditu zen, izua zabaldu zen eta diktadura ezarri beste aukerarik ez zuten erromatarrek izan. Hala ere, Anibalek ez zien behar adina etekin atera Italian lortutako garaipenei, eta Afrikara itzuli behar izan zuen. Hori gertatu aurretik, Eszipiondarrak Ampuriasen lehorreratu ziren (218), eta kartagotarren gudarostearen atzealdea indargabeturik utzi zuten; ondoren, Hispanian, kartagotarrak garaitu zituzten.

Eszipion Afrikarrak Zamako guduan garaipena lortu zuenean amaitu zen gerra (202).

Kartagok diru asko ordaindu behar izan zien irabazleei, eta Afrikaz kanpoko lurralde guztiak galdu zituen. Hala, Mendebaleko herrialde nagusia bihurtu zen Erroma.

III. Gerra Punikoak (149-146) Kartagoren erabateko hondamena eragin zuen. Katonek babestu zuen gerra, eta Eszipion Emilianok zuzendu. Kartago erabat suntsiturik gelditu zen, eta Afrikako probintzia eratu zen (146).

 

Gerrak Ekialdean eta Mendebalean

II. Gerra Punikoan Erromak Anibalen eta Filipo V.aren arteko aliantzari aurre egin behar izan zion: Mazedoniako I. Gerra izan zen hura. K.a. II. mendearen lehen erdialdean Erroma Grezian eta Ekialdean aritu zen Mazedoniaren eta seleukotar erreinuaren zabalkundeari oztopo egin nahian; bestalde, laguntza eman zien bere aliatu Rodas eta Pergamori, horren trukean lurraldeak hartzeko asmorik gabe. Mazedoniako II.. erran (K.a. 200-197), Flaminino kontsulak Filipo V.a garaitu ondoren, Greziari askatasuna eman zion Zinoszefalosen. Baina handik gutxira Erromak auzi hartan parte hartu zuen Antioko III.aren zabalkundea geldiarazteko; azkenean, Erroma izan zen garaile (Magnesia). Apameako bakean (188) Asiaren mapa berri bat osatu zen; banaketa berri hartan Pergamok atera zuen onura handiena, eta Erroma mundu helenistikoaren arbitro bihurtu zen. Mazedoniako III. Gerraren ondorioz, burujabetasuna galdu zuen Mazedoniak. Emilio Paulok Filipo V.aren seme Pertseo garaitu eta preso hartu zuen Pidnan (168); erreinua lau barrutitan banatuta gelditu zen. Bestalde, Erromak Delosko portu librea indartu zuen Rodasen kaltetan, eta Liga Akeoak 1.000 preso askatu behar izan zituen (Polibio haien artean).

K.a. II. mendearen erdialdean aldaketa handia izan zen Erromako politikan, merkataritza presioak eta asmo militar eta politikoek horretara behartuta. 148an Erromak Andrisko erregeordea garaitu, eta Mazedoniako probintzia osatu zuen. Handik gutxira, Korinto suntsitu zuen (146, Kartago suntsitu zuen urte berean), eta Grezian ligak edo konfederazioak osatzea debekatu zuen. Asia Txikian, Pergamoko errege Atalo III.ak bere testamentuan ?Erromako herriari? agindu zizkion erreinua eta nagusitasuna (133). Baina horrek altxamendua ekarri zuen (Aristoniko izan zen buru). Matxinada berehala isilarazi zuten, eta Asiako probintzia osatu ahal izan zen (129), inperioko aberatsena. Hala, Erroma mundu helenistikoko potentzia bihurtu zen.

Bien bitartean, Hispaniako lurraldea mendean eduki nahi bazen, gudarosteak indartsu egon behar zuen. 197an Senatuak Hispania Citerior eta Hispania Ulterior probintziak banatu zituen. Probintzia haiek pretore mailako epaileek zuzentzen zituzten.

Lusitaniarren (Viriato, 154-138) eta zeltiberiarren (152-151) kontra izan ziren gehiegikeriak gatazka latzak sortu zituzten; azkenik, Numantziako Gerra Zeltiberiarra piztu zen (143-133). Gatazka haiek ez ziren berehalakoan bukatu, eta horretan jarraitu zuten hurrengo mendean ere; hala, Iberiako Penintsularen gaineko kontrola ez zen Augustoren garaia arte lortu.K.a. II. mendean Erroman bertan izan zen krisi larriak, Errepublikaren krisiak alegia, bigarren mailako bihurtu zituen kanpoko lurraldeetako gatazkak. Hala ere, Erromak probintziak konkistatzen eta eratzen jarraitu zuen, bai Ekialdean bai Mendebalean: Jugurtaren gerra Numidian, Pontoko erregeen (Mitridates) kontrako borrokak, Silak (K.a. 80. urte ingurua), eta bereziki Pompeiok zuzenduak (K.a. 60. urte ingurua). Galiako gerraren ondoren (K.a.

50. urte ingurua), arras sendotu ziren Julio Zesarren ospea eta aberastasuna.

 

Konkisten ondorioak

Erromak K.a. III. mende erdialdetik aurrera egin zituen konkistarako borroka etengabeen lehenengo ondorioa aberastasun etorria izan zen. Aberastasun haietatik biztanle guztiek ateratzen bazuten ere onura, senatuko nobilitas eta equites-ak ?zaldunak? izan ziren etekin handien atera zutenak. Gerraren eta errealitate berriaren ondorioz, ekonomia jarduera berriak sortu ziren: kontratu publikoak, gudarostearen hornidurak, zerga bilketa, etab. Eta jarduera haietatik, aldi berean, ekonomia sektore berriak sortu ziren, Mediterraneoko merkatu berrian hazten ari zen merkataritzaren ispilu. Publicani eta negotiatores-ek lurrarekin zerikusia ez zuten ondasunak eskuratu zituzten.

Hala, aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak nabarmendu egin ziren.

Bestalde, garrantzizko beste ondorio bat ere izan zen ekonomian: gero eta morroi gehiago erabiltzen ziren lanerako. Baina hori nekazari txikien kalterako izan zen, izan ere, gero eta morroi gehiago erabiltzen baitziren nekazaritza lanetan, bai latifundioetan, Italia hegoaldean batez ere, bai Italia erdialdeko eta iparraldeko villae-tan. Prozesu horretan, beraz, lurjabe txikiek jasan zituzten kalte handienak, bai epe laburrean bai epe luzean. Nekazari horiek, gerrak zirelaeta, beren lurrak utzi behar zituzten, eta askotan, ez baitziren errentagarri, oso merke saldu behar izaten zituzten. Biztanle haietako asko eta asko Erromara edo beste hirietara joaten zen, han eskuzabaltasun publikoak, edo partikularrak, bizitzen lagunduko zieten itxaropenaz (frumentatio, largitio).

Bestalde, gizarte multzo horren txirotasunak kalte handiak eragin zituen gudarostean, izan ere, lurjabe txiki haiek baitziren Erromako gudaroste hiritarraren oinarria.

K.a. II. mende bukaeratik aurrera Marioren erreforma militarra gauzatzen hasi zen, gudarostea profesional bihurtzera zuzendua.

Horrekin guztiarekin batera, jeneralek (imperator) gero eta indar hadiagoa hartu zuten Erromako politikan.

Bestalde, Erromak antolamendu modu berriak bilatu behar izan zituen konkistatutako lurraldeak kontrolatzeko eta haietatiketekina ateratzeko. Probintzia izan zen antolamendu egitura berria. Probintziak, hasieran, epaile baten mendeko eremua besterik ez ziren, baina denboraren buruan lurralde bihurtu ziren. Hainbat arazoren sorburu ere izan ziren: probintzietako gobernarien gaineko kontrolik eza, gobernari haien gehiegizko autonomia, azpiegitura falta eta burokrazia. Hasieran, probintzietako biztanleek gehiegikeria ugari jasan behar izaten zituzten, izan ere, probintziak aberastasun bide erraza eta segurua baitziren.

Beraz, kontrol sistemak asmatu behar izan ziren: Lex Calpurnia adibidez, probintzietako epaileen saldukeriei zegokiona (K.a.

149).

 

Erromatar Inperialismoa

Erromatar inperialismoari buruzko eztabaidetan, zabalkunde haren jarraitasuna eta iraunkortasuna aztertzen saiatu dira. XIX.. endean babeserako inperialismoaren aldeko hipotesiek indar handia hartu zuten, gaur egun, ordea, erabat bazterturik gelditu dira. Politika erasotzailea ?gerran oinarritua? egiteko arrazoiak materialak izan zirela onartzen duen tesiak du gaur egun indar gehiena.

Horrek, ordea, ez du esan nahi etekin ekonomikoetan oinarritutako plangintza orokorra zutenik. Gizarte hartan ontzat hartzen zen nagusitasunaren ideia, baita ondasunez jabetzeko gerra egitea ere. Horrez gainera, erromatar senatuak, eta zenbaitetan plebeak, gerra eta bake hitzarmen bakoitzakzituen alde onak eta txarrak eztabaidatzen zituzten. Nobiles-en ospe eta aintza nahia batetik, eta harrapakin on baten itxaropenak bestetik, bultzatzen zuen askotan gizartea, plebea barne, gerran oinarritutako politikaren alde egitera. Erromatar herriaren maiestateak (maiestas populi Romani), beraz, ideologia militaristaren alde egiten zuen, aldi berean etekin ekonomikoaren nahia asetuz.