Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Erroma. Hiri baten eta estatu baten sorrera

Tarkiniako etruriar hilobi bateko horma irudia.<br><br>

Erromaren sorrera Eneas troiar heroiarekin eta Romulo eta Remo bikien elezaharrarekin lotu izan du tradizioak, baina benetan sortu, K.a. X. mende erdialdean, jatorri indoeuroparreko latindar herri nekazari eta artzaiak Tiber ibaiaren ezkerraldeko mazeletan kokatu zirenean, orduan sortu zen Erromako hiria. Estrategiari zegokionez toki bikainean zegoen Erroma kokatua, eta horrek etruriarrak erakarri zituen. Etruriarrek hiri zibilizazio aurreratua eratu zuen K.a. VIII. mendeaz gero, Tirreno itsasoaren aldeko greziar koloniekin izandako harremanari esker. Etruriarren eraginez bihurtu zen, hain zuzen ere, hiri-estatu, eta hasi zen haren nagusitasuna inguruko eskualdeetara zabaltzen.

Erroma sortu zenetik erromatar monarkiaren gainbehera bitarteko historian (K.a.

753-509), zazpi erregeren izenak gorde ditu tradizioak, baina esan beharra dago zerrenda sinboliko bat baino ez dela hori. Lehenengo lau erregeak, erromatar-sabinoak, hiriaren garai preurbanoan izan ziren agintari: hiriaren sortzailea bera, Romulo; errege-apaiza, Numa Ponpilio; errege gudularia, Tulo Hostilio, eta errege antolatzailea, Anko Martzio. Azken hiruak –Tarkino Prisko, Servio Tulio eta Tarkino Harroa–, berriz, dinastia «etruriarra» osatzen dutenak izan ziren; haien agintaldian administrazio eta politika antolamendu berria hartu zuen Erromak, eta hiri monumental bihurtu zen: foroa zuen politika, erlijio eta merkataritza gunea, hiriaren inguruan harresi bat eraiki zen eta kanalizazioa (Cloaca Maxima) eta eraikin monumentalak (Jupiter Kapitolinoaren tenplua) egin ziren.Aristokrazia –patrizioak– aritzen zen senatuan, erregearen laguntzaile; gainerako herritarrek –plebeioek– ez zuten eskubide politikorik. K.a. VI. mendearen amaieran patrizioen matxinada batek Tarkino Harroa erregea bere kargutik kendu eta sistema politiko berria ezarri zuen, res publica, zeinaren oinarria herriaren subiranotasuna baitzen; haren baitan, erabakitzeko eskumena eta kontrol ekonomiko eta soziala beren gain hartu zuten patrizioek. Mende t’ erdiz, errepublika aristokratiko berriak bere eragina Italia erdialde guztira zabaltzeko lehian jardun zuen inguruko herrien kontra, baina aldi berean aldatu egin behar izan zituen barne egitura politikoak, patrizioei aginpide politikoaren monopolioa kentzearren plebeioek egindako borroka luze baten ondorioz.

Gizartea baketzearekin batera lurralde zabalkunde handia gertatu zen, eta mende eskas baten buruan Italiako penintsula guztia Erromaren mende gelditu zen. Italiako komunitateak konfederazio batean bildu ziren, eta konfederazio horren gaineko hegemonia Erromak zuenez, garrantzi handia hartu zuen Mediterraneo mendebal osoan.

 

Etruriarrak

Etruriarrak Toscanan zeuden kokatuta, Arno eta Tiber ibaien arteko eremuan, Apeninoen eta Tirreno itsasoaren artean; gune horretan, Burdin Aroaz gero, kultura villanovarra nagusitu zen. VIII. mendean batbatean aberastu zen eskualdea, Toscanako metalen –burdina eta kobrea– ustiapen eta salerosketaren bidez, eta hiri-estatu bihurtu ziren ordu arte herrixka izandakoak. Hiri etruriarrek Mediterraneo mendebaleko beste herri kolonizatzaile batzuekin –kartagotar eta greziarrekin– lehian sartu ziren, eta Poren haranera eta Campania aldera zabaldu zituzten beren interes politiko eta ekonomikoak.

Campaniarako bideak Tiber ibaitik igaro behar zuen nahitaez. Hori dela eta, etruriarrekin harreman handia izan zuten gaur egun Erroma dagoen tokian bizi ziren Tiberreko herrixkek, eta hiri bihurtu ziren pixkana-pixkana etruriarren eraginez.

Baina etruriarrak gainbehera etorri ziren V. mendetik aurrera. Ordu arte beraien kontrako lehian aritu zirenak, greziarrak, gailendu zitzaizkien Cumasko itsas guduan, eta etruriarrek Italia hegoaldean zuten eragina galdu zuten. Geroago Erromako errepublikaketruriar hiriak anexionatu zituen, eta etruriarrek beren kultura izaera eta hizkuntza –oraindik ezezaguna, irakurri ezin izan dena– galdu zituzten latinaren eraginpean.

Etruriako sistema politikoa hiri-estatuetan antolatuta zegoen; elkarrekiko lotura politikorik gabeko hiriguneak ziren –elkarren etsaiak batzuk– eta errege bana zuten (lucumon).

Leinu nobleziak herritar askeen gaineko kontrola zuen, bere esku baitzeuzkan aberastasunak eta aginpide politikoa.

Gizartearen oinarria mendeko herritarrek osatzen zuten; mendeko herritarrek iraunarazten zuten, beren lanarekin, nobleen eskumen ekonomikoa.

 

Italiaren konkista

Erromaren kanpo politikaren ezaugarri nagusia K.a. V. mendeaz gero errepublikak hiru alorretan egindako borroka izan zen: iparraldeko hiri etruriarren kontrakoa, gainerako herri latindarrak biltzen zituen liga latindarraren kontrakoa, eta inguruko herri menditarren kontrakoa, sabino, ekuo, volsko eta hernikoen kontrakoa. Latindarren kontrako borroka –Erromaren zabalkundearen beldur zirelako sartu ziren latindarrak borrokan– 449an amaitu zen, Erroma liga latindarrean sartu zenean; ligan sartu izanari esker, gerra federala egin ahal izan zuten herri menditarren kontra, eta 60 urteko borroka garaiaren ondoren menditarren lurrak anexionatu eta koloniak eratu zituztenlur haietan. Erromak, bestalde, Veyes etruriar hiria menderatu zuen (406-396). Garaipen horien ondoren Erroma gelditu zen Etruria hegoaldean eta Lazio ia osoan nagusi.

K.a. 390 inguruan oste zeltek erromatarrak garaitu zituzten arren –zeltek hiria okupatu eta harrapaketa handiak egin zituzten–, Italia hegoalderanzko zabalkunde politikari ekin zion Erromak berriro. Campaniako Capua hiriak Erromari eta Liga Latindarrari laguntza eskatu zien samniten erasoari aurre egiteko. Borroka luzea izan zen latindarren eta samniten artean, eta hiru gudu odoltsutan konpondu zen gatazka. Lehenengo gudua (343-341) amaitu eta berehala, gerra latindar izenaz ezagutzen dena hasi zen (340-338); gerra haren ondorioz, liga latindarra desegin eta liga hartako komunitate batzuk Erromako estatuan sartu ziren. Bigarren gerra samnitan (326-304), erromatarrek zenbait galera izan arren, samnitek bakea eskatu behar izan zuten. Baina Erromak, indar handia baitzuen ordurako, hirugarren gerra hasi zuen (298-290); erromatarren kontrako koalizio handi bat eratu zuten samnita, galiar, etruriar eta unbriarrek, eta gerra ondoren Erromaren esku gelditu zen Italia erdi-hegoaldea.

Erromak gainerako herri italikoetan zuen eraginak kezka handia sortu zion Tarento, Italia hegoaldeko beste komunitate greziarren buru zegoen hiriari. Hala, Erromari aurre egitearren Epiroko errege Pirrori laguntza eskatu zion Tarentok. Pirrok erromatarrak menderatu zituen Heraclean eta Ascoli Satrianon (280), baina 275ean Maleventumen (Benevento) galdu, eta penintsulatik alde egin behar izan zuen. Garaipen horri esker, Magna Greciako hiri guztietara zabaldu zuen Erromak bere eragina, eta kokalekuak eratu zituen hegoaldean, Mesinako itsasarteraino.

 

Patrizioak eta plebeioak

Erromako monarkia desegin zuen iraultzak aristokraziako familiei, patrizioei, eman zien aginpidea; patrizioek komunitate guztia kontrolatzen zuten, jaiotzatik zituzten pribilejioez baliatuta. Nekazaritzako lurren jabe handiak ziren eta, horrenbestez, ekoizpen baliabideen jabeak: beraiek bakarrik zituzten eskubide politiko guztiak eta gizarteko gainerako kideei, plebeio pobre zein aberatsei, eskubide horiek ukatzen zizkieten.

Horren ondorioz borroka etengabea bideratu zuen plebeak, eskubide politikoak eta magistraturak eskuratzearren.

Borroka horretan seccesio delako arma erabili zuten plebeioek, hau da, hirietatik oldeka alde egin zuten patrizioek beren eskakizunak onar zitzaten, eta antolaketa berezia hartu zuten: concilia plebis batzarrakantolatu, plebearen interesak aldezteko buruzagiak hautatu –plebearen tribunoak– eta egoitza propioak eratu zituzten.

Borroka haren lehenengo aldiaren emaitza Hamabi Oholen Legea izan zen, 451n emana; lege hark idatziz jaso zuen ordu arte familia patrizioetan ahoz aho transmititu ohi zen usadiozko zuzenbidea. Eta handik gutxira, 449an, indargabe utzi zen patrizioen eta plebeioen arteko ezkontzaren debekua.

367. urtean, Licinio-Sextias legeak onartu ziren; garrantzi handiko legeak izan ziren, plebeari zorrei eta komunitate lurren erabilerari buruzko zenbait eskumen ekonomiko eman baitzizkioten, eta errepublikako bi magistratu gorenetatik, kontsuletatik, batek plebekoa izan behar zuela agintzen baitzuten.

Horrenbestez, patrizioen lehentasuna desegin eta oligarkia patrizio-plebeioa eratu zen –nobilitas–; noizbait kontsul –patrizio zein plebeio– izandakoen ondorengoak, elkarren senideak askotan, ziren oligarikia berriko kideak.

Erromako estatuan herritar askeez osaturiko komunitatea –populus Romanus– eratu zen, eta res publica delakoak bildu zituen interes komunak. Gai horien gaineko eskumena ondoko erakunde publiko hauen artean banatu zen: magistraturak (kontsul, pretore, zinegotzi, plebearen tribuno, kuestore edo zerga biltzaileak…), gobernu organo pertsonalak; senatua, magistratu ohiek osaturiko talde kontseilu murriztua; eta herri batzarrak (kuria, leinu eta zenturiaka hautatuak), eskubide osoko hiritarren komunitateak esku hartzen zuen aginpide gunea.

 

Erromako lejioak

Bere gudaroste ahaltsuari esker, Erromak kanpo politika bikaina egin zuen; Erromaren eragina Italia guztira zabaltzeko egindako gerretan eskuratu zuten erromatarrek ahalmen hori, alegia, armak eta taktikak.

Erromako sistema militarra eta politikoa elkarri oso lotuta zeuden, eta eskubide zibilak baliatu nahi izanez gero nahitaez egin beharra zegoen soldadutza. 17-60 urte bitarteko hiritarrak gudari potentzialak ziren, eta horrek hainbat gudari erabiltzeko aukera ematen zion Erromari.

Gudarostea osatzeko errolda erabiltzen zen oinarri gisa. Errolda horren arabera, bost hiritar klase zeuden armak eramateko ahalmena zutenak; beste klase bat ere bazen, proletarii, armarik gabea, baliabide ekonomiko aski ez zuelako; errenta pertsonal jakin bat zutenen pribilejioa zen, horrenbestez, soldadutzarik egin beharrik ez zuena gudarostean sartzea. Hasieran gudariak berak ordaindu behar zituen bere armak, baina K.a. 406. urtean stipendium edo karga militarrak arintzeko gudari saria ezarri zelarikere, soldadutza egitetik salbuetsi zituzten proletariiak.

Erromatarrek eraso modu trinko eta itxia –hoplita– erabili zuten hasieran, greziarrek bezala, baina gerora batasun taktiko klasikoa hartu zuten, eta Erromaren historia guztian horixe erabili zen: lejioa. Lejioa 4.000 gudariz osatua zen, hirurogehi gudarikako zenturietan antolatua. Baina mugimendu bizkorrak egiten zituzten etsaien kontra, eta lurralde menditsuetan jarduteko ez zen hura antolaketa bereziki egokia, samnitarren kontrako gerran ikusi zen bezala, eta hori zelaeta manipuluen taktika erabili zuen aurrerantzean.

Lejioa banako taktiko txikiagoetan, manipuluetan, banatu zen, beraz; talde txikiagoak ziren, bai luzeraz eta baita sakoneraz ere, eta «xake taula» tankerako kokaera hartzeko aukera ematen zuen, kokaera malguagoa zuten. Hogeita hamar manipulu zituen lejioak, 120 gizonez osatua haietako bakoitza (bina zenturia, beraz); hiru lerrotan antolatzen ziren, eta arma mota bana zuen lerro bakoitzak: lehenengo lerroko gudariak, hastati, infanteria astunekoak ziren; bigarrenekoek, principes, aurrekoen antzeko armak zituzten, eta lehenengo lerroaren osagarria zen; hirugarrenekoek, berriz, arma arinak zituzten, eta erreserba edo gudurako laguntza taldea zen.

Manipuluen taktika IV. mendeko konkista gerretan erabili izan zuten erromatarrek, baina taktika horren eraginkortasuna Pirroren garaian ikusi zen argien, garai hartako gerrako tresna aurreratuena, falangea, gainditu baitzuten hari esker. Erromatarren garaipenarekin agerian gelditu zen lejioaren nagusitasuna.