Historia Unibertsala»Antzin Aroa
Hiriak, Konfederazioak eta Ligak
Mediako gerretan greziarrek pertsiarrak garaitu bazituzten ere, ez zuten lortu ekialdeko
arriskua erabat desagertaraztea. Peloponesoko gerra bitartean (hogeita hamar urtetan),
Greziako hiriak bi alderditan banatu ziren: Atenasek zuzentzen zuen alderdia batetik,
eta bestetik, Espartak zuzenzen zuena. Espartak pertsiar erregearen laguntza onartu
zuen, eta orduan amaitu zen gerra.
Atenasek, Delosko Ligaren bidez, ahalmen handia bereganatu zuen, baina nagusitasun
hura Espartak lehenbizi, eta Beoziako Ligak ondoren, kendu zioten. Hala eta guztiz
ere, ez Espartak ezta Tebasek ere ezin eman izan zioten Greziari Atenasek adina
antolamendu etekintsurik. Bai Espartak, bai Beoziak, gudarostearen bidez eutsi zioten
nagusitasunari, eta horrek berehala ahuldu zituen hiri horiek. Bitarte horretan, Egeo
itsasoan, berrindartzen hasi zen antzina Atenasek menderatzea lortu zuen harrapakeria.
Greziar hirietan demokraziaren eta gobernu oligarkikoen aldekoen arteko gatazkak
berpiztu ziren, eta, horren ondorioz, kalte handiak izan ziren. Ideologia krisiak, bestalde,
monarkiaren aldeko teoriak indartu zituen, eta monarkia ereduzko gobernua bihurtu
zen. Hortaz, Mazedoniako Filipok hegoalderantz egin zuenean, greziarren bake
nahiak batetik, eta, bestetik, ideologia joera berriek, asko erraztu zioten konkistarako
bidea.
Peloponesoko gerra
Mediako gerra bukatu zenetik Peloponesoko
gerra hasi zen arte, berrogeita hamar
urte igaro ziren; hori dela eta, V. mendea
sormen handienekoa izan zen Atenasko
historian. Atenasko Akropolisa garai hartan
hiriak izan zuen distiraren erakusgarri
bilakatu zen. Poeta, artista, filosofo eta zientzia
gizonen erreferentzia puntu bihurtu zen,
eta hiri hartan sortuak dira gaur arte iraun
duten hainbat jenero, trajedia adibidez.
Atenasen aurrez aurre Esparta zegoen.
Egitura politikoari eta gizartearen antolamenduari
zegokionez, Esparta eta Atenas
elkarrengandik desberdinak ziren. Esparta
pentsamenduaren munduari itxita zegoen
eta merkataritza harremanen kontrakoa zen.
Diarkia militar batek agintzen zuen bertan,
eta homoioi-en (Espartako hiritarren) mendean
zegoen. Hiritar horiek gudari profesionalak
ziren, eta 20 urtetik 60 urtera aritzen
ziren gudarostean; merkataritza, eskulangintza,
errotik ukatzen zituzten bizitza
erosoa eta atzerriarekiko harremanak.
Tuzidides hitoriagilearen iritziz, Atenasen
?itsas bazterreko hiri demokratikoa? eta Espartaren
?hopliten hiria, eta aristokratikoa?
arteko gerra sortzeko benetako arrazoiak bi
hauek izan ziren: Atenasen nagusitasuna
batetik, eta bestetik, espartarrei nagusitasun
horrek eragiten zien beldurra. K.a 431n hasi
zen gerra, eta K.a. 404. urtean amaitu. Gerraren
lehen hamar urteen ondoren, eta Perikleshila zela, Nizias atenastarrak bake hitzarmen
bat izenpetu zuen espartarrekin;
bake hark, ordea, ez zuen sei urte baino
gehiago iraun. K.a. 415ean, Sizilia izan zen
borroka gune nagusia eta horrek ondorio
larriak izan zituen Atenasentzat. K.a. 404.. rtean Espartak Atenas garaitu zuen, eta Atenasek
Espartaren eskakizun gogorrak onartu
behar izan zituen: Delosko Liga banatu,
itsasontzi gehienak utzi, eta Atenasko hirigunea
eta Pireo portua inguratzen zuen harresi
handia desegin. Periklesen garaiko Atenas
distiratsuak burua makurtu behar izan
zuen Espartaren aurrean.
Nagusitasuna lortzeko borrokak
Espartak irabazi zuen Grezia hogeita hamar
urtez banandurik eduki zuen eta bertako
egitura guztiak hondarazi zituen gerra
(V. mende bukaera). Espartak uko egin zion
pertsiar erregearekin izenpetu zuen aliantzari,
nahiz eta hitzarmen hari esker irabazi
zuen, besteak beste, gerra hura, eta ekialdeko
inperio handiaren guneei (Asia Txikiko
polis-ak) eraso zien. Ekintza horren
ondoren, Greziako estatuen elkarte bat osatzea
erabaki zuen Artaxerxes-ek. Espartak
elkarte horren kontra egin behar izan zuen
Korintoko gerran (K.a. 395).
Espartarrek Erregearen bakea izenpetu
behar izan zuten K.a. 386. urtean, nagusitasuna
galtzeko arriskutik babesteko. Pertsiarrek,
hitzarmen hari esker, Egeo itsasoa
kontrolatzeko aukera izan zuten. Baina bake
horrekin Espartaren kontrako erresistentzia
areagotzea besterik ez zuten lortu. Esparta,
bestalde, hasia zen ahultzen, oso garestia
baitzen gudarostea mantentzea; hala ere,
gudarosteari esker eusten zien gobernu oligarkikoei
bere mendeko hirietan. Grezian
indar handia zuten demokraziaren oinarriek;
horren erakusgarri da adibidez Atenas: espartarrek
hogeita hamar tiranoen errejimen
oligarkikoa osatu eta urtebetera, demokrazia
ezarri zuten Espartan.
Espartak beste hutsegite estrategiko bat
izan zuen, Tebas bere mendean hartzea hain
zuzen (K.a. 382an). Tebasek, Espartari aurre
egiteko, Beoziako Liga osatu zuen; Espartak
bakea hitz hartzea beste erremediorik ez zuen
izan, eta hartan ere pertsiar erregea izan zen
bitartekari. Baina Tebasko gudarosteak, Epaminondas
buru zuela, espartar osteak garaitu
zituenean (Leuktra), koloka gelditu zen
hitzarmen hari esker lortu zen oreka. Tebasek
behin Esparta garaitu zuenean, Greziako
erdialde osoa hamar urtez bere mendean
edukitzea lortu zuen. Baina Tebasen nagusitasuna,
Espartarena bezalaxe, gudarostean
oinarritzen zen, eta horrek ez zien abantaila
handirik ekarri Greziako hiriei, ez politikan,
ez ekonomian, ezta kulturan ere.
Polisaren krisia
Greziar hiriek hainbat hitzarmen egin
zuten bata bestearen segidan. Hala ere, hitzarmenak
hitzarmen, hiri haiek garai arkaikoaren
hasieran baino borroka latzagoak
jasan zituzten. K.a. 370ean, Argosen,
mila bat noble hil zituzten makilaka. IV.. endeko greziarrentzat Espartako oligarkiaren
eredua okerreko bidea zen, eta Atenasko
demokraziaren eredua, aldiz, ahulegia
zela ikusi zuten Peloponesoko gerran.
Beraz, egitura teoriko berriak behar ziren,
eta egoera goibel horretan garai berri bat
hasi zen. Garai hartako intelektualek antzinako
polis-aren oinarriak nola berritu
jakin zuten, eta gobernu idealetik hurbil
zegoen eredua proposatu zuten.
Kulturari dagokionez, IV. mendea berezia
izan zen oso. Platonen utopien eta
Aristotelesen proposamenen garaia izan
zen. Gerra zibila saihesteko proposamenak
egin zituzten, indarrean zeuden egitura
politikoak errespetatuz ordea. Garai
hartan idatzitako lanak bi sail teorikotan
bana daitezke: batetik, orduko kaosaren
irtenbidea patrios politeia zela uste zutenak,
hau da, arbasoengandik jasotako konstituzioetan
sinesten zutenak, eta, bestetik,
egitura politiko berriak proposatzen zituztenak.
Azken horiek monarkiaren aldekoak
ziren gainera. Isokrates hizlaria eta Xenofon
idazlea adibidez, bigarren joera horren
aldekoak ziren. Xenofonek Ziro Handia
pertsiarraren eta Agesilao espartarraren
ereduzko historiak idatzi zituen.
Demostenesek hainbat saio egin zituen
atenastarrek beren burujabetasuna gorde
zezaten, baina greziarrek, ordurako, onartuta
zuten beste aginpide modu bat, ordu
arte polis-aren oinarriak izan zirenak
hankaz gora jarriko zituena: polis bakoitzak
autonomia izatea politikan, zuzenbidean
eta ekonomian. Baina, Espartak lagunduta,
pertsiarrek aginpidean parte hartu
zutenean, sistema hura koloka gelditu
zen. Horrez gainera, kezkatzeko modukoa
zen Mazedoniako errege berriaren arrakasta.
Filipo Mazedoniakoa
Mazedonia inguru menditsua zen, eta
mendi artean Olinpo zegoen (greziarren
ustez, jainkoen bizileku). Olinpok Mazedonia
eta Tesalia banatzen zituen. Zura,
meategiak eta zaldiak ziren eskualde hartako
aberastasun iturri nagusiak. Greziarrentzat
inguru hura beren munduaren
muga zen, eta ez beren munduaren osagai.
Gudarosteari dagokionez, iparraldeko tribuen
mende zegoen gudarostearen lana.Egoera horrek gobernu iraunkorra eta ahaltsua
eragin zuen; erregea zen gobernu
buru, eta biltzar militar batek bermatzen
zuen erregearen aginpidea. Aristokrazia
lurjabe handiek osatzen zuten. Aristokrata
haiek agintari karguak zituzten gudarostean;
hetairoi ?lagun? esaten zioten elkarri,
Homeroren erregea antzeratuz. Xehetasun
horren bidez ikus daiteke nola Mazedonian,
jatorriz leku askotako biztanleak
bizi baziren ere, greziar zibilizazioaren
kulturan oinarritzeko joera izan zuen beti
klase nagusiak. Argeadas dinastiako erregeek
adibidez, Heraklesen ondorengotzat
zeukaten beren burua.
K.a. 356. urtean, familia horretako kide
batek Mazedoniako tronua hartu zuen: Filipo
II.a. Errege horrek garrantzi handiko
berrikuntzak egin zituen gudarostearen egituran;
berehala konkistatu zituen inguruko
lurraldeak, eta horrek Egeo itsasorako irteera
erraztu zion. Arrakasta horren ondoren,
greziarren arteko gerran parte hartu
zuen Filipok. Delfosko santutegiak ere parte
hartu zuen gerra hartan, eta horri esker ,
Greziaren erdialdean eta iparraldean sartu
zen. Horrekin guztiarekin, ospe handia lortu
zuen lurralde osoan. Keroneako (Beoziako
hiria) guduan atenastarrak garaitu
ondoren (338ko abuztuaren 2a), Filipok
greziar estatuen ordezkaritza antolatzeko
adinako aginpidea lortu zuen; biltzar hartan
bake orokorra (koine eirene) eta kontseilu
batek zuzendutako aliantza (synedrion)
proposatu zituen. Aliantza hartan
bera izan zen strategos autokrator, alegia,
jeneral ahalguztiduna.
Horrenbestez, Filipok Grezian nagusi
izatea lortu zuen, nahiz eta Liga berri haren
helburu nagusia Pertsiaren kontrakoeraso panhelenikoa antolatzea zen. Ekialdeko
herrien inbasioaren beldur, greziarrek
bat egin zuten. Baina, egitasmo horretan
hasi bezain pronto, Filipo hil egin zuten.
Uste denez, Olinpiak (Filiporen emazte eta
Alexandro Handiaren amak) antolatu zuen
heriotza hura. Erabakigarria izan zen gertakizun
hura Greziak Ekialdean izan zuen
etorkizunerako (K.a. 336. urteko uda).