Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Antzin Aroa

Hiriak, Konfederazioak eta Ligak

Greziar hoplita. Polisetako gudarosteen muina, batez ere, hiritar-soldaduek osatzen zuten. 8 kilo inguruko ezkutu biribila (hoplon), 2tik 3 metrora bitarteko lantza eta ezpata motza eramaten zituzten. Armaduratzat berriz, brontzezko edo elkarri itsatsitako lihozko koraza, brontzezko kaskoa eta material bereko berna-babesgarriak izan ohi zituzten. Tresneria astuna eta garestia gertatzen zen, hiritarrak berak erosi behar izaten baitzuen, eta hala, Peloponesoko gerrarako arindu egin zen dezente. Koraza eta berna-babesgarriak baztertu zituzten, eta korintotar erako kaskoak ere, zenbait alditan, pilos erakoa deitzen zaion kono formako burubabes xume bihurtu zen.<br><br>

Mediako gerretan greziarrek pertsiarrak garaitu bazituzten ere, ez zuten lortu ekialdeko arriskua erabat desagertaraztea. Peloponesoko gerra bitartean (hogeita hamar urtetan), Greziako hiriak bi alderditan banatu ziren: Atenasek zuzentzen zuen alderdia batetik, eta bestetik, Espartak zuzenzen zuena. Espartak pertsiar erregearen laguntza onartu zuen, eta orduan amaitu zen gerra.

Atenasek, Delosko Ligaren bidez, ahalmen handia bereganatu zuen, baina nagusitasun hura Espartak lehenbizi, eta Beoziako Ligak ondoren, kendu zioten. Hala eta guztiz ere, ez Espartak ezta Tebasek ere ezin eman izan zioten Greziari Atenasek adina antolamendu etekintsurik. Bai Espartak, bai Beoziak, gudarostearen bidez eutsi zioten nagusitasunari, eta horrek berehala ahuldu zituen hiri horiek. Bitarte horretan, Egeo itsasoan, berrindartzen hasi zen antzina Atenasek menderatzea lortu zuen harrapakeria.

Greziar hirietan demokraziaren eta gobernu oligarkikoen aldekoen arteko gatazkak berpiztu ziren, eta, horren ondorioz, kalte handiak izan ziren. Ideologia krisiak, bestalde, monarkiaren aldeko teoriak indartu zituen, eta monarkia ereduzko gobernua bihurtu zen. Hortaz, Mazedoniako Filipok hegoalderantz egin zuenean, greziarren bake nahiak batetik, eta, bestetik, ideologia joera berriek, asko erraztu zioten konkistarako bidea.

 

Peloponesoko gerra

Mediako gerra bukatu zenetik Peloponesoko gerra hasi zen arte, berrogeita hamar urte igaro ziren; hori dela eta, V. mendea sormen handienekoa izan zen Atenasko historian. Atenasko Akropolisa garai hartan hiriak izan zuen distiraren erakusgarri bilakatu zen. Poeta, artista, filosofo eta zientzia gizonen erreferentzia puntu bihurtu zen, eta hiri hartan sortuak dira gaur arte iraun duten hainbat jenero, trajedia adibidez.

Atenasen aurrez aurre Esparta zegoen.

Egitura politikoari eta gizartearen antolamenduari zegokionez, Esparta eta Atenas elkarrengandik desberdinak ziren. Esparta pentsamenduaren munduari itxita zegoen eta merkataritza harremanen kontrakoa zen.

Diarkia militar batek agintzen zuen bertan, eta homoioi-en (Espartako hiritarren) mendean zegoen. Hiritar horiek gudari profesionalak ziren, eta 20 urtetik 60 urtera aritzen ziren gudarostean; merkataritza, eskulangintza, errotik ukatzen zituzten bizitza erosoa eta atzerriarekiko harremanak.

Tuzidides hitoriagilearen iritziz, Atenasen ?itsas bazterreko hiri demokratikoa? eta Espartaren ?hopliten hiria, eta aristokratikoa? arteko gerra sortzeko benetako arrazoiak bi hauek izan ziren: Atenasen nagusitasuna batetik, eta bestetik, espartarrei nagusitasun horrek eragiten zien beldurra. K.a 431n hasi zen gerra, eta K.a. 404. urtean amaitu. Gerraren lehen hamar urteen ondoren, eta Perikleshila zela, Nizias atenastarrak bake hitzarmen bat izenpetu zuen espartarrekin; bake hark, ordea, ez zuen sei urte baino gehiago iraun. K.a. 415ean, Sizilia izan zen borroka gune nagusia eta horrek ondorio larriak izan zituen Atenasentzat. K.a. 404.. rtean Espartak Atenas garaitu zuen, eta Atenasek Espartaren eskakizun gogorrak onartu behar izan zituen: Delosko Liga banatu, itsasontzi gehienak utzi, eta Atenasko hirigunea eta Pireo portua inguratzen zuen harresi handia desegin. Periklesen garaiko Atenas distiratsuak burua makurtu behar izan zuen Espartaren aurrean.

 

Nagusitasuna lortzeko borrokak

Espartak irabazi zuen Grezia hogeita hamar urtez banandurik eduki zuen eta bertako egitura guztiak hondarazi zituen gerra (V. mende bukaera). Espartak uko egin zion pertsiar erregearekin izenpetu zuen aliantzari, nahiz eta hitzarmen hari esker irabazi zuen, besteak beste, gerra hura, eta ekialdeko inperio handiaren guneei (Asia Txikiko polis-ak) eraso zien. Ekintza horren ondoren, Greziako estatuen elkarte bat osatzea erabaki zuen Artaxerxes-ek. Espartak elkarte horren kontra egin behar izan zuen Korintoko gerran (K.a. 395).

Espartarrek Erregearen bakea izenpetu behar izan zuten K.a. 386. urtean, nagusitasuna galtzeko arriskutik babesteko. Pertsiarrek, hitzarmen hari esker, Egeo itsasoa kontrolatzeko aukera izan zuten. Baina bake horrekin Espartaren kontrako erresistentzia areagotzea besterik ez zuten lortu. Esparta, bestalde, hasia zen ahultzen, oso garestia baitzen gudarostea mantentzea; hala ere, gudarosteari esker eusten zien gobernu oligarkikoei bere mendeko hirietan. Grezian indar handia zuten demokraziaren oinarriek; horren erakusgarri da adibidez Atenas: espartarrek hogeita hamar tiranoen errejimen oligarkikoa osatu eta urtebetera, demokrazia ezarri zuten Espartan.

Espartak beste hutsegite estrategiko bat izan zuen, Tebas bere mendean hartzea hain zuzen (K.a. 382an). Tebasek, Espartari aurre egiteko, Beoziako Liga osatu zuen; Espartak bakea hitz hartzea beste erremediorik ez zuen izan, eta hartan ere pertsiar erregea izan zen bitartekari. Baina Tebasko gudarosteak, Epaminondas buru zuela, espartar osteak garaitu zituenean (Leuktra), koloka gelditu zen hitzarmen hari esker lortu zen oreka. Tebasek behin Esparta garaitu zuenean, Greziako erdialde osoa hamar urtez bere mendean edukitzea lortu zuen. Baina Tebasen nagusitasuna, Espartarena bezalaxe, gudarostean oinarritzen zen, eta horrek ez zien abantaila handirik ekarri Greziako hiriei, ez politikan, ez ekonomian, ezta kulturan ere.

 

Polisaren krisia

Greziar hiriek hainbat hitzarmen egin zuten bata bestearen segidan. Hala ere, hitzarmenak hitzarmen, hiri haiek garai arkaikoaren hasieran baino borroka latzagoak jasan zituzten. K.a. 370ean, Argosen, mila bat noble hil zituzten makilaka. IV.. endeko greziarrentzat Espartako oligarkiaren eredua okerreko bidea zen, eta Atenasko demokraziaren eredua, aldiz, ahulegia zela ikusi zuten Peloponesoko gerran.

Beraz, egitura teoriko berriak behar ziren, eta egoera goibel horretan garai berri bat hasi zen. Garai hartako intelektualek antzinako polis-aren oinarriak nola berritu jakin zuten, eta gobernu idealetik hurbil zegoen eredua proposatu zuten.

Kulturari dagokionez, IV. mendea berezia izan zen oso. Platonen utopien eta Aristotelesen proposamenen garaia izan zen. Gerra zibila saihesteko proposamenak egin zituzten, indarrean zeuden egitura politikoak errespetatuz ordea. Garai hartan idatzitako lanak bi sail teorikotan bana daitezke: batetik, orduko kaosaren irtenbidea patrios politeia zela uste zutenak, hau da, arbasoengandik jasotako konstituzioetan sinesten zutenak, eta, bestetik, egitura politiko berriak proposatzen zituztenak.

Azken horiek monarkiaren aldekoak ziren gainera. Isokrates hizlaria eta Xenofon idazlea adibidez, bigarren joera horren aldekoak ziren. Xenofonek Ziro Handia pertsiarraren eta Agesilao espartarraren ereduzko historiak idatzi zituen.

Demostenesek hainbat saio egin zituen atenastarrek beren burujabetasuna gorde zezaten, baina greziarrek, ordurako, onartuta zuten beste aginpide modu bat, ordu arte polis-aren oinarriak izan zirenak hankaz gora jarriko zituena: polis bakoitzak autonomia izatea politikan, zuzenbidean eta ekonomian. Baina, Espartak lagunduta, pertsiarrek aginpidean parte hartu zutenean, sistema hura koloka gelditu zen. Horrez gainera, kezkatzeko modukoa zen Mazedoniako errege berriaren arrakasta.

 

Filipo Mazedoniakoa

Mazedonia inguru menditsua zen, eta mendi artean Olinpo zegoen (greziarren ustez, jainkoen bizileku). Olinpok Mazedonia eta Tesalia banatzen zituen. Zura, meategiak eta zaldiak ziren eskualde hartako aberastasun iturri nagusiak. Greziarrentzat inguru hura beren munduaren muga zen, eta ez beren munduaren osagai.

Gudarosteari dagokionez, iparraldeko tribuen mende zegoen gudarostearen lana.Egoera horrek gobernu iraunkorra eta ahaltsua eragin zuen; erregea zen gobernu buru, eta biltzar militar batek bermatzen zuen erregearen aginpidea. Aristokrazia lurjabe handiek osatzen zuten. Aristokrata haiek agintari karguak zituzten gudarostean; hetairoi ?lagun? esaten zioten elkarri, Homeroren erregea antzeratuz. Xehetasun horren bidez ikus daiteke nola Mazedonian, jatorriz leku askotako biztanleak bizi baziren ere, greziar zibilizazioaren kulturan oinarritzeko joera izan zuen beti klase nagusiak. Argeadas dinastiako erregeek adibidez, Heraklesen ondorengotzat zeukaten beren burua.

K.a. 356. urtean, familia horretako kide batek Mazedoniako tronua hartu zuen: Filipo II.a. Errege horrek garrantzi handiko berrikuntzak egin zituen gudarostearen egituran; berehala konkistatu zituen inguruko lurraldeak, eta horrek Egeo itsasorako irteera erraztu zion. Arrakasta horren ondoren, greziarren arteko gerran parte hartu zuen Filipok. Delfosko santutegiak ere parte hartu zuen gerra hartan, eta horri esker , Greziaren erdialdean eta iparraldean sartu zen. Horrekin guztiarekin, ospe handia lortu zuen lurralde osoan. Keroneako (Beoziako hiria) guduan atenastarrak garaitu ondoren (338ko abuztuaren 2a), Filipok greziar estatuen ordezkaritza antolatzeko adinako aginpidea lortu zuen; biltzar hartan bake orokorra (koine eirene) eta kontseilu batek zuzendutako aliantza (synedrion) proposatu zituen. Aliantza hartan bera izan zen strategos autokrator, alegia, jeneral ahalguztiduna.

Horrenbestez, Filipok Grezian nagusi izatea lortu zuen, nahiz eta Liga berri haren helburu nagusia Pertsiaren kontrakoeraso panhelenikoa antolatzea zen. Ekialdeko herrien inbasioaren beldur, greziarrek bat egin zuten. Baina, egitasmo horretan hasi bezain pronto, Filipo hil egin zuten.

Uste denez, Olinpiak (Filiporen emazte eta Alexandro Handiaren amak) antolatu zuen heriotza hura. Erabakigarria izan zen gertakizun hura Greziak Ekialdean izan zuen etorkizunerako (K.a. 336. urteko uda).