Departamento de Cultura y Política Lingüística

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Komunikazioari buruzko teoriak

Satelite bidezko komunikazioetarako antena, Albertan, Kanada.<br><br>

Ezbaian dago, gaur egun, komunikazioaren zientziaren posibilitatea. Zenbait autorek dioenez, posiblea ez eze ezinbestekoa da komunikazioaren zientzia orokorra eraikitzea, edozein delarik komunikazioa gertatzen den eremua. Beste zenbaitek, ordea, zalantzan jartzen dute pertsona biren arteko harremana, batetik, eta ordenagailuen bidezko datu transmisioa, bestetik, analisi bidez pareka lezakeen eredu teoriko oro. Komunikazioa ulertzeko eredu teoriko orokor zein berezituen bilaketa honetan, ekarpen handiak egin dira mende honetan zehar, telekomunikazioen, garraioen eta hedabideen garapen izugarriak bultzatuta neurri handi batean.Eredu orokorren artean C. Shannonen Informazioaren Teoria da ezbairik gabe ekarpen nagusia. Shannon (1916-) American Telegraph and Telephone (ATT) enpresako Bell laboratorioko ingeniaria zen, Estatu Batuetan. 1948an Komunikazioaren Teoria Matematikoa lana argitaratu zuen.

Lehenago, Bigarren Mundu gerran, kriptografian aritua zen. Kodeen ezagutzan eta hari bidezko ahotsaren transmisioan oinarritu zuen, beraz, bere lana. Telefono konpainia batean ingeniari izanik, ahotsa telefono batetik bestera ahalik merkeen eta ondoen transmititzeko modua aurkitzea zen haren kezka nagusia.Merketasunak zerikusia du lastertasunarekin: hariaren transmisio ahalmena mugatua izaki, ahotsa zenbat eta arinago garraiatu orduan eta merkeago da transmisioa. Ahotsak, bestalde, osorik iritsi behar du, interferentziarik gabe, ongi ulertzeko moduan.Eskema hau proposatu zuen Shannonek telefono bidezko komunikazioa azaltzeko:Eredu honetan honako osagai nagusiak agertzen dira: Iturria, informazioaren transmisioa erabakitzen duena (zer esango dion, nori, noiz, nola, e.a.); telefono bidezko komunikazioan deitzen duen pertsona litzateke.

Igorgailua, edo ahotsa seinale elektriko bihurtzen duen tresna fisikoa; kasu honetan telefono aparatua litzateke. Kanala, edo seinale elektrikoak garraiatzeko erabilitako euskarri fisikoa (kobrezko haria, telefonoaren kasuan). Hargailua, edo seinale elektrikoak ahots bihurtzen dituen aparatua (hartzailearen telefonoa). Eta helburua, edo deia jasotzen duena (kasu honetan pertsona bat). Prozesuan zehar honakoa gertatzen da: iturriak deitu egiten du, eta igorgailuak ahotsa seinale elektriko bihurtzen du (mezua kodetzen du). Zeregin horretarako, kodea erabiltzen du, jasotako soinu uhinak bulkada elektrikoetara itzultzeko erabiltzen den sistema. Bulkada elektrikook kanalean zehar garraiatzen dira, eta hargailuak jasotzen ditu. Honek, igorgailuak erabilitako kode bera erabiliz, soinu uhin bihurtzen ditu seinale elektrikoak (deskodetu egiten ditu), eta ahotsa sortzen du.

Ahots hori da helburuak jasoko duena.

Ibilbide honetan, baina, zenbait arazo gerta daiteke. Adibidez, seinaleak kanaletik garraiatzen ari direnean bakar batzuk edo denak gal daitezke, edo ordena aldatu, edo seinale berriak gehitu, interferentzien eraginez.

Kasu horretan, hargailuak jasotzen dituen seinaleak ez dira igorgailuak igorritako berberak izango, eta, hori dela eta, deskodetzerakoan osatuko den mezua eta iturriak igorri nahi zuena ezberdinak izan daitezke (edo, besterik gabe, mezurik izan ez).

Arazo honi zarata deitzen dio Shannonek, eta esan bezala seinaleen transmisioan gertatutako oztopoek sortzen dute. Beste mota bateko arazoak kodeekin du zerikusia:hargailuak seinaleak deskodetzeko erabiltzen duen kodea eta igorgailuak kodetzeko erabili duena ezberdinak badira, hasierako mezua eta amaierakoa ezberdinak izango dira; edo amaierara ez da mezurik helduko (halaxe gertatzen da Amerikan grabatutako bideo zinta bat Europan ikusi nahi denean: han eta hemen grabatzeko sistema ezberdinak erabiltzen direnez, bideo zintak bateraezinak dira).

 

Kodea

Kodea, bistan da, funtsezko osagaia da komunikazioan. Labur esanda, eta Shannon-en ereduaren arabera betiere, balio batzuei seinale batzuk atxikitzen dizkion sistema da. Abraham Molesek Shannonen ereduaz egiten duen garapenean, bi osagai mota agertzen dira kodean: seinaleen erregistroa bata, eta seinaleok antolatzeko eta balioei atxikitzeko araudia bestea. Hizkuntzaren kasuan, esaterako, hiztegia litzateke lehena, eta gramatika bigarrena. Azken honek diosku zelan antolatu behar diren hiztegiko osagaiak (hitzak), bai eta bakoitza zein esangurari (zein baliori) atxiki behar zaion. Bi motatako kodeak daude: isomorfoak eta semiotikoak. Kode isomorfo edo analogikoetan seinaleak nolabaiteko antzekotasuna du irudikatzen duen balioarekin: erlojuen kasuan, erloju analogikoko orratzen mugimenduak denboraren zikloen biribiltasuna eta jarraikortasuna adierazten du. Kode semiotiko edo digitaletan, irudikatzen den balioarekin inolako antzekotasunik ez duten unitate diskretuz osatzen da seinalea: erlojuetara itzuliz, erloju digitalak banan-banan hartutako zenbakiak konbinatuz osatzen du orduaren seinalea.

Kode isomorfoak dira, adibidez, irudiak,keinu gehienak, soinu onomatopeikoak, hieroglifikoak edota txinerako idazkera (ideogramak) dira. Kode semiotikoak, berriz, hitz gehienak, zenbakien bidezko lengoaiak, edota gure alfabetoan oinarritutakoak.

Bistan da kode mota biak oinarritzen direla erabiltzaileen arteko adostasunean.

Hau nabarmena da kode semiotikoetan: etxeari etxe deitzen diogu hala onartzen dugulako, besterik gabe (beste leku batzuetan house, maison edo Wohnung deitzea adostu dute). Kode isomorfoetan ere agertzen da adostasuna irudikatutako balioarekiko antzekotasunarekin batera: etxe baten irudiak antzekotasun handia edo txikia izan dezake adierazi nahi duen etxearekin, baina beti beharko du seinale horren erabiltzaileen adostasuna, irudiak etxea irudikatzen duela onartzeko (izan ere, erabiltzaileen adostasunik beharko ez lukeen objektu bakarra irudikatutako objektua bera litzateke; bera baita, inork onartu edo ez. Baina kasu horretan ez litzateke koderik agertuko).

Kode isomorfoak oro har, beren izaeragatik, barneratzeko errazagoak dira eta deskodetzeko arinagoak. Kode semiotikoak berriz, barneratzeko eta deskodetzeko zailagoak izaten dira, baina zenbait kasutan zehatzagoak, eta errazago garraiatzen diren seinaleak sortzen dituzte (seinale digitalak).

Adibidez, adin piramide bat errazago ikusten da, bere osotasunean, irudi baten bidez datu taula baten bidez baino.

Baina bigarrenak ematen digun zehaztasun maila ez du iristen lehenak. Kode isomorfoen eskuragarritasuna dela medio, zenbaitetan koderik ez dagoelakoan jasotzen ditugu seinaleak, hartzen dugun mezua errealitatea bera delako pertzepzioa jasoz. Horixe gertatzen da, sarritan, irudien kodeekin: irudia ikusita, errealitatea bera ikusten ari garelako ideia egiten dugu; hitza ikusita, ordea, badakigu kodetutako seinalearen aurrean gaudela. Baina bata zein bestea kodetutako errealitateak dira, errealitatea komunikatzeko derrigorrez kodetu beharra baitago. Kode isomorfo batzuek sortzen duten ilusio faltsu honi ?kodeen naturalizazioa? deitu izan die Stuart Hall britainiarrak, telebistaren kasuan duten garrantzia aztertzerakoan.

 

Informazioaren neurria

Shannon-en kezketako bat, jadanik esan dugun legez, informazioa ahalik merkeen eta arinen garraiatzea da. Horrek informazioa neurtu beharra dakarkio. Haren iritziz, mezuak hartzaileari luzatzen dion berritasun maila da informazioa, eta mezua hartzen duenak espero ez ditzakeen seinale kopuruaren bidez neurtzen da. Esan beharra dago hemen informazio hitzak ezduela mezu edo esangura adierazi nahi, berritasuna baizik. Honen aldean, informazioaren alderantzizkoa agertzen zaigu: erredundantzia alegia. Erredundantzia, haatik, hartzailearentzat berria ez denak osatzen du, eta hark espero ditzakeen seinale kopuruan neurtzen da. Hartzaileak mezua jasotzean espero dezakeena edo ez dezakeena, jakina, eragile ezberdinen mende dago. Beraz modu ezberdinetan etor daiteke erredundantzia: igorleak gauza bera etengabe errepikatzen duenean adibidez. Baina kodearen erabilerak berak erredundantzia sortzen du: izan ere, kodea seinaleak antolatzeko araudi adostua den neurrian, seinale batzuk agertzeak beste batzuk agertzeko aukera gutxitzen edo handitzen du, erabat deuseztatu edo iragarri arte zenbait kasutan.

Honela, euskaraz ari garelarik, ia zalantzarik gabe asmatuko genuke ?nik sagarrak baneuzka jan egingo...? esaldiaren segida.

Hala beraz, esaldiaren lehen hitzek informazio handia ematen diguten bezala (ez baititzakegu espero), azkenek informazio txikiagoa ematen digute; hots, erredundanteak dira.

Shannon-en asmoetako bat mezua ahalik arinen eta merkeen garraiatzea denez, erredundantziarik izan ez dadin saiatuko da; hau da, hargailuak bere kabuz berregin ditzakeen seinaleak ez dira garraiatu behar izango (telegrama idaztean bezala).

Pertsonen arteko komunikazioan, ordea, erredundantziak mezua hobeto ulertzen edota esangura berriak sortzen lagun dezake; bestalde, elkarrizketa batean hitzak aurreztea ez da beti izaten helburua. Beraz, erredundantzia handiagoa agertzen da.

Edozelan ere, komunikazio mota bakoitzean mezuak informazioaren eta erredundantziaren arteko oreka bat bilatu beharko du, muturretara gehiago edo gutxiago hurbilduz baina beti ere hauek ukitu gabe (%100 erredundantea den mezuak ez luke zentzurik izango; baina %100 informaziozkoa den mezua ez litzateke ulergarria izango). Oreka honen adibide grafiko ederra Pele futboljokalariaren irudiak ematen digu: bertan informazio nahikoa dago irudiak zer adierazten duen modu erraz batean antzemateko, baina osagai gutxi ken dakioke erraztasuna edo zehaztasuna galdu gabe: ez da batere erredundantea.

Shannon-en jatorrizko ereduan agertzen ez bada ere, norabide bakarreko informazioaren transmisioari atzeraelikadura edo feed-back prozesua erantsi diote zenbait ikerlek, komunikazio prozesuari zirkulu forma emanez. Ekarpen honen aita Norbert Wiener iparramerikarra dugu.

Shannon-en irakasle honek Estatu Batuetako armadarako lan egin zuen Bigarren Mundu gerran, eta bertan kanoien tiroen jokabidea aztertu zuen. Kanoiak tiro egin aurretik haren gidariak aurreikuspen bat egiten du balaren ibilbideaz, eta horren arabera gidatzen du norabidea. Tiroa egindakoan asmatzen ez badu, balak izandako ibilbide erreala aztertu eta, informazio honetaz baliaturik, bigarren tiroa zuzentzen du, horrela tiro bakoitza, helburuan asmatzeko saioa izateaz gainera, hurrengo tiroa zuzentzeko informazio iturri ere bada. Gauza bera egiten dute zangoek eskailera ilunpetan igotzen dugunean: gorputza garraiatzearekin batera, zoruaren berri jasotzen dute, eta hurrengo mugimenduak burutzeko informazio baliagarria ematen. Atzeraelikadura deitzen zaio prozesu honi. Alegia, sistema batek burutzen duen ekintzak kanpoan ez ezik sisteman bertan ere dauka eragina.Atzeraelikaduraren eskema.<br><br>Komunikazioan, sistema igorle batek burutzen duen ekintzari igortzea esaten zaio, eta mezua, berriz, igortzearen ondorioari.

Atzeraelikadura, beraz, zera izangoTelefono publikoak, Tokion.<br><br>

 

Shannonen ereduaren orokortzea

Arestian esan dugun legez, Shannonek telefono bidezko transmisioetarako asmatu zuen bere eredua. Handik gutxira, ordea, askok hartu zuten eredu hura komunikazio mota oro ulertzeko giltza eman zezakeen eredutzat. Gizarteko komunikazioaren ikerkuntza jaioberriak eredu teorikoak izateko zuen premiak beste garrantzia izan zuten horretan Teorien Sistema Orokorraren planteamenduek (von Bertalanffy).

Horrela, Informazioaren Teoria Matematikoa, telefono bidezko transmisiorako sortua, Komunikazioaren Teoria Orokorra eraikitzeko oinarri sendo bihurtu zen. Linguistikan, psikologian soziologian eta are politologian ere eragin handia lortu zuen planteamendu teoriko honek. Oinarrian honako premisa agertzen da: komunikazioa informazioaren transmisioa da, mutur batetik bestera. Premisa honek bat egiten du grekoek Hermes jainkoari ezagutzen zioten eginkizunarekin (bere azkonaren muturraz mintzakide baten burutik ideiak hartu eta bestearen burura sartzen zituen). Era berean, bat dator gure kulturan oso erratuta dagoen tradizio filosofikoarekin, zeinaren arabera gizakia gorputz batean itxita bizi den arima baita; gorputzak burutuko lituzke kodetze eta deskodetze lanak, eskemaren bi muturretan (iturria eta helburua) arima edo gogoa agertuko lirateke. Ikuspuntu honen arabera, komunikazioa zera izango da: pertsona bati gure esperientzia (zentzumenez jasoa, pentsatua zein sentitua) transmititzea, horretarako seinaleen garraiorako sistemaren bat erabiliz.

Baina komunikazioa informazioaren transmisio linealtzat hartzen duen eredu hau aldendu egiten da latinezko ?communicare? terminotik. Jatorriz, termino honen bitartez ?zerbaitetan parte hartzea? adierazi nahi zen (?Iesus Kristen gorputzean eta odolean komunikatzekotz, ogian eta mahats-arnoan barna? itzulia zuen Leizarraga-k 1571n, latinezko esangura jatorriarilotuz). Transmisioaren zentzu hau, ordea, ez da komunikazioari buruzko gogoetan indarrean dagoen bakarra. Areago, zenbait ikerlarik zalantzan jarriko du ingeniaritzatik sortutako eredu batek pertsona arteko komunikazioa aztertzeko izan lezakeen baliagarritasuna.

Zalantza hau agertzen dutenen artean Palo Altoko Eskolakoen izenez ezagutzen deb taldea dugu. Bertan, diziplina ezberdinetatik abiatuta (psikologia, soziologia, linguistika, filosofia, etologia) pertsona arteko komunikazioa ulertzeko baliagarria izan daitekeen eredu teoriko bat eraikitzeari ekin zioten berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, eta Y. Winkinek ?orkestraren eredutzat? bataiatu duena garatu zen. Eredu berri honen arabera, pertsonen arteko komunikazioa elkarrekin aritzea da, elkarrekin zerbaitetan parte hartzea.

Komunikazioa eta elkarrekintza, beraz, parez-pare ikusten dira ikuspuntu honen arabera.

Informazioaren transmisioa komunikazioan gertatzen den prozesu bat baino ez litzateke izango.

 

Komunikazioa elkarrekintza gisa

Gregory Bateson (1904-1980) dugu ikuspuntu honen autore adierazgarrienetakoa.

Hogei urtez Margaret Mead emaztearekin batera antropologia lanetan ibili ostean, psikiatriaren arlora hurbildu zen, batean zein bestean komunikazio prozesuak (kulturaren transmisiorakoak batean, eskizofrenikoaren komunikazio arazoak bestean) interesgune nagusitzat hartuz. Batesonek, besteak beste, psikoanalisian eta formaren psikologian aurkitzen ditu bere planteamendu teorikoak garatzen lagunduko dioten euskarriak. Psikoanalisitik hartzen ditu, esaterako, gure jokabide zenbait ohartuak edota berariazkoak ez direlako ideia; hala ere, elkarrekintza eta komunikazio prozesuan agertzen dira, eta haren parte bihurtzen. Horrela, egiten dugun orok esangura bat duela esan dezakegu (zori hutsezkoa ez delako, edota testuinguruaren parte bihurtzen delako). Era berean, komunikazioan jasotzen ditugun seinale guztiak ez ditugu modu ohartuan jasotzen baina hor daude, eta zentzu orokorra eraikitzean eragina izan dezakete. Bestetik, formaren psikologiatik hartzen du esperientzia puntuatua delako ideia, forma eta hondoaren hipotesiaren bitartez azalduta.

Errealitatea antzematea forma ezagun bat hondo edo testuinguru batetik bereiztea da, pertzepzioaren une berean. Forma horiek hierarkian antolatzen dira, makroforma handiagoak osatuz eta testuinguru berriekiko harremanetan jarriz. Horrela, hizkuntza idatziari buruz ari garela, marrekletrak osatzen dituzte, letrek hitzak, hitzek perpausak, perpausek paragrafoak, eta abar.

Horietako unitate bakoitza inguruan dituen unitateekiko kontrastean definitzen da, eta harreman horretan ematen diogu esangura.

Adibide bat jarriz: Zer adierazten du borobil batek? Letren artean ?O? letra izan daiteke, baina zenbakien artean hutsa. Eta zenbat da hutsa? Beste zenbaki baten ezkerraldean ezer gutxi; baina haren eskuinaldean asko. Beraz, seinalea agertzen den testuinguruaren arabera interpretatzen dugu.

Eta hemen datza Palo Altoko Eskolako ikerlariek komunikazioaren eredu linealari egiten dioten kritika handienetako baten gakoa: ?Zer esan nahi du seinale horrek?? galdera desegokitzat jo, eta beste honako hau proposatzen dute: ?Nola aldatzen da seinale horren esangura, testuingurua aldatzen bada??.

Bistan denez, funtsezkoa da testuingurua eredu honetan, jasotzen ditugun seinaleen esangura osatzeko erabakigarria baita.

Eta testuingurua garrantzitsua den neurrian, ezinbestekoa izango dute elkarrekintzan ari direnek seinale bakoitzak interpretatua izan behar dueneko testuinguruaren inguruan ados jartzea. Testuinguruarekiko adostasuna lortzeko metakomunikazioa darabilte mintzakideek: hots, komunikazioaren arauen inguruko komunikazioa.

Igarabei begira dagoelarik, zera dakusa Bateson-ek: borrokarako keinuak egiten dituzte, baina jolas hutsean ari dira. Beraz, nolabait adierazi egiten dioten elkarri hura jolasa dela, ez benetako borroka. Metakomunikazioa agerikoa edo gordea izan daiteke, oharkabea edo ohartua. Norbaiti ?Zer ordu da?? galdetzen diogunean, galderaz gain proposamen bat egiten diogu (?mintza gaitezen euskaraz?). Haren erantzuna, era berean, bikoitza da, geure galderaz gain geure proposamenari ere erantzungo baitio (euskaraz jarraituz, edo hizkuntza aldatuz).Ekarpen hauetan eta beste batzuetan oinarriturik, honako ondoriora iristen dira Palo Altoko Eskolako kideek: dena da komunikazioa.

Izan ere, komunikazioa ulertzeko bi pertsonaren edo gehiagoren arteko elkarrekintzan gertatzen den guztiari erreparatu behar diogu, hala pertsonen jokabideari nola testuinguru fisikoari. Pertsonen jokabideari dagokionez, zera ikus dezakegu: elkarrekintza egoera batean gure jokabidearen zati garrantzitsu bat gizarteko legeek araututa dago. Araututako jokabide motak ugariak dira: ahozkoak (linguistikoak zein paralinguistikoak), kinesikoak edo keinuzkoak, proxemikoak edo espaziozkoak, ukimenezkoak, apaintzekoak (janzkera, dekorazioa, e.a.), usaimenezkoak, eta beste zenbait. Beste batzuekin elkarrekintzan ari garenean, jokabide guzti hauetan agertzen dira gizarteko arauak. Mintzakideek arauok ezagunak badituzte, orduan haien arabera burututako jokabide bakoitzak zentzu bat hartzen du bestearentzat.

Beraz, zerbait adierazten du. Hortik esan dezakegu dena dela komunikazioa, eta ezinezkoa dela komunikatzeari uztea. Inolako seinalerik igortzen ez dugunean ere, zerbait komunikatzen ari gara (musikan bezala, isiluneek ere balioa dute). A. Scheflenek garatu du bereziki ikuspuntu hau, ?hitzezkoa ez den komunikazioa? deiturikoa aztertzeko oinarri teoriko sendoak eskainiz.

Komunikazioa, beraz, elkarrekintza da, gizarteko arauen arabera burutzen den elkarrekintza alegia. Honez gero, honako ondoriora irits gaitezke komunikazioa eta kulturaren arteko harremana argitzeko: kulturak osatzen du elkarrekintzan eta komunikazioan burutzen dugun jokabidearen araudia.

Komunikazioaren bitartez, bestalde, arauok berrindartu, eraldatu edota arau berriak eraikitzen ditugu. Beraz, kultura egitura gisa uler dezakegu, eta komunikazioa egitura hori gauzatzen duen prozesu gisa.

 

Habermas: komunikaziorako egoera ideala

Jürgen Habermas (1929-) filosofo alemanak berreskuratu nahiko luke komunikazioak gizakien arteko harremanak antolatzeko berez beharko lukeen garrantzia.

Gizateriaren historian bi harremanek baldintzatuta bizi izan da gizakia: naturarekiko harremana bata, eta besteekiko harremana bestea. Lehenari aurre egiteko, lana edo ekintza instrumentala garatu du, hari dagokion arrazoibidearekin (norberak definitzen duen helburua lortzeko bideen inguruko eztabaida). Bigarrenari aurre egiteko, elkarrekintza edo komunikazio ekintza garatu du, beste arrazoibide mota bati atxikirik: arrazoibide praktikoa (besteekin jokabideak koordinatzeko adostasuna iristea ahalbidetzen duen eztabaida).

Hizkuntza litzateke komunikazio ekintza gauzatzeko dugun baliabide garrantzitsuena. Lanaren arloan Subjektua- Objektua (gizakia-natura) harremana aurkitzen dugu; bigarrenean Subjektua-Subjektua harremana.

Gure garaian, ordea, lanaren munduak hartu duen nagusitasuna dela medio, hari atxikiriko arrazoibidea ere nagusitu da, gizakien arteko harremanen eremura ere hedatuz. Horrela arrazoibide instrumentala indarra hartuz doa, arrazoibide praktikoaren kaltetan. Honen ondorioz, gizakien arteko harremana gero eta gehiago oinarritzen da Subjektua-Objektua eskeman, hizkuntzak ere berezkoa ez duen erabilera bat hartuz: erabilera estrategikoa, mintzakideen arteko adostasuna bilatu beharreanbestea aldez aurretik definituta dauzkagun helburuetara erakartzera zuzentzen dena. Gizartearen oraingo ustezko arrazionalizazioa, hartara, arrazoibide instrumentalaren garaipena da soilik (eta ez beharko lukeena: gizakien arteko harremanak adostasunean oinarrituko dituen arrazionaltasuna).

Egoera honetatik irteteko, komunikazio ekintza jatorra (hots, adostasuna eraikitzera zuzentzen dena) berreskuratu beharra aldarrikatuko du Habermasek. Horretarako ezinbestekoa da elkarrizketarako egoera idealak sortzea. Denok mintzakide izan gaitezkeen eta dena mintzagai izan daitekeen egoera idealak, non bestelako baldintzapenik gabe elkarrizketa arrazionalean sortutako argudio onenaren pisua nagusituko baita. Elkarrizketarako egoera idealak betetzeko, beraz, lau baldintza edo unibertsal pragmatiko bete behar dira: ulergarritasuna (?besteak ulertzeko moduan azaltzen ditut nire argudioak?), egia (?diodana egia delakoan diot, eta besteak ere hala jokatzea espero dut?), zintzotasuna (?nire elkarrizketan ez dut inolako asmo ezkuturik gordetzen, eta besteak ere gordetzen ez duela sinesten dut?) eta zilegitasuna (?diodana esatea zilegi da gure harremana arautzen duen markoaren arabera; eta berdin bestearen kasuan?). Lau baldintzotatik bat betetzen ez bada, mintzakideak ez dira argudio onenean oinarritutako adostasunera iritsiko; adostasuna izatekotan adostasun faktikoa izango da, arrazoibide praktikotik kanpokoa (bortxaren mehatxuan, engainuan, edo arrazionaltasunetik at dagoen beste zerbaitean oinarrituta). Kasu horretan, Habermasen iritziz, arrazoibide instrumentala nagusitzen da, baina komunikazioak porrot egiten du.