Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Komunikazioari buruzko teoriak
Ezbaian dago, gaur egun, komunikazioaren
zientziaren posibilitatea. Zenbait autorek
dioenez, posiblea ez eze ezinbestekoa
da komunikazioaren zientzia orokorra
eraikitzea, edozein delarik komunikazioa
gertatzen den eremua. Beste zenbaitek,
ordea, zalantzan jartzen dute pertsona biren
arteko harremana, batetik, eta ordenagailuen
bidezko datu transmisioa, bestetik,
analisi bidez pareka lezakeen eredu teoriko
oro. Komunikazioa ulertzeko eredu teoriko
orokor zein berezituen bilaketa honetan,
ekarpen handiak egin dira mende honetan
zehar, telekomunikazioen, garraioen eta
hedabideen garapen izugarriak bultzatuta
neurri handi batean.Eredu orokorren artean C. Shannonen
Informazioaren Teoria da ezbairik gabe
ekarpen nagusia. Shannon (1916-) American
Telegraph and Telephone (ATT) enpresako
Bell laboratorioko ingeniaria zen, Estatu
Batuetan. 1948an Komunikazioaren
Teoria Matematikoa lana argitaratu zuen.
Lehenago, Bigarren Mundu gerran, kriptografian
aritua zen. Kodeen ezagutzan eta
hari bidezko ahotsaren transmisioan oinarritu
zuen, beraz, bere lana. Telefono konpainia
batean ingeniari izanik, ahotsa telefono
batetik bestera ahalik merkeen eta
ondoen transmititzeko modua aurkitzea zen
haren kezka nagusia.Merketasunak zerikusia du lastertasunarekin:
hariaren transmisio ahalmena mugatua
izaki, ahotsa zenbat eta arinago garraiatu
orduan eta merkeago da transmisioa. Ahotsak,
bestalde, osorik iritsi behar du, interferentziarik
gabe, ongi ulertzeko moduan.Eskema hau proposatu zuen Shannonek
telefono bidezko komunikazioa azaltzeko:Eredu honetan honako osagai nagusiak
agertzen dira: Iturria, informazioaren transmisioa
erabakitzen duena (zer esango dion,
nori, noiz, nola, e.a.); telefono bidezko komunikazioan
deitzen duen pertsona litzateke.
Igorgailua, edo ahotsa seinale elektriko
bihurtzen duen tresna fisikoa; kasu
honetan telefono aparatua litzateke. Kanala,
edo seinale elektrikoak garraiatzeko
erabilitako euskarri fisikoa (kobrezko haria,
telefonoaren kasuan). Hargailua, edo
seinale elektrikoak ahots bihurtzen dituen
aparatua (hartzailearen telefonoa). Eta helburua,
edo deia jasotzen duena (kasu honetan
pertsona bat). Prozesuan zehar honakoa
gertatzen da: iturriak deitu egiten du,
eta igorgailuak ahotsa seinale elektriko bihurtzen
du (mezua kodetzen du). Zeregin
horretarako, kodea erabiltzen du, jasotako
soinu uhinak bulkada elektrikoetara itzultzeko
erabiltzen den sistema. Bulkada elektrikook
kanalean zehar garraiatzen dira, eta
hargailuak jasotzen ditu. Honek, igorgailuak
erabilitako kode bera erabiliz, soinu uhin
bihurtzen ditu seinale elektrikoak (deskodetu
egiten ditu), eta ahotsa sortzen du.
Ahots hori da helburuak jasoko duena.
Ibilbide honetan, baina, zenbait arazo gerta
daiteke. Adibidez, seinaleak kanaletik
garraiatzen ari direnean bakar batzuk edo
denak gal daitezke, edo ordena aldatu, edo
seinale berriak gehitu, interferentzien eraginez.
Kasu horretan, hargailuak jasotzen
dituen seinaleak ez dira igorgailuak igorritako
berberak izango, eta, hori dela eta, deskodetzerakoan
osatuko den mezua eta iturriak
igorri nahi zuena ezberdinak izan daitezke
(edo, besterik gabe, mezurik izan ez).
Arazo honi zarata deitzen dio Shannonek,
eta esan bezala seinaleen transmisioan
gertatutako oztopoek sortzen dute. Beste
mota bateko arazoak kodeekin du zerikusia:hargailuak seinaleak deskodetzeko erabiltzen
duen kodea eta igorgailuak kodetzeko
erabili duena ezberdinak badira, hasierako
mezua eta amaierakoa ezberdinak
izango dira; edo amaierara ez da mezurik
helduko (halaxe gertatzen da Amerikan
grabatutako bideo zinta bat Europan ikusi
nahi denean: han eta hemen grabatzeko
sistema ezberdinak erabiltzen direnez, bideo
zintak bateraezinak dira).
Kodea
Kodea, bistan da, funtsezko osagaia da
komunikazioan. Labur esanda, eta Shannon-en
ereduaren arabera betiere, balio batzuei
seinale batzuk atxikitzen dizkion sistema
da. Abraham Molesek Shannonen ereduaz
egiten duen garapenean, bi osagai
mota agertzen dira kodean: seinaleen erregistroa
bata, eta seinaleok antolatzeko eta
balioei atxikitzeko araudia bestea. Hizkuntzaren
kasuan, esaterako, hiztegia litzateke
lehena, eta gramatika bigarrena. Azken
honek diosku zelan antolatu behar diren
hiztegiko osagaiak (hitzak), bai eta bakoitza
zein esangurari (zein baliori) atxiki behar
zaion. Bi motatako kodeak daude: isomorfoak
eta semiotikoak. Kode isomorfo
edo analogikoetan seinaleak nolabaiteko
antzekotasuna du irudikatzen duen balioarekin:
erlojuen kasuan, erloju analogikoko
orratzen mugimenduak denboraren zikloen
biribiltasuna eta jarraikortasuna adierazten
du. Kode semiotiko edo digitaletan,
irudikatzen den balioarekin inolako antzekotasunik
ez duten unitate diskretuz osatzen
da seinalea: erlojuetara itzuliz, erloju
digitalak banan-banan hartutako zenbakiak
konbinatuz osatzen du orduaren seinalea.
Kode isomorfoak dira, adibidez, irudiak,keinu gehienak, soinu onomatopeikoak,
hieroglifikoak edota txinerako idazkera
(ideogramak) dira. Kode semiotikoak, berriz,
hitz gehienak, zenbakien bidezko
lengoaiak, edota gure alfabetoan oinarritutakoak.
Bistan da kode mota biak oinarritzen
direla erabiltzaileen arteko adostasunean.
Hau nabarmena da kode semiotikoetan:
etxeari etxe deitzen diogu hala onartzen
dugulako, besterik gabe (beste leku batzuetan
house, maison edo Wohnung deitzea
adostu dute). Kode isomorfoetan ere agertzen
da adostasuna irudikatutako balioarekiko
antzekotasunarekin batera: etxe
baten irudiak antzekotasun handia edo txikia
izan dezake adierazi nahi duen etxearekin,
baina beti beharko du seinale horren
erabiltzaileen adostasuna, irudiak etxea
irudikatzen duela onartzeko (izan ere, erabiltzaileen
adostasunik beharko ez lukeen
objektu bakarra irudikatutako objektua bera
litzateke; bera baita, inork onartu edo
ez. Baina kasu horretan ez litzateke koderik
agertuko).
Kode isomorfoak oro har, beren izaeragatik,
barneratzeko errazagoak dira eta
deskodetzeko arinagoak. Kode semiotikoak
berriz, barneratzeko eta deskodetzeko
zailagoak izaten dira, baina zenbait kasutan
zehatzagoak, eta errazago garraiatzen
diren seinaleak sortzen dituzte (seinale digitalak).
Adibidez, adin piramide bat errazago
ikusten da, bere osotasunean, irudi
baten bidez datu taula baten bidez baino.
Baina bigarrenak ematen digun zehaztasun
maila ez du iristen lehenak. Kode isomorfoen
eskuragarritasuna dela medio,
zenbaitetan koderik ez dagoelakoan jasotzen
ditugu seinaleak, hartzen dugun mezua
errealitatea bera delako pertzepzioa
jasoz. Horixe gertatzen da, sarritan, irudien
kodeekin: irudia ikusita, errealitatea bera
ikusten ari garelako ideia egiten dugu;
hitza ikusita, ordea, badakigu kodetutako
seinalearen aurrean gaudela. Baina bata
zein bestea kodetutako errealitateak dira,
errealitatea komunikatzeko derrigorrez kodetu
beharra baitago. Kode isomorfo batzuek
sortzen duten ilusio faltsu honi ?kodeen
naturalizazioa? deitu izan die Stuart
Hall britainiarrak, telebistaren kasuan duten
garrantzia aztertzerakoan.
Informazioaren neurria
Shannon-en kezketako bat, jadanik
esan dugun legez, informazioa ahalik merkeen
eta arinen garraiatzea da. Horrek informazioa
neurtu beharra dakarkio. Haren
iritziz, mezuak hartzaileari luzatzen dion berritasun
maila da informazioa, eta mezua
hartzen duenak espero ez ditzakeen seinale
kopuruaren bidez neurtzen da. Esan beharra
dago hemen informazio hitzak ezduela mezu edo esangura adierazi nahi, berritasuna
baizik. Honen aldean, informazioaren
alderantzizkoa agertzen zaigu: erredundantzia
alegia. Erredundantzia, haatik,
hartzailearentzat berria ez denak osatzen du,
eta hark espero ditzakeen seinale kopuruan
neurtzen da. Hartzaileak mezua jasotzean
espero dezakeena edo ez dezakeena, jakina,
eragile ezberdinen mende dago. Beraz
modu ezberdinetan etor daiteke erredundantzia:
igorleak gauza bera etengabe errepikatzen
duenean adibidez. Baina kodearen
erabilerak berak erredundantzia sortzen
du: izan ere, kodea seinaleak antolatzeko
araudi adostua den neurrian, seinale batzuk
agertzeak beste batzuk agertzeko aukera
gutxitzen edo handitzen du, erabat deuseztatu
edo iragarri arte zenbait kasutan.
Honela, euskaraz ari garelarik, ia zalantzarik
gabe asmatuko genuke ?nik sagarrak
baneuzka jan egingo...? esaldiaren segida.
Hala beraz, esaldiaren lehen hitzek informazio
handia ematen diguten bezala (ez
baititzakegu espero), azkenek informazio
txikiagoa ematen digute; hots, erredundanteak
dira.
Shannon-en asmoetako bat mezua ahalik
arinen eta merkeen garraiatzea denez,
erredundantziarik izan ez dadin saiatuko
da; hau da, hargailuak bere kabuz berregin
ditzakeen seinaleak ez dira garraiatu
behar izango (telegrama idaztean bezala).
Pertsonen arteko komunikazioan, ordea,
erredundantziak mezua hobeto ulertzen
edota esangura berriak sortzen lagun dezake;
bestalde, elkarrizketa batean hitzak aurreztea
ez da beti izaten helburua. Beraz,
erredundantzia handiagoa agertzen da.
Edozelan ere, komunikazio mota bakoitzean
mezuak informazioaren eta erredundantziaren
arteko oreka bat bilatu beharko du,
muturretara gehiago edo gutxiago hurbilduz
baina beti ere hauek ukitu gabe (%100
erredundantea den mezuak ez luke zentzurik
izango; baina %100 informaziozkoa den
mezua ez litzateke ulergarria izango). Oreka
honen adibide grafiko ederra Pele futboljokalariaren irudiak ematen digu: bertan
informazio nahikoa dago irudiak zer
adierazten duen modu erraz batean antzemateko,
baina osagai gutxi ken dakioke
erraztasuna edo zehaztasuna galdu gabe: ez
da batere erredundantea.
Shannon-en jatorrizko ereduan agertzen
ez bada ere, norabide bakarreko informazioaren
transmisioari atzeraelikadura
edo feed-back prozesua erantsi diote zenbait
ikerlek, komunikazio prozesuari zirkulu
forma emanez. Ekarpen honen aita
Norbert Wiener iparramerikarra dugu.
Shannon-en irakasle honek Estatu Batuetako
armadarako lan egin zuen Bigarren Mundu
gerran, eta bertan kanoien tiroen jokabidea
aztertu zuen. Kanoiak tiro egin aurretik
haren gidariak aurreikuspen bat egiten
du balaren ibilbideaz, eta horren arabera
gidatzen du norabidea. Tiroa egindakoan
asmatzen ez badu, balak izandako ibilbide
erreala aztertu eta, informazio honetaz baliaturik,
bigarren tiroa zuzentzen du, horrela
tiro bakoitza, helburuan asmatzeko saioa
izateaz gainera, hurrengo tiroa zuzentzeko
informazio iturri ere bada. Gauza bera egiten
dute zangoek eskailera ilunpetan igotzen
dugunean: gorputza garraiatzearekin
batera, zoruaren berri jasotzen dute, eta
hurrengo mugimenduak burutzeko informazio
baliagarria ematen. Atzeraelikadura deitzen
zaio prozesu honi. Alegia, sistema batek
burutzen duen ekintzak kanpoan ez ezik
sisteman bertan ere dauka eragina.Komunikazioan, sistema igorle batek
burutzen duen ekintzari igortzea esaten
zaio, eta mezua, berriz, igortzearen ondorioari.
Atzeraelikadura, beraz, zera izango
Shannonen ereduaren orokortzea
Arestian esan dugun legez, Shannonek
telefono bidezko transmisioetarako asmatu
zuen bere eredua. Handik gutxira,
ordea, askok hartu zuten eredu hura komunikazio
mota oro ulertzeko giltza eman
zezakeen eredutzat. Gizarteko komunikazioaren
ikerkuntza jaioberriak eredu teorikoak
izateko zuen premiak beste garrantzia
izan zuten horretan Teorien Sistema
Orokorraren planteamenduek (von Bertalanffy).
Horrela, Informazioaren Teoria Matematikoa,
telefono bidezko transmisiorako
sortua, Komunikazioaren Teoria Orokorra
eraikitzeko oinarri sendo bihurtu zen. Linguistikan,
psikologian soziologian eta are
politologian ere eragin handia lortu zuen
planteamendu teoriko honek. Oinarrian honako
premisa agertzen da: komunikazioa
informazioaren transmisioa da, mutur batetik
bestera. Premisa honek bat egiten du
grekoek Hermes jainkoari ezagutzen zioten
eginkizunarekin (bere azkonaren muturraz
mintzakide baten burutik ideiak hartu
eta bestearen burura sartzen zituen). Era
berean, bat dator gure kulturan oso erratuta
dagoen tradizio filosofikoarekin, zeinaren
arabera gizakia gorputz batean itxita bizi
den arima baita; gorputzak burutuko lituzke
kodetze eta deskodetze lanak, eskemaren
bi muturretan (iturria eta helburua) arima
edo gogoa agertuko lirateke. Ikuspuntu
honen arabera, komunikazioa zera izango
da: pertsona bati gure esperientzia (zentzumenez
jasoa, pentsatua zein sentitua)
transmititzea, horretarako seinaleen garraiorako
sistemaren bat erabiliz.
Baina komunikazioa informazioaren
transmisio linealtzat hartzen duen eredu hau
aldendu egiten da latinezko ?communicare?
terminotik. Jatorriz, termino honen bitartez
?zerbaitetan parte hartzea? adierazi
nahi zen (?Iesus Kristen gorputzean eta
odolean komunikatzekotz, ogian eta mahats-arnoan
barna? itzulia zuen Leizarraga-k
1571n, latinezko esangura jatorriarilotuz). Transmisioaren zentzu hau, ordea,
ez da komunikazioari buruzko gogoetan
indarrean dagoen bakarra. Areago, zenbait
ikerlarik zalantzan jarriko du ingeniaritzatik
sortutako eredu batek pertsona arteko
komunikazioa aztertzeko izan lezakeen baliagarritasuna.
Zalantza hau agertzen dutenen
artean Palo Altoko Eskolakoen izenez
ezagutzen deb taldea dugu. Bertan, diziplina
ezberdinetatik abiatuta (psikologia, soziologia,
linguistika, filosofia, etologia)
pertsona arteko komunikazioa ulertzeko
baliagarria izan daitekeen eredu teoriko bat
eraikitzeari ekin zioten berrogeita hamarreko
hamarkadatik aurrera, eta Y. Winkinek
?orkestraren eredutzat? bataiatu duena
garatu zen. Eredu berri honen arabera, pertsonen
arteko komunikazioa elkarrekin aritzea
da, elkarrekin zerbaitetan parte hartzea.
Komunikazioa eta elkarrekintza, beraz, parez-pare
ikusten dira ikuspuntu honen arabera.
Informazioaren transmisioa komunikazioan
gertatzen den prozesu bat baino ez
litzateke izango.
Komunikazioa elkarrekintza gisa
Gregory Bateson (1904-1980) dugu
ikuspuntu honen autore adierazgarrienetakoa.
Hogei urtez Margaret Mead emaztearekin
batera antropologia lanetan ibili
ostean, psikiatriaren arlora hurbildu zen, batean
zein bestean komunikazio prozesuak
(kulturaren transmisiorakoak batean, eskizofrenikoaren
komunikazio arazoak bestean)
interesgune nagusitzat hartuz. Batesonek,
besteak beste, psikoanalisian eta
formaren psikologian aurkitzen ditu bere
planteamendu teorikoak garatzen lagunduko
dioten euskarriak. Psikoanalisitik
hartzen ditu, esaterako, gure jokabide zenbait
ohartuak edota berariazkoak ez direlako
ideia; hala ere, elkarrekintza eta komunikazio
prozesuan agertzen dira, eta
haren parte bihurtzen. Horrela, egiten dugun
orok esangura bat duela esan dezakegu
(zori hutsezkoa ez delako, edota testuinguruaren
parte bihurtzen delako). Era berean,
komunikazioan jasotzen ditugun seinale
guztiak ez ditugu modu ohartuan jasotzen
baina hor daude, eta zentzu orokorra
eraikitzean eragina izan dezakete. Bestetik,
formaren psikologiatik hartzen du
esperientzia puntuatua delako ideia, forma
eta hondoaren hipotesiaren bitartez azalduta.
Errealitatea antzematea forma ezagun
bat hondo edo testuinguru batetik bereiztea
da, pertzepzioaren une berean. Forma
horiek hierarkian antolatzen dira, makroforma
handiagoak osatuz eta testuinguru berriekiko
harremanetan jarriz. Horrela, hizkuntza
idatziari buruz ari garela, marrekletrak osatzen dituzte, letrek hitzak, hitzek
perpausak, perpausek paragrafoak, eta abar.
Horietako unitate bakoitza inguruan dituen
unitateekiko kontrastean definitzen da, eta
harreman horretan ematen diogu esangura.
Adibide bat jarriz: Zer adierazten du
borobil batek? Letren artean ?O? letra izan
daiteke, baina zenbakien artean hutsa. Eta
zenbat da hutsa? Beste zenbaki baten ezkerraldean
ezer gutxi; baina haren eskuinaldean
asko. Beraz, seinalea agertzen den testuinguruaren
arabera interpretatzen dugu.
Eta hemen datza Palo Altoko Eskolako ikerlariek
komunikazioaren eredu linealari egiten
dioten kritika handienetako baten
gakoa: ?Zer esan nahi du seinale horrek??
galdera desegokitzat jo, eta beste honako
hau proposatzen dute: ?Nola aldatzen da
seinale horren esangura, testuingurua aldatzen
bada??.
Bistan denez, funtsezkoa da testuingurua
eredu honetan, jasotzen ditugun seinaleen
esangura osatzeko erabakigarria baita.
Eta testuingurua garrantzitsua den neurrian,
ezinbestekoa izango dute elkarrekintzan
ari direnek seinale bakoitzak interpretatua
izan behar dueneko testuinguruaren
inguruan ados jartzea. Testuinguruarekiko
adostasuna lortzeko metakomunikazioa
darabilte mintzakideek: hots, komunikazioaren
arauen inguruko komunikazioa.
Igarabei begira dagoelarik, zera dakusa Bateson-ek:
borrokarako keinuak egiten dituzte,
baina jolas hutsean ari dira. Beraz,
nolabait adierazi egiten dioten elkarri hura
jolasa dela, ez benetako borroka. Metakomunikazioa
agerikoa edo gordea izan daiteke,
oharkabea edo ohartua. Norbaiti ?Zer
ordu da?? galdetzen diogunean, galderaz
gain proposamen bat egiten diogu (?mintza
gaitezen euskaraz?). Haren erantzuna,
era berean, bikoitza da, geure galderaz gain
geure proposamenari ere erantzungo baitio
(euskaraz jarraituz, edo hizkuntza aldatuz).Ekarpen hauetan eta beste batzuetan
oinarriturik, honako ondoriora iristen dira
Palo Altoko Eskolako kideek: dena da komunikazioa.
Izan ere, komunikazioa ulertzeko
bi pertsonaren edo gehiagoren arteko
elkarrekintzan gertatzen den guztiari
erreparatu behar diogu, hala pertsonen jokabideari
nola testuinguru fisikoari. Pertsonen
jokabideari dagokionez, zera ikus dezakegu:
elkarrekintza egoera batean gure
jokabidearen zati garrantzitsu bat gizarteko
legeek araututa dago. Araututako jokabide
motak ugariak dira: ahozkoak (linguistikoak
zein paralinguistikoak), kinesikoak edo
keinuzkoak, proxemikoak edo espaziozkoak,
ukimenezkoak, apaintzekoak (janzkera,
dekorazioa, e.a.), usaimenezkoak, eta
beste zenbait. Beste batzuekin elkarrekintzan
ari garenean, jokabide guzti hauetan
agertzen dira gizarteko arauak. Mintzakideek
arauok ezagunak badituzte, orduan
haien arabera burututako jokabide bakoitzak
zentzu bat hartzen du bestearentzat.
Beraz, zerbait adierazten du. Hortik esan
dezakegu dena dela komunikazioa, eta ezinezkoa
dela komunikatzeari uztea. Inolako
seinalerik igortzen ez dugunean ere, zerbait
komunikatzen ari gara (musikan bezala,
isiluneek ere balioa dute). A. Scheflenek
garatu du bereziki ikuspuntu hau, ?hitzezkoa
ez den komunikazioa? deiturikoa
aztertzeko oinarri teoriko sendoak eskainiz.
Komunikazioa, beraz, elkarrekintza da,
gizarteko arauen arabera burutzen den elkarrekintza
alegia. Honez gero, honako ondoriora
irits gaitezke komunikazioa eta kulturaren
arteko harremana argitzeko: kulturak
osatzen du elkarrekintzan eta komunikazioan
burutzen dugun jokabidearen araudia.
Komunikazioaren bitartez, bestalde, arauok
berrindartu, eraldatu edota arau berriak eraikitzen
ditugu. Beraz, kultura egitura gisa uler
dezakegu, eta komunikazioa egitura hori
gauzatzen duen prozesu gisa.
Habermas: komunikaziorako egoera ideala
Jürgen Habermas (1929-) filosofo
alemanak berreskuratu nahiko luke komunikazioak
gizakien arteko harremanak
antolatzeko berez beharko lukeen garrantzia.
Gizateriaren historian bi harremanek
baldintzatuta bizi izan da gizakia: naturarekiko
harremana bata, eta besteekiko harremana
bestea. Lehenari aurre egiteko,
lana edo ekintza instrumentala garatu du,
hari dagokion arrazoibidearekin (norberak
definitzen duen helburua lortzeko bideen
inguruko eztabaida). Bigarrenari aurre
egiteko, elkarrekintza edo komunikazio
ekintza garatu du, beste arrazoibide
mota bati atxikirik: arrazoibide praktikoa
(besteekin jokabideak koordinatzeko
adostasuna iristea ahalbidetzen duen eztabaida).
Hizkuntza litzateke komunikazio
ekintza gauzatzeko dugun baliabide
garrantzitsuena. Lanaren arloan Subjektua-
Objektua (gizakia-natura) harremana aurkitzen
dugu; bigarrenean Subjektua-Subjektua
harremana.
Gure garaian, ordea, lanaren munduak
hartu duen nagusitasuna dela medio, hari
atxikiriko arrazoibidea ere nagusitu da,
gizakien arteko harremanen eremura ere
hedatuz. Horrela arrazoibide instrumentala
indarra hartuz doa, arrazoibide praktikoaren
kaltetan. Honen ondorioz, gizakien
arteko harremana gero eta gehiago oinarritzen
da Subjektua-Objektua eskeman,
hizkuntzak ere berezkoa ez duen erabilera
bat hartuz: erabilera estrategikoa, mintzakideen
arteko adostasuna bilatu beharreanbestea aldez aurretik definituta dauzkagun
helburuetara erakartzera zuzentzen
dena. Gizartearen oraingo ustezko arrazionalizazioa,
hartara, arrazoibide instrumentalaren
garaipena da soilik (eta ez
beharko lukeena: gizakien arteko harremanak
adostasunean oinarrituko dituen
arrazionaltasuna).
Egoera honetatik irteteko, komunikazio
ekintza jatorra (hots, adostasuna eraikitzera
zuzentzen dena) berreskuratu beharra
aldarrikatuko du Habermasek. Horretarako
ezinbestekoa da elkarrizketarako
egoera idealak sortzea. Denok mintzakide
izan gaitezkeen eta dena mintzagai izan
daitekeen egoera idealak, non bestelako
baldintzapenik gabe elkarrizketa arrazionalean
sortutako argudio onenaren pisua
nagusituko baita. Elkarrizketarako egoera
idealak betetzeko, beraz, lau baldintza edo
unibertsal pragmatiko bete behar dira:
ulergarritasuna (?besteak ulertzeko moduan
azaltzen ditut nire argudioak?), egia
(?diodana egia delakoan diot, eta besteak
ere hala jokatzea espero dut?), zintzotasuna
(?nire elkarrizketan ez dut inolako
asmo ezkuturik gordetzen, eta besteak ere
gordetzen ez duela sinesten dut?) eta zilegitasuna
(?diodana esatea zilegi da gure
harremana arautzen duen markoaren arabera;
eta berdin bestearen kasuan?). Lau
baldintzotatik bat betetzen ez bada, mintzakideak
ez dira argudio onenean oinarritutako
adostasunera iritsiko; adostasuna
izatekotan adostasun faktikoa izango da,
arrazoibide praktikotik kanpokoa (bortxaren
mehatxuan, engainuan, edo arrazionaltasunetik
at dagoen beste zerbaitean
oinarrituta). Kasu horretan, Habermasen
iritziz, arrazoibide instrumentala nagusitzen
da, baina komunikazioak porrot egiten du.