Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Hezkuntza
Gizarte zientzien abiapuntu komuna da
gizakia ez dela gizaki jaiotzen, egiten baizik,
denbora luzez irauten duen prozesu
batean zehar. Prozesu horri sozializazioa
deitzen zaio. Kontzeptu horrekin adierazten
da gizakiak ikasi egin behar duela gizarteko
kide izaten, hots, gizartearen antolaketa
ulertzen eta onartzen, baita bere
burua horren baitan kokatzen ere.
Hezkuntzari buruzko gogoetarik bilatzen
denean, zenbaitetan nahasturik agertzen
dira hezkuntza eta sozializazioa.
Hezkuntza oso prozesu zabaltzat jotzen da
orduan: gizakiak bere ingurura moldatzeko
jasotzen duen era askotako eraginek
osatzen dute, eta instituzio askok hartzen
dute parte horretan, hala nola, familiak,
eskolak, elizak, hedabideek, eta abarrek.
Normalean, alta, hezkuntza ulertzeko joera
arrunta bestelakoa izaten da. Heldutasunera
iritsi bitartean haurrak jasotzen duen
instituzio berezi baten eragintzat jotzen da,
eta instituzio hori eskola izaten da.
Hezkuntza eta eskola
Hezkuntza eta eskola batera datozen
fenomeno bezala ulertzen dira gaur egun.
Hezkuntza, horrela, sozializazio mota bat da:
sozializazio metodikoa, hau da, pertsona
adituei ?zeregin horretarako propio trebatuei?
eta erakunde bereziei ezagutzen zaie
umea hezteko ardura, eta hori dena, metodo
eta antolaketa jakin batzuen bitartez.Baina hezkuntza, gaur egun ulertzen
dugun moduan, fenomeno berri samarra da.
Izan ere, Mendebaleko aro modernora arteko
gizarteetan ez zegoen inolako instituzio
berezirik haurren hezkuntzaz arduratzen
zenik, eta umeak, amaren laguntzarik gabe
jarduteko gaitasuna zeukaten unetik aurrera,
helduekin batera aritzen ziren, lana eta
aisia haiekin batera edukiz. Haurtzaro kontzeptua
sortu zenez geroztik esan daiteke
hezkuntzarik badela. Horrekin adierazi gura
da, XVII. mendetik aurrera, umea berezko
ezaugarrien jabe zelako iritzia zabaldu zela,
eta, beraz, helduez besteko arazoak zituela
uste zela. Horrekin batera, zaindu eta defendatu
behar zen gizarte ondaretzat jotzen
zen haurra. Bestela esanda, haurrak eta
haurtzaroak estatus berezia hartu zuten, eta
arras zabaldu zen gizartearen zoriona eta
ongizatea haurraren heziketan oinarritzen
zirelako ustea. Hezkuntzarekiko fedea indartu
zen, beraz, eta, estrainekoz, hezkuntza
gizarte arazotzat jo zen, eta eztabaida
sozial zabalak piztu ziren hezkuntzaren
norabideaz.
Hezkuntzari buruz sortu ziren ideiekin
batera, gizarte modernoetan gorpuztu zen
eraketa ekonomikoak eta hark ekarri zituen
lan banaketak eta espezializazio eskergak
derrigortu egin zuten instituzio berezien
sorrera, familiak ez baitzeukan ahalmenik
zeregin hari eusteko. Horren guztiaren ondorioz,
hezkuntzaren ardura familiatik gizartera
aldatu zen.
Testuinguru hartan sortu ziren gaur egun
ezagutzen ditugun hezkuntza sistemak, alegia,
hezkuntza maila eta eskola mota guztiak
biltzen dituzten instituzioak. Denek ez
dute bilakaera bera izan, eta batzuk uniformeago
eta zentralizatuagoak dira besteak
baino. Horrek esan gura du estatuak, batzuetan,
arau zurrunak ezarri dituela hezkuntza
sistemaren antolaketari begira; eta,
besteetan, arauak nasaiagoak izanik, eskola
pribatuak sortzeko aukera gehiago izan
dutela gizarte erakundeek. Lehenengoen
artean, adibidez, Frantzia sartzen da, eta
bigarrenetan Ingalaterra.
Hala ere, euren arteko ezberdintasunak
kontuan hartuta ere, egungo gizarte modernoetako
hezkuntza sistemek ezaugarri komun
ugari dute. Nabarienak honako hauek
dira: batetik, aginte publikoak du hezkuntzaren
ardura nagusia, bai administrazioakzuzen-zuzenean kuadeaturiko sare publikoan,
bai sare pribatuan; eta, bestetik,
hezkuntza mota guztiek dituzte estatuaren
?edota tokian tokiko administrazioaren?
kontrol eta finantzazio maila altuak. Gizarte
modernoetan, horrela, administrazioari
dagokio hezkuntzaren jarduna ziurtatzea
eta, ildo horretatik joanda, aipagarria da
gure gizartean hezkuntza, eskubide ez ezik,
betebehar bihurtu dela: ume guztiek egon
behar dute eskolaturik, inolako salbuespenik
gabe.
Era hartara, apurka-apurka, eskolatzea
luzatuz joan da, alegia, haurrek gero eta urte
gehiago ematen dute eskolaren tutelapean;
eta, aldi berean, gurasoei ezinezkoa zaie
seme-alaben hezkuntzaren edukiak kontrolatzea.
Hezkuntza eta ezberdintasun sozialak
Hezkuntzaren beharra herrialde eta herritar
guztiek onartzen badute ere, hezkuntza
sistemak betetzen duen zeregina ez da
era berean aztertzen gizarte zientzilarien aldetik.
Batzuek umearen sozializaziorako eskola
baliabide egokia dela azpimarratzen dute, eta
hezkuntza sistemak, gizarte modernoetan,
etorkizuneko herritarrak eta lan merkatuan
aritzeko pertsona trebatuak prestatzen dituela
nabarmentzen dute. Ildo horretatik joanda,
berebiziko papera ematen zaio eskolari ezberdintasunak
apaltzeko eta gizarte kohesioa
sendotzeko. Ikuspuntu horren ustean,
hezkuntza sistemak, ikasleen meritu indibidualen
arabera jardunez gero, eta aukera
berdintasunari eusten badio, egokiro bideratzen
ditu haiek lan merkatura, beharrezko
duten ezagutzaz hornitzen baititu.
Besteek, berriz, alderantzizko planteamendua
egiten dute: eskolak, apaldu barik, are gehiago indartzen du gizartean
dagoen mota askotako ezberdintasuna, dela
ekonomikoa, dela kulturala. Era hartara,
zera diote: gizartearen baitan azkenaldi
honetan nagusitu den diskurtsoa eskolak
ikasle guztientzako diharduela den arren,
bide ugariren bitartez, ikasleak bereizten
jarraitzen du, eta, nola edo hala, eskolaren
joan-etorrian islaturik geratzen dira gizartean
gertatzen diren ezberdintasun guztiguztiak.
Eskolaren diskurtso eta jardunaren
artean legokeen etena nabarmentzen da,
beraz; alegia, eskolak esaten eta egiten duena
ez datozela bat baiezten da.
Eten hori hainbat arlotan aurki daiteke.
Adibide bakarra jarrita, gizartean emakumeak
betetzen duen bigarren mailako lekuaren
haritik, azkenaldi honetan azterketa
ugari egin dira desberdintasuna indartzen
duten eskola praktikei buruz. Eskolak erabiltzen
duen hizkera, lantzen dituen testuak,
edo maisu-maistrak ikasleekin dituen harremanak
islatu egiten dute indarreko ideia
hori, alegia, gizonezkoak baliagarriagoak,
adoretsuagoak, aktiboagoak, edo ?labur
esanda? hobeak direla emakumezkoak baino.
Horixe da, era inplizituan gehienbat,
helarazten den mezua. Dudaezina da, ordea,
eskolaren diskurtsoak edozein motako
diskriminazioa gaitzesten duela, eta ikasle
guztiak berdin-berdinak direla aldarrikatzen
duela indar handiz.
Hezkuntza sistemak jasotzen dituen kritiken
artean, ikaslea lan merkatura egokiro
bideratzeko ezintasuna izaten da aipagarrienetako
bat. Jakina da langabezia gure gizartearen
ezaugarrietako bat dela. Hori dela
eta, unibertsitateari, adibidez, langabetu
fabrika izatea egozten zaio, zinez urriak
baitira, ikasketak amaitu eta gero, titulazio
akademikora egokitzen den lanposturik
aurkitzeko aukerak. Krisi ekonomikoa da
egoera horren erantzule, neurri handi batez;
baina, hortaz aparte, kontuan hartu
behar da unibertsitatera heltzen den biztanleriaren
portzentaia gero eta zabalagoa dela.
Unibertsitate tituluen inflazioa eta, ondorioz,debaluazioa ere gertatu dira. Bestela
esanda, egungo unibertsitate titulu batek ez
du aurreko hamarraldietan zeukan balio
bera.
Hezkuntza eta arlo politikoa
Kritika hauek guztiek apaldu egin dute
hezkuntza sistemaren jardunari atxikitzen
zitzaion ahalmena eta, halaber, ilundu egin
du hezkuntzak sorrarazten zuen baikortasuna.
Hori horrela delarik, gaur egun, iritzi
ezkorrak zabaldu zira hezkuntzari buruz,
baina, hala ere, ezin esan daiteke
hezkuntzarekiko fedea erabat desagertu
denik. Alde batetik, goian aipatu dugun lan
espezializazioa etengabe hazten ari delako,
eta, beraz, gero eta handiagoa delako edozein
lanpostutarako exijitzen den prestakuntza.
Baina arlo ekonomikoaren beharrizanetatik
aparte, hezkuntzak herrialdeen
norabidean garrantzi handiko funtzioa betetzen
duela onartzen da, zeren eta eskolak
arlo politikoan egokiro jarduteko herritarrak
prestatu beharko lituzkeela uste baita.
Hezkuntzak eragiten duen sozializazio
politikoa deitzen zaio zeregin horri. Horrela,
gobernu guztiak saiatzen dira hezkuntzaren
zenbait eduki kontrolatzen, haren
bitartez, sistema politiko bati eta, batez ere,
nazio bati lotzen gatzazkio eta. Nazioaren
historia eta oroimen kolektiboak barneratzen
ditugu eskolan ematen ditugun urteetan
zehar. Bestela esanda, eskolak nazio
jakin batekiko kide sentitzen irakasten digu,
eta nazioarekiko leialtasuna lantzen du gure
baitan. Ahalmen horretaz jabeturik, estatuak
beti bilatzen du eskolak herritarrek berarekin
dituzten loturak indar ditzala.
Horren kariaz, gatazka nazionalista duten
herrialdeetan, etengabeko tirabira iturri
izaten da hezkuntza. Gobernu zentralaren
asmoei aurre egiten dieten mugimendu nazionalistakuneoro saiatzen dira hezkuntza
sistemaren kontrola erdiesten, administrazio
autonomikoarentzat eskumen gehiago
eskatuz, adibidez. Horrez gain, hezkuntzaren
edukiak euren interesetara moldatzeari
ekiten diote, eta gobernu zentralarekin istiluak
sor daitezke historia eta geografia bezalako
gaietan, mugimendu nazionalistak ez
baititu onartzen estatu administrazioak ezarri
nahi dituen edukien ildoak. Eta, azkenik,
eskolan erabiltzen den hizkuntza ere
gatazka iturri izaten da, estatuaren joera
arrunta nazionalitateen berezko hizkuntza
baztertzea izaten baita, estatu osoko hizkuntza
ofizialaren mesedean.
Mugimendu nazionalista batzuek, horrela,
eragozpen handiak topatzen badituzte
gauzatu nahi duten hezkuntza mota bultzatzeko,
euren eraginpeko eskola sarea jar
dezakete abian, baina horrek ez du esan
gura estatuarekin dituzten desadostasunak
eta istiluak bertan behera geratzen direnik.
Eskola sare horrek indar handia hartuz gero,
ordea, alderantziz gerta daiteke, eta hezkuntzari
buruzko tirabirak areagotu ere egin
daitezke, estatuaren joera hezkuntza ekimen
guztiak barnehartzea izaten baita, eta mugimendu
nazionalistak, aldiz, eskola sare
horrek euren kontrolpean jarrai dezan ahalegintzen
baitira.
80 eta 90eko hamarkadetan zehar Euskal
Herrian gertatutakoa horren guztiaren
adibide da. Hezkuntzaren norabideak, bai
bertan erabili beharreko hizkuntzari eta bai
hezkuntza sistemaren kontrolari dagokionez,
etengabeko liskarra eragin du eremu
politikoan ari diren erakundeen artean. Hala
ere, euskal lurraldearen barruan dauden
administrazio eta egoera politikoen ugaritasunak
ezinezko bihurtzen du Iparraldea,
Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko
arazoak gako beretsuekin aztertzea. Beste
arrazoi batzuen artean, eskolaren baitan
euskarak jasotzen duen trataera ezberdinak,
adibidez, bide ematen digu aurreikusteko
hezkuntzari buruzko eztabaidak tokiantokian
baino ezin uler daitezkeela.