Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Hezkuntza

Ouellesbougouko eskola (1860 ing.). Eskola, gaur egun ezagutzen dugun moduan, XIX. mendean sortu zen.<br><br>Ordu arte dirudunek eta erlijio ikasketak egiten zituztenek soilik zuten hezkuntzan sarbidea.<br><br>

Gizarte zientzien abiapuntu komuna da gizakia ez dela gizaki jaiotzen, egiten baizik, denbora luzez irauten duen prozesu batean zehar. Prozesu horri sozializazioa deitzen zaio. Kontzeptu horrekin adierazten da gizakiak ikasi egin behar duela gizarteko kide izaten, hots, gizartearen antolaketa ulertzen eta onartzen, baita bere burua horren baitan kokatzen ere.

Hezkuntzari buruzko gogoetarik bilatzen denean, zenbaitetan nahasturik agertzen dira hezkuntza eta sozializazioa.

Hezkuntza oso prozesu zabaltzat jotzen da orduan: gizakiak bere ingurura moldatzeko jasotzen duen era askotako eraginek osatzen dute, eta instituzio askok hartzen dute parte horretan, hala nola, familiak, eskolak, elizak, hedabideek, eta abarrek.

Normalean, alta, hezkuntza ulertzeko joera arrunta bestelakoa izaten da. Heldutasunera iritsi bitartean haurrak jasotzen duen instituzio berezi baten eragintzat jotzen da, eta instituzio hori eskola izaten da.

 

Hezkuntza eta eskola

Hezkuntza eta eskola batera datozen fenomeno bezala ulertzen dira gaur egun.

Hezkuntza, horrela, sozializazio mota bat da: sozializazio metodikoa, hau da, pertsona adituei ?zeregin horretarako propio trebatuei? eta erakunde bereziei ezagutzen zaie umea hezteko ardura, eta hori dena, metodo eta antolaketa jakin batzuen bitartez.Baina hezkuntza, gaur egun ulertzen dugun moduan, fenomeno berri samarra da.

Izan ere, Mendebaleko aro modernora arteko gizarteetan ez zegoen inolako instituzio berezirik haurren hezkuntzaz arduratzen zenik, eta umeak, amaren laguntzarik gabe jarduteko gaitasuna zeukaten unetik aurrera, helduekin batera aritzen ziren, lana eta aisia haiekin batera edukiz. Haurtzaro kontzeptua sortu zenez geroztik esan daiteke hezkuntzarik badela. Horrekin adierazi gura da, XVII. mendetik aurrera, umea berezko ezaugarrien jabe zelako iritzia zabaldu zela, eta, beraz, helduez besteko arazoak zituela uste zela. Horrekin batera, zaindu eta defendatu behar zen gizarte ondaretzat jotzen zen haurra. Bestela esanda, haurrak eta haurtzaroak estatus berezia hartu zuten, eta arras zabaldu zen gizartearen zoriona eta ongizatea haurraren heziketan oinarritzen zirelako ustea. Hezkuntzarekiko fedea indartu zen, beraz, eta, estrainekoz, hezkuntza gizarte arazotzat jo zen, eta eztabaida sozial zabalak piztu ziren hezkuntzaren norabideaz.

Hezkuntzari buruz sortu ziren ideiekin batera, gizarte modernoetan gorpuztu zen eraketa ekonomikoak eta hark ekarri zituen lan banaketak eta espezializazio eskergak derrigortu egin zuten instituzio berezien sorrera, familiak ez baitzeukan ahalmenik zeregin hari eusteko. Horren guztiaren ondorioz, hezkuntzaren ardura familiatik gizartera aldatu zen.

Testuinguru hartan sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun hezkuntza sistemak, alegia, hezkuntza maila eta eskola mota guztiak biltzen dituzten instituzioak. Denek ez dute bilakaera bera izan, eta batzuk uniformeago eta zentralizatuagoak dira besteak baino. Horrek esan gura du estatuak, batzuetan, arau zurrunak ezarri dituela hezkuntza sistemaren antolaketari begira; eta, besteetan, arauak nasaiagoak izanik, eskola pribatuak sortzeko aukera gehiago izan dutela gizarte erakundeek. Lehenengoen artean, adibidez, Frantzia sartzen da, eta bigarrenetan Ingalaterra.

Hala ere, euren arteko ezberdintasunak kontuan hartuta ere, egungo gizarte modernoetako hezkuntza sistemek ezaugarri komun ugari dute. Nabarienak honako hauek dira: batetik, aginte publikoak du hezkuntzaren ardura nagusia, bai administrazioakzuzen-zuzenean kuadeaturiko sare publikoan, bai sare pribatuan; eta, bestetik, hezkuntza mota guztiek dituzte estatuaren ?edota tokian tokiko administrazioaren? kontrol eta finantzazio maila altuak. Gizarte modernoetan, horrela, administrazioari dagokio hezkuntzaren jarduna ziurtatzea eta, ildo horretatik joanda, aipagarria da gure gizartean hezkuntza, eskubide ez ezik, betebehar bihurtu dela: ume guztiek egon behar dute eskolaturik, inolako salbuespenik gabe.

Era hartara, apurka-apurka, eskolatzea luzatuz joan da, alegia, haurrek gero eta urte gehiago ematen dute eskolaren tutelapean; eta, aldi berean, gurasoei ezinezkoa zaie seme-alaben hezkuntzaren edukiak kontrolatzea.

 

Hezkuntza eta ezberdintasun sozialak

Hezkuntzaren beharra herrialde eta herritar guztiek onartzen badute ere, hezkuntza sistemak betetzen duen zeregina ez da era berean aztertzen gizarte zientzilarien aldetik.

Batzuek umearen sozializaziorako eskola baliabide egokia dela azpimarratzen dute, eta hezkuntza sistemak, gizarte modernoetan, etorkizuneko herritarrak eta lan merkatuan aritzeko pertsona trebatuak prestatzen dituela nabarmentzen dute. Ildo horretatik joanda, berebiziko papera ematen zaio eskolari ezberdintasunak apaltzeko eta gizarte kohesioa sendotzeko. Ikuspuntu horren ustean, hezkuntza sistemak, ikasleen meritu indibidualen arabera jardunez gero, eta aukera berdintasunari eusten badio, egokiro bideratzen ditu haiek lan merkatura, beharrezko duten ezagutzaz hornitzen baititu.

Besteek, berriz, alderantzizko planteamendua egiten dute: eskolak, apaldu barik, are gehiago indartzen du gizartean dagoen mota askotako ezberdintasuna, dela ekonomikoa, dela kulturala. Era hartara, zera diote: gizartearen baitan azkenaldi honetan nagusitu den diskurtsoa eskolak ikasle guztientzako diharduela den arren, bide ugariren bitartez, ikasleak bereizten jarraitzen du, eta, nola edo hala, eskolaren joan-etorrian islaturik geratzen dira gizartean gertatzen diren ezberdintasun guztiguztiak.

Eskolaren diskurtso eta jardunaren artean legokeen etena nabarmentzen da, beraz; alegia, eskolak esaten eta egiten duena ez datozela bat baiezten da.

Eten hori hainbat arlotan aurki daiteke.

Adibide bakarra jarrita, gizartean emakumeak betetzen duen bigarren mailako lekuaren haritik, azkenaldi honetan azterketa ugari egin dira desberdintasuna indartzen duten eskola praktikei buruz. Eskolak erabiltzen duen hizkera, lantzen dituen testuak, edo maisu-maistrak ikasleekin dituen harremanak islatu egiten dute indarreko ideia hori, alegia, gizonezkoak baliagarriagoak, adoretsuagoak, aktiboagoak, edo ?labur esanda? hobeak direla emakumezkoak baino.

Horixe da, era inplizituan gehienbat, helarazten den mezua. Dudaezina da, ordea, eskolaren diskurtsoak edozein motako diskriminazioa gaitzesten duela, eta ikasle guztiak berdin-berdinak direla aldarrikatzen duela indar handiz.

Hezkuntza sistemak jasotzen dituen kritiken artean, ikaslea lan merkatura egokiro bideratzeko ezintasuna izaten da aipagarrienetako bat. Jakina da langabezia gure gizartearen ezaugarrietako bat dela. Hori dela eta, unibertsitateari, adibidez, langabetu fabrika izatea egozten zaio, zinez urriak baitira, ikasketak amaitu eta gero, titulazio akademikora egokitzen den lanposturik aurkitzeko aukerak. Krisi ekonomikoa da egoera horren erantzule, neurri handi batez; baina, hortaz aparte, kontuan hartu behar da unibertsitatera heltzen den biztanleriaren portzentaia gero eta zabalagoa dela.

Unibertsitate tituluen inflazioa eta, ondorioz,debaluazioa ere gertatu dira. Bestela esanda, egungo unibertsitate titulu batek ez du aurreko hamarraldietan zeukan balio bera.

 

Hezkuntza eta arlo politikoa

Kritika hauek guztiek apaldu egin dute hezkuntza sistemaren jardunari atxikitzen zitzaion ahalmena eta, halaber, ilundu egin du hezkuntzak sorrarazten zuen baikortasuna.

Hori horrela delarik, gaur egun, iritzi ezkorrak zabaldu zira hezkuntzari buruz, baina, hala ere, ezin esan daiteke hezkuntzarekiko fedea erabat desagertu denik. Alde batetik, goian aipatu dugun lan espezializazioa etengabe hazten ari delako, eta, beraz, gero eta handiagoa delako edozein lanpostutarako exijitzen den prestakuntza.

Baina arlo ekonomikoaren beharrizanetatik aparte, hezkuntzak herrialdeen norabidean garrantzi handiko funtzioa betetzen duela onartzen da, zeren eta eskolak arlo politikoan egokiro jarduteko herritarrak prestatu beharko lituzkeela uste baita.

Hezkuntzak eragiten duen sozializazio politikoa deitzen zaio zeregin horri. Horrela, gobernu guztiak saiatzen dira hezkuntzaren zenbait eduki kontrolatzen, haren bitartez, sistema politiko bati eta, batez ere, nazio bati lotzen gatzazkio eta. Nazioaren historia eta oroimen kolektiboak barneratzen ditugu eskolan ematen ditugun urteetan zehar. Bestela esanda, eskolak nazio jakin batekiko kide sentitzen irakasten digu, eta nazioarekiko leialtasuna lantzen du gure baitan. Ahalmen horretaz jabeturik, estatuak beti bilatzen du eskolak herritarrek berarekin dituzten loturak indar ditzala.

Horren kariaz, gatazka nazionalista duten herrialdeetan, etengabeko tirabira iturri izaten da hezkuntza. Gobernu zentralaren asmoei aurre egiten dieten mugimendu nazionalistakuneoro saiatzen dira hezkuntza sistemaren kontrola erdiesten, administrazio autonomikoarentzat eskumen gehiago eskatuz, adibidez. Horrez gain, hezkuntzaren edukiak euren interesetara moldatzeari ekiten diote, eta gobernu zentralarekin istiluak sor daitezke historia eta geografia bezalako gaietan, mugimendu nazionalistak ez baititu onartzen estatu administrazioak ezarri nahi dituen edukien ildoak. Eta, azkenik, eskolan erabiltzen den hizkuntza ere gatazka iturri izaten da, estatuaren joera arrunta nazionalitateen berezko hizkuntza baztertzea izaten baita, estatu osoko hizkuntza ofizialaren mesedean.

Mugimendu nazionalista batzuek, horrela, eragozpen handiak topatzen badituzte gauzatu nahi duten hezkuntza mota bultzatzeko, euren eraginpeko eskola sarea jar dezakete abian, baina horrek ez du esan gura estatuarekin dituzten desadostasunak eta istiluak bertan behera geratzen direnik.

Eskola sare horrek indar handia hartuz gero, ordea, alderantziz gerta daiteke, eta hezkuntzari buruzko tirabirak areagotu ere egin daitezke, estatuaren joera hezkuntza ekimen guztiak barnehartzea izaten baita, eta mugimendu nazionalistak, aldiz, eskola sare horrek euren kontrolpean jarrai dezan ahalegintzen baitira.

80 eta 90eko hamarkadetan zehar Euskal Herrian gertatutakoa horren guztiaren adibide da. Hezkuntzaren norabideak, bai bertan erabili beharreko hizkuntzari eta bai hezkuntza sistemaren kontrolari dagokionez, etengabeko liskarra eragin du eremu politikoan ari diren erakundeen artean. Hala ere, euskal lurraldearen barruan dauden administrazio eta egoera politikoen ugaritasunak ezinezko bihurtzen du Iparraldea, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko arazoak gako beretsuekin aztertzea. Beste arrazoi batzuen artean, eskolaren baitan euskarak jasotzen duen trataera ezberdinak, adibidez, bide ematen digu aurreikusteko hezkuntzari buruzko eztabaidak tokiantokian baino ezin uler daitezkeela.