Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Belar lurrak, basamortuko landaredia eta tundra

Karibuak Alaskako tundran uda aldian.<br><br>

Belar lurrak, bai tropikoetako belar sabanak, bai latitude ertaineko belar zelaiak eta estepak, klima subheze eta erdilehorrekin daude lotuak.

Gaur egun, klimaz gainera, erliebea, lurrak, gizakiaren eragina ?sua batez ere? eta beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan belar lurren banaketa aztertzean.

Belarrek hiru ezaugarri nagusi dituzte: 1. Belarrek kaltzio kopuru handiak behar dituzte, eta horregatik loratzen dira lurrak kare asko daukan eremuetan.

2. Belarrak nahiko ondo egokitzen dira aldi heze luzeetara eta lehorte gogorretara.

3. Belarrak urtero-urtero hazten dira, baita erreagatik ere.

Hostoak suntsitu arren, sustraiek bizirik irauten dute, eta gai dira hurrengo sasoi euritsuan hazteko.

 

Belar sabanak

Belar sabana tropikalak era askotakoak izaten dira; badira belar hutsa direnak, eta badira belar eta zuhaitz sakabanatuen nahasketa direnak ere, baina batzuetan zuhaitz horiek baso txikietan biltzen dira. Belar lur tropikal mota horretakoak badira bai sabana tropikaletan, eta bai estepako klimetan.

Euri gutxi ala asko egin, eta leku batean ala bestean hazi, hartara izaten da belarra handiagoa ala txikiagoa. Afrikako eta Asiaren hegoaldeko belarrak nahiko handiak dira; Hego Ameriketakoak, berriz, gutxitan izaten dira bi metro baino handiagoak, eta asko eta asko badira askoz ere txikiagoak.

Tropikoetan ez dago latitude ertainetan izaten den belardi jarraitu mota hori. Sabanako belarren hostoak gogorrak eta tenteak dira, eta kimu gazteak baino ez dira izaten artzaintzarako onak. Beraz, artzainek urtaro lehorrean erretzen dute belarra, urtaro euritsuan berriz haz dadin. Belarra behin eta berriz erretze horrek ekartzen du, aldez bederen, belardirik ez egotea eta eremu soilduak sortzea belar multzoen artean.

Belar sabana tropikalak eremu aski lauak izaten dira maiz, eta ur hustubideonekoak. Belar landaredi hori gizakiak behin eta berriz eragindako suteeen ondorioz izaten da askotan. Belarrak, iraun, irauten du lur errean, baina hosto iraunkorreko zuhaitzek leku garaiagoetan edo leku babestu jakin batzuetan baino ezin dute iraun.

Belar sabanek eremu guztiz zabalak estaltzen dituzte Venezuelako zabaldietan, eta Brasilgo hego-mendebaleko «lur zingiratsuetan».

Afrikan zerrenda zabal batean hedatzen dira, Sudanen zehar, Ozeano Atlantikotik ekialdeko lurralde garaietara, eta hegoalderantz, Tanzania eta Mozanbikerantz. Madagaskarkomendebalean ere hazten da belar sabana, eta baita Australiako barnealdean ere, erdialdeko basamortuaren inguruan, ekialdeko eta mendebaleko ertzetan zehar batez ere.

Hala beraz, sabanek ordokiak eta tropiko arteko goi ordoki zabalak hartzen dituzte, eta eremu horietan eragin handia izaten du prezipitazioak urtaroka izateak eta lurreko geruza finak. Urtaro euritsuaren bukaeran landaredia agortzen hasten da.

Asko eztabaidatu izan da sabanen jatorria; egile batzuek gizakiak eragindako suntsitzearen ondorio direla esaten dute; beste batzuek, berriz, uste dute klimax egoerak sortua dela sabana (komunitate biologiko baten orekaren azken aldiari eta komunitate horren gehienezko garapen biologikoari dagokio klimax kontzeptua, inguruneak eskaintzen dituen ahalmenen baitan). Azken hipotesi hori bide da onartuena.

 

Latitude ertainetako belar lurrak

Belar lur tropikaletan, jatorria edonolakoa dutelarik ere, zuhaixka edo zuhaitz sakabanatuak agertu ohi dira beti. Latitude ertaineko belar lurraldeek, aldiz, ez dute normalean zuhaitzik izaten, ibaien inguruan izan ezik. Belarrek estuak, iraunkorrak eta oso gogorrak izaten dituzte hostoak. Sustraiak ez dira sakonak izaten, eta belardi nahasia osatzen dute, eta horrek euriaren ura gordetzen du eta higadura eragozten.

Latitude ertainetako ordokiak, urteko prezipitazioa 250-750 milimetrokoa dutenak, itxuraz klimaxean dauden belar lurraldeak izaten dira. Eremu horietan neguak gogorrak eta ia lehorrak, eta udak epelak edo beroak izaten dira normalean; gehieneko prezipitazioak udaberriaren bukaeran edo udaren hasieran izaten dira. Latitude ertaineko belar lurrak batez ere kontinenteen barrualdeetan egoten dira beraz, eta zabalagoak izaten dira Ipar Hemisferioan Hego Hemisferioan baino. Belar lurretan lau mota bereizten dira, egituraz antzekoak, bainalore mota desberdinekoak: 1) Ipar Ameriketako erdialdeko edo mendebaleko zelaiak, 2) Sobiet Batasun ohiko estepak, 3) Argentinako Pampa, eta 4) «veld» esaten zaien lurretan sakabanaturiko belar lurrak (veld horiek, berez, Hego Afrikako barnealdeko goi ordokietako belardi eremuak dira), Hego Afrikan, Australiako hegoaldean, eta Zeelanda Berriko mendebaleko itsasertzean.

Leku horietan guztietan jatorrizko belarrak oso aldaturik daude, edo, bestela, guztiz suntsitu izan ditu artzaintzak, nekazaritzak, eta landare arrotzak landatu izanak.

Ipar Ameriketako erdialdean eta iparraldean ia guztiz desagertu dira jatorrizko zelaiak.

Zenbat eta mendebalerago joan, orduan eta belardi gutxiago eta lur aski soildu gehiago izaten da, belar multzo sakabanatuak izaten dituztela lur soildu horiek.

Zelai horren parterik handiena, ustez, indiarrek behin eta berriz egiten zituzten suteen ondorio da, errituak egiteko pizten baitzituzten suak, eta, beharbada, belarra basoaren hedatze gehiegizkotik babesteko.

Sobiet Batasun ohiko goi ordokiek konifero basoaren hegoaldeko eta barrualdeko basamortuaren iparraldeko eskualde zabalak hartzen dituzte, Europaren ekialdetik Asiarara bitarte. Ordoki horiek ere asko gutxitu ditu nekazaritzak.

Argentinako Pampako lurralde belartsuak eragile edafikoek ?lurrari dagozkionak? eta suak sortuak dira gehienbat. Nolanahi dela ere, gaurko belar gehienak Europako mendebaletik eramanak dira; Ipar Ameriketan bezalaxe, ia osorik erauzi da jatorrizko belardia.

Afrikaren hegoaldeko eta Australiaren hegoaldeko belar lurraldeak ere iparraldeko esteparen eta Ipar Ameriketako zelaien antzekoak dira.

 

Basamortuko landaredia

Ezaugarri xerofito nabarmenak dituzten landareak (ur gutxiko inguruneetan bizitzera moldatutakoak) han-hemen barreiatuta egoten dira, eta lur gorriz edo oso landare txikiak hazten diren lurrez daude elkarretatik bereiziak. Lehorte bortitzak onez eramateko egokiturik daude, eta badute horretarako modu bat baino gehiago. Zuhaixka zurtsuek sustrai luzeak dituzte, lurpetik aski hezetasun eskuratu ahal izateko. Beste ezaugarri xerofito batzuk ere badituzte, azal lodiko enbor laburrak eta hosto iraunkorrak, besteak beste. Lehortea onez eramateko, basamortuko landare batzuk ia erabat lehortzen dira, beren buruari kalterik egin gabe, eta hilda daudela ematen duen arren, piztu egiten dira euriteen ondoren. Beste landare batzuek, kaktusek esaterako, ura gordetzendute zurtoinean edo beste organo batzuetan.

Landare mota hauek urtsuak izaten dira normalean, sustrai sistema ondo garatu bat izaten dute gainazaletik hurbil, eta era horretara hartzen dute lurreko hezetasuna, hartzea daukatenean, jakina. Basamortuko beste landare batzuk beren hazien erresistentzia izugarriari esker bizi dira.

Hazi horiek, iraun, zenbait urtez irauten dute lurraren gainean, harik eta lurrak behar adina hezetasun xurgatzen duen arte.

Lurrak landareen bizi zikloak asetzeko bezainbat hezetasuna duenean, haziak ernamuindu egiten dira, landareak hazi egiten dira, eta hazi multzo berri bat sortzen dute denbora tarte oso laburrean. Beste landare batzuek txikiak direlako eta oso ur gutxi behar dutelako irauten dute bizirik. Landare batzuk hain dira txikiak, non begiraldi batean ezin ikus baitaitezke, lupaz ez bada.

Basamortu esaten zaio, oro har, urteko prezipitazioa 200 milimetro baino gutxiagokoa duen lur eremuari, baina kopuru hori bera baino askoz garrantzitsuagoa da prezipitazio horiek urtean zehar nola banatzen diren jakitea. Hala, Arizona hegoaldean eta Mexiko iparraldean bi garai euritsu izaten dira hain zuzen urtean zehar. Sahara iparraldean eta Australiako basamortuaren hegoaldean, bestalde, neguan egiten du euria.

Sahara hegoaldean, Namibiako basamortuan eta Australiako basamortuaren iparraldean, aldiz, udan egiten du euria.

 

Tundra

Tundra hitza Finlandiako iparraldeko eremu zuhaitzik gabea adierazteko Laponian erabiltzen den esamolde bat da. Eremu horretan ez dira hazten belar eta zuhaixkabatzuk, eta likenak eta goroldioak baizik. Geobotanikan eremu polarretako landareak adierazteko erabiltzen da gaur egun tundra hitza. Nekez adieraz daitezke hitz gutxitan hain lurralde zabalaren ezaugarriak, ?taiga? edo konifero basoen iparraldeko muga Ipar latitudeko 72°-tan baitu tundrak, Siberia erdialdean alegia, eta 53°tan orobat, Labradorreko penintsulan eta Alaskan. Hala ere, lau mota nagusi bereizten dira: landare mamitsuko tundra, belar tundra, zuhaixka tundra eta tundra zuhaiztuna.

Segida hori latitudearen araberakoa da, beheranzkoa, baina gerta daiteke leku jakin batzuetako baldintza bereziek segida hori aldatzea: haizeak, elurrak, etab.

Tundran loreak urri dira eta daudenak mota berekoak denak, oso giro latza baita hangoa: aldi begetatiboa laburra da, hiru hilabetetik beherakoa beti; hilabete beroenean tenperatura batez beste 5 °Ctik 10 °C bitartekoa izaten da; prezipitazio kopurua ere urria da, 300 milimetro baino gutxiago beti, eta gehienetan hortik behera; azkenik, lurra izoztuta egoten da beti, eta horri «permafrost» esaten zaio. Hego Hemisferioan askoz lore gutxiago dago oraindik. Kanadako iparraldeko uharteetan (urtaro begetatiboa bi hilabetekoa da han, eta prezipitazioak oso-oso urriak dira), badira sakonguneetan belar landare bakan batzuk (dryas eta saxifraga, adibidez) oso modu irregularrean banatuak, hegaletan ordea ez dago landarerik. Giroa zertxobait epelagoa den lekuetan (urtaro begetatiboa pixka bat luzatzen denean edo itsasoak eraginik baduenean, adibidez) tundrak belarra eta zuhaixkak izaten ditu. Azkenik, taigatik tundrarako trantsizio zerrendan tundrak zuhaitzak izaten ditu, koniferoen taldeko zuhaitz motak gehienak.