Geografia unibertsala»Geografia
Belar lurrak, basamortuko landaredia eta tundra
Belar lurrak, bai tropikoetako belar sabanak,
bai latitude ertaineko belar zelaiak eta estepak,
klima subheze eta erdilehorrekin daude lotuak.
Gaur egun, klimaz gainera, erliebea, lurrak, gizakiaren eragina
?sua batez ere? eta beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan
belar lurren banaketa aztertzean.
Belarrek hiru ezaugarri nagusi dituzte:
1. Belarrek kaltzio kopuru handiak behar dituzte,
eta horregatik loratzen dira lurrak kare asko daukan eremuetan.
2. Belarrak nahiko ondo egokitzen dira
aldi heze luzeetara eta lehorte gogorretara.
3. Belarrak urtero-urtero hazten dira, baita erreagatik ere.
Hostoak suntsitu arren, sustraiek bizirik irauten dute,
eta gai dira hurrengo sasoi euritsuan hazteko.
Belar sabanak
Belar sabana tropikalak era askotakoak
izaten dira; badira belar hutsa direnak, eta
badira belar eta zuhaitz sakabanatuen nahasketa
direnak ere, baina batzuetan zuhaitz
horiek baso txikietan biltzen dira. Belar lur
tropikal mota horretakoak badira bai sabana
tropikaletan, eta bai estepako klimetan.
Euri gutxi ala asko egin, eta leku batean
ala bestean hazi, hartara izaten da belarra
handiagoa ala txikiagoa. Afrikako eta Asiaren
hegoaldeko belarrak nahiko handiak
dira; Hego Ameriketakoak, berriz, gutxitan
izaten dira bi metro baino handiagoak, eta
asko eta asko badira askoz ere txikiagoak.
Tropikoetan ez dago latitude ertainetan
izaten den belardi jarraitu mota hori. Sabanako
belarren hostoak gogorrak eta tenteak
dira, eta kimu gazteak baino ez dira izaten
artzaintzarako onak. Beraz, artzainek urtaro
lehorrean erretzen dute belarra, urtaro
euritsuan berriz haz dadin. Belarra behin
eta berriz erretze horrek ekartzen du, aldez
bederen, belardirik ez egotea eta eremu
soilduak sortzea belar multzoen artean.
Belar sabana tropikalak eremu aski
lauak izaten dira maiz, eta ur hustubideonekoak. Belar landaredi hori gizakiak behin
eta berriz eragindako suteeen ondorioz
izaten da askotan. Belarrak, iraun, irauten
du lur errean, baina hosto iraunkorreko zuhaitzek
leku garaiagoetan edo leku babestu
jakin batzuetan baino ezin dute iraun.
Belar sabanek eremu guztiz zabalak estaltzen
dituzte Venezuelako zabaldietan, eta
Brasilgo hego-mendebaleko «lur zingiratsuetan».
Afrikan zerrenda zabal batean hedatzen
dira, Sudanen zehar, Ozeano Atlantikotik
ekialdeko lurralde garaietara, eta hegoalderantz,
Tanzania eta Mozanbikerantz. Madagaskarkomendebalean ere hazten da
belar sabana, eta baita Australiako barnealdean
ere, erdialdeko basamortuaren inguruan,
ekialdeko eta mendebaleko ertzetan
zehar batez ere.
Hala beraz, sabanek ordokiak eta tropiko
arteko goi ordoki zabalak hartzen dituzte,
eta eremu horietan eragin handia izaten
du prezipitazioak urtaroka izateak eta
lurreko geruza finak. Urtaro euritsuaren
bukaeran landaredia agortzen hasten da.
Asko eztabaidatu izan da sabanen jatorria;
egile batzuek gizakiak eragindako suntsitzearen
ondorio direla esaten dute; beste batzuek,
berriz, uste dute klimax egoerak sortua
dela sabana (komunitate biologiko baten
orekaren azken aldiari eta komunitate
horren gehienezko garapen biologikoari
dagokio klimax kontzeptua, inguruneak eskaintzen
dituen ahalmenen baitan). Azken
hipotesi hori bide da onartuena.
Latitude ertainetako belar lurrak
Belar lur tropikaletan, jatorria edonolakoa
dutelarik ere, zuhaixka edo zuhaitz
sakabanatuak agertu ohi dira beti. Latitude
ertaineko belar lurraldeek, aldiz, ez dute
normalean zuhaitzik izaten, ibaien inguruan
izan ezik. Belarrek estuak, iraunkorrak eta
oso gogorrak izaten dituzte hostoak. Sustraiak
ez dira sakonak izaten, eta belardi
nahasia osatzen dute, eta horrek euriaren
ura gordetzen du eta higadura eragozten.
Latitude ertainetako ordokiak, urteko prezipitazioa
250-750 milimetrokoa dutenak,
itxuraz klimaxean dauden belar lurraldeak
izaten dira. Eremu horietan neguak gogorrak
eta ia lehorrak, eta udak epelak edo
beroak izaten dira normalean; gehieneko
prezipitazioak udaberriaren bukaeran edo
udaren hasieran izaten dira. Latitude ertaineko
belar lurrak batez ere kontinenteen
barrualdeetan egoten dira beraz, eta zabalagoak
izaten dira Ipar Hemisferioan Hego
Hemisferioan baino. Belar lurretan lau mota
bereizten dira, egituraz antzekoak, bainalore mota desberdinekoak: 1) Ipar Ameriketako
erdialdeko edo mendebaleko zelaiak,
2) Sobiet Batasun ohiko estepak, 3) Argentinako
Pampa, eta 4) «veld» esaten zaien
lurretan sakabanaturiko belar lurrak (veld
horiek, berez, Hego Afrikako barnealdeko
goi ordokietako belardi eremuak dira),
Hego Afrikan, Australiako hegoaldean, eta
Zeelanda Berriko mendebaleko itsasertzean.
Leku horietan guztietan jatorrizko belarrak
oso aldaturik daude, edo, bestela, guztiz
suntsitu izan ditu artzaintzak, nekazaritzak,
eta landare arrotzak landatu izanak.
Ipar Ameriketako erdialdean eta iparraldean
ia guztiz desagertu dira jatorrizko zelaiak.
Zenbat eta mendebalerago joan, orduan
eta belardi gutxiago eta lur aski soildu
gehiago izaten da, belar multzo sakabanatuak
izaten dituztela lur soildu horiek.
Zelai horren parterik handiena, ustez, indiarrek
behin eta berriz egiten zituzten suteen
ondorio da, errituak egiteko pizten baitzituzten
suak, eta, beharbada, belarra basoaren
hedatze gehiegizkotik babesteko.
Sobiet Batasun ohiko goi ordokiek konifero
basoaren hegoaldeko eta barrualdeko
basamortuaren iparraldeko eskualde
zabalak hartzen dituzte, Europaren ekialdetik
Asiarara bitarte. Ordoki horiek ere asko
gutxitu ditu nekazaritzak.
Argentinako Pampako lurralde belartsuak
eragile edafikoek ?lurrari dagozkionak?
eta suak sortuak dira gehienbat. Nolanahi
dela ere, gaurko belar gehienak Europako
mendebaletik eramanak dira; Ipar
Ameriketan bezalaxe, ia osorik erauzi da
jatorrizko belardia.
Afrikaren hegoaldeko eta Australiaren
hegoaldeko belar lurraldeak ere iparraldeko
esteparen eta Ipar Ameriketako zelaien
antzekoak dira.
Basamortuko landaredia
Ezaugarri xerofito nabarmenak dituzten
landareak (ur gutxiko inguruneetan bizitzera
moldatutakoak) han-hemen barreiatuta egoten
dira, eta lur gorriz edo oso landare txikiak
hazten diren lurrez daude elkarretatik
bereiziak. Lehorte bortitzak onez eramateko
egokiturik daude, eta badute horretarako
modu bat baino gehiago. Zuhaixka zurtsuek
sustrai luzeak dituzte, lurpetik aski hezetasun
eskuratu ahal izateko. Beste ezaugarri
xerofito batzuk ere badituzte, azal lodiko
enbor laburrak eta hosto iraunkorrak, besteak
beste. Lehortea onez eramateko, basamortuko
landare batzuk ia erabat lehortzen
dira, beren buruari kalterik egin gabe,
eta hilda daudela ematen duen arren, piztu
egiten dira euriteen ondoren. Beste landare
batzuek, kaktusek esaterako, ura gordetzendute zurtoinean edo beste organo batzuetan.
Landare mota hauek urtsuak izaten
dira normalean, sustrai sistema ondo
garatu bat izaten dute gainazaletik hurbil,
eta era horretara hartzen dute lurreko hezetasuna,
hartzea daukatenean, jakina. Basamortuko
beste landare batzuk beren hazien
erresistentzia izugarriari esker bizi dira.
Hazi horiek, iraun, zenbait urtez irauten
dute lurraren gainean, harik eta lurrak behar
adina hezetasun xurgatzen duen arte.
Lurrak landareen bizi zikloak asetzeko bezainbat
hezetasuna duenean, haziak ernamuindu
egiten dira, landareak hazi egiten
dira, eta hazi multzo berri bat sortzen dute
denbora tarte oso laburrean. Beste landare
batzuek txikiak direlako eta oso ur gutxi
behar dutelako irauten dute bizirik. Landare
batzuk hain dira txikiak, non begiraldi
batean ezin ikus baitaitezke, lupaz ez bada.
Basamortu esaten zaio, oro har, urteko
prezipitazioa 200 milimetro baino gutxiagokoa
duen lur eremuari, baina kopuru hori
bera baino askoz garrantzitsuagoa da prezipitazio
horiek urtean zehar nola banatzen
diren jakitea. Hala, Arizona hegoaldean eta
Mexiko iparraldean bi garai euritsu izaten
dira hain zuzen urtean zehar. Sahara iparraldean
eta Australiako basamortuaren hegoaldean,
bestalde, neguan egiten du euria.
Sahara hegoaldean, Namibiako basamortuan
eta Australiako basamortuaren
iparraldean, aldiz, udan egiten du euria.
Tundra
Tundra hitza Finlandiako iparraldeko
eremu zuhaitzik gabea adierazteko Laponian
erabiltzen den esamolde bat da. Eremu
horretan ez dira hazten belar eta zuhaixkabatzuk, eta likenak eta goroldioak
baizik. Geobotanikan eremu polarretako
landareak adierazteko erabiltzen da gaur
egun tundra hitza. Nekez adieraz daitezke
hitz gutxitan hain lurralde zabalaren ezaugarriak,
?taiga? edo konifero basoen iparraldeko
muga Ipar latitudeko 72°-tan baitu
tundrak, Siberia erdialdean alegia, eta 53°tan
orobat, Labradorreko penintsulan eta
Alaskan. Hala ere, lau mota nagusi bereizten
dira: landare mamitsuko tundra, belar
tundra, zuhaixka tundra eta tundra zuhaiztuna.
Segida hori latitudearen araberakoa
da, beheranzkoa, baina gerta daiteke leku
jakin batzuetako baldintza bereziek segida
hori aldatzea: haizeak, elurrak, etab.
Tundran loreak urri dira eta daudenak
mota berekoak denak, oso giro latza baita
hangoa: aldi begetatiboa laburra da, hiru
hilabetetik beherakoa beti; hilabete beroenean
tenperatura batez beste 5 °Ctik 10 °C
bitartekoa izaten da; prezipitazio kopurua
ere urria da, 300 milimetro baino gutxiago
beti, eta gehienetan hortik behera; azkenik,
lurra izoztuta egoten da beti, eta horri «permafrost»
esaten zaio. Hego Hemisferioan
askoz lore gutxiago dago oraindik. Kanadako
iparraldeko uharteetan (urtaro begetatiboa
bi hilabetekoa da han, eta prezipitazioak
oso-oso urriak dira), badira sakonguneetan
belar landare bakan batzuk
(dryas eta saxifraga, adibidez) oso modu
irregularrean banatuak, hegaletan ordea ez
dago landarerik. Giroa zertxobait epelagoa
den lekuetan (urtaro begetatiboa pixka bat
luzatzen denean edo itsasoak eraginik baduenean,
adibidez) tundrak belarra eta zuhaixkak
izaten ditu. Azkenik, taigatik tundrarako
trantsizio zerrendan tundrak zuhaitzak
izaten ditu, koniferoen taldeko zuhaitz
motak gehienak.