Geografia unibertsala»Geografia
Latitude ertain eta garaietako basoak
Subtropikotik subartiarrerainoko klima guztiak hartzen dituenez,
landare elkarte aniztasun handia sartzen da izenburu honen azpian.
Esan liteke, nahiz eta beti ez den betetzen, latitudean gora egin ahala,
hosto erorkorreko basoak agertzen direla, bai klima subtropikal eta
Mediterraneokoetan, eta bai klima kontinental hezeetan; klima
subartiarretan eta latitude ertaineko itsas klimetan, berriz, konifero
basoak eratzen dira (klima bereziki gogorra den tokietan, aurki daitezke
hosto erorkorreko koniferoak ere). Elkarte horien ertz subtropikal hezeetan,
basoa oihan heze tropikalaren antzekoa da, baina, lurburuen aldera
egin ahala, areagotu egiten da uda labur aktiboaren eta negu luze ez
aktiboaren arteko aldea. Negua hotza da eta ura izoztu egiten da;
horrela, landareak xerofito bihurtzen dira (hau da, ur kopuru urriko
tokietan bizitzera egokituak) bizirik iraun ahal izateko.
Subtropiko hezeetako hosto iraunkorreko basoak
Mota honetako basoak klima subtropikal
hezea den tokietan hazten dira. Oihan tropikala
baino apalagoak dira eta ez hain oparoak;
landare igokari, epifito eta enbor finko
gutxiago dute, eta gehiago igartzen dira urtaroen
gorabeherak, hosto erorkorreko zuhaitzak
ere hazten baitira tartean. Horrelako
basoak Estatu Batuetako Mexikoko Golkoko
itsasertzean daude, eta baita -eremu handiagoetan
gainera– Japoniaren eta Txinaren
hegoaldean, Afrikaren hego-mendebalean
eta Australiaren hego-ekialdean ere.
Estatu Batuetako hego-ekialdeko basoetan
haritz hosto iraunkorra da nagusi, nahiz
eta asko dagoen magnolio hosto iraunkorra
ere. Basoa zenbait faktore ez klimatikoren
mende dago, hala nola lur hareatsuak,
drenaje urria eta suteak. Drenaje urriko eskualdeetako
landaren artean altzifre soilduak
izaten dira nagusi, eta toki hareatsuetan eta
maiz kiskaltzen direnetan pinua hazten da
haritzaren eta magnolioaren ordez.
Ipar Hemisferioko beste baso heze epel
batzuetan, haritzak, ereinotzak eta magnolioak
izaten dira ugarienak. Zuhaixka asko
izaten da, eta geruza trinko eta itxia eratzen
dute; era berean, oso ugariak dira landare
igokari zurtsuak, epifitoak eta iratzeak.
Mediterraneoko hosto iraunkorreko basoak
Mediterraneoko kliman, uda lehorra eta
negua biguna eta hezea izan ohi delarik, basoa
hosto iraunkorra izaten da, tartean konifero
batzuk direla. Mediterraneoko arboladia,
gizakiaren eragin handirik ez den tokietan,
metro bat eta hiru metro arteko zuhaixka
nahas-mahas bat izaten da. Hosto iraunkorreko
arte apal eta biribilduak dira zuhaitz gehienak,
baina Australian eukaliptoak dira gehienak.
Zuhaitz eta zuhaixka hauek egokiak dira
udako lehortea jasateko, hostoek, txikiak,
gogorrak eta argizaridunak izanik, oztopatu
egiten baitute gainaldeko uraren galera.
Zuhaitz enborrak motzak izaten dir eta azal
lodikoak; sustraiak, berriz, sakonak. Hezetasunak
gutxitu egin behar du eta tenperaturak
gora egin udaberrian, belar landare asko eta
asko loratuko badira eta hazia emango badute.
Udazkenean, berriz, hezetasuna handitzea
eta tenperaturak behera egitea lagungarria
zaie landare horiei berei ernamuintzeko.
Mediterraneoko baso gehienak gizakiaren
eraginez aldatuak daude, eta, hala, gaur
egungo landaredia batez ere sastrakaz dago
osatua. Zuhaixka hosto iraunkorrak eta hosto
erorkorrak nahasten dira sastrakadi horretan;
Kalifornian txaradi esaten zaie, eta makia edo
garriga Mediterraneo aldean.
Hosto erorkorreko basoak
Baso hauetako zuhaitz gehienek hostoak
galtzen dituzte neguan. Garai batean
Europa epelaren, Asia ekialdearen
eta Estatu Batuen ekialdearen parterik
handienak estali zituen landaredi mota
honek. Eskualde horiek negu hotz-freskoak
izaten dituzte eta uda epelak, eta
euri maila egokia urte osoan zehar. Fisiologiaren
ikuspuntutik (izaki bizien
funtzioak aztertzen dituen biologiaren
atala da fisiologia), negua da aro lehorra,
bai tenperatura apalek sustraien ur
xurgatzea oztopatzen dutelako, bai denboraldi
batzuetan ura izoztuta egoten delako.
Gehiegizko hezetasun galera eragozteko,
landareek hostoak galtzen dituzte,
haietatik galtzen baitute hezetasun
gehiena.
Latitude ertaineko baso hosto erorkorrek
zuhaitz garaiz osatutako geruza bakarra
izaten dute, baina izaten da zuhaixka
eta zuhaitz gaztez eraturiko beste geruza
bat ere, nahiz eta jarraipen gabea izan.
Baso barrua irekia izaten da, oro har, eta
udan oihan tropikaletan baino ondotxoz
argitasun gehiago izaten da. Belar motx
iraunkorrei udaberrian goiz hazten zaizkie
kimuak eta hostoak, eta basoko hostotza
erabat zabaldu aurretik loratzen dira
eta ematen dute fruitua. Udan ihartu egiten
dira landare txiki horiek, edo, bizirik
irauten badute ere, ez dute jarduerarik
izaten.
Latitude ertaineko baso hosto erorkor
guztiek antzeko egitura izaten dute, eta
antzekoak izaten dira hostoen eginkizunak
ere, baina, loreei dagokienez, badira
desberdintasunak. Pleistozenoan (Laugarren
aroko hasierako aldia, milioi bat urte
iraun zuena, eta Europan lau izotzaldi izan
zirenekoa), Europako mendebalean eta
erdialdean, basoa harrapatuta zegoen inlandsisaren
eta Alpeetatik zetozen mendi
oinetako hormategien artean. Hori zela
eta, desagertu egin zen landare mota asko.
Estatu Batuetan eta Txinaren ekialdean,
izotz eremuak zabaltzen ziren neurrian,
bazegoen hegoalderanzko migraziorako
aski leku. Hori dela eta, Europakoak baino
ugariagoak eta oparoagoak dira gaur
egun Ameriketako eta Asiako basoak. Haritz,
pago, urki, intxaur, astigar, zumar,
lizar, pinu eta konifero mota asko dago
Ipar Ameriketan. Txinako ekialdean ordea,
gizakiaren milaka urteetako bultzadapean,
jatorrizko basoaren parte txiki
batek baino ez du iraun.
Latitude epeletako konifero basoak
Koniferoek hosto estuak izaten dituzte,
orratz formakoak edo, batzuetan, ezkata
formakoak. Hosto horiek etengabe aldatzen
dira urte osoan zehar. Gehienek izerdi gomatsua
izaten dute, azala lodia eta sustrai
sistema ondo garatua. Konifero gehienak
hosto iraunkorrekoak dira, eta kono itxurako
fruituak ematen dituzte; hortik datorkie
izena, hain zuzen.
Konifero basoak latitude ertainetako
prezipitazio eta tenperatura errejimen ezberdinetan
hazten dira, eta, inoiz, baita
hosto erorkor eta zabaleko zuhaitzekin nahasian
ere. Tropiko aldera ere haz daitezke,
pinua baita zuhaitz genero hedatuenetakoa,
eta Ipar Hemisferioko toki gehienetan aurki
daiteke, lur hareatsuetan edo lurralde
garaietako aldapetan. Hala ere, oso gutxi
dira latitude epeletan mundu eskalako mapa
batean agertuko liratekeen konifero basoak.
Europan eta Ekialde Urrunean, garai batean
baso zabalak izan zirenen hondar batzuk
baizik ez dira ageri; baina Ipar Ameriketan
badira oraindik eremu zabalak.
Ozeano Barearen ipar-ekialdean, tenperatura
moderatuei eta neguko prezipitazio
ugariei esker konifero baso sarria mantentzen
da, Britaniar Columbiaren hegoaldetik
Kaliforniaren iparraldera bitartean (Estatu
Batuetan). Baso honetan daude munduko zuhaitzlodien eta garaienetako batzuk, kostaldeko
pinu erraldoia eta Douglas izeia, esaterako:
100 metro pasa luze eta 20 metro baino
gehiagoko perimetroa izatera iristen dira.
Estatu Batuetako hego-ekialdeko pinudiak
Atlantiko aldeko eta Mexikoko Golkoaren
kostaldeko ordokietako eskualdeak
(New Jerseytik Texaseko ekialderaino) hartzen
dituen konifero baso zabal bat dira.
Pinu horiek adar angelutsuak dituzte, azala
lodia eta gorrixka, eta adaburua ez oso bildua.
Garai batean, Aintzira Handien hegoaldeko
kostaldean zen beste konifero baso
handi bat, Minnesotaren iparraldetik ekialderantz
Maine alderaino heltzen zena. Klima
kontinentaleko baso horretan –neguak
hotzak, udak freskoak eta prezipitazio moderatuak–
pinu zuria, pinu gorria eta izeia
ziren nagusi.
Latitude garaietako konifero basoak
Amerika, Europa eta Asiako klima
subartiarretan hazten den konifero basoari
«taiga» esaten zaio. Batera hartuta, horixe
da munduko baso eremu zabalena. Koniferoak
nagusi diren arren, hala nola alertzea,
izeia eta pinua, badira sahatsa, urkia
eta haritza ere. Xerofito direnez (ur gutxiko
inguruneetara egokituriko landareak), gai
dira subartiarrean bizirik irauteko, zorua,urtero, denboraldi luze batez izoztuta egoten
baita; udan bestetan ez da izaten hezetasun
erabilgarririk, eta udak, inguru horietan,
hilabetetik hiru hilabetera bitartekoak
izaten dira. Udan ere, sustraiek eragozpenak
izaten dituzte ura ongi xurgatzeko, hotza
eta lurraren azidotasuna direla eta. Neguak
luzeak, eta udak laburrak eta hotzak
direnez, hazkuntza motela izaten da, eta zuhaitzak
ez dira oso handiak izaten: zuhaitzen
goratasuna, askotan, ez da hamabost
metrotara iristen, eta enborren diametroa
berriz metro erdia baino txikiagoa izaten da.
Zuhaitzak lodiagoak dira baso subartiarraren
hegoaldeko ertzean, udak luzeagoak eta
epelagoak izaten baitira; baina basoaren
iparraldeko ertza zuhaitzen hazkuntzaren
muga klimatikoan dago, eta hazkuntza urtaroa,
hortaz, oso laburra eta hotza izaten
da. Zuhaitzak oso txikiak dira; berrogeita
hamar urte baino gehiagoko zenbait zuhaitzak
ez dira metro t’erdira ere iristen.
Siberiaren erdialdean eta ekialdean,
neguak, oso hotzak ez ezik, guztiz lehorrak
ere izaten baitira, landareek hezetasun
gehiegi galtzen dute. Baldintza horietan
irauteko, konifero batzuei hostoak nahitaez
erori behar zaizkie. Siberiako klimak ez die
behar bezala hazten uzten zuhaitzei, ez
bakarrik neguak lehorrak eta udak laburrak
direlako, baita lur azpia etengabe izoztua
egoten delako ere. Horren ondorioz, zuhaitzak
oso txikiak dira, sustraiak ere laburrak
dituzte, eta oso-oso motel hazten dira.
Euskal Herriko landaredia
Morfologia, klima eta edafologia ezaugarriak
kontuan harturik, bi sail nagusi bereizten
dira Euskal Herriko landaredian:
atlantikoa eta Mediterraneokoa. Bi eremu
horien artean ez dago, ordea, muga zehatzik,
elkarri eragiten baitiote. Horrek
trantsizioko eremu bat sorrarazten du, eta,
bestalde, mendialde garaietan, mendiko
landaredia ere bada.
Euskal Herriaren zati bat estaltzen
duen landaredian aldaketa handiak gertatu
dira. Hori dela eta, jatorrizko egoera
hondarreko esparru txikietan baino ez da
gorde. Aldaketa horiek guztiak ontziolek,
burdinolek, laborantzak eta abeltzaintzak,
paper industriak, eta abarrek eragin dituzte.
Horrela, landare autoktonoak zituzten
eremu zabalak desagertu dira, eta, kasu
batzuetan, berehala errentagarri diren zuhaitz
motak –hala nola eukaliptoa edo
insignis pinua– landatu dira jatorrizkoen
ordez.Atlantiko aldeko landaredi naturala.
Europako mendebaleko landare paisaje
ohikoa da. Baso mesofiloa da, hau da, tenperatura
eta prezipitazio ertainak eskatzen
dituena, eta hosto zabal, lau eta erorkorreko
zuhaitzak hazten dira.
Haritza, pagoa eta gaztainondoa dira landare
mota nagusiak. Haritzetan, badira haritz
txortenduna (silize lurretan eta azidoetan),
ametza (lur kare-harritsuetan eta garaietan)
eta erkametza (alde lehorragoetan). Haritz
txortendunez eratutako hariztien galeratik
«baso argitsua» deritzana eratzen da, ametzez,
gorostiz eta astigar zuriz osatua; hurrengo
faseetan, pinua, sastrakak eta otalurra eratzen
dira, hurrenez hurren.
Pagoak nahiago ditu azidotzeko joerarik
ez duten lurrak. Normalean haritza baino
lur garaiagoetan hazten da. Pagadi baten
endekatze prozesuan, lehenengo «baso
argitsua» agertzen da, gorosti, lizar, eta abarrez
osatua, eta ondoren, txilar, ahabi, etaabarrez eratutako txaradi bilakatzen. Azkenean,
pinudi eta sasitza bihurtuko da.
Gaztainondoa azidotasun apur bat duten
lur buztintsuetan hazten da.
Koniferoak, insignis pinua bereziki,
landatze lanen ondorioz hazten dira.
Otalurra basoa endekatu izanaren ondorioz
sortua da, eta oso eremu zabala hartzen
du Euskal Herrian. Txilar, isats eta antzeko
zuhaixkez osatutako landare geruza
bat eratzen du, eta izaten dira, halaber ,
landare lastodunak, goroldioak eta likenak.Mediterraneoko landaredi naturala.
Baso esklerofiloa da, hosto larru antzekoak,
txikiak, horzdunak eta batzuetan
arantzadunak dituzten zuhaitzez osatua.
Landareek enbor zurtsua izaten dute, eta
sustrai sakonak. Mota hosto iraunkorrak
dira. Artea da landaredi honetako zuhaitzik
adierazgarriena, nahiz eta asko galdu
den, eta haren lekuan abaritza, otabera,
izpilikua, erromeroa eta abar hazten dira.
Basa pinua, pinu bihurria eta ezpela ere
badira.Mendiko landaredia.
Landaredi mota hau Pirinio aldean
eta gailurrik gorenetan ageri da. Behereneko
mailan artea (penintsulako Euskal
Herrian izan ezik), haritza eta otalurra
hazten dira, 700 metroko goratasuneraino
isurialde laiotzetan eta 900 metrotaraino
egutera aldean. Ondoren pagoen
eta basa pinuen maila dator, laiotzean
1.400 metrotaraino heltzen dena, eta
1.700 metrotaraino eguteran. Hortik aurrera,
basa pinua eta pinu beltza ageri
dira, 1.800 metrotaraino. Belardiak eta
lore alpinoak eta subalpinoak besterik
ez dago hortik gora.