Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Latitude ertain eta garaietako basoak

Subtropikotik subartiarrerainoko klima guztiak hartzen dituenez, landare elkarte aniztasun handia sartzen da izenburu honen azpian.

Esan liteke, nahiz eta beti ez den betetzen, latitudean gora egin ahala, hosto erorkorreko basoak agertzen direla, bai klima subtropikal eta Mediterraneokoetan, eta bai klima kontinental hezeetan; klima subartiarretan eta latitude ertaineko itsas klimetan, berriz, konifero basoak eratzen dira (klima bereziki gogorra den tokietan, aurki daitezke hosto erorkorreko koniferoak ere). Elkarte horien ertz subtropikal hezeetan, basoa oihan heze tropikalaren antzekoa da, baina, lurburuen aldera egin ahala, areagotu egiten da uda labur aktiboaren eta negu luze ez aktiboaren arteko aldea. Negua hotza da eta ura izoztu egiten da; horrela, landareak xerofito bihurtzen dira (hau da, ur kopuru urriko tokietan bizitzera egokituak) bizirik iraun ahal izateko.

 

Subtropiko hezeetako hosto iraunkorreko basoak

Mota honetako basoak klima subtropikal hezea den tokietan hazten dira. Oihan tropikala baino apalagoak dira eta ez hain oparoak; landare igokari, epifito eta enbor finko gutxiago dute, eta gehiago igartzen dira urtaroen gorabeherak, hosto erorkorreko zuhaitzak ere hazten baitira tartean. Horrelako basoak Estatu Batuetako Mexikoko Golkoko itsasertzean daude, eta baita -eremu handiagoetan gainera– Japoniaren eta Txinaren hegoaldean, Afrikaren hego-mendebalean eta Australiaren hego-ekialdean ere.

Estatu Batuetako hego-ekialdeko basoetan haritz hosto iraunkorra da nagusi, nahiz eta asko dagoen magnolio hosto iraunkorra ere. Basoa zenbait faktore ez klimatikoren mende dago, hala nola lur hareatsuak, drenaje urria eta suteak. Drenaje urriko eskualdeetako landaren artean altzifre soilduak izaten dira nagusi, eta toki hareatsuetan eta maiz kiskaltzen direnetan pinua hazten da haritzaren eta magnolioaren ordez.

Ipar Hemisferioko beste baso heze epel batzuetan, haritzak, ereinotzak eta magnolioak izaten dira ugarienak. Zuhaixka asko izaten da, eta geruza trinko eta itxia eratzen dute; era berean, oso ugariak dira landare igokari zurtsuak, epifitoak eta iratzeak.

 

Mediterraneoko hosto iraunkorreko basoak

Mediterraneoko kliman, uda lehorra eta negua biguna eta hezea izan ohi delarik, basoa hosto iraunkorra izaten da, tartean konifero batzuk direla. Mediterraneoko arboladia, gizakiaren eragin handirik ez den tokietan, metro bat eta hiru metro arteko zuhaixka nahas-mahas bat izaten da. Hosto iraunkorreko arte apal eta biribilduak dira zuhaitz gehienak, baina Australian eukaliptoak dira gehienak.

Zuhaitz eta zuhaixka hauek egokiak dira udako lehortea jasateko, hostoek, txikiak, gogorrak eta argizaridunak izanik, oztopatu egiten baitute gainaldeko uraren galera.

Zuhaitz enborrak motzak izaten dir eta azal lodikoak; sustraiak, berriz, sakonak. Hezetasunak gutxitu egin behar du eta tenperaturak gora egin udaberrian, belar landare asko eta asko loratuko badira eta hazia emango badute.

Udazkenean, berriz, hezetasuna handitzea eta tenperaturak behera egitea lagungarria zaie landare horiei berei ernamuintzeko.

Mediterraneoko baso gehienak gizakiaren eraginez aldatuak daude, eta, hala, gaur egungo landaredia batez ere sastrakaz dago osatua. Zuhaixka hosto iraunkorrak eta hosto erorkorrak nahasten dira sastrakadi horretan; Kalifornian txaradi esaten zaie, eta makia edo garriga Mediterraneo aldean.

 

Hosto erorkorreko basoak

Baso hauetako zuhaitz gehienek hostoak galtzen dituzte neguan. Garai batean Europa epelaren, Asia ekialdearen eta Estatu Batuen ekialdearen parterik handienak estali zituen landaredi mota honek. Eskualde horiek negu hotz-freskoak izaten dituzte eta uda epelak, eta euri maila egokia urte osoan zehar. Fisiologiaren ikuspuntutik (izaki bizien funtzioak aztertzen dituen biologiaren atala da fisiologia), negua da aro lehorra, bai tenperatura apalek sustraien ur xurgatzea oztopatzen dutelako, bai denboraldi batzuetan ura izoztuta egoten delako.

Gehiegizko hezetasun galera eragozteko, landareek hostoak galtzen dituzte, haietatik galtzen baitute hezetasun gehiena.

Latitude ertaineko baso hosto erorkorrek zuhaitz garaiz osatutako geruza bakarra izaten dute, baina izaten da zuhaixka eta zuhaitz gaztez eraturiko beste geruza bat ere, nahiz eta jarraipen gabea izan.

Baso barrua irekia izaten da, oro har, eta udan oihan tropikaletan baino ondotxoz argitasun gehiago izaten da. Belar motx iraunkorrei udaberrian goiz hazten zaizkie kimuak eta hostoak, eta basoko hostotza erabat zabaldu aurretik loratzen dira eta ematen dute fruitua. Udan ihartu egiten dira landare txiki horiek, edo, bizirik irauten badute ere, ez dute jarduerarik izaten.

Latitude ertaineko baso hosto erorkor guztiek antzeko egitura izaten dute, eta antzekoak izaten dira hostoen eginkizunak ere, baina, loreei dagokienez, badira desberdintasunak. Pleistozenoan (Laugarren aroko hasierako aldia, milioi bat urte iraun zuena, eta Europan lau izotzaldi izan zirenekoa), Europako mendebalean eta erdialdean, basoa harrapatuta zegoen inlandsisaren eta Alpeetatik zetozen mendi oinetako hormategien artean. Hori zela eta, desagertu egin zen landare mota asko.

Estatu Batuetan eta Txinaren ekialdean, izotz eremuak zabaltzen ziren neurrian, bazegoen hegoalderanzko migraziorako aski leku. Hori dela eta, Europakoak baino ugariagoak eta oparoagoak dira gaur egun Ameriketako eta Asiako basoak. Haritz, pago, urki, intxaur, astigar, zumar, lizar, pinu eta konifero mota asko dago Ipar Ameriketan. Txinako ekialdean ordea, gizakiaren milaka urteetako bultzadapean, jatorrizko basoaren parte txiki batek baino ez du iraun.

 

Latitude epeletako konifero basoak

Koniferoek hosto estuak izaten dituzte, orratz formakoak edo, batzuetan, ezkata formakoak. Hosto horiek etengabe aldatzen dira urte osoan zehar. Gehienek izerdi gomatsua izaten dute, azala lodia eta sustrai sistema ondo garatua. Konifero gehienak hosto iraunkorrekoak dira, eta kono itxurako fruituak ematen dituzte; hortik datorkie izena, hain zuzen.

Konifero basoak latitude ertainetako prezipitazio eta tenperatura errejimen ezberdinetan hazten dira, eta, inoiz, baita hosto erorkor eta zabaleko zuhaitzekin nahasian ere. Tropiko aldera ere haz daitezke, pinua baita zuhaitz genero hedatuenetakoa, eta Ipar Hemisferioko toki gehienetan aurki daiteke, lur hareatsuetan edo lurralde garaietako aldapetan. Hala ere, oso gutxi dira latitude epeletan mundu eskalako mapa batean agertuko liratekeen konifero basoak.

Europan eta Ekialde Urrunean, garai batean baso zabalak izan zirenen hondar batzuk baizik ez dira ageri; baina Ipar Ameriketan badira oraindik eremu zabalak.

Ozeano Barearen ipar-ekialdean, tenperatura moderatuei eta neguko prezipitazio ugariei esker konifero baso sarria mantentzen da, Britaniar Columbiaren hegoaldetik Kaliforniaren iparraldera bitartean (Estatu Batuetan). Baso honetan daude munduko zuhaitzlodien eta garaienetako batzuk, kostaldeko pinu erraldoia eta Douglas izeia, esaterako: 100 metro pasa luze eta 20 metro baino gehiagoko perimetroa izatera iristen dira.

Estatu Batuetako hego-ekialdeko pinudiak Atlantiko aldeko eta Mexikoko Golkoaren kostaldeko ordokietako eskualdeak (New Jerseytik Texaseko ekialderaino) hartzen dituen konifero baso zabal bat dira.

Pinu horiek adar angelutsuak dituzte, azala lodia eta gorrixka, eta adaburua ez oso bildua.

Garai batean, Aintzira Handien hegoaldeko kostaldean zen beste konifero baso handi bat, Minnesotaren iparraldetik ekialderantz Maine alderaino heltzen zena. Klima kontinentaleko baso horretan –neguak hotzak, udak freskoak eta prezipitazio moderatuak– pinu zuria, pinu gorria eta izeia ziren nagusi.

 

Latitude garaietako konifero basoak

Amerika, Europa eta Asiako klima subartiarretan hazten den konifero basoari «taiga» esaten zaio. Batera hartuta, horixe da munduko baso eremu zabalena. Koniferoak nagusi diren arren, hala nola alertzea, izeia eta pinua, badira sahatsa, urkia eta haritza ere. Xerofito direnez (ur gutxiko inguruneetara egokituriko landareak), gai dira subartiarrean bizirik irauteko, zorua,urtero, denboraldi luze batez izoztuta egoten baita; udan bestetan ez da izaten hezetasun erabilgarririk, eta udak, inguru horietan, hilabetetik hiru hilabetera bitartekoak izaten dira. Udan ere, sustraiek eragozpenak izaten dituzte ura ongi xurgatzeko, hotza eta lurraren azidotasuna direla eta. Neguak luzeak, eta udak laburrak eta hotzak direnez, hazkuntza motela izaten da, eta zuhaitzak ez dira oso handiak izaten: zuhaitzen goratasuna, askotan, ez da hamabost metrotara iristen, eta enborren diametroa berriz metro erdia baino txikiagoa izaten da.

Zuhaitzak lodiagoak dira baso subartiarraren hegoaldeko ertzean, udak luzeagoak eta epelagoak izaten baitira; baina basoaren iparraldeko ertza zuhaitzen hazkuntzaren muga klimatikoan dago, eta hazkuntza urtaroa, hortaz, oso laburra eta hotza izaten da. Zuhaitzak oso txikiak dira; berrogeita hamar urte baino gehiagoko zenbait zuhaitzak ez dira metro t’erdira ere iristen.

Siberiaren erdialdean eta ekialdean, neguak, oso hotzak ez ezik, guztiz lehorrak ere izaten baitira, landareek hezetasun gehiegi galtzen dute. Baldintza horietan irauteko, konifero batzuei hostoak nahitaez erori behar zaizkie. Siberiako klimak ez die behar bezala hazten uzten zuhaitzei, ez bakarrik neguak lehorrak eta udak laburrak direlako, baita lur azpia etengabe izoztua egoten delako ere. Horren ondorioz, zuhaitzak oso txikiak dira, sustraiak ere laburrak dituzte, eta oso-oso motel hazten dira.

 

Euskal Herriko landaredia

Morfologia, klima eta edafologia ezaugarriak kontuan harturik, bi sail nagusi bereizten dira Euskal Herriko landaredian: atlantikoa eta Mediterraneokoa. Bi eremu horien artean ez dago, ordea, muga zehatzik, elkarri eragiten baitiote. Horrek trantsizioko eremu bat sorrarazten du, eta, bestalde, mendialde garaietan, mendiko landaredia ere bada.

Euskal Herriaren zati bat estaltzen duen landaredian aldaketa handiak gertatu dira. Hori dela eta, jatorrizko egoera hondarreko esparru txikietan baino ez da gorde. Aldaketa horiek guztiak ontziolek, burdinolek, laborantzak eta abeltzaintzak, paper industriak, eta abarrek eragin dituzte.

Horrela, landare autoktonoak zituzten eremu zabalak desagertu dira, eta, kasu batzuetan, berehala errentagarri diren zuhaitz motak –hala nola eukaliptoa edo insignis pinua– landatu dira jatorrizkoen ordez.Atlantiko aldeko landaredi naturala.

Europako mendebaleko landare paisaje ohikoa da. Baso mesofiloa da, hau da, tenperatura eta prezipitazio ertainak eskatzen dituena, eta hosto zabal, lau eta erorkorreko zuhaitzak hazten dira.

Haritza, pagoa eta gaztainondoa dira landare mota nagusiak. Haritzetan, badira haritz txortenduna (silize lurretan eta azidoetan), ametza (lur kare-harritsuetan eta garaietan) eta erkametza (alde lehorragoetan). Haritz txortendunez eratutako hariztien galeratik «baso argitsua» deritzana eratzen da, ametzez, gorostiz eta astigar zuriz osatua; hurrengo faseetan, pinua, sastrakak eta otalurra eratzen dira, hurrenez hurren.

Pagoak nahiago ditu azidotzeko joerarik ez duten lurrak. Normalean haritza baino lur garaiagoetan hazten da. Pagadi baten endekatze prozesuan, lehenengo «baso argitsua» agertzen da, gorosti, lizar, eta abarrez osatua, eta ondoren, txilar, ahabi, etaabarrez eratutako txaradi bilakatzen. Azkenean, pinudi eta sasitza bihurtuko da.

Gaztainondoa azidotasun apur bat duten lur buztintsuetan hazten da.

Koniferoak, insignis pinua bereziki, landatze lanen ondorioz hazten dira.

Otalurra basoa endekatu izanaren ondorioz sortua da, eta oso eremu zabala hartzen du Euskal Herrian. Txilar, isats eta antzeko zuhaixkez osatutako landare geruza bat eratzen du, eta izaten dira, halaber , landare lastodunak, goroldioak eta likenak.Mediterraneoko landaredi naturala.

Baso esklerofiloa da, hosto larru antzekoak, txikiak, horzdunak eta batzuetan arantzadunak dituzten zuhaitzez osatua.

Landareek enbor zurtsua izaten dute, eta sustrai sakonak. Mota hosto iraunkorrak dira. Artea da landaredi honetako zuhaitzik adierazgarriena, nahiz eta asko galdu den, eta haren lekuan abaritza, otabera, izpilikua, erromeroa eta abar hazten dira.

Basa pinua, pinu bihurria eta ezpela ere badira.Mendiko landaredia.

Landaredi mota hau Pirinio aldean eta gailurrik gorenetan ageri da. Behereneko mailan artea (penintsulako Euskal Herrian izan ezik), haritza eta otalurra hazten dira, 700 metroko goratasuneraino isurialde laiotzetan eta 900 metrotaraino egutera aldean. Ondoren pagoen eta basa pinuen maila dator, laiotzean 1.400 metrotaraino heltzen dena, eta 1.700 metrotaraino eguteran. Hortik aurrera, basa pinua eta pinu beltza ageri dira, 1.800 metrotaraino. Belardiak eta lore alpinoak eta subalpinoak besterik ez dago hortik gora.