Geografia unibertsala»Geografia
Klima ozeanikoa eta Mediterraneokoa
Bai klima ozeanikoa eta bai Mediterraneokoa klima epelen multzo
handiaren baitan daude. Köppen-en definizioaren arabera, hilabete
hotzenean tenperatura batez beste -3°C eta 18°C bitartekoa dutenak
dira klima epelak, baina uda eta negua izatea da klima epel mota
ugarien ezaugarri bereizgarri nagusia, klima hotz eta beroek ez baitute
ezaugarri hori izaten, urtaro bat zein bestea falta zaienez.
Klima epela izatea askoz gehiago dagokio kokalekuari tenperatura
epelen errejimenari baino, epeltasun hori ez baita klima ozeanikoen
ezaugarria baizik. Klima mota horietan kontuan hartu beharrekoak
dira mendebaleko zirkulazio orokorra, tropikoko eta Iparburuko
airearen arteko jokoa, eta Iparburuko frontea eta hark tenperaturan,
hezetasunean eta haizearen norabidean eta lastertasunean eragiten
dituen aldaketa sakonak. Urtaroek baldintzatzen dute Iparburuko
fronte horren kokalekua eta ekaitzen norabidea, eta neguan egiten dute
ekaitz horiek hegoalderantz gehien. Tenperaturak eraginiko presio
handiek ez diete ekaitz multzoei kontinenteetako eremu zabaletara
igarotzen uzten neguan; udan ordea kontinenteetara iristen dira,
tenperatura gorenak jaitsi egiten baitira. Udan, subtropikoetako
beheratzea (airea geldi eta batera goiko geruzetatik lur azaleraino
jaistea esan nahi du horrek) iparralderago gertatzen da, eta horrek
egonkortasuna, berotze adiabatikoa, hodeiak barreiatzea, lehortasuna
eta euririk ez egitea ekartzen du Mediterraneoaren eremura.
Eguzkiaren goratasunak eta egunaren iraupenak urtero izaten duten
bilakaera ziklikoak eragin handia izaten du klima epeletan.
Klima ozeanikoa
Kostaldeetako zerrenda estu mendi handiz
mugatuek ?Mendi Harritsuek edo Ande
mendilerroak, adibidez? izaten dute, oro
har, klima ozeanikoa; Europa baizik ez
dago arau orokor horretatik salbuetsita,
hango ordokiek itsasoaren eragina izaten
baitute.
Iparburuko itsas aireen eta Iparburuko
fronteko ekaitzen eragina etengabea izaten
da klima ozeanikoa duten eremuetan, eta
eguratsaren egoera ezegonkorra, eguraldiaren
perturbazio etengabeak eta ibilbide luzeko
haizeak dira bazter horietako ezaugarri
nagusiak.
Ozeanoek eragiten duten tenperaturen
erregulazioak neguak epeltzen ditu etaIparburuko itsas aireak udak freskatzen
ditu, eta beraz tenperatura gorenaren eta
beherenaren arteko aldea ez da hain handia
izaten. Köppenek egin zuen klimen
sailkapenaren arabera, klima ozeanikoari
C sinboloa dagokio, «b» sinboloaz uda beroak
dituen klima mesotermiko hezea adierazten
da, eta «c» sinboloaz uda labur eta
freskoak dituena.
Euri kopuruari dagokionez, klima ozeanikoan
ez dago urtaro lehorrik, eta udazkenean
eta neguan egiten du euri gehien,
itsasoaren azaleko tenperatura lurrekoa
baino epelagoa baita.
Klima ozeanikoak dituen aldaeren artean,
Cfc formula duena mendebaleko itsas
bazterretako zerrendei dagokio, 50°tik gorako latitudeetan zerrenda horiek luzeagoak
izaten dira eta mendikate handiek mugatzen
dituzte, esate baterako, Ipar Ameriketako
Ozeano Bareko kostaldean, Txileko
hegoaldean eta Norvegian. Orografiak eragindako
euriteak dira hor nagusi, eta ur hori
guztia haizaldeko isurialdetik isurtzen da
(haizeak jotzen duen aldera dagoen mendi
hegaletik), ur kopuru handi-handiak isurtzen
direla urtean, bitik seira metro euri,
alegia. Köppenen sailkapenean Cfb zeinua
duten klima ozeanikoetan euria fronteek
eragindakoa izaten da gehienbat, euri gutxiago
egiten du, seiehunetik zortziehun
milimetrotara bitarte, baina kopuru hori
bikoiztu ere egiten da mendietan. Klima
hori du Britainiar Uharteen zati handienak,
Frantziako ordokiaren eremu handi bat ere
hartzen du, eta, kostaldeko zerrenda zabal
batean barrena, Jutlandiako penintsularaino
heltzen da.
Europako ordoki handian zenbat eta
gehiago barruratu, orduan eta ?kontinentalagoa?
da klima ozeanikoa, eta trantsiziozko
aldaerak izaten ditu, tenperaturak eta
euri errejimenek erakusten duten bezala.
Antizikloiak maiz izaten direnez, udan egiten
du euri gehien, neguan egin ordez, edo,
bestela, udaberrian eta udazkenean, baina
neguan gutxien betiere.
Europan, mendebaleko kostaldeko itsas
klimak hosto erorkorreko basoa du landaredi
ugariena, baina oso mota desberdineko
landareak izaten dira leku batetik bestera.
Mendebaleko Europak udako hostodun
basoa du, Ipar Ameriketako mendebaleko
kostaldeak, berriz, koniferoen basoak.
Ozeano Bareko ipar-ekialdeko kostaldeko
mendikateetan Oregoneko pinua, izeia, etaVirginiako ipurua dira zuhaitz ugarienak.
Txileko eta Zeelanda Berriko basoek mendebaleko
kostaldeko itsas klima dute, eta
klima euritsu edo epeleko basoa da han
nagusi.
Mendebaleko kostaldeko itsas klima eta
koniferoen basoak dituzten eskualdeetako
lurrak oso lixibiatuak dira, podzol esaten
zaie, eta azidoak dira izatez. Tropikoetako
klima beroetan ez bezala, beste hauetan
bakterioek ez dute eragin handirik izaten,
tenperaturak hotz samarrak izaten baitira;
landare-gaiak ez dira ahitzen, eta humus
ugari biltzen da lurraren azalean. Landareak
desegiten direnean sortzen diren azido organikoek
lurraren osagaiekin erreakzionatzen
dute, eta kaltzio, sodio eta potasio
baseak eratzen dituzte. Europa mendebaleko
lurrak podzol motakoak dira, grisarreak,
eta erdiko latitudeetan hosto erorkorreko
basoei dagokie oro har. Lur mota
hori ez da izaten arestian aipatu dena bezain
lixibiatua, eta egokia izaten da nekazaritzarako,
oro har.
Mediterraneoko klima
Latitudeen eraginez trantsiziozko klimaren
ezaugarriak izaten dituzte Mediterraneo
motako klimek, eta hala, urtaroka txandakatzen
dira mendebaleko zirkulazio orokorra
eta tropikoko beheratzea; aldi berean
meridianoetako zirkulazioek eragin handia
izaten dute tenperaturan eta eurian.
Mediterraneoko klimaren ezaugarri nagusi
bat udako lehortea izaten da, goialdeandagoen aire beroak beherantz egiten
baitu eta orduan aire hotzak hartzen
baitu haren lekua. Udan maiz gertatzen da
lur azaleko presio guneetako tenperaturak
behera egitea egunean zehar, eta bero
gehien egiten duen orduetan eratu ondoren,
desagertzea arratsean presio gune
horiek. Azaleko depresioak izaten dira
horiek, azpikozgoratuak, eta antizikloiak
ekartzen dituzte. Baldintza horietan, konbekziozko
fenomenoek askotan hauts zirimolak
sortzen dituzte giro lehorrean, edo
eguraldi onaren ezaugarri diren kumulu
hodeiak bestela, eta oso noizean behin
baizik ez bero handi-handiak eragindako
ekaitzak eta euri jasak (tximista askokoak
baina gutxi irauten dutenak).
Udako lehortea alde batera utzirik, gainontzeko
urtaroetako euriak meridianoetako
zirkulazioek eragindakoak izaten dira
gehienbat, eta fronteak eratzen dituzte
(frontogenesia) ur epelen eraginez, «tanta
lehorra» esaten zaion gertaera eragiten dute,
etab.
Ez du euri askorik egiten, mendi garaietan
izan ezik, eta harritzekoa izaten da
urteko batez bestekoa mila milimetrotatik
gorakoa izatea, eta asko dira 500 milimetro
jasotzen ez dituzten behatokiak. Euriari
dagokionez gorabehera handiak izaten dira
urtean zehar, euri gutxi egiten duen eremuetan
batik bat, koefizienteak hirutik hamarrerakoak
izaten baitira. Egun euritsuen
kopuruak ez dira onenean ehunera iristen,
eta asko dira berrogeita hamar egun euritsu
baino gutxiago izaten dituzten behatokiak.
Klima mota honetako tenperaturak epel
samarrak izaten dira oro har, eta eremuaskotan ez da tenperaturaren aldetik negurik
izaten, udan bero handia egiten baitu.
Neguko hiletako tenperaturak sei gradu
zentigradutatik gorakoak izaten dira batez
beste, eta, askotan, 10° zentigradutatik gorakoak
ere bai; hilabete beroenean tenperatura
ez da 22 gradu zentigradutatik jaisten,
baina badira bi salbuespen nabarmen
?Kaliforniako kostaldea eta Txile erdialdea?,
korronte hotzek udak epeltzen baitituzte eta
urte osoko tenperaturen arteko aldea txikitzen.
Beroaldiak eta hotzaldiak izaten dituzte
tarteka Mediterraneoko klima duten
eremuek. Zeruak oskarbi egoten dira, eta
eguzki aldiak ehuneko 55etik ehuneko 80
bitartekoak izaten dira. Baldintza horietan,
lurruntze eta izerditze potentziala oso handia
izaten da, eta meteorologia estazio batzuek
metro batetik gorako balioak ere
neurtu izan dituzte.
Lehortea udako beroaldiarekin batera
izaten dutenez, Mediterraneoko klima duten
lurraldeek ur falta handia izaten dute
uda erdialdean eta bukaeran. Neguko euriek
berehala berdintzen dute hezetasun
falta hori, eta udaberri hasieran hezetasun
gehiegi izaten da.
Uda lehorreko eta negu hezeko klima
oso gauza berezia izaten da klima moten
artean, eta oso landaredi berezia sortzen du:
zuhaitz eta zuhaixka esklerofilo (hosto lodi,
gogor, zailak dituztenak eta lehortean ondo
irauten dutenak) beti berdeak dira, eta baso
esklerofiloa deitua osatzen dute. Zuhaitzek
eta zuhaixkek udako lehorte gogorra jasan
behar izaten dute lurruntze handiko eta iaeuririk gabeko bizpahiru edo hiruzpalau hilabetez.
Mediterraneoko klima duten eremuetako
lurrak gaztainkara gorrixkak eta arre
gorrixkak izaten dira, klima erdielkorretakoak
bezalatsu. Mediterraneoko herrialde
askok terra rossa esaten zaion lur
mota izaten dute, kare harriaren gainean
eratutako lur gorria, alegia.
Mediterraneoko arroa du klima mota
honek geografia eremu nagusia, baina klima
horren baitakoak dira orobat Lurmutur
eskualdea (Hegoafrika), Txile erdialdea,
Kaliforniako estatua eta Australiako
hego-mendebala. Köppenen sailkapenaren
arabera, «Cs» dira Mediterraneoko klimaren
aldaerei dagozkien sinbolo komunak.
Euskal Herriko klima
Euskal Herriko kliman eragina duten
gertaeren artean, erliebea da garrantzitsuenetako
bat, hainbesteraino non esan baitaiteke
Euskal Herriko klima aldaerak bat
datozela, oro har, topografiazko eta egiturazko
banakoekin. Landaredia da biologiak
inguruneko klimari ematen dion erantzunaren
froga garbiena; hala Euskal Herrian
badira bai belardiak klima ozeanikoaren
eragin garbia duen isurialde Atlantikoan, bai
Pirinioetako basoak, bai estepak Nafarroako
Erriberan eta, oro har, Euskal Herriko hegoaldean,
Mediterraneoko klimak eragin
handia baitu han. Horrenbestez, mendebalekialde
orientazioak elkarren oso bestelako
ezaugarriak dituzten bi eremu bereizten
ditu: bata Kantauri alderakoa, klima ozeanikoaren
eragina duena, eta Bizkaia, Gipuzkoa,
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari
dagokiona; bestea mendikate batek
bereizten du itsasotik, eta horregatik klima
kontinentalaren ezaugarri garbiak ditu, eta
Araba eta Nafarroa hartzen ditu gehienbat.
Nolanahi ere, klima mota nagusi horiek badituzte
aldaera batzuk:
Subalpinoa. Pirinioetako ipar eta hegoko
isurialdeak eta Erro, Urrobi, Irati, Salazar
eta Ezka nafar ibaiek eratzen dituzten
zeharkako haranak hartzen ditu. Eremu
horretan, orografiaren, garaieraren eta erliebearen
orientazioaren eraginez euri gehiago
egiten du eta tenperatura hotzagoa
izaten da. Euri eta elur jasak ugariak izaten
dira, ia beti 1.500-2.000 milimetrotatik gorakoak
urtean, nahiko ongi banatuak urte
osoan zehar, nahiz eta eurite-elurte handienak
neguan izaten diren, udaberri aldera
ere luzatzen direla.
Ozeanikoa. Klima aldaera honek Euskal
Herriko iparralde osoa hartzen du: Bizkaia,
Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea,
Zuberoa, Arabako Kantauriar eskualdea,
Arabako Bayas eta Zadorrako ibai-buruak
eta Nafarroako alderdi hezea ?Iruñeko
arroa, Urbasa eta Andia mendilerroak?. Eremu
zabal horrek euri ugaritasuna du
ezaugarri nagusia, 1000 milimetrotatik gora
urtero, eta kostaldea Europako lekurik hezeenetako
bat da. Tenperaturen epeltasuna
da klima aldaera honen beste ezaugarri nagusi
bat, eguratseko zirkulazio orokorraren
eta itsasoaren eraginaren eta erliebearen antolamendu
bereziaren eraginez. Tenperatura
batez beste 13 gradu zentigradukoa izaten
da; tenperatura gorena, jakina, udan du:
18°C batez beste, nahiko freskoa beraz.
Erliebearen antolamenduak badu eragin
jakin bat, hegoaldeko mendiek pantaila
modura jokatzen dute eta hezetasuna kondentsatzen
dute; hortaz, Iberiako penintsulakborrasken eragina izaten duenean, Kantauriko
isurialdean eguraldi ona egiten du
eta tenperaturak bero samarrak izaten dira.
Egoera hori foëhn efektuaren eraginez izaten
da. Neguak ere epel samarrak izaten
dira oro har.
Mediterraneokoa-kontinentala. Nafarroa
erdialdea, Nafarroako Erribera, eta Arabako
Ordokiaren hego-mendebala hartzen
ditu. Eremu honek ez du itsasoaren eraginik,
udak eta neguak luzeak izaten ditu, eta
tarteko urtaroak, berriz, laburrak. Klima
ozeanikoan baino askoz euri gutxiago egiten
du, 500 milimetro baino gutxiago urtean,
eta uztailetik irailerako aldia lehorra
izaten da. Luzea eta lehorra izaten da beraz
uda, tenperaturak batez beste 20 gradu
zentigradutatik gorakoak izaten dira, eta
konbekzioak euriak eta ekaitzak sorrarazten
ditu batzuetan, aire masa geldituak lur
bero-beroa ukitzen dutenean.Trantsiziozkoa. Euskal Herriko Pirinio
aurreko arroak batzuetan Atlantikoko aldaeraren
eta besteetan Mediterraneoko-kontinentalaren
ezaugarriak izaten ditu, eta
beraz oso zaila da muga zehatzik ezartzea.
Nafarroa erdialdeko isurialdean barrena sartzen
den Kantauri-Mediterraneo isurialdea
izan liteke muga bat. Mediterraneoko kliman
baino euri gehiago egiten du, baina
ez ozeanikoan bezainbat, 500 eta 800 milimetro
artekoa da euri kopuruaren batez
bestekoa. Negua eta uda dira urtaro luzeenak
eta ezaugarri garbienak dituztenak.
Azoreetako antizikloiak udan izaten duen
eraginez urtaro hori izaten da egonkorrena.
Baina euria ere egiten du tarteka, maiz
ekaitzak eratzen baitira, eguzkiak jotzen
duen orduetan Iberiako penintsulan metatzen
den beroak sorrarazten dituen borrasken
eraginez. Tenperaturen gorabehera
handia du beste ezaugarri nagusi bat.