Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Klima ozeanikoa eta Mediterraneokoa

Klima ozeanikoko metereologia estazio bateko euri kopurua eta tenperatura hilabeteko.<br><br>

Bai klima ozeanikoa eta bai Mediterraneokoa klima epelen multzo handiaren baitan daude. Köppen-en definizioaren arabera, hilabete hotzenean tenperatura batez beste -3°C eta 18°C bitartekoa dutenak dira klima epelak, baina uda eta negua izatea da klima epel mota ugarien ezaugarri bereizgarri nagusia, klima hotz eta beroek ez baitute ezaugarri hori izaten, urtaro bat zein bestea falta zaienez.

Klima epela izatea askoz gehiago dagokio kokalekuari tenperatura epelen errejimenari baino, epeltasun hori ez baita klima ozeanikoen ezaugarria baizik. Klima mota horietan kontuan hartu beharrekoak dira mendebaleko zirkulazio orokorra, tropikoko eta Iparburuko airearen arteko jokoa, eta Iparburuko frontea eta hark tenperaturan, hezetasunean eta haizearen norabidean eta lastertasunean eragiten dituen aldaketa sakonak. Urtaroek baldintzatzen dute Iparburuko fronte horren kokalekua eta ekaitzen norabidea, eta neguan egiten dute ekaitz horiek hegoalderantz gehien. Tenperaturak eraginiko presio handiek ez diete ekaitz multzoei kontinenteetako eremu zabaletara igarotzen uzten neguan; udan ordea kontinenteetara iristen dira, tenperatura gorenak jaitsi egiten baitira. Udan, subtropikoetako beheratzea (airea geldi eta batera goiko geruzetatik lur azaleraino jaistea esan nahi du horrek) iparralderago gertatzen da, eta horrek egonkortasuna, berotze adiabatikoa, hodeiak barreiatzea, lehortasuna eta euririk ez egitea ekartzen du Mediterraneoaren eremura.

Eguzkiaren goratasunak eta egunaren iraupenak urtero izaten duten bilakaera ziklikoak eragin handia izaten du klima epeletan.

 

Klima ozeanikoa

Kostaldeetako zerrenda estu mendi handiz mugatuek ?Mendi Harritsuek edo Ande mendilerroak, adibidez? izaten dute, oro har, klima ozeanikoa; Europa baizik ez dago arau orokor horretatik salbuetsita, hango ordokiek itsasoaren eragina izaten baitute.

Iparburuko itsas aireen eta Iparburuko fronteko ekaitzen eragina etengabea izaten da klima ozeanikoa duten eremuetan, eta eguratsaren egoera ezegonkorra, eguraldiaren perturbazio etengabeak eta ibilbide luzeko haizeak dira bazter horietako ezaugarri nagusiak.

Ozeanoek eragiten duten tenperaturen erregulazioak neguak epeltzen ditu etaIparburuko itsas aireak udak freskatzen ditu, eta beraz tenperatura gorenaren eta beherenaren arteko aldea ez da hain handia izaten. Köppenek egin zuen klimen sailkapenaren arabera, klima ozeanikoari C sinboloa dagokio, «b» sinboloaz uda beroak dituen klima mesotermiko hezea adierazten da, eta «c» sinboloaz uda labur eta freskoak dituena.

Euri kopuruari dagokionez, klima ozeanikoan ez dago urtaro lehorrik, eta udazkenean eta neguan egiten du euri gehien, itsasoaren azaleko tenperatura lurrekoa baino epelagoa baita.

Klima ozeanikoak dituen aldaeren artean, Cfc formula duena mendebaleko itsas bazterretako zerrendei dagokio, 50°tik gorako latitudeetan zerrenda horiek luzeagoak izaten dira eta mendikate handiek mugatzen dituzte, esate baterako, Ipar Ameriketako Ozeano Bareko kostaldean, Txileko hegoaldean eta Norvegian. Orografiak eragindako euriteak dira hor nagusi, eta ur hori guztia haizaldeko isurialdetik isurtzen da (haizeak jotzen duen aldera dagoen mendi hegaletik), ur kopuru handi-handiak isurtzen direla urtean, bitik seira metro euri, alegia. Köppenen sailkapenean Cfb zeinua duten klima ozeanikoetan euria fronteek eragindakoa izaten da gehienbat, euri gutxiago egiten du, seiehunetik zortziehun milimetrotara bitarte, baina kopuru hori bikoiztu ere egiten da mendietan. Klima hori du Britainiar Uharteen zati handienak, Frantziako ordokiaren eremu handi bat ere hartzen du, eta, kostaldeko zerrenda zabal batean barrena, Jutlandiako penintsularaino heltzen da.

Europako ordoki handian zenbat eta gehiago barruratu, orduan eta ?kontinentalagoa? da klima ozeanikoa, eta trantsiziozko aldaerak izaten ditu, tenperaturak eta euri errejimenek erakusten duten bezala.

Antizikloiak maiz izaten direnez, udan egiten du euri gehien, neguan egin ordez, edo, bestela, udaberrian eta udazkenean, baina neguan gutxien betiere.

Europan, mendebaleko kostaldeko itsas klimak hosto erorkorreko basoa du landaredi ugariena, baina oso mota desberdineko landareak izaten dira leku batetik bestera.

Mendebaleko Europak udako hostodun basoa du, Ipar Ameriketako mendebaleko kostaldeak, berriz, koniferoen basoak.

Ozeano Bareko ipar-ekialdeko kostaldeko mendikateetan Oregoneko pinua, izeia, etaVirginiako ipurua dira zuhaitz ugarienak.

Txileko eta Zeelanda Berriko basoek mendebaleko kostaldeko itsas klima dute, eta klima euritsu edo epeleko basoa da han nagusi.

Mendebaleko kostaldeko itsas klima eta koniferoen basoak dituzten eskualdeetako lurrak oso lixibiatuak dira, podzol esaten zaie, eta azidoak dira izatez. Tropikoetako klima beroetan ez bezala, beste hauetan bakterioek ez dute eragin handirik izaten, tenperaturak hotz samarrak izaten baitira; landare-gaiak ez dira ahitzen, eta humus ugari biltzen da lurraren azalean. Landareak desegiten direnean sortzen diren azido organikoek lurraren osagaiekin erreakzionatzen dute, eta kaltzio, sodio eta potasio baseak eratzen dituzte. Europa mendebaleko lurrak podzol motakoak dira, grisarreak, eta erdiko latitudeetan hosto erorkorreko basoei dagokie oro har. Lur mota hori ez da izaten arestian aipatu dena bezain lixibiatua, eta egokia izaten da nekazaritzarako, oro har.

 

Mediterraneoko klima

Latitudeen eraginez trantsiziozko klimaren ezaugarriak izaten dituzte Mediterraneo motako klimek, eta hala, urtaroka txandakatzen dira mendebaleko zirkulazio orokorra eta tropikoko beheratzea; aldi berean meridianoetako zirkulazioek eragin handia izaten dute tenperaturan eta eurian.

Mediterraneoko klimaren ezaugarri nagusi bat udako lehortea izaten da, goialdeandagoen aire beroak beherantz egiten baitu eta orduan aire hotzak hartzen baitu haren lekua. Udan maiz gertatzen da lur azaleko presio guneetako tenperaturak behera egitea egunean zehar, eta bero gehien egiten duen orduetan eratu ondoren, desagertzea arratsean presio gune horiek. Azaleko depresioak izaten dira horiek, azpikozgoratuak, eta antizikloiak ekartzen dituzte. Baldintza horietan, konbekziozko fenomenoek askotan hauts zirimolak sortzen dituzte giro lehorrean, edo eguraldi onaren ezaugarri diren kumulu hodeiak bestela, eta oso noizean behin baizik ez bero handi-handiak eragindako ekaitzak eta euri jasak (tximista askokoak baina gutxi irauten dutenak).

Udako lehortea alde batera utzirik, gainontzeko urtaroetako euriak meridianoetako zirkulazioek eragindakoak izaten dira gehienbat, eta fronteak eratzen dituzte (frontogenesia) ur epelen eraginez, «tanta lehorra» esaten zaion gertaera eragiten dute, etab.

Ez du euri askorik egiten, mendi garaietan izan ezik, eta harritzekoa izaten da urteko batez bestekoa mila milimetrotatik gorakoa izatea, eta asko dira 500 milimetro jasotzen ez dituzten behatokiak. Euriari dagokionez gorabehera handiak izaten dira urtean zehar, euri gutxi egiten duen eremuetan batik bat, koefizienteak hirutik hamarrerakoak izaten baitira. Egun euritsuen kopuruak ez dira onenean ehunera iristen, eta asko dira berrogeita hamar egun euritsu baino gutxiago izaten dituzten behatokiak.

Klima mota honetako tenperaturak epel samarrak izaten dira oro har, eta eremuaskotan ez da tenperaturaren aldetik negurik izaten, udan bero handia egiten baitu.

Neguko hiletako tenperaturak sei gradu zentigradutatik gorakoak izaten dira batez beste, eta, askotan, 10° zentigradutatik gorakoak ere bai; hilabete beroenean tenperatura ez da 22 gradu zentigradutatik jaisten, baina badira bi salbuespen nabarmen ?Kaliforniako kostaldea eta Txile erdialdea?, korronte hotzek udak epeltzen baitituzte eta urte osoko tenperaturen arteko aldea txikitzen.

Beroaldiak eta hotzaldiak izaten dituzte tarteka Mediterraneoko klima duten eremuek. Zeruak oskarbi egoten dira, eta eguzki aldiak ehuneko 55etik ehuneko 80 bitartekoak izaten dira. Baldintza horietan, lurruntze eta izerditze potentziala oso handia izaten da, eta meteorologia estazio batzuek metro batetik gorako balioak ere neurtu izan dituzte.

Lehortea udako beroaldiarekin batera izaten dutenez, Mediterraneoko klima duten lurraldeek ur falta handia izaten dute uda erdialdean eta bukaeran. Neguko euriek berehala berdintzen dute hezetasun falta hori, eta udaberri hasieran hezetasun gehiegi izaten da.

Uda lehorreko eta negu hezeko klima oso gauza berezia izaten da klima moten artean, eta oso landaredi berezia sortzen du: zuhaitz eta zuhaixka esklerofilo (hosto lodi, gogor, zailak dituztenak eta lehortean ondo irauten dutenak) beti berdeak dira, eta baso esklerofiloa deitua osatzen dute. Zuhaitzek eta zuhaixkek udako lehorte gogorra jasan behar izaten dute lurruntze handiko eta iaeuririk gabeko bizpahiru edo hiruzpalau hilabetez.

Mediterraneoko klima duten eremuetako lurrak gaztainkara gorrixkak eta arre gorrixkak izaten dira, klima erdielkorretakoak bezalatsu. Mediterraneoko herrialde askok terra rossa esaten zaion lur mota izaten dute, kare harriaren gainean eratutako lur gorria, alegia.

Mediterraneoko arroa du klima mota honek geografia eremu nagusia, baina klima horren baitakoak dira orobat Lurmutur eskualdea (Hegoafrika), Txile erdialdea, Kaliforniako estatua eta Australiako hego-mendebala. Köppenen sailkapenaren arabera, «Cs» dira Mediterraneoko klimaren aldaerei dagozkien sinbolo komunak.

 

Euskal Herriko klima

Euskal Herriko kliman eragina duten gertaeren artean, erliebea da garrantzitsuenetako bat, hainbesteraino non esan baitaiteke Euskal Herriko klima aldaerak bat datozela, oro har, topografiazko eta egiturazko banakoekin. Landaredia da biologiak inguruneko klimari ematen dion erantzunaren froga garbiena; hala Euskal Herrian badira bai belardiak klima ozeanikoaren eragin garbia duen isurialde Atlantikoan, bai Pirinioetako basoak, bai estepak Nafarroako Erriberan eta, oro har, Euskal Herriko hegoaldean, Mediterraneoko klimak eragin handia baitu han. Horrenbestez, mendebalekialde orientazioak elkarren oso bestelako ezaugarriak dituzten bi eremu bereizten ditu: bata Kantauri alderakoa, klima ozeanikoaren eragina duena, eta Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokiona; bestea mendikate batek bereizten du itsasotik, eta horregatik klima kontinentalaren ezaugarri garbiak ditu, eta Araba eta Nafarroa hartzen ditu gehienbat.

Nolanahi ere, klima mota nagusi horiek badituzte aldaera batzuk: Subalpinoa. Pirinioetako ipar eta hegoko isurialdeak eta Erro, Urrobi, Irati, Salazar eta Ezka nafar ibaiek eratzen dituzten zeharkako haranak hartzen ditu. Eremu horretan, orografiaren, garaieraren eta erliebearen orientazioaren eraginez euri gehiago egiten du eta tenperatura hotzagoa izaten da. Euri eta elur jasak ugariak izaten dira, ia beti 1.500-2.000 milimetrotatik gorakoak urtean, nahiko ongi banatuak urte osoan zehar, nahiz eta eurite-elurte handienak neguan izaten diren, udaberri aldera ere luzatzen direla.

Ozeanikoa. Klima aldaera honek Euskal Herriko iparralde osoa hartzen du: Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Arabako Kantauriar eskualdea, Arabako Bayas eta Zadorrako ibai-buruak eta Nafarroako alderdi hezea ?Iruñeko arroa, Urbasa eta Andia mendilerroak?. Eremu zabal horrek euri ugaritasuna du ezaugarri nagusia, 1000 milimetrotatik gora urtero, eta kostaldea Europako lekurik hezeenetako bat da. Tenperaturen epeltasuna da klima aldaera honen beste ezaugarri nagusi bat, eguratseko zirkulazio orokorraren eta itsasoaren eraginaren eta erliebearen antolamendu bereziaren eraginez. Tenperatura batez beste 13 gradu zentigradukoa izaten da; tenperatura gorena, jakina, udan du: 18°C batez beste, nahiko freskoa beraz.

Erliebearen antolamenduak badu eragin jakin bat, hegoaldeko mendiek pantaila modura jokatzen dute eta hezetasuna kondentsatzen dute; hortaz, Iberiako penintsulakborrasken eragina izaten duenean, Kantauriko isurialdean eguraldi ona egiten du eta tenperaturak bero samarrak izaten dira.

Egoera hori foëhn efektuaren eraginez izaten da. Neguak ere epel samarrak izaten dira oro har.

Mediterraneokoa-kontinentala. Nafarroa erdialdea, Nafarroako Erribera, eta Arabako Ordokiaren hego-mendebala hartzen ditu. Eremu honek ez du itsasoaren eraginik, udak eta neguak luzeak izaten ditu, eta tarteko urtaroak, berriz, laburrak. Klima ozeanikoan baino askoz euri gutxiago egiten du, 500 milimetro baino gutxiago urtean, eta uztailetik irailerako aldia lehorra izaten da. Luzea eta lehorra izaten da beraz uda, tenperaturak batez beste 20 gradu zentigradutatik gorakoak izaten dira, eta konbekzioak euriak eta ekaitzak sorrarazten ditu batzuetan, aire masa geldituak lur bero-beroa ukitzen dutenean.Trantsiziozkoa. Euskal Herriko Pirinio aurreko arroak batzuetan Atlantikoko aldaeraren eta besteetan Mediterraneoko-kontinentalaren ezaugarriak izaten ditu, eta beraz oso zaila da muga zehatzik ezartzea.

Nafarroa erdialdeko isurialdean barrena sartzen den Kantauri-Mediterraneo isurialdea izan liteke muga bat. Mediterraneoko kliman baino euri gehiago egiten du, baina ez ozeanikoan bezainbat, 500 eta 800 milimetro artekoa da euri kopuruaren batez bestekoa. Negua eta uda dira urtaro luzeenak eta ezaugarri garbienak dituztenak.

Azoreetako antizikloiak udan izaten duen eraginez urtaro hori izaten da egonkorrena.

Baina euria ere egiten du tarteka, maiz ekaitzak eratzen baitira, eguzkiak jotzen duen orduetan Iberiako penintsulan metatzen den beroak sorrarazten dituen borrasken eraginez. Tenperaturen gorabehera handia du beste ezaugarri nagusi bat.