Geografia unibertsala»Geografia
Perturbazioak tropikoetan eta ekuatorean: zikloiak eta urakanak
Tropiko arteko latitudeetako eguratsa ez da, berez, gainerako latitude
epeletako eguratsaren oso desberdina, eta ez dago bereizketa garbirik
egiterik bataren eta bestearen artean; baina ez bakarrik gune bateko
eta besteko berezko ezaugarrien artean ez dagoelako alde handirik,
baita ere bi eremu horietako meteorologien artean etengabeko elkar
eraginak gertatzen direlako, alegia, tropikoetako eguraldiari dagozkion
zenbait gertaera lurralde epeletan ere gertatzen direlako,
eta alderantziz.
Dena dela, aire masen arteko tenperaturaren, hezetasunaren eta
dentsitatearen arteko aldea handiagoa da lurralde epeletako
perturbazioetan tropikoetako eta ekuatore aldeko perturbazioetan baino,
ez baitira fronteen eraginez sortuak, eta zerikusia baitute jatorri
dinamikoko etenekin.
Ikuspegi sinoptikotik begiratuta ?hau da, zirkulazio orokorra edo
oinarrizkoa baino eskala xeheago baten arabera, lekuan lekuko
ezaugarrien araberako eskalaren arabera? tropiko aldeko perturbazio
nagusiak ekialdeko haizeen eta zikloien uhin mugimenduen eraginez
sortzen dira.Ekialdeko uhinak tropiko aldeko haize
alisioetan sortzen diren presio gutxiko beheraguneak
dira, haize alisioekin batera mugitzen
dira, eta ekialdeko haize alisio tropikalen
ohiko mugimenduaren etenen edo gorabeheren
bidez antzematen dira. Ekialdeko
uhinek bi milatik lau mila kilometrotara bitarteko
luzera dute, eta ekialdetik mendebaldera
mugitzen dira, segundoko 5-9 metroko lastertasunean.
Uhin hauetan aire masen dibergentzia
izan ohi da presio gutxiko beheragunearen
aurretik, eta konbergentzia, berriz, beheragunearen
ondoren; konbergentziak perturbazioa
dakar, eta, horrenbestez, uhina igaro
aurretik eguraldi ona izaten da, dibergentziari
esker; uhinaren ondoko konbergentziak
konbekziozko euriak eragiten ditu ordea.
Uhinaren aurretik ekuatorerako norabideko
haize lasterra igarotzen da, airean dibergentzia
izaten da orduan, eta poliki-poliki beherantz
hondoratzen da haize laster hori;
airea gero eta gehiago lehortzen da orduan,eta uhinak alisioen azpikoz goratze termikoa
sorrarazten du lurretik gertu samar, 1.200 metrotatik
1.800 metro artean hain zuzen. Horrela
eratzen diren kumulu hodei lausoek
forma zapala dute, hodei txikiak izaten dira,
eta prezipitaziorik batere ez edo oso gutxi
eragiten dute. Uhina igaro ahala, haize hori
haize-laster polar baten eraginpean gelditzen
da ordea; konbergentzia gertatzen da, airea
goratu egiten da, eta kumuluzko eta kumuluninbozko
hodei masa handiak eratzen dira
era horretara; hodei horiek ekaitz tankerako
euri zaparradak eragiten dituzte, tarteka, erliebea
nolakoa eta lurraren eta itsasoaren arteko
tenperaturaren aldea zenbatekoa, hartara
indar handiago ala gutxiago izango dutenak.
Ekialdeko uhinak 5-20° C arteko latitudeetan
eratzen dira, eta aste bete eta bi aste
bitarteko irauten dute oro har; ez dago ordea
uhin hauen jatorria zehatz-mehatz ezagutzerik.
Dirudienez, Atlantiko inguruan gertatzen
dira, indar gutxiko alisioekin batera;tropikoetatik lurburuetarako antizikloi handien
hego eta mendebaldera, antizikloien
hondoratze goreneko eremuetatik urrundu
ahala, eta batez ere, gainaldea beroen dagoen
urte sasoietan, udan eta udazkenean,
alegia. Latitude epeletako mendebaldeko
haize lasterren uhinen ondorioz, eta fronte
hotzak sartu eta oso hegoaldera mugitzen
direnean ere eratzen dira.
Ekialdeko uhinaren zabalera ez da oso
handia gainaldean, baina bai garaieran, hirubost
kilometro arteko goratasunean, eta hortik
gora berriro estutzen da. Ekialdeko uhinak,
bestalde, ez ditu eguraldi aldaketa handiak
ekartzen, aldaketa horiek, alegia, ez dira
nabarmenak izaten eta ez dira bat-batean gertatzen,
baina garrantzi handia dute hala ere
uhin horien eraginpeko eremuetan, Karibe
aldean esaterako (izan ere, ekaina eta iraila
artean ia egunero gertatzen da), era honetako
uhinek eraginak baitira hain zuzen eremu
horietako prezipitazio gehienak.Eguratseko konbergentzia
Jatorri desberdineko haize edo aire masek topo
edo talka egitea. Konbergentzia gertatu ondoren
haizeen goranzko mugimendu edo konbekzio dinamiko
bat gertatzen da beti, eta horrek prezipitazioak
eragin ditzake.
Dibergentzia
Aire-lasterrak bereizi eta norabide desberdinetara
jotzea gune jakin batetik edo jatorri paralelo
batetik abiatuta. Antizikloiak, adibidez, dibergentzia
guneak dira. Dibergentziekin batera hondoratzea
gertatu ohi da beti.
Hondoratzea
Airea eguratseko goi geruzetatik lur azaleraino
beheratzen da, mantso eta bloke batean. Hondoratzearekin
batera dibergentzia gertatzen da.
Hondoratzeak egonkortasuna, berotze adiabatikoa,
hodeiak desagertzea, lehortasuna, prezipitaziorik
eza dakar, eguraldi ona azken batean.
Konbekzioa
Haize horizontalei lur arrasean konbergentziaz
gertatzen zaien goranzko mugimendua; gerta daiteke
bai tropiko arteko konbergentzia denean (konbekzio
dinamikoa), bai dilatazioz, aireak dentsitatea
galtzean, hau da, haizeak oso lur beroa ukitu
eta aire masa berotzen denean (termokonbekzioa).
Bero latentea
Klimatologian, lurrinketa prozesuan teorian
kontsumituriko ur lurrinean gelditzen den beroa,
antzematen ez dena, termometroak errejistratzen
ez duena.
Beheragunea
Depresio edo presio apaleko gunea, isobara
eten, V itxurako eta barrenaldera balio txikiagokoek
ezaugarritua.
Energia zinetikoa
Mugitzen ari den gorputz baten energia mekanikoa,
mugitzen den masaren eta masa horren
mugimenduaren lastertasunaren araberakoa.
Geldirik dagoen gorputz baten energia zinetikoa
nulua da.
Zurrunbiloa
Jariakari batean eta, bereziki, jariakari baten
erdialdean eratzen den birakako mugimendu
lasterra.
Zikloi tropikalak
Tropiko aldean zenbait zikloi egitura
bereizten dira, beren intentsitatearen arabera
hiru kategorietan banatuak; depresio tropikalak,
haizeen lastertasuna orduko 60 kilometro
baino motelagoa denean; ekaitz tropikalak,
60-120 kilometro arteko haizeak
badira, eta zikloi tropikalak, orduko 120 kilometrotik
gorako haizeak direnean. Hiru
egitura horien artean zikloiak dira, zalantzarik
gabe, ikusgarrienak eta indar handienekoak.
Non sortuak diren, hartara izen desberdina
izaten dute zikloi tropikal horiek:
urakanak dira Atlantikoan eta Ozeano Barearen
ekialdean, tifoiak Ozeano Barearen
mendebaldean, zikloiak Ozeano Indikoan,
baguioak Filipinetan, willy-williak Australian.
Zikloi tropikal baten egitura zirkulu formako
beheragune bat izaten da; beheragune
horrek 200-500 kilometro arteko diametroa
du, eta orduko 120 kilometrotik gorako
haizeak sortzen ditu (orduko 500 kilometroko
haizeak ere izan dira). Urakan helduetan
edo erabat osatuetan gune epel bat eratzen
da erdialdean; gune horretan, hondoratuz
doan aireak hodeiak desagerrarazten
ditu, eta haizea ahula izaten da. Urakanaren
begi esaten zaio gune epel horri, eta 10-
50 kilometro bitarteko diametroa izan ohi du.
Urakanaren begiaren inguruan indar handiko
konbekzioak gertatzen dira, eta behetik gorako hodei eraztun bat eratzen da horren
ondorioz; kiribil moduko zerrenda kizkurretan
antolaturiko zelulak izaten ditu, eta gailurra
hamabi mila metrotik gora egoten da.
Urakanarekin batera indar handiko haizeak,
uholdezko euriak eta olatu handiak
eratzen dira, eta ondorio kaltegarriak eragiten
dituzte gertaera horiek uharteetan eta
kostaldeetan. Ohiko maila baino sei metro
handiagoko olatuak eratzen dira, eta horixe
izaten da hain zuzen urakanek sortzen dituzten
gertaeren artean larrienetakoa: olatu
handiak. 1991ko apirilean, adibidez, zikloi
batek Bangladeshko ekialdeko kostaldea
suntsitu zuen, eta milioi erdi hildako eragin
zituen; 250 kilometroko haizeak izan ziren
eta 8 metrotik gorako olatuak; Bengalako
badiako hamar uharte baino gehiago estali
zituen itsasoak, eta Bangladeshko hiri handi
batzuk desagerrarazi. Baina zikloiarekin batera
euri jasa oso handiak ere izaten dira:
Filipinetako Baguio hirian, esaterako, 1911ko
uztaileko egun bakar batean 1.168 milimetro
euri jaso ziren. Urakanen sailkapena egiteko,
intentsitatearen araberako bost kategoriako
urakanak bereizi dira Estatu Batuetan.
Urakanek, esan bezala, kalte handiak
egiten dituzte, ahalegin handiak egiten dira
beraz kalte horietatik aldez aurretik begiratzeko,
urakanen ibilbidea bai kontrolatzeko
eta bai igartzeko; dena dela, hondamen handia
eta arrisku larriak sortuagatik, inork ez
daki zehatz-mehatz urakanak zergatik sortzendiren. Izan ere, hainbat eragilek dute
zerikusia urakanen sorreran eta bilakaeran.
Batetik ozeanoak, 26-27° C-tik gorako ura
duten itsas masa handiak behar baitira zikloia
sortzeko; konbekzioa era horretara izaten
baita, eta bai orobat hezetasun eta bero handia.
Latitudeak ere badu garrantzia: bost gradutik
beherako latitudeetan ez da zikloirik
eratzen, Coriolisen indarra ia baliogabea baita
gune horietan eta, hortaz, ez baitago zikloia
eragingo duen zurrunbiloa eratzeko bezainbateko
indarrik. Ekuatoretik urrun, Coriolisen
indarrak beheragune baterantz doan
haize lasterra konbergentzia bidez desbideratzen
du, eta kiribil moduko egitura bat osatzen
da horrela. Bestalde, kontuan hartu beharrekoak
dira eguratseko baldintzak ere,
bitarteko latitudeetako beheraguneetako
fronteek ez bezala ?egurats baldintza baroklinoekin
lotuak baitira horiek?, egurats barotropikoa
behar izaten baitu urakanak, alegia,
eremu oso zabaletan presio, tenperatura,
gradiente termiko eta hezetasun uniformeak
behar dira urakana gerta dadin. Azkenik,
aire konbergentzia handia eta zikloi motako
haize lasterra behar dira lur arrasean,
eta dibergentzia eta antizikloi motako haize
lasterra, berriz, lur arrasetik gora; horrenbestez,
zikloia perturbazio batetik sortua da, eta
perturbazio hori handitzen denean, urakan
bihurtzen da hasieran zikloia zena, eta perturbazioa
handitzen ez bada, orduan egun
gutxitan desagertzen da.Zikloi tropikala
Oso presio apaleko isobara itxien multzoari
dagokion gertaera, Tropiko inguruko lurraldeetakoa.
Zikloi tropikalak 500-800 kilometroko
diametroko zurrunbilo edo bortize biribilak
dira, oso presio apala izaten dutenak erdigunean
(950 hPa baino apalagoa oro har). Zikloi tropikalen
ondorioz indar handiko haizeak eta
prezipitazio handiak gertatu ohi dira.
Ekialdeko uhinak
Tropikoetatik lurburuetarako antizikloien
Ekuatoreko aldean eratzen diren presio apaleko
guneak; ekialdetik mendebalera mugitzen
dira, alisioekin batera, eta gorabehera handiko
eguraldia ekartzen dute. Ekialdeko uhinek 500
kilometrotik beherako luzera izaten dute oro
har.Tropiko arteko Konbergentzia Eremua
(TKE)
Urtean zehar lekuz aldatu ohi diren haize alisioek
elkar topo egiten duten eremua, hodei zerrenda
bati lotua.
Ziklogenesia
Zikloien bilakaeran hiru aldi bereizten dira: hasiera aldia, heldutasun aldia, eta desagertzea edo amaiera aldia.
Hasiera aldia
Zikloia uhin perturbazio batetik sortua
da; uhin perturbazioa handitu ahala borraska
tropikala eratzen da lehenik, eta ekaitz
tropikala ondoren. Aldi honen hasieran presio
apalaren inguruko haizea ahul samarra
da, eta hodeiak eta prezipitazioak guztiz eratu
gabe daude artean. Zikloiaren barnean
presioak behera egiten duen heinean, ordea,
haizea gero eta lasterrago ibiltzen da ?orduko
120 kilometrora irits daiteke?, eta kiribil
moduko zerrenda kizkurreko hodei sistema
bat eratzen du. Aldi berean, bero latente asko
askatzen da, ur lurruna kondentsatzen delako;
bero latente hori izango da, hain zuzen
ere, perturbazioaren energia iturri nagusia.
Horrela, airea gero eta gehiago berotzen da,
eta gero eta lasterrago goratzen; horrek haize
heze gehiago erakartzen du gainaldetik,
eta haize hezea gorantz igo ahala, bero gehiago
askatzen da. Prozesu dinamiko bat hasten
da beraz, aire heze gehiago eta gehiago
erakartzen da etengabe, eta beraz energia
potentziala eratzen da etengabe bero latentetik,
eta energia hori energia zinetiko bihurtzen
da ekaitzaren mugimenduaren eraginez.
Heldutasuna
Aldi honetan oso bizkor handitzen da
zikloia, zirkulu itxura hartzen du eta orduan
hartzen du gune aktiboak indarrik handiena.
Zikloiaren zurrunbiloan gune bare eta goranzko
aire korronterik gabe bat eratzen da, ekaitzaren
begi esaten zaiona, eta haren inguruan
aritzen dira hodeiak, kiribilean biraka.
Perturbazio askotan ez da gune hori eratzen,
sortu eta egun gutxitan desagertzen baitira.
Zikloia erabat osatuta dagoenean, presioa
asko gutxitzen da kanpoaldetik barnealdera, eta horren ondorioz gradiente bariko
nabarmen bat eratzen da, eta lastertasun handiko
haizeak orobat, muinetik zenbat eta hurbilago
orduan eta bortitzagoak. Haizeak
perturbazioaren inguruan biratu ahala aireak
erdigunetik gora egiten du, bertikalean ia,
tiro handiko tximinia batean gora kea igotzen
den bezala. Horrek goranzko aire masa
hezea bat-batean hozten du, eta hodei eran
kondentsarazten du; barnealdean hodei kumuluninboak,
eta kanpoaldean ninboestratuak,
altoestratuak eta zirrostratuak, hurrenez
hurren. Une horretako jarduera konbektibo
indar handikoa hodeiek hartzen duten
eremuan ikusten da, tropopausaraino iristen
baitira ia, eta baita ur lurrunaren kopuruan
ere (eguneko 15 x 10 ber bederatzi tona
baino gehiago, eta horietatik erdia berriro
lurrera itzul daiteke euri jasa handien bidez
denbora askoan).
Zikloi begian, ordea, baretasuna da nagusi;
zerua oskarbi egoten da, edo hodei
gutxirekin, airea hezea eta epela da, eta bitarteko
geruzetako tenperatura, berriz, inguruko
airea baino 10-18° C beroagoa. Gune
epel hori kondentsaziozko bero latentearen
ondorioz sortua da, eta garrantzi handia du
urakana era dadin, bi arrazoi nagusi hauengatik:
batetik, goi troposferan dibergentzia
eragiten du, eta xurgatze bonba baten modura
dihardu zikloi begiak, gorantz doan
airea bereganatzen baitu, eta itsas mailako
konbergentzia indar handiagokoa eta etengabea
bihurtzen baitu. Bestetik, aire epela
denez, eta beraz aire hotzak baino dentsitate
handiagoa duenez, presio gutxiko gune
bat osatzen da, eta lastertasun handiko haizeak
erakartzen ditu gune horrek.
Desagertze aldia
Behin osatu ondoren, zikloiak astebete
inguru irauten du; denbora horretan orduko
25 kilometrotik beherako lastertasunean mugitzen
da alisioen korrontearekin batera,
mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko norabidean
Ipar Hemisferioan, hego-ekialdekonorabidean Hego Hemisferioan. Zikloia tropiko
aldean gelditzen bada eta kontinentean
zehar mugitzen bada, pixkanaka-pixkanaka
desagertzen da; 20-30° latitudeetara iritsiz
gero, berriz, lurburu aldera okertzen da, eta
mendebaldeko haizeen eraginpean geratzen
bada, desagertu edo bitarteko latitudeetako
depresio bihurtzen da. Kontuan hartu behar
da zikloi tropikala tresna termiko moduko
bat dela, gune epel baten eta inguruko gune
hotzagoen arteko tenperatura aldeen arabera
diharduen gailu bat hain zuzen ere; halako
potentzial handia duen sistema bihurtzeko,
behar-beharrezkoa du kondentsaziozko
bero latentea etengabe izatea, hezetasunez
kargatutako haizeek ematen diote bero
latente hori, aldi berean indartu egiten dutelarik
zikloia eta ekinean iraunarazten. Horrexegatik
aire hezea eta beroa ematen zaion
bitartean zikloiak ekinean dihardu, baina
kontinente barnera sartzen denean edo ozeano
hotz batetik igarotzen denean, berehala
ahultzen eta desagertzen da.
Zikloi tropikal gehienak uda amaieran
eta udazken hasieran gertatzen dira.
Itsasoko uraren tenperatura epelenetan
handitzen dira, eta Tropiko arteko Konbergentzia
Eremuko egoerarekin dute lotura,
eta Konbergentzia Eremu hori Ekuatoretik
iparraldera edo hegoaldera egon, hartara
agertuko dira Ipar Hemisferioan ala Hego
Hemisferioan. Lotura horrek azaltzen du
zergatik ez den urakanik eratzen Atlantiko
hegoaldean edo Ozeano Barearen hegoekialdean
?Tropiko arteko Konbergentzia
Eremua bost gradutik hegoalderako latitudeetan
baitago beti? eta zergatik diren ugariak
Atlantikoaren, Ozeano Barearen eta
Indiako ozeanoaren mendebaldean.
Argitu beharra dago ozeanoen erdian
eta ekuatore inguruko zerrenda guztian
zehar kontrakotasun simetriko bat dagoela
lurburuetarako ipar eta hego antizikloien
artean, eta kontrakotasun horrek bi hemisferio
horietako haize alisioen konbergentzia
indar handiko bat sortzen duela; eta
konbergentzia horrek eratzen du Tropiko
arteko Konbergentzia Eremu deritzona. Eremu
horretan airea tropopausaraino goratzen
da indar handiz, eta kumuluninbo dorre
handiak eratzen ditu; hodei horien ondorioz
euri jasa handiak izaten dira.
Urakanen eraginez eratzen diren haizeen,
olatuen edo euriteen kalte handienak kontinenteetako
kostaldean izaten dira. Ingalaterra
Berriko urakanak (Estatu Batuak), adibidez,
1938ko irailean kalte ekonomiko handiak
eta bostehun hildakotik gora eragin zituen.
Urakana amaitzear zela gertatu zen hondamen
hura, baina orduan ere indar handia zuen
haizeak, orduko 300 kilometrotatik gorakoa
kasu batzuetan. Urakanen desagertze aldian,
olatuak eta itsasaldiak ohi baino sei metro
garaiagoak izaten dira, eta egun bakar batean
1.160 milimetrotik gora euri ur ere egitendu, adibidez Baguion, Filipinetan. Gilbert
urakanak, ipar hemisferioan XX. mendean
izan den handienak (1988), hondamen
handiak eragin ditu Jamaikan eta Mexikoko
zenbait eremutan, orduko 350 kilometrotatik
gorako haize boladak eragin baitzituen.
Hori dela eta, 1955 inguruan urakanen
jarraipena egiteko sistema koordinatu bat
osatu zen, eta hainbat hobekuntza egin zaizkio
azken urteetan. Radarrak, itsasoko
errejistroak jasotzeko sistemak, meteorologia
sateliteak (1966az gero) eta beste tresna
bazuk asmatu dira, ekaitzaren nondiknorakoak
ia hasiera-hasieratik aztertzeko.
Sistema horiei esker hildako gutxiago izaten
dira gaur egun urakanen ondorioz, baina
galera materialak oso handiak izaten dira,
batez ere kostaldean.