Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Perturbazioak tropikoetan eta ekuatorean: zikloiak eta urakanak

Tropiko arteko latitudeetako eguratsa ez da, berez, gainerako latitude epeletako eguratsaren oso desberdina, eta ez dago bereizketa garbirik egiterik bataren eta bestearen artean; baina ez bakarrik gune bateko eta besteko berezko ezaugarrien artean ez dagoelako alde handirik, baita ere bi eremu horietako meteorologien artean etengabeko elkar eraginak gertatzen direlako, alegia, tropikoetako eguraldiari dagozkion zenbait gertaera lurralde epeletan ere gertatzen direlako, eta alderantziz.

Dena dela, aire masen arteko tenperaturaren, hezetasunaren eta dentsitatearen arteko aldea handiagoa da lurralde epeletako perturbazioetan tropikoetako eta ekuatore aldeko perturbazioetan baino, ez baitira fronteen eraginez sortuak, eta zerikusia baitute jatorri dinamikoko etenekin.

Ikuspegi sinoptikotik begiratuta ?hau da, zirkulazio orokorra edo oinarrizkoa baino eskala xeheago baten arabera, lekuan lekuko ezaugarrien araberako eskalaren arabera? tropiko aldeko perturbazio nagusiak ekialdeko haizeen eta zikloien uhin mugimenduen eraginez sortzen dira.Ekialdeko uhinak tropiko aldeko haize alisioetan sortzen diren presio gutxiko beheraguneak dira, haize alisioekin batera mugitzen dira, eta ekialdeko haize alisio tropikalen ohiko mugimenduaren etenen edo gorabeheren bidez antzematen dira. Ekialdeko uhinek bi milatik lau mila kilometrotara bitarteko luzera dute, eta ekialdetik mendebaldera mugitzen dira, segundoko 5-9 metroko lastertasunean.

Uhin hauetan aire masen dibergentzia izan ohi da presio gutxiko beheragunearen aurretik, eta konbergentzia, berriz, beheragunearen ondoren; konbergentziak perturbazioa dakar, eta, horrenbestez, uhina igaro aurretik eguraldi ona izaten da, dibergentziari esker; uhinaren ondoko konbergentziak konbekziozko euriak eragiten ditu ordea.

Uhinaren aurretik ekuatorerako norabideko haize lasterra igarotzen da, airean dibergentzia izaten da orduan, eta poliki-poliki beherantz hondoratzen da haize laster hori; airea gero eta gehiago lehortzen da orduan,eta uhinak alisioen azpikoz goratze termikoa sorrarazten du lurretik gertu samar, 1.200 metrotatik 1.800 metro artean hain zuzen. Horrela eratzen diren kumulu hodei lausoek forma zapala dute, hodei txikiak izaten dira, eta prezipitaziorik batere ez edo oso gutxi eragiten dute. Uhina igaro ahala, haize hori haize-laster polar baten eraginpean gelditzen da ordea; konbergentzia gertatzen da, airea goratu egiten da, eta kumuluzko eta kumuluninbozko hodei masa handiak eratzen dira era horretara; hodei horiek ekaitz tankerako euri zaparradak eragiten dituzte, tarteka, erliebea nolakoa eta lurraren eta itsasoaren arteko tenperaturaren aldea zenbatekoa, hartara indar handiago ala gutxiago izango dutenak.

Ekialdeko uhinak 5-20° C arteko latitudeetan eratzen dira, eta aste bete eta bi aste bitarteko irauten dute oro har; ez dago ordea uhin hauen jatorria zehatz-mehatz ezagutzerik.

Dirudienez, Atlantiko inguruan gertatzen dira, indar gutxiko alisioekin batera;tropikoetatik lurburuetarako antizikloi handien hego eta mendebaldera, antizikloien hondoratze goreneko eremuetatik urrundu ahala, eta batez ere, gainaldea beroen dagoen urte sasoietan, udan eta udazkenean, alegia. Latitude epeletako mendebaldeko haize lasterren uhinen ondorioz, eta fronte hotzak sartu eta oso hegoaldera mugitzen direnean ere eratzen dira.

Ekialdeko uhinaren zabalera ez da oso handia gainaldean, baina bai garaieran, hirubost kilometro arteko goratasunean, eta hortik gora berriro estutzen da. Ekialdeko uhinak, bestalde, ez ditu eguraldi aldaketa handiak ekartzen, aldaketa horiek, alegia, ez dira nabarmenak izaten eta ez dira bat-batean gertatzen, baina garrantzi handia dute hala ere uhin horien eraginpeko eremuetan, Karibe aldean esaterako (izan ere, ekaina eta iraila artean ia egunero gertatzen da), era honetako uhinek eraginak baitira hain zuzen eremu horietako prezipitazio gehienak.Eguratseko konbergentzia Jatorri desberdineko haize edo aire masek topo edo talka egitea. Konbergentzia gertatu ondoren haizeen goranzko mugimendu edo konbekzio dinamiko bat gertatzen da beti, eta horrek prezipitazioak eragin ditzake.

Dibergentzia Aire-lasterrak bereizi eta norabide desberdinetara jotzea gune jakin batetik edo jatorri paralelo batetik abiatuta. Antizikloiak, adibidez, dibergentzia guneak dira. Dibergentziekin batera hondoratzea gertatu ohi da beti.

Hondoratzea Airea eguratseko goi geruzetatik lur azaleraino beheratzen da, mantso eta bloke batean. Hondoratzearekin batera dibergentzia gertatzen da.

Hondoratzeak egonkortasuna, berotze adiabatikoa, hodeiak desagertzea, lehortasuna, prezipitaziorik eza dakar, eguraldi ona azken batean.

Konbekzioa Haize horizontalei lur arrasean konbergentziaz gertatzen zaien goranzko mugimendua; gerta daiteke bai tropiko arteko konbergentzia denean (konbekzio dinamikoa), bai dilatazioz, aireak dentsitatea galtzean, hau da, haizeak oso lur beroa ukitu eta aire masa berotzen denean (termokonbekzioa).

Bero latentea Klimatologian, lurrinketa prozesuan teorian kontsumituriko ur lurrinean gelditzen den beroa, antzematen ez dena, termometroak errejistratzen ez duena.

Beheragunea Depresio edo presio apaleko gunea, isobara eten, V itxurako eta barrenaldera balio txikiagokoek ezaugarritua.

Energia zinetikoa Mugitzen ari den gorputz baten energia mekanikoa, mugitzen den masaren eta masa horren mugimenduaren lastertasunaren araberakoa.

Geldirik dagoen gorputz baten energia zinetikoa nulua da.

Zurrunbiloa Jariakari batean eta, bereziki, jariakari baten erdialdean eratzen den birakako mugimendu lasterra.

 

Zikloi tropikalak

Tropiko aldean zenbait zikloi egitura bereizten dira, beren intentsitatearen arabera hiru kategorietan banatuak; depresio tropikalak, haizeen lastertasuna orduko 60 kilometro baino motelagoa denean; ekaitz tropikalak, 60-120 kilometro arteko haizeak badira, eta zikloi tropikalak, orduko 120 kilometrotik gorako haizeak direnean. Hiru egitura horien artean zikloiak dira, zalantzarik gabe, ikusgarrienak eta indar handienekoak.

Non sortuak diren, hartara izen desberdina izaten dute zikloi tropikal horiek: urakanak dira Atlantikoan eta Ozeano Barearen ekialdean, tifoiak Ozeano Barearen mendebaldean, zikloiak Ozeano Indikoan, baguioak Filipinetan, willy-williak Australian.

Zikloi tropikal baten egitura zirkulu formako beheragune bat izaten da; beheragune horrek 200-500 kilometro arteko diametroa du, eta orduko 120 kilometrotik gorako haizeak sortzen ditu (orduko 500 kilometroko haizeak ere izan dira). Urakan helduetan edo erabat osatuetan gune epel bat eratzen da erdialdean; gune horretan, hondoratuz doan aireak hodeiak desagerrarazten ditu, eta haizea ahula izaten da. Urakanaren begi esaten zaio gune epel horri, eta 10- 50 kilometro bitarteko diametroa izan ohi du.

Urakanaren begiaren inguruan indar handiko konbekzioak gertatzen dira, eta behetik gorako hodei eraztun bat eratzen da horren ondorioz; kiribil moduko zerrenda kizkurretan antolaturiko zelulak izaten ditu, eta gailurra hamabi mila metrotik gora egoten da.

Urakanarekin batera indar handiko haizeak, uholdezko euriak eta olatu handiak eratzen dira, eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte gertaera horiek uharteetan eta kostaldeetan. Ohiko maila baino sei metro handiagoko olatuak eratzen dira, eta horixe izaten da hain zuzen urakanek sortzen dituzten gertaeren artean larrienetakoa: olatu handiak. 1991ko apirilean, adibidez, zikloi batek Bangladeshko ekialdeko kostaldea suntsitu zuen, eta milioi erdi hildako eragin zituen; 250 kilometroko haizeak izan ziren eta 8 metrotik gorako olatuak; Bengalako badiako hamar uharte baino gehiago estali zituen itsasoak, eta Bangladeshko hiri handi batzuk desagerrarazi. Baina zikloiarekin batera euri jasa oso handiak ere izaten dira: Filipinetako Baguio hirian, esaterako, 1911ko uztaileko egun bakar batean 1.168 milimetro euri jaso ziren. Urakanen sailkapena egiteko, intentsitatearen araberako bost kategoriako urakanak bereizi dira Estatu Batuetan.

Urakanek, esan bezala, kalte handiak egiten dituzte, ahalegin handiak egiten dira beraz kalte horietatik aldez aurretik begiratzeko, urakanen ibilbidea bai kontrolatzeko eta bai igartzeko; dena dela, hondamen handia eta arrisku larriak sortuagatik, inork ez daki zehatz-mehatz urakanak zergatik sortzendiren. Izan ere, hainbat eragilek dute zerikusia urakanen sorreran eta bilakaeran.

Batetik ozeanoak, 26-27° C-tik gorako ura duten itsas masa handiak behar baitira zikloia sortzeko; konbekzioa era horretara izaten baita, eta bai orobat hezetasun eta bero handia.

Latitudeak ere badu garrantzia: bost gradutik beherako latitudeetan ez da zikloirik eratzen, Coriolisen indarra ia baliogabea baita gune horietan eta, hortaz, ez baitago zikloia eragingo duen zurrunbiloa eratzeko bezainbateko indarrik. Ekuatoretik urrun, Coriolisen indarrak beheragune baterantz doan haize lasterra konbergentzia bidez desbideratzen du, eta kiribil moduko egitura bat osatzen da horrela. Bestalde, kontuan hartu beharrekoak dira eguratseko baldintzak ere, bitarteko latitudeetako beheraguneetako fronteek ez bezala ?egurats baldintza baroklinoekin lotuak baitira horiek?, egurats barotropikoa behar izaten baitu urakanak, alegia, eremu oso zabaletan presio, tenperatura, gradiente termiko eta hezetasun uniformeak behar dira urakana gerta dadin. Azkenik, aire konbergentzia handia eta zikloi motako haize lasterra behar dira lur arrasean, eta dibergentzia eta antizikloi motako haize lasterra, berriz, lur arrasetik gora; horrenbestez, zikloia perturbazio batetik sortua da, eta perturbazio hori handitzen denean, urakan bihurtzen da hasieran zikloia zena, eta perturbazioa handitzen ez bada, orduan egun gutxitan desagertzen da.Zikloi tropikala Oso presio apaleko isobara itxien multzoari dagokion gertaera, Tropiko inguruko lurraldeetakoa.

Zikloi tropikalak 500-800 kilometroko diametroko zurrunbilo edo bortize biribilak dira, oso presio apala izaten dutenak erdigunean (950 hPa baino apalagoa oro har). Zikloi tropikalen ondorioz indar handiko haizeak eta prezipitazio handiak gertatu ohi dira.

Ekialdeko uhinak Tropikoetatik lurburuetarako antizikloien Ekuatoreko aldean eratzen diren presio apaleko guneak; ekialdetik mendebalera mugitzen dira, alisioekin batera, eta gorabehera handiko eguraldia ekartzen dute. Ekialdeko uhinek 500 kilometrotik beherako luzera izaten dute oro har.Tropiko arteko Konbergentzia Eremua (TKE) Urtean zehar lekuz aldatu ohi diren haize alisioek elkar topo egiten duten eremua, hodei zerrenda bati lotua.

 

Ziklogenesia

Zikloien bilakaeran hiru aldi bereizten dira: hasiera aldia, heldutasun aldia, eta desagertzea edo amaiera aldia.

 

Hasiera aldia

Zikloia uhin perturbazio batetik sortua da; uhin perturbazioa handitu ahala borraska tropikala eratzen da lehenik, eta ekaitz tropikala ondoren. Aldi honen hasieran presio apalaren inguruko haizea ahul samarra da, eta hodeiak eta prezipitazioak guztiz eratu gabe daude artean. Zikloiaren barnean presioak behera egiten duen heinean, ordea, haizea gero eta lasterrago ibiltzen da ?orduko 120 kilometrora irits daiteke?, eta kiribil moduko zerrenda kizkurreko hodei sistema bat eratzen du. Aldi berean, bero latente asko askatzen da, ur lurruna kondentsatzen delako; bero latente hori izango da, hain zuzen ere, perturbazioaren energia iturri nagusia.

Horrela, airea gero eta gehiago berotzen da, eta gero eta lasterrago goratzen; horrek haize heze gehiago erakartzen du gainaldetik, eta haize hezea gorantz igo ahala, bero gehiago askatzen da. Prozesu dinamiko bat hasten da beraz, aire heze gehiago eta gehiago erakartzen da etengabe, eta beraz energia potentziala eratzen da etengabe bero latentetik, eta energia hori energia zinetiko bihurtzen da ekaitzaren mugimenduaren eraginez.

 

Heldutasuna

Aldi honetan oso bizkor handitzen da zikloia, zirkulu itxura hartzen du eta orduan hartzen du gune aktiboak indarrik handiena.

Zikloiaren zurrunbiloan gune bare eta goranzko aire korronterik gabe bat eratzen da, ekaitzaren begi esaten zaiona, eta haren inguruan aritzen dira hodeiak, kiribilean biraka.

Perturbazio askotan ez da gune hori eratzen, sortu eta egun gutxitan desagertzen baitira.

Zikloia erabat osatuta dagoenean, presioa asko gutxitzen da kanpoaldetik barnealdera, eta horren ondorioz gradiente bariko nabarmen bat eratzen da, eta lastertasun handiko haizeak orobat, muinetik zenbat eta hurbilago orduan eta bortitzagoak. Haizeak perturbazioaren inguruan biratu ahala aireak erdigunetik gora egiten du, bertikalean ia, tiro handiko tximinia batean gora kea igotzen den bezala. Horrek goranzko aire masa hezea bat-batean hozten du, eta hodei eran kondentsarazten du; barnealdean hodei kumuluninboak, eta kanpoaldean ninboestratuak, altoestratuak eta zirrostratuak, hurrenez hurren. Une horretako jarduera konbektibo indar handikoa hodeiek hartzen duten eremuan ikusten da, tropopausaraino iristen baitira ia, eta baita ur lurrunaren kopuruan ere (eguneko 15 x 10 ber bederatzi tona baino gehiago, eta horietatik erdia berriro lurrera itzul daiteke euri jasa handien bidez denbora askoan).

Zikloi begian, ordea, baretasuna da nagusi; zerua oskarbi egoten da, edo hodei gutxirekin, airea hezea eta epela da, eta bitarteko geruzetako tenperatura, berriz, inguruko airea baino 10-18° C beroagoa. Gune epel hori kondentsaziozko bero latentearen ondorioz sortua da, eta garrantzi handia du urakana era dadin, bi arrazoi nagusi hauengatik: batetik, goi troposferan dibergentzia eragiten du, eta xurgatze bonba baten modura dihardu zikloi begiak, gorantz doan airea bereganatzen baitu, eta itsas mailako konbergentzia indar handiagokoa eta etengabea bihurtzen baitu. Bestetik, aire epela denez, eta beraz aire hotzak baino dentsitate handiagoa duenez, presio gutxiko gune bat osatzen da, eta lastertasun handiko haizeak erakartzen ditu gune horrek.

 

Desagertze aldia

Behin osatu ondoren, zikloiak astebete inguru irauten du; denbora horretan orduko 25 kilometrotik beherako lastertasunean mugitzen da alisioen korrontearekin batera, mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko norabidean Ipar Hemisferioan, hego-ekialdekonorabidean Hego Hemisferioan. Zikloia tropiko aldean gelditzen bada eta kontinentean zehar mugitzen bada, pixkanaka-pixkanaka desagertzen da; 20-30° latitudeetara iritsiz gero, berriz, lurburu aldera okertzen da, eta mendebaldeko haizeen eraginpean geratzen bada, desagertu edo bitarteko latitudeetako depresio bihurtzen da. Kontuan hartu behar da zikloi tropikala tresna termiko moduko bat dela, gune epel baten eta inguruko gune hotzagoen arteko tenperatura aldeen arabera diharduen gailu bat hain zuzen ere; halako potentzial handia duen sistema bihurtzeko, behar-beharrezkoa du kondentsaziozko bero latentea etengabe izatea, hezetasunez kargatutako haizeek ematen diote bero latente hori, aldi berean indartu egiten dutelarik zikloia eta ekinean iraunarazten. Horrexegatik aire hezea eta beroa ematen zaion bitartean zikloiak ekinean dihardu, baina kontinente barnera sartzen denean edo ozeano hotz batetik igarotzen denean, berehala ahultzen eta desagertzen da.

Zikloi tropikal gehienak uda amaieran eta udazken hasieran gertatzen dira.

Itsasoko uraren tenperatura epelenetan handitzen dira, eta Tropiko arteko Konbergentzia Eremuko egoerarekin dute lotura, eta Konbergentzia Eremu hori Ekuatoretik iparraldera edo hegoaldera egon, hartara agertuko dira Ipar Hemisferioan ala Hego Hemisferioan. Lotura horrek azaltzen du zergatik ez den urakanik eratzen Atlantiko hegoaldean edo Ozeano Barearen hegoekialdean ?Tropiko arteko Konbergentzia Eremua bost gradutik hegoalderako latitudeetan baitago beti? eta zergatik diren ugariak Atlantikoaren, Ozeano Barearen eta Indiako ozeanoaren mendebaldean.

Argitu beharra dago ozeanoen erdian eta ekuatore inguruko zerrenda guztian zehar kontrakotasun simetriko bat dagoela lurburuetarako ipar eta hego antizikloien artean, eta kontrakotasun horrek bi hemisferio horietako haize alisioen konbergentzia indar handiko bat sortzen duela; eta konbergentzia horrek eratzen du Tropiko arteko Konbergentzia Eremu deritzona. Eremu horretan airea tropopausaraino goratzen da indar handiz, eta kumuluninbo dorre handiak eratzen ditu; hodei horien ondorioz euri jasa handiak izaten dira.

Urakanen eraginez eratzen diren haizeen, olatuen edo euriteen kalte handienak kontinenteetako kostaldean izaten dira. Ingalaterra Berriko urakanak (Estatu Batuak), adibidez, 1938ko irailean kalte ekonomiko handiak eta bostehun hildakotik gora eragin zituen.

Urakana amaitzear zela gertatu zen hondamen hura, baina orduan ere indar handia zuen haizeak, orduko 300 kilometrotatik gorakoa kasu batzuetan. Urakanen desagertze aldian, olatuak eta itsasaldiak ohi baino sei metro garaiagoak izaten dira, eta egun bakar batean 1.160 milimetrotik gora euri ur ere egitendu, adibidez Baguion, Filipinetan. Gilbert urakanak, ipar hemisferioan XX. mendean izan den handienak (1988), hondamen handiak eragin ditu Jamaikan eta Mexikoko zenbait eremutan, orduko 350 kilometrotatik gorako haize boladak eragin baitzituen.

Hori dela eta, 1955 inguruan urakanen jarraipena egiteko sistema koordinatu bat osatu zen, eta hainbat hobekuntza egin zaizkio azken urteetan. Radarrak, itsasoko errejistroak jasotzeko sistemak, meteorologia sateliteak (1966az gero) eta beste tresna bazuk asmatu dira, ekaitzaren nondiknorakoak ia hasiera-hasieratik aztertzeko.

Sistema horiei esker hildako gutxiago izaten dira gaur egun urakanen ondorioz, baina galera materialak oso handiak izaten dira, batez ere kostaldean.