Geografia unibertsala»Geografia
Prezipitazioen banaketa eta euri errejimenak
Eurite handiak, normalean, lur azaleko behe presioekin daude lotuak;
zehatzago, konbergentziazko euriteekin (egurats konbergentzia:
sorburu desberdineko aire masen topo egitea; konbergentziarekin
batera, haize goratze bat izaten da, edo konbekzio dinamikoa,
prezipitazioak sorraraz ditzakeena), Tropiko arteko Konbergentzia
Eremuko (TKE) aire hezeko masen egonkortasun falta orokorrarekin,
edota fronte polarraren zikloi prezipitazioarekin lotuak. Orografiak
eragiten dituen goranzko mugimenduek ere prezipitazio handiko
eremu batzuk sorrarazten dituzte haizaldeko (haizea datorren
lekuaren aldeko) kostaldeetan. Euri urritasuna, berriz, zuzenean lotua
dago lur azaleko presio handiekin, tropiko inguruko eta eskualde
polarretako latitudeetako konbergentzia ezarekin eta
egonkortasunarekin. Presio handiko bi eraztun horien lehortasuna,
batetik, haize laster hotzen eragin egonkortasun-emaileak eta, bestetik,
lur azaleko tenperatura apalek areagotzen dute.Urteko eta hileko prezipitazioen kopuruetan
gorabehera handiak izaten dira
leku batetik bestera, baita datu sail luzeetatik
atereak diren batez besteko balioetan
ere. Urteko batez besteko gehieneko eta
gutxienekoen adibide gisa, aipatzen dira
normalean, batetik, Waialeale mendia,
Hawaii uharteetan, 1569 m-ko garaiera duena,
eta prezipitazioaren batez bestekoa
11.455 milimetro duena, eta, beste muturrean,
Txileko Atacamako basamortua, batez
beste zero milimetroko prezipitazioa
duena. 24 ordutan neurtu den prezipitazio
ugariena Cilaoskoa da, Reunion uhartedian
(1.870 milimetro).
Lur osoa hartzen bada aztergai prezipitazioa
urtean zehar batez beste nola banatzen
den jakiteko, eremu hauek dira aipagarrienak:
ekuatoreko euri eremu handi
bat, Amerika tropikaleko ekialdeko kostaldera
eta Asiako hego-ekialdera zabaltzen
dena (mila milimetrotatik gorakoa izaten
da, baina baita, zenbait lekutan, bi mila milimetrokoa
eta, oso leku jakinetan, 5 milakoa
ere bai); beste eremu batek ozeanoen
gaineko zenbait zerrenda euritsu hartzen
ditu, hego-mendebal (SO) ipar-ekialde (EN)
norabidekoak, 30°-60° bitarteko latitudean,
eta kontinenteetan zerbait sartzen direnak(750 milimetrotatik gorakoak izaten dira
eremu horretan, eta, inoiz, baita bi mila
milimetrokoak ere); bada hirugarren eremu
bat kontinenteen mendebalean zenbait
esparru tropikal oso lehor hartzen dituena
eta kontinente barnealdera ere sartzen
dena, non 250 milimetro baino gutxiago
jasotzen den, eta, inoiz, baita 25 milimetro
baino gutxiago ere. Azkenik, basamortu
polarrak aipatu behar dira, 250 milimetro
baino euri gutxiago egiten baitu han, eta,
maiz, baita gutxiago ere.Euri errejimenak oro har urte osoko
prezipitazioak hilabeteka edo sasoika nola
banatzen diren adierazten du. Errejimen
hauek bereizten dira Lurrean:a) Ekuatoriala, hilero prezipitazio kopuru
handiak dituena;
b) Tropikalak, aldi euritsuak eta aldi
lehorrak oso nabarmenak izaten dituztenak;
c) Basamortukoa, ia euririk egiten ez
duena;
d) Epelak eta tropikoz behetikoak,
urteko kopuruak normalean moderatuak,
eta euriak aski ongi banatuak dituztenak,
nahiz eta euri gehiago egin neguan (ozeanikoa)
edo udan (Txinakoan); negua lehorra,eta uda apur bat euritsua (kontinentala)
izaten dute, edota negua euritsua, eta
uda lehorra (Mediterraneokoa);
e) Artiar lurraldeaz behetikoa, prezipitazio
gutxikoa (gehixeago udan).
Eremuen araberako banaketa
Urtero-urtero, 1000 milimetroko ur kopurua
erortzen da, batez beste, lur azalera,
baina espazioaren eta denboraren arabera
oso desberdin banaturik: zenbait kasutan 0
milimetroko balioak izaten dira, hala, adibidez,
Atacamako basamortuan, non urteko
batez bestekoa 0-1 milimetro den, eta beste
zenbait tokitan, aldiz, hamaika mila milimetrotaraino
neurtu dira (11.455 milimetro
da prezipitazioen batez bestekoa Waialeale
mendian, Hawaiin, 1569 m-ko goratasunean).
Era askotakoak dira kopuru horien
arteko alde handi horien zergatiak.
Hauek dira nagusiak:
1) Eguratseko airearen ahalmen higrometrikoa
(hezetasun edukia); oso ahula da
neguan eskualde polarretan eta kontinenteen
barrualdean.
2) Eguratseko airearen goranzko eta beheranzko
mugimendu eremuak, hurrenez
hurren, Lurra inguratzen duten presio
handiko eta presio gutxiko eremuen isla
baitira.
3) Eguratseko zirkulazio orokorra gidatzen
duten eraginguneak sasoien arabera aldatzea.
4) Kontinenteko eremu zabalak; itsasoko
haizea nekezago iristen denez haietara,
lehorragoak dira. Bestalde, euri banaketa
oso desberdina izaten da Ipar eta Hego
Hemisferioetan.
5) Mendialdeak haize nagusiei buruz non
eta nola dauden kokaturik.
Hortaz, hauek dira latitude zerrenda
nagusiak (kartografian isoieta direlakoen
bidez adierazten dira, hau da, prezipitazio
berdineko puntuak dituzten lerroen bidez):
1) Euri gogorreko eraztun bat Ekuatorearen
inguruan, Amazoniatik Ginea Berriraino
doana, Kongo ibaiaren arrotik eta
Sondako uharteetatik igaroz. Tenperatura
garaiek eta alisioen konbergentziak
urtean bi mila milimetro baino gehiagora
iristeko behar den hezetasuna sorrarazten
dute eremu honetan.
2) Beste bi zerrenda, 40° eta 50° arteko
latitudeetan daudenak; prezipitazio gogorrak
izaten dituzte hauek ere, baina
alde handiekin: iparraldeko zerrendaneuri asko egiten du mendebaleko kostaldeetan,
baina, zenbat eta kontinentean
gehiago barruratu, orduan eta euri
gutxiago egiten du; aldiz, hegoaldeko
hemisferioko ozeanoen handitasuna
dela eta, euria gehiago eta erregularrago
egiten du. Bi kasuetan, fronte polarrean
zehar aireak egiten duen goranzko
mugimendua da prezipitazioen sorburua.3) Aurrekoaren kontrako mekanismoaz,
hau da, aireak zelula antiziklonikoetan
beherantz egiten duen mugimendua
dela eta, badira zenbait eraztun lehor
latitude tropikal eta polarretan. 30° bat
gradutan iparrean eta beste hainbestean
hegoan, Sahara, Arabia, Kalahari,
Australia eta Hego Ameriketako basamortuak
daude, 250 milimetro baino
gutxiago egiten du horietan, eta lurruntze
handia izaten da, eta kontinenteetako
mendebaleko kostaldean itsas
bazterreko ur lasterren eraginak areagotu
egiten du lurruntze hori. Latitude
polarretan oraindik ere euri gutxiago
egiten du, eguratsa oso egonkorra
izateaz gainera, hezetasuna oso urria
baita.
Eremuen araberako banaketak dituen aldaerak
Eremuen sailkapena, alabaina, goian deskribaturikoa baino aski konplexuagoa da, sailkapen hori itxuraldatzen duten aldaketa asko izaten baititu. Hortaz, ozeanotik datozen haize alisioen eraginez, desagertu egiten da kontinenteen ekialdean tropikoetako eraztun lehorra, eta eremu aski hezeak sortzen dira, Amerika Erdialdean eta Madagaskarren, adibidez; hesi orografikoek ere disimetria nabarmenak eragiten dituzte; eta orobat dira bereziak montzoi eskualdeak eta itsasoko ur lasterrak.
Asiako montzoi eskualdeak
Tropikoko eskualdeen eraztun lehorra
eten egiten da kontinenteen ekialdean,
Asiako hego-ekialdean bereziki (SE), eta hor
dago, Saharako basamortuaren latitude berean,
Lurreko alderdi euritsuenetako bat.
Udan zehar, ekuatoreko beheragune deritzana(presio gutxiko eremua), mugimendu
bitxi batez, iparralderantz igotzen da,
Asiako hegoaldeko lurretan barrena 25°ko
latituderaino, eta harantz joaten dira Ozeano
Indikoko haize hezeak, eta euri asko eragiten
dute Indian, Asiako hego-ekialdean
(SE), eta Japoniako hegoaldean.
Latitude ertainetako eraztun hezea
Eskualde hezeetan ere, tropikoko eskualdeetako
euri disimetria edo desberdintasun
bera gertatzen da, baina alderantziz.
Latitude ertainetan depresioak mendebaletik
ekialdera mugitzen dira, eta euri asko
eragiten dute kontinenteen mendebaleko
kostaldeetan; aitzitik, kontinenteen barrualdera
sartu ahala, asko murrizten dira. Halaxe
gertatzen da Eurasian: Irlanda, Britainia
Handia eta Norvegiako kostaldeak,
adibidez, lurralde hezeak dira, eta askoz
lehorragoak dira berriz Ojotsk edota Beringeko
itsasoak; eta desberdintasun hori bera
dago Kanadako Ozeano Bareko aldearen
eta Labradorreko penintsularen artean, edota
Txileko hegoaldeko kostaldearen eta
Argentinako estepa eremuen artean.
Erliebearen eragina
Orografiak prezipitazioetan duen eragina
oso argi ikusten da mapa plubiometrikoetan.
Haizaldeko haize nagusietan
aire masek halabeharrez gora egiten
dutenean ugaritu egiten dira euriteak,
eta, hala, mendialdeetan askoz ere euri
gehiago egiten du mendi inguruko zelaietan
baino; haizebe aldetik, ordea,
askoz euri gutxiago egiten du, eta, mendiaren
babesaren eraginez basamortuak
ere eratzen dira batzuetan. Haizea eragozten
duten mendi horiek haize hezeei
buruz zenbat eta zutago egon, orduan eta
handiagoa da erliebearen eragina. Horixe
gertatzen da, bereziki, Mendi Harritsuetan
eta Patagoniako Andeetan, kostaldeko
zerrendak asko hezetzen baitira; hezetasun
hori, berriz, hutsa da ia mendien
haizebean, eta basamortuak sortzen dira
beraz: Nevada, Sonora eta Patagoniakoak,
adibidez.
Ozeanoetako ur lasterrak
Ozeanoetako ur lasterrak beroak ala
hotzak izan, euriteak modu jakin batekoak
edo guztiz beste modu batekoak izango
dira; ur laster epelek, adibidez Golkokoak
edo Kuro-Shivo lasterrak, euri gehiago eginarazten
dute ukitzen dituzten kostaldeetan;
ur laster hotzek, berriz, gehiago lehortzen
dituzte tropikoko basamortuak.
Horixe gertatzen da kontinente bakoitzeko
mendebalaldean, zeren haize horiek
kostaldetik gertu dagoen itsas azaleko ur
epela (26° eta 27° Cko tenperatura duena)
mugiarazten baitute, eta haren ordez
askoz ere ur hotzagoa mugitzen da itsasbarrenean (14°-20° gradu). Hori dela eta,
ura ukitzen duen airea hoztu egiten da,
eta aireak ez du, horrenbestez, gora egiten,
eta ez du ezta ere prezipitaziorik eratzen,
tenperatura inbertsio bat sortu baita
beheko mailetan. Hortik datorren egonkortasunak
laino iraunkorrak sorrarazten ditu
inbertsio mailaren azpian, eta laino horiek
berekin eramaten ditu itsas barrura ur hotzen
eta lur azal epelagoaren artean sortzen
den itsasoko brisak. Horren ondorioz,
basamortu eremu zabalak eratu dira Txileko
eta Peruko kostaldean, Kalifornian,
Namibian, Australiako ipar-mendebalean
(NO) eta Marokoko kostaldean; nolanahi
ere, nahiz eta oso euri gutxi egin, lanbroak
lurra hezetzen du, eta badago beraz halako
landare kopuru bat beti.
Euri errejimena
Eguneko errejimena
Prezipitazioen denbora banaketa aldizkako
aldaketen mende dago, eta meteorologia
faktore askoren eta oso aldakorren
eraginpean baitaude, prezipitazioek tenperaturek
baino askoz ere gorabehera handiagoak
izaten dituzte. Eguneroko prezipitazioari
dagokionez, errejimena ez da erraza
zehazten, zeren aldaketak ez baitira oso
nabarmenak izaten, eta, oso sarritan, zer
urtaro izan, halakoxeak izaten dira aldaketak;
nolanahi ere, eskualde batzuetan, urtearen
aldi batean behintzat, oso ondo zehaztu
ahal izaten da euri errejimena.Tropiko arteko eskualdean konbekziozko
prozesuak dira nagusi; euria batez ere
arratsaldez egiten du, ekaitz erako zaparradak
izaten dira, baina ilunabarrerako ateri
dago berriz ere. Costa Ricako San Joseko
behatokia da adibide ezagunenetako bat:
eurien %48 arratsaldeko 4etatik zortzietara
bitartean izaten da, eta %34, eguerdiko 12etatik
arratsaldeko 4etara bitartean. Baina kasu
hauek, sarriak izanagatik, ezin dira orokortzat
hartu; zeren eta prezipitazio mota edo
prezipitazioaren eragileak aldatzen direnean,
orobat aldatzen baita euria leku batetik bestera
banatzeko modua. Jakartan, adibidez,
euri gutxien egiten duen sasoian, eguerdiko
2etatik arratsaldeko 6ak bitartean egiten du
euri gehien; baina urtaro hezean goizeko
4etatik 6etara bitartean egiten du euri gehien.
Latitude epeletan bada, alde batetik,
itsas errejimen bat, eurialdi handienak gauez
dituena, eta, bestetik, errejimen kontinentala,
eurialdi handiena batez ere iluntze aldean
izaten duena. Itsasaldeko eskualdeetan
oro har gauean izaten da prezipitazioaren
batez besteko handiena, Irlandan adibidez,
zeren ur azaleko berotasuna ez baita
galtzen eguzkia sartu eta handik ordu batzuk
iragan arte, eta berotasun horrek berak
gorantz bultzatzen baititu beheko aire
geruzak. Kontinentearen barrualdean, eta,
batez ere udan, arratsaldean egiten du euri
gehien, eurite gehienak ekaitzak sortuak
baitira, eta ekaitzak batez ere arratsaldez
izaten baitira. Errejimen baten eta bestearen
erdibidean bada kasu interesgarri bat,
Vienakoa: neguan, ozeanoaren eragina dela
eta, gauez egiten du euri gehien; udan,
berriz, kontinentala da argi eta garbi eurien
eguneroko erritmoa.
Urteko errejimena
Eguratsaren zirkulazio orokorrak eta
haize eraztunek urtean zehar izaten dituzten
latitude aldaketek baldintzatzen dute,
oro har, prezipitazioaren urteko edo urtaroko
banaketa; horren ondorioz, euri errejimen
desberdinak bereizten dira, eta horien
artean hauek dira nagusiak:1) Ekuatoreko euri errejimena. Prezipitazioak
ugariak dira, eta ondo banatuta
daude urte osoan zehar; eurite handi-handienak
urtean bitan izaten dira, Eguzkia
zenitetik igarotzen denean.2) Tropikoko euri errejimena. Aldi
euritsuak eta lehorrak izaten dira hurrenez
hurren, askotan oso nabarmenak, eta eskualde
bakoitzak bere eragile berezi eta
besteenak ez bezalakoak izaten ditu; hori
dela eta, hainbat azpisail bereizten dira:
– Azpiekuatoriala: errejimen ekuatorialaren
antzekoa da; bi urtaro heze eta bi
lehor ditu, tropiko arteko konbergentziako
eremuko euri eraztunaren eta tropikoko
presio handien zelulen egonkortasunaren
eraginez.
– Alisioena. Haize hauen mende dauden
kostaldeetakoa da, han urte osoan egiten
du euria, alisio horien beren eraginez.
– Urtaro euritsua eta urtaro lehorra
dituena, lehena udan eta bigarrena neguan.
Bata zenbat eta luzeagoa, bestea
orduan eta laburragoa izaten da, eta latitudean
gora egin ahala, gero eta luzeagoa
da aldi lehorra.
– Montzoi erakoa. Udan euri asko egiten
du, montzoiaren epeltasun eta hezetasun
handiagatik.3) Basamortuko euri errejimena.
Eguratsaren egonkortasunaren mendeko
eremuetan izaten da beti. Oso euri gutxi
egiten du, eta gorabehera handiekin gainera.4) Euri errejimen epela. Fronte polarraren
perturbazioen mendeko latitudeetan
gertatzen dena. Hainbat azpimota bereizten
dira:
– Mediterraneokoa. Neguak euritsuak
izaten dira eta udak lehorrak, fronte
epelen eraginez euritsu, eta antizikloi
tropikalen eraginez lehor.
– Ozeanikoa. Kontinenteen mendebaleko
alderdiari dagokiona; prezipitazioak
ondo banaturik daude hilabete guztietan,
baina neguan gehiago izaten
dira.
– Kontinentala. Errejimen ozeanikoaren
aldaera bat da, kontinenteen barrenaldekoa; barrurago eta euri gutxiago egiten
du, batez ere udan.
– Ekialdeko kontinentala. Fronte polarraren
ekaitzen eraginez, neguak euritsuak
izaten dira, eta udak hezeak, kontinenteko
presio apalen hurbiltasunez.5) Euri errejimen polarra. Prezipitazioak
ahulak izaten dira beti, eguratsak oso
lurrun gutxi baitu. Udan euri gehixeago
egiten du, eta sarritan, euriaren ordez, elurra.
Ohiz kanpoko prezipitazioak eta uholdeak
Komeni da gogoratzea denbora eta espazioko
irregulartasuna dela prezipitazioaren
ezaugarri nagusietako bat, eta gerta
daiteke irregulartasun horretan prezipitazio
kopurua handiegia izatea, ala txikiegia izatea
bestela, eta orduan arrisku naturalak
esaten zaie, hondamen handiak eragiten
baitituzte eta kalte handiak sortzen biztanleengan.
Ohi ez bezalako euriteak izaten
dira hain zuzen ere arrisku horietako batzuk,
uholde handiak eta kalte larriak sortzen
baitiztuzte askotan.
Eurite handiak sorrarazten dituzten eragileak
askotarikoak izaten dira, zeren, eguratsekoekin
batera, bai baitira ingurune fisikoak
sorturiko eragileak ere, eta orobat
gizakiaren jardunaren ondoriozkoak. Hain
zuzen ere, euri gogorrak izaten dira uholde
askoren abiapuntu, baina badira beste
eragile batzuk ere, guztiz erabakigarriak,
ibaiak zergatik ateratzen diren beren ibilguetatik
agertzen dutenak; drenajeko sarearen
eta ibilguen ezaugarriak dira horien
artean aipagarrienak, eta baita ere arroaren
ezaugarri nagusi batzuk: maldak, materialen
irazkortasun maila eta landarediaren
trinkotasuna, besteak beste. Horien guztien
araberakoa izaten da lurrak euri asko egiten
duenean ematen duen erantzuna, eta
erantzun hori bera nolakoa, hondamena
izango da ala ez.Eta ezin ahaztu, jakina, ingurunearen
aldaketan gizonak duen eragina, eragin
horrek, gehienetan, areagotu egiten baitu
uholdeen arriskua. Horixe da, adibidez,
baso soiltzearen eta nekazaritza usadio askoren
kasua, eta baita uraren zirkulazio
naturalari jartzen zaizkion oztopo askorena
ere, errepide azpiegiturak, hiriguneak
edo industriaguneak uholde zelaietan edo
ibai ertzeetan eraiki izanaren ondorioz.
Arrisku naturalaren ikuspuntutik, uholdeen
eragileek berek emanak dira uholde
horien ezaugarri nagusiak, eta hauek dira
oro har ezaugarri horiek: hondamen horiek
oso gutxi irauten dute, ordu gutxi batzuetatik
hilabeteraino, asko jota, eta ibaien ertzetara
daude mugatuak, edo eremu zabalagoetara
bestela, lur zelaiak direnean edo
lur oker drenatuak direnean.