Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Prezipitazioen banaketa eta euri errejimenak

Prezipitazioen urteko batez bestekoa, mm-tan.<br><br>

Eurite handiak, normalean, lur azaleko behe presioekin daude lotuak; zehatzago, konbergentziazko euriteekin (egurats konbergentzia: sorburu desberdineko aire masen topo egitea; konbergentziarekin batera, haize goratze bat izaten da, edo konbekzio dinamikoa, prezipitazioak sorraraz ditzakeena), Tropiko arteko Konbergentzia Eremuko (TKE) aire hezeko masen egonkortasun falta orokorrarekin, edota fronte polarraren zikloi prezipitazioarekin lotuak. Orografiak eragiten dituen goranzko mugimenduek ere prezipitazio handiko eremu batzuk sorrarazten dituzte haizaldeko (haizea datorren lekuaren aldeko) kostaldeetan. Euri urritasuna, berriz, zuzenean lotua dago lur azaleko presio handiekin, tropiko inguruko eta eskualde polarretako latitudeetako konbergentzia ezarekin eta egonkortasunarekin. Presio handiko bi eraztun horien lehortasuna, batetik, haize laster hotzen eragin egonkortasun-emaileak eta, bestetik, lur azaleko tenperatura apalek areagotzen dute.Urteko eta hileko prezipitazioen kopuruetan gorabehera handiak izaten dira leku batetik bestera, baita datu sail luzeetatik atereak diren batez besteko balioetan ere. Urteko batez besteko gehieneko eta gutxienekoen adibide gisa, aipatzen dira normalean, batetik, Waialeale mendia, Hawaii uharteetan, 1569 m-ko garaiera duena, eta prezipitazioaren batez bestekoa 11.455 milimetro duena, eta, beste muturrean, Txileko Atacamako basamortua, batez beste zero milimetroko prezipitazioa duena. 24 ordutan neurtu den prezipitazio ugariena Cilaoskoa da, Reunion uhartedian (1.870 milimetro).

Lur osoa hartzen bada aztergai prezipitazioa urtean zehar batez beste nola banatzen den jakiteko, eremu hauek dira aipagarrienak: ekuatoreko euri eremu handi bat, Amerika tropikaleko ekialdeko kostaldera eta Asiako hego-ekialdera zabaltzen dena (mila milimetrotatik gorakoa izaten da, baina baita, zenbait lekutan, bi mila milimetrokoa eta, oso leku jakinetan, 5 milakoa ere bai); beste eremu batek ozeanoen gaineko zenbait zerrenda euritsu hartzen ditu, hego-mendebal (SO) ipar-ekialde (EN) norabidekoak, 30°-60° bitarteko latitudean, eta kontinenteetan zerbait sartzen direnak(750 milimetrotatik gorakoak izaten dira eremu horretan, eta, inoiz, baita bi mila milimetrokoak ere); bada hirugarren eremu bat kontinenteen mendebalean zenbait esparru tropikal oso lehor hartzen dituena eta kontinente barnealdera ere sartzen dena, non 250 milimetro baino gutxiago jasotzen den, eta, inoiz, baita 25 milimetro baino gutxiago ere. Azkenik, basamortu polarrak aipatu behar dira, 250 milimetro baino euri gutxiago egiten baitu han, eta, maiz, baita gutxiago ere.Euri errejimenak oro har urte osoko prezipitazioak hilabeteka edo sasoika nola banatzen diren adierazten du. Errejimen hauek bereizten dira Lurrean:a) Ekuatoriala, hilero prezipitazio kopuru handiak dituena; b) Tropikalak, aldi euritsuak eta aldi lehorrak oso nabarmenak izaten dituztenak; c) Basamortukoa, ia euririk egiten ez duena; d) Epelak eta tropikoz behetikoak, urteko kopuruak normalean moderatuak, eta euriak aski ongi banatuak dituztenak, nahiz eta euri gehiago egin neguan (ozeanikoa) edo udan (Txinakoan); negua lehorra,eta uda apur bat euritsua (kontinentala) izaten dute, edota negua euritsua, eta uda lehorra (Mediterraneokoa); e) Artiar lurraldeaz behetikoa, prezipitazio gutxikoa (gehixeago udan).

 

Eremuen araberako banaketa

Urtero-urtero, 1000 milimetroko ur kopurua erortzen da, batez beste, lur azalera, baina espazioaren eta denboraren arabera oso desberdin banaturik: zenbait kasutan 0 milimetroko balioak izaten dira, hala, adibidez, Atacamako basamortuan, non urteko batez bestekoa 0-1 milimetro den, eta beste zenbait tokitan, aldiz, hamaika mila milimetrotaraino neurtu dira (11.455 milimetro da prezipitazioen batez bestekoa Waialeale mendian, Hawaiin, 1569 m-ko goratasunean).

Era askotakoak dira kopuru horien arteko alde handi horien zergatiak.

Hauek dira nagusiak: 1) Eguratseko airearen ahalmen higrometrikoa (hezetasun edukia); oso ahula da neguan eskualde polarretan eta kontinenteen barrualdean.

2) Eguratseko airearen goranzko eta beheranzko mugimendu eremuak, hurrenez hurren, Lurra inguratzen duten presio handiko eta presio gutxiko eremuen isla baitira.

3) Eguratseko zirkulazio orokorra gidatzen duten eraginguneak sasoien arabera aldatzea.

4) Kontinenteko eremu zabalak; itsasoko haizea nekezago iristen denez haietara, lehorragoak dira. Bestalde, euri banaketa oso desberdina izaten da Ipar eta Hego Hemisferioetan.

5) Mendialdeak haize nagusiei buruz non eta nola dauden kokaturik.

Hortaz, hauek dira latitude zerrenda nagusiak (kartografian isoieta direlakoen bidez adierazten dira, hau da, prezipitazio berdineko puntuak dituzten lerroen bidez): 1) Euri gogorreko eraztun bat Ekuatorearen inguruan, Amazoniatik Ginea Berriraino doana, Kongo ibaiaren arrotik eta Sondako uharteetatik igaroz. Tenperatura garaiek eta alisioen konbergentziak urtean bi mila milimetro baino gehiagora iristeko behar den hezetasuna sorrarazten dute eremu honetan.

2) Beste bi zerrenda, 40° eta 50° arteko latitudeetan daudenak; prezipitazio gogorrak izaten dituzte hauek ere, baina alde handiekin: iparraldeko zerrendaneuri asko egiten du mendebaleko kostaldeetan, baina, zenbat eta kontinentean gehiago barruratu, orduan eta euri gutxiago egiten du; aldiz, hegoaldeko hemisferioko ozeanoen handitasuna dela eta, euria gehiago eta erregularrago egiten du. Bi kasuetan, fronte polarrean zehar aireak egiten duen goranzko mugimendua da prezipitazioen sorburua.3) Aurrekoaren kontrako mekanismoaz, hau da, aireak zelula antiziklonikoetan beherantz egiten duen mugimendua dela eta, badira zenbait eraztun lehor latitude tropikal eta polarretan. 30° bat gradutan iparrean eta beste hainbestean hegoan, Sahara, Arabia, Kalahari, Australia eta Hego Ameriketako basamortuak daude, 250 milimetro baino gutxiago egiten du horietan, eta lurruntze handia izaten da, eta kontinenteetako mendebaleko kostaldean itsas bazterreko ur lasterren eraginak areagotu egiten du lurruntze hori. Latitude polarretan oraindik ere euri gutxiago egiten du, eguratsa oso egonkorra izateaz gainera, hezetasuna oso urria baita.

 

Eremuen araberako banaketak dituen aldaerak

Eremuen sailkapena, alabaina, goian deskribaturikoa baino aski konplexuagoa da, sailkapen hori itxuraldatzen duten aldaketa asko izaten baititu. Hortaz, ozeanotik datozen haize alisioen eraginez, desagertu egiten da kontinenteen ekialdean tropikoetako eraztun lehorra, eta eremu aski hezeak sortzen dira, Amerika Erdialdean eta Madagaskarren, adibidez; hesi orografikoek ere disimetria nabarmenak eragiten dituzte; eta orobat dira bereziak montzoi eskualdeak eta itsasoko ur lasterrak.

 

Asiako montzoi eskualdeak

Tropikoko eskualdeen eraztun lehorra eten egiten da kontinenteen ekialdean, Asiako hego-ekialdean bereziki (SE), eta hor dago, Saharako basamortuaren latitude berean, Lurreko alderdi euritsuenetako bat.

Udan zehar, ekuatoreko beheragune deritzana(presio gutxiko eremua), mugimendu bitxi batez, iparralderantz igotzen da, Asiako hegoaldeko lurretan barrena 25°ko latituderaino, eta harantz joaten dira Ozeano Indikoko haize hezeak, eta euri asko eragiten dute Indian, Asiako hego-ekialdean (SE), eta Japoniako hegoaldean.

 

Latitude ertainetako eraztun hezea

Eskualde hezeetan ere, tropikoko eskualdeetako euri disimetria edo desberdintasun bera gertatzen da, baina alderantziz.

Latitude ertainetan depresioak mendebaletik ekialdera mugitzen dira, eta euri asko eragiten dute kontinenteen mendebaleko kostaldeetan; aitzitik, kontinenteen barrualdera sartu ahala, asko murrizten dira. Halaxe gertatzen da Eurasian: Irlanda, Britainia Handia eta Norvegiako kostaldeak, adibidez, lurralde hezeak dira, eta askoz lehorragoak dira berriz Ojotsk edota Beringeko itsasoak; eta desberdintasun hori bera dago Kanadako Ozeano Bareko aldearen eta Labradorreko penintsularen artean, edota Txileko hegoaldeko kostaldearen eta Argentinako estepa eremuen artean.

 

Erliebearen eragina

Orografiak prezipitazioetan duen eragina oso argi ikusten da mapa plubiometrikoetan.

Haizaldeko haize nagusietan aire masek halabeharrez gora egiten dutenean ugaritu egiten dira euriteak, eta, hala, mendialdeetan askoz ere euri gehiago egiten du mendi inguruko zelaietan baino; haizebe aldetik, ordea, askoz euri gutxiago egiten du, eta, mendiaren babesaren eraginez basamortuak ere eratzen dira batzuetan. Haizea eragozten duten mendi horiek haize hezeei buruz zenbat eta zutago egon, orduan eta handiagoa da erliebearen eragina. Horixe gertatzen da, bereziki, Mendi Harritsuetan eta Patagoniako Andeetan, kostaldeko zerrendak asko hezetzen baitira; hezetasun hori, berriz, hutsa da ia mendien haizebean, eta basamortuak sortzen dira beraz: Nevada, Sonora eta Patagoniakoak, adibidez.

 

Ozeanoetako ur lasterrak

Ozeanoetako ur lasterrak beroak ala hotzak izan, euriteak modu jakin batekoak edo guztiz beste modu batekoak izango dira; ur laster epelek, adibidez Golkokoak edo Kuro-Shivo lasterrak, euri gehiago eginarazten dute ukitzen dituzten kostaldeetan; ur laster hotzek, berriz, gehiago lehortzen dituzte tropikoko basamortuak.

Horixe gertatzen da kontinente bakoitzeko mendebalaldean, zeren haize horiek kostaldetik gertu dagoen itsas azaleko ur epela (26° eta 27° Cko tenperatura duena) mugiarazten baitute, eta haren ordez askoz ere ur hotzagoa mugitzen da itsasbarrenean (14°-20° gradu). Hori dela eta, ura ukitzen duen airea hoztu egiten da, eta aireak ez du, horrenbestez, gora egiten, eta ez du ezta ere prezipitaziorik eratzen, tenperatura inbertsio bat sortu baita beheko mailetan. Hortik datorren egonkortasunak laino iraunkorrak sorrarazten ditu inbertsio mailaren azpian, eta laino horiek berekin eramaten ditu itsas barrura ur hotzen eta lur azal epelagoaren artean sortzen den itsasoko brisak. Horren ondorioz, basamortu eremu zabalak eratu dira Txileko eta Peruko kostaldean, Kalifornian, Namibian, Australiako ipar-mendebalean (NO) eta Marokoko kostaldean; nolanahi ere, nahiz eta oso euri gutxi egin, lanbroak lurra hezetzen du, eta badago beraz halako landare kopuru bat beti.

 

Euri errejimena

 

Eguneko errejimena

Prezipitazioen denbora banaketa aldizkako aldaketen mende dago, eta meteorologia faktore askoren eta oso aldakorren eraginpean baitaude, prezipitazioek tenperaturek baino askoz ere gorabehera handiagoak izaten dituzte. Eguneroko prezipitazioari dagokionez, errejimena ez da erraza zehazten, zeren aldaketak ez baitira oso nabarmenak izaten, eta, oso sarritan, zer urtaro izan, halakoxeak izaten dira aldaketak; nolanahi ere, eskualde batzuetan, urtearen aldi batean behintzat, oso ondo zehaztu ahal izaten da euri errejimena.Tropiko arteko eskualdean konbekziozko prozesuak dira nagusi; euria batez ere arratsaldez egiten du, ekaitz erako zaparradak izaten dira, baina ilunabarrerako ateri dago berriz ere. Costa Ricako San Joseko behatokia da adibide ezagunenetako bat: eurien %48 arratsaldeko 4etatik zortzietara bitartean izaten da, eta %34, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 4etara bitartean. Baina kasu hauek, sarriak izanagatik, ezin dira orokortzat hartu; zeren eta prezipitazio mota edo prezipitazioaren eragileak aldatzen direnean, orobat aldatzen baita euria leku batetik bestera banatzeko modua. Jakartan, adibidez, euri gutxien egiten duen sasoian, eguerdiko 2etatik arratsaldeko 6ak bitartean egiten du euri gehien; baina urtaro hezean goizeko 4etatik 6etara bitartean egiten du euri gehien.

Latitude epeletan bada, alde batetik, itsas errejimen bat, eurialdi handienak gauez dituena, eta, bestetik, errejimen kontinentala, eurialdi handiena batez ere iluntze aldean izaten duena. Itsasaldeko eskualdeetan oro har gauean izaten da prezipitazioaren batez besteko handiena, Irlandan adibidez, zeren ur azaleko berotasuna ez baita galtzen eguzkia sartu eta handik ordu batzuk iragan arte, eta berotasun horrek berak gorantz bultzatzen baititu beheko aire geruzak. Kontinentearen barrualdean, eta, batez ere udan, arratsaldean egiten du euri gehien, eurite gehienak ekaitzak sortuak baitira, eta ekaitzak batez ere arratsaldez izaten baitira. Errejimen baten eta bestearen erdibidean bada kasu interesgarri bat, Vienakoa: neguan, ozeanoaren eragina dela eta, gauez egiten du euri gehien; udan, berriz, kontinentala da argi eta garbi eurien eguneroko erritmoa.

 

Urteko errejimena

Eguratsaren zirkulazio orokorrak eta haize eraztunek urtean zehar izaten dituzten latitude aldaketek baldintzatzen dute, oro har, prezipitazioaren urteko edo urtaroko banaketa; horren ondorioz, euri errejimen desberdinak bereizten dira, eta horien artean hauek dira nagusiak:1) Ekuatoreko euri errejimena. Prezipitazioak ugariak dira, eta ondo banatuta daude urte osoan zehar; eurite handi-handienak urtean bitan izaten dira, Eguzkia zenitetik igarotzen denean.2) Tropikoko euri errejimena. Aldi euritsuak eta lehorrak izaten dira hurrenez hurren, askotan oso nabarmenak, eta eskualde bakoitzak bere eragile berezi eta besteenak ez bezalakoak izaten ditu; hori dela eta, hainbat azpisail bereizten dira: – Azpiekuatoriala: errejimen ekuatorialaren antzekoa da; bi urtaro heze eta bi lehor ditu, tropiko arteko konbergentziako eremuko euri eraztunaren eta tropikoko presio handien zelulen egonkortasunaren eraginez.

– Alisioena. Haize hauen mende dauden kostaldeetakoa da, han urte osoan egiten du euria, alisio horien beren eraginez.

– Urtaro euritsua eta urtaro lehorra dituena, lehena udan eta bigarrena neguan.

Bata zenbat eta luzeagoa, bestea orduan eta laburragoa izaten da, eta latitudean gora egin ahala, gero eta luzeagoa da aldi lehorra.

– Montzoi erakoa. Udan euri asko egiten du, montzoiaren epeltasun eta hezetasun handiagatik.3) Basamortuko euri errejimena.

Eguratsaren egonkortasunaren mendeko eremuetan izaten da beti. Oso euri gutxi egiten du, eta gorabehera handiekin gainera.4) Euri errejimen epela. Fronte polarraren perturbazioen mendeko latitudeetan gertatzen dena. Hainbat azpimota bereizten dira: – Mediterraneokoa. Neguak euritsuak izaten dira eta udak lehorrak, fronte epelen eraginez euritsu, eta antizikloi tropikalen eraginez lehor.

– Ozeanikoa. Kontinenteen mendebaleko alderdiari dagokiona; prezipitazioak ondo banaturik daude hilabete guztietan, baina neguan gehiago izaten dira.

– Kontinentala. Errejimen ozeanikoaren aldaera bat da, kontinenteen barrenaldekoa; barrurago eta euri gutxiago egiten du, batez ere udan.

– Ekialdeko kontinentala. Fronte polarraren ekaitzen eraginez, neguak euritsuak izaten dira, eta udak hezeak, kontinenteko presio apalen hurbiltasunez.5) Euri errejimen polarra. Prezipitazioak ahulak izaten dira beti, eguratsak oso lurrun gutxi baitu. Udan euri gehixeago egiten du, eta sarritan, euriaren ordez, elurra.

 

Ohiz kanpoko prezipitazioak eta uholdeak

Komeni da gogoratzea denbora eta espazioko irregulartasuna dela prezipitazioaren ezaugarri nagusietako bat, eta gerta daiteke irregulartasun horretan prezipitazio kopurua handiegia izatea, ala txikiegia izatea bestela, eta orduan arrisku naturalak esaten zaie, hondamen handiak eragiten baitituzte eta kalte handiak sortzen biztanleengan.

Ohi ez bezalako euriteak izaten dira hain zuzen ere arrisku horietako batzuk, uholde handiak eta kalte larriak sortzen baitiztuzte askotan.

Eurite handiak sorrarazten dituzten eragileak askotarikoak izaten dira, zeren, eguratsekoekin batera, bai baitira ingurune fisikoak sorturiko eragileak ere, eta orobat gizakiaren jardunaren ondoriozkoak. Hain zuzen ere, euri gogorrak izaten dira uholde askoren abiapuntu, baina badira beste eragile batzuk ere, guztiz erabakigarriak, ibaiak zergatik ateratzen diren beren ibilguetatik agertzen dutenak; drenajeko sarearen eta ibilguen ezaugarriak dira horien artean aipagarrienak, eta baita ere arroaren ezaugarri nagusi batzuk: maldak, materialen irazkortasun maila eta landarediaren trinkotasuna, besteak beste. Horien guztien araberakoa izaten da lurrak euri asko egiten duenean ematen duen erantzuna, eta erantzun hori bera nolakoa, hondamena izango da ala ez.Eta ezin ahaztu, jakina, ingurunearen aldaketan gizonak duen eragina, eragin horrek, gehienetan, areagotu egiten baitu uholdeen arriskua. Horixe da, adibidez, baso soiltzearen eta nekazaritza usadio askoren kasua, eta baita uraren zirkulazio naturalari jartzen zaizkion oztopo askorena ere, errepide azpiegiturak, hiriguneak edo industriaguneak uholde zelaietan edo ibai ertzeetan eraiki izanaren ondorioz.

Arrisku naturalaren ikuspuntutik, uholdeen eragileek berek emanak dira uholde horien ezaugarri nagusiak, eta hauek dira oro har ezaugarri horiek: hondamen horiek oso gutxi irauten dute, ordu gutxi batzuetatik hilabeteraino, asko jota, eta ibaien ertzetara daude mugatuak, edo eremu zabalagoetara bestela, lur zelaiak direnean edo lur oker drenatuak direnean.