Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Itsasertzeko higadura

Itsas mailaren igoera izotzaldien ondoren.<br><br>(Ez dira jarri data jakin batzuetan neurtutako mailak; kurba hurbilketa orokorra da).<br><br>

Lurraren eta itsasoaren arteko elkar eragina estuarioan nabarmentzen da batik bat, hau da itsasgoraren eta itsasbeheraren gehieneko mailen arteko (itsasaldien anplitude deitzen zaio) espazioan; hogei metroko tartea hartzen duten estuarioak aurkitu dira, baina bizpahiru metro besterik ez dute izaten oro har. Itsasertzeko higaduraren azterketa egiteko, ordea, garrantzia du orobat itsasgorako ertzaren gainetik dagoen baina itsasoko uraren eragin zuzena izaten duen itsasertzeko parteak, itsaslabarrak. Itsasoko zipriztinak heltzen dira itsaslabarren alde batzuetara, baina gainera beheko aldea beti dago uretan murgilduta, eta alde hori ere itsasertzaren parte gisa hartzen da olatuek lehertzean eragina baitute han.

Kostaldeko lerroa ez da beti orain dagoen lekuan egon. Izan ere, lurren eta ozeanoetako uraren mugimenduen ondorioz aurrerako eta atzerako aldaketak gertatu dira behin eta berriro historia geologikoan zehar. Kostaldea, beraz, itsasertzeko lerroak une jakin duen kokalekua da eta batzuetan itsaso zabalean edo lurrean itsasertza lehenago egondako lerroaren aztarnak uzten ditu.Itsaslabarrekiko itsasertz erregularrakItsaslabarrekiko itsasertz irregularrakosatua bada. Baina itsaslabarrak izan ala izan , inguruaren egitura horizontala nolakoa den ere kontuan hartzen da sailkapeneanItsaslabarrik gabeko itsasertz erregularrakItsaslabarrik gabeko itsasertz irregularrak

 

Itsasertzeko higadura eragileak

Itsasertzeko higaduraren eragile nagusiak olatuak eta itsaslasterrak edo korronteak dira. Baina beste gertaera batzuk ere higatzen dute itsasertza, olatuen zipriztinek eta putzuek estuarioan (kare-harrizkoa denean batik bat) eragindako disoluzioak, adibidez.

Lehenengo eragile nagusia olatua da.

Olatuak uhin higiduraren ondorioz sortuak dira eta olatuko ur molekula bakoitzak zirkulu ia osoa egiten du, molekula bakoitza puntu beretik pasatzen dela beti; kontrako gauza gertatzen da translaziozko higidura denean, molekula guztiak batera mugiarazten baititu higidura horrek.

Haizeak bultzatzen duen olatua, olatu behartua da nolabait esateko. Haizearen eraginez sortzen eta haizeak jotzen duen eremutik kanpo hedatzen den olatu sailari hondoko itsaso edo sagailo esaten zaio.

Olatuen neurria ondoko eragile hauen araberakoa izaten da: haizearen indarra, haizearen iraupena eta haizeak zenbateko ur azaleran jotzen duen (ibilbidea). Dena dela, oro har ez dira bost metro baino olatu garaiagoak izaten; bi olaturen arteko tartea altuera baino handiagoa da beti.

Kostalde inguruan olatuak aldaketak izaten ditu: uraren sakonera bi olaturen artekodistantziaren erdia baino gutxiago denean olatua atzeratu egiten da, hots, norabidea aldatzen du, sakonera bereko kurben paraleloan jartzen da, eta elkarzut jotzen du kostaldea.

Sakonera gutxiko uretan molekulen higidura zirkularra eten egiten da, olatua lehertu eta aparretan desegiten da. Oszilazio uhin zena translazio uhin bihurtzen da. Translazio olatuak indar handia eragin dezake presioz, talkaz edo garraiatzen dituen elementu gotorrak astinduz. Olatuak lehertzen direnean gaiak batetik bestera garraiatu, zuloak egin eta gai horiek harean pilatzen dira.

Korronteek ere eragin handia dute kostaldearen higaduran. Mota askotakoak izan daitezke, baina itsasertzeko morfologian eragin gehien dutenak higakin korronteak eta itsasaldi korronteak dira.

Higakin korronteak olatuek kostaldea elkarzutean jotzen ez dutenean sortzen dira; higakinak sigi-sagan mugitzen dira, kostaldeari buruz paralelo.

Itsasaldiak ez dira berez itsaslasterra, baina itsasaldietatik sortzen dira itsaslasterrak, bi punturen artean eratzen den ur mailaren desberdintasunagatik, grabitateak ibaietan ur lasterrak eratzen dituen bezala.

Itsaso zabalean ahula da itsasaldien ondorioz sortzen den ur lasterra, baina lasterragoa izaten da estuario eta itsasarteetan.

Itsasaldi korronteek zuloa egiten dute hondoan eta materialak pilatzen ditu, ibaietako ur lasterrek bezala.

 

Itsasertza moldatzen duten eragileak

Itsasertzean hainbat gune bereizten dira: kostaldea, gune litorala (eta horren barruan gune supralitorala edo lurpekoa eta gune mesolitorala), gune infralitorala, eta gune azpilitorala.

Azken bi eremuak beti daude urez estalita, baina olatuek lehertzean haietan eragina dutenez, itsasertzekotzat hartzen dira.

Kostaldea itsaslabarrean edo hondartzan hasten da eta erliebean aldaketa handiak antzematen diren gunerainoko eremua ?adibidez kostaldeko lautada muinoez betetzen den gunerainoko eremua? hartzen du lur barrurantz. Gune supralitorala itsaslabarretik itsasertzaren lerrora (hau da, itsasgorak markatzen duen lerrora) doan eremuari esaten zaio. Gune mesolitorala itsasgoraren eta itsasbeheraren gehieneko mailen artean dago. Eta gune horretatik behera gune infralitorala dago; itsasbeheran hamaika metro baino sakonera gutxiagoan geratzen den plataforma kontinentaleko zatia hartzen du. Plataforma kontinentaleko gainerako eremuak osatzen du gune azpilitorala.

Itsasertza lur azaleko eremurik eraginkorrenetako bat da higadurari eta metatzeari dagokionez. Olatuek, lehertzen direnean,energia handiz jotzen dute itsasertza eta horrela plataforma zabalak eta itsaslabar handiak sortzen dituzte. Olatuek lehertzean duten eragina sortzailea izan daiteke, hondarrezko uharteez osaturiko hesi moduko egiturak eratzen dituztelako askotan.

Eskualde batzuetan koralezko organismoek tankera berezia ematen diote itsasertzari. Era horretako eta beste batzuetako itsasertzak eratzeko, ordea, hainbat eragileren lana behar da: itsasertza moldatzen laguntzen duten eragile aktiboak dira batzuk, itsas mailaren aldaketak eta olatuen eragina adibidez (bai higadura eta bai metatzea eragin ditzakeelako), baina eragile pasiboak ere hartu behar dira kontuan, itsaspeko plataformaren mailaren gorabeherak, barnealdeko eskualdearen topografia eta gune litoraleko topografia osatzen duen harri mota.

 

Itsasertza moldatzen duten eragile aktiboak

 

? Itsas mailaren aldaketak

Itsasertzaren lerroak gaur egun dauden moduan antolatzeko eragin gehien izan duen itsas mailaren aldaketa azken izotzaldiko hormaguneak urtzean gertatu zen.

Karbono 14ekin urpeko soinberei eta gauregungo itsas mailaren azpitik sakonera jakin batean egondako landareei buruz egindako ikerketen arabera, duela sei mila urte arte itsasoko uraren mailak oso bizkor egin zuen gora. Harrezkero ere gora egin du, baina orduan baino askoz ere mantsoago; dena dela, kostaldeko gero eta eremu handiagoa gelditzen ari da urez estalita.

 

? Olatuak eta olatuen eragina

Lehertzen diren olatuak haizeak itsas zabalean sorturiko oszilazio olatuak dira, itsasertzera gerturatzen diren heinean translaziozko olatu bilakatzen direnak.

Itsasertzaren morfologian olatuek duten eragina olatuak lurrera gerturatu ahala nabarmentzen da, hots, oszilazio olatuak lehertzen edo translaziozko olatu bihurtzen direnean. Itsasertz aldera itsasoaren sakonera olatuaren luzera baino bat t?erdi bider handiagoa denean olatuak txikitu eta mantsotu egiten dira; era berean malda handitzen zaie lurrerantz begiratzen duen aldean, harik eta olatua lehertzen eta hondora iraultzen den arte. Olatuaren gailurrean biraka dabiltzan ur zatikien lastertasunak olatuaren eraketa lastertasunik gutxiena gainditzen duenean lehertzen da olatua; leherketa gertatzen den gunean uraren batez besteko sakonera olatuaren altueraren berdina izaten da ia.Olatuaren gailurra lehertzean energia handia sortzen da eta energia horrek kostaldeko materialak higatzen, garraiatzen eta metatzen ditu. Olatuak lehertzean higadura ala metatzea gertatuko den, eguratsaren egoeraren arabera zehaztuko da hori, ekaitzak gertatzeko arriskuaren eta haien ekintzaren eta haizearen norabide aldaketen arabera besteak beste.

 

Itsasertza moldatzen duten eragile pasiboak

 

? Gune infralitoraleko plataformaren makurdura

Estatu Batuetako ekialdeko kostaldea bereziki aipagarria da itsasertzean zehar gertatzen diren metatzeengatik; mendebaleko kostaldean, aldiz, higadura da nagusi.

Kostaldearen alde batzuen eta besteen artean gertatzen den gorabehera hori gune infralitoralean plataforma kontinentalak duen makurduraren ondorioz gertatzen da.

Mendebaleko kostaldeko plataformaren makurdura ehuneko bostekoa da ia, batez beste, eta ekialdekoa, berriz, ehuneko bikoa. Malda horrek kostaldetik hurbil itsasoa sakonera handikoa dela adierazten du. Kasu horietan olatuen gailurrak ez dira lehertzen lurretik oso gertu egon arte eta leherketaren energia oso eremu txikitan pilatzen da. Itsasertzaren higadura areagotzen du horrek eta horixe da Estatu Batuetako mendebaleko kostaldearen ezaugarri nagusia.

Ekialdeko kostaldean malda txikiagoa denez, gune azpilitoralera iritsi baino lehenago lehertzen dira olatuak, nahiz eta mendebalekoen antzeko garaiera izan. Olatuek lehertu ondoren hondoaren kontra egiten dituzten talkekin materialak askatzen dira, baina hondoa gorantz altxatzen duenez pixka bat eta olatuak pixkanaka altxatzen direnez hondoan zehar, lehertutako olatuek indarra galtzen dute eta materialak hondoan pilatzen dira. Horrela hondar pilak eratzen dira ur azpian, eta pila horiek hareazko uhartetxo bihurtzeraino handitzen dira batzuetan.

 

? Lur barneko topografia

Itsasertzetik barrenerako lurraren topografia da itsasertzaren itxura ezaugarritzen duen eragile pasibo nagusietako bat. Azken izotzaldiaren ondoren izotza urtzean gune infralitoralean gertatu zen itsas mailaren igoerak mugatua da kostaldearen plano horizontala edo ingurua. Itsas maila igotzen denean itsasertz lerro zuzena eratzen da kostaldeko lautadetan; itsasertzari buruz muino elkarzutak dauden kostaldean, aldiz,itsasertz gorabeheratsua eratzen du itsas mailaren goratzeak. Itsas maila goratzean sortzen diren badien egitura mendikateen eta ibarren araberako izaten da.

 

? Itsasertzeko harri motak

Itsasertzeko eskualdeen bilakaeran eragiten duten harrien artean bereziki nabarmentzekoa da koralezko kare-harria. Koralak animalia txiki-txikiak dira; karea jariatzen dute eta horrekin babes moduko kanpo estalki bat eraikitzen dute eta bertan gordeta bizi dira. Kolonia izugarri handietan bizi dira, oro har; izaki txikiak izan arren, elkarri soldatzen zaizkio eta koralezko kareharri masa handi eta zabalak sortzen dituzte horrela.

Koral handiek, uharriak osatzen dituzten koralek eta, oso ingurune berezia behar izaten dute bizirik iraun ahal izateko.

Hogei gradutatik gorako tenperatura eta ur garbia behar dute, eta urak etengabe higitzen aritu behar du. Eguzkitiko argiak ere berebiziko garrantzia du koralentzat. Horrenbestez, koralak hil egiten dira hirurogeita hamabost metroko sakoneratik behera.

Baldintza horiek guztiak betetzen badira aldiz, arazorik gabe hazten dira eta itsasertzeko jatorrizko topografia aldarazten duten uharriak eta hesiak eratzen dituzte. Tropiko inguruko itsasertz batzuetan bakarrik bizi dira, Karibe itsaso aldean, Mexikoko golkoaren hegoaldean eta Ozeano Bareko eta Indiako Ozeanoko uharte eta kostaldean, ur epela eta Eguzki argi asko dagoen inguruneetan alegia.

 

? Itsasertzeko lerroen sailkapen deskribatzailea

Itsasertzen sailkapena egiteko itsasertza labarrez osatua den ala ez hartzen da lehenik kontuan. Itsasertzeko lerroak itsaslabarra dutela esaten da baldin eta itsaslabarrak 1,5 metroko garaiera badu eta harri trinkozosatua bada. Baina itsaslabarrak izan ala ez izan, inguruaren egitura horizontala nolakoa den ere kontuan hartzen da sailkapenean, hau da ingurua erregularra edo gorabeheratsua den ere begiratzen da.

Itsasertz erregularrek inguru uniformea dute oro har, nahiz eta gorabehera txikiak edo itsasora irekitako badia koskadunak izaten dituzten batzuek. Itsasertz gorabeheratsuek aldiz, itxura eta neurri desberdineko hainbat badia dituzte.

 

? Itsasertz motak

Oro har, itsaslabarrekiko itsasertzak garaiera handiko lurraldeetan eta itsasertzetik hurbil malda handi samarra duten eremuetan eratzen dira. Itsaslabar malkartsuak izaten dira, olatuen eraginaren ondorioz ebakiak, eta ez dago itsas metatzea gertatzen dela adierazten duen ezaugarri nabarmenik.

Itsaslabarrik gabeko kostaldeak, aldiz, kontinente ezponda edo malda leuneko eremu behe samarretan egoten dira; oro har, itsas metatzearen ezaugarriak nabarmentzen dira era honetako itsasbazterretan, adibidez, hondartza zabalak, hondar pilak eremu azpilitoraletan edo hareazko uhartetxoak.

Koralez osaturiko egitura fisikoak itsaslabarrekiko itsasertzetan zein itsaslabarrik gabekoetan izaten dira, baldin eta korala hazteko behar diren baldintzak betetzen badira eta olatuak oso zurrunbilotsuak ez badira.

Itsaslabarrekiko itsasertzetan koralezko egiturak uharrien hesi eta ertz gisa azal daitezke aldi berean, eta itsaslabarraren oinarrian disoluzio bidezko higadura eta higadura mekaniko handi samarra gertatzen da.

 

Itsaslabarrekiko itsasertzak

 

Itsaslabarrekiko itsasertz erregularrak

Itsaslabarrekiko itsasertzak nahiko erregularrak dira harri uniformeko eskualdeetan edo hondar emaria nahiko handia den lekuetan, baina, oro har, badia koskadunak izaten dira itsasertzean: lehorrean zertxobait sartzen dira, eta itsaso aldera irekitako itsasadar txikiak izaten dituzte. Hondartzak itsasadar txiki horietan edota ibaien bokaletatik hurbil sortzen dira. Oro har, barneko eskualdea nahiko maldatsua da eta muinoak, mendiak edo goi-ordokiak daude itsasertzetik hurbil; lur barneko eremua itsasertzaren paraleloa da. Era horretako itsasertzetan oso portu natural gutxi daude, eta itsasertzeraino iristen dira goi-ordoki gehienak.

Itsasaldean plataforma kontinentala estua da eta nahiko malda handikoa.

Itsaslabarrekiko kostalde erregularretan ez da aintzirarik izaten ia, koralezko uharri hesiak sortzen diren guneetan ez bada, Afrika ekialdeko kosta tropikalean eta Filipinetako eta Indonesiako uharte batzuetan esaterako.

 

Itsaslabarrekiko itsasertz irregularrak

Labarrez osatutako itsasertz irregularretan badiaren egituraren araberako sailkapena egin daiteke; badiak barnealdeko ibar motaren araberakoak dira. Itsasertza irregularra dela esaten da baldin eta lehorreko eskualdeak kostaldea ebakitzean angelua osatzen badu. Ibarrak nahiko estuak badira eta garaieran gorabehera handirik ez badute, izotzaldi arteko garaian itsasoaren mailak gora egitean badiak estali zituen eta sakonera ez oso handiko badiak eratu ziren; badiez osaturiko itsasertza itsaslabarrekiko itsasertz irregularra osatu zen horrela.

Itsaslabarrak badien arteko lurmuturretan eratzen dira soilik; badien barnean higadura oso txikia da edo ez da higadurarik batere, olatuek energia asko galtzen baitute badiaren itsasertzean hedatzean. Era honetako itsasertza dago Iberiako penintsulako ipar-mendebalean, Galiziako kostaldean, lurrean oso barrura sartzen diren kono itxurako badiez edo itsasadarrez osatua.

Itsaslabarrekiko itsasertz irregularretan badia luzeak ere izaten dira, lurrean barrena kilometro asko sartzen diren itsasadar estu bihurgunetsuen modukoak, garaiera handiko lurrez inguratuak. Badia horiek, oro har, azpil itxurako hondoa eta isurialde leuna dutela eta inguruko lurraldeek topografia alpinoa dutela kontuan harturik, hormaguneek sortu eta urez beteriko ibarrak direla atera daiteke ondorio. Pleistozenoan zehar hormaguneek U itxurako ibar sakonak sortzen zituzten itsaso aldeko lurralde altuetan, gaur egungo itsas mailaren azpitik edota izotzaldietako itsasoko maila beherenekoen azpitik batzuetan. Izotza urtu zenean, ordea, itsasoaren maila igo egin zen, ibarrak estali zituen eta fiordoak eratu ziren, itsasertzeko lerrotik hurbileko ur sakonetan, oro har. Columbia britainiarreko goi latitudeetan eta latitude ertainetan (Kanada eta Estatu Batuen artean) eta Alaskako hegoaldean, Norvegian, Txileko hegoaldeko kostaldean eta Zeelanda Berriko South Island-eko mendebalean dago fiordo gehien.

 

Itsaslabarrik gabeko itsasertzak

Bi taldetan sailka daitezke hauek ere: erregularrak dira batzuk eta irregularrak besteak. Era honetako itsasertzen egiturarikadierazgarriena albufera da, albufera erregularrak eta albufera irregular konposatuak hain zuzen ere.

 

Itsaslabarrik gabeko itsasertz erregularrak

Itsasertz erregularrak bi eratakoak izan daitezke, uniformeak edo aintzirez osatuak.

Itsasertz uniformeak bihurgune leunak izaten ditu eta hondar pilek edo dunek bermatutako hondarrezko hondartzaz osatua da, batez ere. Dena dela, era honetako itsasertzak ez dira oso ugariak; izan ere, plataforma kontinentalak makurdura handirik ez duenez ez da itsaslabarrik eratzen, baina hondarra pilatzen da, hondarrezko hesiak edo uhartetxoak sortzen dira, eta horrela, aintzirak edo albuferak eratzen dira kostaldean.

Albuferez edo aintzirez osaturiko kostaldeetan, hareazko pilak itsas maila jaisten denean bihurtzen dira hareazko uhartetxo.

Baina aldaketa hori beste era batera ere gerta daiteke, itsasertzaren kontra indar handiko haizeek jotzen dutenean itsas maila igotzen bada, hain zuzen ere. Haizeak itsas maila igoarazteaz gainera, olatuen indarra areagotzen du eta horrela hondar pilak handitzen dira itsasoaren ohiko mailatik gora geratu arte. Dena dela, haizearen eraginez hondar pilak suntsitzea ere gerta daiteke. Ikusten denez, hondarrezko uhartetxoez osaturiko hesiak nahiko ezegonkorrak dira; uhartetxo asko eratzen diren arren, oso gutxik irauten du luzaz, eta gainera berehala hartzen dute hondarrezko hondartza kateen edo dunen itxura, uharte hori handitzen den heinean. Aintzirak dituzten itsaslabarrik gabeko itsasertzek malda kontinental txikia dute, barnealdean lurralde apalak izaten dira eta pilaketa handiak gertatzen dira. Horrelakoak dira, besteak beste, Atlantikoko eta Mexikoko Golkoko kostaldebatzuk, New Jerseytik (EEBB) Yucatanera (Mexiko) bitartean. Aintzira erregularrak eta koralezko uharte hesiak dituzten itsaslabarrik gabeko itsasertzak, berriz, Erdialdeko Ameriketako ekialdean, eremu apaletan, eta Indonesiako zenbait uhartetan daude.

 

Itsaslabarrik gabeko itsasertz irregularrak

Itsaslabarrik gabeko kostalde irregular askotan eratzen dira aintzirak. Atlantikoko itsasertzeko lerroaren zati batzuetan, adibidez, gorabehera handirik ez zuten ordokiak urak estali zituen itsasoaren maila handitu zenean. Ondoren hondarrezko uhartez osatutako hesiak sortu ziren eta aintzirak eratu ziren, azkenik, itsaslabarrik gabeko itsasertzean zehar.

Badira, halaber, itsasadarrak dituzten eta uharte hesirik ez duten itsaslabarrik gabeko itsasertz irregularrak ere, baina oro har, oso badia zabaletan bakarrik gertatzen da hori, Washington ondoko Chesapeake badian, adibidez. Uharteez osatutako hesiak ez dira badia txikien babesean sortzen, gune horietan olatuak ez baitira hondar pilak sortzeko nahikoa handiak.

Aintzirarik gabeko itsasertz irregularretan aipagarria da fjard motako kostaldea. Itsasertzeko lerroa sartu-irten askokoa eta badia luze adarkatu asko izatea du ezaugarri; badien arteko lurmuturrak apalak eta biribilduak dira. Fjard batzuek itsaslabarrak dituzte, baina badira itsaslabarrik gabekoak ere.

Oro har, plataforma kontinental gorabehera handirik gabekoetan eta lur barnean topografia apala duten inguruetan eratzen dira.

Suediako hegoaldean daude era honetako itsasertzaren erakusgarri aipagarrienak, hormaguneen higaduraz sortutako lautada bat itsasoak estali eta ur azpian geratzen denean sortuak.