Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Malda sistema

Zeharretarako epaiak: arroen (A) eta muinoen (B) gainean sortutako maldak. Arro edo sinklinaletako malden muturrak kanpoalderantz daude. Muino edo antiklinaletakoak, berriz, barrualderantz.<br><br>

Lurreko paisaje fisikoen geomorfologiazko bilakaera paisajearen forma eratzen duten faktoreek eragiten dute, paisajea eratzen duten materialek, tektonikak, klimak eta abarrek jartzen dituzten baldintzetan betiere.

Haitzaren desberdintasunek, paisajea eratzen duten haitzen gogortasunak eta egiturak batez ere, era askotara desberdintzen dituzte kanpotiko eragile geodinamikoen eraginak, urarena, tenperaturarena, haizearena, izotzarena etab., zenbat eta haitza bigunago, orduan eta sakonagoak eta indartsuagoak izaten baitira meteorizazio fisikoa eta kimikoa.

Hautapen edo desberdintasun gertaera horri higadura diferentziala esaten zaio, eta lurralde bateko edozein lekutan ikusten da.

Beste alde batetik, morfogenesia (lurreko formen sorrera) kanpotik eragiten duten faktoreen eraginkortasuna klimaren mende dago, gainera.

Klimak erliebean duen eragina haitzaren era bateko edo besteko higatze eta moldatze diferentzialean ikusten da argi eta nabari.Litosferaren azala malda desberdinak dituzten plano sail batez osatua da, eta plano horiek eratzen dituzte, hain zuzen, haranak eta hegiak. Haran barrenean thalweg deituak aurkitzen dira, haraneko punturik beherenekoak eta horrenbestez energia potentzialik apalenekoak lotzen dituzten puntuak, alegia. Hegietako punturik gorenenek uraren banalerroa eratzen dute, eta haien eta hauen artean urak bere oreka aurkitu arte igaroko dituen maldak daude.

Malda horietakoren batera ura erortzen denean, halako modu berdintsu batean erortzen da alde guztietan, eta loditasun beretsuko geruza batez estaltzen du, orobat, leku guztietan. Ur geruza hori, grabitazioak hartaraturik, berehalaxe hasten da dagokion thalwegerantz mugitzen. Uraren lastertasuna ez da berez oso handia, baina aski izaten da meteorizazioak jatorriko haitzetik bereizi dituen materialak, erregolita edo haitz meteorizatua deitua, handik eramateko, hala gerora hondar lurrak eratzeko balioko duela. Higadura mota hori higadura areolarra deitzen zaio, eta askoz ere ahaltsuagoa da ur lasterren higadura lineala baino. Higadura areolar hau hainbat eratara gerta liteke.

Gerta daiteke material zatikiak banaka eramatea, dela grabitatearen eraginez, dela ur tanten talkaren indarrez, dela azaleko ur lasterrez, lehen aipatu den ur geruzahori guztia dena batera eta modu berean mugitzen denean gertatzen den bezala, alegia.

Baina gerta daiteke, orobat uraren eragina berez askatuta dagoen materialen gain gertatzea ere, material horretan barrena sartuz eta material guztia irristan, jarioz edo herrestan mugiaraziz (kolubioia esaten zaio horri).

Maldak (edo «isurialdeak») paisajearen oinarri-oinarrizko gaia dira. Zinez esan baitaiteke, esan ere, lurraren azal guztia malda mosaiko bat balitz bezala ere interpreta daitekeela, mendi eta itsas labar askotako malda aldapatsu ia zutietatik hasi eta ordeka leun ia lauetarainokoak. Elementu geomorfologiko horietako bakoitza interes bereziko sistema oso eta bete bat da, eta sistema horren baitan materia eta energia mugitzen ari dira, grabitateak horretan zuzeneko eragina duela askotan. Sistema horietatiko irteerak (ur isuri edo emari gisa, edo higakin mugimendu gisa, adibidez) beste sistema batzuetarako sarrera izan ohi dira maizenik, ibai, izoztegi, itsas sistemetarako sarrera esate baterako; era horretara, maldetan garatzen diren prozesu eraginkorrek oinarri-oinarriko kontrolak eragiten dituzte sistema geografiko fisikoaren eta paisajearen beste alderdi batzuetan.

Hain zuzen ere, esan daiteke prozesuerantzun sistema ireki bat balitz bezala jokatzen duela maldak, sistema horretarakosarrera edo prozesuak atmosferatik, meteorizaziotik eta biosferatik datozkiola, eta erantzun edo eraginak drenaje edo hustubide sistemetan eta formetan itzultzen direla.

Beste alde batetik ere badu garrantzia maldak, hain zuzen ere, maldak zuzen-zuzeneko eragina izaten duelako giza jardueran, nekazaritzan eta eraikuntzan batez ere. Interes horretan faktore askok hartzen du parte, hala nola, batzuk baizik ez esateko, lekuaren goratasunak, egutera aldiak, malda angeluak, lur motak, landarediak, bertako nekazaritza eta ereintza landareek eta horretan erabiltzen diren teknikek, eta orobat hiri edo herriguneetara dagoen hurbiltasun ala urruntasunak ere. Adibide bat aipatzeko, Estatu Batuetan eta Britainia Handian nekazaritzarako sailen muga, eta orobat traktoreak erabiltzekoa, hamaika graduko maldan dago jarria, ehuneko 20ko maldan, alegia. Herrialde horietan ehuneko berrogeita hamarretik gorako malda duten lekuetan debekaturik dago inolako ustiatze modurik egitea, erreserba natural gisa erabiltzea ez bada. Ez da horrelakorik gertatzen Mediterraneo aldeko herrialdeetan, Espainian adibidez, horietan sarritan baliatzen baitira nekazaritzarako ehuneko berrogeita hamarretik gorako malda eta are hirurogeita hamarretik gorakoa ere duten sailak. Desberdintasun horietan argi ispilatzen dira bateko eta besteko mendi malden egonkortasun desberdina, lurraren higagarritasun desberdina, ur isuriaren proportzio eta kopuru desberdina, eta batez ere, beste ezeren gainetik, nekazaritzako metodo eta tekniketan leku batzuetan eta besteetan dauden aldeak eta demografiaren presio desberdina.

 

Maldetako material garraioa: masa mugimenduak

Meteorizazio mekanikoak eta fisikoak sorrarazitako higakinak bertan finko geratzen diren azaleko formazio bilakatzen dira askotan. Baina ongi finkatu gabeko jalkinak direnean, gerta daiteke gerora handik lekuz aldatzea, mugitzea, jalkinetan oso aldaketa gutxi gertatu izanaren ondorioz ere.

Maldetan behera izaten diren material garraioak irizpide bat baino gehiagoren arabera sailkatu ohi dira: garraioaren lastertasunaren arabera, materiala banaka ala multzoka mugitzen den begiraturik, edota mugimendua eragiten duten indarren jatorriaren arabera. Higakinak mugitzea gerta daiteke bai haien pisuaren eraginez, bai ibai urak edo azaleko urak, elurrak edo lurrikarek eragindako bultzadarengatik, edota, bestela, era batera edo bestera jatorri biologikoa duten bestelako aldakuntzengatik.Masa mugimendu esaten zaio lurreko materialak, gehienetan aurrez meteorizazio moduren bat jasanak, grabitatearen eraginez denak batera eta aldi berean mugitzea eragiten duten prozesu multzoari.

Prozesu horietan eta higakinen mugimenduan bi indar motak hartzen dute parte batez ere: alde batetik maldan behera irristan doala higakin multzoak eragiten duen ebakitze indarrak, eta beste aldetik ebakitze indar horren kontra eratzen den erresistentzia indarrak. Maldaren egonkortasuna eta bertan metatutako higakin multzoena bi indar horien arteko orekaren araberakoa izango da, eta, horrenbestez, lehenengo indarra, ebakitzailea, bigarrenari garaitzen bazaio, egonkortasuna galdu egingo da, eta beheraka amiltzeko joera izango da nagusi. Alderantziz, erresistentzia indarra garaitzen bazaio ebakitze indarrari, orduan egonkor geratuko da malda; horregatik, bada, materialek eta higakinek behera gabe dauden-daudenean geratzeko duten joera handiagoa edo txikiagoa adierazten duen tasuna baizik ez da egonkortasuna.

Ebakitze indarra bizitu, ezegonkortasuna areagotu, eta materiala mugiarazi dezaketen arrazoiak era askotakoak dira. Honako hauek dira aipagarrienak: ? Malda handia izatea. Edo berez, eragile naturalez, edo lur kentzeak egin direlako, malda handitzen baldin bada, pikoago egiten bada, beste horrenbestean handitzen da ezegonkortasuna. Maldan kokatuta dagoen material orok badu, bere izatez, onargarri den indar edo tenka jakin bat, lurraren aldapa mailaren araberakoa dena.

Luizitu ez luizituko aldapa horri «pausu aldapa» deitzen zaio. Ez da ahaztu behar, gainera, aldapa handia denean, ezegonkortasunarekin batera, azaleko uraren emaria eta higaduraren intentsitatea ere handitu egiten direla.? Maldan pisua handitzea, bertan higakinak, elurra edo ura pilatu izanagatik.

? Material desberdinetako geruzak izatea, geruza horiek lurraren azal topografikoaren paralelo badaude batez ere. Geruza horiek egitura eta irazkortasun desberdinak izateak errazago egiten du luiziak izatea.

? Lur eten edo urratuak izatea.

? Lurrean beren egitura oso arbel edo tupa gisakoa duten haitzak izatea, orri banaketako planoak maldaren paralelo badituzte batez ere.

? Lur buztintsuak eta urez hanpatuak izatea.

? Higadurak, ur lasterrek edo bestelakoek berez, edo giza jardueraren eraginez –basoa ustiatzeko pista-bideak edo errepideak ebakitzean adibidez– egindako zuloak izatea.Masa mugimendu hauetan oinarrizko hiru mekanismo bereizten dira: labaintzea, isuria, goratzea.

Labaintzea gertatzen denean, labaintze plano batean zehar gertatzen dira masa mugimendu guztiak, labaindura buruan eten bat eraginik. Materiala labaintzen denean, bere barne egitura ez da askorik aldatzen, eta barne lekualdatzeak ere ez dira asko gertatzen. Isurietan, berriz, lekuz aldatzen diren materialen barne egitura aldatu egiten da, gaineragoko geruzak lasterrago mugitzen dira azpikoak baino; maldan behera ahala lastertasuna geldituz joaten da. Lur goratzeak lurraren azalera jotzen duen hedatze mugimendu baten ondorio izaten dira, eta hertsatze bat gertatu ohi da horren ondorioz, goratzearekin txandakaturik.

Masa mugimendu gehienetan oinarrizko hiru mekanismo horiek batera gertatu ohi direnez, hiruki diagrama batez egin ohi da sailkapena; diagrama horretan labaintzeak, isuriak edo goratzeak aldez edo moldez duten eraginaren arabera irudikatzen da mekanismo mota bakoitza. Irudikatze horretan, arestian aipatuaz gainera, mugimenduaren lastertasunaren mailaketa bat ere adierazten da, geldienetik lasterrenera, eta labaintze-isurtzeari dagokion ardatzean horretan hezetasunak duen eragina ere islatzen da. Era horretara, sailkapen honen arabera, masa mugimendu behinenen artean bizkorrak eta geldiak bereizten dira.

 

Masa mugimendu bizkorrak

 

Luiziak, lur erortzeak, lur hondoratzeak

Malda dinamikan askotan izaten diren gertaerak dira, eskualde bero eta hezeetakomendi maldetako haitz metamorfizatuetan batez ere, haitzik trinkoenak meteorizazio sakon batek erasanik egoten baitira haietan.

Malda harkaiztsu baten batez besteko aldapa ehuneko berrogei baino gehiagokoa denean, gerta daiteke meteorizazioz bakandutako zatiak urak eragin gabe berez mugitzen hastea. Harri puskak berez erortzen dira kurba paraboliko bat eratuz, harik eta gelditzen diren arte, eta ezpondak edo higakin konoak eratu ohi dituzte han. Puskarik handienak ezponda edo konoaren oineraino erortzen dira, higakin puxka txikienak berriz konoaren erpin aldean geratzen dira, konoaren goreneko aldean, alegia.

Lurraren hondoratzea, aldiz, maldan kokatuta dagoen material masa beheragoko materialen eusmenaz gaindi handitzen denean gertatu ohi da.

 

Labaintzea

Euri edo elur asko izanik eta lur azpian ur geruza freatikoren bat edo buztin geruzaren bat delako, zenbait metrotako lodierako lur eta haitz geruza oso bat labainduzerortzen denean izaten da. Masa mugimendu hau izateko, aldapa maila jakin batetik gorakoa behar izaten da, materialak halako plastikotasun modu jakin bat izan behar du, eta batez ere lurraren ur edukia da baldintza nagusia.

 

Masa mugimendu geldiak

Masa mugimendu sail honetan bertatik bertara bat-batean sumatzen ez direnak sartzen dira. Neurtzen eta ikusten diren mugimendu geldi hauek arrazonamendu teorikoz eta laboratorioko esperientziez definitutako bestelako zenbait prozesu batera gertatu izanaren ondorio izan ohi dira.

Mugimendu hauen artean solifluxioa eta herrestatzea sailkatzen dira.

 

Solifluxioa

Azal xamarreko material lodizko masa bat, bere azpiko geruza egonkorretik askatuta, ia ez antzemateko moduan mugitzen den prozesuari deitzen zaio solifluxio. Lur eta haitz askatu eta harrotuzko geruza bat, grabitateak eta izozteek eraginik eta lur azal azpiko drenajeak lagundurik, urez hanpatua dagoenean gertatzen da. Ur edukiak karga handitzen du eta ebakitze indarraren kontrako erresistentzia gutxitzen. Baldintza horietan, bada, ur asko xurgatzeko gai diren materialetan baizik ezin gerta daiteke solifluxioa, buztinetan esate baterako, urez hanpaturik lokatz isuriak eratzen baitira halakoetan. Mekanismo horiek batera gertatzen direnean, beti alde bererantz gertatzen diren mugimendu sail bat eratzen da.

Bereizi, era askotako solifluxio motak bereizten dira, solifluxioa zein baldintzatan gertatzen den begiratuta: solifluxio laminarrak, azaleko solifluxioak, terraza erakoak, etab. Landaredi mota desberdinak, topografia mota desberdinak, eta baldintza bioklimatiko desberdinak dituzten mendialde hezeak dira paisajearen eraketa modu hau gertatzeko baldintzarik onenak dituztenak.Herrestatzea edo creepingHerrestatze edo creeping prozesu hau lurreko zatikiek eta alteritek (meteorizazio sakonez xehetutako haitzek) handitze eta txikitze mugimendu txandakatuetan izaten duten leku aldaketak eragina izaten da.

Maldan beherako mugimendu etengabe honen ondorioz masa multzo osoa aldatzen da lekuz.

Grabitatearen eragina abiarazteko bultzada zein izan den begiratuz gero, herresta edo creepingaren jatorria izan daiteke beroak eragina (materialaren dilatatzeak eta uzkurtzeak eragina), urak eragina (hezetze eta lehortze txandakakoak eragina), ala jatorri biologikokoa (landareen sustraiak hazten direnean edo piztiek zuloak egitean eragindako lur mugimenduak). Izozteak eta urtzeak txandaka gertatzen direnean (gelifrakzioa edo izotz lurraren zartatzea), izozten den ur kopuruaren araberakoa izaten da lurraren dilatatzea; eta handitze-txikitzeaklur azalaren perpendikular gertatzen dira; izotzak eragindako lurraren zartatze hau biziki mekanismo eraginkorra izaten da lurraren herrestatze prozesuetan. Prozesu hau gertatzeko meteorizazioak higakin txiki edo xehezko azaleko geruza bat eratu duen ingurune bioklimatikoak dira lekurik egokienak, haitzak bikorretan oso xeheturik dauden eremu hezeak, esate baterako. Era honetako gertaerak aise sumatzen dira paisajean bertan, mendi maldetan zuhaitzak beherantz okertuta daudelako, edo indar zutoinak edo telefono zutoinak okertu direlako, besteren artean; horrekin, besterik gabe, ez da zaila igartzen zenbateko garrantzia duten prozesu hauek guztiek lurraldearen planifikaziorako.

Paisajea eratzeko bestelako prozesuek bezalaxe, masa mugimendu hauek ere badute beren geografiazko banaketa berezia.

Malda mugimendu hauek tupa edo buztin haitz bigunak azaleratzen diren tokietan gertatzen dira lehendabizi; eta baita jalkin geruza lodiak dauden lekuetan ere. Alderantziz, haitz hauskaitzek ez dute ia behin ere halako mugimendurik izaten, eta prozesu mekanikoak eta biokimikoak behar dira haiei erasotzeko. Gizonaren eskua ere erabakigarria izan ohi da prozesu hauetan; baso landatzeko terrazagintzako lanek, esate baterako, aise hautsi dezakete oreka. Lurrikarak direnean, edo elurra oso bizkor urtzen denean, besteren artean, luizi eta lur jauste handien eragile izan ohi dira maiz, hondamendi handien eragile, askotan, lurralde menditsuetan.

Ande mendietan, adibidez, gertaera asko izan dira gisa honetakoak; horietako batzuetan, halere, ikaragarrizko hondamenak izan dira: Huascaran (Peru), Nevado del Ruiz (Kolonbia), etab. 1970eko maiatzaren 31an Peruko Ande mendietako Santa ibaian izandako lurrikarak 800 metroko izotz, elur eta haitzezko masa bat askatu zuen (berrogei milioi metro kubo) Huascaran mendiaren gailurretik; masa hori guztia orduko 480 kilometroko lastertasunean jausi zen, eta Yungay hiriko hamar mila biztanleak harrapatu zituen azpian.