Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Lur azalaren bilakaera

Kontinenteen bilakaera Lehen arotik hasi eta gaur egun arte.<br><br>Lurraren historia geologikoan zehar kontinenteen itxura arras aldatu da: aldaketa horiek eguraldi aldaketen eta bestelako aldaketen eragile izan dira orobat.<br><br>

Lur azalak Lurraren gain-gaineko geruza osatzen du eta hainbat tentsio jasaten ditu azpiko geruza plastikoen konbekzio korronteen eraginez.

Lurraren historian zehar, korronte horien ondorioz lur azalaren zatiak bereizi eta gero berriro elkartu izan dira, itsas mailatik gora ateratzen diren zatien banaketa aldakorra da beraz.

Aldi berean, eta Lurrean bizia sortu zenetik, izaki biziek gaur egungo forma izateraino bilakaeran jarraitu dute eta fosilak eratzean denboraren eskala bat ezartzeko aukera sortu da horrela. Eskala horren bidez bai materialak eta bai horien ondoan bizi izan diren izaki biziak sailkatzen dira.

Orain dela 8.500 urtetik hona, Lurreko tenperaturek hainbat aldaketa izan dituzte. Aldaketa horien sintesia egiteko, hozteko joera izan dutela esan daiteke, nahiz eta tartean hotz eta bero denboraldiak izan diren.

 

Lur azalaren eraketa

Lurra osatzen duten materialak pixkanakapixkanaka hozten joan dira eta prozesu horrek sortu du lur azala. Gaur egun zabalduen dauden teorien arabera, orain dela lau bat mila milioi urte, nukleoa osatu zenean, urtutako gaiez osatutako laurehun bat kilometroko geruza geratu zen azalean. Lurrak irradatzen zuen barruko bero handiaren eraginez, azaleko material horiek konbekzio higidura handiak jasaten zituzten.

Denborak aurrera egin ahala kosmosera ihes egindako beroa dela-eta materialen tenperaturak behera egin zuen. Mila eta bostehun gradutara iristean, urtze punturik altuena duten materialak, hau da, jatorri basaltikoa dutenak, azalean gotortzen hasi ziren, baina jariakaria baino astunagoak direnez, urperatu eta berriro isurkari bihurtu ziren.

Gero granitoa hasi zen gotortzen eta hori hain astuna ez denez, azalean pilatu zen labe garaietan ateratzen den zeparen antzeko geruza gotor bat osatuz. Materialen tenperatura zazpiehun gradutara iritsi zenean, lur azalak hamar bat kilometroko lodiera du.

Sumendi erupzioetan askatzen den gasarekin sortzen den atmosferak bero gehiago galarazten du eta horrek material solidoak bizkorrago hozten laguntzen du. Tenperatura lur azalean ura kondentsatzeko adina hoztu zenean hidrosfera sortu zen.

Eta are gehiago, lur azaleko gain-gaineko geruzetan tenperatura jaisteak granitozko geruza lodiarazi zuen eta gaineko geruzen tenperaturaren beherakadaren ondorioz, basaltozko geruza eratu zen haren azpian.

 

Lur azalaren kronologia

Lur azalaren bilakaera etengabeko prozesua den arren, hiru aldi nagusi bereizten dira.

Lehenengoa egoeraren araberakoa da zeharo. Lur azaleko materialak etengabe berritzen direnez, data jakin batetik atzera ezinezkoa da lanerako materialik aurkitzea.

Beraz, garai hori ezin azter daiteke espekulazio zientifikoaren bitartez baizik, eta aldi arkaikoa edo geologia baino aurretikakoa deitzen zaio. Aldi honen muga hiru mila eta bostehun milioi urtetan dago ezarrita eta ezagutzen diren material zaharrenen sorrera datarekin bat dator gutxi gorabehera.

Bigarren aldiari arkeozoiko, proterozoiko edo prekanbriko esaten zaio; garai horri dagokionez, material geologiko gutxi eta oso aldatuta daude eta ia hondakin fosilik ez dago. Orain dela seiehun bat milioi urte arte iraun zen eta bi aldi bereizten dira: Behe Prekanbrikoa, antzinakoena, eta Goi Prekanbrikoa. Aldi honetan osatu ziren ezkutuak, hau da, plaken erdiguneak. Gero, horien inguruan materialak pilatuz, hazten joan ziren gaur egungo plakak osatu arte. Aldi honetan hidrosfera izeneko estalki isurkariak erregularra izateari utzi eta lur azal gotorrak konbekzio korronteen eraginez behera egindako guneetan pilatzen joan zen ura; horrela sortu ziren ozeanoak.

Azkenik, seiehun milioi urtetik honako tartea hartzen du hirugarren aldiak, fanerozoikoak.

Aldi hori beste hainbat aro eta alditan banatuta dago eta bakoitzean gai eta fosil mota jakin batzuk agertzen dira.Lur azalaren bilakaerari buruzko datu gehienak eremu magnetikoaren eta fosilen azterketatik lortu dira.

 

Pangeak eta kontinenteak

Lur azalak egitura duen unetik, hau da, tektonikaren printzipioen arabera aldatzen diren kratoi guneak dituenetik, lur azalaren historian plaken hausturak eta horietatik sortutako zatien elkartzeak etengabe gertatzen dira. Aldaketa horien azken arrazoia, sakoneneko konbekzio korronteen eraginez azaleratutako gaiak jitoan ibiltzean dago.

Korronte horiek konstanteak balira, lur zatiak leku jakin batean pilatuko lirateke azkenean, superkontinente bat edo Pangea osatuz.

Baina horrela gertatzen ez denez, higidurak eta etengabeko haustura eta elkarketak izaten dira, azalera ateratako materialaren banaketa uneoro aldatzen dela.

Badirudi aldi arkaikoaren amaieran agertu ziren lehenengo plakak zein bere aldetik osatu zirela, baina ez dago dudarik egitura horiek hainbat prozesuren ondoren, pangea bat osatuz elkartu zirela gutxienez bi aldiz. Aurrenekoa proterozoikoaren amaiera aldera gertatu zen, materiala pilatuz joan zenean ustezko bi nukleotan: Proto-Laurasia eta Proto-Gondwana. Bi nukleo horietako bakoitza hainbat kratoi gune elkartzean sortu zen.

Gero, konbekzio korronteen eraginez, Pangea zatitu egin zen. Zatiketa horren ondorioz kontinente bereiziak sortu ziren eta euren artean itsas arro handiak. Arro horietan pilatuz joan ziren itsas mailatik gora ateratako zatien higakinak.

Lur azalaren bilakaeraren beste momentu batean, bigarren pangea osatu zuten lur zati edo plakek, higaduren norabide aldaketaren eta Lurraren forma esferikoaren eraginez.

Baina hori ere konbekzio korronteek desegin zuten, gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteetan zatitu zen eta hirugarren pangea deitu zaionerantz higitzen jarraitzen dute gaur egun zati horiek.

 

Orogeniak eta bilakaera biologikoa

Proterozoikoaz geroztik lur azala osatzen duen plaken mosaikoa etengabe itxuraldatzen aritzeak itsasoak agertu eta desagertzea dakar berarekin; izan ere, bi kratoi puska banatzean agertzen diren itsasoak desagertu egiten dira haiek berriro elkartzen direnean. Baina bitartean, itsas hondoan jalkitzen dira azaleratutako materialak eta plakak berriro elkartzean, jalkinhoriek tolestu egiten dira, eta mendikate handiagoak ala gutxiagoak eratzen dituzte, material kopuruaren arabera. Toleste horri orogenia deitzen zaio eta gehiago edo gutxiago higatutako «orbaina» uzten du lur azalean.

«Orbain» hori aztertu eta datatu egin daiteke.

Orogenia bakoitza gertatu zen unea zehazteak eta izaki bizien bilakaera ezagutzeak, horien fosilak ere datatu egin baitaitezke, lur azalaren historia zehaztasun handiz berregiteko aukera ematen du.

Lur azaleko aldaketa horiekin batera, bizia sortu zen Lurrean. Eta bilakaerari esker, aldi geologikoetan zehar bata bestearen atzetik etorri diren izaki bizi talde desberdinak joan dira sortzen. Izaki bizi horien hondakin fosilei esker fosilak dituzten jalkinen data jakin ahal izango da, zeharka, eta haien banaketa eremuaren bitartez kontinenteak eta itsasoak identifikatu.

 

Prekanbrikoa

Aldi arkaikoa (orain dela hiru mila eta bostehun milioi urtetik bi mila eta bostehun milioi urtera bitartean) amaitu zenean hasi zen prekanbrikoa. Prekanbrikoak orain dela seiehun milioi urte arte iraun zuen eta tarte horretan agertu ziren Lurreko lehenengo izaki biziak. Garai horretako datuak bakanak dira eta oso sakabanatuta daude.

Lur azala hazi egin zen eta materialen lehenengo higidura horizontalak gertatu ziren; material guztia bi kontinentetan pilatu zen eta aldi honen amaieran biek bat egin eta lehen pangea osatu zuten. Prekanbrikoan eratu ziren Lurreko lehen mendikateak, orogenia huroniarraren eraginez, eta Lurrean klima epela nagusitu zen, nahiz eta tartean hiru izotzaldi gertatu ziren, Groenlandian, Eskandinavian, Frantzian, Mendebaleko Afrikan, Txinan eta Australian aurkitutako hormaguneen morrenetako hondakinek frogatzen dutenez.

Lehenengo izotzaldia orain dela 2’5-2’3 x 109 urte gertatu zen, bigarrena orain dela 1’9 x 109 urte gutxi gorabehera eta azkena prekanbrikoaren amaiera aldera, orain dela 850 edo 600 bat milioi urte. Orogenia huroniarraren ondoko izotzaldi honekin hasi zen Lehen aroa, klima hotzarekin beraz.

Orain dela bi mila eta bostehun milioi eta bi mila milioi urte bitartean, Lurraren atmosfera oxidatzaile bihurtu zen, geruza honen konposizioa aldatzeko gai diren zenbait molekula biologiko agertu baitziren, klorofila adibidez. Garai horretakoak dira lehenengo molekula kimikoak eta bakterio fosilak.

Garai hartatik aurrera hainbat organismo hasi ziren sortzen. Lehenengo alga zelulabakar eta zianofizeoak orain dela mila eta seiehun milioi urtekoak dira eta orain dela mila eta ehun milioi urte ingurukoak lehenengo metazooak, besteak beste, marmokak, harraketa ekinodermo eta trilobitetan jatorria zutenak; eskeletorik ez izatea dute ezaugarri nagusia eta beraz ezin dute kaltzioa, beste izaki bizietan gai arrunta, pilatu.

 

Lehen aroa edo paleozoikoa

Paleozoikoan lur azaleko lehenengo pangea hainbat zatitan banatu zen, sedimentazio handiko arroak gelditu zirela tarteetan.

Bi orogenia handi gertatu ziren, orogenia kaledoniarra, ordobizikoaren eta silurikoaren artean, eta orogenia hertziniarra, Ikatz aldian gertatua eta Lurrean gaur egungo ezkutu handiak sorrarazi zituena: Kanadakoa (Groenlandiarekin batera), Eskandinaviakoa, Siberiakoa, Afrikakoa, Guyana- Brasilgoa, Australiakoa eta Antartikoa. Ezkutu horiek kontinente bakarra osatzen zuten, Pangea hain zuzen. Pangea itsaso bakar batek inguratzen zuen, Panthalasak, eta honen sarrera sakon batek, Tethys itsasoak, Ipar Hemisferioko ezkutua (Laurasia kontinentea) eta Hego Hemisferioko ezkutua (Gondwana kontinentea) banantzen zituen eta egoera hori Bigarren Aroan edo Aro Mesozoikoan finkatu zen.Halaber, badirudi kontinente masa osoa ere pixka bat mugitu egin zela. Paleozoikoaren hasieran zatirik handiena Hego Hemisferioan zegoen, Ikatz aldian eta permikoan berriz, Ekuatorearen inguruan ia posizio simetrikoa zuen eta latitude ertainetan zegoen kontinente masaren kontzentraziorik handiena.

Egoera geologiko honekin batera, Lurreko biziak eklosio eta aniztasun handia izan zuen eta hori guztia, bi izotzaldik bakarrik etendako beroaldi handi batean gertatu zen. Lehenengo izotzaldia ordobiziko eta siluriko aldien artean gertatu zen eta hogei edo hogeita bost bat milioi urte iraun zuen.

Bigarren izotzaldia Ikatz aldian zehar gertatu zen, orain dela hirurehun milioi urte gutxi gorabehera. Baina bi kasu horietan, aurkitutako tillita hondarrek (morrenak pilatutako hormaguneetan jatorria duten metatzeak), kontzentrazio handiagoa dute Hego Hemisferioko kontinenteetan: Hego Amerika, Afrika, India, Australia eta Antartida.

Gainera, bi izotzaldietan zehar klima nabarmen arindu zen zenbait garaitan eta Ikatz aldiko izotzaldiaren kasuan, basoak asko garatu ziren beroaldi haiei esker.

Kanbrikoaren eta silurikoaren arteko garai honetan lehenengo jalkin karbonatodunak sortu ziren (dolomiak) eskeleto fosilen pilaketari esker.Eta aldi honetan osatu zen, orobat, kontinenteen kolonizazioa, bai landareei dagokienez, aniztasun handikoa eta ikatz meatze handiak sorrarazi zituena, eta bai artropodo eta anfibioei dagokienez. Paleozoikoaren amaieran lehen narrastiak agertu ziren.

 

Bigarren aroa edo mesozoikoa

Mesozoikoaren ezaugarri nagusia tarte horretan geologiko jarduera bizirik eta orogenia aipagarririk ez izatea da. Geologiari dagokionez, gertaerarik garrantzitsuena triasiko aldian Pangea zatitzen hasi izana da.

Ozeano Atlantikoa sortu zen, eta Ipar Amerika eta Europa banatu zituen lehenik eta Hego Amerika eta Afrika geroago. Ikertzaile gehienen arabera mesozoiko guztian zehar ez zen izotzaldirik izan, oro har klima epela izan zuen. Jurasiko aldian hogei gradu inguruko tenperaturak izan ziren eta hamabost eta hogei gradu bitartekoak kretazikoan, urtaroen araberako aldaketa gutxiekin eta Lurraren inguruko hezetasun banaketa kontzentrikoarekin.

Triasikoan, hau da, mesozoikoaren lehen partean bigarren pangea zatitzen hasi zen eta zatitze prozesu hori triasikoaren eta hurrengo aldiaren, hau da, jurasikoaren artean amaitu zen. Orduan azaldu zen Tethys itsasoa, eta itsaso horrek bereizi egin zituen Hegoaldeko Gondwana eta Iparraldeko Laurasia. Aldi honen amaieran azaldu ziren lehen ugaztunak.Landarediak aldaketa handiak jasan zituen.

Besteak beste, pteridospermak desagertu ziren eta horien ordez, zikadofitoak aurrena eta koniferoak gero agertu ziren.

Hegaztiak ere orduan sortu ziren.

Mesozoikoko hirugarren zatian, kretazikoan, Gondwana kontinentea zatitu zen.

Aurrena Hego Amerika bereizi zen eta Atlantikoa luzatu zen. Gero Atlantida, Australia eta azkenik India, gaur egun Afrika dena alde batera utzirik.

 

Hirugarren aroa edo zenozoikoa

Aro honen hasieran orogenia bat da bereziki aipagarria, orogenia alpinoa hain zuzen, eta oro har aldaketa handiak gertatu ziren izaki bizietan. Hirugarren aro honetan berriro suspertu zen geologia jarduera, orogenia alpinoarekin; lehengo ezkutu kontinentalei gaur egun ezagutzen diren mendikate handi guztiak erantsi zitzaizkien: Andeak, Mendi Harritsuak, Alpeak, Himalaia, Atlas Mendiak, eta abar. Bestalde, Pangearen zatiketa amaituta zegoen eta eozeno aldian Lurrak gaur egungo itxura zuela esan daiteke. Aldaketa horiekin batera, klima hozten joan zen pixkanakapixkanaka Laugarren aroko izotzaldiak arte.

Hozte prozesu hori gehiago nabarmendu zen latitude garai eta ertainetan latitude apaletan baino. Gainera, urtaro aldaketa nabarmenagoak, lurburuen eta ekuatorearen arteko alde handiagoak eta lurrean klimaaniztasun handiagoa eragin zituen. Europari dagokionez, pleistozenoko hozte prozesuaren arabera esan daiteke gaur egungo baldintzen oso antzekoak zirela, edo zerbait epelagoak, gune klimatikoak gaur egungoak baino hamar edo hamabost gradu iparralderago baitzeuden.

Hozte prozesu hori nabarmenagoa izan zen latitude garaietan eta miozeno aldian eremu handiagoa hartu zuen Antartidako izotz zatiak. Pliozenoan, hau da, orain dela bost milioi urte gutxi gorabehera, izotz eremuek gaur egungo bolumen beretsua zuten.

Baina Iparburuan prozesua motelagoa izan zen. Lehenengo izotz zatia Erdiko miozenoan sortu zen, baina Laugarren aroa arte ez zen gaur egungoaren antzeko izotz zatia osatu.

Aldaketa handiko aldi honetan zehar ugaztunek hartu zuten narrasti handien tokia eta eozenoaren amaierarako sortuak ziren gaur egungo ugaztun ia guztiak. Aipagarrienak apodunak, haragijaleak eta intsektujaleak dira. Eozeno aldian funtsezko beste gertaera bat gertatu zen: lehendik existitzen ziren primateetatik antropomorfoak sortu ziren eta horietatik gizakia sortu zen Laugarren aroan.

Beste bi aldietan, hau da, miozenoan eta pliozenoan, bi Amerikek bat egiteaz gainera, Afrika atzeratu zen eta gaur egungo Mediterraneo itsasoa sortu zen. Orduan sortu zen Itsaso Gorria ere eta ekialdeko riftaren haranean zehar Arabia eta Afrika banatzen hasi zen.

 

Laugarren aroa

Laugarren aroa oso laburra da aurreko aroen aldean: bi milioi urteko iraupena besterik ez zuen izan. Tart horretan lur azalean aurreko aroan hasitako prozesuek aurrera jarraitu zuten, Atlantikoa zabaldu zen, Afrikaren norabidea aldatu zen eta horrenbestez, Afrika berriro Europara hurbildu zen. Ez zen orogenia aipagarririk izan, mugimendu epirogeniko postparoximal batzuk eta kontinenteei gaur egungo itxura eman zieten higadura gutxi batzuk baino ez.

Aldi honetan lehen ere azaldu zen prozesu bat errepikatu zen, atmosfera hoztea hain zuzen. Prozesu hori aroaren lehen zatian amaitu zen, pleistozenoan alegia.

Pleistozenoa izotzaldien sorrerarekin amaitu zen. Izotzaldietan lur azaleko gune handiak estali zituen izotzak lau alditan. Izotzaldi batetik bestera izotzik gabeko bitarteak ere izan ziren eta horrek aldaketak eragin zituen itsasoaren mailan; horrela zenbait itsasarte zabaldu eta itxi ziren aldizka, Gibraltar edo Bering itsasarteak adibidez.

Honenbestez, garai batzuetan posible zen izaki biziak kontinente batetik igarotzea eta beraz, animalien eta gizakien migrazioak gertatu ziren tarte horietan.Holozenoan lurburuetako izotzak atzeratu egin ziren eta gaur egungo klima banaketa sortu zen. Horrekin, lur azalaren eta izaki bizien bilakaera prozesu baten amaiera ezarri zen. Gaur egun biek jarraitzen dute aurrera, baina hain dira motelak, non, pentsa ezina egiten baita gure aldi historikoan aldaketa nabarmenik gertatu denik lur azalaren eta izaki bizien bilakaeran. Aldi honetan gertatu ziren klima gertaeren garrantzia arrazoi aski da horien azterketa sakonagoa justifikatzeko, izan ere, gaur egungo klimaren ezaugarri asko garai horietako gertaeren ondorio baita. Lehen aipatu den bezala, aldi honetako gertaerarik bereziena ehun bat mila urte irauten duten izotzaldiak eta hamar bat mila urteko izotzaldi bitarteak txandakatzea da. Izotzaldietan bi lurburuetako izotz iraunkorren eremua nabarmen handitzen da, inladnsis (kontinenteetako hormagune) handiak finkatzen dira Eskandinavia, Groenlandia, Ipar Amerika eta Antartidan, eta azkenik, mendiko hormaguneek ere aurrerakada ikusgarria egiten dute. Gertaera horiek aldi berean gertatzen dira kontinente guztietan, mundu guztian klima aldaketak izaten dira, beraz.

Hotzik handieneko uneetan, gaur egun Ipar latitudeko 72°-ra iristen diren izotz iraunkorrak, batez beste Ipar latitudeko 56°raino hedatzen dira eta batzuetan 40°-ko paralelora ia. Izotzaldien ondoren, bost edo hamar graduko bat-bateko beroaldiak izotzaldi arteko aldia ezartzen du, izotz iraunkorrak atzeratuz eta horren ondorioz itsas maila igoaraziz. Orduan, gaur egungoen antzeko klima izaten da edo agian epelagoa ere bai.

Latitude apaletan, Laugarren aroko hotzaldia ez zen hain nabarmena izan, eta horrenbestez, han ez zen izotzaldirik izan.

Badirudi latitude horietan aldi euritsuagoak eta lehorragoak gertatu direla txandaka, latitude garaietako izotzaldi edo izotzaldi bitarteekin batera.

Horrek esan nahi du Laugarren aroan zehar, eta batez ere izotzaldietan, lurburuen eta ekuatorearen arteko tenperatura aldea nabarmen handitzen dela. Horrek, dudarik gabe, eragina izango zuen egurats zirkulazio orokorrean: lurburuetako haize lasterrak bizkortu eta latitude ertainetako perturbazioak areagotuko ziren, bi horiek baitira latitude gutxien eta handien arteko oreka termikoaren eragileak.

Lurreko geologia aldietan gertatutako klima aldaketa eta ezaugarriei buruzko azterketatik zenbait ondorio interesgarri atera daitezke laburpen gisa.Lehenik eta behin, Lurraren historia geologikoan zehar klima aldaketa handiak gertatu dira, gizakiak parte hartu gabe gainera. Dena den, argitu beharra dago, Lurra planeta gisa hartuz eta Lurraren historiageologikoari dagokionez, aldaketak ez direla oso zakarrak, bat-batekoak izan, Lurreko tenperaturek bi eta hogeita hamabi gradu arteko aldaketa besterik ez baitute izan. Baina gizakiaren ikuspegitik aldaketa horiek oso garrantzitsuak dira, gizartearen antolakuntzan eragin handia izan dutelako.Bigarrenik, aldaketa horiek Lurrean izandako hiru klima mota ezaugarritzen dituzte: – Klima epela, lurburuetan izotz iraunkorrik gabekoa eta horrenbestez, lurburuen eta ekuatorearen artean alde termiko handirik gabea. Hau da Lurraren historia geologikoan klima motarik arruntena, eta klima sistemaren egoerarik egonkorrena hauxe dela dirudi.

– Izotzaldi iraunkorra, hedadura handiko izotzarekin eta horrenbestez, lurburuen eta ekuatorearen arteko alde termiko handiarekin. Izotzaldietako klima mota nagusia da, ez aurrekoa bezain arrunta.

– Lurburuetan hedadura gutxiko izotza eratzen den klima. lurburuen eta ekuatorearen arteko kontrastea mantendu egiten da. Izotzaldi bitarteetako egoera da, Lurraren historian zehar gutxien gertatu diren aldietakoa hain zuzen. Lur osoa epel egondako aldien maiztasun handiak eta izotzaldi bitarteen maiztasun urriak sistemak bere berezko egoera egonkorrera itzultzeko, hau da, berotasun orokorreko egoerara itzultzeko egiten dituen saioak dira zenbait ikerlariren arabera.Bestalde, klimaren aldaketek eragin handiagoa izan dute latitude garaietan apaletan baino eta etorkizunean ere hala gertatuko dela pentsa daiteke.

Izotzaldiak jarduera orogeniko biziko aldietan gertatzen dira eta ez dira ia gertatzen geologia aldakuntza gutxiko aldietan.

Azkenik, esan beharra dago gaur egungo izotzaldi arteko garaia dela, hau da, Lurraren historia geologikoan gutxien gertatzen den eta arraroena den egoeran. Horren arabera, klima orain arte bezala aldatzen bada, egoera honek ezin du luzaz iraun, are gehiago izotzaldi bitartea orain dela hamar bat mila urte hasi zela eta Laugarren aroan zehar aldi horiek izan duten batez besteko iraupena hamar mila urtekoa izan dela kontuan harturik. Baina gauzarik zailena klima aldaketaren norabidea iragartzea da: beste izotzaldi bat etorriko da, Laugarren aroko joerari eutsiz, edo bestela, beroaldia izango da eta Laugarren aroko izotzaldiei amaiera emango die.

Pleistozenoko azken izotzaldiaren ondoren, holozenoko izotzaldi bitartea etorri zen eta honekin batera gizakiaren sorrera eta Lurraren bilakaeran garai historiko gisa hartzen diren aldiak. Azken izotzaldiak orain dela hogei mila urte iritsi zuen gorena gutxi gorabehera. Garai hartan izotz eremua oso handia zen Antartidan, Europan eta Ameriketan eta itsas maila oso behera zegoen. Orain dela 14.000 edo 10.000 urte izotza urtzen hasi zen eta orain dela 8.500 urte Europan eta orain dela 7.000 urte Ameriketan gaur egungoaren antzeko egoera zegoela esan daiteke.