Geografia unibertsala»Geografia
Lur azalaren bilakaera
Lur azalak Lurraren gain-gaineko geruza osatzen du eta hainbat tentsio
jasaten ditu azpiko geruza plastikoen konbekzio korronteen eraginez.
Lurraren historian zehar, korronte horien ondorioz lur azalaren zatiak
bereizi eta gero berriro elkartu izan dira, itsas mailatik gora ateratzen
diren zatien banaketa aldakorra da beraz.
Aldi berean, eta Lurrean bizia sortu zenetik, izaki biziek gaur egungo
forma izateraino bilakaeran jarraitu dute eta fosilak eratzean denboraren
eskala bat ezartzeko aukera sortu da horrela. Eskala horren bidez bai
materialak eta bai horien ondoan bizi izan diren izaki biziak sailkatzen dira.
Orain dela 8.500 urtetik hona, Lurreko tenperaturek hainbat aldaketa
izan dituzte. Aldaketa horien sintesia egiteko, hozteko joera izan dutela
esan daiteke, nahiz eta tartean hotz eta bero denboraldiak izan diren.
Lur azalaren eraketa
Lurra osatzen duten materialak pixkanakapixkanaka
hozten joan dira eta prozesu
horrek sortu du lur azala. Gaur egun zabalduen
dauden teorien arabera, orain dela lau
bat mila milioi urte, nukleoa osatu zenean,
urtutako gaiez osatutako laurehun bat kilometroko
geruza geratu zen azalean. Lurrak
irradatzen zuen barruko bero handiaren eraginez,
azaleko material horiek konbekzio
higidura handiak jasaten zituzten.
Denborak aurrera egin ahala kosmosera
ihes egindako beroa dela-eta materialen tenperaturak
behera egin zuen. Mila eta bostehun
gradutara iristean, urtze punturik altuena
duten materialak, hau da, jatorri basaltikoa
dutenak, azalean gotortzen hasi ziren,
baina jariakaria baino astunagoak direnez,
urperatu eta berriro isurkari bihurtu ziren.
Gero granitoa hasi zen gotortzen eta hori
hain astuna ez denez, azalean pilatu zen labe
garaietan ateratzen den zeparen antzeko
geruza gotor bat osatuz. Materialen tenperatura
zazpiehun gradutara iritsi zenean, lur
azalak hamar bat kilometroko lodiera du.
Sumendi erupzioetan askatzen den gasarekin
sortzen den atmosferak bero gehiago
galarazten du eta horrek material solidoak
bizkorrago hozten laguntzen du. Tenperatura
lur azalean ura kondentsatzeko
adina hoztu zenean hidrosfera sortu zen.
Eta are gehiago, lur azaleko gain-gaineko
geruzetan tenperatura jaisteak granitozko
geruza lodiarazi zuen eta gaineko geruzen
tenperaturaren beherakadaren ondorioz,
basaltozko geruza eratu zen haren azpian.
Lur azalaren kronologia
Lur azalaren bilakaera etengabeko prozesua
den arren, hiru aldi nagusi bereizten dira.
Lehenengoa egoeraren araberakoa da
zeharo. Lur azaleko materialak etengabe berritzen
direnez, data jakin batetik atzera
ezinezkoa da lanerako materialik aurkitzea.
Beraz, garai hori ezin azter daiteke espekulazio
zientifikoaren bitartez baizik, eta aldi
arkaikoa edo geologia baino aurretikakoa
deitzen zaio. Aldi honen muga hiru mila
eta bostehun milioi urtetan dago ezarrita eta
ezagutzen diren material zaharrenen sorrera
datarekin bat dator gutxi gorabehera.
Bigarren aldiari arkeozoiko, proterozoiko
edo prekanbriko esaten zaio; garai
horri dagokionez, material geologiko gutxi
eta oso aldatuta daude eta ia hondakin
fosilik ez dago. Orain dela seiehun bat
milioi urte arte iraun zen eta bi aldi bereizten
dira: Behe Prekanbrikoa, antzinakoena,
eta Goi Prekanbrikoa. Aldi honetan
osatu ziren ezkutuak, hau da, plaken
erdiguneak. Gero, horien inguruan materialak
pilatuz, hazten joan ziren gaur egungo
plakak osatu arte. Aldi honetan hidrosfera
izeneko estalki isurkariak erregularra
izateari utzi eta lur azal gotorrak konbekzio
korronteen eraginez behera egindako
guneetan pilatzen joan zen ura; horrela
sortu ziren ozeanoak.
Azkenik, seiehun milioi urtetik honako
tartea hartzen du hirugarren aldiak, fanerozoikoak.
Aldi hori beste hainbat aro eta
alditan banatuta dago eta bakoitzean gai eta
fosil mota jakin batzuk agertzen dira.Lur azalaren bilakaerari buruzko datu
gehienak eremu magnetikoaren eta fosilen
azterketatik lortu dira.
Pangeak eta kontinenteak
Lur azalak egitura duen unetik, hau da,
tektonikaren printzipioen arabera aldatzen
diren kratoi guneak dituenetik, lur azalaren
historian plaken hausturak eta horietatik
sortutako zatien elkartzeak etengabe gertatzen
dira. Aldaketa horien azken arrazoia,
sakoneneko konbekzio korronteen eraginez
azaleratutako gaiak jitoan ibiltzean dago.
Korronte horiek konstanteak balira, lur zatiak
leku jakin batean pilatuko lirateke azkenean,
superkontinente bat edo Pangea osatuz.
Baina horrela gertatzen ez denez, higidurak
eta etengabeko haustura eta elkarketak
izaten dira, azalera ateratako materialaren
banaketa uneoro aldatzen dela.
Badirudi aldi arkaikoaren amaieran
agertu ziren lehenengo plakak zein bere
aldetik osatu zirela, baina ez dago dudarik
egitura horiek hainbat prozesuren ondoren,
pangea bat osatuz elkartu zirela gutxienez
bi aldiz. Aurrenekoa proterozoikoaren
amaiera aldera gertatu zen, materiala pilatuz
joan zenean ustezko bi nukleotan: Proto-Laurasia
eta Proto-Gondwana. Bi nukleo
horietako bakoitza hainbat kratoi gune elkartzean
sortu zen.
Gero, konbekzio korronteen eraginez,
Pangea zatitu egin zen. Zatiketa horren
ondorioz kontinente bereiziak sortu ziren
eta euren artean itsas arro handiak. Arro
horietan pilatuz joan ziren itsas mailatik gora
ateratako zatien higakinak.
Lur azalaren bilakaeraren beste momentu
batean, bigarren pangea osatu zuten lur
zati edo plakek, higaduren norabide aldaketaren
eta Lurraren forma esferikoaren eraginez.
Baina hori ere konbekzio korronteek
desegin zuten, gaur egun ezagutzen ditugun
kontinenteetan zatitu zen eta hirugarren
pangea deitu zaionerantz higitzen jarraitzen
dute gaur egun zati horiek.
Orogeniak eta bilakaera biologikoa
Proterozoikoaz geroztik lur azala osatzen
duen plaken mosaikoa etengabe itxuraldatzen
aritzeak itsasoak agertu eta desagertzea
dakar berarekin; izan ere, bi kratoi
puska banatzean agertzen diren itsasoak
desagertu egiten dira haiek berriro elkartzen
direnean. Baina bitartean, itsas hondoan
jalkitzen dira azaleratutako materialak
eta plakak berriro elkartzean, jalkinhoriek tolestu egiten dira, eta mendikate
handiagoak ala gutxiagoak eratzen dituzte,
material kopuruaren arabera. Toleste horri
orogenia deitzen zaio eta gehiago edo gutxiago
higatutako «orbaina» uzten du lur azalean.
«Orbain» hori aztertu eta datatu egin daiteke.
Orogenia bakoitza gertatu zen unea
zehazteak eta izaki bizien bilakaera ezagutzeak,
horien fosilak ere datatu egin baitaitezke,
lur azalaren historia zehaztasun handiz
berregiteko aukera ematen du.
Lur azaleko aldaketa horiekin batera,
bizia sortu zen Lurrean. Eta bilakaerari esker,
aldi geologikoetan zehar bata bestearen
atzetik etorri diren izaki bizi talde desberdinak
joan dira sortzen. Izaki bizi horien
hondakin fosilei esker fosilak dituzten
jalkinen data jakin ahal izango da, zeharka,
eta haien banaketa eremuaren bitartez
kontinenteak eta itsasoak identifikatu.
Prekanbrikoa
Aldi arkaikoa (orain dela hiru mila eta
bostehun milioi urtetik bi mila eta bostehun
milioi urtera bitartean) amaitu zenean
hasi zen prekanbrikoa. Prekanbrikoak orain
dela seiehun milioi urte arte iraun zuen eta
tarte horretan agertu ziren Lurreko lehenengo
izaki biziak. Garai horretako datuak
bakanak dira eta oso sakabanatuta daude.
Lur azala hazi egin zen eta materialen lehenengo
higidura horizontalak gertatu ziren;
material guztia bi kontinentetan pilatu
zen eta aldi honen amaieran biek bat egin
eta lehen pangea osatu zuten. Prekanbrikoan
eratu ziren Lurreko lehen mendikateak,
orogenia huroniarraren eraginez, eta
Lurrean klima epela nagusitu zen, nahiz eta
tartean hiru izotzaldi gertatu ziren, Groenlandian,
Eskandinavian, Frantzian, Mendebaleko
Afrikan, Txinan eta Australian aurkitutako
hormaguneen morrenetako hondakinek
frogatzen dutenez.
Lehenengo izotzaldia orain dela 2’5-2’3
x 109 urte gertatu zen, bigarrena orain dela
1’9 x 109 urte gutxi gorabehera eta azkena
prekanbrikoaren amaiera aldera, orain dela
850 edo 600 bat milioi urte. Orogenia huroniarraren
ondoko izotzaldi honekin hasi
zen Lehen aroa, klima hotzarekin beraz.
Orain dela bi mila eta bostehun milioi eta
bi mila milioi urte bitartean, Lurraren atmosfera
oxidatzaile bihurtu zen, geruza honen
konposizioa aldatzeko gai diren zenbait molekula
biologiko agertu baitziren, klorofila
adibidez. Garai horretakoak dira lehenengo
molekula kimikoak eta bakterio fosilak.
Garai hartatik aurrera hainbat organismo
hasi ziren sortzen. Lehenengo alga zelulabakar
eta zianofizeoak orain dela mila eta seiehun
milioi urtekoak dira eta orain dela mila
eta ehun milioi urte ingurukoak lehenengo
metazooak, besteak beste, marmokak, harraketa ekinodermo eta trilobitetan jatorria
zutenak; eskeletorik ez izatea dute ezaugarri
nagusia eta beraz ezin dute kaltzioa,
beste izaki bizietan gai arrunta, pilatu.
Lehen aroa edo paleozoikoa
Paleozoikoan lur azaleko lehenengo
pangea hainbat zatitan banatu zen, sedimentazio
handiko arroak gelditu zirela tarteetan.
Bi orogenia handi gertatu ziren, orogenia
kaledoniarra, ordobizikoaren eta silurikoaren
artean, eta orogenia hertziniarra,
Ikatz aldian gertatua eta Lurrean gaur egungo
ezkutu handiak sorrarazi zituena: Kanadakoa
(Groenlandiarekin batera), Eskandinaviakoa,
Siberiakoa, Afrikakoa, Guyana-
Brasilgoa, Australiakoa eta Antartikoa. Ezkutu
horiek kontinente bakarra osatzen zuten,
Pangea hain zuzen. Pangea itsaso bakar
batek inguratzen zuen, Panthalasak, eta
honen sarrera sakon batek, Tethys itsasoak,
Ipar Hemisferioko ezkutua (Laurasia kontinentea)
eta Hego Hemisferioko ezkutua
(Gondwana kontinentea) banantzen zituen
eta egoera hori Bigarren Aroan edo Aro
Mesozoikoan finkatu zen.Halaber, badirudi kontinente masa osoa
ere pixka bat mugitu egin zela. Paleozoikoaren
hasieran zatirik handiena Hego Hemisferioan
zegoen, Ikatz aldian eta permikoan
berriz, Ekuatorearen inguruan ia posizio simetrikoa
zuen eta latitude ertainetan zegoen
kontinente masaren kontzentraziorik handiena.
Egoera geologiko honekin batera,
Lurreko biziak eklosio eta aniztasun handia
izan zuen eta hori guztia, bi izotzaldik bakarrik
etendako beroaldi handi batean gertatu
zen. Lehenengo izotzaldia ordobiziko eta
siluriko aldien artean gertatu zen eta hogei
edo hogeita bost bat milioi urte iraun zuen.
Bigarren izotzaldia Ikatz aldian zehar gertatu
zen, orain dela hirurehun milioi urte
gutxi gorabehera. Baina bi kasu horietan,
aurkitutako tillita hondarrek (morrenak pilatutako
hormaguneetan jatorria duten metatzeak),
kontzentrazio handiagoa dute
Hego Hemisferioko kontinenteetan: Hego
Amerika, Afrika, India, Australia eta Antartida.
Gainera, bi izotzaldietan zehar klima
nabarmen arindu zen zenbait garaitan eta
Ikatz aldiko izotzaldiaren kasuan, basoak
asko garatu ziren beroaldi haiei esker.
Kanbrikoaren eta silurikoaren arteko
garai honetan lehenengo jalkin karbonatodunak
sortu ziren (dolomiak) eskeleto fosilen
pilaketari esker.Eta aldi honetan osatu zen, orobat, kontinenteen
kolonizazioa, bai landareei dagokienez,
aniztasun handikoa eta ikatz meatze
handiak sorrarazi zituena, eta bai artropodo
eta anfibioei dagokienez. Paleozoikoaren
amaieran lehen narrastiak agertu ziren.
Bigarren aroa edo mesozoikoa
Mesozoikoaren ezaugarri nagusia tarte
horretan geologiko jarduera bizirik eta orogenia
aipagarririk ez izatea da. Geologiari
dagokionez, gertaerarik garrantzitsuena triasiko
aldian Pangea zatitzen hasi izana da.
Ozeano Atlantikoa sortu zen, eta Ipar Amerika
eta Europa banatu zituen lehenik eta
Hego Amerika eta Afrika geroago. Ikertzaile
gehienen arabera mesozoiko guztian
zehar ez zen izotzaldirik izan, oro har klima
epela izan zuen. Jurasiko aldian hogei
gradu inguruko tenperaturak izan ziren eta
hamabost eta hogei gradu bitartekoak kretazikoan,
urtaroen araberako aldaketa gutxiekin
eta Lurraren inguruko hezetasun
banaketa kontzentrikoarekin.
Triasikoan, hau da, mesozoikoaren lehen
partean bigarren pangea zatitzen hasi
zen eta zatitze prozesu hori triasikoaren eta
hurrengo aldiaren, hau da, jurasikoaren artean
amaitu zen. Orduan azaldu zen Tethys
itsasoa, eta itsaso horrek bereizi egin zituen
Hegoaldeko Gondwana eta Iparraldeko
Laurasia. Aldi honen amaieran azaldu ziren
lehen ugaztunak.Landarediak aldaketa handiak jasan zituen.
Besteak beste, pteridospermak desagertu
ziren eta horien ordez, zikadofitoak
aurrena eta koniferoak gero agertu ziren.
Hegaztiak ere orduan sortu ziren.
Mesozoikoko hirugarren zatian, kretazikoan,
Gondwana kontinentea zatitu zen.
Aurrena Hego Amerika bereizi zen eta
Atlantikoa luzatu zen. Gero Atlantida, Australia
eta azkenik India, gaur egun Afrika
dena alde batera utzirik.
Hirugarren aroa edo zenozoikoa
Aro honen hasieran orogenia bat da
bereziki aipagarria, orogenia alpinoa hain
zuzen, eta oro har aldaketa handiak gertatu
ziren izaki bizietan. Hirugarren aro honetan
berriro suspertu zen geologia jarduera,
orogenia alpinoarekin; lehengo ezkutu
kontinentalei gaur egun ezagutzen diren
mendikate handi guztiak erantsi zitzaizkien:
Andeak, Mendi Harritsuak, Alpeak, Himalaia,
Atlas Mendiak, eta abar. Bestalde,
Pangearen zatiketa amaituta zegoen eta
eozeno aldian Lurrak gaur egungo itxura
zuela esan daiteke. Aldaketa horiekin batera,
klima hozten joan zen pixkanakapixkanaka
Laugarren aroko izotzaldiak arte.
Hozte prozesu hori gehiago nabarmendu
zen latitude garai eta ertainetan latitude
apaletan baino. Gainera, urtaro aldaketa
nabarmenagoak, lurburuen eta ekuatorearen
arteko alde handiagoak eta lurrean klimaaniztasun handiagoa eragin zituen. Europari
dagokionez, pleistozenoko hozte
prozesuaren arabera esan daiteke gaur
egungo baldintzen oso antzekoak zirela,
edo zerbait epelagoak, gune klimatikoak
gaur egungoak baino hamar edo hamabost
gradu iparralderago baitzeuden.
Hozte prozesu hori nabarmenagoa izan
zen latitude garaietan eta miozeno aldian
eremu handiagoa hartu zuen Antartidako
izotz zatiak. Pliozenoan, hau da, orain dela
bost milioi urte gutxi gorabehera, izotz eremuek
gaur egungo bolumen beretsua zuten.
Baina Iparburuan prozesua motelagoa izan
zen. Lehenengo izotz zatia Erdiko miozenoan
sortu zen, baina Laugarren aroa arte ez zen
gaur egungoaren antzeko izotz zatia osatu.
Aldaketa handiko aldi honetan zehar
ugaztunek hartu zuten narrasti handien tokia
eta eozenoaren amaierarako sortuak ziren
gaur egungo ugaztun ia guztiak. Aipagarrienak
apodunak, haragijaleak eta intsektujaleak
dira. Eozeno aldian funtsezko beste gertaera
bat gertatu zen: lehendik existitzen ziren
primateetatik antropomorfoak sortu ziren eta
horietatik gizakia sortu zen Laugarren aroan.
Beste bi aldietan, hau da, miozenoan
eta pliozenoan, bi Amerikek bat egiteaz
gainera, Afrika atzeratu zen eta gaur egungo
Mediterraneo itsasoa sortu zen. Orduan
sortu zen Itsaso Gorria ere eta ekialdeko
riftaren haranean zehar Arabia eta Afrika banatzen
hasi zen.
Laugarren aroa
Laugarren aroa oso laburra da aurreko
aroen aldean: bi milioi urteko iraupena
besterik ez zuen izan. Tart horretan lur azalean
aurreko aroan hasitako prozesuek aurrera
jarraitu zuten, Atlantikoa zabaldu zen,
Afrikaren norabidea aldatu zen eta horrenbestez,
Afrika berriro Europara hurbildu
zen. Ez zen orogenia aipagarririk izan,
mugimendu epirogeniko postparoximal batzuk
eta kontinenteei gaur egungo itxura
eman zieten higadura gutxi batzuk baino ez.
Aldi honetan lehen ere azaldu zen prozesu
bat errepikatu zen, atmosfera hoztea
hain zuzen. Prozesu hori aroaren lehen
zatian amaitu zen, pleistozenoan alegia.
Pleistozenoa izotzaldien sorrerarekin amaitu
zen. Izotzaldietan lur azaleko gune handiak
estali zituen izotzak lau alditan. Izotzaldi
batetik bestera izotzik gabeko bitarteak
ere izan ziren eta horrek aldaketak
eragin zituen itsasoaren mailan; horrela
zenbait itsasarte zabaldu eta itxi ziren aldizka,
Gibraltar edo Bering itsasarteak adibidez.
Honenbestez, garai batzuetan posible
zen izaki biziak kontinente batetik igarotzea
eta beraz, animalien eta gizakien migrazioak
gertatu ziren tarte horietan.Holozenoan lurburuetako izotzak atzeratu
egin ziren eta gaur egungo klima banaketa
sortu zen. Horrekin, lur azalaren eta
izaki bizien bilakaera prozesu baten amaiera
ezarri zen. Gaur egun biek jarraitzen dute
aurrera, baina hain dira motelak, non, pentsa
ezina egiten baita gure aldi historikoan
aldaketa nabarmenik gertatu denik lur azalaren
eta izaki bizien bilakaeran. Aldi honetan
gertatu ziren klima gertaeren garrantzia
arrazoi aski da horien azterketa sakonagoa
justifikatzeko, izan ere, gaur egungo
klimaren ezaugarri asko garai horietako
gertaeren ondorio baita. Lehen aipatu den
bezala, aldi honetako gertaerarik bereziena
ehun bat mila urte irauten duten izotzaldiak
eta hamar bat mila urteko izotzaldi
bitarteak txandakatzea da. Izotzaldietan
bi lurburuetako izotz iraunkorren eremua
nabarmen handitzen da, inladnsis (kontinenteetako
hormagune) handiak finkatzen
dira Eskandinavia, Groenlandia, Ipar Amerika
eta Antartidan, eta azkenik, mendiko
hormaguneek ere aurrerakada ikusgarria
egiten dute. Gertaera horiek aldi berean gertatzen
dira kontinente guztietan, mundu
guztian klima aldaketak izaten dira, beraz.
Hotzik handieneko uneetan, gaur egun
Ipar latitudeko 72°-ra iristen diren izotz
iraunkorrak, batez beste Ipar latitudeko 56°raino
hedatzen dira eta batzuetan 40°-ko
paralelora ia. Izotzaldien ondoren, bost edo
hamar graduko bat-bateko beroaldiak izotzaldi
arteko aldia ezartzen du, izotz
iraunkorrak atzeratuz eta horren ondorioz
itsas maila igoaraziz. Orduan, gaur egungoen
antzeko klima izaten da edo agian
epelagoa ere bai.
Latitude apaletan, Laugarren aroko hotzaldia
ez zen hain nabarmena izan, eta
horrenbestez, han ez zen izotzaldirik izan.
Badirudi latitude horietan aldi euritsuagoak
eta lehorragoak gertatu direla txandaka,
latitude garaietako izotzaldi edo izotzaldi
bitarteekin batera.
Horrek esan nahi du Laugarren aroan
zehar, eta batez ere izotzaldietan, lurburuen
eta ekuatorearen arteko tenperatura aldea
nabarmen handitzen dela. Horrek, dudarik
gabe, eragina izango zuen egurats zirkulazio
orokorrean: lurburuetako haize lasterrak
bizkortu eta latitude ertainetako perturbazioak
areagotuko ziren, bi horiek baitira
latitude gutxien eta handien arteko oreka
termikoaren eragileak.
Lurreko geologia aldietan gertatutako
klima aldaketa eta ezaugarriei buruzko azterketatik
zenbait ondorio interesgarri atera
daitezke laburpen gisa.Lehenik eta behin, Lurraren historia
geologikoan zehar klima aldaketa handiak
gertatu dira, gizakiak parte hartu gabe
gainera. Dena den, argitu beharra dago,
Lurra planeta gisa hartuz eta Lurraren historiageologikoari dagokionez, aldaketak ez
direla oso zakarrak, bat-batekoak izan, Lurreko
tenperaturek bi eta hogeita hamabi
gradu arteko aldaketa besterik ez baitute
izan. Baina gizakiaren ikuspegitik aldaketa
horiek oso garrantzitsuak dira, gizartearen
antolakuntzan eragin handia izan dutelako.Bigarrenik, aldaketa horiek Lurrean
izandako hiru klima mota ezaugarritzen dituzte:
– Klima epela, lurburuetan izotz iraunkorrik
gabekoa eta horrenbestez, lurburuen
eta ekuatorearen artean alde termiko
handirik gabea. Hau da Lurraren historia
geologikoan klima motarik arruntena,
eta klima sistemaren egoerarik
egonkorrena hauxe dela dirudi.
– Izotzaldi iraunkorra, hedadura handiko
izotzarekin eta horrenbestez, lurburuen
eta ekuatorearen arteko alde termiko
handiarekin. Izotzaldietako klima mota
nagusia da, ez aurrekoa bezain arrunta.
– Lurburuetan hedadura gutxiko izotza
eratzen den klima. lurburuen eta ekuatorearen
arteko kontrastea mantendu
egiten da. Izotzaldi bitarteetako egoera
da, Lurraren historian zehar gutxien gertatu
diren aldietakoa hain zuzen. Lur
osoa epel egondako aldien maiztasun
handiak eta izotzaldi bitarteen maiztasun
urriak sistemak bere berezko egoera
egonkorrera itzultzeko, hau da, berotasun
orokorreko egoerara itzultzeko egiten
dituen saioak dira zenbait ikerlariren
arabera.Bestalde, klimaren aldaketek eragin
handiagoa izan dute latitude garaietan apaletan
baino eta etorkizunean ere hala gertatuko
dela pentsa daiteke.
Izotzaldiak jarduera orogeniko biziko
aldietan gertatzen dira eta ez dira ia gertatzen
geologia aldakuntza gutxiko aldietan.
Azkenik, esan beharra dago gaur egungo
izotzaldi arteko garaia dela, hau da,
Lurraren historia geologikoan gutxien gertatzen
den eta arraroena den egoeran. Horren
arabera, klima orain arte bezala aldatzen
bada, egoera honek ezin du luzaz
iraun, are gehiago izotzaldi bitartea orain
dela hamar bat mila urte hasi zela eta Laugarren
aroan zehar aldi horiek izan duten
batez besteko iraupena hamar mila urtekoa
izan dela kontuan harturik. Baina gauzarik
zailena klima aldaketaren norabidea iragartzea
da: beste izotzaldi bat etorriko da, Laugarren
aroko joerari eutsiz, edo bestela,
beroaldia izango da eta Laugarren aroko
izotzaldiei amaiera emango die.
Pleistozenoko azken izotzaldiaren ondoren,
holozenoko izotzaldi bitartea etorri
zen eta honekin batera gizakiaren sorrera
eta Lurraren bilakaeran garai historiko gisa
hartzen diren aldiak. Azken izotzaldiak
orain dela hogei mila urte iritsi zuen gorena
gutxi gorabehera. Garai hartan izotz eremua
oso handia zen Antartidan, Europan
eta Ameriketan eta itsas maila oso behera
zegoen. Orain dela 14.000 edo 10.000 urte
izotza urtzen hasi zen eta orain dela 8.500
urte Europan eta orain dela 7.000 urte Ameriketan
gaur egungoaren antzeko egoera zegoela
esan daiteke.