Geografia unibertsala»Geografia
Lurraren forma
Geografoen interes nagusia lur azaleko fenomenoen gorabeherak eta
desberdintasunak zergatik gertatzen diren jakitea da.
Horrek esan nahi du berariazko trebetasuna behar dela fenomeno
horiek mapetan jasotzeko eta nola banatzen diren adierazteko.
Leku jakin bat deskribatu ahal izateko, hiru gauza behar dira lehenik:
erreferentzia puntu ezagun jakin bat, norabide sistema ezagun bat eta
distantziak eta angeluak neurtzeko ereduzko banako taula bat.
Deskribapenik sinpleena egiteko ere distantzia bat, norabide bat eta
erreferentzia puntu bat ematen dira ia beti:
«Donostia Bilbotik ehun kilometrotara dago mendebalerantz».
Horrez gain, kokatu edo bilatu behar diren lekuak dauden eremuaren
hedadura eta forma ezagutzea komeni da.
Hori oso garrantzitsua da, mapak egiteko batez ere.Lurra esfera bat da. Lurburuetan zapalduxea
dago eta ekuatorean zerbait zabalduta.
Ekuatoreko diametroa 12.756 kilometrokoa
da eta lurburuetakoa hura baino 43
kilometro txikiagoa besterik ez, hau da, 1/
295 aldiz txikiagoa bakarrik. Lurraren edozein
epai, iparraldetik hegoaldera, elipsearen
antzekoa da oso, eta, beraz, errotazio
elipsoide batekin konparatzen da Lurra.
Sateliteetatik eginiko behaketek irregulartasunak
aurkitu dituzte Lurraren forman,
baina irregulartasun horiek oso txikiak dira
lurburuetako zapalguneekin alderatuta. Lurra
esfera gisa hartzeak arras errazten ditu
haren azterketa eta hari buruz egin daitezkeen
kalkuluak, izan ere, esferari dagozkion
ezaugarriak ulergarriagoak eta ezagunagoak
gertatzen baitzaizkigu errotazio elipsoideari
dagozkionak baino.Horrenbestez, ezaugarri banaka batzuk
aipa daitezke. Esfera bi zati berdinetan zatitzen
duen epaiak sortzen duena da zirkulu
handiena. Beste edozein epaik zirkulu
txikiagoa eragingo du eta izen horixe ematen
zaio, hain zuzen, zirkulu txikiagoa. Esfera
bateko bi punturen, edozeinen, artean
nahi adina zirkulu egin daitezke, baina zirkulu
handiena bat baizik ez da. Bi puntu
horien artean pasatzerakoan, zirkulu handienaren
arkuak bi puntuen arteko distantziarik
txikiena osatzen du. Esferan zirkulu
handienaren arkuen artean neurtzen dira
angeluak. Zirkulu handienaren arku horiei
ortodromo esaten zaie. Zirkulu handienaren
arkua esfera batean plano bateko lerroaren
analogoa da.
Geografia koordenatuak
Lurrak bere ardatzaren inguruan egiten
duen errotazio higidurak bi puntu natural
sortzen ditu, lurburuak hain zuzen ere.
Haietan oinarritzen da geografia sarea. Lur
azaleko puntuen kokalekua finkatzeko lerroek
osatzen dute geografia sare hori.
Lur azalean bi puntu bakarrik dira euren
kokalekua adierazteko beste erreferentziarik
behar ez dutenak, bi lurburuak hain
zuzen. Horien kokalekua Lurraren errotazio
ardatzaren eta lur azalaren arteko elkarguneek
finkatzen dute, Lurraren ardatzak
Lurraren gainaldea ebakitzen duen bi puntuek,
alegia. Eta norabideak zehazteko ere
baliagarriak direnez, bi puntu horiek osatzen
dute kokatze sistemarik sinpleenaren
oinarria: geografia koordenatuen sistema.Koordenatu horietako bat ekuatorea da,
puntu guztiak lurburuetatik distantzia berera
dituen zirkulu handiena. Ekuatoreari
buruz paralelo dauden zirkulu txikiagoak
ere badira; horiei latitude paraleloak deitzen
zaie. Munduko bola batean edo mapa
batean aurrez erabakitako tartearekin marrazten
dira paralelo horiek, bost graduz
behin edo hamar graduz behin. Dena den,
gogoan izan behar da, mapetan gutxi batzuk
baizik adierazten ez diren arren, izatez
mugagabea dela paralelo horien kopurua.
Paralelo bakoitza ekuatoretik iparraldera
edo hegoaldera duen distantziaren
arabera adierazten da gradutan. Paralelorik
iparraldekoena ipar lurburua da eta ipar
latitudeko 90 graduko paraleloa deitzen
zaio. Hegoburuak eginkizun bertsua betetzen
du bere hemisferioan. Ekuatorearen
latitudea 0 gradu da definizioz. Horrenbestez,
paralelo bakoitzak 0 eta 90 gradu bitarteko
latitudea du.
Leku baten kokalekua latitude paraleloak
zehazten du zati batean. Esate baterako,
esaten denean Euskal Herriaren iparraldeko
muturra (Aturri ibaiaren bokalea)
43° 31' 50'’ ipar latitudean dagoela, ekuatoretik
43° 31' 50'’ iparraldera dagoen paraleloan
dagoela esan nahi da.
Geografia koordenatuen beste zatia lurburuetatik
igarotzen diren zirkulu handienen
sail infinitu batek osatzen du. Zirkulu
handien horiei longitude meridianoak deitzen
zaie eta angelu zuzenean ebakitzen
dituzte latitude paraleloak. Ekuatorea berez
nabarmentzen da beste latitude paralelo
guztien ondoan, batetik, zirkulu handiena
delako, eta, bestetik, bi lurburuetatik erdi
bidean dagoelako. Longitude meridianoen
artean, ordea, ez dago horrelako berezitasunik
duen meridiano jakinik. Latitudearekin
egiten den bezala, longitudea ere gradutan
neur daiteke meridiano jakin batetik
ekialdera edo mendebalera, baina ez dagolehen eta oinarrizko meridiano horren eginkizuna
berez beteko duen aukera logikorik.
Iraganean nahaste asko izan da longitudea
erabakitzeko orduan, herrialde askok
euren hiriburutik igarotzen zen meridianoaren
arabera egiten baitzituzten neurketak.
Frantsesek Paristik igarotzen den meridianoa
hartzen zuten erreferentziatzat, ingelesek
Greenwichekoa, Estatu Batuek
Washington ondoko Itsas Behatokitik igarotzen
dena, Espainiak Madriletik igarotzen
dena, eta halaxe beste askok. Baina 1884az
geroztik, Londres ondoko Greenwich behatokitik
igarotzen den meridianoa onartu
dute herrialde gehienek oinarrizko edo
abiaburuko meridianotzat.
Horrenbestez, leku bateko longitudeak,
puntu horretatik igarotzen den meridianoaren
eta Greenwicheko meridianoaren
arteko distantzia adierazten du gradutan.
Greenwichetik ekialdera edo mendebalera
0° eta 180° bitartekoa izan daiteke.
Leku jakin bat Lurrean zehatz-mehatz
non dagoen adierazteko puntu horren longitudea
eta latitudea zehaztu behar dira.
Latitudea eta longitudea zehaztea
Hainbat modu daude puntu baten longitudea
eta latitudea zehazteko. Hemen
metodo bat bakarra deskribatuko da, metodo
honek garbiago adierazten duelako
lekuen kokalekuaren eta beste ezaugarri
fisikoen arteko lotura. Eguerdiko hamabietan
Eguzkiak duen kokalekuaren eta odaiertzaren
artean gradutan dagoen distantziak
zehazten du, neurri batean, lurrak hartzen
duen eguzki energiaren kopurua. Angelu
horri eguzki altuera ere deitzen zaio,
eta latitudea zehazteko ere erabiltzen da.
Urteko edozein garaitan, eguerdian, latitude
jakin bati buruz zut egoten da Eguzkia.
Latitude horri eguzkiaren inklinazioa
deitzen zaio, eta urteko egun bakoitzeanzer balio duen itsasketa tauletan dago
adierazita. Zer egun den jakinez gero, eguzki
izpiak eguerdian zer latituderi buruz dauden
zut jakin daiteke. Bestalde, latitudea
ezagutzen ez den puntu batean neurtzen
bada Eguzkiaren eta odaiertzaren arteko distantzia,
metodo erraz baten bidez atera
daiteke latitudea. Demagun «B» deitzen diogula
puntu ezezagun horri eta «A» Eguzkiari
buruz zut dagoen lekuari. «B» eta «A» puntuen
artean latitudean dagoen aldea «B»
puntuko eguzki altueraren eta 90°-ren artean
dagoen berbera izango da gradutan.
Horrez gainera, beste baldintza bat ere hartu
behar da kontuan: Eguzkia zenitetik (gure
buru gainean pare-parean dagoenean) iparraldera
baldin badago, «A»-ren hegoaldean
dago «B», eta, aitzitik, Eguzkia zenitetik hegoaldera
baldin badago, «A»-ren iparraldean
dago «B».
Metodo hori erabili ahal izateko, eguerdian
Eguzkia ikusteko aukera izan behar
da, baina, nolanahi ere, latitudearen oso
neurketa zehatzak egin ahal izan dira bost
mendetan zehar gutxienez. Bestalde, antzeko
metodo batekin kalkulatzea oso erraza
den arren, XVIII. mende amaiera arte itxaron
behar izan zuen gizonak (doitasun handiko
esku kronometroak asmatu ziren arte,
hain zuzen) longitudea zehaztu ahal izateko.
Lurrak 24 orduz behin bira bat egiten
du mendebaletik ekialdera bere ardatzaren
inguruan, horra metodo horren oinarria.
Horrenbestez, longitude jakin batean eguerdia
baldin bada, handik 90° mendebalera
goizeko seiak (6 a.m.) izan behar dute, 90°
ekialdera arratsaldeko seiak (6 p.m.), eta
Lurraren aurkako puntuan gauerdia; aurkako
puntu hori, bestalde, 180° ekialdera
eta 180° mendebalera egongo da oinarri
hartu den longitude horretatik.
Orain arte esandakotik bi ondorio nagusi
ateratzen dira. Bata, 180°-ko longitudeak
12 orduko aldea esan nahi duela eta,
horrenbestez, ordu batek 180/12-ko longitude
aldea adierazten duela, 15°-koa hain
zuzen. Beraz, 4 minutuko aldea gradu batekolongitude aldea da. Bestalde, azken
neurketan hartutako ordua ekialderantz
doanez, leku jakin batean eta egun jakin
batean eguerdia bada –ostiral eguerdia,
esate baterako–, handik 180° longitude
ekialdera ostiralaren eta larunbataren arteko
gauerdia izan beharko luke. Arrazoi
horrexegatik, 180° longitude mendebalera
ostegunaren eta ostiralaren arteko gauerdia
izan beharko luke, nahiz eta lehen aipatutako
puntu berbera izan hori. Horrenbestez,
meridiano honetan dagoen edozein
puntuk bi ordu desberdin izango lituzke 24
orduko aldearekin. Arazo hori gainditzeko,
longitude meridiano bat aukeratu behar da
asteko egun bat hurrengotik bereizi ahal
izateko eta meridianoaren mendebalera
asteartea bada, esate baterako, meridianoaren
ekialdera asteazkena izan dadin.
Egunaren hasiera eta amaiera adierazten
duen lerroari egun aldaketaren nazioarteko
lerroa esaten zaio, eta, gutxi gorabehera,
180°-ko meridianoari dagokio. Gutxi
gorabehera esaten dugu, aldaketa txiki batzuk
egin behar izan direlako zatiketa politikorik
gerta ez dadin, Alaskako Aleutiar
uharteetan edo Zeelanda Berriko uharteetan,
adibidez.Egun aldaketaren nazioarteko lerroa ikusteko
beste modu bat gune desberdinetako
ordu taulen arazoa kontuan hartzea da. Leku
bakoitzean, leku hori zeharkatzen duen longitude
meridiano bakarrean oinarrituz egingo
balira denbora neurketak, nahasketa izugarria
sortuko litzateke, ekialdera edo mendebalera
mugitzen joan ahala erlojuko ordua
aldatu egin beharko bailitzateke. Horregatik,
mende hasieran, leku desberdinetako
ordutegiak tipifikatzea erabaki eta hitzartu
zen. Honela, ordu taula bakoitzak 15° ditu,
gutxi gorabehera, eta meridiano zentral batetik
kalkulatzen da gune osorako ordua.
Ekialdetik mendebalera doan bidaiari batek
ordubete atzeratu beharko luke erlojua ordu
gune desberdin batean sartzen den bakoitzean.
Munduari bira osoa eman eta abiapuntura
itzuliko balitz, 24 ordu gune zeharkatuko
lituzke eta, beraz, erlojua 24 ordu
atzeratu behar izango luke.
Munduko ordu guneei buruzko gorabehera
horiek bitxiak eta praktikoak dira aldi
berean, baina horrez gainera, hauxe da
azpimarratu beharreko gauzarik garrantzitsuena:
longitudea orduen aldean oinarrituz
kalkula daitekeela. Kalkulu hori honela
egiten da: leku batean Eguzkia zeruko punturik altuenean dagoenean, leku horretan
eguerdia da. Greenwicheko meridianoko
ordua jakinez gero, nahikoa izango litzateke
leku horretako eguerdiaren eta Greenwicheko
orduaren arteko aldea zenbatekoa
den begiratzea. Hamabost graduk ordubete
adierazten dutenez, aipatu dugun alde
horrek emango liguke longitudea. Esan
beharra dago baita ere, leku horretako ordua
Greenwichekoa baino geroagokoa baldin
bada, Greenwichetik ekialdera dagoela
eta lehenagokoa baldin bada, mendebalera
dagoela.
Azkenik, aipatu beharra dago meridiano
eta paralelo horiek oso izaera teorikoa
eta guztiz irudizkoa dutela, eta mapetan
baizik ezin ikus daitezkeela, ez izadian bertan.
Muga politiko asko meridiano eta paraleloetan
zehar ezarri dira, Afrikako zenbait
herrialderen arteko mugak, esate baterako
(Libia eta Egiptoren artekoak, Mali eta
Mauritaniaren artekoak) edo Ipar Ameriketako
zenbait estaturenak, adibidez (Utah eta
Nevadaren artekoak).