Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurraren forma

Esfera bat plano diametral batean ebakiz lor tzen da zir kulu handiena; zir kulu txikiagoa lor tzeko, beste edozein planotan ebaki behar da esfera.<br><br>

Geografoen interes nagusia lur azaleko fenomenoen gorabeherak eta desberdintasunak zergatik gertatzen diren jakitea da.

Horrek esan nahi du berariazko trebetasuna behar dela fenomeno horiek mapetan jasotzeko eta nola banatzen diren adierazteko.

Leku jakin bat deskribatu ahal izateko, hiru gauza behar dira lehenik: erreferentzia puntu ezagun jakin bat, norabide sistema ezagun bat eta distantziak eta angeluak neurtzeko ereduzko banako taula bat.

Deskribapenik sinpleena egiteko ere distantzia bat, norabide bat eta erreferentzia puntu bat ematen dira ia beti: «Donostia Bilbotik ehun kilometrotara dago mendebalerantz».

Horrez gain, kokatu edo bilatu behar diren lekuak dauden eremuaren hedadura eta forma ezagutzea komeni da.

Hori oso garrantzitsua da, mapak egiteko batez ere.Lurra esfera bat da. Lurburuetan zapalduxea dago eta ekuatorean zerbait zabalduta.

Ekuatoreko diametroa 12.756 kilometrokoa da eta lurburuetakoa hura baino 43 kilometro txikiagoa besterik ez, hau da, 1/ 295 aldiz txikiagoa bakarrik. Lurraren edozein epai, iparraldetik hegoaldera, elipsearen antzekoa da oso, eta, beraz, errotazio elipsoide batekin konparatzen da Lurra.

Sateliteetatik eginiko behaketek irregulartasunak aurkitu dituzte Lurraren forman, baina irregulartasun horiek oso txikiak dira lurburuetako zapalguneekin alderatuta. Lurra esfera gisa hartzeak arras errazten ditu haren azterketa eta hari buruz egin daitezkeen kalkuluak, izan ere, esferari dagozkion ezaugarriak ulergarriagoak eta ezagunagoak gertatzen baitzaizkigu errotazio elipsoideari dagozkionak baino.Horrenbestez, ezaugarri banaka batzuk aipa daitezke. Esfera bi zati berdinetan zatitzen duen epaiak sortzen duena da zirkulu handiena. Beste edozein epaik zirkulu txikiagoa eragingo du eta izen horixe ematen zaio, hain zuzen, zirkulu txikiagoa. Esfera bateko bi punturen, edozeinen, artean nahi adina zirkulu egin daitezke, baina zirkulu handiena bat baizik ez da. Bi puntu horien artean pasatzerakoan, zirkulu handienaren arkuak bi puntuen arteko distantziarik txikiena osatzen du. Esferan zirkulu handienaren arkuen artean neurtzen dira angeluak. Zirkulu handienaren arku horiei ortodromo esaten zaie. Zirkulu handienaren arkua esfera batean plano bateko lerroaren analogoa da.

 

Geografia koordenatuak

Lurrak bere ardatzaren inguruan egiten duen errotazio higidurak bi puntu natural sortzen ditu, lurburuak hain zuzen ere.

Haietan oinarritzen da geografia sarea. Lur azaleko puntuen kokalekua finkatzeko lerroek osatzen dute geografia sare hori.

Lur azalean bi puntu bakarrik dira euren kokalekua adierazteko beste erreferentziarik behar ez dutenak, bi lurburuak hain zuzen. Horien kokalekua Lurraren errotazio ardatzaren eta lur azalaren arteko elkarguneek finkatzen dute, Lurraren ardatzak Lurraren gainaldea ebakitzen duen bi puntuek, alegia. Eta norabideak zehazteko ere baliagarriak direnez, bi puntu horiek osatzen dute kokatze sistemarik sinpleenaren oinarria: geografia koordenatuen sistema.Koordenatu horietako bat ekuatorea da, puntu guztiak lurburuetatik distantzia berera dituen zirkulu handiena. Ekuatoreari buruz paralelo dauden zirkulu txikiagoak ere badira; horiei latitude paraleloak deitzen zaie. Munduko bola batean edo mapa batean aurrez erabakitako tartearekin marrazten dira paralelo horiek, bost graduz behin edo hamar graduz behin. Dena den, gogoan izan behar da, mapetan gutxi batzuk baizik adierazten ez diren arren, izatez mugagabea dela paralelo horien kopurua.

Paralelo bakoitza ekuatoretik iparraldera edo hegoaldera duen distantziaren arabera adierazten da gradutan. Paralelorik iparraldekoena ipar lurburua da eta ipar latitudeko 90 graduko paraleloa deitzen zaio. Hegoburuak eginkizun bertsua betetzen du bere hemisferioan. Ekuatorearen latitudea 0 gradu da definizioz. Horrenbestez, paralelo bakoitzak 0 eta 90 gradu bitarteko latitudea du.

Leku baten kokalekua latitude paraleloak zehazten du zati batean. Esate baterako, esaten denean Euskal Herriaren iparraldeko muturra (Aturri ibaiaren bokalea) 43° 31' 50'’ ipar latitudean dagoela, ekuatoretik 43° 31' 50'’ iparraldera dagoen paraleloan dagoela esan nahi da.

Geografia koordenatuen beste zatia lurburuetatik igarotzen diren zirkulu handienen sail infinitu batek osatzen du. Zirkulu handien horiei longitude meridianoak deitzen zaie eta angelu zuzenean ebakitzen dituzte latitude paraleloak. Ekuatorea berez nabarmentzen da beste latitude paralelo guztien ondoan, batetik, zirkulu handiena delako, eta, bestetik, bi lurburuetatik erdi bidean dagoelako. Longitude meridianoen artean, ordea, ez dago horrelako berezitasunik duen meridiano jakinik. Latitudearekin egiten den bezala, longitudea ere gradutan neur daiteke meridiano jakin batetik ekialdera edo mendebalera, baina ez dagolehen eta oinarrizko meridiano horren eginkizuna berez beteko duen aukera logikorik.

Iraganean nahaste asko izan da longitudea erabakitzeko orduan, herrialde askok euren hiriburutik igarotzen zen meridianoaren arabera egiten baitzituzten neurketak.

Frantsesek Paristik igarotzen den meridianoa hartzen zuten erreferentziatzat, ingelesek Greenwichekoa, Estatu Batuek Washington ondoko Itsas Behatokitik igarotzen dena, Espainiak Madriletik igarotzen dena, eta halaxe beste askok. Baina 1884az geroztik, Londres ondoko Greenwich behatokitik igarotzen den meridianoa onartu dute herrialde gehienek oinarrizko edo abiaburuko meridianotzat.

Horrenbestez, leku bateko longitudeak, puntu horretatik igarotzen den meridianoaren eta Greenwicheko meridianoaren arteko distantzia adierazten du gradutan.

Greenwichetik ekialdera edo mendebalera 0° eta 180° bitartekoa izan daiteke.

Leku jakin bat Lurrean zehatz-mehatz non dagoen adierazteko puntu horren longitudea eta latitudea zehaztu behar dira.

 

Latitudea eta longitudea zehaztea

Hainbat modu daude puntu baten longitudea eta latitudea zehazteko. Hemen metodo bat bakarra deskribatuko da, metodo honek garbiago adierazten duelako lekuen kokalekuaren eta beste ezaugarri fisikoen arteko lotura. Eguerdiko hamabietan Eguzkiak duen kokalekuaren eta odaiertzaren artean gradutan dagoen distantziak zehazten du, neurri batean, lurrak hartzen duen eguzki energiaren kopurua. Angelu horri eguzki altuera ere deitzen zaio, eta latitudea zehazteko ere erabiltzen da.

Urteko edozein garaitan, eguerdian, latitude jakin bati buruz zut egoten da Eguzkia.

Latitude horri eguzkiaren inklinazioa deitzen zaio, eta urteko egun bakoitzeanzer balio duen itsasketa tauletan dago adierazita. Zer egun den jakinez gero, eguzki izpiak eguerdian zer latituderi buruz dauden zut jakin daiteke. Bestalde, latitudea ezagutzen ez den puntu batean neurtzen bada Eguzkiaren eta odaiertzaren arteko distantzia, metodo erraz baten bidez atera daiteke latitudea. Demagun «B» deitzen diogula puntu ezezagun horri eta «A» Eguzkiari buruz zut dagoen lekuari. «B» eta «A» puntuen artean latitudean dagoen aldea «B» puntuko eguzki altueraren eta 90°-ren artean dagoen berbera izango da gradutan.

Horrez gainera, beste baldintza bat ere hartu behar da kontuan: Eguzkia zenitetik (gure buru gainean pare-parean dagoenean) iparraldera baldin badago, «A»-ren hegoaldean dago «B», eta, aitzitik, Eguzkia zenitetik hegoaldera baldin badago, «A»-ren iparraldean dago «B».

Metodo hori erabili ahal izateko, eguerdian Eguzkia ikusteko aukera izan behar da, baina, nolanahi ere, latitudearen oso neurketa zehatzak egin ahal izan dira bost mendetan zehar gutxienez. Bestalde, antzeko metodo batekin kalkulatzea oso erraza den arren, XVIII. mende amaiera arte itxaron behar izan zuen gizonak (doitasun handiko esku kronometroak asmatu ziren arte, hain zuzen) longitudea zehaztu ahal izateko.

Lurrak 24 orduz behin bira bat egiten du mendebaletik ekialdera bere ardatzaren inguruan, horra metodo horren oinarria.

Horrenbestez, longitude jakin batean eguerdia baldin bada, handik 90° mendebalera goizeko seiak (6 a.m.) izan behar dute, 90° ekialdera arratsaldeko seiak (6 p.m.), eta Lurraren aurkako puntuan gauerdia; aurkako puntu hori, bestalde, 180° ekialdera eta 180° mendebalera egongo da oinarri hartu den longitude horretatik.

Orain arte esandakotik bi ondorio nagusi ateratzen dira. Bata, 180°-ko longitudeak 12 orduko aldea esan nahi duela eta, horrenbestez, ordu batek 180/12-ko longitude aldea adierazten duela, 15°-koa hain zuzen. Beraz, 4 minutuko aldea gradu batekolongitude aldea da. Bestalde, azken neurketan hartutako ordua ekialderantz doanez, leku jakin batean eta egun jakin batean eguerdia bada –ostiral eguerdia, esate baterako–, handik 180° longitude ekialdera ostiralaren eta larunbataren arteko gauerdia izan beharko luke. Arrazoi horrexegatik, 180° longitude mendebalera ostegunaren eta ostiralaren arteko gauerdia izan beharko luke, nahiz eta lehen aipatutako puntu berbera izan hori. Horrenbestez, meridiano honetan dagoen edozein puntuk bi ordu desberdin izango lituzke 24 orduko aldearekin. Arazo hori gainditzeko, longitude meridiano bat aukeratu behar da asteko egun bat hurrengotik bereizi ahal izateko eta meridianoaren mendebalera asteartea bada, esate baterako, meridianoaren ekialdera asteazkena izan dadin.

Egunaren hasiera eta amaiera adierazten duen lerroari egun aldaketaren nazioarteko lerroa esaten zaio, eta, gutxi gorabehera, 180°-ko meridianoari dagokio. Gutxi gorabehera esaten dugu, aldaketa txiki batzuk egin behar izan direlako zatiketa politikorik gerta ez dadin, Alaskako Aleutiar uharteetan edo Zeelanda Berriko uharteetan, adibidez.Egun aldaketaren nazioarteko lerroa ikusteko beste modu bat gune desberdinetako ordu taulen arazoa kontuan hartzea da. Leku bakoitzean, leku hori zeharkatzen duen longitude meridiano bakarrean oinarrituz egingo balira denbora neurketak, nahasketa izugarria sortuko litzateke, ekialdera edo mendebalera mugitzen joan ahala erlojuko ordua aldatu egin beharko bailitzateke. Horregatik, mende hasieran, leku desberdinetako ordutegiak tipifikatzea erabaki eta hitzartu zen. Honela, ordu taula bakoitzak 15° ditu, gutxi gorabehera, eta meridiano zentral batetik kalkulatzen da gune osorako ordua.

Ekialdetik mendebalera doan bidaiari batek ordubete atzeratu beharko luke erlojua ordu gune desberdin batean sartzen den bakoitzean.

Munduari bira osoa eman eta abiapuntura itzuliko balitz, 24 ordu gune zeharkatuko lituzke eta, beraz, erlojua 24 ordu atzeratu behar izango luke.

Munduko ordu guneei buruzko gorabehera horiek bitxiak eta praktikoak dira aldi berean, baina horrez gainera, hauxe da azpimarratu beharreko gauzarik garrantzitsuena: longitudea orduen aldean oinarrituz kalkula daitekeela. Kalkulu hori honela egiten da: leku batean Eguzkia zeruko punturik altuenean dagoenean, leku horretan eguerdia da. Greenwicheko meridianoko ordua jakinez gero, nahikoa izango litzateke leku horretako eguerdiaren eta Greenwicheko orduaren arteko aldea zenbatekoa den begiratzea. Hamabost graduk ordubete adierazten dutenez, aipatu dugun alde horrek emango liguke longitudea. Esan beharra dago baita ere, leku horretako ordua Greenwichekoa baino geroagokoa baldin bada, Greenwichetik ekialdera dagoela eta lehenagokoa baldin bada, mendebalera dagoela.

Azkenik, aipatu beharra dago meridiano eta paralelo horiek oso izaera teorikoa eta guztiz irudizkoa dutela, eta mapetan baizik ezin ikus daitezkeela, ez izadian bertan.

Muga politiko asko meridiano eta paraleloetan zehar ezarri dira, Afrikako zenbait herrialderen arteko mugak, esate baterako (Libia eta Egiptoren artekoak, Mali eta Mauritaniaren artekoak) edo Ipar Ameriketako zenbait estaturenak, adibidez (Utah eta Nevadaren artekoak).