Geografia unibertsala»Geografia
Lurra
Eguzki sistema osatzen duten bederatzi planetetatik, Eguzkiarekiko
hurbiltasunari dagokionez, Lurra hirugarrena da. Eguzkiaren
inguruan dabilen planeta denez gero, ibilbide eliptikoa du; ibilbide
horretan, Eguzkia du fokuetako bat, eta osorik egiteko urte natural
bat baino zerbait gehixeago hartzen du; zehatzago, 365 egun, 5 ordu,
48 minutu eta 45,68 segundo. Hau da, 365 egun gehi egun laurden
bat ia; hori dela-eta, lau urtez behin, bisurtea deritzana izaten da,
otsaileko hilari eransten zaion egun bat gehiago duen urtea.
Lurra masa gotor handi batek eratzen duen argizagia da; azaleko
parte batean ura dauka, eta gasezko geruza batean dago bildua
(eguratsa). Multzo hori grabitatearen indar edo energia kosmikoak
mantentzen du loturik.
Esan ohi da Lurraren multzoak esfera forma duela, baina ez da
esfera perfektua. Eta ez bakarrik mendiek edo itsas hobiek eratzen
dituzten zimurrengatik, baizik eta elipsoide bat delako, zapaldua
poloetan eta ekuatore aldean zabaldua. Izan ere, Lurraren ardatzak
12.714 km dauzka, eta 12.757 km ekuatore zirkunferentziaren
diametroak.
Bi balio horien arteko aldea ez da oso handia.
Era berean, 40.075 km-koa da ekuatore zirkunferentziaren luzera,
eta 40.000 km pasatxo du berriz zirkunferentzia polarrak.
Bestalde, 5.100.650.000 km 2 da lur azalaren neurria, bolumena
1.083.205.000.000 km 3 da, eta 5,5 batez besteko dentsitatea;
gainalde gotorraren dentsitatea 2,30 da, eta zentroarena 10-11
bitartekoa.Grekoek bazekiten, beren garairako,
Lurrak esfera forma duela, eta Aristoteles
bere Fisikan hori teorikoki frogatzen saiatu
zen, ondoko hiru argudio hauek erabiliz:
1. Lurraren itzala, edo itzalaren parte
bat, ikusi egin daiteke Ilargi eklipse bat gertatzen
denean. Itzal hori biribil antzekoa
da beti, eta esfera da edozein norabidetan
itzal biribila emateko gauza den gorputz
bakarra.
2. Iparraldera egin ahala, iparraldeko
konstelazioak gero eta gorago geratzen direla
ikusten da. Badirudi haiengana goazela.
Alabaina, konstelazioen itxura, izar batzuek
besteekiko duten kokalekua, ez da batere
aldatzen, aitzitik, lurra biribila denez gero,
burua gero eta gehiago aurrerantz makurtzen
dugu, eta, hala, badirudi konstelazioak
atzean geratzen zaizkigula.
3. Lurrak erakarri egiten du. Aske utziriko
edozein gauzakik behera erortzeko joera du.Lurrak, oro har, izugarrizko pisua izan behar
du, eta, hortaz, esfera da gorputz ikaragarri
astun bati euts dakiokeen forma bakarra.
Lurraren neurketa Lur planeta
Antzin Aroan, luzaroan uste izan zen,
Homerori jarraiki, bazela itsaso bat (Mediterraneoa),
lurrez inguratua (Ekumenea),
eta lur horiek, beren aldetik, ozeano oso
handi eta bakar batek biltzen zituela. K.a.
I. mendean, Eratostenes grekoak ikusi zuen
Egiptoko Sienako hiriko putzu batean
(gaurko Assuanen), Alexandriatik hegoaldera
4.860 estadiotara, Eguzkiaren izpiek,
eguerdian, zuzen-zuzenean argitzen zutela
putzuaren hondoa udako solstizioaren
egunean (ekainaren 21ean). Hortaz, izpiek
zuzenean jotzen zuten Siena, eta Alexandrian
berriz, egun bereko eguerdian, 7°12'ko makurdura zuten. Eratostenesek egun
horretan bertan Eguzkiak Alexandriaren
gainean zeukan garaiera neurtu zuen, eta
zenitetik 7°ra zegoela aurkitu zuen. Hiruko
erregela soil batek eman zion arazoaren
irtenbidea: lur esferan 4.860 estadio 7°
badira, 360° (esfera osoa) x estadio izango
da. Hortaz, kalkulu hori eginda, 249.900
estadio zen lur esferaren eraztunaren neurria.
Estadioa baldin bazen, gaur uste denez,
164 metro, Lurraren neurria, Erastotenesen
arabera, 40.800 m zen, balio harrigarri
zehatza alegia.
Zehatzagoak izan ziren oraindik arabiarrek
IX. mendean egin zituzten neurketak.Al Mamun kalifak (813-833) Lurraren neurria
jakin nahi izan zuen, eta zenbait itsasgizoni
eskatu zion neur zezatela lur esferako
gradu bat izarren kokaguneari buruz.
Hala, graduko 56 2/3 miliako batez bestekoa
lortu zuen Al Fragan astronomialariak.
Hortaz, Lurraren neurria 360 bider gehiago
da (edo Lurra bezalako gorputz biribil bati
dagozkion 360 gradu), hots, 20.398 milia.
Arabiar milia baldin bada, gaurko neurketen
arabera, 1.973 metro, Al Fraganen arabera,
40.244 km-ko perimetroa dauka gure
planetak; kalkulu horien errakuntza, gaur
egungo balioari buruz, %1 bat baino gutxiago
da.
Datu zuzenik gabe, oso zaila gertatzen
da Lurraren jatorriaren berri jakitea. Teoria
zabalduenaren arabera, gas eta hautsezko
hodei baten barneko materiaren pilaketaz
eratu zen Lurra, eta esfera forma,
berriz, grabitatearen eta errotazioaren eragin
bateratuak eman zion. Lehen Lur hori,
tenperatura izugarri garaiekin, partez, materia
urtuzko egoeran zegoen. Horrela,
isurkari bihurtuta zegoen materia horretan,
grabitatearen ondorioz, gune oso trinko bat
eta kanpoko geruza arinago bat bereizi
ziren. Era berean, prozesu horren bidez
osatu zen eguratsa edo Lurra inguratzen
duen gasezko bildukina, bizitza garatu ahal
izateko behar zena.
Sumendien erupzioak direla-eta, labazko
kolada isuriak igortzen baitituzte, luzaroan
pentsatu izan da Lurra suzko bola bat
zela, geruza mehe trinkotu batez inguratua.
Datu sismikoek, ordea, globoaren barrenaldea
gehienbat gotorra dela frogatu dute.
Egia da tenperatura askoz ere garaiagoa
dela barrenaldearen zentroan. Aldi berean
presioak ere gora egiten duenez, materiaren
fusio puntua ere garaiagoa da, eta dirudienez,
kanpoko gunea bakarrik dago
urtua.
Lurraren historia berregitea, neurri handi
batean, haitzetan errejistraturik geratu diren
gertaerak denboran kokatzea da. Erradiokronologiari
esker, harri edo haitzen erradioaktibitate
naturalean oinarrituz, geologia
eraketen adina neur daiteke.Lurraren neurriak, Zireneko Eratostenesen arabera.
Alexandriako Eratostenes filosofoak aurkitu zuen
Sienan (Assuan inguruan) barra bertikal batek ez zuen
itzalik ematen eguerdian. Barra horrek berak
Alexandrian zenbateko itzala ematen zuen neurtu zuen
eta baita bi hiri egiptoar horien arteko distantzia ere.
Datu horiek oinarri harturik Lurraren neurria atera ahal
izan zuen.
Eratostenesek geografiari buruz egindako lanek
Ptolomeo III.a faraonaren babesa izan zuten.
Mediterraneoko mapa bat egin zuen, besteak beste,
meridianoen eta paraleloen sistema erabiliz, eta
zehaztasun falta nabarmena duen arren, aski erraz
ezagutu daiteke Mediterraneo itsasoa mapa horretan.Astronomia datuak
Eguzki sistemako hirugarren planeta.
Lurrezko lau planetetan handiena.
Eguzkiaren inguruko bira egiteko 365,25 egun behar
ditu eta bere buruaren ingurukoa egiteko 23 ordu
eta 56 minutu, ekliptikaren planoarekiko 23° 27’
makurtutako ardatzaren inguruan.
Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia:
1,47. 10 8 km eta 1,53. 10 8 km bitartean.
Satelite natural handi bat:
Ilargia, eta geroz eta satelite artifizial gehiago.Lurraren forma
Poloetan zertxobait zapaldutako esfera.
Poloko erradioa: 6356,774 km.
Ekuatoreko erradioa: 6378,160 km.
Poloetako zapaldura: 1/298,257.
Ekuatoreko zirkunferentzia: 40.075 km.
Globoaren gainaldea: 510. 106 km2.
Datu geofisikoak
Bolumen masa: 5,52 kg. dm-3.
Masa: 5,96. 1024 kg.
Intentsitate ertaineko eremu magnetikoa: 5. 10-5 Tesla.
Grabitatearen azelerazioa ekuatorean: 9,78. s-2.
Askatze lastertasuna: 11,2 km. s-1.
Potentzia termikoa guztira: 4,2. 1013 W.
Batez besteko emari termikoa:
0,05 W. m-2 = 1,4µcal. cm-2. s-1.
Azaleko likatasuna:
1023 poise, 100 km-ko sakoneran: 1020 poise.
Izotzaren likatasuna: 1014 poise.
Lurraren adina: 4,6 mila milioi urte.
Atmosfera
Gasa: %78 diazotoa, %21 dioxigenoa, %1 karbono
dioxidoa, gas arraroak.
Ur lurrina 0tik %4ra.
Batez besteko presioa eguzkitan: 1 bar = 105 Pa.
Batez besteko tenperatura eguzkitan: 13° C.
Eguzkiaren batez besteko emari termikoa: 350 W. m-2.
Ozeanoak
Ozeanoen azalaldea: 360. 106 km2 , %71, alegia.
Lehorreko azalaldea: 149. 106 km2 , %29, alegia.
Itsasoko uren bolumena: 1340. 106 km3.
Planetaren azaleko uraren %97 ozeanoko ura da.
Masa: 1,37. 1018 tona (Lurraren masaren 0,23 milaren).
Batez besteko gazitasuna: ‰ 35 pisuan.
Ozeanoetako gatzaren masa: 48. 1015 tona.
Ioi ugarienak: Na +, Mg2+ , K +, Cl- , SO 2-
4 ,…Barne egitura
Gunea: Lurreko masaren %33 bider bolumenaren %16.
Gunearen barnealde gotorra: masa = 14 kg. dm-3.
Gunearen kanpoalde isurkaria: masa = 10 kg. dm-3.
Mantua: goi mantua, astenosfera (masa = 3,1etik 3,2ra
kg. dm-3 ) eta mesosfera (masa = 5 kg. dm-3 ).
Azala : (2 mota)
– kontinente azala: batez besteko loditasuna, 30 km,
granitoz osatua, dentsitatea 2,7.
– ozeano azala: batez besteko lodiera, 5 km, osaera
“gabbroïkoa”, dentsitatea 3,1.
Azala eta goi mantuaren zati bat = litosfera.
Litosfera dozena bat plaka mugikorretan zatitua dago.
Planeta biziduna
Biosferaren masa: 3. 1020 kg.
Biosferaren emankortasuna: 6. 1018 kg. a-1.
Bizitza, duela 3,8 mila milioi urte sortu bide zen.
Egun aniztasun handia dago (milioika animalia eta landare
mota) baina osaera kimikoa eta eraketa (zelulaka)
bakarra da.
Lurraren historia
Lurraren historiak orogenesi sail bat izan
dela erakusten du, hau da, mendien eraketa
aldiak, eta mendi sail horien ondorengo
desegitea. Litosfera plakek elkarri buruz
dituzten mugimenduek azaltzen dituzte orogenesi
horien nolakoak eta zergatiak. Era
berean, ozeanoetan agertu zen lehenbizi
bizitza, eta pixkana-pixkana kontinenteetara
zabaldu zen, animalia eta landare motakbereizten ziren neurrian. Zenbat eta atzerago
egin denboran, gutxiago dira globoaren
itxura tankeratu duten gertaeren lekukotasunak,
geroagoko gertaerek itxuraldatu
baitituzte.
Haitz antzinakoenak, 3.800 urte zahar
badirenak, kontinente zaharretan aurkitu
dira. Granitozko lurren eta lur metamorfikoen
toles gotorren barnean daude, eta
prekanbrikoan gertatu ziren orogenesi askoren
elkargainkatzea adierazten dute; alabaina,
eta 3.000 milioi urte iraun zuen arren,
oso gutxi dakigu aro honi buruz.
Bi gertaera handik ezugarritzen dute
Lehen Aroa: kaledoniar orogenesiak, eta
haren ondorengo orogenesi hertziniarrak.
Kontinenteak elkarrekin soldatu ziren, eta
Pangea osatu zen. Bizitza, prekanbrikotik
aurrera ozeanoetan sortu zena, konplexuagoa
egin zen pixkana-pixkana. Lehen ornodunak
itsasoan agertu ziren, eta, geroago,
narrastiak hasi ziren lur osoan zabaltzen.
Baso masa ikusgarriek estali zituzten
kontinenteak, geroago Ikatz Aroko ikatzezko
biltegiak izango zirenak. Ozeano
berriak zabaldu zirelarik, Bigarren Aroan
hasi zen Pangearen banaketa. Ordukoa da,
hain zuzen ere, Lurraren azalean ezagutzen
den ozeano geruzarik zaharrena. Izaki bizien motak ugaldu egin ziren, eta batzuek,
hala amonitek edota narrasti handiek (dinosauroek)
Bigarren Aroaren amaiera baino
lehen iritsiko zuten beren oparoaldia.
Hirugarren Aroan garatu ziren Bigarren
Aroaren bukaera aldean agertu ziren ugaztunak
eta landareak (angiospermoak). Nolanahi
ere, orogenesi alpinoa deritzana da
aro horren ezaugarri nagusia, Europa Mendebaletik
Ekialde Urruneraino zabaldu zena.
Laugarren Aroan agertu zen gizakia, eta,
dudarik gabe, oso bizimodu gogorra izan
zuen, oso hotza baitzen orduko klima, eta
oso handiak hormategiak. Hormategi horiek
orain dela hamar mila urte eskas urtu
ziren, baina lur azalean beren arrastoak utzirik.
Lurraren egitura
Antzin Aroaz geroztik izan du gizonak
Lurraren barnea deskubritu eta ezagutzeko
gogoa; izan ere, antzinakoen ustez, suzko
mundu misteriotsu bat zegoen han. Betidanik
jakin nahi izan da nolako forma eta
egitura zeukan, baina XIX. mendearen
amaiera arte ezin izan ziren planetaren barneko
parteak ikertzen hasi, lurretik igarotzen
diren uhin sismikoen azterketari esker.
1885ean Suessek formulatu zuen Lurraren
barne egiturari buruzko lehen teoria koherentea,
hiru geruza bereizten zituena. Barren-barrenekoa,
edo NIFE, burdinez eta
nikelez dago osatua. Horren gainean dago
SIMA, basaltoz eratua (silizez eta magnesioz
zehazki). SIAL da geruza azalekoena,
guk ikus dezakeguna, eta silizeek eta aluminioak
eratzen dute. Oldhamek, 1906an,
gune jariakari bat zeukala barnealdean aurkitu
zuen. Mohorovicic-ek, 1909an, lur azala
eta tarteko geruza edo mantua bereizi zituen.
Gutenbergek 1914an gunearen sakontasuna
kalkulatu zuen, azaletik hasita 2.900
kilometro. 1912an Wegenerrek lur azalaren
mugimendu horizontal handien teoria eman
zuen ezagutzera, “kontinenteen jito” deritzana,
baina oinarri zientifikorik ez zuelaeta,
baztertu egin zuten. Wegenerren ideia
horiek ordea berriz baliatu dira gure mendeko
60-70 urte inguruan, “plaken tektonika”
deritzan teoria garrantzitsua agertuzenean; teoria horrek erabat irauli zituen
Lurraren zientziak.
Gaur egun, zeharbidezkoa den arren
planetaren barrenaldeaz dakiguna, aski
xeheki aztertu ahal izan dira Lurraren egitura
eta bertan gertatzen diren prozesu dinamikoak.
Lurrikaretako uhin sismikoen norabidea
eta hedatze moduak aztertuz lortu da batez
ere globoaren barne egituraren ezagutza.
Lurra hiru geruza zentrokidez dago osatua:
gunea, tarteko azala (edo mantua) eta
kanpoko azala; uhinen hedaduran izaten
diren aldaketa gogorrak adierazten dituzten
etenek banatzen dituzte hiru geruza
horiek, eta osagaien dentsitate aldaketatzat
hartzen dira, edota, bestela, egoera fisikoaren
aldaketa gisa.
Lur azala
Kanpoko geruzak, edo azalak, globoaren
bolumen osoaren %1 bat besterik
ez du hartzen. Oso heterogeneoa da, eta
loditasuna ere ez du beti bera: kontinenteetan
batez beste 30-50 kilometroko lodiera
izaten da; ozeanoetan 5-10 kilometrokoa
batez beste. Konposizioak ere oso desberdinak
direlarik, are handiagoa da alde hori.
Kontinenteko azala granitozkoa da, silizez
eta aluminioz dago osatua (SIAL), eta dentsitatea
2,5 du. Ozenoakoa berriz basaltozkoa
da, silizez eta magnesioz dago batez
ere osatua (SIMA), eta batez besteko dentsitatea
2,8 du, hau da, kontinenteko azalak
baino handiagoa.
Gaur egun, geruza hau, bere aldetik, bi
azpigeruzetan dagoela banatua uste da.
Beheko azpigeruza goiko mantua urtu eta
ondoren sorturiko eklogitez dago osatua,
dentsitatea 3,3 du, eta Conraden etenak
bereizten du hurrengo geruzatik, zeina,
gune batzuetan, ezin den antzeman.
Ozeanoetako azala
Plaken tektonikaren hipotesian laburbiltzen
diren urte askoko azterketa eta ikerketen
ondoren, hau da, ozeanoen hondoaren
behaketa teknika berrietan eta zundaketa
sakonetan oinarriturik, eta orobatsateliteetatik ozeanoen grabitazio eremua
neurtu delako eta neurketa elektromagnetikoak
egin direlako, nahiko zehatz dakigu
gaur non eta nola eratu den ozeanoetako
azala, ezagutzen da azal horren egitura eta
konposizioa, eta orobat itsas hondoen topografia
orokorra.
Ozeanoetako azalak globoaren gainaldearen
%66 hartzen du. Jakina denez, litosferak
azala eta goiko mantuaren parte
bat hartzen ditu. Ozeanoan, batez beste, 5-
7 kilometro lodi da azala, eta inon ez da
iristen 200 milioi urte zahar izatera. Mantutik
igotzen diren eta azalean txertatzen diren
material urtuak, ozeano erdiko bizkarren
zentro hedakorrean, peridotiztazko
haitzez daude batez ere osatuak; peridotitak
berak gehienbat olibinoa dauka, eta
olibinoak, bere aldetik, magnesioa, burdina,
oxigenoa eta silizea ditu osagai nagusiak.
Materialak gora egiten duenean gertatzen
den deskonposizioa adiabatikoa da,
hau da, beroa galdu gabe gertatzen da, eta,
hortaz, igo ahala, peridotita urtu egiten da.
Azalerantz egiten duen bidean, arroka urtuak
basaltoa osatzen du, eta basalto hori
ozeano bizkarraren hedapen zentroan injektatzen
da. Eta, behin azalera ezkero, bizkarraren
maldetatik behera isurtzen da basaltoa,
eta gogortu egiten da xafla formako
koladak eta forma biribilduak eratuz. Azal
berria zentro hedakorretatik urrundu ahala,
sedimentu geruza bat jalkitzen da haren
gainean, gehienbat landare hondakinez eta
itsas animalia txiki-txikiez osatua.
Ozeanoetako azalaren azterketa topografikoetan,
hedapen zentroa seinalatzen
duen ozeano erdiko bizkarra izaten da aztergai
nagusia. Irtengune luze eta zuzen bat
da, ezponda mailakatua duena. Ozeanoko
ur azalaren azpitik, alde bietara, 2.500 bat
metrora dago bizkarraren gailurra, eta ozeano
hondoa berriz 5.000-6.000 m-raino jaisten
da.
Plaken mugimendu etengabeak eragiten
duen tentsioaren ondorioz, normalean,
arrakala, pitzadura eta failak sortzen dira,
bizkarraren ardatzaren norabideari buruz
paraleloak izaten direnak, eta, hortaz, ura
berotu egiten da eta handia izaten da sumendien
jarduna.
Kontinenteko azala
Kontinenteetako azala ozenoetakoa
baino askoz zaharragoa da. Osatzen duten
materialak zenbaitetan 4.000 milioi urte
zahar ere badira, baina, hala ere, aldaketak
etengabeak dira, ziklo tektoniko, sumendi
aldi, eta higadura eta sedimentaziozko prozesuen
bidez. Prozesu fisiko eta kimiko askori
esker, sortu eta aldatu egiten da kontinenteek
eratzen duten azala. Bereziki garrantzitsua
da ezen lur azalak, bere zabaltasun, dinamika eta egituragatik, Lurraren
historia gehientsua eragin duten prozesuen
erregistro konplexua daukala bere baitan
gordea.
Kontinenteen azala kontinenteen eta
kontinente ertzen azpian dago, eta
ozeanoen sakontasun gutxiko eremuetan.
Osorik, planetaren azalaren ehuneko 34 bat
eta planetaren masaren ehuneko 0,3 inguru
hartzen du. Konposizioari buruz egin
diren azterketen arabera, sumendi jatorriko
haitzen, haitz metamorfiko eta sedimentuzkoen
konglomeratua da. Oxigenoa du
elementurik ugariena, eta, ondoren, silizea;
era horretan, bi gai horien konbinazioak
silikatoak ematen ditu, eta hau da mineral
arruntena azal hori osatzen dutenen artean.
Kontinenteko eta ozeanoetako azalaren
eta mantuaren arteko mugari “Mohorovicicen
etena” esaten zaio, eta oso loditasun
desberdina du leku batzuetan eta besteetan.
Uhin sismikoen lastertasuna biziagotu egiten
da eten horretan, azaleko segundoko
6,8 kilometrotik hasi, eta mantuko 8,1eraino.
Uhin sismikoen igorpen lastertasunaren
gehitze hori, hedapen bideko gaiaren konposizio
aldaketak eragiten du batez ere.
Mantuko osagaiek silize gutxiago dute, baina
burdin eta magnesio gehiago.
Kontinente azalaren loditasuna, 10-75
km artekoa izanik, ozeanoetakoa baino
askoz indartsuagoa da, baina askoz dentsitate
gutxiago du, 2,7-2,8 g/cm 3 (ozeanoetakoak,
3,0-3,1 g/cm 3 ); horrek agertzen du
zergatik dauden itsas mailatik gertu edo
gorago kontinenteko azalez osaturiko lur
azalaren eskualdeak. Kontinente azalaren
parterik lodienak dira planetako eskualde
garaienak: Tibeteko goi-ordokia, Himalaia,
Andeak etab., adibidez, zeinak, hurrenez
hurren, 70, 55 eta 70 kilometrotan dauzkaten
erroak. Aldiz, kontinente azaleko parterik
mehenak ozeanoen ertz kontinentaletan
egon ohi dira, hau da, itsas mailaren
azpitik.
Mantua
Litosferaren azalaren –kontinentekoa nahiz
ozeanoetakoa izan–, eta gunearen
kanpoaldearen artean, geruza handi bat
dago, erdiko geruza edo mantu deritzana,
planetaren bolumenaren %82 baino gehiago
hartzen duena, eta masa osoaren ia %70.
Geruza honetan gertatzen diren prozesuak
kontinente eta ozeanoen antolaketan daude
grabatuak.
Sismologiari esker, gauza jakina da ezen,
zenbat eta zurrunagoa gaia, lasterrago hedatzen
direla hartan uhin sismikoak; sismogrametatik
abiaturik beraz, lur mantuan direnhaitz motei buruzko kalkulu fidagarriak egin
ahal izan dira. Horrez gainera, uhin sismikoek
iristen dituzten lastertasun handiak
direla-eta, gai zurrunak eta dentsoak dira
mantuaren osagaiak, eta, horrez gainera,
gora egiteko gauza ere behar dute izan: peridotitak,
peridotita komatitak eta eklogitak
betetzen dituzte baldintza horiek. Horregatik,
gaur egun, uste da mantua haitz gotorra
dela, gehienbat silizio, magnesio, burdin,
aluminio eta kaltzio oxidoz osatua.
Uhin sismikoen jokamoldearen azterketetan
oinarrituta, badirudi bi azpigeruzetan
banatu behar dela mantua. Behekoa, 1.900
km-ko loditasuna eta 5,3 eta 6,7 arteko
dentsitatea duena, material ordenatuez osatua
bide dago, olibinoz batez ere, presio
handien ondorioz, eta horrek azalduko luke
zergatik duen dentsitate handiagoa.
Goiko azpigeruzari astenosfera esaten
zaio, 900 bat km lodi da eta 3,5eko dentsitatea
du, eta badirudi silikatoen konbinazioz
dagoela osatua: olibinoak, piroxenoak,
granateak, anfibolak, ordenarik
gabe; horrexegatik, badute ahalmen plastikorik
azalaren aldaketetara egokitzeko.
Bi azpigeruza horien artean, 500-660
kilometroko sakoneran, “20en etena” dago;
uhin sismikoekiko duen jokabideagatik
deitzen da horrela, eta eten horrek bereizten
ditu, nonbait, material ordenatuak eta
nahasiak.
Mohorovicic-en etenetik aurrera, mantuan
sartu ahala, ikaragarri handitzen da
uhin sismikoen hedapen lastertasuna. Alabaina,
100 kilometro inguruko sakoneran,
uhin hedapenaren moteltzea ezaugarri duen
eremu bat hasten da; izan ere, dirudienez,
mantuaren parte bat urtu eta, isurkari bihurtuta,
presioa eragiten du, eta presio horrengatik
gertatzen da, nonbait, uhinen
moteltzea. Eremu hori, lehen esan bezala
astenosfera deitzen zaiona, 100 bat km lodi
da, eta goiko mantuaren eta behekoaren
arteko igarobidea da.
Lurra zergatik da biribila
Lurrak longitudearen eta latitudearen arteko norabideetan
zer makurdura duen jakiteko, aski da arestian
aipatu diren hirietan egun luzeenak zenbat irauten
duten begiratzea. Har ditzagun, adibidez, Bulgar
hiria, oso iparraldean dagoena, eta Aden hiria,
bestearen oso hegoaldean dagoena. Adenen eta haren
inguruetan egunik luzeenak hamabi ordu baino
gehixeago irauten du; Bulgarren, berriz, hamazazpi
ordu baino gutxixeago. Bi hiri horiek bi orduko aldea
dute bai egunsentiaren eta bai ilunabarraren artean;
beraz, eguzkia Adenen ateratzen denerako, bi
orduko bidea egina du Bulgarreko zeruan.
Udan, adibidez, norbaitek Bulgarretik begiratzen
badu sortaldera eta sartaldera, ikusiko du zeruaren
zati bat zirkulu baten barruan Lurburuaren azpian
hain zuzen; zirkulu hori ez dago Adenetik ikusterik.
Era berean, Adenetik zeruaren zati neurri beretsuko
bat ikus daiteke neguan, egunsentian eta ilunabarrean,
Bulgarretik ikusterik ez dagoena.
Hori harturik abiapuntutzat, badago esatea Lurraren
gainean, latitudearen noranzkoan, marraztutako
lerro bat, meridiano bat alegia, zuzena izango
dela nahitaez, edo kurba ahurra edo ganbila izango
dela bestela.
Lerro horrek zuzena izateko duen probabilitateari
dagokionez… gertaerek berek ezeztatzen dute hipotesi
hori, Lurraren gainaldeak ezin baitu zapala
izan norabide horretan. Meridianoa ahurra balitz,
Lurburuaren goratasuna, alegia hegoaldeko muturmuturrean
etengabe ikusten den izar kopurua, txikitu
egingo litzateke, behatzailea zenbat eta iparralderago
joan. Baina errealitatea guztiz bestelakoa da:
izar kopurua gero eta handiagoa da, eta horretxek
frogatzen du meridianoa ganbila dela, eta, beraz,Lurrak makurdura duela. Lurra biribila da, beraz,
norabide horretan ere, eta hori egia nola den bai latitudearen
norabidean eta bai longitudearenean,
Lurraren gainaldeak esfera forma duela da hortik
ateratzen den ondorioa.
Gainera, mendiek ez dute Lurraren esfera forma
hori aldatzen, oso handiak izanagatik ere txikiak
baitira Lurraren osotasunarekin konparatzen badira,
eta ez dira, beraz, zimur soilak baizik, eta horrenbestez
frogatzen baitute Lurraren gainaldea ez
dela laua, baina ez inondik ere biribila ez denik.
Behatzailea zalantzan baldin badago oraindik, eta
uste badu Lurraren makurdura hori Lurreko eremu
jenderik gabeen ezaugarria baizik ez dela, eta ez beste
leku batzuetako ezaugarria… bada beste arrazoibide
bat, Lurraren itzalarena. Objektu bat biribila baldin
bada, haren itzala ere biribila da, eta hirukia,
laukia, luzanga edo beste edozein motatakoa baldin
bada tankeraz, haren itzalak beti izango du objektuak
daukan itxura berbera.
Lurrak Ilargian egiten duen itzalari begiratuz gero,
aise antzematen da itzal horrek biribilduak dituela
ertzak, batez ere erabateko eklipsea denean, eta beraz
ikus daitekeenean Lurraren zirkunferentzia ia
osoaren itzala, bai eta haren biribiltasuna ere; horrenbestez
ondorio hau ateratzen da hortik: Eguzkiak
argitua duen Lurraren zatiaren eta haren itzalak
proiektatzen duen zatiaren arteko elkarguneak zirkulu
bat eratzen du…
Elkargune horiek ugariak dira, zenbat behaketa
hainbat elkargune, eta Lurraren zati askori dagokie,
eta haien ezaugarri komuna Ilargian, salbuespenik
gabe, itzal biribila proiektatzea da; hortaz, ez dago
inongo zalantzarik Lurraren formari buruz, biribila
baita, izan, alde guztietatik.
Mas’ud-eko kanona
Al Biruni
Abu Rayhan Muhammad ibn Ahmad zuen benetako izena. Jakintsu eta filosofo arabiar-islamiar hau
iraniarra zen jatorriz (Kath, Kharezm, 973 Ghazni, Afghanistan, 1048).
Bidaiari handia izan zen, Iran eta Indian barrena ibili zen Ghaznin bizileku hartu baino lehen.
Oso jakintza alor desberdinak landu zituen: historia (Indiari buruzko liburua, hango ohitura, erlijioa eta
fiosofiak aztertzen dituena; Antzinako Herrien kronologia), matematikak, astronomia eta astrologia, mineralogia,
kosmografia eta geografia (Qanun al-Mas udi), fisika, farmakologia, olerkia.
Langile porrokatua izan zen, aldez aurreko eta bere garaiko jakintzak biltzen eta aztertzen ari izan zen;
zoritxarrez, haren liburu gehienak galdu egin dira.
Gunea
Litosfera osatzen duten hiru geruzetatik,
gunea da barnekoena. 2.900 km-ko
sakontasunetik, hau da, “Gutenbergen etena”
delakotik, Lurraren zentroraino bertaraino
doa, 6.371ko kilometrotara, eta horixe
da, jakina, planetaren leku ezezagunena.
Gunearen nolakotasuna datu sismologikoen
bitartez ezagutzen da, hau da, lurrikarek
sorturiko uhin sismikoek ematen
duten informazioa baliatuz.
Guneak lurraren masa guztiaren %31-
32 hartzen du, eta burdina-nikel nahasturabatez osatua dagoela uste da; kanpoko
partean silizea eta beste gaiak ere baditu,
eta, horren ondorioz, jariakaria da. Hortaz,
bi geruza bereizten dira, kanpokoa eta barnekoa,
“Wiecherten etena” delakoak banatuta;
eten hori 5.100 kilometroko sakontasunean
dago gutxi gorabehera.
Era berean, datuek erakusten dutenez,
barneko gunea gotorra da, 1.200 kilometroko
erradioa du, eta gunearen kanpoaldea
isurkaria da. Hainbesteko sakoneran,
baldintzak muturrekoak dira, presioa 1,3-
3,5 milioi atmosfera bitartekoa da, eta,
kalkuluen arabera, 4.000°-5.000° bitartekoak
dira tenperaturak.
Gunearen konposizioari dagokionez ez
dago adostasunik, ez bada burdina dela dudarik
gabe gai nagusia, metal astunagoenproportzio txikiekin nahasturik (nikelarekin
adibidez), eta, osagai arinagoei dagokienez,
azufrea eta oxigenoa dauzka.
Lan teoriko eta esperimental asko ari
dira egiten eta asko ari da aurreratzen Lurraren
guneari buruzko ikerketetan, baina,
hala ere, zer ikasi asko geratzen da, eta,
oraingoz, edo ez dago jakiteko modurik,
edo oinarri-oinarriko galdera-hipotesiak
besterik ez daude, hala adibidez, gunearen
barnealdea gunearen kanpoaldeko material
gotortua ote den, edota noiz eta nola eratu
zen gunea, eta zein eratako lotura duen
prozesu horrek planetaren sorrerarekin.
Nolanahi dela ere, gauza argia dirudi guneak
parte hartu duela gaur egun, 4.600
milioi bat urte geroago, oraindik jarduten
duten prozesu geologikoen abiatzean.