Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurra

Lurraren ardatza makurtuta dago, planoarekin 66°30’ko angelua osatzen duela.<br><br>Lurrak jasotzen duen energia kopuruan gertatzen diren aldeek sorrarazten dituzte urtaroak.<br><br>

Eguzki sistema osatzen duten bederatzi planetetatik, Eguzkiarekiko hurbiltasunari dagokionez, Lurra hirugarrena da. Eguzkiaren inguruan dabilen planeta denez gero, ibilbide eliptikoa du; ibilbide horretan, Eguzkia du fokuetako bat, eta osorik egiteko urte natural bat baino zerbait gehixeago hartzen du; zehatzago, 365 egun, 5 ordu, 48 minutu eta 45,68 segundo. Hau da, 365 egun gehi egun laurden bat ia; hori dela-eta, lau urtez behin, bisurtea deritzana izaten da, otsaileko hilari eransten zaion egun bat gehiago duen urtea.

Lurra masa gotor handi batek eratzen duen argizagia da; azaleko parte batean ura dauka, eta gasezko geruza batean dago bildua (eguratsa). Multzo hori grabitatearen indar edo energia kosmikoak mantentzen du loturik.

Esan ohi da Lurraren multzoak esfera forma duela, baina ez da esfera perfektua. Eta ez bakarrik mendiek edo itsas hobiek eratzen dituzten zimurrengatik, baizik eta elipsoide bat delako, zapaldua poloetan eta ekuatore aldean zabaldua. Izan ere, Lurraren ardatzak 12.714 km dauzka, eta 12.757 km ekuatore zirkunferentziaren diametroak.

Bi balio horien arteko aldea ez da oso handia.

Era berean, 40.075 km-koa da ekuatore zirkunferentziaren luzera, eta 40.000 km pasatxo du berriz zirkunferentzia polarrak.

Bestalde, 5.100.650.000 km 2 da lur azalaren neurria, bolumena 1.083.205.000.000 km 3 da, eta 5,5 batez besteko dentsitatea; gainalde gotorraren dentsitatea 2,30 da, eta zentroarena 10-11 bitartekoa.Grekoek bazekiten, beren garairako, Lurrak esfera forma duela, eta Aristoteles bere Fisikan hori teorikoki frogatzen saiatu zen, ondoko hiru argudio hauek erabiliz: 1. Lurraren itzala, edo itzalaren parte bat, ikusi egin daiteke Ilargi eklipse bat gertatzen denean. Itzal hori biribil antzekoa da beti, eta esfera da edozein norabidetan itzal biribila emateko gauza den gorputz bakarra.

2. Iparraldera egin ahala, iparraldeko konstelazioak gero eta gorago geratzen direla ikusten da. Badirudi haiengana goazela.

Alabaina, konstelazioen itxura, izar batzuek besteekiko duten kokalekua, ez da batere aldatzen, aitzitik, lurra biribila denez gero, burua gero eta gehiago aurrerantz makurtzen dugu, eta, hala, badirudi konstelazioak atzean geratzen zaizkigula.

3. Lurrak erakarri egiten du. Aske utziriko edozein gauzakik behera erortzeko joera du.Lurrak, oro har, izugarrizko pisua izan behar du, eta, hortaz, esfera da gorputz ikaragarri astun bati euts dakiokeen forma bakarra.

 

Lurraren neurketa Lur planeta

Antzin Aroan, luzaroan uste izan zen, Homerori jarraiki, bazela itsaso bat (Mediterraneoa), lurrez inguratua (Ekumenea), eta lur horiek, beren aldetik, ozeano oso handi eta bakar batek biltzen zituela. K.a.

I. mendean, Eratostenes grekoak ikusi zuen Egiptoko Sienako hiriko putzu batean (gaurko Assuanen), Alexandriatik hegoaldera 4.860 estadiotara, Eguzkiaren izpiek, eguerdian, zuzen-zuzenean argitzen zutela putzuaren hondoa udako solstizioaren egunean (ekainaren 21ean). Hortaz, izpiek zuzenean jotzen zuten Siena, eta Alexandrian berriz, egun bereko eguerdian, 7°12'ko makurdura zuten. Eratostenesek egun horretan bertan Eguzkiak Alexandriaren gainean zeukan garaiera neurtu zuen, eta zenitetik 7°ra zegoela aurkitu zuen. Hiruko erregela soil batek eman zion arazoaren irtenbidea: lur esferan 4.860 estadio 7° badira, 360° (esfera osoa) x estadio izango da. Hortaz, kalkulu hori eginda, 249.900 estadio zen lur esferaren eraztunaren neurria.

Estadioa baldin bazen, gaur uste denez, 164 metro, Lurraren neurria, Erastotenesen arabera, 40.800 m zen, balio harrigarri zehatza alegia.

Zehatzagoak izan ziren oraindik arabiarrek IX. mendean egin zituzten neurketak.Al Mamun kalifak (813-833) Lurraren neurria jakin nahi izan zuen, eta zenbait itsasgizoni eskatu zion neur zezatela lur esferako gradu bat izarren kokaguneari buruz.

Hala, graduko 56 2/3 miliako batez bestekoa lortu zuen Al Fragan astronomialariak.

Hortaz, Lurraren neurria 360 bider gehiago da (edo Lurra bezalako gorputz biribil bati dagozkion 360 gradu), hots, 20.398 milia.

Arabiar milia baldin bada, gaurko neurketen arabera, 1.973 metro, Al Fraganen arabera, 40.244 km-ko perimetroa dauka gure planetak; kalkulu horien errakuntza, gaur egungo balioari buruz, %1 bat baino gutxiago da.

Datu zuzenik gabe, oso zaila gertatzen da Lurraren jatorriaren berri jakitea. Teoria zabalduenaren arabera, gas eta hautsezko hodei baten barneko materiaren pilaketaz eratu zen Lurra, eta esfera forma, berriz, grabitatearen eta errotazioaren eragin bateratuak eman zion. Lehen Lur hori, tenperatura izugarri garaiekin, partez, materia urtuzko egoeran zegoen. Horrela, isurkari bihurtuta zegoen materia horretan, grabitatearen ondorioz, gune oso trinko bat eta kanpoko geruza arinago bat bereizi ziren. Era berean, prozesu horren bidez osatu zen eguratsa edo Lurra inguratzen duen gasezko bildukina, bizitza garatu ahal izateko behar zena.

Sumendien erupzioak direla-eta, labazko kolada isuriak igortzen baitituzte, luzaroan pentsatu izan da Lurra suzko bola bat zela, geruza mehe trinkotu batez inguratua.

Datu sismikoek, ordea, globoaren barrenaldea gehienbat gotorra dela frogatu dute.

Egia da tenperatura askoz ere garaiagoa dela barrenaldearen zentroan. Aldi berean presioak ere gora egiten duenez, materiaren fusio puntua ere garaiagoa da, eta dirudienez, kanpoko gunea bakarrik dago urtua.

Lurraren historia berregitea, neurri handi batean, haitzetan errejistraturik geratu diren gertaerak denboran kokatzea da. Erradiokronologiari esker, harri edo haitzen erradioaktibitate naturalean oinarrituz, geologia eraketen adina neur daiteke.Lurraren neurriak, Zireneko Eratostenesen arabera.

Alexandriako Eratostenes filosofoak aurkitu zuen Sienan (Assuan inguruan) barra bertikal batek ez zuen itzalik ematen eguerdian. Barra horrek berak Alexandrian zenbateko itzala ematen zuen neurtu zuen eta baita bi hiri egiptoar horien arteko distantzia ere.

Datu horiek oinarri harturik Lurraren neurria atera ahal izan zuen.

Eratostenesek geografiari buruz egindako lanek Ptolomeo III.a faraonaren babesa izan zuten.

Mediterraneoko mapa bat egin zuen, besteak beste, meridianoen eta paraleloen sistema erabiliz, eta zehaztasun falta nabarmena duen arren, aski erraz ezagutu daiteke Mediterraneo itsasoa mapa horretan.AlexandriaAstronomia datuak Eguzki sistemako hirugarren planeta.

Lurrezko lau planetetan handiena.

Eguzkiaren inguruko bira egiteko 365,25 egun behar ditu eta bere buruaren ingurukoa egiteko 23 ordu eta 56 minutu, ekliptikaren planoarekiko 23° 27’ makurtutako ardatzaren inguruan.

Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia: 1,47. 10 8 km eta 1,53. 10 8 km bitartean.

Satelite natural handi bat: Ilargia, eta geroz eta satelite artifizial gehiago.Lurraren forma Poloetan zertxobait zapaldutako esfera.

Poloko erradioa: 6356,774 km.

Ekuatoreko erradioa: 6378,160 km.

Poloetako zapaldura: 1/298,257.

Ekuatoreko zirkunferentzia: 40.075 km.

Globoaren gainaldea: 510. 106 km2.

Datu geofisikoak Bolumen masa: 5,52 kg. dm-3.

Masa: 5,96. 1024 kg.

Intentsitate ertaineko eremu magnetikoa: 5. 10-5 Tesla.

Grabitatearen azelerazioa ekuatorean: 9,78. s-2.

Askatze lastertasuna: 11,2 km. s-1.

Potentzia termikoa guztira: 4,2. 1013 W.

Batez besteko emari termikoa: 0,05 W. m-2 = 1,4µcal. cm-2. s-1.

Azaleko likatasuna: 1023 poise, 100 km-ko sakoneran: 1020 poise.

Izotzaren likatasuna: 1014 poise.

Lurraren adina: 4,6 mila milioi urte.

Atmosfera Gasa: %78 diazotoa, %21 dioxigenoa, %1 karbono dioxidoa, gas arraroak.

Ur lurrina 0tik %4ra.

Batez besteko presioa eguzkitan: 1 bar = 105 Pa.

Batez besteko tenperatura eguzkitan: 13° C.

Eguzkiaren batez besteko emari termikoa: 350 W. m-2.

Ozeanoak Ozeanoen azalaldea: 360. 106 km2 , %71, alegia.

Lehorreko azalaldea: 149. 106 km2 , %29, alegia.

Itsasoko uren bolumena: 1340. 106 km3.

Planetaren azaleko uraren %97 ozeanoko ura da.

Masa: 1,37. 1018 tona (Lurraren masaren 0,23 milaren).

Batez besteko gazitasuna: ‰ 35 pisuan.

Ozeanoetako gatzaren masa: 48. 1015 tona.

Ioi ugarienak: Na +, Mg2+ , K +, Cl- , SO 2- 4 ,…Barne egitura Gunea: Lurreko masaren %33 bider bolumenaren %16.

Gunearen barnealde gotorra: masa = 14 kg. dm-3.

Gunearen kanpoalde isurkaria: masa = 10 kg. dm-3.

Mantua: goi mantua, astenosfera (masa = 3,1etik 3,2ra kg. dm-3 ) eta mesosfera (masa = 5 kg. dm-3 ).

Azala : (2 mota) – kontinente azala: batez besteko loditasuna, 30 km, granitoz osatua, dentsitatea 2,7.

– ozeano azala: batez besteko lodiera, 5 km, osaera “gabbroïkoa”, dentsitatea 3,1.

Azala eta goi mantuaren zati bat = litosfera.

Litosfera dozena bat plaka mugikorretan zatitua dago.

Planeta biziduna Biosferaren masa: 3. 1020 kg.

Biosferaren emankortasuna: 6. 1018 kg. a-1.

Bizitza, duela 3,8 mila milioi urte sortu bide zen.

Egun aniztasun handia dago (milioika animalia eta landare mota) baina osaera kimikoa eta eraketa (zelulaka) bakarra da.

 

Lurraren historia

Lurraren historiak orogenesi sail bat izan dela erakusten du, hau da, mendien eraketa aldiak, eta mendi sail horien ondorengo desegitea. Litosfera plakek elkarri buruz dituzten mugimenduek azaltzen dituzte orogenesi horien nolakoak eta zergatiak. Era berean, ozeanoetan agertu zen lehenbizi bizitza, eta pixkana-pixkana kontinenteetara zabaldu zen, animalia eta landare motakbereizten ziren neurrian. Zenbat eta atzerago egin denboran, gutxiago dira globoaren itxura tankeratu duten gertaeren lekukotasunak, geroagoko gertaerek itxuraldatu baitituzte.

Haitz antzinakoenak, 3.800 urte zahar badirenak, kontinente zaharretan aurkitu dira. Granitozko lurren eta lur metamorfikoen toles gotorren barnean daude, eta prekanbrikoan gertatu ziren orogenesi askoren elkargainkatzea adierazten dute; alabaina, eta 3.000 milioi urte iraun zuen arren, oso gutxi dakigu aro honi buruz.

Bi gertaera handik ezugarritzen dute Lehen Aroa: kaledoniar orogenesiak, eta haren ondorengo orogenesi hertziniarrak.

Kontinenteak elkarrekin soldatu ziren, eta Pangea osatu zen. Bizitza, prekanbrikotik aurrera ozeanoetan sortu zena, konplexuagoa egin zen pixkana-pixkana. Lehen ornodunak itsasoan agertu ziren, eta, geroago, narrastiak hasi ziren lur osoan zabaltzen.

Baso masa ikusgarriek estali zituzten kontinenteak, geroago Ikatz Aroko ikatzezko biltegiak izango zirenak. Ozeano berriak zabaldu zirelarik, Bigarren Aroan hasi zen Pangearen banaketa. Ordukoa da, hain zuzen ere, Lurraren azalean ezagutzen den ozeano geruzarik zaharrena. Izaki bizien motak ugaldu egin ziren, eta batzuek, hala amonitek edota narrasti handiek (dinosauroek) Bigarren Aroaren amaiera baino lehen iritsiko zuten beren oparoaldia.

Hirugarren Aroan garatu ziren Bigarren Aroaren bukaera aldean agertu ziren ugaztunak eta landareak (angiospermoak). Nolanahi ere, orogenesi alpinoa deritzana da aro horren ezaugarri nagusia, Europa Mendebaletik Ekialde Urruneraino zabaldu zena.

Laugarren Aroan agertu zen gizakia, eta, dudarik gabe, oso bizimodu gogorra izan zuen, oso hotza baitzen orduko klima, eta oso handiak hormategiak. Hormategi horiek orain dela hamar mila urte eskas urtu ziren, baina lur azalean beren arrastoak utzirik.

 

Lurraren egitura

Antzin Aroaz geroztik izan du gizonak Lurraren barnea deskubritu eta ezagutzeko gogoa; izan ere, antzinakoen ustez, suzko mundu misteriotsu bat zegoen han. Betidanik jakin nahi izan da nolako forma eta egitura zeukan, baina XIX. mendearen amaiera arte ezin izan ziren planetaren barneko parteak ikertzen hasi, lurretik igarotzen diren uhin sismikoen azterketari esker.

1885ean Suessek formulatu zuen Lurraren barne egiturari buruzko lehen teoria koherentea, hiru geruza bereizten zituena. Barren-barrenekoa, edo NIFE, burdinez eta nikelez dago osatua. Horren gainean dago SIMA, basaltoz eratua (silizez eta magnesioz zehazki). SIAL da geruza azalekoena, guk ikus dezakeguna, eta silizeek eta aluminioak eratzen dute. Oldhamek, 1906an, gune jariakari bat zeukala barnealdean aurkitu zuen. Mohorovicic-ek, 1909an, lur azala eta tarteko geruza edo mantua bereizi zituen.

Gutenbergek 1914an gunearen sakontasuna kalkulatu zuen, azaletik hasita 2.900 kilometro. 1912an Wegenerrek lur azalaren mugimendu horizontal handien teoria eman zuen ezagutzera, “kontinenteen jito” deritzana, baina oinarri zientifikorik ez zuelaeta, baztertu egin zuten. Wegenerren ideia horiek ordea berriz baliatu dira gure mendeko 60-70 urte inguruan, “plaken tektonika” deritzan teoria garrantzitsua agertuzenean; teoria horrek erabat irauli zituen Lurraren zientziak.

Gaur egun, zeharbidezkoa den arren planetaren barrenaldeaz dakiguna, aski xeheki aztertu ahal izan dira Lurraren egitura eta bertan gertatzen diren prozesu dinamikoak.

Lurrikaretako uhin sismikoen norabidea eta hedatze moduak aztertuz lortu da batez ere globoaren barne egituraren ezagutza.

Lurra hiru geruza zentrokidez dago osatua: gunea, tarteko azala (edo mantua) eta kanpoko azala; uhinen hedaduran izaten diren aldaketa gogorrak adierazten dituzten etenek banatzen dituzte hiru geruza horiek, eta osagaien dentsitate aldaketatzat hartzen dira, edota, bestela, egoera fisikoaren aldaketa gisa.

 

Lur azala

Kanpoko geruzak, edo azalak, globoaren bolumen osoaren %1 bat besterik ez du hartzen. Oso heterogeneoa da, eta loditasuna ere ez du beti bera: kontinenteetan batez beste 30-50 kilometroko lodiera izaten da; ozeanoetan 5-10 kilometrokoa batez beste. Konposizioak ere oso desberdinak direlarik, are handiagoa da alde hori.

Kontinenteko azala granitozkoa da, silizez eta aluminioz dago osatua (SIAL), eta dentsitatea 2,5 du. Ozenoakoa berriz basaltozkoa da, silizez eta magnesioz dago batez ere osatua (SIMA), eta batez besteko dentsitatea 2,8 du, hau da, kontinenteko azalak baino handiagoa.

Gaur egun, geruza hau, bere aldetik, bi azpigeruzetan dagoela banatua uste da.

Beheko azpigeruza goiko mantua urtu eta ondoren sorturiko eklogitez dago osatua, dentsitatea 3,3 du, eta Conraden etenak bereizten du hurrengo geruzatik, zeina, gune batzuetan, ezin den antzeman.

 

Ozeanoetako azala

Plaken tektonikaren hipotesian laburbiltzen diren urte askoko azterketa eta ikerketen ondoren, hau da, ozeanoen hondoaren behaketa teknika berrietan eta zundaketa sakonetan oinarriturik, eta orobatsateliteetatik ozeanoen grabitazio eremua neurtu delako eta neurketa elektromagnetikoak egin direlako, nahiko zehatz dakigu gaur non eta nola eratu den ozeanoetako azala, ezagutzen da azal horren egitura eta konposizioa, eta orobat itsas hondoen topografia orokorra.

Ozeanoetako azalak globoaren gainaldearen %66 hartzen du. Jakina denez, litosferak azala eta goiko mantuaren parte bat hartzen ditu. Ozeanoan, batez beste, 5- 7 kilometro lodi da azala, eta inon ez da iristen 200 milioi urte zahar izatera. Mantutik igotzen diren eta azalean txertatzen diren material urtuak, ozeano erdiko bizkarren zentro hedakorrean, peridotiztazko haitzez daude batez ere osatuak; peridotitak berak gehienbat olibinoa dauka, eta olibinoak, bere aldetik, magnesioa, burdina, oxigenoa eta silizea ditu osagai nagusiak.

Materialak gora egiten duenean gertatzen den deskonposizioa adiabatikoa da, hau da, beroa galdu gabe gertatzen da, eta, hortaz, igo ahala, peridotita urtu egiten da.

Azalerantz egiten duen bidean, arroka urtuak basaltoa osatzen du, eta basalto hori ozeano bizkarraren hedapen zentroan injektatzen da. Eta, behin azalera ezkero, bizkarraren maldetatik behera isurtzen da basaltoa, eta gogortu egiten da xafla formako koladak eta forma biribilduak eratuz. Azal berria zentro hedakorretatik urrundu ahala, sedimentu geruza bat jalkitzen da haren gainean, gehienbat landare hondakinez eta itsas animalia txiki-txikiez osatua.

Ozeanoetako azalaren azterketa topografikoetan, hedapen zentroa seinalatzen duen ozeano erdiko bizkarra izaten da aztergai nagusia. Irtengune luze eta zuzen bat da, ezponda mailakatua duena. Ozeanoko ur azalaren azpitik, alde bietara, 2.500 bat metrora dago bizkarraren gailurra, eta ozeano hondoa berriz 5.000-6.000 m-raino jaisten da.

Plaken mugimendu etengabeak eragiten duen tentsioaren ondorioz, normalean, arrakala, pitzadura eta failak sortzen dira, bizkarraren ardatzaren norabideari buruz paraleloak izaten direnak, eta, hortaz, ura berotu egiten da eta handia izaten da sumendien jarduna.

 

Kontinenteko azala

Kontinenteetako azala ozenoetakoa baino askoz zaharragoa da. Osatzen duten materialak zenbaitetan 4.000 milioi urte zahar ere badira, baina, hala ere, aldaketak etengabeak dira, ziklo tektoniko, sumendi aldi, eta higadura eta sedimentaziozko prozesuen bidez. Prozesu fisiko eta kimiko askori esker, sortu eta aldatu egiten da kontinenteek eratzen duten azala. Bereziki garrantzitsua da ezen lur azalak, bere zabaltasun, dinamika eta egituragatik, Lurraren historia gehientsua eragin duten prozesuen erregistro konplexua daukala bere baitan gordea.

Kontinenteen azala kontinenteen eta kontinente ertzen azpian dago, eta ozeanoen sakontasun gutxiko eremuetan.

Osorik, planetaren azalaren ehuneko 34 bat eta planetaren masaren ehuneko 0,3 inguru hartzen du. Konposizioari buruz egin diren azterketen arabera, sumendi jatorriko haitzen, haitz metamorfiko eta sedimentuzkoen konglomeratua da. Oxigenoa du elementurik ugariena, eta, ondoren, silizea; era horretan, bi gai horien konbinazioak silikatoak ematen ditu, eta hau da mineral arruntena azal hori osatzen dutenen artean.

Kontinenteko eta ozeanoetako azalaren eta mantuaren arteko mugari “Mohorovicicen etena” esaten zaio, eta oso loditasun desberdina du leku batzuetan eta besteetan.

Uhin sismikoen lastertasuna biziagotu egiten da eten horretan, azaleko segundoko 6,8 kilometrotik hasi, eta mantuko 8,1eraino.

Uhin sismikoen igorpen lastertasunaren gehitze hori, hedapen bideko gaiaren konposizio aldaketak eragiten du batez ere.

Mantuko osagaiek silize gutxiago dute, baina burdin eta magnesio gehiago.

Kontinente azalaren loditasuna, 10-75 km artekoa izanik, ozeanoetakoa baino askoz indartsuagoa da, baina askoz dentsitate gutxiago du, 2,7-2,8 g/cm 3 (ozeanoetakoak, 3,0-3,1 g/cm 3 ); horrek agertzen du zergatik dauden itsas mailatik gertu edo gorago kontinenteko azalez osaturiko lur azalaren eskualdeak. Kontinente azalaren parterik lodienak dira planetako eskualde garaienak: Tibeteko goi-ordokia, Himalaia, Andeak etab., adibidez, zeinak, hurrenez hurren, 70, 55 eta 70 kilometrotan dauzkaten erroak. Aldiz, kontinente azaleko parterik mehenak ozeanoen ertz kontinentaletan egon ohi dira, hau da, itsas mailaren azpitik.

 

Mantua

Litosferaren azalaren –kontinentekoa nahiz ozeanoetakoa izan–, eta gunearen kanpoaldearen artean, geruza handi bat dago, erdiko geruza edo mantu deritzana, planetaren bolumenaren %82 baino gehiago hartzen duena, eta masa osoaren ia %70.

Geruza honetan gertatzen diren prozesuak kontinente eta ozeanoen antolaketan daude grabatuak.

Sismologiari esker, gauza jakina da ezen, zenbat eta zurrunagoa gaia, lasterrago hedatzen direla hartan uhin sismikoak; sismogrametatik abiaturik beraz, lur mantuan direnhaitz motei buruzko kalkulu fidagarriak egin ahal izan dira. Horrez gainera, uhin sismikoek iristen dituzten lastertasun handiak direla-eta, gai zurrunak eta dentsoak dira mantuaren osagaiak, eta, horrez gainera, gora egiteko gauza ere behar dute izan: peridotitak, peridotita komatitak eta eklogitak betetzen dituzte baldintza horiek. Horregatik, gaur egun, uste da mantua haitz gotorra dela, gehienbat silizio, magnesio, burdin, aluminio eta kaltzio oxidoz osatua.

Uhin sismikoen jokamoldearen azterketetan oinarrituta, badirudi bi azpigeruzetan banatu behar dela mantua. Behekoa, 1.900 km-ko loditasuna eta 5,3 eta 6,7 arteko dentsitatea duena, material ordenatuez osatua bide dago, olibinoz batez ere, presio handien ondorioz, eta horrek azalduko luke zergatik duen dentsitate handiagoa.

Goiko azpigeruzari astenosfera esaten zaio, 900 bat km lodi da eta 3,5eko dentsitatea du, eta badirudi silikatoen konbinazioz dagoela osatua: olibinoak, piroxenoak, granateak, anfibolak, ordenarik gabe; horrexegatik, badute ahalmen plastikorik azalaren aldaketetara egokitzeko.

Bi azpigeruza horien artean, 500-660 kilometroko sakoneran, “20en etena” dago; uhin sismikoekiko duen jokabideagatik deitzen da horrela, eta eten horrek bereizten ditu, nonbait, material ordenatuak eta nahasiak.

Mohorovicic-en etenetik aurrera, mantuan sartu ahala, ikaragarri handitzen da uhin sismikoen hedapen lastertasuna. Alabaina, 100 kilometro inguruko sakoneran, uhin hedapenaren moteltzea ezaugarri duen eremu bat hasten da; izan ere, dirudienez, mantuaren parte bat urtu eta, isurkari bihurtuta, presioa eragiten du, eta presio horrengatik gertatzen da, nonbait, uhinen moteltzea. Eremu hori, lehen esan bezala astenosfera deitzen zaiona, 100 bat km lodi da, eta goiko mantuaren eta behekoaren arteko igarobidea da.

 

Lurra zergatik da biribila

Lurrak longitudearen eta latitudearen arteko norabideetan zer makurdura duen jakiteko, aski da arestian aipatu diren hirietan egun luzeenak zenbat irauten duten begiratzea. Har ditzagun, adibidez, Bulgar hiria, oso iparraldean dagoena, eta Aden hiria, bestearen oso hegoaldean dagoena. Adenen eta haren inguruetan egunik luzeenak hamabi ordu baino gehixeago irauten du; Bulgarren, berriz, hamazazpi ordu baino gutxixeago. Bi hiri horiek bi orduko aldea dute bai egunsentiaren eta bai ilunabarraren artean; beraz, eguzkia Adenen ateratzen denerako, bi orduko bidea egina du Bulgarreko zeruan.

Udan, adibidez, norbaitek Bulgarretik begiratzen badu sortaldera eta sartaldera, ikusiko du zeruaren zati bat zirkulu baten barruan Lurburuaren azpian hain zuzen; zirkulu hori ez dago Adenetik ikusterik.

Era berean, Adenetik zeruaren zati neurri beretsuko bat ikus daiteke neguan, egunsentian eta ilunabarrean, Bulgarretik ikusterik ez dagoena.

Hori harturik abiapuntutzat, badago esatea Lurraren gainean, latitudearen noranzkoan, marraztutako lerro bat, meridiano bat alegia, zuzena izango dela nahitaez, edo kurba ahurra edo ganbila izango dela bestela.

Lerro horrek zuzena izateko duen probabilitateari dagokionez… gertaerek berek ezeztatzen dute hipotesi hori, Lurraren gainaldeak ezin baitu zapala izan norabide horretan. Meridianoa ahurra balitz, Lurburuaren goratasuna, alegia hegoaldeko muturmuturrean etengabe ikusten den izar kopurua, txikitu egingo litzateke, behatzailea zenbat eta iparralderago joan. Baina errealitatea guztiz bestelakoa da: izar kopurua gero eta handiagoa da, eta horretxek frogatzen du meridianoa ganbila dela, eta, beraz,Lurrak makurdura duela. Lurra biribila da, beraz, norabide horretan ere, eta hori egia nola den bai latitudearen norabidean eta bai longitudearenean, Lurraren gainaldeak esfera forma duela da hortik ateratzen den ondorioa.

Gainera, mendiek ez dute Lurraren esfera forma hori aldatzen, oso handiak izanagatik ere txikiak baitira Lurraren osotasunarekin konparatzen badira, eta ez dira, beraz, zimur soilak baizik, eta horrenbestez frogatzen baitute Lurraren gainaldea ez dela laua, baina ez inondik ere biribila ez denik.

Behatzailea zalantzan baldin badago oraindik, eta uste badu Lurraren makurdura hori Lurreko eremu jenderik gabeen ezaugarria baizik ez dela, eta ez beste leku batzuetako ezaugarria… bada beste arrazoibide bat, Lurraren itzalarena. Objektu bat biribila baldin bada, haren itzala ere biribila da, eta hirukia, laukia, luzanga edo beste edozein motatakoa baldin bada tankeraz, haren itzalak beti izango du objektuak daukan itxura berbera.

Lurrak Ilargian egiten duen itzalari begiratuz gero, aise antzematen da itzal horrek biribilduak dituela ertzak, batez ere erabateko eklipsea denean, eta beraz ikus daitekeenean Lurraren zirkunferentzia ia osoaren itzala, bai eta haren biribiltasuna ere; horrenbestez ondorio hau ateratzen da hortik: Eguzkiak argitua duen Lurraren zatiaren eta haren itzalak proiektatzen duen zatiaren arteko elkarguneak zirkulu bat eratzen du… Elkargune horiek ugariak dira, zenbat behaketa hainbat elkargune, eta Lurraren zati askori dagokie, eta haien ezaugarri komuna Ilargian, salbuespenik gabe, itzal biribila proiektatzea da; hortaz, ez dago inongo zalantzarik Lurraren formari buruz, biribila baita, izan, alde guztietatik.

Mas’ud-eko kanona

 

Al Biruni

Abu Rayhan Muhammad ibn Ahmad zuen benetako izena. Jakintsu eta filosofo arabiar-islamiar hau iraniarra zen jatorriz (Kath, Kharezm, 973 Ghazni, Afghanistan, 1048).

Bidaiari handia izan zen, Iran eta Indian barrena ibili zen Ghaznin bizileku hartu baino lehen.

Oso jakintza alor desberdinak landu zituen: historia (Indiari buruzko liburua, hango ohitura, erlijioa eta fiosofiak aztertzen dituena; Antzinako Herrien kronologia), matematikak, astronomia eta astrologia, mineralogia, kosmografia eta geografia (Qanun al-Mas udi), fisika, farmakologia, olerkia.

Langile porrokatua izan zen, aldez aurreko eta bere garaiko jakintzak biltzen eta aztertzen ari izan zen; zoritxarrez, haren liburu gehienak galdu egin dira.

 

Gunea

Litosfera osatzen duten hiru geruzetatik, gunea da barnekoena. 2.900 km-ko sakontasunetik, hau da, “Gutenbergen etena” delakotik, Lurraren zentroraino bertaraino doa, 6.371ko kilometrotara, eta horixe da, jakina, planetaren leku ezezagunena.

Gunearen nolakotasuna datu sismologikoen bitartez ezagutzen da, hau da, lurrikarek sorturiko uhin sismikoek ematen duten informazioa baliatuz.

Guneak lurraren masa guztiaren %31- 32 hartzen du, eta burdina-nikel nahasturabatez osatua dagoela uste da; kanpoko partean silizea eta beste gaiak ere baditu, eta, horren ondorioz, jariakaria da. Hortaz, bi geruza bereizten dira, kanpokoa eta barnekoa, “Wiecherten etena” delakoak banatuta; eten hori 5.100 kilometroko sakontasunean dago gutxi gorabehera.

Era berean, datuek erakusten dutenez, barneko gunea gotorra da, 1.200 kilometroko erradioa du, eta gunearen kanpoaldea isurkaria da. Hainbesteko sakoneran, baldintzak muturrekoak dira, presioa 1,3- 3,5 milioi atmosfera bitartekoa da, eta, kalkuluen arabera, 4.000°-5.000° bitartekoak dira tenperaturak.

Gunearen konposizioari dagokionez ez dago adostasunik, ez bada burdina dela dudarik gabe gai nagusia, metal astunagoenproportzio txikiekin nahasturik (nikelarekin adibidez), eta, osagai arinagoei dagokienez, azufrea eta oxigenoa dauzka.

Lan teoriko eta esperimental asko ari dira egiten eta asko ari da aurreratzen Lurraren guneari buruzko ikerketetan, baina, hala ere, zer ikasi asko geratzen da, eta, oraingoz, edo ez dago jakiteko modurik, edo oinarri-oinarriko galdera-hipotesiak besterik ez daude, hala adibidez, gunearen barnealdea gunearen kanpoaldeko material gotortua ote den, edota noiz eta nola eratu zen gunea, eta zein eratako lotura duen prozesu horrek planetaren sorrerarekin.

Nolanahi dela ere, gauza argia dirudi guneak parte hartu duela gaur egun, 4.600 milioi bat urte geroago, oraindik jarduten duten prozesu geologikoen abiatzean.