Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Aro berria

Jurisdikzio barrutiak eta giza baliabideak

Arabako jaurerriak eta errege lurrak Aro Berrian.<br><br>

Gaur egun Euskal Herria esaten zaion lurralde multzoa ez zen Erdi Aroan antolamendu politiko bateratu batean antolatuta egon. Lurralde bakoitzak aldi desberdinetan sendotu zituen bere egitura politikoak, batzuek motelago, bizkorrago besteek, eta bakoitzak bere gisara egin zuen bere antolamendu politikoa garai hartako monarkia anitzen esparruaren baitan. Demografiaren aldetik ere, lurralde bakoitzak bere ezaugarri propioak izan zituen biztanle kopuruan eta biztanleriaren bilakaeran. Araba zen XVI. mendeaz geroztik hiru euskal probintzien artean biztanle gutxien zituena, are urrunago zegoela XVIII. mendearen bukaeran kostaldeko probintzietako biztanle kopurutik. Izan ere, XVI.. ta XVII. mendeetan Arabak behea jo zuen, eta Gipuzkoak, berriz, goraldia izan zuen. Bizkaia ordea XVIII. mendean hasi zen gora egiten, eta XIX. mende hasieran hura zen biztanle gehien zituen lurraldea.

Nafarroan, berriz, biztanle kopurua geldi-geldiro hazi zen 1500 eta 1800 artean, alde handia zela eskualde eta garai batetik bestera.Ebro eta Aturri ibaien arteko lurraldeak ez ziren erakunde politiko bateratu baten barruan egon. Lurralde horien politika egitura Erdi Aroan eta Aro Berrian zehar itxuratu zen, eta, azkenean, Errejimen Zaharreko monarkien artera egokitu zen. Lurraldeak, zeinek bere erakundeak, ordenamendu juridikoa eta administrazio errejimena zeuzkala, mailaz gorago eta aurreratuago zeuden entitate politikoetan sartuz joan ziren ?garai desberdinetan eta, askotan, bide desberdinak hartuz?, harik eta 1500. urte inguruan geografi muga zehatzak eta egitura politiko egonkorrak eta iraunkorrak izatera iritsi ziren arte. Ibilbide horretan alde handiak izan ziren lurralde batetik bestera, antzekotasunak bezainbat. Lurraldeen artean gorabeherak izatea gauza normaltzat jo daiteke, bakoitzaren lurralde antolamenduak jatorri desberdina zuelako, eta zein bere garaian eta bere erara sartu zelako goragoko unitate politikoetan.

Iberiako penintsulako lurraldeen batasun politikoa gauzatu zenean, Errege Katolikoen monarkia pertsonalaren azpian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gaztelako koroaren mendean ziren, baina Gaztelako gainerako barrutiak ez bezala, barruti horietanindarrean zegoen administrazio errejimen komunetik, eta batez ere ekonomia eta zerga errejimenetik salbuetsita. Hala, hiru lurralde horiek, Gaztelak hartu berriak zituen Aragoi eta Nafarroarekin batera, barruti forudunak izan ziren Errejimen Zahar osoan zehar, edo denboraldi batean behintzat.

Araba eta Gipuzkoa Erdi Aroan bildu ziren Gaztelako monarkiara, nortasun juridiko propioa zuten lurralde (?tierras?) gisa, baina erregearen ordezkariren baten administrazio eta gobernu pean betiere, eta Gaztelan zabaltzen ari zen merindade sistemaren barruan. Jaurerri eta herribildu guztiak, bestalde, errege agintaritzaren mende gelditu ziren. XIV-XV. mendeetan hermandadeak sortzean eratu ziren Gipuzkoako eta Arabako probintziak, Gaztelako barruti politiko-administratibo gisa, eta izen hori eman zitzaien, probintzia alegia, foruen garai guztian zehar, 1833ko dekretuarekin ?alegia Espainia probintzietan banatzen zuenarekin? lotu arte.

Bizkaia, jaurerri baitzen, jaurerri gisa lotu zitzaion Gaztelari, harik eta, geroago, Gaztelak behin betiko beretu zuen arte erregearen bitartez. Erregeak, Bizkaiko Jaun zenaldetik, bere gain hartu zuen lurraldeko ohiturazko antolamendua gordetzea.

Bien bitartean, Gaztelako koroak 1515ean beretu zuen legez Nafarroa. Hala ere, Nafarroari monarkiaren barruan zer estatus zegokion ez zen berehala zehaztu.

Nafarroa konkistatzeak eta Gaztelara eransteak erabat baldintzatu zuten hango gobernua Aro Berri osoan zehar.

Hego Euskal Herriko lurraldeek, Gaztelako erreinura sartzeko zeinek bere bidea izan zuelarik, zeinek bere immunitate edo irazkortasun maila desberdina izan zuten orobat Gaztelan indarrean zegoen errejimen komunarekiko, bai administrazioan, ekonomian, zuzenbidean edota zergetan.

Zuzenbide barrutia jarrai gabea zen, etena. Bizkaiko Foruak, adibidez, bazuen indarrik lurraldeaz haraindi ere: Kantabrian (Castro Urdiales, Limpias eta Colindres), Araban (Valderejo) eta Gaztela Zaharreko merindadean (Peña eta Tesla-Moneo mendien arteko zenbait leku). Arabako hermandadeak talde edo koadriletan zeuden elkartuta.

Jaurreri batek hermandade bat edo bat baino gehiago har zitzakeen bere mugapean, eta hermandade batean, berriz, herribildu bat baino gehiagotako eta jaun bat baino gehiagoren jurisdikzioak elkartzen ziren. Jaurreriak (nobleenak eta elizarenak) gaurko probintziez haraindi zabaltzen ziren.

Oñatiko kondearen jabetasuna, adibidez, Gipuzkoan ez ezik Araban barrena ere hedatzen zen. Gipuzkoan, bien bitartean, hiru gotzaingo zeuden, erreinu bakoitzeko bana; beraz, elizaren jurisdikzioak ere ez zuen askorik lagundu batasuna lortzen.

Gainera, lurralde bakoitzaren barruan, bai aginpide eremua bai jurisdikzio barrutiak oso sakabanatuta zeuden, baina bakoitzak bere instituzioak, bere zuzenbidea eta bere zergak arautzeko modua zuen. Hala, Lur Zabala ohiturazko zuzenbidean oinarritzen zen. Herribilduek, berriz, bai erregeek sortuak bai jaunek sortuak, bere zuzenbidea zuten (erromatarren zuzenbidean oinarritua), eta erregeen edo jaunen jurisdikzioaren barruan sartzen ziren. EuskalHerriko hegoaldeko ?Araba eta Nafarroa? eta Iparraldeko jaurerrietan, zuzentasuna ezartzeko eskubidea zuen jaunak, bai eta agintariak aukeratzeko ere. Elizaren jurisdikzioak eliz barrutiak hartzen zituen, politika barrutiez oso bestelakoak. Korporazioek (gremioak, kofradiak) aginpide eremuak erregulatzen zituzten, eta horietako batzuek ?Bilboko kontsulatuak, esate baterako? oso eragin handia izan zuten garai batzuetan komunitatean. Sare horren gainean erakunde publikoak (horiek aurrerago aztertuko dira, atal berezi batean) zeuden, komunitate osoaren ordezkari, eta are gorago, guztien gainetik, erregea.

Lurralde eta jurisdikzio unitate horietako bakoitzak pisu desberdina zuen gaur egungo probintzietako bakoitzean. Gipuzkoan, adibidez, ez zen Lur Zabalik ez jaun baten agintepeko barruti burujaberik. Aitzitik, errege herribilduetan antolatu zen lurraldea, eta horregatik izan zuen Gipuzkoak beste lurralde batzuk baino uniformetasun handiagoa.Bizkaiko Jaurrerian, berriz, bereizketa bat egiten zen: batetik, Lurralde Zabala ?Bizkaiko udal erakunde oinarrizkoa diren elizateetan banatua eta han-hemenka sakabanatutako herrixkez osatua? eta, bestetik, herribilduak ?Haroko etxeko jaunek sortuak eta XIV. menderako Jaurreriaren antolamendutik bananduak?. Gipuzkoako herribilduen artean ez bezala, hiri bat nagusitu zen Bizkaiko herribilduen artean: Bilbo.

Ez zen alferrik Bilbo izan nazioarteko merkataritzatik ateratako dirutzaren parte bat kapitalizatzen jakin zuen bakarra. Hiru arrazoi hauei zor zitzaion hori horrela izatea: Burgos-Gasteiz-Urduña-Kostaldea arteko bidean oso kokaleku egokia izateari, Nerbioiko itsasadarraren ezaugarri bereziei, eta Bizkaiko jaunek hiria sustatu nahi izanari.

Arabako lurraldea are zatikatuagoa zegoen oraindik: batetik, hiri bat, Gasteiz (1431n hartu zuen titulu hori), eta, bestetik, jaurerri partikularrak, errege lurrak, eta jaunen mendeko hainbat eta hainbat herribildu.Entitate horiek guztiak jaunen ?edota, Gasteizen adibidez, udalbatzaren? agintepean zeuden. Jaun horiek, tokian tokiko errege txikiak balira bezala, bere gain hartzen zuten zuzenbidea ezartzea, zergak kobratzea, zigorrak ematea eta betearaztea, eta baita, hala behar izanez gero, bere gudarosteak antolatzea ere. 1463an hermandadea sortzeak, horra zerk lagundu zion benetan Arabari politikoki egituratzen. XVIII.. endearen bukaeran ere indar handia zuen oraindik jaurgo errejimenak Araban. Aurreko bi mendeetan, zatitu egin baitziren zeudenak, asko ugaldu zen jaurerri kopurua, eta hala, ugaltze horren ondorioz, XVIII.. endearen bukaerarako 31 jaurerri zegoen probintzia horretan.

Aro Berrian, Arabaren beste ezaugarri bat herribilduak ugaltzea izan zen: Erdi Aroan 20 herribildu ziren, eta Aro Berriaren bukaerarako, berriz, 72. Espainiako erregeek, diru premiagatik larrituta, enkantean saldu zuten herribildu izateko pribilejioa, etahala, Felipe II.az geroztik herri berri asko errege ogasunari sari bat ordaindu eta herribildu bihurtu zen, lehengo jurisdikziotik bananduta, eta bere alkate eta guzti.

Ez jaurerrien ez herribilduen ugaltzeak ez zuten eragotzi hermandadeen taldekatzea, 1537an hasi eta 1840 arte indarrean egon zena. Harrezkero sei talde edo koadriletan banatu ziren Arabako 54 hermandadeak.

Hona koadrila horien izenak: Gasteiz, Agurain, Biasteri, Aiara, Zuia eta Mendoza.

Nafarroaren erdia, iparraldekoa, ibarren arabera zegoen antolatua, eta beste erdia, herribilduen arabera. Gorteetan ordezkaritza zuten herribilduei hiri on (?buenas villas?) zerizten. Aldi horren hasieran Nafarroak hiru hiri zeuzkan (Iruñea, Lizarra eta Tutera), eta bukaeran, berriz, bederatzi. Izan ere, Koroaren diru premiak behartuta, XVII.. endean zehar pribilejioak eta tituluak saldu baitziren, bai pertsonei bai herriei. Hala, Nafarroako sei herribildu hiri bihurtu ziren, dirutza handiak pagatuta: Erriberri, Viana, Corella, Cascante, Tafalla eta Zangoza.

 

Giza baliabideak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako demografiaren bilakaerak bi ezaugarri nagusi izan zituen Aro Berria hedatu zen hiru mendeetan.

Bata da XVI. mendearen hasieratik XVIII. mendearen hasiera arte hiru probintzia horietako biztanle kopurua bere horretan mantendu zela gutxi gorabehera, handik aurrera, etengabe handituz joateko.

Hala, J.L. Hernández Marco eta S. Piquero ikertzaileen arabera, hiru probintzia horiek 212.570 biztanle zituzten XVI. mendearen hasieran, biztanle gutxi batzuk gehiago,216.435 edo, XVIII. mendearen hasieran, eta nabarmen gehiago, 306.624, mende horren bukaeran.

Bestea da ?alegia, Aro Berriko demografia bilakaeraren bigarren ezaugarri nagusia? bilakaera hori ez zela berdina izan hiru lurraldeetan. XVI eta XVII. mendeetan, esaterako, Arabak gainbehera agerikoa egin zuen biztanle kopuruan, Gipuzkoak, aldiz, gora egin zuen. Gero, XVIII. mendean barrena, paretsuan gehitu ziren hiru probintziak, baina motel betiere. XVIII. mende horretan Bizkaiak izan zuen hazkunderik nabarmenena, eta harrezkero hura izan da Euskal Herriko lurraldeetan jendetsuena.

Probintzia bakoitzaren barruan ere, demografiaren pisua beste era batera banatu zen. Bizkaian, adibidez, arrantzatik eta eskulangintzatik bizi ziren herriek pisua galdu zuten nekazaritzatik bizi ziren herrien aldean. Araban, Errioxak gora egin zuen biztanleetan, baina probintzia horretako gainerako eskualdeek, Gasteizek salbu, behera. Gipuzkoa, XVI. mendean, kostaldera eta handik kanpora begira bizi zen, oso garai oparoa izan baitzen hura arrantza, ontziola, burdingintza eta merkataritzarako.

Gipuzkoan nahitaez bultzatu behar izan zituzten jarduera horiek, zeren hura bezalako ekonomia batek, mendiko jardueretan oinarritua zegoelarik, ezin baitzuen bere baitan bildurik bizi, bertan kontsumitzen zen labore gehiena inportatu eta ordaindu behar zituela kontuan izanda. Berrehun urte geroago kostaldeak pisua galdu zuen probintziako beste eskualdeen aldean, baina eskualde jendetsuena izanez segitu zuen hala ere. Bien bitartean probintziako erdialdeak gora egin zuen biztanleetan, eta hegoaldeak, alegia Goierrik, ez gora ez behera, bere horretan iraun baizik.

 

XVI-XVII.. endeak: Arabaren gainbehera eta Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle banaketa berria

XVI. mendearen hasieran Arabak 72.000 biztanle bazituen ?hiru probintzietan biztanle kopuru txikiena zuena zen ordurako?, XVIII.aren bukaeran ez zen 72.000 izatera ere iristen, eta gainera, Arabaren eta kostaldeko beste bi probintzien arteko aldea areagotu egin zen: Bizkaiak XVI. mendearen hasieran ia 70.000 biztanle zituen, Gipuzkoak bezalatsu, eta XVIII.aren bukaeran, berriz, batak 114.000 eta besteak 120.000. XIX. mendearen hasierarako, ordea, Bizkaia izan da hiruetan jendetsuena.

Nafarroa, berriz, 150.000 biztanle izatetik 227.000 izatera igaro zen denbora bitarte horretan.

Arabak itxuraz zekarren abantaila 1564- 1568 urteetako izurritearekin bukatu zen.

Izurria Zaragozatik heldu zen, eta probintzia osora hedatu zen. Horrek, jakina, berebiziko aldaketak eragin zituen demografian eta gizartean.

Bizkaian eta Gipuzkoan XVI. mendearen lehenengo erdia askoz ere hobea izan zen alde horretatik, zeren izurriak, zenbait tokitara iritsi bazen ere ?Durangora 1506an, eta Bilbora eta Balmasedara, esate baterako, 1530ean?, ez baitzuen biztanle kopuruaren goranzko joera aldatu. 1564-1568 urteetako izurriteak ere ez zuen kalte handirik eragin kostaldeko bi probintzia horietan, Araban ez bezala. Biztanleriaren berezko hazkundearen erakusgarri dira, esate baterako, Bilboko hiriburuaren hiru zabaltze hauek: 1463koa San Nikolas aldera, 1526koa Bidabarrieta aldera, eta 1581ekoa Santiago plaza aldera.

Arabako XVI. mendeko biztanleriaren hazkundea labore ekoizpenaren gorakadarekin batera etorri zen. Izan ere, Arabako Lautadak bere probintzia osoa ez ezik Bizkaia eta Gipuzkoa hornitzeko ahalmena ere izan zuen garai hartan. (Bi probintzia horiek, bide batez esanda, Araban ez ezik beste zenbait tokitan ere erosten zuten laborea: Burgos, Palentzia, Tierra de Campos, Andaluzia eta Frantzian, esate baterako). Eta hain da hori horrela ezen Biasteri aldean, Arabako Errioxan, mahasti bihurtzen hasi ziren labore ekoizpen urria zuten lur sail guztiak.

Hala, labore ekoizpena %48 eta ardoarena %60 handitu ziren 1535-1590 bitartean.Pixkana-pixkana, kostaldeko probintziek eskulangintza eta merkataritza ?nekazaritzak mantendu ezin zuen jende gehiegiaren ogibide ziren biak ala biak? indartu zituzten bitartean, Arabak nekazaritzari eutsi zion, aski baitzitzaion bere burua mantentzeko.

Handik aurrera bihia ez ezik ardoa ere esportatu zuen Arabak Bizkaia eta Gipuzkoa aldera, kostaldeko bi lurralde horietan sagardo ekoizpenaren gainbeherak utzi zuen hutsunea betetzeko asmoz. Horrela hasi zen Araba euskal ekonomian, probintzien arteko mendekotasun sistema batean, sartzen. Prozesu horren jarraipenak lurralde arteko barne espezializazioa areagotzea ekarri zuen azken ondorio gisa.

XVI. mendearen bukaeran, ordea, arazoak handitu egin ziren. Mendearen erdialdeko izurriteak ondorio kaltegarriak izan bazituen, 1598ko izurriak are kalteagarriagoak izan zituen. Ipar itsasotik Marokoraino zabaldu zen izurri horrek 500.000 pertsona inguru hil zituen Iberiako penintsulan.

Euskal Herrira Castro Urdialestik sartu zen seguru aski, 1596 aldera. 1597. urtean Kantabriako Otañes eta Onton herriak atzeman zituela gauza segurua da, eta urte horretan bertan, abuzturako, Pasai Donibanera heldu zela. Hurrengo urtean alde guztietara zabaldu zen: Santander, Lekeitio, Azkoitia, Donostia, Hondarribia, Oñati, Bilbo, Abadiño, Portugalete? 1599an Balmaseda atzeman zuen, eta sei hilabete iraun zuen bertan. Gero Aiara, Orozko, Gasteizko jurisdikzioko herriak, Gasteiz bera, Errioxa, eta ia Araba eta Nafarroa osoa kutsatu zituen. 1601ean, oraindik ez zen herri askotatik desagertu. Sendagileek, gainera, ezer gutxi egin zezaketen eritasun kutsakor horri aurre egiteko, inork ere ez baitzekien izurria nola zabaltzen zen. Horregatik ?argizagien gorabeherei? edo ?izakien arteko erakarmen unibertsalari? egozten zitzaiongaitzaren zabaltzea, non eta ez zen Jainkoaren zigortzat hartzen, gizakiok egindako bekatuengatik.

1598, 1599 eta 1600. urteetako uzta urriek ekarri zuten goseteagatik zabaldu zen neurri handi batean izurria, herriek ezin izan baitzuten bakarturik gelditu. Eta hala, herriz herri zabaldu zen izurria, «kontratuengatik».

Halaxe adierazi zuten behintzat Gasteizko hiriko agintariek, eritasunari aurre egiteko eta herriak bakartzeko neurriek huts egin zutenean: «?aunque por la contratacion que avia en Vitoria no se escapo la dicha ciudad, aunque tenia gran cuidado en guardar, que tambien entro la peste en ella y duro mucho».

Egia esan, hogeitabost bat urte lehenago hasi ziren arazoak, 1570. urtetik aurrera, Araban bi urtez behin uzta txarrak izaten hasi zirenean, espekulazioa zela eta ez zela asko garestitu baitzen laborearen prezioa Gasteizko merkatuetan. 1576an jada ematen da horren berri dokumentu batean: «? questo es causa las creçidas compras que de una vez se hazen en los dichos mercados por los Vezinos del Señorio de Bizcaya y Provinçia de Guipuzcoa y otras partes no reparando en los preçios del trigo aunque sean muy caros?». Batez ere elizgizonak, errotazainak, hamarrena hartzen edo uzten zutenak, eta errentak gauzetan kobratzen zituztenak probetxatu ziren espekulazioaz, are salerosleak beraiek baino gehiago ere. Garia erosi Gasteizen, eta inguruko auzo edo herrixketan, edota hirian bertan, gordetzen zuten, harik eta, jendea laborez hornitzeko arazoak zirela eta, irabaziak handitzeko aukera suertatzen zitzaien arte.

Egoera ez zen askorik hobetu XVII.. endean, orduan ere hondamendi handiak izan baitziren Europa osoan: lehorteak zirela, izozteak zirela, kazkabar erauntsiak, eurialdiak? Nolanahi ere krisialdia arinagoa izan zen Euskal Herrian Europako beste lurralde askotan baino, Gaztelan eta Frantzian baino, besteak beste. Bestalde, krisi horrek Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertuz gero ere, alde handiak daude leku batetik bestera.

1635. urteaz geroztik asko gehitu zen Euskal Herri hezean biztanleria; 1655etik aurrera etengabe eta modu jarraituan gehitu zen. Bien bitartean, 1650erako hain zuzen, Bizkaiak eta Gipuzkoak eraberritu egin zuten bere ekonomia ?eskulangintza eta merkataritza?, oihalgintzak behera egin ahala burdinaren eraldaketa nagusitu baitzen.

Hirietako jarduera aldaketa horrek, batetik, eta artoa sartzean nekazaritza zabaltzeak eta produkzioa areagotzeak, bestetik, ondorio nabarmena izan zuten: alegia, biztanle gehiago bizitzea elizateetan herribilduetan baino. Artoa berehala eta primeran egokitzea Euskal Herri hezekogirora, lurra iraultzeko laia erabiltzeko ohitura zabaltzea (laia goldea baino barrurago sartzen denez, lurra errazago oxigenatzen baita horrela), eta lurra karez ongarritzea (lurraren kapilaritatea hobetzen da eta nitratoak azkarrago askatzen baitira kareari esker) izan ziren baserri lana berregituratu zuten eragile nagusiak, eta abere kopurua eta nekazaritza ekoizpena handitzea, batetik, eta nekazariaren elikadura hobetzea, bestetik, baserriaren egituraketa berriaren ondorio nagusiak.

Nekazaritzaren ekoizpena handitzea, beraz, artisautzak eta merkataritzak XVI.. endean izan zuten krisiak ekarri zuen.

Horrek landara lerratutako gizartea sortu zuen, ez hain dinamikoa, agian, baina egonkorragoa eta lasaiagoa bai behintzat.

Landa inguruneak aukera hobeak eskaintzen zituela eta, aldatu egin zen migrazio emaria, ordu arte gehienbat hirietarakoa zena, eta, hala, luberriak lantzeko prozesu zabal bat bultzatu zen ?legearen arabera batzuetan, legez kanpo beste batzuetan?, landa ingurunearen demografia hazkunderako oinarri.

Handik aurrera landak eta hiriak demografia erritmo desberdinak izan zituzten.

Nazioarteko egoera larria zela eta, XVII.mendean hiriak ez ziren askorik aurreratu, berregituratu baizik. Eta Fernández de Pinedok ongi dioen bezala, herribilduetan demografiak gainbehera egin zuen. Salbuespenak salbu, noski: Bilbo, Elorrio, Miraballes, Otxandio, eta beste herri batzuk, landa herriak gehienak. Bestela, eskuzko langintzetatik eta merkataritzatik bizi ziren herrietan nabarmena izan zen demografia gainbehera. Urduñak, esaterako, biztanleen erdiak galdu zituen XVII. mendean zehar.

Antzera gertatu zen Balmasedan, eta Durangon, eta abar, eta baita itsas herrietan ere, Bermeon, adibidez, non itsas armadako guduei («en la Armada del mar océano en ocasiones de peleas»), eritasunei eta mairuen eta holandarren kortsoari egozten baitzioten biztanle galera hori.

Gipuzkoako kostaldean ere antzeko egoera zuten: Getariari kalte handia egin zion Flandriako matxinadak eta kortsario kopuruak gehitzeak; Hondarribiari, berriz, Aragoiko eta Nafarroako artilea Frantziako portuetatik esportatzeak eta gerrak egin zioten kalte. Medina-Flandria ardatza hausteak, batetik, eta Armada Garaitezinak huts egin ondoren itsasoan nagusitasuna galtzeak, bestetik, zeresan handia izan zuten gainbehera horretan. Bilbo eta Gasteiz, nola edo hala, onik-edo atera ziren egoera hartatik; Donostia, aldiz, ez.

Arabako demografiaren gainbehera areagotu egin zen XVII. mendean. 1683an Arabako probintziak 1525ean baino biztanle gutxiago izatea deklaratu zuen. Besteak beste Casetas eta Esquide herriak (Biasteriko jurisdikzioan), orduan hustu ziren jendez, 1600ean bata eta 1640an bestea. Azkeneko hori, adibidez, jende askoren igarobide izateagatik eta Nafarroara bidez zihoazen soldaduek traba eta kalte handia egiten ziotelako hustu omen zen: «por ser lugar muy pasagero y por los graves daños y molestias que a sus vecinos les causaban los soldados que iban de tránstio para Navarra».

Araban artoa ez zen eskualde hezeetan bezain ongi egokitu, eta horretxek mugatu zuen neurri handi batean nekazaritzaren aurrerapena.

Horren guztiaren eta zergen zamaren ondorioz aldaketa handia izan zuen Arabako lur sailen jabegoak XVII. mendean.

1575. urte inguruan, Arabako Lautadan (Gasteizko jurisdikzioa), erdibanatuta zeuden lur sailak lur jabeen eta maizterren artean.

1575ean, lan honetarako aztertu diren herrietan, 195 lur jabe ziren, eta 150 bat urte geroago, 1730 inguruan, 9 baino ez. Arabako bilakaera horrek, bai eta Bizkaiak bere aldetik izan zuenak ere, pitzatu egin zuten XVI. mendearen hasieran zirriborratu zen eskema hura, hiru lurraldeen artean batasun ekonomikoa lortzea aurreikusten zuena. Kostaldeko probintzietan artoa zabaldu zenetik, XVII. mendetik aurrerabatez ere, hango ohiko arazoetako bat ?labore falta alegia, eta beraz, kanpotik, Arabatik, besteak beste, inportatu beharra? arras arindu zen. Arabak, bien bitartean, bai biztanleria bai produkzioa gainbehera zituela, eta bere arazoak konpontzeaz arduratuta, kostaldeko probintziek ez bezalako bidea hartu zuen, are guztiz bide diferentea hartu ere.

Sektore bat baizik ez zen aldendu joera horretatik. Izan ere, XVII. mendean, Arabako Errioxan, indar handiz bultzatu zen ardogintza, aurreko mendean hasia. 1650- 1700 bitartean hiru aldiz handiago bihurtu zen Arabako mahasti eremua, eta, gainera, oso emaitza onak lortu ziren, nonbait, zeren, Arabako beste eskualdeetan ez bezala, biztanle kopurua etengabe hazi baitzen Errioxa aldeko herrietan. Izan ere, Biasteri izan baitzen demografia gainbeherarik izan ez zuen Arabako eskualde bakarra. Bide batez esanda, Arabako Errioxarentzat kostaldeko probintziak ziren merkatu erakargarrienetako bat.

Baina Arabako gainerako eskualdeek beste era bateko bilakaera izan zuten zoritxarrez.

1680 inguruan izan zuen Arabako demografiak, eta produkzioak ere bai bide batez, beherakadarik latzena. 1690-1691 urteetan, eta geroago, 1708an eta 1713an, oso uzta txarrak izan ziren. Gosete gogorra sortu zen berriz ere alderdi haietan. Arabar asko, ordu arte nekazari izanak, lapurretaneta hasi omen ziren, Arabako Junta Particular delakoak 1713an salatzen zuenez.

Gasteizko agintarien hitzak kontuan hartzera, nekazaritza utzi zutenak alferkeriara eman ziren: «la desaplicazion de muchos vezinos y avitadores de esta ciudad, que siendo el exerzicio, y oficio que an tenido, y en que se an criado el de agricultores con el motibo que les ofreze, el comercio que ai en ella se ocupan en diferentes ministerios en que con pocas horas de travaxo, al dia y no la mitad de todos los del año, ganan lo competente, en dinero físico ocasionandoles esta utilidad, aborrezen totalmente el travaxo de la labranza, como es notorio y se entregan al bicio y la olgazaneria?».

 

XVIII. mendea: hazkundea, egonkortasuna edo geldialdia

XVIII. mendeko egoerari dagokionez, bi iritzi daude: batzuentzat, baikorrenak, Europako demografia hazkundearen testuinguruan sartzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; beste batzuentzat, berriz, ez hain baikorrak, Kantauri itsasaldeak eta bereziki Gipuzkoak eta Bizkaiko ekialdeak hazkunde erritmo berezia izan zuten. Baikorren arabera hiru probintzia horietako biztanle kopurua %0,41 gehitu zen 1704 eta 1787 bitartean. Bestela uste dutenen artean, berriz, R. Ortegak dio XVIII. mendeko lehenengo 80 urteetan kostaldeko probintziak gehienez ere egonkortu egin zirela, bai biztanle bolumenari dagokionez bai demografia ereduari dagokionez.

Jaiotza kopuruaren bilakaera oinarri hartuta, aditu horrek aldeztu du ezen Bizkaiak eta batez ere Gipuzkoak oso hazkunde urria izan zutela XVIII. mendean zehar.

Bi aldi kontrajarri bereizten ditu, gainera: bata, biztanle kopurua aski samar handitu zenekoa, XVII. mendeko hazkundearen segida; bestea, berriz, biztanle kopurua ez handitu ez urritu zenekoa. Izan ere, 1760.. rtea arte Gipuzkoa %0,34 eta Bizkaia %0,45 handitu ziren urtetik urtera; handik hara, ordea, %0,05 eta %0,11 baino ez. Hastera zihoan garai berri haren lehenengo zantzuak 1776. urtean iritsi ziren, zoritxarrez beterik: garestitasuna, matxinadak, disenteria eta baztanga izurriak, zeinek sekulako triskantza egin zuten haurren artean, eta tifus izurria, zeinak helduen artean egin zuen triskantza.

Esango litzateke artoaren iraultzak gorena jo zuela, Euskal Herri hezeak aurre egiten ziola maltusianismoaren erronkari emankortasuna murriztuz eta biztanleriaren hazkundeari uko eginez, heriotza ez ugaltzearren.

Kostaldeko bi probintzia horietakolabore ekoizpena 1770 eta 1780 urteetan iritsi zen gailurrera, XIX. mendearen erdialdea arte behintzat. Artoa-laia-karea hirukote magikoa, 150 urtetan baino gehiagotan oso emaitza oparoa utzi ondoren, azkenetan zegoen. Handik harako luberritzeek ?lurrik txarrenak geratzen ziren? gainbehera geldiarazi bazuten ere, jadanik inork ez zuen sinesten demografiaren hazkundea labore ekoizpenaren hazkundean oinarrituko zenik.

Araban, behin mende hasierako une latzak gainditu ondoren, XVIII. mendeak, oro har, emaitza oparoa utzi zuen. Hala ere, Arabak ez zuen 1747. urtea arte XVI. mendeko biztanle kopurua gainditu. 1724 eta 1787 bitartean %0,47 gehitu zen biztanleria probintzian, baina, nolanahi ere, XVIII.. endearen erdialdean, Arabako biztanle dentsitatea txikia zen, 20 biztanle/km 2 , eta inon ere ez zen 50 biztanle/km 2 baino dentsitate handiagorik.

Arabako labore ekoizpenak gora egin zuen XVIII. mendean zehar, elikagaiak zabaldu ziren, eta gosearen mamua desagertu zen. 1766 urteko matxinadek, bizigai arazoengatik sortuak, ez zuten eragin handirik izan Araban, salbu eta labore ekoizpen urriko eta eskulagintza jarduera handiko lekuren batean, hala nola Aramaion edota Agurainen ?Agurainen bizi izan zituzten unerik larrienak? eta Gasteizen.

Bestalde, Errioxako mahastien zabaltze azkarrak aurrera segitu zuen, eta ez soilik labore ekoizpen eskaseko sailetara zabalduz, baizik eta azienden bazka landareak lantzeko lur sailak ere hartarako hartuz, batez ere azienda mahastietan sartzea debekatu ondoren. Biasterin, adibidez, 1756an hartu zen neurri hori.

XVIII. mendean Bilbo, Donostia eta Gasteiz merkataritza guneak ziren, ez industria guneak. Salgaiak inportatzen eta esportatzen zituzten, baina ekoizpena oso-oso urria zuten. Bilbo zen hiru probintzia horietako hiri nagusia, ez biztanleetan, ordea, ez baitzituen ezta 10.000 biztanle ere; Donostiak, berriz, gehiago zituen, 11.500; Gasteizek ?5.500 biztanle 1560an? 6.330 zituen, gutxi gorabehera, XVIII. mendaren bukaeran.

 

Nafarroako biztanle hazkundea 1500- 1800 bitartean

Nafarroako biztanle kopurua astiro gehitu zen 1500-1800 bitarteko aldian. Gehikuntza horretan gorabehera handiak izan ziren, gainera; aldian aldiko eta tokian tokikoezaugarriak izan zituen, alegia ez zen beti eta leku guztietan berdina izan. XVI.. endean Nafarroako biztanle kopuruak gora egin zuen, batez ere mendearen erdiko hamarraldietan, baina Gaztelakoak edo Levantekoak baino astiroago betiere.

Hazkunde horrek, esan bezala, tokian tokiko ezaugarriak izan zituen, alegia kronologia eta erritmo aldetik hazkundea desberdina izan zen iparraldeko mendialdean, erdialdean eta hegoaldeko Erriberan. XVI.. endean, adibidez, mendialdeko biztanle kopurua gutxiago gehitu zen beste bi aldeetakoa baino, eta moteldu ere lehenago moteldu zen gehikuntza, 1570. urte inguruan edo. XVII. mendeko krisia mendearen aurreneko hogeita hamar urteetan nabaritu zen batez ere, hau da Gaztelan baino geroago; krisia, gainera, arinagoa eta laburragoa izan zen Nafarroan. Izurriek ere ez zuten horren maiz eta gogor erasan Nafarroa, nola Gaztela edo Aragoi. 1599-1601 bitarteko izurriteak iparraldeko eta iparmendebaleko herriei erasan zien gehienbat, eta 1630-1631 bitartekoak, berriz, erdialdeko eta hegoaldeko herri eta herribilduei.

Esan liteke, beraz, Nafarroak, krisia baino gehiago, geldialdi labur bat izan zuela.

Izan ere, XVII. mendean, erdialdeko eta hegoaldeko eskualde batzuk krisi larria pairatu zuten bitartean ipar-mendebaleko ibarrek oso hazkunde azkarra izan baitzuten sartu berria zen artoari esker.

Gainera, zuzpertu ere, Gaztela baino lehentxeago zuzpertu zen Nafarroa. XVII.. endearen azken herenetik aurrera etengabe gehitu zen biztanle kopurua, XVIII.. endearen bukaeraraino. 1646-1678 bitartean, adibidez, aurreko urteetan galdutakoa berreskuratu eta XVI. mendeko biztanle kopurua gainditzeraino gehitu zen. 1678- 1726 bitartean ere gorantz egin zuen, baina aurreko epean baino astiroago. Lizarrako eta Iruñeko merindadeek izan zituzten hazkunderik handienak. Zangozako merindadean, berriz, herri huste prozesu bat hasi zen 1650etik aurrera, eta gaur egun arte luzatu da.

Gaur Egungo Arora iritsi aurreko biztanle hazkunde nabarmenena XVIII. mendean zehar izan zen, XVIII. mendearen bigarren erdian hain zuzen. Hala ere, gorabehera handiak egon ziren alde batzuetatik besteetara: mendialdeak, adibidez, oso hazkunde apala izan zuen ardoa egiten zuten eskualde batzuen aldean (Mañeruibar), edota ureztatutako sailak zituzten herribildu batzuen aldean (Aragoi ibaiaren ur barreneko erriberakoak). Oro har, baina, Nafarroako Aro Berriko biztanle hazkundea apalagoa izan zen azkeneko mende horretan gainerakoan baino.Nafarroak halako hazkunde apala eta etengabea izan bazuen, biztanlerian triskantza eta hondamendia eragiten zituzten faktoreek ?eritasunak, goseteak, gerrak? eragin txikia izan zutelako izan zuen. Nafarroan, gainera, era guztietako klimak, erliebeak eta lurrak izanik, ez zen, salbuespenak salbu, elikagai gabeziarik izan. XVII. mendea arte, bestalde, jende gutxi behartu zen soldadutza egitera. Nolanahi ere, atzerriko gudarosteei ostatu eman beharrak, mugako zaingoak eta batez ere Frantziako aduanak ixteak kalte handia egin zioten Nafarroako ekonomiari, osasunari eta demografia bizitasunari.

Aro Berriaren hiru mendeetan zehar nafarrek etengabe emigratu zuten Gaztelara ?Madril, Sevilla, Cadiz?, Ameriketara edota Filipinetara, batez ere mendialdekoek, Pirinioetako ekialdeko ibarretako menditarrek (Zangozako merindadea). 1500 eta 1800 bitartean apenas aldatu den biztanle kopurua eskualde horietan. Beste batzuek Nafarroako erdialdera eta hegoaldera emigratu zuten, bi eskualde horiei handitzen lagunduz. Baina Nafarroak etorkinak ere hartu zituen, XVI eta XVII. mendeetan batez ere, Frantziakoak eta Gipuzkoakoak.

Aldi baterako etorkinak izaten ziren gehienak (besalariak eta eskulangileak). Gutxi geratzen ziren behin betiko. Frantses merkatariak ere sarri etortzen ziren erresumako azoka garrantzitsuenetara.

Nafarroan bertako biztanle banaketan ere gorabehera handiak zeuden alde batetik bestera. Biztanleria gune gehienak landa herriak ziren. Aro Berrian, XVI. eta XVIII.. endeak bitartean, Iruñea izan zen, Tutera eta Lizarraren aurretik, Nafarroako hiririk jendetsuena.

Laburpen gisa: Aro Berrian zehar Nafarroako erdialdeak gero eta pisu handiagoa izan zuen demografian. Batez besteko hazkunde handiena Lizarrako eta Erriberriko merindadeek izan zuten. Gainera, batez ere herriak handitu ziren, ez hiriak. Merindade buruak merindade barrutiak baino gutxiago hazi ziren: 1533an biztanleen %18 bizi zen merindade buruetan eta 1817an, berriz, %14 baino ez.