Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Waskonia
EGILEA:
Agustín Azkarate Garai-Olaun Historian doktorea. Arkeologia irakasle titularra eta jakintza sail horretako koordinatzailea Euskal Herriko Unibertsitatean. Antzinate berantiarreko eta Goi Erdi Aroko mendeetara bideratu du bere ikerlana, funtsean, aldi horiei buruzko argitalpenak eta eremuko arkeologia ikerketak burutu dituela.
Migrazio mugimenduak
Europako historia sakonkien markatu duten gertaeren artean, migrazio mugimendu
handiak daude, zalantzarik gabe; hain zuzen ere, mendeetan zehar migrazioek
indar handiz eta bortizki inarrosi zuten gure kontinentea, oso modu traumatikoz
batzuetan. “Iraupen luzeko” gertakarien artean, historia hasierako migrazio
mugimenduetan hasi eta XIII. mendean Errusiaren eta Hungariaren gainean
mongoliarrek egindako presioarekin amaitu zen fenomeno hau ereduzkotzat
hartzeko joera dute gaur egungo historialariek. Horrenbestez, goian adierazi bezala,
bi mila urte iraun zuen herrien asaldura hark Europaren geroa markatu zuen.
“Inbasioak” –ikasketen munduan ohikoagoa dugun hitza berau– ez ziren, bada,
banakako edo noizbehinkako jazoerak, gure iraganaren konstante jarraiki eta
sakonekotzat hartu beharreko gertaerak baizik. Gai honen ezagutzaile handi batek
zioenez, “Europako mendebaleko eta hegoaldeko biztanleriaren egonkortasuna,
hain erraz gertakari aldaezinekotzat ematen genuena, nahiko egoera berria da,
eta ekialdeko Europak oraino iritsi ez duena” (L. Musset). Gaurkotasun handiko
hitzak horiek, duela ia hogeita hamar urte idatziak badira ere, Balkanetako oraintxeko
gertakariak begi bistan ditugula.Mendebaleko Pirinioen inguruan V. mende hasieratik laurehun urtez (406-
800) bizi izan ziren zenbait gertakariren analisia da orri hauen helburua –analisi
guztiz sintetikoa ezinbestean–. Esandakoaren arabera, agerikoa da migrazio
mugimenduek geografia ingurune horretan izan zuten eragin erabakiorra. Oraingoan
ezin luzatuko gara, beraz, ibilera haien eragile izan ziren kausa konplexu
eta askotarikoetan; gogora ditzagun soilki –L. Musset-i jarraituz– K.o. IV. mendetik
aurrera haien garapena mugarriztatu zuten daturik esanguratsuenak. Lehen
oste handia laugarren eta bosgarren mendeetan gertatu zen; hedaduraz, migrazio
haiek oso eremu handia hartu zuten (Pontoko estepetatik Iberiako Penintsularaino),
eta kalte handia egin zioten Erromako Inperioari. Hunoak, alanoak,
bandaloak, sueboak, borgoinarrak eta godoak izan ziren protagonista nagusiak.
Horiek moldatu zituzten egitura politikoak –godoek sorturikoen salbuespenarekin–
iraupen laburrekoak izan ziren.
Askoz ere iraunkorragoak izan ziren V. eta VI. mendeetan Inperioaren parte
handia beretu zuen bigarren ostearen ondorioak. Izan ere, jende hura –frankoak,
alamanak, bavariarrak– arian-arian eta guda balentria handirik gabe finkatuz joan
zen, eta horrexegatik ez da erraz zehazterik horien mugimenduak kronologiaren
segidan. Frankoak izan ziren –Europako etorkizunean izango zuten guztiz lehen
mailako protagonismoarekin– bigarren migrazio mugimendu horren sendotasunaren
erakusgarririk egokiena. Lehorreko oste horiekin batera, V. eta VI. mendeetan
ere, Atlantiko aldeko Europak itsas migrazioak pairatu behar izan zituen;
heruloak, saxoniarrak, jutoak, piktoak, eskotoak eta bretoiak izan ziren horietan
esku hartu zuten herriak.
Seigarren mendearen hasieran, migrazioen asaldura haietatik arian-arian zenbait
politika egituratara iragan zen; horiek –ongi finkatu gabeak oraino– geroko
Europako mapa politikoa itxuratuko zuten. Frankoek Vouillé-ko gudua (507) irabazi
ondoren, Galiako parte handi bat beretu zuten, bisigodoak beren regnum
hartako hiriburua Toledora aldatzera behartu zituztela. Anglosaxoniarrek Britainian
eta ostrogodoek Italian, protagonista nagusien saila osatzen zuten; multzo
horretako beste zenbait herri ere ez dira ahaztekoak, hala nola sueboak, borgoinarrak,
alamanak edo bavariarrak, nahiz eta horien eraketa politikoak aurki beretuko zituzten bisigodoek –lehenengoei dagokienez– eta frankoek –gainerako
guztien kasuan–. Itxurazko egonkortasun politikoak, ordea, denbora gutxi iraun
behar zuen. Justinianok, Erromako Inperio zaharraren mendebaleko alderdia berreskuratzen
lehiatu zelarik, ostrogodoen erresuma deuseztu zuen; azken horiek
utzitako hutsunea lonbardiarrek bete zuten eta horiek Italian sartzeko beren lurraldea
utzi behar izan zutenez, domino ondorioa eragin zuten zinez, beste zenbait
herri mendebalera erakarriz (abaroak, bulgariarrak, eslaviarrak).
Migrazio oste horien ondotik, VII. mendean, mendebaleko Europak aski garai
lasaiak ezagutuko zituen. Mende beteko aldi horretan ez zen kanpoko presiorik
sumatu, nahiz eta hura guztia, berriro ere, itxurapena besterik ez zen gertatu.
Izan ere, gertu zegoen jadanik “kristau Europaren aurkako bigarren erasoa”
–L. Musseten hitzetan–, VIII. mendetik aurrera abiarazi zena. Demografiaren ikuspegitik,
eragin handia izan behar zuen horrek gure kontinenteko sortalde muturreko
lurraldeetan, gehienbat eslaviar herriek okupatu zituztenetan. Mendebaleko
Europan, aitzitik, ondorioak politikoagoak izan ziren. Iberiako Penintsulako
zati handi bat Islam errealitate berri eta ahaltsuaren orbita politikoaren mende
egon zen luzaro. Europako bihotzaren aurkako erasoan porrot egin bazuen ere,
Islama beti ere etengabeko kezkabide izan zen kristau munduarentzat. Eskandinaviako
leherketa handia, azkenik, mendebaleko Europak jasan behar zuen hondar
inarrosaldia izan zen; baina giza mugimendu horiek, gure geografia inguruneari
doakionez, dagokigun marko kronologikotik at geratzen dira.
Migrazioen eragina Pirinioetako mendebalean
Pirinioen inguruko esparrua, horrenbestez, ezin zitekeen, aztertzen ari garen aldian,
Europako geroa markatu zuen migrazio astinaldi gaitz hartatik kanpo gelditu.
“Inbasio” haien hasieratik beretik, sueboek, alanoek eta bandaloek Hispania
erromatarreko lurraldeetara iristeko egindako lehen saialdien gertaleku nagusia
izan ziren Pirinioak. Lehen buruan, Pirinioetako pasabide nagusietan ezarritako
defentsa sistemak geldiarazirik, Akitania eta Novempopulaniako ordokien harrapaketari
ekin zioten, harik eta Pirinioak igaro eta (409), penintsulako euskal lurraldearen
barna hegoalderagoko eremuetara jo arte.Handik laster, beste giza oste batek, bisigodoak oraingoan, Penintsulan sartu
behar zuen eta, zenbait gorabeheraren ondoren, Inperioarekin federaturik, bandaloen
eta alanoen aurkako borrokan aritu zen. Valiaren eta Honorioren artean
sinatu zuten beste itun batek (418. urtea), ordea, bestelako norabidean barrena
abiarazi zituen gertaerak: bisigodoek Penintsula utzirik, Aquitania Secunda zelako
hura hartu zuten beren herriaren egoitza berri gisa, Pirinioetatik iparraldean
Regnum Tholosanum deritzana eratzeko.
Ondoko urteak (418-507), gure ingurune osoa ukitu eta gure geografia eremua
bereziki egongaitz bilakarazi zuten hiru fenomenok markatuak gertatu ziren.
Lehenik eta behin, sueboen hedatzea, euskal lurraldean azpimarratzekoak
diren zenbait gertakarirekin; bigarrenik, bagauden mugimendua, Inperioaren
lurralde batzuk (haien artean Ebroko erdialdeko ibarra) astindu zituen indarrezko
matxinada hura; eta hirugarrenik, bisigodoen parte hartzea ere aipatu behar da,
beren Akitaniako abiagunetik gure geografia ingurunean kontrola eta ordena
berriro ezartzeko kanpainetan esku hartu baitzuten, hala bagauden nola sueboen
aurka, hiru gertaera nabarmen eraginez: Eurikok Tarraconensisen aurka jo zuen
indarrezko erasoa (472. urtea), oste handien sarrera 494. urtean eta, gorabeherek
hartaraturik, behin betiko kokatzea, 507. urtean. Azkenik, aipatzekoak dira heruloek
eta saxoniarrek Bizkaiko Golkoko kostaldearen aurka jotako erasoak, Hidazio
eta Sidonio Apolinar-en testigantzen arabera.
Gertakari horiek, zorabiozkoak eta traumatikoak, nahitaez jo zuten euskal
lurraldea; barne-barnetik zeharkatzen zuten komunikabide garrantzitsuak hainbat
espedizio militarren joan-etorrien lekuko mutuak izan ziren. Nolanahi ere, gure
geografia eremuko biztanleek gertakari horien aurrean izan zuten jokabidea ez
dirudi oso bizia izan zenik (ezagutzen diren lekukotasunek erakusten dutenagatik)
eta ez du inolako zerikusirik VI. mendearen bigarren erdialdetik aurrera erakutsiko
zuten kemen gaitzarekin.
Baskoiak, bisigodoak, frankoak eta musulmanak
Gaiari heldu aurretik komenigarria da aldi hau ikertzen saiatu diren guztien animoaren sumingarri izan den oztopo historiografiko bat aipatzea. Inork ez du zalantzan jartzen, beranduko antzinatean (V.-VIII. mendeak) eta mendebaleko Pirinioen inguruko eremuari dagokionez, erromatarren garaiko iturburu idatzietatik ezaguna den gizataldearen benetako protagonismoa, horren etnia izenak tratatzen ari garen aldi historiko horretan garrantzi nabarmena iritsiko baitu. Baskoiez ari gara, historialarien harridura iturri dena, leinu haren baitan gertatzen bide diren aldakuntza garrantzitsuengatik. Estrabonek, Pliniok, Tito Liviok edo Ptolomeok geografia gune jakinean nahiko zehatz kokatu zituztenak, geroago, ordea, bata bestetik guztiz bereizirik dauden tokietan ezarriak agertzen dira, hala nola Garonako ertzetan (baita iparralderago ere) eta lehenago barduloek eta karistiarrek, besteak beste, okupatzen zituzten lurraldeetan. Erromatarren garaian komunitate baketsutzat –antza– hartzen zutena, urteak iraganda irudiz aldatuz joan zen, deitura mota asko –beti edo ia beti negatiboak– bereganatzen zituen estereotipo bat bihurtuz. Horrenbestez, tintazko ibaiak isuri dira bai eremu kokaerari bai jokabideari dagozkien aldaketa horiek azaltzeko asmoz (substratu zaharren gaineko etnia izen baten lerraketa batzuentzat, hedakuntza eta lurralde berrien baskoitzea besteentzat), auzia –zenbaitetan sotiltasunez eta bestetan lotsagabekeria garbiz– “dependentziei” eta “independentziei” buruzko eztabaida bihurtuz, horietan guztietan aurriritzi ideologikoak agerikoak direla.Aldaketa sakon horiek “historiografia nazionalak” deiturikoen markoaren baitan interpretatzeko saioak egin dira; horren arabera, Vouillé-koaren ondoren, Pirinioak –ekialdekoena den zatia izan ezik– behin eta berriro iparraldeko “frankoen” alderdia eta hegoaldeko “bisigodoen” alderdia garbiro bereizten zituen pantaila baten gisa interpretatu izan dira –alde baterako zein besterako noizbehinkako sarrera batzuen salbuespenarekin–. Iraganaren kontzepzio hori, nolanahi ere, zailtasun handien aurrean aurkitzen zen, Pirinioez alde bietan denboran zehar jazo diren gertakari asko koherentziaz adierazi nahi zirenean.
• Arkeologia aurkikuntza berri garrantzitsuak
Testuinguru historiografiko honetan, orain dela gutxi gertatu den bi nekropolisen
aurkikuntza, Aldaieta (Araba) eta Buzaga (Nafarroa), benetako mugarria da
antzinate berantiarreko aldiari dagokionez. Hain zuzen ere, historiografia tradizionalak
aurrikusi gabeko aurkikuntzak izateak ematen die nekropolis horiei gaur
duten aparteko garrantzia, urteetan eta urteetan zehar sendo oinarrituriko ikusmolde
jakin batzuk zalantzan jartzen baitituzte, Pirinioez iparraldeko kulturazko
testuinguruarekiko harreman estuak islatzen baitituzte. Aldaietak eta Buzagak,
gainera, aspaldidanik ezagutzen den aztarnategi baten balioa berrikustea ekarri
dute: Iruñeko nekropolisa, zenbaitek frankotzat eta bestek bisigodotzat ematen
zutena hain zuzen.
Iruñeko nekropolisaren beraren izaera nahasiak ekarri du bertako materialak,
partez bederen, eztabaidatuak izatea, bertan beranduko elementu erromatarrak,
hispano-bisigodoekin, franko-akitaniarrekin eta are islamikoekin batean
agertzen baitziren. Kultura aniztasun hori, haren iraupen luzea eta batzuek eta
besteek gutiziatzen zuten Iruñeko hiriaren garrantzi estrategiko gaitza kontuan
harturik, Pirinioez hegoaldera merovingiar errege batzuek egindako erasoaldiek
nekropolisaren ezaugarri kontinentalak argitzen zituzten. Ildo horretatik, Pirinioez
iparraldekoari dagokiona noizbehinkako eta ustekabeko gertakaritzat ikusia
izan da beti, aztarnaren bat utzi behar zuena noski, baina Iberiako Penintsulan
ezer egonkor edo behin-betikorik ezar ezin zezakeenik, beti ere, halako atsegin
batez, Toledoko aginpide politikoaren azpian bai erlijioaren eta bai politikaren
aldetik bateginik aurkeztu nahi izan den Iberiako Penintsula batean.Buzagako eta Aldaietako aurkikuntza berriek, eta ezinbestean Iruñekoaz dakarten
interpretazio berriak, ikusmolde tradizionalak arras nahasten dituzte. Aurkikuntza
berri horien xehetasunetan sartu aitzin, hala ere, komenigarria da egungo frantses
arkeologiak antzinate berantiarraz argitu duen puntu jakin bat gogora ekartzea.
N. Aberg, E. James edo S. Lerenter-ek Frantziako hego-mendebalean garai hartako
hileta tresneriari buruzko lanak burutu zituztenetik, “akitaniar alderdi” gisa
definitu den ezaugarri arkeologiko multzoa bakartu egin da, “iparraldeko” edo
“franko” izendatu den beste alderdi batetik desberdindurik. Edo, beste hitzetan
esanda, frantses arkeologiak argi eta garbi bereizten ditu akitaniar lurraldeari dagozkion
zenbait kultura ezaugarri, Loiratik iparraldera agertzen ez direnak –edo
askoz gutxiago agertzen direnak–. Alderdi hori azpimarratu beharra dago, zeren
eta goian aipatu diren penintsula aldeko Euskal Herriko nekropolisetan aurkitzen
den material asko ez dagozkio estu-estu “frankoen” moldeari, “akitaniar”munduari baizik; horrek, antzinate berantiarreko mendeetan duda ezineko protagonismoa
beretzen du, bai frankoen bai bisigodoen aurrean. Esanak esan, aipa
ditzagun nekropolis garrantzitsu horien alderdirik esanguratsuenak.
• Nekropolis horietariko lehena Uribarri-Ganboa urtegi artifizialaren ertzean
bertan dago, Langara-Ganboa Arabako herrigunean, Gasteiztik 15 km ingurura.
Arkeologiazko araketa kanpainak amaiturik, ehundik gora gorputz ehortzi atera
dira lurpetik (nahiz eta berez askoz gehiago ziren), tresneria pertsonal eta hileta
gordailu guztiz harrigarriz eta bereziz horniturik zeudenak. Bertako tresneria
militarrak ez du parekorik Penintsula osoan: bi “scramasax” edo aho bakarreko
ezpata motz, tipologia anitzeko 50 lantza mutur baino gehiago eta hogeita hamar
guda aizkora. Xehetasunetan sartu gabe, horiez gainera, beste hainbat pieza aipa
daitezke: zilarrezko eta brontzezko lokarri begiak –baita urrezkoa ere kasu bakarrean–,
zilarrezko eta brontzezko eraztun bikainak, zeramikazko ontziak, beirazko
edontziak, brontzezko ontziak –osoak haietariko asko–, belarritakoak, lepoko
ederrak, brontzezko orratzak, omega itxurako fibulak (kate orratzak), labanak,
ezpata sagarrak, orratzak, e.a. Urtegiak ehundaka hilobi desegin dituela kontuan
harturik, Aldaietako aztarnategiaren apartekotasunaz gutxi gorabeherako ideia
bat egin dezakegu. Halaber, bertan antzematen diren hileta errituen aniztasuna
aipa daiteke, bai hilobien kokaera zentzuan, bai gorputzen jarreran, bai eragin
galgarriak urruntzeko asmoa agertzen duten hileta gordailuetan. Emaitzak, zenbait
kasutan, ikusgarriak gertatzen dira: bururik gabe edo burua gorputzetik bereizita
ehortzitako gorpuak, jarrera bortxatuan nahita ezarritako eskeletoak, e.a.
Hala beraz, labur beharrez, finkaleku egonkorra da eta haren ezaugarririk nabariena,
dudarik gabe, tresnen artean armek duten proportzio handia. Berez, datu
horrek bereizten du Aldaieta nekropolis bisigodo edo hispano-bisigodoetatik,
normalean horietan ez baita halako gairik aurkitzen. Bestalde, lantza muturrek,
“scramasax” direlakoek eta, batez ere, gudako aizkora mota ugariek, zalantzarikgabe, Pirinioez iparraldeko testuinguru batera hurbilarazten dute. Eta zer esanik
ez, brontzezko ontziek, zeramikak eta beirazko edontziak –guztiz kontinentalak
berez–, eskutoki helikoidalak dituzten upelak, uztaiz indartuak, zenbait hilobiren
aberastasuna, e.a. Aitzitik, ez da hartan ezer Espainiako hilerrien tresneria
eta hileta gordailuetara alderatzen duenik. Aurkikuntzen kronologia –oraindik
zenbait analisi egin zain dagoen arren–, VI. mendearen bigarren erditik ondoko
mende osora hedatuko litzateke.
• Buzagako nekropolisa Elortz udalerrian dago, Iruñetik 13 km-ra. 1986an
herri hartako muino batean, metalezko gauzaki batzuk azaleratu ziren eta harrezkero
interes handieneko material kopuru polita bildu da. Izan ere, testuingururik
gabe agertu arren, Buzagako materialek erabateko garrantzia dute eskuartean
daukagun gaiari doakionez. Aldaietan bezala, alderdi militarra nabarmena
da oso (hogeita hamar arma, ezpata, sastakai eta lantza muturren artean). Baina,
batez ere gerriko-xaflak dira aipatu beharrekoak, zeren eta “akitaniar molde” direlakoen
bereizgarriak modu paradigmatikoan azaltzen baitituzte, halako eran
non Buzaga oinarri-oinarrizko testigantza bihurtzen den garai horretarako. Kronologiari
dagokionez, Aldaietakoaren antzera, Buzaga VI. mende oso aurreratuan
koka daiteke, VII. mende osora gutxienez luzatzen delarik.
• Testuinguru historikoa Hala Aldai...
• Testuinguru historikoa
Hala Aldaieta nola Buzaga eta Iruñea, oro har, VI. mendearen erdialdetik edo
amaieratik, segur aski, VIII. mende hasiera bitartekoak dira. Hala beraz, komenigarria
da testigantza horiek beren testuinguru historikoan ezartzea. Ez ditugu
hemen jasoko baskoiek eta bisigodoek elkarren aurka jardun zuteneko gertaerak,
nahiko ezagunak eta aipatuak direlako. Esan dezagun soilik, hainbat erregealditan
izan ziren guda gertakariak jaso direla: Leovigildo, Rekaredo, Gundemaro,
agian Sisebuto, Suintila, Txindasvinto, Rezesvinto, Wamba eta, azkenik,
Rodrigo. Hau da, bederatzi errege godok, gutxienez, higiarazi behar izan zituzten
beren gudarosteak penintsulako euskaldunen aurka borrokatzeko. Ekintzeta
horietariko batzuk bereziki ikusgarriak izan bide ziren. Esaterako, 653. urtean
Ebroko ibarra harrapakatu zuten eta Zaragozaraino iritsi ziren, non “preso asko
hartu zuten eta ondasun piloa eraman zuten”, gertakarien lekuko batek dioenez.
Horrek guztiak ustekabea, baita sumina ere, sortarazi du zenbait historialarien
artean. Garai horren ezagutzaile onentsuen eta serioenetako batek aitortzen
zuenez: “Baskoien kasua ezin daiteke beste inongorekin parekatu eta ez da erraz
sailkatzekoa ere, dela kanpo politika arazo gisa, dela barne erresistentzia auzi
gisa. Gainera, are harrigarriagoa gertatzen da bisigodoek baskoien aurrean porrot
egin izana, kontuan hartzen bada herri horrek ez zuela zailtasun berezirik
jarri erromatarrek Hispania konkistatu zuten garaian, guk dakigunez, ez eta gudazaletasun
handirik behe inperioaren aldian ere, gizarte taldeen matxinadak garai
haren berezko ezaugarria bada ere. Oro har, baskoien barne antolamenduaz eta
osatzen duten giza taldeez informaziorik ez izateak, haien jarreraren bidezko
esplikaziorik ematea galerazten digu.” (J. J. Sayas Abengoechea).
Nekez erantzungo diegu galdera horri eta horren antzekoei, baldin eta behin
eta berriro baskoiak menditar giza talde basa gisa irudikatzen jarraitzen badugu
eta, gainera, aldian-aldian auzokoekin borrokan jardun beharrez elkarrekin biltzeko
ezaugarri bitxia duen taldetzat hartzen badugu. Zerbait gehiago ere izango
zen. Zer, ordea? Zer gertatu behar du “erromatarrek Hispania konkistatu zuten
aldian, ez eta Behe Inperioko garaian ere, dakigunez, zailtasun berezirik azaldu
ez zuen” herri batek hain denbora laburrean erabateko aldakuntza hori izan dezan?
Uste sendoa dugu ezen Pirinio aldeko komunitate horiek ezin izango zituztela
beraiez esaten diren guztiak burutu defentsagune sare egonkorrik izan ez
balute, aldian-aldian berritu behar zuten armamentu eraginkorrik gabe, bitarteko
egokirik gabe, ez eta eragingarriak sortuko zituzkeen, lehentasunak zehaztueta erabakiak hartuko zituen “zerbait” gabe… Gure iritziz “akitaniar alderdi” hori
da hemen “elementu katalizatzailea”, aginpide politiko berriaren sorrerarekin
amaitzen den prozesu luze horretan, non “baskoia” eta “akitaniarra”, elkarren
artean nahaste, lausotuz doazen, merovingiarren kronika liburuetan beretan agertzen
denez. Guztiz esanguratsua da aipatu diren hiru nekropolis horietako materialak
akitaniarrak izatea –hispanobisigodoaren antzik duen orotatik aparte–,
haietako bitan ere hertsiki “frankoak” ere ez direlarik, eta gainera Akitania merovingiar
erregeen eskumenetik behin-betiko aldentzen ari zen garaikoak.
Hori dela eta, Pirinioetatik iparraldera begiratu beharko genuke (beharko litzatekeen
bezain maiz egin ez dena) hainbat hutsune eta gertakari ilunen argibide
konpliak aurkitzen saiatzeko.
Merobingiarren garaia frankoen historiaren aldi bat da, Klovisengandik (482
i.) merovingiar dinastiaren lekua karolingiarrek hartu zuten arte (753) hedatzen
duena. V. mendearen amaieran oraino, Galian kokaturiko herri germaniarren
artean (frankoak, bisigodoak, borgoinarrak, alamanak eta turingiarrak) herrialdea
bere probetxurako zeinek menderatu behar zuen argitzea zen arazoa. Azkenean,
frankoek lortu zuten hori, Rhinetik hasi eta emeki-emeki hegoaldeko lurraldeetara
joz. Zenbait data gogoratzea komenigarria da: 486, Galiako azken
erromatar jabetzen desagertzea, Klovis frankoa Siagrio-ri garaitu zitzaionean; 507,
Vouillé-ko gudua eta Tolosako erresuma bisigodoaren azkena; 532, turingiarren
erresumaren konkista; 534, borgoinar erresuma mendean hartzea. Horren guztiaren
ondorioz, Klotario I.aren agintaritzapean, regnum Francorum bat sortu
zen, Europako lurralde sailik ahaltsuena, Mantxatik Danubio ibaiaren erdi ibilguraino
eta Saale-tik, teorian, Pirinioetaraino hedatzen zena. Teorian diogu, zeren
eta Akitania buruhauste bat izan baitzen beti frankoentzat, are Karlomagnok
ere bere nahierara konpondu ezin izan zuena.
Dagoberto I.aren heriotzarekin batera (638), merovingiar monarkia ahultze
prozesu geroz eta sakonagoan abiatu zen, hartatik akitaniar berezitasun zaharra
onuradun irten zelarik. Izan ere, arian-arian sendotuz joan zen botere politiko
hura eta errege frankoen mendetik at jardutera iritsi zen laster. Frantses historiografiak
aitortzen duenez, akitaniar aristokraziaren nahien eta haren zerbitzuan,
indar militar gisa, erabilitako baskoi taldeen arteko elkar aditze erabatekoaren
ondorioz abiarazi zen prozesu hura ez zen bizkorra izan, baina bai geldiezina.
Ebroino neustriar jauregizainak kontrolpean eduki nahi izan zituen frankoen eresumako
hegoaldeko lurraldeak eta, agian, asmo horrekin Pirinioetarainoko hiri
guztien eta baskoien herriaren gaineko principatum-a eman zion Felixi. Ez bide
zion gauza handirako balio estrategia neurtu hark, gertakariek hartu zuten norabidea
ikusita; haietatik ondoriozta daitekeenez, Felix aginpide politikoa beretzeko
tentazioan erori omen zen. Garai horretako akitaniar mundua hobekien ezagutzen
duen adituaren esanetan, “Felixek baskoien gainean zuen aginpidea eta
haiekiko hitzarmena zirela bide, akitaniar-baskoien multzoa osotasun bakartzat
hartzera jo zuen, batasun hartan euskaldunek benetako fer de lance moduko
zeregina zutelarik. Testuetan askotan nahasten dira akitaniarrak eta baskoiak…
Errealitate politiko berri bat sortzen da, beraz, frankoetatik guztiz bereizia” (M.
Rouche). Lupok, haren ondorengoak, kualitatiboki areagotu egin zuen prozesu
hori, buruz buru frankoen aurrean jarri baitzen, irizpide askatasun osoaz jokatzen
zuela; hala, altxatu ziren septimanoen matxinadan esku hartu zuen Wamba
errege bisigodoaren aurka eta, ez da inolako gehiegikeria harako hartan ere Pirinioez
alde bietako euskaldunek esku hartuko zutela pentsatzea. Prozesua geldiezina
zen jadanik, Eudon-ekin are modu ageriagoan “Eudonen printzerri hori
Galia osorako eredu bilakatu zen… eta Austrasiaren eta Neustriaren arteko gatazkaren
arbitro bakarra izan zen, eta horretxek bere independentziaren ezagutza
eta regnum titulua ekarri zizkion.” (M. Rouche). Halako moduan izango zen Eudon
errefentzi puntu nagusia merovingiar esparru ahuldu hartan, non geroagoko iturri batean (Miracula Austresigili) Heristal-eko Pipino buru zuten barbari frankoei
aurre egin zien “erromatar” baten gisa aurkezten baitute. Bere izen onak 721.. rtean iritsi zuen puntu gorena, aurki ikusiko dugunez.
Komeni da, beraz, oso labur bada ere, akitaniar gudarostearekin zerikusia
duten zenbait arazo gertutik ikustea, funtsezko tresna izan baitzen gudarostea
lurralde horren independentziarako eta karolingiar boterearen aurkako erresistentzia
prozesuan. Ildo beretik, ezaguna da baskoien protagonismoa, zazpigarren
mende osoan sendotu zena seguruenik, nahiz eta horren inguruko testu iturri
garbienak ondoko mendekoak diren. Hala, hainbat ekitalditan ikusten ditugu
baskoi gudari haiek: merovingiar aginpidearen aurka Lupus-ek zuzendu zuen
matxinadari beren laguntza ekarriz, Paulok Wambaren aurka altxatu zituen gudari
sailetan esku hartuz, frankoen refugae (iheslariak) onartuz eta babestuz, Eudes
princeps zelakoari Karlos Martelen aurka lagunduz, Hunaldo dux-arekin batera
altxatuz Karloman eta Pipinoren aurka edota Akitaniako princeps zen
Wafarius-ekin batera Pipino Laburrarekin izan zuen borroka luzean.
Aldi horietan guztietan, antza denez, baskoiena akitaniar gudarostearen erasoko
sail nagusia zen. Beren ahalmen militarra, itxuraz, zalditeriaren erabileran
oinarritzen zen; etsaia inguratzeko mugimendu azkarrak egiteko gai ziren eta
horrek abantaila garbia ematen zien merovingiar oinezko gudarien aurrean.
Frankoek eta akitaniarrek egin zuten posizio gerran ere esku hartu zuten baskoiek.
Pipino Laburrak, Akitaniaren aurkako kanpaina gogor sistematiko hartan,
Bourges eta Thouars hartu zituenean defendatzaileen artean baskoien gudari sailak
hartu zituen preso, eta gudari horiek borrokan zuten garrantzia hain handia bide
zen non frankoen erregeak –Wafarius-en aldeko gainerako akitaniarrak libre utzirik–
bere gudarostean sartu zituen, leialtasun zina eginaraziz eta hura betetzeko
berme gisa haien emazteak eta semeak bahiturik zeuzkala. M. Rouche-k defendatzaile
euskaldunez hornituriko hamar toki gehiago aurkitu ditu. “Un véritable
cordon de custodes basques avait donc été mis au point par les princes
d’Aquitaine.”
Hemen, baskoiek akitaniar gudarosteetan zuten partaidetza azpimarratu nahi
genuke bereziki, zeren eta, denbora iragan eta, akulturazio fenomeno garrantzitsua
ekarri baitzuen, eta horrek lagunduko digu baskoi lurraldeetan aurkituriko
nekropolisen aberastasun harrigarria ulertzen. Mintzagai ditugun jende horiek
bilbe hierarkizatu baten, egitura militar baten, talde batzuen osagai ziren; haien
arteko nagusiak harremanetan sartzen ziren romani garrantzitsuekin, hala nola
Eauzeko metropolitanoarekin berarekin, eta haiekin konspiratzen zuten; refugae
zirelakoei, bai bisigodoei eta bai frankoei, harrera egiten zieten eta babesten
zituzten; Clermont, Bourges, Thouars eta gisako hirien defentsa hartzen zuten
beren gain; azken batean, modu eraginkorrez esku hartzen zuten Europako mendebaleko
“erromatartuenen” artekoa zen lurralde baten bilakabide politikoan.
Esan daiteke, hala ere, hori guztia Pirinioetatik Iparraldean gertatu zela soilki.
Mendiaren mundua ezagututa, mendiak bi isuraldeetan bizi den jendea bereizi
baino gehiago batu egiten duela dakien edonorentzat, argudio horrek ez du inolako
pisurik. Guztiarekin ere, gauzak diren bezala izanik, iraganaren berritxuratze
historikoak Estatu modernoen marko politikoei egokitzea bideratzen duten
zenbait kontzeptu eskemaren eraginkortasun handiaren aurrean amore eman ohi
da; ildo horretatik, euskaldunei buruzko historiografian, lan askok eta askok guztiz
alde batera uzten dute Novempopulania zaharrean edo Garonako iparraldean
gertatua. “Arazoa zera da –txokozalekeriak kutsatua dagoenik nekez susma daitekeen
J. M. Lacarra ikertzaile ospetsuak zioenez–, geografo edo historialariak,
berek hala nahi badute ere, nekez uzten dute alde batera beraiek bizi diren substratum
nazionala edo kulturazkoa”. Gure ustetan, azken urteotako aurkikundeek
zalantzarik gabe erakutsi dituzte Pirinioetako bi isuraldeen arteko harremanak,
erlazio horiek zenbaterainokoak izan ziren agerian jartzea erraza ez bada ere.Eta hala ere, baskoiak akitaniar aginpidearen fer de lance izan baziren –eta hala
izan ziren–, ez al da nahiko adierazgarria bildutako armen kopuru handia (ehun
baino askoz gehiago, ezpaten, sastakaien eta guda aizkoren artean)?; aurkikuntzak
hain justu ere Iberiako penintsulako Euskal Herrian kokatuak izatea?, eta
hori guztia Pirinioetatik iparraldera bideratzen gaituen kultura testuinguruan armonikoki
integratua izatea?
Islamaren presentzia berria erabateko bihurgune puntua izan zen gertakari
horien bilakabideari dagokionez. Hura Europa mendebalean agertzearekin batera,
gailentasun politikoa lortu beharrez elkarren aurka egingo zuten bi dinastia
berri sortu ziren antzinako Galian. Akitanian, M. Rouchek adierazi duenez, Akitaniako
errege dinastia berriaren –Eudon, Hunaldo I.a, Wafarius, Hunaldo II.a–
eta zaharragoa ez zen dinastia karolingiarraren –Karlos Martel, Pipino Laburra,
Karlomagno– arteko borrokak hartuko zuen VIII. mendeko parterik handiena.
Aurkatze hartan, hasieran Eudonek abantaila bere alde zuela ematen zuen. Mendebalean
musulmanek jasan zuten lehen hausiabartza ere Eudonen eskutik etorri
zen (721) eta haren ospea hain handia izan zen ezen princeps eta rex izendatu
zuen bere burua, Galia barneko hierarkia karrera hartan Karlos Martel ere atzean
geratu zelarik. Ezin garaitu zituen, ordea, bizitzea egokitu zitzaizkion aurkako
gorabehera historikoak, aldi berean Islamaren eta Karlos Martelen erasoei aurre
egin behar baitzien. 731. urtean Karlos Martelen oldarrak jasan ondoren –Septimaniako
berberiar errebeldeekin ere elkartzen saiatu zelarik–, 732an Abd al-Rahman
al-Gafiqi-ren aurrean izugarrizko hausiabartza nozitu zuen; hain zuzen ere,
frankoen errege etsaiak Poitiers eta Tours artean musulmanen aurkako garaipen
famatua lortu zuen urte berean. Harez gero, akitaniarren beheraldia karolingiarren
gero eta goraldi nabarmenagoarekin batera gertatu zen. Eudonen ondorengoek
–Hunaldo I.a eta Wafarius– bavariarren eta lonbardiarren laguntza lortzeko
buruturiko ahalegin guztiak alferrik gertatu ziren. Pipino Laburrak, Karlos Martelen semeak, bederatzi urte luze iraun zuen kanpaina sistematiko (760-769) baten
bidez menderatu zuen akitaniar berezitasun zahar hura, modu kalkulatu eta metodiko
batez. Frankoen eta akitaniarren aurkakotasuna iraun zuen hamarraldi
haietan euskaldunek –ikusi dugunez– zeregin handia izan zuten akitaniarren aliatu
gisa, bien erabakiak beti bat ez etorri arren.
Pipinoren garaipenetik luze gabe, Akitania berriro altxatu zen Hunaldo
II.arekin (769). Karlomagnoren gudarostearengandik ihesi, altxaturiko akitaniar
erregea baskoien artean babestu zen. Karlomagno, bere aita Pipinoren antzera,
ez zen Garona zeharkatzera ausartu eta, ibai horretatik iparraldean Franciacum
gotorlekua eraikitzen zuen bitartean, altxatuak bere esku jartzea exijitu zuen. Baskoiek,
iturri idatzietan Wasconum dux eta baita princeps Wasconum izendaturiko
beste Lupo bat buru zutela, Hunaldo eta familia Karlomagnoren esku utzi
zituzten; harez gero, Garonatik hegoalderako eremua bertako biztanleen gain
utzi zuen karolingiar erregeak. Zenbait urte geroago berriro izan zuen zerikusia
hegoaldeko lurraldeekin, fortuna gutxiagorekin hala ere. Orreagako hausiabartzak
(778) –aski ezaguna hemen xehetasunetan sartzeko– 769ko gertakariekin
batera, komentzitu egin bide zuten erregea Akitaniaren berezitasun sendoa kontuan
hartuko zuen egituraketa politiko bat bilatzeko premiaz. Eta frankoen artean
merovingiarren denboretatik bizirik zegoen tradizio zaharra berreskuratuz,
erresuma bat sortu zuen bere seme Luisentzat (Ludovico Pio), 781ean, artean hiru
urtekoa besterik ez zela, Erroman errege izendatu eta 785ean Paderborn-eko
batzarraren aurrean euskaldunen erara jantzirik aurkeztu zuelarik. J. M. Lacarrak
adierazi duenez “Zazpi urte lehenago Orreagako garaileak izan ziren euskaldunen
ospea asko hazia zen, Gortearen aurrean monarkiaren premua gisa hartan
aurkezteko. Dudarik gabe, modu hartara mendekorik borrokalarienak lausengatu
nahi zituen, bai eta bide batez Luisek bere erresuma berrian egin behar zuen
sarrera prestatu.” Gertaerak, halaber, euskaldunek Akitanian zuten pisua erakusten
digu, bai eta mendetan zehar Loiratik Pirinioez hegoaldera hedatzen ziren
lurraldeetan lortua zuten duda ezineko protagonismoa. Hedapen harrigarria zuen
(Ravenako Kosmograren testigantza, esaterako, oroitu besterik ez da) beranduko
antzinateko Waskonia haren barne eraketaz ia ezer ez dakigu, baina gutxienez
toponimo baten azpian bateratua azaltzen zaigu; Pirinioez bi aldeetako kulturaren
antzekotasun nabarmena (Aldaieta, Buzaga, Iruñea), VIII. mendeaz geroztik
apurtzen hasi zen hainbat lurralderi bide emanez, halakoak arian-arian dokumentu
idatzietan azaltzen hasiko direlarik.
Aurrerantzean, penintsulako euskal lurraldeak auzo ahaltsuen artean kordoka
agertuko dira, itunak bilatuz batzuetan eta karolingiarren, asturiarren edo
musulmanen aurrean men eginez, beren oldez edo bortxaz, bestetan. Denbora
batez, antza denez, isuralde bietako euskaldunek egituraketa moduren bat mantendu
zuten, zehazteko zaila dena baina testuetan nahiko aztarna utzi duena,
gutxienez halako hipotesi motei aiher izan ohi zaien historiografiaren aldetik jaso
duena baino arreta gehiago merezitzeko adinekoa. J. M. Lacarrak berak aitortzen
zuenez, Pirinioez honaindiko galasqiyyin zirelakoek, IX. mendeko lehen erdialde
arte, ipar isuraldeko galasqiyyin-en antzeko politika obratzen jarraitu zuten.
Nolanahi den ere, aurreko mendeetan toki orotan agerturiko “wascones” etnonimoak
amore emango du lurraldetik kanpoko behatzaileek bereizteko lain bakarturik
azaltzen diren giza talde eta lurraldeen errealitatearen aurrean. Musulmanen
iturrietan sarataniyyin, galasqiyyin, baskunis… bereizten dira; frankoen
idazkiek “iruindarrak” eta “nafarrak” aipatzen dituzte eta Alfontso III.aren kronikak
lehenengo aldiz ezagunak zaizkigun toponimoak biltzen ditu (Alabanque,
Bizcaj, Alaone, Urdunia, a suis reperitur semper esse possessas. Sicut Pampilonia,
Degius est atque Berroza). Izen berriak, errealitate berriak, lotura berriak
erakunde politiko desberdinekin… Azken batez, kapitulu berria hasten da Mendebaleko
Pirinioen inguruko lurraldeen historia luzean.