Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Waskonia

Orreagako hausiabartzaren (778) oroitarria (Orreaga).<br><br>

 

EGILEA:

Agustín Azkarate Garai-Olaun Historian doktorea. Arkeologia irakasle titularra eta jakintza sail horretako koordinatzailea Euskal Herriko Unibertsitatean. Antzinate berantiarreko eta Goi Erdi Aroko mendeetara bideratu du bere ikerlana, funtsean, aldi horiei buruzko argitalpenak eta eremuko arkeologia ikerketak burutu dituela.

 

Migrazio mugimenduak

Europako historia sakonkien markatu duten gertaeren artean, migrazio mugimendu handiak daude, zalantzarik gabe; hain zuzen ere, mendeetan zehar migrazioek indar handiz eta bortizki inarrosi zuten gure kontinentea, oso modu traumatikoz batzuetan. “Iraupen luzeko” gertakarien artean, historia hasierako migrazio mugimenduetan hasi eta XIII. mendean Errusiaren eta Hungariaren gainean mongoliarrek egindako presioarekin amaitu zen fenomeno hau ereduzkotzat hartzeko joera dute gaur egungo historialariek. Horrenbestez, goian adierazi bezala, bi mila urte iraun zuen herrien asaldura hark Europaren geroa markatu zuen.

“Inbasioak” –ikasketen munduan ohikoagoa dugun hitza berau– ez ziren, bada, banakako edo noizbehinkako jazoerak, gure iraganaren konstante jarraiki eta sakonekotzat hartu beharreko gertaerak baizik. Gai honen ezagutzaile handi batek zioenez, “Europako mendebaleko eta hegoaldeko biztanleriaren egonkortasuna, hain erraz gertakari aldaezinekotzat ematen genuena, nahiko egoera berria da, eta ekialdeko Europak oraino iritsi ez duena” (L. Musset). Gaurkotasun handiko hitzak horiek, duela ia hogeita hamar urte idatziak badira ere, Balkanetako oraintxeko gertakariak begi bistan ditugula.Mendebaleko Pirinioen inguruan V. mende hasieratik laurehun urtez (406- 800) bizi izan ziren zenbait gertakariren analisia da orri hauen helburua –analisi guztiz sintetikoa ezinbestean–. Esandakoaren arabera, agerikoa da migrazio mugimenduek geografia ingurune horretan izan zuten eragin erabakiorra. Oraingoan ezin luzatuko gara, beraz, ibilera haien eragile izan ziren kausa konplexu eta askotarikoetan; gogora ditzagun soilki –L. Musset-i jarraituz– K.o. IV. mendetik aurrera haien garapena mugarriztatu zuten daturik esanguratsuenak. Lehen oste handia laugarren eta bosgarren mendeetan gertatu zen; hedaduraz, migrazio haiek oso eremu handia hartu zuten (Pontoko estepetatik Iberiako Penintsularaino), eta kalte handia egin zioten Erromako Inperioari. Hunoak, alanoak, bandaloak, sueboak, borgoinarrak eta godoak izan ziren protagonista nagusiak.

Horiek moldatu zituzten egitura politikoak –godoek sorturikoen salbuespenarekin– iraupen laburrekoak izan ziren.

Askoz ere iraunkorragoak izan ziren V. eta VI. mendeetan Inperioaren parte handia beretu zuen bigarren ostearen ondorioak. Izan ere, jende hura –frankoak, alamanak, bavariarrak– arian-arian eta guda balentria handirik gabe finkatuz joan zen, eta horrexegatik ez da erraz zehazterik horien mugimenduak kronologiaren segidan. Frankoak izan ziren –Europako etorkizunean izango zuten guztiz lehen mailako protagonismoarekin– bigarren migrazio mugimendu horren sendotasunaren erakusgarririk egokiena. Lehorreko oste horiekin batera, V. eta VI. mendeetan ere, Atlantiko aldeko Europak itsas migrazioak pairatu behar izan zituen; heruloak, saxoniarrak, jutoak, piktoak, eskotoak eta bretoiak izan ziren horietan esku hartu zuten herriak.

Seigarren mendearen hasieran, migrazioen asaldura haietatik arian-arian zenbait politika egituratara iragan zen; horiek –ongi finkatu gabeak oraino– geroko Europako mapa politikoa itxuratuko zuten. Frankoek Vouillé-ko gudua (507) irabazi ondoren, Galiako parte handi bat beretu zuten, bisigodoak beren regnum hartako hiriburua Toledora aldatzera behartu zituztela. Anglosaxoniarrek Britainian eta ostrogodoek Italian, protagonista nagusien saila osatzen zuten; multzo horretako beste zenbait herri ere ez dira ahaztekoak, hala nola sueboak, borgoinarrak, alamanak edo bavariarrak, nahiz eta horien eraketa politikoak aurki beretuko zituzten bisigodoek –lehenengoei dagokienez– eta frankoek –gainerako guztien kasuan–. Itxurazko egonkortasun politikoak, ordea, denbora gutxi iraun behar zuen. Justinianok, Erromako Inperio zaharraren mendebaleko alderdia berreskuratzen lehiatu zelarik, ostrogodoen erresuma deuseztu zuen; azken horiek utzitako hutsunea lonbardiarrek bete zuten eta horiek Italian sartzeko beren lurraldea utzi behar izan zutenez, domino ondorioa eragin zuten zinez, beste zenbait herri mendebalera erakarriz (abaroak, bulgariarrak, eslaviarrak).

Migrazio oste horien ondotik, VII. mendean, mendebaleko Europak aski garai lasaiak ezagutuko zituen. Mende beteko aldi horretan ez zen kanpoko presiorik sumatu, nahiz eta hura guztia, berriro ere, itxurapena besterik ez zen gertatu.

Izan ere, gertu zegoen jadanik “kristau Europaren aurkako bigarren erasoa” –L. Musseten hitzetan–, VIII. mendetik aurrera abiarazi zena. Demografiaren ikuspegitik, eragin handia izan behar zuen horrek gure kontinenteko sortalde muturreko lurraldeetan, gehienbat eslaviar herriek okupatu zituztenetan. Mendebaleko Europan, aitzitik, ondorioak politikoagoak izan ziren. Iberiako Penintsulako zati handi bat Islam errealitate berri eta ahaltsuaren orbita politikoaren mende egon zen luzaro. Europako bihotzaren aurkako erasoan porrot egin bazuen ere, Islama beti ere etengabeko kezkabide izan zen kristau munduarentzat. Eskandinaviako leherketa handia, azkenik, mendebaleko Europak jasan behar zuen hondar inarrosaldia izan zen; baina giza mugimendu horiek, gure geografia inguruneari doakionez, dagokigun marko kronologikotik at geratzen dira.

 

Migrazioen eragina Pirinioetako mendebalean

Pirinioen inguruko esparrua, horrenbestez, ezin zitekeen, aztertzen ari garen aldian, Europako geroa markatu zuen migrazio astinaldi gaitz hartatik kanpo gelditu.

“Inbasio” haien hasieratik beretik, sueboek, alanoek eta bandaloek Hispania erromatarreko lurraldeetara iristeko egindako lehen saialdien gertaleku nagusia izan ziren Pirinioak. Lehen buruan, Pirinioetako pasabide nagusietan ezarritako defentsa sistemak geldiarazirik, Akitania eta Novempopulaniako ordokien harrapaketari ekin zioten, harik eta Pirinioak igaro eta (409), penintsulako euskal lurraldearen barna hegoalderagoko eremuetara jo arte.Handik laster, beste giza oste batek, bisigodoak oraingoan, Penintsulan sartu behar zuen eta, zenbait gorabeheraren ondoren, Inperioarekin federaturik, bandaloen eta alanoen aurkako borrokan aritu zen. Valiaren eta Honorioren artean sinatu zuten beste itun batek (418. urtea), ordea, bestelako norabidean barrena abiarazi zituen gertaerak: bisigodoek Penintsula utzirik, Aquitania Secunda zelako hura hartu zuten beren herriaren egoitza berri gisa, Pirinioetatik iparraldean Regnum Tholosanum deritzana eratzeko.

Ondoko urteak (418-507), gure ingurune osoa ukitu eta gure geografia eremua bereziki egongaitz bilakarazi zuten hiru fenomenok markatuak gertatu ziren.

Lehenik eta behin, sueboen hedatzea, euskal lurraldean azpimarratzekoak diren zenbait gertakarirekin; bigarrenik, bagauden mugimendua, Inperioaren lurralde batzuk (haien artean Ebroko erdialdeko ibarra) astindu zituen indarrezko matxinada hura; eta hirugarrenik, bisigodoen parte hartzea ere aipatu behar da, beren Akitaniako abiagunetik gure geografia ingurunean kontrola eta ordena berriro ezartzeko kanpainetan esku hartu baitzuten, hala bagauden nola sueboen aurka, hiru gertaera nabarmen eraginez: Eurikok Tarraconensisen aurka jo zuen indarrezko erasoa (472. urtea), oste handien sarrera 494. urtean eta, gorabeherek hartaraturik, behin betiko kokatzea, 507. urtean. Azkenik, aipatzekoak dira heruloek eta saxoniarrek Bizkaiko Golkoko kostaldearen aurka jotako erasoak, Hidazio eta Sidonio Apolinar-en testigantzen arabera.

Gertakari horiek, zorabiozkoak eta traumatikoak, nahitaez jo zuten euskal lurraldea; barne-barnetik zeharkatzen zuten komunikabide garrantzitsuak hainbat espedizio militarren joan-etorrien lekuko mutuak izan ziren. Nolanahi ere, gure geografia eremuko biztanleek gertakari horien aurrean izan zuten jokabidea ez dirudi oso bizia izan zenik (ezagutzen diren lekukotasunek erakusten dutenagatik) eta ez du inolako zerikusirik VI. mendearen bigarren erdialdetik aurrera erakutsiko zuten kemen gaitzarekin.

 

Baskoiak, bisigodoak, frankoak eta musulmanak

Gaiari heldu aurretik komenigarria da aldi hau ikertzen saiatu diren guztien animoaren sumingarri izan den oztopo historiografiko bat aipatzea. Inork ez du zalantzan jartzen, beranduko antzinatean (V.-VIII. mendeak) eta mendebaleko Pirinioen inguruko eremuari dagokionez, erromatarren garaiko iturburu idatzietatik ezaguna den gizataldearen benetako protagonismoa, horren etnia izenak tratatzen ari garen aldi historiko horretan garrantzi nabarmena iritsiko baitu. Baskoiez ari gara, historialarien harridura iturri dena, leinu haren baitan gertatzen bide diren aldakuntza garrantzitsuengatik. Estrabonek, Pliniok, Tito Liviok edo Ptolomeok geografia gune jakinean nahiko zehatz kokatu zituztenak, geroago, ordea, bata bestetik guztiz bereizirik dauden tokietan ezarriak agertzen dira, hala nola Garonako ertzetan (baita iparralderago ere) eta lehenago barduloek eta karistiarrek, besteak beste, okupatzen zituzten lurraldeetan. Erromatarren garaian komunitate baketsutzat –antza– hartzen zutena, urteak iraganda irudiz aldatuz joan zen, deitura mota asko –beti edo ia beti negatiboak– bereganatzen zituen estereotipo bat bihurtuz. Horrenbestez, tintazko ibaiak isuri dira bai eremu kokaerari bai jokabideari dagozkien aldaketa horiek azaltzeko asmoz (substratu zaharren gaineko etnia izen baten lerraketa batzuentzat, hedakuntza eta lurralde berrien baskoitzea besteentzat), auzia –zenbaitetan sotiltasunez eta bestetan lotsagabekeria garbiz– “dependentziei” eta “independentziei” buruzko eztabaida bihurtuz, horietan guztietan aurriritzi ideologikoak agerikoak direla.Aldaketa sakon horiek “historiografia nazionalak” deiturikoen markoaren baitan interpretatzeko saioak egin dira; horren arabera, Vouillé-koaren ondoren, Pirinioak –ekialdekoena den zatia izan ezik– behin eta berriro iparraldeko “frankoen” alderdia eta hegoaldeko “bisigodoen” alderdia garbiro bereizten zituen pantaila baten gisa interpretatu izan dira –alde baterako zein besterako noizbehinkako sarrera batzuen salbuespenarekin–. Iraganaren kontzepzio hori, nolanahi ere, zailtasun handien aurrean aurkitzen zen, Pirinioez alde bietan denboran zehar jazo diren gertakari asko koherentziaz adierazi nahi zirenean.

 

• Arkeologia aurkikuntza berri garrantzitsuak

Testuinguru historiografiko honetan, orain dela gutxi gertatu den bi nekropolisen aurkikuntza, Aldaieta (Araba) eta Buzaga (Nafarroa), benetako mugarria da antzinate berantiarreko aldiari dagokionez. Hain zuzen ere, historiografia tradizionalak aurrikusi gabeko aurkikuntzak izateak ematen die nekropolis horiei gaur duten aparteko garrantzia, urteetan eta urteetan zehar sendo oinarrituriko ikusmolde jakin batzuk zalantzan jartzen baitituzte, Pirinioez iparraldeko kulturazko testuinguruarekiko harreman estuak islatzen baitituzte. Aldaietak eta Buzagak, gainera, aspaldidanik ezagutzen den aztarnategi baten balioa berrikustea ekarri dute: Iruñeko nekropolisa, zenbaitek frankotzat eta bestek bisigodotzat ematen zutena hain zuzen.

Iruñeko nekropolisaren beraren izaera nahasiak ekarri du bertako materialak, partez bederen, eztabaidatuak izatea, bertan beranduko elementu erromatarrak, hispano-bisigodoekin, franko-akitaniarrekin eta are islamikoekin batean agertzen baitziren. Kultura aniztasun hori, haren iraupen luzea eta batzuek eta besteek gutiziatzen zuten Iruñeko hiriaren garrantzi estrategiko gaitza kontuan harturik, Pirinioez hegoaldera merovingiar errege batzuek egindako erasoaldiek nekropolisaren ezaugarri kontinentalak argitzen zituzten. Ildo horretatik, Pirinioez iparraldekoari dagokiona noizbehinkako eta ustekabeko gertakaritzat ikusia izan da beti, aztarnaren bat utzi behar zuena noski, baina Iberiako Penintsulan ezer egonkor edo behin-betikorik ezar ezin zezakeenik, beti ere, halako atsegin batez, Toledoko aginpide politikoaren azpian bai erlijioaren eta bai politikaren aldetik bateginik aurkeztu nahi izan den Iberiako Penintsula batean.Buzagako eta Aldaietako aurkikuntza berriek, eta ezinbestean Iruñekoaz dakarten interpretazio berriak, ikusmolde tradizionalak arras nahasten dituzte. Aurkikuntza berri horien xehetasunetan sartu aitzin, hala ere, komenigarria da egungo frantses arkeologiak antzinate berantiarraz argitu duen puntu jakin bat gogora ekartzea.

N. Aberg, E. James edo S. Lerenter-ek Frantziako hego-mendebalean garai hartako hileta tresneriari buruzko lanak burutu zituztenetik, “akitaniar alderdi” gisa definitu den ezaugarri arkeologiko multzoa bakartu egin da, “iparraldeko” edo “franko” izendatu den beste alderdi batetik desberdindurik. Edo, beste hitzetan esanda, frantses arkeologiak argi eta garbi bereizten ditu akitaniar lurraldeari dagozkion zenbait kultura ezaugarri, Loiratik iparraldera agertzen ez direnak –edo askoz gutxiago agertzen direnak–. Alderdi hori azpimarratu beharra dago, zeren eta goian aipatu diren penintsula aldeko Euskal Herriko nekropolisetan aurkitzen den material asko ez dagozkio estu-estu “frankoen” moldeari, “akitaniar”munduari baizik; horrek, antzinate berantiarreko mendeetan duda ezineko protagonismoa beretzen du, bai frankoen bai bisigodoen aurrean. Esanak esan, aipa ditzagun nekropolis garrantzitsu horien alderdirik esanguratsuenak.

• Nekropolis horietariko lehena Uribarri-Ganboa urtegi artifizialaren ertzean bertan dago, Langara-Ganboa Arabako herrigunean, Gasteiztik 15 km ingurura.

Arkeologiazko araketa kanpainak amaiturik, ehundik gora gorputz ehortzi atera dira lurpetik (nahiz eta berez askoz gehiago ziren), tresneria pertsonal eta hileta gordailu guztiz harrigarriz eta bereziz horniturik zeudenak. Bertako tresneria militarrak ez du parekorik Penintsula osoan: bi “scramasax” edo aho bakarreko ezpata motz, tipologia anitzeko 50 lantza mutur baino gehiago eta hogeita hamar guda aizkora. Xehetasunetan sartu gabe, horiez gainera, beste hainbat pieza aipa daitezke: zilarrezko eta brontzezko lokarri begiak –baita urrezkoa ere kasu bakarrean–, zilarrezko eta brontzezko eraztun bikainak, zeramikazko ontziak, beirazko edontziak, brontzezko ontziak –osoak haietariko asko–, belarritakoak, lepoko ederrak, brontzezko orratzak, omega itxurako fibulak (kate orratzak), labanak, ezpata sagarrak, orratzak, e.a. Urtegiak ehundaka hilobi desegin dituela kontuan harturik, Aldaietako aztarnategiaren apartekotasunaz gutxi gorabeherako ideia bat egin dezakegu. Halaber, bertan antzematen diren hileta errituen aniztasuna aipa daiteke, bai hilobien kokaera zentzuan, bai gorputzen jarreran, bai eragin galgarriak urruntzeko asmoa agertzen duten hileta gordailuetan. Emaitzak, zenbait kasutan, ikusgarriak gertatzen dira: bururik gabe edo burua gorputzetik bereizita ehortzitako gorpuak, jarrera bortxatuan nahita ezarritako eskeletoak, e.a.

Hala beraz, labur beharrez, finkaleku egonkorra da eta haren ezaugarririk nabariena, dudarik gabe, tresnen artean armek duten proportzio handia. Berez, datu horrek bereizten du Aldaieta nekropolis bisigodo edo hispano-bisigodoetatik, normalean horietan ez baita halako gairik aurkitzen. Bestalde, lantza muturrek, “scramasax” direlakoek eta, batez ere, gudako aizkora mota ugariek, zalantzarikgabe, Pirinioez iparraldeko testuinguru batera hurbilarazten dute. Eta zer esanik ez, brontzezko ontziek, zeramikak eta beirazko edontziak –guztiz kontinentalak berez–, eskutoki helikoidalak dituzten upelak, uztaiz indartuak, zenbait hilobiren aberastasuna, e.a. Aitzitik, ez da hartan ezer Espainiako hilerrien tresneria eta hileta gordailuetara alderatzen duenik. Aurkikuntzen kronologia –oraindik zenbait analisi egin zain dagoen arren–, VI. mendearen bigarren erditik ondoko mende osora hedatuko litzateke.

• Buzagako nekropolisa Elortz udalerrian dago, Iruñetik 13 km-ra. 1986an herri hartako muino batean, metalezko gauzaki batzuk azaleratu ziren eta harrezkero interes handieneko material kopuru polita bildu da. Izan ere, testuingururik gabe agertu arren, Buzagako materialek erabateko garrantzia dute eskuartean daukagun gaiari doakionez. Aldaietan bezala, alderdi militarra nabarmena da oso (hogeita hamar arma, ezpata, sastakai eta lantza muturren artean). Baina, batez ere gerriko-xaflak dira aipatu beharrekoak, zeren eta “akitaniar molde” direlakoen bereizgarriak modu paradigmatikoan azaltzen baitituzte, halako eran non Buzaga oinarri-oinarrizko testigantza bihurtzen den garai horretarako. Kronologiari dagokionez, Aldaietakoaren antzera, Buzaga VI. mende oso aurreratuan koka daiteke, VII. mende osora gutxienez luzatzen delarik.

 

• Testuinguru historikoa Hala Aldai...

• Testuinguru historikoa Hala Aldaieta nola Buzaga eta Iruñea, oro har, VI. mendearen erdialdetik edo amaieratik, segur aski, VIII. mende hasiera bitartekoak dira. Hala beraz, komenigarria da testigantza horiek beren testuinguru historikoan ezartzea. Ez ditugu hemen jasoko baskoiek eta bisigodoek elkarren aurka jardun zuteneko gertaerak, nahiko ezagunak eta aipatuak direlako. Esan dezagun soilik, hainbat erregealditan izan ziren guda gertakariak jaso direla: Leovigildo, Rekaredo, Gundemaro, agian Sisebuto, Suintila, Txindasvinto, Rezesvinto, Wamba eta, azkenik, Rodrigo. Hau da, bederatzi errege godok, gutxienez, higiarazi behar izan zituzten beren gudarosteak penintsulako euskaldunen aurka borrokatzeko. Ekintzeta horietariko batzuk bereziki ikusgarriak izan bide ziren. Esaterako, 653. urtean Ebroko ibarra harrapakatu zuten eta Zaragozaraino iritsi ziren, non “preso asko hartu zuten eta ondasun piloa eraman zuten”, gertakarien lekuko batek dioenez.

Horrek guztiak ustekabea, baita sumina ere, sortarazi du zenbait historialarien artean. Garai horren ezagutzaile onentsuen eta serioenetako batek aitortzen zuenez: “Baskoien kasua ezin daiteke beste inongorekin parekatu eta ez da erraz sailkatzekoa ere, dela kanpo politika arazo gisa, dela barne erresistentzia auzi gisa. Gainera, are harrigarriagoa gertatzen da bisigodoek baskoien aurrean porrot egin izana, kontuan hartzen bada herri horrek ez zuela zailtasun berezirik jarri erromatarrek Hispania konkistatu zuten garaian, guk dakigunez, ez eta gudazaletasun handirik behe inperioaren aldian ere, gizarte taldeen matxinadak garai haren berezko ezaugarria bada ere. Oro har, baskoien barne antolamenduaz eta osatzen duten giza taldeez informaziorik ez izateak, haien jarreraren bidezko esplikaziorik ematea galerazten digu.” (J. J. Sayas Abengoechea).

Nekez erantzungo diegu galdera horri eta horren antzekoei, baldin eta behin eta berriro baskoiak menditar giza talde basa gisa irudikatzen jarraitzen badugu eta, gainera, aldian-aldian auzokoekin borrokan jardun beharrez elkarrekin biltzeko ezaugarri bitxia duen taldetzat hartzen badugu. Zerbait gehiago ere izango zen. Zer, ordea? Zer gertatu behar du “erromatarrek Hispania konkistatu zuten aldian, ez eta Behe Inperioko garaian ere, dakigunez, zailtasun berezirik azaldu ez zuen” herri batek hain denbora laburrean erabateko aldakuntza hori izan dezan? Uste sendoa dugu ezen Pirinio aldeko komunitate horiek ezin izango zituztela beraiez esaten diren guztiak burutu defentsagune sare egonkorrik izan ez balute, aldian-aldian berritu behar zuten armamentu eraginkorrik gabe, bitarteko egokirik gabe, ez eta eragingarriak sortuko zituzkeen, lehentasunak zehaztueta erabakiak hartuko zituen “zerbait” gabe… Gure iritziz “akitaniar alderdi” hori da hemen “elementu katalizatzailea”, aginpide politiko berriaren sorrerarekin amaitzen den prozesu luze horretan, non “baskoia” eta “akitaniarra”, elkarren artean nahaste, lausotuz doazen, merovingiarren kronika liburuetan beretan agertzen denez. Guztiz esanguratsua da aipatu diren hiru nekropolis horietako materialak akitaniarrak izatea –hispanobisigodoaren antzik duen orotatik aparte–, haietako bitan ere hertsiki “frankoak” ere ez direlarik, eta gainera Akitania merovingiar erregeen eskumenetik behin-betiko aldentzen ari zen garaikoak.

Hori dela eta, Pirinioetatik iparraldera begiratu beharko genuke (beharko litzatekeen bezain maiz egin ez dena) hainbat hutsune eta gertakari ilunen argibide konpliak aurkitzen saiatzeko.

Merobingiarren garaia frankoen historiaren aldi bat da, Klovisengandik (482 i.) merovingiar dinastiaren lekua karolingiarrek hartu zuten arte (753) hedatzen duena. V. mendearen amaieran oraino, Galian kokaturiko herri germaniarren artean (frankoak, bisigodoak, borgoinarrak, alamanak eta turingiarrak) herrialdea bere probetxurako zeinek menderatu behar zuen argitzea zen arazoa. Azkenean, frankoek lortu zuten hori, Rhinetik hasi eta emeki-emeki hegoaldeko lurraldeetara joz. Zenbait data gogoratzea komenigarria da: 486, Galiako azken erromatar jabetzen desagertzea, Klovis frankoa Siagrio-ri garaitu zitzaionean; 507, Vouillé-ko gudua eta Tolosako erresuma bisigodoaren azkena; 532, turingiarren erresumaren konkista; 534, borgoinar erresuma mendean hartzea. Horren guztiaren ondorioz, Klotario I.aren agintaritzapean, regnum Francorum bat sortu zen, Europako lurralde sailik ahaltsuena, Mantxatik Danubio ibaiaren erdi ibilguraino eta Saale-tik, teorian, Pirinioetaraino hedatzen zena. Teorian diogu, zeren eta Akitania buruhauste bat izan baitzen beti frankoentzat, are Karlomagnok ere bere nahierara konpondu ezin izan zuena.

Dagoberto I.aren heriotzarekin batera (638), merovingiar monarkia ahultze prozesu geroz eta sakonagoan abiatu zen, hartatik akitaniar berezitasun zaharra onuradun irten zelarik. Izan ere, arian-arian sendotuz joan zen botere politiko hura eta errege frankoen mendetik at jardutera iritsi zen laster. Frantses historiografiak aitortzen duenez, akitaniar aristokraziaren nahien eta haren zerbitzuan, indar militar gisa, erabilitako baskoi taldeen arteko elkar aditze erabatekoaren ondorioz abiarazi zen prozesu hura ez zen bizkorra izan, baina bai geldiezina.

Ebroino neustriar jauregizainak kontrolpean eduki nahi izan zituen frankoen eresumako hegoaldeko lurraldeak eta, agian, asmo horrekin Pirinioetarainoko hiri guztien eta baskoien herriaren gaineko principatum-a eman zion Felixi. Ez bide zion gauza handirako balio estrategia neurtu hark, gertakariek hartu zuten norabidea ikusita; haietatik ondoriozta daitekeenez, Felix aginpide politikoa beretzeko tentazioan erori omen zen. Garai horretako akitaniar mundua hobekien ezagutzen duen adituaren esanetan, “Felixek baskoien gainean zuen aginpidea eta haiekiko hitzarmena zirela bide, akitaniar-baskoien multzoa osotasun bakartzat hartzera jo zuen, batasun hartan euskaldunek benetako fer de lance moduko zeregina zutelarik. Testuetan askotan nahasten dira akitaniarrak eta baskoiak… Errealitate politiko berri bat sortzen da, beraz, frankoetatik guztiz bereizia” (M.

Rouche). Lupok, haren ondorengoak, kualitatiboki areagotu egin zuen prozesu hori, buruz buru frankoen aurrean jarri baitzen, irizpide askatasun osoaz jokatzen zuela; hala, altxatu ziren septimanoen matxinadan esku hartu zuen Wamba errege bisigodoaren aurka eta, ez da inolako gehiegikeria harako hartan ere Pirinioez alde bietako euskaldunek esku hartuko zutela pentsatzea. Prozesua geldiezina zen jadanik, Eudon-ekin are modu ageriagoan “Eudonen printzerri hori Galia osorako eredu bilakatu zen… eta Austrasiaren eta Neustriaren arteko gatazkaren arbitro bakarra izan zen, eta horretxek bere independentziaren ezagutza eta regnum titulua ekarri zizkion.” (M. Rouche). Halako moduan izango zen Eudon errefentzi puntu nagusia merovingiar esparru ahuldu hartan, non geroagoko iturri batean (Miracula Austresigili) Heristal-eko Pipino buru zuten barbari frankoei aurre egin zien “erromatar” baten gisa aurkezten baitute. Bere izen onak 721.. rtean iritsi zuen puntu gorena, aurki ikusiko dugunez.

Komeni da, beraz, oso labur bada ere, akitaniar gudarostearekin zerikusia duten zenbait arazo gertutik ikustea, funtsezko tresna izan baitzen gudarostea lurralde horren independentziarako eta karolingiar boterearen aurkako erresistentzia prozesuan. Ildo beretik, ezaguna da baskoien protagonismoa, zazpigarren mende osoan sendotu zena seguruenik, nahiz eta horren inguruko testu iturri garbienak ondoko mendekoak diren. Hala, hainbat ekitalditan ikusten ditugu baskoi gudari haiek: merovingiar aginpidearen aurka Lupus-ek zuzendu zuen matxinadari beren laguntza ekarriz, Paulok Wambaren aurka altxatu zituen gudari sailetan esku hartuz, frankoen refugae (iheslariak) onartuz eta babestuz, Eudes princeps zelakoari Karlos Martelen aurka lagunduz, Hunaldo dux-arekin batera altxatuz Karloman eta Pipinoren aurka edota Akitaniako princeps zen Wafarius-ekin batera Pipino Laburrarekin izan zuen borroka luzean.

Aldi horietan guztietan, antza denez, baskoiena akitaniar gudarostearen erasoko sail nagusia zen. Beren ahalmen militarra, itxuraz, zalditeriaren erabileran oinarritzen zen; etsaia inguratzeko mugimendu azkarrak egiteko gai ziren eta horrek abantaila garbia ematen zien merovingiar oinezko gudarien aurrean.

Frankoek eta akitaniarrek egin zuten posizio gerran ere esku hartu zuten baskoiek.

Pipino Laburrak, Akitaniaren aurkako kanpaina gogor sistematiko hartan, Bourges eta Thouars hartu zituenean defendatzaileen artean baskoien gudari sailak hartu zituen preso, eta gudari horiek borrokan zuten garrantzia hain handia bide zen non frankoen erregeak –Wafarius-en aldeko gainerako akitaniarrak libre utzirik– bere gudarostean sartu zituen, leialtasun zina eginaraziz eta hura betetzeko berme gisa haien emazteak eta semeak bahiturik zeuzkala. M. Rouche-k defendatzaile euskaldunez hornituriko hamar toki gehiago aurkitu ditu. “Un véritable cordon de custodes basques avait donc été mis au point par les princes d’Aquitaine.” Hemen, baskoiek akitaniar gudarosteetan zuten partaidetza azpimarratu nahi genuke bereziki, zeren eta, denbora iragan eta, akulturazio fenomeno garrantzitsua ekarri baitzuen, eta horrek lagunduko digu baskoi lurraldeetan aurkituriko nekropolisen aberastasun harrigarria ulertzen. Mintzagai ditugun jende horiek bilbe hierarkizatu baten, egitura militar baten, talde batzuen osagai ziren; haien arteko nagusiak harremanetan sartzen ziren romani garrantzitsuekin, hala nola Eauzeko metropolitanoarekin berarekin, eta haiekin konspiratzen zuten; refugae zirelakoei, bai bisigodoei eta bai frankoei, harrera egiten zieten eta babesten zituzten; Clermont, Bourges, Thouars eta gisako hirien defentsa hartzen zuten beren gain; azken batean, modu eraginkorrez esku hartzen zuten Europako mendebaleko “erromatartuenen” artekoa zen lurralde baten bilakabide politikoan.

Esan daiteke, hala ere, hori guztia Pirinioetatik Iparraldean gertatu zela soilki.

Mendiaren mundua ezagututa, mendiak bi isuraldeetan bizi den jendea bereizi baino gehiago batu egiten duela dakien edonorentzat, argudio horrek ez du inolako pisurik. Guztiarekin ere, gauzak diren bezala izanik, iraganaren berritxuratze historikoak Estatu modernoen marko politikoei egokitzea bideratzen duten zenbait kontzeptu eskemaren eraginkortasun handiaren aurrean amore eman ohi da; ildo horretatik, euskaldunei buruzko historiografian, lan askok eta askok guztiz alde batera uzten dute Novempopulania zaharrean edo Garonako iparraldean gertatua. “Arazoa zera da –txokozalekeriak kutsatua dagoenik nekez susma daitekeen J. M. Lacarra ikertzaile ospetsuak zioenez–, geografo edo historialariak, berek hala nahi badute ere, nekez uzten dute alde batera beraiek bizi diren substratum nazionala edo kulturazkoa”. Gure ustetan, azken urteotako aurkikundeek zalantzarik gabe erakutsi dituzte Pirinioetako bi isuraldeen arteko harremanak, erlazio horiek zenbaterainokoak izan ziren agerian jartzea erraza ez bada ere.Eta hala ere, baskoiak akitaniar aginpidearen fer de lance izan baziren –eta hala izan ziren–, ez al da nahiko adierazgarria bildutako armen kopuru handia (ehun baino askoz gehiago, ezpaten, sastakaien eta guda aizkoren artean)?; aurkikuntzak hain justu ere Iberiako penintsulako Euskal Herrian kokatuak izatea?, eta hori guztia Pirinioetatik iparraldera bideratzen gaituen kultura testuinguruan armonikoki integratua izatea? Islamaren presentzia berria erabateko bihurgune puntua izan zen gertakari horien bilakabideari dagokionez. Hura Europa mendebalean agertzearekin batera, gailentasun politikoa lortu beharrez elkarren aurka egingo zuten bi dinastia berri sortu ziren antzinako Galian. Akitanian, M. Rouchek adierazi duenez, Akitaniako errege dinastia berriaren –Eudon, Hunaldo I.a, Wafarius, Hunaldo II.a– eta zaharragoa ez zen dinastia karolingiarraren –Karlos Martel, Pipino Laburra, Karlomagno– arteko borrokak hartuko zuen VIII. mendeko parterik handiena.

Aurkatze hartan, hasieran Eudonek abantaila bere alde zuela ematen zuen. Mendebalean musulmanek jasan zuten lehen hausiabartza ere Eudonen eskutik etorri zen (721) eta haren ospea hain handia izan zen ezen princeps eta rex izendatu zuen bere burua, Galia barneko hierarkia karrera hartan Karlos Martel ere atzean geratu zelarik. Ezin garaitu zituen, ordea, bizitzea egokitu zitzaizkion aurkako gorabehera historikoak, aldi berean Islamaren eta Karlos Martelen erasoei aurre egin behar baitzien. 731. urtean Karlos Martelen oldarrak jasan ondoren –Septimaniako berberiar errebeldeekin ere elkartzen saiatu zelarik–, 732an Abd al-Rahman al-Gafiqi-ren aurrean izugarrizko hausiabartza nozitu zuen; hain zuzen ere, frankoen errege etsaiak Poitiers eta Tours artean musulmanen aurkako garaipen famatua lortu zuen urte berean. Harez gero, akitaniarren beheraldia karolingiarren gero eta goraldi nabarmenagoarekin batera gertatu zen. Eudonen ondorengoek –Hunaldo I.a eta Wafarius– bavariarren eta lonbardiarren laguntza lortzeko buruturiko ahalegin guztiak alferrik gertatu ziren. Pipino Laburrak, Karlos Martelen semeak, bederatzi urte luze iraun zuen kanpaina sistematiko (760-769) baten bidez menderatu zuen akitaniar berezitasun zahar hura, modu kalkulatu eta metodiko batez. Frankoen eta akitaniarren aurkakotasuna iraun zuen hamarraldi haietan euskaldunek –ikusi dugunez– zeregin handia izan zuten akitaniarren aliatu gisa, bien erabakiak beti bat ez etorri arren.

Pipinoren garaipenetik luze gabe, Akitania berriro altxatu zen Hunaldo II.arekin (769). Karlomagnoren gudarostearengandik ihesi, altxaturiko akitaniar erregea baskoien artean babestu zen. Karlomagno, bere aita Pipinoren antzera, ez zen Garona zeharkatzera ausartu eta, ibai horretatik iparraldean Franciacum gotorlekua eraikitzen zuen bitartean, altxatuak bere esku jartzea exijitu zuen. Baskoiek, iturri idatzietan Wasconum dux eta baita princeps Wasconum izendaturiko beste Lupo bat buru zutela, Hunaldo eta familia Karlomagnoren esku utzi zituzten; harez gero, Garonatik hegoalderako eremua bertako biztanleen gain utzi zuen karolingiar erregeak. Zenbait urte geroago berriro izan zuen zerikusia hegoaldeko lurraldeekin, fortuna gutxiagorekin hala ere. Orreagako hausiabartzak (778) –aski ezaguna hemen xehetasunetan sartzeko– 769ko gertakariekin batera, komentzitu egin bide zuten erregea Akitaniaren berezitasun sendoa kontuan hartuko zuen egituraketa politiko bat bilatzeko premiaz. Eta frankoen artean merovingiarren denboretatik bizirik zegoen tradizio zaharra berreskuratuz, erresuma bat sortu zuen bere seme Luisentzat (Ludovico Pio), 781ean, artean hiru urtekoa besterik ez zela, Erroman errege izendatu eta 785ean Paderborn-eko batzarraren aurrean euskaldunen erara jantzirik aurkeztu zuelarik. J. M. Lacarrak adierazi duenez “Zazpi urte lehenago Orreagako garaileak izan ziren euskaldunen ospea asko hazia zen, Gortearen aurrean monarkiaren premua gisa hartan aurkezteko. Dudarik gabe, modu hartara mendekorik borrokalarienak lausengatu nahi zituen, bai eta bide batez Luisek bere erresuma berrian egin behar zuen sarrera prestatu.” Gertaerak, halaber, euskaldunek Akitanian zuten pisua erakusten digu, bai eta mendetan zehar Loiratik Pirinioez hegoaldera hedatzen ziren lurraldeetan lortua zuten duda ezineko protagonismoa. Hedapen harrigarria zuen (Ravenako Kosmograren testigantza, esaterako, oroitu besterik ez da) beranduko antzinateko Waskonia haren barne eraketaz ia ezer ez dakigu, baina gutxienez toponimo baten azpian bateratua azaltzen zaigu; Pirinioez bi aldeetako kulturaren antzekotasun nabarmena (Aldaieta, Buzaga, Iruñea), VIII. mendeaz geroztik apurtzen hasi zen hainbat lurralderi bide emanez, halakoak arian-arian dokumentu idatzietan azaltzen hasiko direlarik.

Aurrerantzean, penintsulako euskal lurraldeak auzo ahaltsuen artean kordoka agertuko dira, itunak bilatuz batzuetan eta karolingiarren, asturiarren edo musulmanen aurrean men eginez, beren oldez edo bortxaz, bestetan. Denbora batez, antza denez, isuralde bietako euskaldunek egituraketa moduren bat mantendu zuten, zehazteko zaila dena baina testuetan nahiko aztarna utzi duena, gutxienez halako hipotesi motei aiher izan ohi zaien historiografiaren aldetik jaso duena baino arreta gehiago merezitzeko adinekoa. J. M. Lacarrak berak aitortzen zuenez, Pirinioez honaindiko galasqiyyin zirelakoek, IX. mendeko lehen erdialde arte, ipar isuraldeko galasqiyyin-en antzeko politika obratzen jarraitu zuten.

Nolanahi den ere, aurreko mendeetan toki orotan agerturiko “wascones” etnonimoak amore emango du lurraldetik kanpoko behatzaileek bereizteko lain bakarturik azaltzen diren giza talde eta lurraldeen errealitatearen aurrean. Musulmanen iturrietan sarataniyyin, galasqiyyin, baskunis… bereizten dira; frankoen idazkiek “iruindarrak” eta “nafarrak” aipatzen dituzte eta Alfontso III.aren kronikak lehenengo aldiz ezagunak zaizkigun toponimoak biltzen ditu (Alabanque, Bizcaj, Alaone, Urdunia, a suis reperitur semper esse possessas. Sicut Pampilonia, Degius est atque Berroza). Izen berriak, errealitate berriak, lotura berriak erakunde politiko desberdinekin… Azken batez, kapitulu berria hasten da Mendebaleko Pirinioen inguruko lurraldeen historia luzean.