Azken eguneratzea: 2013/03/18
Meteorologiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin batera
Segurtasun Sailak Euskalmeten Euskal Sare Ozeano-Meteorologikoa goraipatu nahi du, Europako garrantzitsuenetakoa baita.
Pasaia (Gipuzkoa)-13/03/23-Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak buru jardun du gaur Meteorologiaren Mundu Eguna ospatzeko Pasaiako (Gipuzkoa) AZTI-Tecnaliaren egoitzan egindako ekitaldian. Bertan nabarmendu egin da Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren Euskal Sare Ozeano-Meteorologikoak burutu duen lana; hain zuzen, orain dela hamar urte hasi zen jarduera baita.
Segurtasun sailburuordearen ondoan Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua eta AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendari Adolfo Uriarte egon dira. Meteorologiaren Mundu Egunaren goiburua “Eguraldia zaintzea bizitzak eta pertsonak babesteko” dela adierazi ondoren, Segurtasun sailburuordeak azaldu du “Euskadi dela premisa hori zorroztasunez betetzen duen toki bakarrenetako bat, zuzendaritza beraren barruan daudenez, larrialdietako eta meteorologiako profesionalen artean dagoen lankidetza estuagatik. Sinergia horretatik sortutako emaitzak egunetik egunera ikus daitezke eta, bereziki, jasan berri dugun negu arazotsu honetan zehar".
Josu Zubiagak eskerrak eman dizkio AZTI-Tecnaliari sarea kudeatu eta mantentzeko egiten duen lanagatik eta, jarraian, azpimarratu du kontzeptu honen garrantzia: “neurtzen ez dena, ez da ezagutzen”.
“Sare honek –esan du– itsas ingurumenari buruzko ezagutza zehatza eskaintzen digu eta, horri esker, larrialdietara bideratutako zeregin guztiak hobetzeaz gain, aukera ematen digu kostaldeko eta itsasoko zonetako jarduerak egoki antolatzeko, ikuspuntu ekonomikotik zein aisialdiaren edo denbora librearen ikuspuntutik. Bestetik -gaineratu du- aldagai meteorologikoak goiz detektatzen direnez, aldez aurretik eman ditzakegu itsas baldintzekin loturiko arriskuei buruzko abisuak, hala nola enbaten eta ekaitzen kasuan“.
Informazio erabilgarria
Euskal Autonomia Erkidegoko Sare Ozeano-Meteorologikoak jasotako informazio guztia denbora errealean bidaltzen da –satelite eta irrati bidez– Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziara. Bertan informazio horren jarraipen zehatza egiten da eta bilakaera meteorologikoa jakitea ahalbidetzen duten iragarpenak gauzatzen dira; batetik, hainbat jarduera burutzeko baldintzen egokitasuna aurreikusteko eta, bestetik, pertsonen eta ondasunen segurtasuna eraginpean har dezaketen fenomeno meteorologikoen inguruan ohartarazteko, baldin eta –beste askoren artean– olatu eta haize handiekin edo ekaitzekin zerikusia duten kasuak badira.
Horrez gain, informazio hori ezinbestekoa da bere aisialdirako edo lanerako itsasoa erabiltzen duten pertsonentzat (hala nola arrantzaleak, nabigatzaileak, bainulariak, surflariak, etab.).
Sarea osatzen duten ekipamenduek egunero datu meteorologikoak eta ozeanografikoak jasotzen dituzte, itsasoko eguraldia eta baldintzak hobeto iragartzea ahalbidetzen dutenak. Sarea Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziarena da eta kostako sei plataforma ditu, ur sakonetako bi buia eta goi-maiztasuneko bi radar.
Bere aldetik, AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendari Adolfo Uriartek azaldu du “euskal kostaldean kokatutako ekipoek 10 minuturik behin Euskalmetera eta AZTI-Tecnaliara informazioa igortzen dutela, non meteorologian eta ozeanografian adituak diren pertsonek aztertzen duten. Bildutako datuek, kostaldeko eguraldia eta itsas baldintzak ulertzeko, zaintzeko eta iragartzeko ez ezik, baita ikerketa biologiko eta fisiko ugari egiteko ere balio dute. Era horretan Euskadi goi-mailan dugu Europan teknologiaren erabilerari dagokionez”.
“Buiek, kostaldeko plataforma ozeano-meteorologikoek eta itsas radarrek -argitu du- informazioa ematen dute itsaslasterrei, olatuei, mareei eta hainbat sakoneratako uraren tenperaturari buruz eta; halaber, haizearen indarra, aireko tenperatura, presio atmosferikoa eta eguzki-erradiazioa neurtzen dituzte”.
Gaur egun, EAEk sei plataforma ditu; Bilbon, Bermeon, Ondarroan, Getarian, Pasaian eta Hondarribian kokatuta daudenak.
Ur sakonetako buiak Matxitxakoko (Bizkaia) lurmuturretik 10 miliara eta Donostiako kostaldetik 17 miliara daude. Ekipo horiek, parametro meteorologiko guztiez gain, olatuei eta hainbat sakoneratan dagoen gazitasunari buruzko informazio zehatza jasotzen dute. Goi-maiztasuneko radarrek, ordea, azaleko itsaslasterrak neurtzen dituzte. Sistema horretako antenak Bermeon eta Hondarribian daude eta 10.000 km2-ko eremua hartzen dute.
Itsasoaren eta elikagaien ikerketan zentro teknologiko aditua dugun AZTI-Tecnaliaren sareko informazioak ahalbidetzen du itsas ingurumenean gertatzen diren aldaketak ezagutzea, baita itsasoko baliabideetan eragina duten hainbat prozesu ere. Esate baterako, adituek lotu ahal izan dute espezie batzuen garapena (hala nola lanperna edo alga gorria) olatu-baldintzekin eta eguzki-erradiazioaren mailekin. Halaber, euskal kostaldean marmoken jarraipen-kanpaina egin dute, Estatu osoan aitzindaria baita.
Enbatak eta ohiz kanpoko olatuak dauden kasuak
Euskal Autonomia Erkidegoko Sare Ozeano-Meteorologikoa 2001ean abiatu zen Pasaiako Portuan plataforma bat jarrita, eta gainerako bostak 2003an jarri ziren. Hiru urte geroago ur sakonetako buiak ipini ziren eta 2008an goi-maiztasuneko radarrak.
2001etik gaur arte sareak 14 enbata erregistratu ditu. Enbata euskal kostaldeko fenomeno atmosferiko berezia da. Itsas baldintzak bat-batean eta ustekabean aldatu eta horrekin batera haize-bolada oso handiak agertzen dira. Aldi berean tenperatura nabarmen jaisten da eta presioa eta hezetasuna tupustean igotzen dira. Euri-jasa handiak daude eta ikuspena eskasa da.
Aztertutako enbaten artean azpimarratzekoa da 2002ko martxoaren 13an izandakoa, orduko 116 km-ko haize-boladak egon baitziren; eta, bestetik, 2010eko irailaren 7koa, orduko 98 km arteko haizeak izan zituena.
Olatuak izandako gertaerarik garrantzitsuenei dagokienez, 2007an, 2008an eta 2009an kopururik eta intentsitaterik handieneko fenomenoak erregistratu ziren. Ziklo horretan kostaldean 10 metrotik gorako altuerako olatuak zituzten hiru denborale erregistratu ziren (Pasaiako estazioa); horrez gain, 7 eta 10 metro arteko altuerako olatuak zituzten 25 denborale. Olaturik lasaienak, ordea, 2002an eta 2004an egon ziren.