Jardunaldi Teknikoa
Euskadiko Uholdeak
AURKEZPENA
Inoiz, denboraren iragaite hutsak gure oroitzapenak lausoarazten ditu, esanahi berriak eransten dizkie, haien indarra aldarazten du edota, besterik gabe, iraungi egiten ditu. Ona izaten da, batzuetan, hala izatea, eta ez sentitzea izan zenaren oroitzapenari, gertatu zitzaigunaren gomutari lotuta beti. Baina oroitzapen askok berez galtzeko joera badute ere, eta esperientzia berriei lekua uzten badiete ere, bestetan herri-imajinarioak epikotasunez janzten du hain itzal sozial luzea izan zuten gertaeren oroitzapen kolektiboa.
Halaxe gertatu da duela 30 urteko abuztu hartan izan genituen uholdeen kasuan. Norberaren esperientzian ez ezik, imajinario partekatuan ere bizi da oroitzapena, eta hainbat urtetatik behin elkarrekin gogoratzera bultzatzen gaitu horrek. Hondamendi naturalaren munta, 34 heriotzak eta kalte material ugariak bestekoak izan ziren guztion artean partekatu zen elkartasun hura, sakrifikatzeko eta besteei emateko gaitasuna eta egoera gainditzeko gogoa. Faktore horiek batera jardun zuten 1983ko abuztuko jaiegun haiek, bat-batean eta ustekabean hondamendi bihurtuak, oroimen kolektiboan betiko zizelkatzeko.
Jardunaldi tekniko honen planteamendua ez da egun haietan gertatutakoak bakarka zein talde moduan nola eragin zigun gogoraraztea bakarrik; aitzitik, orduz geroztik egindako bidea analitikoki ibiltzeko aukera emango digun puntu analogiko bat ezartzea ere izango da. Azken 30 urteetan egin den guztia gogoratzea eta analizatzea, hain zuzen -ibaien inguru naturala leheneratzeko politiketan, antzeko arriskuak ekiditeko azpiegituretan egindako inbertsioetan, hondamendi-mailako ondorioak izan litzaketen fenomeno naturalak aurreikusteko izandako aurrerapen zientifiko-teknologikoetan eta, oro har, euskal gizarteak denbora horretan zehar larrialdiak kudeatzeko zerbitzu publikoen aurreikuspen-, antolamendu- eta koordinazio-zereginetan egin dituen aurrerapausoak-.
Orduko gertaeretako irudi biziak ikusiz gertatutako gauza batzuk gogoratzeak, beren erantzukizun politiko eta sozialetik lehen lerroan bertan bizi izan zituztenen kontakizuna entzuteak eta orduz geroztik egindako bidea analitikoki aztertzeak aukera emango digu gaur egun Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, Larrialdien zuzendaritzaren, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eta Ertzaintzaren beren bitartez, egiten duen lana balioesteko.
HELBURUAK
1983an Euskadin, euri-jasen eraginez, uholde suntsigarriak gertatu ziren, eta aurten gertaera horren 30. urteurrena betetzen da. Emaitzak tragikoak izan ziren: 34 pertsona hilda eta milioi euro askotako galera materialak.. Urak bere bidean harrapatu zuen guztia suntsitu zuen: eraikin asko, industriak, enpresak eta dendak eraitsi zituen, eta zubi eta azpiegitura asko suntsitu zituen.
Jardunaldi honek duen helburu nagusia 1983an gertatutakoa hainbat ikuspuntutatik ezagutaraztea da, hondamendiari nola egin zitzaion aurre kontatzea eta azken 30 urteotan euskal gizartearen bilakaera aztertzea bere alde guztietatik: teknologiaren aldetik, administrazio eta zerbitzu publikoen antolamenduaren aldetik, egindako azpiegitura-lanen aldetik eta aldaketa sozialen aldetik. Zerbitzu publiko batzuek erakutsiko dituzte azken hiru hamarkada hauetan lortutako aurrerapenak, berriz ere horrelako zerbait gertatuz gero, ordukoa bezalako hondamendia eragin ez dezan.
NORI ZUZENDUA
Jardunaldi honen hartzaileak honakoak dira:
- Pertsona guztiak. Egoera katastrofikoetan erakundeen eta gizartearen erantzunaren antolamenduan interesa duten guztiak.
- Larrialdietako zerbitzuetako kideak.
- Larrialdi-plangintzako arduradun politikoak eta teknikoak.
- Larrialdiei aurre egiteko teknikariak.
- Komunikabideak.