Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila

Azken eguneratzea: 2011/06/27

Laneko ikuskatzailetza eskualdatzeak aukera ematen du enplegu arloan jardun eremu berri bat irekitzeko

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak ziurtatu duenez, laneko ikuskatzailetzaren euskal eredu berriak, bikoiztasunak saihestuko ditu, eta gainera ez du kostu eta zailtasunik ekarriko lukeen administrazio-egitura berririk sorraraziko

39 lan-ikuskatzailek, 15 ikuskatzaileordek eta 57 laguntzailek osatuko dute Laneko Ikuskatzailetzako plantilla

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak honako hau ziurtatu du Eusko Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasunaren Batzordearen aurrean: “2012ko urtarrilaren 1ean laneko ikuskatzailetza eskualdatuko da, eta horrek aukera emango du Euskadin enplegu-arloan orain arte garatu gabe zegoen jardun-eremu berri bat irekitzeko”.  Ekainaren 22an onartu zen Laneko Ikuskatzailetza Euskadiri eskualdatzea, eta Enpleguko sailburuak zehatz-mehatz azaldu ditu eskualdatzearen nondik norako guztiak. 

Zabaletaren iritziz, transferentziak aukera emango du “Euskadiren errealitate sozioekonomikoarekin bateragarriagoak diren jarduneko kanpaina eta programak ezarri eta garatzeko”.

“Enplegu-politika aktiboen eta laneko ikuskatzailetzaren transferentziei esker, orain artean baliatu ezin izan dituen funtsezko zenbait tresna edukiko ditu eskura Jaurlaritzak, lan-merkatua, langileen lan-egoera, lan-aktibazioa, iruzurraren aurkako borroka eta ezkutuko ekonomia hobetzeko lagungarri izango direnak. Hori guztia, gure gizarte- eta lan-eremuaren mesedetan”, azpimarratu du Zabaletak.

Laneko ikuskatzailetzako euskal eredu berriak “bikoiztasunak saihestuko ditu, eta gainera ez du kostu eta zailtasunik ekarriko lukeen administrazio-egitura berririk sorraraziko”, sailburuaren esanetan. Estatuko eta EAEko administrazioen arteko eginkizun-eskualdatzea errazteko, lankidetza-hitzarmen bat ezarri da, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Euskal Kontseilua eratzea aintzat hartzen duena. EAEn Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Sistemaren funtzionamendu integratua ziurtatzea eta eskualdatze-erabakia betearaztea dira organoaren helburuak.

Gaur egun, 222 pertsonak osatzen dute Estatuak Euskadin duen Ikuskatzailetzako plantilla, eta horietatik 54 lan-ikuskatzaileak dira, 54 ikuskatzaileordeak eta 114 laguntzaileak, hurrenez hurren. Autonomia-erkidegora behin betiko transferituko diren langileen kopurua zehazteko, Eusko Jaurlaritzak aztertu behar izan ditu Estatuarentzat (Gizarte Segurantza eta Atzerritarrak) eta EAEko Administrazioarentzat (Lan Osasuna, Lan Harremanak eta Enplegua) erreserbatutako eskumenen eremutik eratorritako lan-kargak. Azterlan horren ondorioz, 2012ko urtarriletik aurrera 39 lan-ikuskatzailek, 15 ikuskatzaileordek eta 57 laguntzailek osatuko dute Euskadira transferitutako plantilla.