Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arartekoa

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Defendatzailea, 1985ean Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen bidez sortua eta arautua, eta Autonomia Estatutuan ere aurrez ikusia. Erakunde independentea da, eta doan eskaintzen dizkie bere zerbitzuak herritarrei. Bere jarduera nagusia herritarrek Euskal Administrazio publikoen jarrerari buruz izan ditzaketen salaketa edo kexak ikertzea eta bideratzea da, pertsonak babestuz administrazioak egin ditzakeen gehiegikeria, okerkeria edo zabarkerien aurrean. Horretarako, herritarrek aurkeztutako kexak bideratzeaz eta konpontzen saiatzeaz gainera, jarduera txostena aurkezten dio urtero Eusko Legebiltzarrari, eta gaikako txosten eta ikerketa xeheak ere egiten ditu, hainbat sektoretan administrazio publikoek duten jarrera aztertuz, hala deritzonean salatuz eta konponbideak edo lege aldaketak proposatuz. Guztira 36 lagunez osatutako lan taldea du Arartekoak, eta 1.300 kexa inguru jaso ohi ditu urtero. EAEko lehenengo arartekoa Juan San Martin izan zen (1989-1994), eta ondoren Xabier Markiegi egon zen karguan 2000. urtea arte. Arartekoa Eusko Legebiltzarrak izendatu behar du, eta 2000. urteko kargu-berrikuntzan ez zenez alderdien arteko behar adinako adostasunik lortu eta Xabier Markiegik ez zuenez behar adinako boto kopururik eskuratu, Arartekoaren bulegoan lanean ziharduen Mertxe Agundez bilakatu zen jarduneko Ararteko 2000. urteko irailean, Eusko Legebiltzarrak behin betikoa hautatu arte. Nafarroan, berriz, gaztelaniazko deitura, Defensor del Pueblo, eman diote bertan ararteko lanak egiten dituen erakundeari. ik. Defensor del Pueblo.