ararteko
iz. Bitartekoa.
■ Hainbat herrialdetan, eskualdetan estatu federaletan eta autonomia erkidegotan, administrazioaren eta haren eragileen erabakiak eta jarduera ikuskatzea, lekuan lekuko konstituzioak edo interes orokorrak dioena objektibotasunez babesten duten aztertzea eta legearen eta Zuzenbidearen arabera jarduera horietan bete beharreko printzipio guztiak betetzen dituzten begiratzea helburua duen organoa da. Oro har, kide bakarraren ardurapeko organoa izaten da, nahiz eta badituen baliabide eta elementu lagungarriak bere lanerako. Organo horren arduraduna, karguduna, pertsona independentea izaten da, alderdi politiko, sindikatu eta abarrekiko lotura formalik gabea, eta ez du inongo agintaritzaren agindurik jasotzen bere zereginak betetzeko. Herritarrek arartekoarengana jo dezakete beren kexak idatziz aurkezteko eta kexa horren inguruko jarduerak aurrera eramaten ditu arartekoak, doako zerbitzua eskainiz. Oro har, Bigarren Mundu Gerraz gero hasi zen erakunde hau hainbat herrialdetan antolatzen, herritarren eskubideak errespetatzen direla bermatzeko eta administrazioaren jarduera kontrolatzeko asmoz. Espainian 1978ko konstituzioan onartu zen erakunde hau (Defensor del pueblo deritzo), eta 1982an hasi zen lanean Joaquín Ruiz Giménez buru zuela. Gaur egun Enrique Múgica Herzog da kargu honetan diharduena.