Euskal Instrumentuak
Idiofonoak >> La Txalaparta
Txalapartaren itxura ez da beti eta toki guztietan berdina izan.
Txalaparta tradizionalean itxurari buruz, gehien azaltzen zaiguna honakoa da:
Bi euskarri; otarrak edo saskiak ahoz behera jarririk, aulkiak edo bankuak. Hauen gainean, isolatzen duen zerbait; arto-hostoa (artorria), belar idorra, zaku zaharrak,... Gainean horizontalki jarririk, gutxi gorabehera bi metro luze, hogei zentimetro zabal eta sei zentimetro lodi den ohol bat. Euskarriak, gutxi gorabehera ohol-muturretik bosten batera kokatzen dira.
Jotzeko lau makila. Hauen luzera eta ixura desberdina izaten da tokiaren arabera: Luzera, Lasarteko Zuaznabartarrenak 52 zentimetro, Astigarragako Goikoetxeatarrenak 60 zentimetro eta Billandegiko baserrietakoak 88 zentimetro. Hiru kasuetan makilak kono-enbor formakoak dira.
Jotzeko era: Horizontalki (eta erresonantzia galdu ez dadin, isolaturik) jarrita dagoen ohola jotzen dute bakoitzak dituen bi makilekin, goitik behera eta makilak bertikalki hartuz. Bi izaten dira joleak. Bien artean osatzen dute musika. Tokiaren arabera jole bakoitzak izen desberdina du:
ttakuna herrena
tukutuna urguna
Izen hauek adierazten dutenez, jole bakoitzak bere zeregina du. Batek ordena-oreka jartzen du eta besteak lagunak jarritakoa hausten, desordena-desoreka sortuz. Horrela, joaldian zehar erritmoa egin eta deseginez, gero eta azkarrago orden-oreka hautsiezinezkora iristen da.
Txalapartak baditu jotzeko arauak, eta hauek oso estuak badira ere, askatasun handia ematen diete jotzaileei bere irudimen eta inprobisatzeko ahalmena erabil ditzaten.
Batek "ttakun" edo "tukutun" deitzen dena egiten du, denbora guztian bi kolpe emanez, eta besteak, "ttakunak" jotzen dituen kolpe bikoitzen artean, "herrena" edo "urguna" deitzen dena jotzen du. "Herrenak " egiten ditu joko eta aldaketak, bi kolpe bezala kolpe bat nahiz batere ez sartuz, eta konbinazio desberdin osatuz.
Honen gainetik bada beste aukerarik ere musika egiteko: soinuaren "tinbre", "tonu", intentsitate eta abiadurarekin jokatzea.
Non erabili izan da?
Gipuzkoako Donostia-Urumea aldea, Lasarte, Usurbil, Hernani, Ereñotzu, Urnieta, Altza-Intxaurrondo, Astigarraga, Ergobia eta Andoain dira garai batean ohitura hauek izan dituzten lekuak.
Beti baserritar-inguru edo giroan agertzen da eta bere bizimoduarekin erlazionaturik.
Hirurogeiko hamarkadan, bikote gutxi zeuden eta hauek hoanko eskualdeetan: Donostia-Urumea inguruan: Lasarte, Hernani, Astigarraga, Ergobia, Altza. Toki horietan guztietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denetan, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar eta Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.
Noiz eta zertarako erabili izan da?
Auzolanetako eginbeharrekin eta ospakizunarekin lotuta; hori bai, beti festa-giroan. Donostia-Urumea aldean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu dute bertakoek bizirik ohitura hau. Sagarra jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten. Afaldu ondoren jendea pixka bat berotzen zen, kargatu ere bai, eta orduan, han bertan prestatzen zuten txalaparta. Normalean atarian, kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren. Orduan hasten zen festaren zati berria, ordura arte etxean zeuden afalkideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.
Esaten dutenez txalaparta 5 kilometroko erradioan entzuten zen eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen ziren festa horretara.
Ramon Goikoetxeak dioenez: Tolaretik sagarra jotzerakoan txalaparta jotzeko aukeratzen genuen ohola bustia egoten zen, hezea, eta teilatuan jartzen genuen lehortzeko, hots hobea atera zezan. Bide batez jendeak ikusi eta jakin egiten zuen han aurki festa izango zela. Jendea erne egoten zen, Erbetegi-Etxeberrin festa hori noiz antolatuko zuten jakitearren.
Han egoten ginen, saltoka, oihuka, sagardoa edaten eta txalaparta jo eta entzuten eguna zabaldu arte.
Ikusten denez, garai batean ere gaupasak egiten ziren eta ez nolanahikoak, sasoi horretan gauak luze eta gogorrak izaten dira eta. Hango festa giroa ulertzeko hona hemen R. Goikoetxeak kontatzen duen beste bitxikeria bat: Gure aitona atzeraka okertuta, oholaren azpitik pasatzen zen anaia eta biok jotzen genuen bitartean.
Migel Zuaznabarrek ere sagardoaren inguruko festa hauei buruz kontatzen ziguna berdintsua zen eta txalapartaren inguruko giroa ulertzeko beste gertakizun bat kontatzen zuen. Behin, "kinto"-afaria egin omen zuten Lasarteko jatetxe batean eta afaria bukatutakoan txalaparta jotzea bururatu zitzaien, baina han ez zeuzkaten txalaparta osatzeko behar zituzten gauzak. Zer egin zuten? Donostia-Bilboko trenbideko "pasonibelean" zegoen kaseta desmontatu eta material horrekin txalaparta osatu eta segidan jo eta ke jardun omen zuten jotzen.
Txalapartarekin batera beste osagai batzuk erabiltzen dira. Lasarteko Zuaznabartarrek, esate baterako, joaldi guztien aurretik adarrak jotzen dituzte.
Txalapartak badu beste berezitasunik. Idatzitakoetan eta zuzenean guk ezagutu ditugun kasu guztietan, gauez jo izan dela azaltzen da. Sagardoaren inguruko festak, karobi-ezteiak eta ezkontza inguruko ospakizunetan. Salbuespen bakarrak azkeneko urteetan, bere ingurutik kanpo eta erakustaldi gisa txalapartari zaharrek emandako joaldiak dira.
Hau sakon aztertu beharko da, ez baitzaigu iruditzen kasualitatez izan denik, mundu zabalean ezagutzen ditugun txalaparta antzeko ohituretan gauza bera gertatzen da eta.